Lehenengo atala

 

        Hogeita hamar urtetik gora igaroak ziren leku hartan lanean hasi zenetik, beste edozein soldadu hasberri gazteren modura hasi ere. Ordutik hona Castlek beti bazkaltzen zuen St. James kalearen atzealdeko pub batean, bere bulegotik ez oso urrun. Baldin norbaitek galdetu izan balio zergatik joaten zen leku hartara, saltxitxa bikainak prestatzen zituztela erantzungo zuen. Hala ere, ausaz nahiago zuen Watney's ez beste edozein garagardo-marka, baina saltxitxen kalitate paregabea garagardoaren gainetik zegoen. Castle beti prest egoten zen egiten zituen gauza guztien berri emateko, denik eta gauzarik xumeena izanik ere. Era berean, leku guztietara garaiz iristea zuen lege zorrotz.

        Eguerdiko ordu batean puntuan, Castle lana uztekotan zen. Arthur Davis, bere laguntzaile eta bulegokidea, eguerdian joan ohi zen bazkaltzera, ez lehenago ez beranduago, handik ordubetera itzultzearren, teorian behintzat. Baldin premiazko telegrama bat iristen bazen, bazekiten bietako batek hor beharko zuela mezua deskodetzeko. Alabaina, biek ere ondotxo zekiten ez zela sekula benetako premiarik sortzen euren lantokian, departamentuaren azpisail hartan. Euren ardurapean Afrikako ekialdeko eta Hegoafrikako eskualde batzuk zeuden. Ingalaterrako orduaren eta Afrikako eremu zabal hartako orduaren arteko aldea (ordubete baino zertxobait gehiagokoa, Johannesburgoren kasuan bezala) aski handia zen zerbitzutik kanpoko inor ez larritzeko, mezua berandu iritsiagatik. Davisek esan ohi zuen bezala, munduaren geroa ez zen inoiz kontinente hartan erabakiko, ez baitzen kontuan hartuko zenbat enbaxada zabal zitzaketen Txinak eta Errusiak Addis Abebaren eta Kronakryren artean edota zenbat kubatar lurreratu zitezkeen bertan. Castlek ohar bat zirrimarratu zuen Davisentzat: «Zairek 172 zenbakidunari erantzunik ematen badio, bidali kopiak Altxor Publikoaren Sailera eta Foreign Officera. Erlojuari begiratu zion: Davis 10 minutu berandu zebilen.

        Bitartean, Castle bere kartera betetzen hasi zen: hantxe sartu zuen zerrenda bat gogoratzeko zer erosi behar zion emazteari Jermyn kaleko gazta-dendan, baita zer oparituko zion semeari (bi pakete Malteser), goiz hartan ez baitzen batere adeitsua izan harekin. Orobat, ez zuen kanpoan utzi Clarissa Harlowe liburua, liburu-bilduma hartako lehen liburukiaren LXXIX. ataletik aurrera inoiz irakurtzerik lortu ez bazuen ere. Igogailuaren atea itxi zen eta Davisen oin-hotsak entzun ziren pasiloan. Horretaz oharturik, azkar atera zen bulegotik. Uste baino hamaika minutu gutxiago zituen saltxitxak jateko. Davis ez bezala, Castle beti garaiz itzultzen zen. Urteek eman ohi duten birtuteetariko bat zen hori.

        Bulego hits hartan Arthur Davis bezalakorik ez zegoen bere xelebrekeriak zirela eta. Une hartantxe heldu zen hura pasilo luze zuriaren beste muturretik, asteburua hiritik kanpo zaldiz ibiltzen eman izan balu bezala jantzita edo, beharbada, hipodromo batetik baletor bezala. Artilezko kirol jaka berdeska bat zeraman soinean, eta titadun sudurzapi gorrimin bat goiko poltsikoan; hortaz, ez zen batere zaila izango apustu-artekaritzat hartzea. Ez dagokion paper bat interpretatu behar duen aktore baten gisa aritzen zen: bere jantziaren arabera jokatzen saiatzen zenean, ia beti hondatzen zuen bere pertsonaia. Londresen zegoela, herri batetik etorri berria ematen zuen; herrian zegoen bitartean bisita egiten bazitzaion, berriz, hiriburuko turista baten itxura osoa agertzen zuen.

        — Garaiz, beti bezala —esan zuen Davisek, bere ohiko irribarre erruz betea erakutsiz.

        — Erlojua beti pixkat aurreratzen zait —erantzun zuen Castlek inork esan gabeko kritika bategatik bere burua zurituz—. Nonbait antsia-konplexua izango dut.

        — Beti bezala goi mailako sekretuekin kontrabandoa egiten, ezta? —esan zuen Davisek txantxetan, Castleri kartera kentzeko itxura eginez. Haren hats gozoak Porto ardorako zuen zaletasuna salatzen zuen.

        — Hara, guztiak gorde ditut zerorrek saltzeko! Zuk prezio hobea lortuko duzu zeure kontaktu misteriotsuen bidez.

        — Zu bai atsegina!

        — Gainera, zu mutilzaharra zara, eta ezkonduok baino askoz diru gehiago behar duzu. Nik, berriz, gastuen erdia baino ez dut hartu behar nire gain.

        — A, janari-hondar izugarri horiek —esan zuen Davisek—, jaki errearen hondarrak haragizko pastel gisa, almandrongila susmagarri horiek... Merezi al du? Gizon ezkondu batek ezin du Porto ardo on bat ere hartu.

        Davis sartu zen berak eta Castlek konpartitzen zuten bulegoan, eta Cynthiari deitu zion telefonoz. Bi urte zeramatzan Davisek Cynthia konkistatu nahian; hark, ordea, brigadako jeneral baten alaba zenez, asmo handiagoak zerabiltzan. Guztiarekin ere, Davisek ez zuen etsitzen; zioenez, seguruagoa zen beti amodio kontuak departamentu barruan izatea. Segurtasuna bermatzeko bide bat izan zitekeen hura. Castlek, berriz, bazekien nolakoxe zaletasuna zion Davisek Cynthiari. Monogamiaren aldeko jarrera tinkoa zuen, eta orobat gizon bakartien umore defentsiboa. Behinola, Davisek Ingurugiro Saileko bi gizonekin pisua konpartitzen zuela, Castlek bisita egin zion. Garai hartan, antiguedade-denda baten gaineko etxe batean bizi zen. Claridge's-tik ez oso urrun. Hiriaren erdi-erdian eta oso West End estilokoa.

        — Beste nonbait bizi beharko zenuke, bulegotik hurbilago —aholkatu zion Davisek Castleri gauzez gainezka zegoen egongela hartan. Sofaren gainean baziren pilaturik era guztietako aldizkariak (New Statesman, Penthouse eta Nature). Era berean, edalontzi zikin batzuk ikus zitezkeen, beste lagun baten jai baten aztarnak, gelaren txokoetara eramanak, neskameak bil zitzan.

        — Zuk ondotxo dakizu zenbat ordaintzen diguten —esan zuen Castlek—, eta, gainera, ni ezkonduta nago.

        — Oker handia da hori.

        — Nire kasuan ez —esan zuen Castlek—. Nik atsegin dut neure emaztea.

        — Eta jakina, sasikumea ere ezin da ahaztu —Davisek berriro—. Nik ez nuke izango dirurik aski seme-alabak eta Porto ardoa batera edukitzeko.

        — Baina zera gertatzen da: sasikume txikia ere gustatzen zaidala.

        Harrizko lau mailak jaitsita, Castle Piccadillyko espaloian oina ezartzekotan zegoela, atezainak esan zion:

        — Tomlinson brigadierrak zurekin hitz egin nahi du.

        — Tomlinson brigadierrak?

        — Bai, A-3 bulegoan dago.

        Castlek behin baizik ez zuen ikusi Tomlinson brigadierra; zuela anitz urte, berak zenbatu nahi zituenak baino gehiago. Izan ere, bere izendapen-egunean, hots, sekretu ofizialen zinaren azpian izena ezarri zuen egunean, ikusi zuten elkar lehen eta azken aldiz; garai hartan, brigadierra ofizial gazte bat baino ez zen, ofiziala izatekotan. Gauza bakarra gogoratzen zuen gizon hartaz: haren bibotetxo beltza, objetu hegalari ezezagun baten gisa xukapaperezko azalera zuri-zuri eta aratz baten gainean pausatua (segurtasun-neurriek hartaraturik, apika). Haren sinadura lausoa zinaren azpian zirriborratu zuen; horixe zen agiri haren narrio bakarra. Seguruenik orri hura ebaki eta errausgailura botako zuten. Badira kasik ehun urte Dreyfusek paperontziaren arriskuak ezagutarazi zituela.

        — Jarraitu pasilotik eta gero jo ezkerretara —gogoratu zion atezainak kontrako norabidean zihoala ikusita.

        — Aurrera, Castle, aurrera —esan zion Tomlinson brigadierrak.

        Tomlinson brigadierraren bibotea xukapapera bezain zuria zen, eta urteen joan-etorriak eragindako tripazorro txiki bat ikus zekiokeen, txaleko gurutzatuaren azpitik somatzen zena. Haren graduazio zalantzagarriak bakarrik jarraitzen zuen lehenean. Inork ez zekien zein errejimentutan ibilia zen, errejimenturik izan bazen behintzat. Izan ere, eraikin hartako gradu militar guztiak apur bat susmagarriak ziren. Agian, graduazioak mozorroketa orokorraren zati bat besterik ez ziren.

        — Uste dut ez duzula ezagutzen Daintry koronela —esan zuen Tomlinson brigadierrak aurkezpen gisa.

        — Bai, hala da. Zer moduz?

        Bere jantzi ilun akatsik gabea eta bere aurpegi zorrotza gora-behera, Daintryk hiritik kanpo bizitzeko itxura handiagoa zuen Davisek baino. Tankeraren arabera, bere etxean bezala egongo zen Davis apostu-tartekari baten satorzuloan; Daintry, aldiz, oso gustura ibiliko zen leku berezi eta garesti batean edo basoilarren ehizarako barruti batean, dudarik ez. Castlek primeran pasatzen zuen bere lankideek sortzen zizkioten aurreneko irudipenak bat-batean mamitzen; batzuetan, idatziz ere egiten zuen lan hura.

        — Uste dut zure lehengusu bat Corpus-en ezagutu nuela —esan zuen Daintryk atseginez, pitin bat kezkatuta zegoela ematen bazuen ere; seguru asko King's Cross-en trena hartu behar zuen.

        — Daintry koronela —azaldu zuen Tomlinson brigadierrak— gure zabor biltzaile berria da.

        Castle ohartu zen Daintryk keinu bat egiten zuela bere ikergaien definizioa entzutean.

        — Meredithen postuan hasi da Segurtasun Sailean. Baina ez dakit ziur zuk Meredith ezagutu ote zenuen...

        — Uste dut nire lehengusu Rogerrez ari zarela —erantzun zion Castlek Daintryri—. Urteak dira ikusi ez dudala. Bere promozioko lehena izan zen. Uste dut orain Altxor Publikoaren Sailean ari dela.

        — Dagoeneko azaldu dizkiot Daintry koronelari erakundearen zoko-moko guztiak —esan zuen Tomlinson brigadierrak bere argudioen ildoari zorrozki jarraiki.

        — Nik Zuzenbidea ikasi nuen. Aipamen berezi bat baino ez nuen lortu —jarraitu zuen Daintryk—. Zuk Historia ikasi zenuen, ezta?

        — Bai, hala da. Baina nik aprobatu soila atera nuen.

        — Eta Etxean ikasi zenuen?

        — Bai.

        — Daintry koronelari esana diot —ekin zion berriro Tomlinsonek—, 6.A Sailari dagokionez, zu eta Davis zaretela telegrama ultrasekretuen arduradun bakarrak.

        — Baldin eta «ultrasekretu» izena merezi duenik bada... Ez da dudarik Watsonek ere dena ikusten duela.

        — Davis? Reading-eko unibertsitatean ibili zen, ezta? —galdetu zuen Daintryk erdeinu apur bat agerian utziz.

        — Ageri da gaia goitik behera menderatzen duzula.

        — Egia esan, Davisekin hitz egin berria naiz.

        — A! eta horrexegatik etorri da hamar minutu berandu bazkaritik.

        Daintryren irribarreak berriro irekitzen ari zen zauri mingarri bat ematen zuen. Ezpainak, gorri-gorriak, nekez banatzen zituen elkarrengandik ertzetan.

        — Arestian Davisekin zutaz hitz egin dut. Orain, ordea, zurekin hitz egingo dut Davisez. Inspekzio bat argi betean. Izan zaitez bihozbera zabor biltzaile berriarekin. Erratza erabiltzen ikasi behar dut apurka-apurka —erantsi zuen bere burua pixka bat katramilatuz metaforetan—. Arauei men egin behar zaie... nahiz eta, jakina, zuongan biongan konfiantza dugun. Baina, hara, Davisek esan al dizu ezer honetaz?

        — Ez. Hala ere, zergatik sinetsi behar didazu? Ados jar gintezkeen aurretiaz.

        Zauria berriro ireki zen pixka bat eta, handik lasterrera, gogor itxi zen.

        — Uste dut politikaren aldetik Davisek ezkerretara dezente jotzen duela. Ez al da hala?

        — Alderdi Laboristako kidea da. Berak ere esango zizun hori honezkero.

        — Jakina, ez dago ezer txarrik horretan —iritzi zion Daintryk—. Eta zu?

        — Niri ez zait politika interesatzen. Davisek hori ere esango zizun.

        — Inoiz, ordea, bozkatuko duzu...

        — Ez dut uste gerra ostean sekula bozkatu dudanik. Gaur egun ematen du sarriegitan auzi politikoak... beno, apur bat hutsalak direla.

        — Ikuspegi interesgarria, benetan —esan zuen Daintryk gaitzespenez. Orduan, Castle ohartu zen hobe izango zuela gezurra esan balu. Dena dela, beti egiari eusten zion, jarrera aldatzea behar-beharrezkoa zenean izan ezik. Egia egiaztagarria da. Daintryk erlojuari begiratu zion.

        — Beno, ez dizut denbora gehiagorik kenduko. Trena hartu behar dut King's Cross-en.

        — Ehizan zoaz asteburu honetan?

        — Bai, baina nola igarri didazu?

        — Intuizio hutsa —erantzun zuen Castlek.

        Castleri berriro damutu zitzaion bere erantzuna. Seguruago izaten zen beti norbere presentziaz inor ez ohartaraztea. Batzuetan —gero eta gehiagotan, urteek aurrera egin ahala— amets egiten zuen konformismo orokorrarekin, beste norbaitek Lord's-eko kriket partidu batean sekulako jokaldi bat egitearekin amets egin zezakeen bezalaxe.

        — Nire eskopetaren estutxea ikusiko zenuen ate atzean.

        — Bai —onartu zuen Castlek ordura arte ez eskopetarik ez estutxerik ikusi ez bazuen ere—, horrexek eman dit argia —eta poztu zen Daintry lasaiago zegoela ikusita.

        — Noski, kontu honetan ez dago ezer pertsonalik —ekin zion berriro Daintryk—. Ohiko inspekzio huts bat besterik ez da. Arau-piloa dago, eta, ugarien ugariez, batzuei ez zaie ematen zor zaien arreta. Gizakiok horrelakoak gara. Esaterako, lana etxera eramateko debekua...

        Daintryk begirada esanguratsu bat bota zion Castleren karterari. Militar batek edo heziketa oneko gizon batek berehala zabalduko zuen kartera hura eta, txantxa txiki bat egin ondoan, baimena emango zuen barruan miatzeko. Castle, ordea, ez zen militarra eta ez zuen inoiz bere burua heziketa handiko gizontzat jo. Hau ikusi nahi zuen: noraino heltzeko prest zegoen biltzaile berria, zaborra aurkitu beharrez. Gero, hau esan zuen:

        — Oraindik ez noa etxera. Bazkaltzera noa, besterik ez.

        — Axola al dizu nik...? —Daintryk eskua luzatu zuen, kartera hartu nahirik— Davisi ere gauza bera eskatu diot —argitu zuen.

        — Ba Davis arestian ikusi dut eta ez zeukan karterarik —adierazi zuen Castlek.

        Daintry gorritu egin zen egindako okerra zela eta. Castle seguru zegoen berdin lotsatuko zela behatzaile bati tiro egin izan balio.

        — A, orduan, besteari izango zen! —esan zuen azkar Daintryk—. Ahaztu zait haren izena.

        — Watson? —iradoki zuen brigadierrak.

        — Bai, horixe da, Watson.

        — Beraz, gure nagusia ere ez da libratu zure inspekziotik...

        — Bai. Hori da nire lana —erantzun zuen Daintryk.

        Castlek kartera ireki zuen. Berkhamsted Gazette aldizkariaren ale bat atera zuen barrutik.

        — Zer da hori? —galdetu zuen Daintryk.

        — Nire bizilekuko egunkaria. Bazkaldu bitartean irakurri nahi nuen.

        — Bai, bai, jakina. Ahaztua nuen. Zu hemendik urrun samar bizi zara. Ez da oso erosoa izango, ezta?

        — Trenez ordubetetsuko bidean dut etxea. Beharrezkoak ditut nik etxe bat eta lorategi bat. Seme bat daukat, bazenekien? eta txakurra. Ez bata ez bestea ezin utzi ditut pisu batean giltzapeturik; modu eroso batean ez behintzat.

        — Ikusten dudanez, Clarissa Harlow irakurtzen ari zara. Gustatzen al zaizu?

        — Orain arte bai. Baina lau liburuki gehiago dira.

        — Eta hau zer da?

        — Zerrenda bat gauza batzuk gogoratzeko.

        — Zer gogoratu behar duzu ba?

        — Erosi beharreko gauzak —azaldu zuen Castlek.

        Haren etxearen helbidea, 129 King's Road, zekarren idazpuruaren azpian Castlek hau zeukan idatzirik: «Bi Malteser. Libra erdi Early Grey. Nolako gazta, Wensleydale ala Double Gloucester? Yardley lozioa bizarra moztu aurretik erabiltzeko».

        — Malteser? Zer arraio da hori?

        — Txokolatina-mota bat. Gozo-gozoa. Probatu behar zenuke egunen batean. Kit Kat markakoak baino hobeak, nire gusturako.

        — Uste al duzu nire anfitrioiari gustatuko litzaizkiokeela? Zerbait ezohikoa eraman nahi nioke —erlojuari begiratu zion berriro—. Beharbada atezainari esango diot... denboraz oso estu nabil. Non erosten dituzu zuk?

        — Esaiozu atezainari Strand-eko ABCn eros ditzakeela.

        — ABC?

        — Aerated Bread Company enpresaren siglak dira horiek.

        — Aireztatutako Ogiaren Elkartea... Zer arraio da hori...? Tira, orain ez dugu astirik horretaz aritzeko. Ziur zaude zera... teser horiek egokiak direla?

        — Bakoitzaren gustua zen den.

        — Fortnum erostetxeak oso hurbil daude hemendik.

        — Hor ez dute horrelakorik izango: txokolatina horiek merkeegiak dira.

        — Ez nuke nahi inoren begien aurrean zeken agertzerik.

        — Orduan hartu gehiago. Esaiozu atezainari hiru libra erosteko.

        — Izena berriro esango al didazu? Beharbada hobe da zerorrek esatea atezainari hemendik irteterakoan.

        — Orduan, inspekzioa amaitu da? Honenbestez joan naiteke?

        — A, bai, bai. Esan dizut, Castle: formalismo hutsa da.

        — Ehiza ona opa dizut.

        — Eskerrik asko.

        Castlek atezainari mandatua eman zion.

        — Hiru libra esan duzu?

        — Bai —esan zuen Castlek.

        — Hiru libra Malteser!

        — Bai —bere horretan segitzen zuen Castlek oharkabean, oker baina.

        — Kamioirik eraman al dezaket?

        Atezainaren laguntzailea aldizkari erotiko bat gainetik begiratzen ari baitzen, atezainak deitu eta esan zion:

        — Hiru libra Malteser, Daintry koronelarentzat.

        — Ehun eta hogei poltsatxo inguru izango dira —esan zuen gizonak, buruz kalkulu batzuk egin eta gero.

        — Ez, ez —esan zuen Castlek—, etzazula exageratu. Diruzko librak esan nahi du, eta ez pisuzkoak.

        Han utzi zituen, zenbakiak egiten.

        Hamabost minutu berandu iritsi zen pubera. Haren ohiko txokoa ez zegoen libre. Azkar jan zuen; edan ere ez zuen astiroago egin. Hiru minutu berreskuratu zituela kalkulatu zuen. Gero, Yardley lozioa erosi zuen St. James Galeriako botikan eta, denborarik ez galtzeko, Earl Grey-a eta Double Gloucester gazta Jackson's-en, eskuarki Jermyn kaleko gazta-dendaraino joaten bazen ere. ABC erostetxean Malteserrak erosi nahi zituen, baina ordurako ez zen geratzen alerik; enplegatu batek esan zionez, eskea ustekabean handitu zen. Beraz, erabaki zuen Kit Kat txokolatinak erostea haien ordez. Iritsi zen bulegora eta elkartu zen Davisekin; hiru minutuko atzerapena baino ez zeukan.

        — Esan egin behar zenidan inspekzio bat egiten ari zirela.

        — Sekretua gordetzeko zina eginarazi didate. Zergatik diozu hori? Zerbait atzeman dizute ala?

        — Ez, baina...

        — Niri, ordea, bai. Galdetu dit ea zer neraman txubaskeroko poltsikoan. Hortxe neukan 59800-aren txostena, badakizu, bazkaldu bitartean irakurri nahi nuen berriro.

        — Eta zer esan dizu?

        — Abisu bat eman eta joaten utzi dit. Arauak betetzeko direla esan dit. Gogoan al duzu tipo hura... Blake (zergatik ihes egin nahi ote zuen?). Berrogei urtean ez zuen ez zergarik ez buru-hausterik ez ardurarik izan. Orain, ordea, geuk jaso dugu horren kaltea...

        — Daintry koronelak ez dit zailtasun handirik jarri —esan zuen Castlek—, nire lehengusu bat ezagutu zuen Corpus-en. Horrelako gauzak lagungarri izaten dira.

 

 

 

"Graham Greene - Giza faktorea" orrialde nagusia