XII
Tuparritza, harea, eremu distizaria, sastrakak, pinu-multzoak ihesian, urmael esku-granada perkak, urkien gaineko hodeiak, isatsaren atzeko partisanoak, ipurua ipurua, Löns aguretxoa —inguru hartakoa zen— eta Tucheleko zinema-aretoa atzean geratu ziren; imitazio-larruzko neure maleta eta txilar ihartu-eskutada bat besterik ez nien eraman. Baina bidaian. Karthaus pasaturik belarra trenbidera bota nuelarik, hiriarteko geltoki guztietan, gero Geltoki Nagusian, leihatilen aurrean, frontetik lizentziarekin zetozen soldaduen mordoan, kontrol militarreko bulegoaren sarreran eta Langfuhrreko tranbian era zentzugabe baina tematuan Mahlke bilatzeari ekin nion. Barregarri eta nabaren sentitzen nintzen paisanoz —eskolariz— jantzita, ez nintzen etxera joan —zer neukan nik han itxaroten?— gure Institututik hurbil jaitsi nintzen Kirol Jauregiko geralekuan.
Utzi maleta bedelari, ez nion ezer galdetu, erabat ziur bainengoen eta granitozko eskaileretan gora oldartu nintzen mailak hirunaka igoz. Ez nuen espero aulan aurkitzerik —bi ateak alderen alde irekita zeuden, baina garbiketako emakumeak zeuden bakarrik aulkiak buruz behera ezartzen eta zura xaboitzen auskalo norentzat. Ezkerretara hartu nuen: granitozko zutabe trinkoak, bekoki beroen freskagarri. Bi gerretako erorien oroitzapenezko plaka oraindik leku asko samarrekin. Lessing hormagune batean. Gela guztietan ikasten ari ziren, zeren korridoreak hutsik baitzeuden, hirugarren urteko ikasle txankamehe bat izan ezik, zeinak baitzeraman mapa biribilkatu bat zokorik ezkutueneraino sartzen zen kirats oktogonal hartan zehar. 3a-3b Marrazketa-Gela —5a— animalia disekatuen beira-kaxa —zer zegoen orain haren barruan? Katu bat, noski. Eta non zegoen sukarretan sagua? Hitzaldi-aretoaz harantzago. Eta korridoreak amen esan zuenean, han zegoen bera, aurre-leiho argia atzealdean zuela, idazkaritza eta zuzendaritzaren artean: bera, Mahlke Handia, baina sagurik gabe, zeren lepoan baitzerabilen aparteko zera hura, irekigailu mirarizkoa, magnetoa, kipularen alderantzizkoa, lau hostoko hirusta galbanizatua, Schinkel zaharraren ilorra, gozokia, aparatua, gauza gauza gauza, horretazezdiathitzeginnahi hura.
Eta sagua? Lotan zegoen, negua pasatzen ekain betean. Manta lodi baten azpian lozorroan: Mahlke gizendu egin baitzen. Ez norbaitek, destinoak edo autoreren batek, ezabatu eta kanporatu zuelako, Racinek bere armarriko sagua ezabatu eta zisnea bakarrik onartu zuen modura. Sagutxoak animalia heraldiko zirauen eta ametsetan mugitzen zen Mahlkek irensten zuenean, zeren noiz edo behin Mahlke Handiak, kondekorazio altuenak eman bazizkioten ere, oraindik irentsi egin behar izaten baitzuen.
Zer itxura zeukan? Esan diat fronteko ekintzak gizendu egin hinduela, zertxobait, bi txuka-paperen lodieraz. Erdi etzanik eta erdi eseririk hengoen leihoko ohol zuri bernizatuan. Tankeetan zerbitzua egiten zuten guztiek bezala fantasiazko uniforme hura herabilen, bandolari erara koadroztatua, zati beltz eta berde-gris nahastuekin: fraka bonbatxo grisak estaltzen zuen bota beltz distiratsuen berria. Tankelari-jake beltza, meharra, estutu eta galtzarbeetan zimurrak ateratzen zizkiana —zeren hire besoak bi helduleku bezala baitzeuden gorputzetik aldendurik—, eta halere polita huen, hartutako libra-parea gorabehera lerdentzen hinduena. Jakearen gainean kondekoraziorik ez. Haren gainean bi gurutzeak heuzkan eta zerbait gehiago ere bai, baina zauritu-dominarik ez: Ama Birjinaren laguntzarengatik baletatik libre hengoen. Ulertzekoa huen, bestalde bularraren gainean arretagune berritik begira saihesten zuen trasteleria guztia falta izatea. Gerriko maiztu eta zabarki garbitutik arrabete ehun bakarrik agertzen zen behealdera: hain ziren laburrak tankelari-jakeak, tximino-jake ere deitzen zietenak. Baldin eta oso atzean, ia ipurdiaren gainean, zintzilik heukan pistola haren laguntzarekin, uhalek ibileraren zurruntasuna zeharreko eta ausart egin nahi bazuten, burutako grisa, aldiz, oso zuzen heraman, orduan bezala orain ere modan dagoen eskuinalderako inklinazio hori gabe, eta errektangulu-erako bere ildoarekin, simetriarekiko hire zaletasuna gogorarazten zian, baita heure eskolari eta murgilari-urteetako ilearen erdiko arraia ere, pailazo izateko gogoa huenean bezala. Bestalde, lehenagotik eta metal-zati batez eztarriko min kronikoak sendatu eta gero, jadanik ez huen erabiltzen Jesukristo-ile hura. Heure buruari ezarri egin hion edo inork ezarri zian garai hartan erreklutak erabiltzen zuen pospoloaren luzerako eskuila ergel hura, eta gaur eguneko intelektual pipa-erretzaileei aszeta moderno-itxura ematen diena. Halere bahuen Jesukristo-itxura: goierako arranoa plomura iltzaturiko burutakoan kokatua Izpiritu Santuaren usoa bezala eralgitzen huen hire bekokiaren gainean. Hire larrumintz mehe eta argiarekiko sentibera. Pikortak sudur haragitsuan. Goiko betazalak, zaintxo gorriz zeharkatuak, eroriak heuzkan. Eta arnasestuka hiregana iritsi nintzenean, atzealdean katu disekatua nuela, bitrina barruan, ozta-ozta handitu hituen heure begiak.
Lehen txantxa-ahalegina: —Egunon, Mahlke azpiofiziala! —Txantxak porrot: —Klohseren zain nagok hemen. Ikasgelaren batean matematikak ematen ari duk.
— Noski, horrek hartuko dik poza!
— Hitzaldiaz hitz egin nahi zioat.
— Dagoeneko izan al haiz aulan?
— Hitzaldia prestatuak zeukaat, hitzez hitz.
— Ikusi al dituk garbiketako emakumeak. Aulkiak xaboitzen ari dituk.
— Gero Klohserekin begiratu bat emango zieat eta tranpalean aulkiak nola ezarri erabakiko diagu.
— Horrek hartuko dik poza!
— Behin eta berriz esango zioat, hitzaldiak laugarren urteko ikasleengandik gorakoentzat izan behar duela.
— Ba al zekik Klohsek itxaroten hagokiola?
— Idazkaritzako Hersching andereñoak adierazi ziok.
— Noski, horrek hartuko dik poza!
— Oso hitzaldi laburra baina kontzentratua izango duk.
— Tira, gizona, esan ezak, nola lortu duan hain denbora laburrean!
— Pazientzia, ene Pilenz maitea: hitzaldian aipatu eta tratatuko dizkiat kondekorazioarekin zerikusia duten ia arazo guztiak.
— Noski, Klohsek hartuko dik poza!
— Ez sarrarazteko eta aurkezteko eskatuko zioat
— Eta Mallenbrandtek ezer egin behar dik?
— Bedelak hitzaldia iragar zezakek eta kito. —Tira, horrek zera...
Txirrinak solairuz solairu jo zuen eta Institutuko klase guztiei amaiera eman zien. Orduantxe ireki zituen Mahlkek erabat begiak. Betile banaka batzuk bata bestetik aldenduak. Bere jarrerak patxadazkoa zirudien —baina saltorako prest zegoen. Atzetik zetorren zerbaitek kezkaturik, bira eman nuen beira-kaxarantz: ez zen katu grisa, katu beltza baizik bere hanka zuriekin guganantz zetorrena eta adurzapi zuria erakusten ziguna. Katu disekatuak katu biziak baino era benetakoagoan mugitzen dira. Kartoizko txartel batean kaligrafiaz idatzirik ageri zen: etxe-katua. Txirrinaren ondoren isiltasuna sortu zela eta sagua esnatzen ari zela eta katua gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari zela, txantxetako zerbait esan nuen eta txantxetako beste zerbait, eta zerbait bere amaz eta izebaz, hitz egin nuen, adorea emateko, bere aitaz, bere aitaren lokomotoreaz, bere aitaren Dirschaueko heriotzaz eta aitari emandako domina postumoaz: —Noski, hire aitak, oraindik biziko balitz, hark hartuko zian poza!
Baina nik bere aita araotzea eta sagua katuaz lasaitzea amaitu baino lehen, Waldemar Klohse zuzendaria ahots irmo eta ozenez sartu zen gure artean. Klohsek ez zuen zorionik eman, ez zuen esan «azpiofizial irekigailu mirarizkoduna» edo «Mahlke jauna, oso pozten naiz», baizik eta bidenabar eta Lan Zerhitzuan egon nintzelako nitaz eta Tucheleko Landako paisaiaren edertasunaz interes berezia azaldu ondoren —hantxe hazitakoa zen Löns—, Mahlkeren burutakoaren gain hiztxo txukun batzuk jaulki zituen: Hara, Mahlke, azkenean lortu egin duzu. Joan al zara dagoeneko Horst Wessel Eskola Nagusira? Nire lankide estimatua, Zuzendari jauna, Wendt doktorea, oso poztuko da. Ziur nago ez diozula uko egingo behialako zeure ikaskideei hitzalditxo bat emateari, gure armekiko fedea sendotzeko egokia izango dena. Pasako al zara minutu baterako nire despatxura?
Eta Mahlke Handiak segi egin zion Klohse zuzendariari besoak helduleku erara okerturik zuzendaritza-despatxura eta atera iristean burutakoa erantzi zuen, tximak agerian utzirik: garondo konkortua. Institutuko ikasle uniformedun bat elkarrizketa serio baterako bidean, zeinaren emaitzaren zain ez bainintzen egon, nahiz eta oso interesaturik nengoen jakiteko sagu erne-erne eta zeregintsuak zer esango zion elkarrizketaren ondoren katu hari, disekatua egon arren beti mugitzen zirauenari.
Garaipentxo ziztrina: beste behin aldea atera nion. Baina zaude! Baina berak ezingo du eta ez du nahiko amore eman. Lagundu egingo diot. Klohserekin mintza naiteke. Bihotza ukituko dizkioten hitzak bilatuko ditut. Tamalez, Papa Brunies Stutthofera eraman zuten. Bere Eichendorff zaharra patrikan zuela, laguntza emango ziokeen.
Baina ez zegoen Mahlkeri lagunduko zionik. Agian ni Klohserekin mintzatu izan banintz. Baina nik berarekin hitz egin nuen, ordu-erdi batez hitz mentoldunak aurpegira botatzen utzi nion, eta burumakur eta menperaturik atzera egin behar izan nuen: —Segur aski eta giza irizpideen arabera arrazoia duzu, zuzendari jauna. Baina kasu berezi honetan, esan nahi dut, ez ote legoke kontu izaterik? Alde batetik ezin hobeki ulertzen zaitut. Faktore ezeztaezina: erakundeko diziplina. Behin egindakoa ez dago desegiterik, baina bestalde, aita hain goiz galdu zuenez gero...
Gusewski erreberendoarekin hitz egin nuen, eta Tulla Pokriefkerekin hitz egin nuen, beronek Störtebeker eta bere bandarekin hitz egin zezan. Sustapen Berriko taldeburu ohiarengana joan nintzen. Kretaz geroztik, zurezko zangoa zeukan idazmahai baten atzean eserita zegoen Winterplatzeko eskualde-zuzendaritzan, suharturik jarri zen nire proposamenarekin eta irakasleen kontra txakurrenak esaten hasi zen: —Horixe egingo dugula! Datorrela Mahlke hori. Oroitzapen lausoa daukat. Ez al zen hori zera egin zuena? Tira, hobe ez aipatzea. Ahal dudan guztiei dei egingo diet. Alemaniar Nesken Federazioari eta Emakumeen Elkarteari. Posta-Zuzendaritza Nagusiaren aurre-aurrean areto bat antolatuko dut hirurehun eta berrogeita hamar eserlekurekin...
Eta Gusewski erreberendoak sakristian bildu nahi zituen parrokiako damak eta dozena bat langile katoliko, zeren ez baitzeukan jendearentzako aretorik.
— Agian zure adiskidea, hitzaldia eliz markora molda dadin, Jurgi Santuari buruz zerbait esatetik has liteke eta arrisku handi eta ezbehar-unetan otoitzak duen eraginkortasun eta indarra seinalatuz amaitu —proposatu zuen Gusewskik eta esperantza handiak jarri zituen hitzaldian.
Berdintsu gertatu zen Störtebeker eta Tulla Pokriefkeren gaztetxoek Mahlkeren eskura jarri nahi zuten soto harekin ere. Reenwand izeneko bat —Jesusen Bihotzaren Elizan akolito zen— nik azaletik ezagutzen nuen bat aurkeztu zidan Tullak, aipamen misteriotsu batzuk egin eta Mahlkeri salbokonduktu bat luzatuko ziotela esan zuen, baina bere pistola utzi beharko zuela: Dakina, etortzen bada begiak bendatu beharko dizkiogu. Eta zinpeko aitorpen bat ere sinatu beharko du ez gaituela salatuko hitz emanez eta abar, formalismo hutsak, jakina. Jakina ongi ordaintzen dugu. Esku-dirutan edo Armadako erlojutan. Geuk ere ez dugu ezer doan egiten.
Baina Mahlkek ez zuen ez bata eta ez bestea onartu —ezta ordaintzerik ere. Zirikatu egin nuen: —Zer nahi duk, orduan? Ez deritzok nahikoa. Zergatik ez hoa Tuchel-Iparrera? Orain han kinta berrikoak zeudek. Gainbegiraketa-kaboak eta sukaldeburuak lehendik ezagutzen haute eta poztu egingo dituk bertan azaltzen bahaiz eta hitzaldi bat ematen badiek.
Mahlkek patxadaz entzuten zituen proposamen guztiak, tarteka irribarre eginez, buruaz baietz esnez, galdera zehatzak egiten zituen planeaturiko egintzen antolamenduaz, baina eskuarteko proiektuak bidea zabalik zeukanean, dena era zakar eta umore txarrezkoan errefusatzen zuen azkenean, baita Partiduaren eskualde-zuzendaritzarako gonbidapena bera ere; zeren hasieratik helburu bakarra izan baitzuen: gure eskolako aula. Leihateria neogotikoetatik iragazten zen hautseztaturiko argi hartan agertu nahi zuen. Ozenki eta isilik puzkerka ari ziren hirurehun institutu-ikasleen kiratsaren aurrean hitz egin nahi zuen. Inguruan eta atzealdean bere irakasle ohien buru zorroztuak bildurik zeudela jakin nahi zuen. Bere aurrean eduki nahi zuen, aularen beste muturrean, Conradi Baroia, Institutuaren sortzailea, gaztazko eta hilezkor erakusten zuen oliozko erretratua, berniz-geruza lodi pean. Zaharrez nabarturiko orri biko ate batetik sartu nahi zuen aulara, eta bestetik irten segur aski intentzioduna zen hitzaldi labur baten ondoren; baina han zegoen Klohse koadrotxozko prakatan eta bi ateen aurrean aldi berean: —Soldadu zarenez jakin beharko zenuke, Mahlke. Ez, emakume horiek arrazoi berezirik gabe ari dira aulkiak xaboitzen, eta ez zugatik, ez zure hitzaldiagatik. Zure plana oso ongi pentsatua izan daiteke, baina ez dago burutzerik: jende askok —utzidazu esaten, mesedez— eginahalak egiten ditu bere bizitza osoan alfonbra baliotsuak izateko eta halere solairuko ohol zakarren gainean hiltzen dira. Ikas ezazu uko egiten, Mahlke!
Eta Mahlkek amore eman zuen apur bat, konferentzia baterako deia egin zuen, eta konferentziak erabaki zuen Horst Wessel Eskola Nagusiko zuzendariaren akordioarekin: —Erakunde honetako diziplinak eskatzen du...
Eta Klohsek Irakaskuntzako Kontseilu Nagusitik berretsarazi zuen ikasle ohi batek, zeinaren aurrekoak, nahiz eta berak, edo hain zuzen egoeraren seriotasuna kontutan harturik, nahiz eta eskuarteko arazoari gehiegizko garrantzirik eman gabe, batez ere kasua atzera samar geratzen zelako, halere eta kasuak parekorik ez zuelako, bi erakundeetako klaustroak akordiora iritsi zirela...
Eta Klohsek gutun zeharo pertsonala idatzi zuen. Eta Mahlkek irakurri zuen Klohsek ezin zuela jokatu bere bihotzak nahiko zukeenez. Zoritxarrez garaia eta inguruabarrak halakoak zirela, non hezitzaile eskarmentudunak eta bere karguaren erantzukizunaz jabetuak ezin ziola utzi bihotzari soilki eta aitakiro hitz egiten; dei bat egiten zion, Erakundearen mesedetan eta conradiar izpiritu zaharraren arabera, gizonkiro men egitera; gainerakoan, gogo onez parte hartuko zuen hitzaldian, zeina berandutu gabe eta pentsamendu garratzik gabe, hala espero zuen, emango baitzuen Mahlkek Horst Wessel Eskola Nagusian, baldin eta heroiari betidanik komeni izan zaionaren arabera, oratoriaren parterik hoberena hautatu eta isilik geratzen ez bazen.
Baina Mahlke Handia etorbide batean aurkitzen zen, Oliva Gazteluaren Parkeko tunel-erako, gainetik abarrez estaliriko, etorbide arantzatsu eta txorigabe haren moduko batean, zeinak ez baitzuen albo-irtenbiderik eta halere labirinto bat eratzen baitzuen: eguna lotan edo bere izebarekin dama-jokoan ematen zuen, nekaturik eta nagi, lizentziaren amaierari itxaroten bezala, eta gauez, aldiz, nirekin harat-honat ibiltzen zen, bera aurretik, ni atzetik edo, gehienera, bere alboan, Langfuhrreko auzategian barrena. Baina ez ginen norakorik gabe ibiltzen, baizik eta bi zentzutan korritzen genuen Baumbacheko etorbide isil eta prestu hura, zeinak zehatz-mehatz betetzen baitzituen aire-kontrako defentsaren agindu guztiak eta zeinean urretxindorrak zeuden eta Klohse zuzendaria bizi zen. Ni, nekaturik bere uniformearen presiopean: —Ez egin lelokeriarik. Ikusten duk ezina duala. Bestalde, hiri zer axola dik? Egun pare bat bakarrik geratzen zaik lizentziatik. Zenbat geratzen zaik zehazki lizentziatik? Tira, ez ezak lelokeriarik egin...
Baina Mahlke Handiak beste doinu bat entzuten zuen bere belarri banatuetan nire aholku-letania aspergarriaren ordez. Goizaldeko ordu biak arte estu hartzen genituen Baumbach etorbidea eta bertako bi urretxindorrak. Pare bat alditan pasatzen utzi behar izan genion, lagunarekin baitzihoan. Baina lau gau zelatan eman ondoren Klohse zuzendaria azkenik bakarrik agertu zen gaueko hamaikak aldera, altu eta mehe, bere fraka koadrodunekin baina kapela eta berokirik gabe, —airea epel zegoelako— eta Schwarzer Weg-etik zetorrela Baumbacheko etorbidean gora igotzeari ekin zion, Mahlke Handiaren eskua ziztu bizian patrikatik irten eta Klohseren alkandora-idunari heldu zion gorbata zibilaren batera. Burdina landuzko hesi baten kontra zanpatu zuen irakaslea, zeinaren atzean arrosa loratuak zeuden, zeinak —hain ilun zegoelako— usain bereziki gogorra zuten, urretxindorren txorrotxioak baino gogorrago oraindik, alde guztietara lurrina zabalduz. Eta Mahlke Kiohseren gutunezko aholkuari atxiki zitzaion, oratoriaren parterik hoberena hautatu zuen, isiltasun heroikoa, eta hitzik esan gabe, ezker-eskuin, zartakoak eman zituen, esku-barruaz eta eskugainaz, Irakaskuntza Kontseiluko zuzendariaren aurpegi afeitatuan. Biak, zurrun eta forma!. Zaplastako bizi eta bikainak bakarrik; zeren Klohsek ere itxita baitzeukan bere ahotxoa eta ez baitzuen bere arnasa mentolduna arrosen lurrinarekin nahastu nahi.
Hau ostegun batean gertatu zen eta minutu bat iraun zuen ozta-ozta. Burdin hesiaren ondoan utzi genuen Klohse. Hobeto esan, Mahlkek bira erdi eman zuen aurrena, eta botekin pausoak eginez joan zen espaloi legarreztatuan barrena, astigar gorriaren azpitik, zeinak itzal beltz batez gerizatzen baitzuen goitik behera. Ni Klohseri desenkusa moduko bat aurkezten ahalegindu nintzen, Mahlkeren izenean —eta neure izenean. Baina zartakoak hartu zituenak uko egin zion eskuaren leinu batez: ez zirudien zartakoak hartu zituenik, tente zegoen eta iluna siluetatzat zeukala eta jardineko loreek eta txori-kanta bakanek eutsirik, erakundea, eskola, Conradiren Fundazioa, conradiar izpiritua. Conradinumaren —hala zuen izena gure Institutuak— haragitzea zen.
Ordutik aurrera, minutu hartatik herbarrenetako kale hustuetan barrena ibili ginen eta jadanik gure artean ez zen Kiohseren izena gehiago aipatu. Mahlkek zuzen hitz egiten zuen bere aurrean, bereziki era errealean: beretzat eta neurri batean niretzat ere kezkagarri izan zitezkeen arazoez. Adibidez: Ba al dago bizitzarik heriotzaren ondoren? Edo: sinesten al duk arimen transmigrazioan? Mahlkeri hitza eta pitza zerion: —Azken bolada honetan sarri samar irakurtzen diat Kierkegaard. Gerora hutsik egin gabe irakurri beharko duk Dostoievski, eta batez ere, Errusian hagoenean. Gauza mordo bat argituko dik, mentalitatea eta hori guztia.
Behin baino gehiagotan gelditu ginen Triessbach, izainez beteriko errekatxoa gurutzatzen duten zubietan. Atsegina ematen zuen barandan makurtu eta arratoien zain egoteak. Zubi bakoitzak hizketa hutsalkeriatik, gerraontziei, beraien blindajeari, hornidurari eta nudo-abiadurari buruzko ohiko eskola-jakituriatik hasi, eta harik eta erlijiora eta atzen galdera deiturikoetaraino aldatzen zuen. Neuschottlandeko zubitxoaren gainean ekaineko zeru izarratuari begira egon ginen luzaroan, eta gero, nor bere aldetik, errekari begira. Eta Mahlkek ahopean esan zuen, behean Aktieneko urmaelaren gainaldeko bokalea kontserba-laten kontra lehertzen zela eta Aktieneko garagardo-fabrikako legami lurrinak berekin zeramatzala: —Jakina, ez diat Jainkoagan sinesten. Jendea lelotzeko betiko atso-ipuina duk hori. Ama Birjinagan bakarrik sinesten diat. Horregatik ez nauk sekula ezkonduko.
Esalditxoa, aski larri eta nahasia zen, zubi batean esana izateko. Geratu egin zitzaidan esaldia. Eta orain erreka bat, kanal bat gainean zubia duela agertzen den bakoitzean, behean urak gur-gur egiten dien bakoitzean eta jende narrasak edonon zubietatik erreka eta kanaletara botatzen duen zaborraren kontra lehertzen bada, Mahlke bere bota, fraka bonbatxo eta tankelari-jakearekin agertzen da nire alboan, lepotik daraman zera handia, barandatik makurtzean, zuzen-zuzen zintzilikatzen du, benetan garaile eta pailazo bezala katua eta saguaren gainetik fede ezeztaezinarekin: Jakina, Jainkoagan ez. Betiko atso-ipuina duk hori. Andre Maria duk bakarra. Ez nauk ezkonduko.
Eta Striessbachen erori zen beste gauza mordo bat ere esan zuen oraindik. Beharbada hamar bira eman genituen Max Halbe Plazaren inguruan eta dozena bat aldiz korritu genuen Heeresanger gora eta behera eta alderantziz. Ezbaiti gelditu ginen 5 zenbakidun linearen azken geralekuan. Inbidiarekin begira egon gintzaizkien gidari eta gidarisei —azken hauek ile-permanentearekin zebiltzan— zeinak urdin-ilunez pintaturiko atoietan eserita zeuden, ogitartekoei hozka egiten eta termoetatik edaten.
...eta behin tranbia bat etorri zen —edo etorri beharko zukeen, zeinean Tulla Pokriefke, zenbait astetan laguntza militarreko zerbitzuan, gidarisa zebilena, burutakoa okerturik zuela. Hirurok hizketan arituko ginatekeen eta nik berari zita bat jarriko niokeen zalantzarik gabe, baldin eta bost linean zerbitzua eduki izan balu. Baina nola bere profiltxoa beira urdin arrearen atzean ikusi genuen, ez geunden ziur.
Nik esan nuen: —Horrekin frogatu beharko huke.
Mahikek, tormentaturik: —Entzun duk, ez naizela ezkonduko.
Nik: —Horrek beste modu batera pentsaraziko liake.
Berak: —Eta nork pentsaraziko lidakek gero beste modu batera?
Txantxak egiten ahalegindu nintzen: —Ama Birjinak, noski.
Begiramenduz zebilen: —Eta nahigabetzen baduk?
Bitartekari jarri nintzen: —Nahi baduk, bihar goizeko mezan neu izango nauk Gusewskiren akolito.
Izugarri bizkor etorri zen bere erantzuna: —Eginda zegok!— eta atoi hartarantz joan zen, oraindik Tulla Pokriefke gidarisaren profila eskaintzen zuen hartara. Igo baino lehen, galdetu nion: —Oraindik zenbat lizentzi egun geratzen zaizkik?
Eta Mahlke Handiak atoiaren atetik esan zuen: —Orain lau ordu eta erdi abiatu duk nire trena eta orain, bitartean ezer gertatu ez bada, Modlinera iristear izango duk.
© Gunter Grass
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu