XI
Mahlkeren testigantza zirrimarratuak begian aurrean nituela, beste hiruzpalau egun gehiago etxean iraun behar izan nuen: amak harremanak zituen Todt Antolamenduko kapataz batekin, edo ez dakit oraindik urdailetik makal zebilen Stiewe lehen tenienteari gatzik gabe jakia hain gogo onez prestatzen segitzen zuen —bata edo bestea bere gogara mugitzen zen gure etxean barrena eta, sinbolismoaz konturatu gabe, aitaren zapatilak erabiltzen zituen. Amak, ordea, aldizkari ilustratukoa bezalako konfortean, bere lutu zeregintsua gela batetik bestera erabiltzen zuen, oso ongi zihoakion dolu-jantzi beltza, eta ez kalean bakarrik, baita egongela eta sukalde bitartean ere. Arasaren gainean aldare moduko zerbait eraiki zuen frontean eroritako anaiaren izenean, markoratu egin zuen beltzean eta beirapean, lehenik, bere pasaporte-argazki bat, ezin ezagutu izateraino handitua, azpiofizial gisa erakusten zuena baina platererako burutakorik gabe, eta bigarren, Zelataria eta Azken Albisteaketako bi eskelak, hirugarren, frontetiko gutun-bilduma bat zela beltzeko zintaz lotu zituen, laugarren, paper-zapalgailu gisa, gutun-bildumaren gainean bigarren klaseko Burdinazko Gurutzea eta Krimeako Domina kokatu zituen, hori guztia zutikako markoen ezkerraldera ezarriz, eta bosgarren eta eskuinaldean, nire anaiaren biolinak eta arkuak, musika-paper notadun baten gainean —zeren behin eta berriz ahalegindu baitzen biolinerako sonatak konposatzen— gutunen kontrapisua eratu behar zuten.
Baldin eta gaur egun tarteka Klaus anaia nagusiaren hutsunea sentitzen badut, zeina ozta-ozta ezagutu nuen, orduan, aldiz, zelati sentitzen nintzen aldare harengatik: neure buruaren argazki handitua eta era berean beltzean markoratuaren aurrean jartzen ninduen, mindua sentitzen nintzen eta, atzazalak karraskatzen nituen gure Gela Onean bakarrik nengoenean eta anaiaren aldareari ez-ikusi egiterik ez neukanean.
Ziur nago eguerdi arte batean, lehen tenienteak sofan bere urdaila zaintzen eta ama sukaldean gatzik gabeko ahi haietako bat prestatzen ari zitzaion bitartean, nik ukabilka hautsiko nituzkeen, bere kabuz astinduriko ukabilez argazkia, eskelak eta agian, biolina ere bai —baina honetan Lan Zerbitzuan sartzeko eguna iritsi zen eta eszenarako sarrera bat lapurtu zidan, zeina oraindik gaur egun eta urte askotan antzeztuko zena: hain ongi geneukan eszenaratua Kubango heriotza amak arasan eta nik, ezbaiti handi honek. Imitazio-larruzko maleta handiarekin abiatu nintzen, Konitzera trenez joan nintzen Berentetik igaroz, eta hiru hilabetez Osche eta Reetz bitartean, Tucheleko Landa ezagutzeko aukera izan nuen. Atergabeko haizea eta harea. Intsektuzaleentzat berariaz egindako udaberria zen. Ipurua gur-gurka. Nonahi sastrakak eta jo-puntuak: ezkerretara zegoen laugarren pinuaren atzean tiroz jo beharreko kartoizko bi soldadu. Baina nora joan ez zekiten hodeiak politak ziren urki eta tximeleten gainetik. Urmael ilun-argiak eta biribilak paduran, zeinetan esku-granadaz perkak eta karpa goroldiotuak harrapa zitezkeen. Natura noranahi jotzen zela ere. Tuchelen zinema zegoen.
Halere, urkiak, hodeiak eta perkak gorabehera, Lan Zerbitzu hura larriki eta hareazko kaxatan bezala bakarrik birramarra nezakeen bere barraka-kanpamenduarekin basotxo babeslean, bandera-masta, zaborrarentzako hobi eta instrukzio-barrakaren alboko letrinarekin, zeren urtebete lehenago, Winter, Jürgen Kupka eta Bansemer, Mahlke Handiak drila eta botak kanpamendu hartan bertan erabili baino lehen eta bertan hitzez hitz beren izena utzi aurretik: han, letrinan, oholez egindako aterpe batean, zeina goitik pinu moztaken zurrumurrura irekia eta isats artean kokatua zegoen, hantxe aurkitzen zen silaba biko hitza, izenik gabe langa leunaren aurrez aurre, pinu-ohol batean grabatua, hobeto esan, tailatua, —eta haren azpian latin bikainez, baina apaindurarik gabe, baina ia idazkera runikoz bere sekuentzia gogokoenaren hasiera: Stabat Mater dolorosa... Jacopone di Todi fraide frantziskotarrak pozez gainezka has zitekeen; nik, ordea, ez nuen Mahlkerengandik libratzerik lortzen, ezta Lan Zerbitzuan bertan ere. Zeren gorputza arintzen ari nintzen bitartean, eta nire atzean eta azpian nire kintakoen harren larbaz ildaskaturiko gorotzak metatzen ari ziren bitartean, hik ez hidan ematen, ezta nire begiei ere, atsedenaldirik: deiadar bizian eta arnasestukako errepikapenean, nekez tailaturiko testu batek Mahlke eta Ama Birjina ezartzen zizkidan, zernahi bururatzen zitzaidala ere haren kontra txistu egiteko.
Baina ziur nago Mahlkek ez zuela txantxetarako asmorik. Mahlke ez zen txantxetarako gai. Behin baino gehiagotan ahalegintzen zen. Baina egiten, ukitzen edo esaten zuen guztia serio esanguratsu eta monumental bihurtzen zitzaion; baita pinu-zurean egindako ziri-idazkera hura ere Tuchel-Iparra izenpean, Osche eta Reetz bitartean zegoen Lan Zerbitzuko letrinan zegoen hura ere. Baziren han digestio ondoko sententziak, bertso pornografikoak, anatomia gordin eta xehatua —Mahlkeren testuak zorroztasun gehiago edo gutxiagoz formulaturiko lohikeria haiek guztiak menperatzen zituen, zeinek tailaturik edo zirrimarraturik, letrinako hesolesi babeslea estaltzen baitzuten goitik beheraino eta oholezko hormari hitz eragiten baitzioten.
Ia-ia —eta Mahlkek hain zuzen eta hain leku ezkutuan aipua ezarri zuelako, gero eta debotago bihurtu nintzen orduan, eta horrela orain ez nuke neure umore txarra erdipurdi ordainduriko zerbitzu-lan batera Kolpingetxean zuzendu beharrik izango, ez nintzateke Nazareten komunismo goiztiarra edo ukrainiar kolkhozetan kristautasun berantiarra aurkitzera behartuko, libratu egingo nintzatekeen azkenik Aita Albanen gau osoetako elkarrizketa gogaikarrietatik eta biraoak zer puntutaraino otoitzaren lekua har ote dezakeen ikerketetatik eta zerbait sinets nezakeen, edozertan, edo agian haragiaren piztueran; baina aizkora batez kendu egin nuen Mahlkeren sententzia gogokoena eta gero batailoiko sukaldean egurrak egin behar izan nituen ohol hartaz eta hire izena ere ezabatu egin zian.
Leku salezinaren ipuin izugarri, moralista eta transzendente samarren modukoa izan zen; zeren gune huts eta zuntz gordinekoak ozenago hitz egiten zuen idazkera tailatuak lehen egiten zuen baino. Gainera hire mezua ugaldu egin huen txirbilekin, zeren sekzioan, sukaldea, ikuztokia eta janzketa-gelaren artean, era guztietako esamesak zebiltzan, igandetan batik bat, aspertasunak euliak kontatzera behartzen gintuelarik. Betiko kontuak izaten ziren ukitu txiki batzuekin Mahlke izeneko Lan Zerbitzuko bati buruz, urte bete eskas lehenago zerbitzatu eta era guztietako gauza harrigarriak egin zituena Tuchel-Iparra sekzioan. Garai hartatik, han, bi kamioilari, sukaldeburua eta gainbegiraketa-kaboa geratzen ziren, ordura arte lekualdaketa guztietatik libratu zirenak, eta guztiek gutxi gorabehera gauza bera esaten zuten, funtsean elkarrekiko kontraesanetan erori gabe: —Halako itxura zeukan, etorri zenean. Ilea honaino. Tira, aurrena ile-moztailearengana bidali behar izan zuten. Baina alferrik izan zen: eta sukaldeko irabiagailuak bezalako belarriak eta zintzurra, tira, a zer zintzurra! Bazuen gainera —eta behin batean— adibidez esaterako— baina dibertigarriena izan zen errekluta-talde osoa zorriak kentzeko Tuchelera bidali nuenean izan zen, zeren, gainbegiraketa-kabo nintzenez, nik... Eta guztiak dutxapean dauzkadanean, esaten diot neure buruari: hik ez duk ongi ikusten nonbait; begiratzen dut berriro eta esaten diot neure buruari, arranoa, ez ezak inbidiarik sentitu, zeren zakila taketa bat bezalakoa zeukan, sinetsidazue, bereari ekindakoan nahi zuena lortzeko modukoa; nolanahi ere, ongi baliatu zuen komandantearen emaztearekin, berrogei urteko bargastarekin, aurretik eta atzetik, zeren komandante inozo alaena —txoraturik zegoen, gero Frantziara bidali zuten— bere etxera bidali zuen, ofizialen etxeetarik ezkerretara bigarren dagoenera, untxitegi bat egitera. Hasieran, zelako Mahlke hark, hala baitzuen izena, uko egin zion; ez era zakarrean, patxada handian baizik, alderantziz, erregelamendua aipatu eta abar eginez. Orduan jefeak bere kabuz hartu zuen, ipurdia non zeukan ere ez zekiela utzi zuen arte, eta gero bi egunetan letrina eduki zuen: eztia ateratzen. Mangeraz dutxatu behar izan nuen, urrunetik noski, mutilek ez baitzioten ikuztokian sartzen utzi nahi; azkenean amore eman zuen eta bi tabloi eta beharrezko tresnekin joan zen, baina untxi arrastorik gabe! Atsoarekin ongi portatu zen, nonbait, zeren honek aste bete baino gehiagoz jardina zaintzera bidaltzeko eskatu baitzuen. Eta zelako Mahlke hura goizero joaten zen eta arratsean errebistarako itzultzen zen. Eta untxitegiak ez zuela aurrera egiten konturatzean, zerbaitek argi egin zion nonbait jefeari. Ez dakit larru-bizitan harrapatu zituen, sukaldeko mahaiaren gainean edo ohean, epel-epel, aita eta ama, baina gauza bat dago ziur, Mahlkeren tresna ikustean konkorturik geratu bide zela, nahiz eta sekzioan tutik esan ez zuen. Eta berehalaxe ekin zion txitean-pitean Olivara edo Oxhbftera bidaltzen, ordezkatalen bila, zioenez, baina egiatan ahalik eta urrunen eduki nahi zuen idisko hura bere taketarekin. Baina jefearen atsoa errendaezina zen, antza eta zera, gertatzen dena. Eta oraindik gaur egun ere zurrumurruak iristen zaizkigu ordenantza-bulegotik: dirudienez oraindik ere elkarri idazten diote. Nik uste horren guztiaren atzetik beste zerbait egon bide zela, baina gauzak ez dira inoiz diren bezala jakiten. Gainerakoan, Mahlke hori bera —eta hori neure begiez ikusita dago— berak bakarrik aurkitu zuen, Gross-Brislawen ondoan, partisanoen lurpeko muniziotegi bat. A zer nolako istorioa hura ere! Izan ere, urmael guztiz arrunta zen, hemen edonon dauden horietako bat. Partez lanera eta parte miatzera irtenak ginen, ordu-erdi bat generaman zingiraren ertzean etzanda. Eta Mahlkek begiratu eta begiratu egiten zuen eta supituki esaten du: unetxo bat, hor zer edo zer dago. Tira, eta sarjentua, nola zuen izena?, irri egiten dio eta guk ere bai, baina azkenean utzi egiten du. Eta Mahlke arropak erantzi eta zingiran sartzen da. Eta zer esaten nizuen? Laugarren murgilaldian, saltsa marroiaren erdian baina uraren gainaldetik berrogeita hamar zentimetro haino gutxiagora hormigoizko gordailu guztiz moderno baterako sarbidea aurkitzen du, igogailu hidrauliko eta guzti, uraz kanpora igoaraz zitekeena: lau kamiokada eraman ahal izan genituen eta jefeak batailoi osoaren aurrean goratu zuen. Eta agidanez, atsoarena gorabehera, kondekoraziotxoren baterako gomendatu ere egin zuen. Frontera bidali genion. Tankeetara joan nahi izan zuen, onartzen bazuten behintzat.
Lehenengotan ez nuen ezer esan. Winter, Jürgen Kupka eta Bansemer ere isilik geratzen ziren Mahlkez hitz egiten zen bakoitzean. Batzuetan, ofizialen etxeen aurretik pasatzean, arrantxo-orduan edo landara zerbitzuan irtetean, laurok begiratu bizkor bat trukatzen genuen elkarrekin, ezkerreko bigarrenak untxitegirik gabe zirauela ikustean. Edo, belardiko belar berde eta arinki mugikorrean katu bat ataizean ikusten bagenuen, begirada esanguratsu bat aski izaten genuen elkar ulertzeko, horrela talde sekretu gisako bat bihurtuz, nahiz eta Winter eta Kupka, eta zer esanik ez Bansemer axola gutxi samarreko zitzaizkidan.
Alta emateko lau aste ozta-ozta falta zirela —partisanoen kontrako zerbitzuan geunden denbora guztian, nahiz eta bakarrik ez harrapatu eta bajarik ere ez izan—, beraz soinetik jantziak ia kendu ere egin ez genituen denboraldi batean, zurrumurruak hasi ziren. Kabo hark, Malkeri uniformea eman eta zorriak kentzera eraman zuenak, ekarri zituen berriak bulegotik: —Lehenik, Mahlkeren beste gutun bat jaso dugu behialako jefearen atsoarentzat. Frantziara bidali behar izan da. Bigarren, galde-zerrenda bat dago Mahlkerentzat oso goitik datorrena. Aztertzen ari gara. Hirugarren, eta hau neuk esaten dizuet: delako Mahlke horrek barruan zeraman hasieratik. Baina hain denbora laburrean! Tira, lehen sekulako eztarriko minak edukitzea berdin zitzaion, ofizial ez bazinen. Orain edozein gradutakoak eduki dezake. Segur aski gazteena izango da. Imajinatzen dudanean, belarri haiekin...
Hemen hasi zitzaizkidan hitzak ahotik gur-gurka irteten. Eta gero Minterri. Jürgen Kupkak eta Bansemerrek ere erakutsi behar izan zuten beren jakituria.
— Ba al dakizu? Mahlke hori aspaldidanik ezagutzen dugu.
— Eskolan ere bageneukan.
— Beti izaten zituen, hamalau urte bete baino lehen ere, sekulako eztarriko minak.
— Eta teniente komandantearekin gertatu zitzaiona? Gimnasi ikastaldian gakotik aparatua zinta eta guzti ziplatu zionean? Hura izan zen hura...
Ez, gramofonoarenetik hasi behar da.
Eta kontserba-latak, horiek ez al dute balio? Hasieran beti destorlojailua erabiltzen zuen...
— Zaudete, zaudete! Lehenengotik hasi nahi baduk Heinrich Ehler Plazako beisbol-partidutik hasi behar duk. Hara nola izan zen: belarretan etzanda gaude eta Mahlke lotan dago. Honetan, katu gris bat dator belardian zehar eta zuzen-zuzen Mahlkeren lepora doa. Eta katuak lepoa ikusten dionean, mugitzen ari dena sagua dela uste izaten du eta salto egiten du... —Bai zera! Pilenzek hartu zian katua eta berari ... ez ala?
Bi egun geroago ofizialki baieztatu ziguten. Batailoiari komunikatu zitzaion goizeko errebista pasatzean: Lan Zerbitzuko kide ohi batek, Tuchel-Iparra Sekziokoak suntsitu ditu, aurrena soldadu soil gisa eta gero azpiofizial eta tankeetako komandante gisa, aparteko oldarraren frogak erakutsiz eta leku estrategikoki garrantzizkoan, hainbeste eta hainbeste tanke errusiar eta gainera eta abar eta abar.
Jantziak bihurtzen hastera gindoazen, alta eman behar baitziguten, amarengandik Zelataria-ren ebakin bat jaso nuenean. Eta inprimategiko letraz zetorren: gure hiriko seme batek suntsitu ditu, aurrena soldadu soil gisa eta gero azpiofizial eta tankeetako komandante gisa, aparteko oldarraren frogak erakutsiz, eta abar, eta abar.
© Gunter Grass
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu