X
Urte berriaren hasieran biolin-klaseak hartu nahi nituen nik —anaiak biolin bat utzi zuen—, baina Luftwaffearen laguntzaile egin gintuzten eta aita Albanek aspertu gabe kontseilatu bazidan ere biolin-klaseak hartzeko, baliteke jadanik beranduegi izatea; bera izan zen, halaber, sagua eta katuarena kontatzera bultzatu ninduena ere: —Eser zaitez lasai, Pilenz maitea, eta idatzi burura datorkizuna. Izan ere, zure lehen ipuin eta saiakera poetikoak Kafkaren erakoak baziren ere, zu zeure luma propioaren jabe zara: har ezazu biolina edo idatz ezazu libreki —Jaun Zerukoak ez dizkizu alferrik talentu horiek eman.
Honela, Brösen-Glettkaueko kosta-bateriara eraman gintuzten, aldi berean trebatze-bateria bezala ere erabiltzen zenera, haremunen, itsas sastraka eta legarrezko pasealekuaren atzealdean, brea, galtzerdi eta lastairen zuntz begetal-usaina zerien barrakatan. Balegoke hamaika gauza kontatzeko Luftwaffeko laguntzaile batez, institutuko ikasle uniformatu batez, eguerdi artean maisu ilezurien usadiozko irakaskuntzaren menpean zegoenaz eta arratsaldean artillariaren instrukzioak eta balistikaren sekretuak buruz ikastera beharturik; baina hemen kontatu beharrekoa ez da nire historia, ezta Hotten Sonntagen inozo eta gainezkatuarena edo Schillingsen erabat hutsalarena ere —hemen hitaz bakarrik hitz egin daitekek; eta Joachim Mahlke ez huen inoiz Luftwaffeko laguntzaile izan.
Horst Wessel Eskola Nagusiko ikasleek, Brösen-Glettkauen gurekin trebatzen ari zirenek, katua eta saguarekin hasten zen hizketaldi luze eta bidenabarrekoan sartu gabe, xehetasun berriak eman zizkiguten: —Eguberriak igaro eta handik gutxira Lan Zerbitzuan sarrarazi zuten. Presazko batxilergoa eman zioten Tira, azterketak ez zituen inoiz arazo izan. Gu baino aski zaharragoa zen. Bere sekzioa Tucheleko Landan bide dago. Zohikatza atera beharko duten? Gauza mordoa gertatzen da han, nonbait. Partisanoak eta horrelakoak omen daude.
Otsailean Olivako Luftwafferen ospitalera Eschi bisita egitera joan nintzen. Ohean zegoen lepauztaia hautsita eta zigarroak nahi zituen. Eman nizkion batzuk eta likore itsaskor bat eskaini zidan. Ez nintzen luzaro egon. Tranbiaren geltokira joateko itzulinguru bat egin nuen Gazteluko Parkean barrena. Behialako Xuxurlaketen Haitzuloa han zegoen ikusi nahi nuen. Han zegoen oraindik ere, eta suspertzen ari ziren mendi-ehiztari batzuk frogatzen ari ziren erizain batzuekin. Harri porotsuaren alde bietatik xuxurlaketan ari ziren, ahapeka barre egin, xuxurlatu eta berriro ahapeka barre egiten zuten. Nik ez neukan norekin xuxurlaturik eta hala, buruan ideiaren bat nuela abarreria lehor, txorigabe eta segur aski arantzatsua zen tunel erako ibilbide batetik zehar abiatu nintzen, zeinak zuzenean Parkeko urmaeletik Zopoteko Galtzadara eramaten zuen eta era larrigarrian mehartzen zen. Eta honetan, bi erizain gurutzatu eta gero, zeinek herrenka eta barrezka eta herrenka egiten zuen teniente bat zeramaten, eta gero bi amona eta amonekin identifikaturik bere burua ikusi nahi ez zuen baizik eta jostailuzko danborra, jo gabe, zeraman hiru bat urteko haur ba, topo egitera etorri zitzaidan, otsail grisaren koloreko arantzazko tuneletik handitu zen zerbait: Mahlkerekin tupust egin nuen.
Topaketak biok norakorik gabe utzi gintuen. Gainera, albobiderik eta gabea eta gainaldetik sasitsua zen halako etorbide batean elkartzeak, solemnetik laborrizkora zihoan sentipen bat sortzen zuen: destinoak edo arkitekto frantses baten fantasia rokokoak elkarrenganatu gintuen, eta gaur egun oraindik ere ihes egiten diet gaztelu-jardinei, zeinak Le Notre zaharraren izpirituaren arabera irtenbiderik gabe eginak baitira.
Jakina, berehala egin genuen hitz, baina ni sor eta lor geratu nintzaion zekarren buru-estalgarriari begira-begira; zeren eta Lan Zerbitzuko kapela, nahiz eta zerabilena ez izan Mahlke, paregabea baitzen itsusian: bulto altu eta proportzio gabea zuen hegalez gainetik, gorotz lehortuen kolorea zuen, eta nahiz eta gainean erdiko ildoa izan gizonezko-kapelaren arabera, bi atalak hurbilegi geratzen ziren bata bestetik, batu eta arraia plastiko hura sortzen zuten. Lan Zerbitzuaren kapelari «heldulekudun ipurdi» gaitzizena eman ziona. Mahlkeren buruan kapela hark bereziki itxura tristea zeukan. Bere erdiko arraiak, Lan Zerbitzuarengatik utzi behar izan zuenak, era honetan izugarri bapikatua zirudien. Eta honela geunden bata bestearen aurrean orratz gainean bezala, arantza artean eta arantzapean larrumintz mehetan bezala —eta amonarik gabeko mutil koxkor hura ere itzuli zen oraindik latorrizko haur-danbor ozenagoarekin, zapore magikoa zuen zirkulu-erdi bat gure inguruan egin eta azkenik etorbidearen mehartasunean desagertu zen bere zarata eta guzti.
Presaka esan genion adio elkarri, Tuchleko Landan zirelako partisano-borrokei buruzko galderak, Lan Zerbitzuko arrantxoari buruzko galderak, eta beren inguruan Lan Zerbitzuko neskarik egoitzaturik ba ote zegoeneko galderari, ozta-ozta eta nakar Mahlkek erantzun eta gero. Zera ere jakin nahi nuen, zer egiteko zuen Olivan, eta Gusewski erreberendoari bisita egin ote zion. Jakin izan nuen Lan Zerbitzuko arrantxoa pasa-modukoa zela, baina Lan Zerbitzuko nesken arrastorik ere ez zegoela han. Partisano-borrokei buruzko zurrumurruak ahoberokeriatzat zeuzkan, baina ez erabat oinarri gabekotzat Olivara bere buruetako batek bidalirik etorrita zegoen ordezkatal batzuen bila: eginkizun ofiziala, bi eguneko baimena. —Gusewskirekin gaur goizean hizketaldi labur bat izan diat goiz-mezaren ondoren —eta ondoren umore txarreko esku-mugida bat: —Beti lehengo lepotik izango dik burua, zernahi gertatzen dela ere! —eta bion arteko tartea areagotu egin zen pausoka baikindoazen.
Ez, ez nintzaion itzuli begiratzeko. Sinestezina? Aldiz «Mahlkek ez zuen bira ernan niri begiratzeko» bezalako esalditxo batek ez luke inor harrituko. Behin baino gehiagotan begiratu behar izan nuen atzera, zeren ez baitzitzaidan inor etorri laguntzera, ezta mutil koxkorra bere jostailu ozenarekin ere.
Gero, nire kalkuluen arabera, ez hindudan urtebete pasatxoz ikusi; baina hi ez ikusteak ez zian esan nahi eta ez dik esan nahi, hi eta hire simetria bortxatua ahaztu nuenik. Gainera, aztarnak geratzen dituk: eta katuren bat ikusten banuen, grisa, beltza edo izpilduna zelarik ere, bat-batean zetorkidan begipera sagua; halere, ezbaian aritzen nintzen eta zalantzakor geratzen nintzen, edo sagutxoa babestu behar zen edo katua harrapakinerantz zirikatu behar ote zen.
Uda arte kosta-baterian egon ginen: ezin zenbatu ahala eskubaloi-partiduak jokatu genituen, eta igandetan haremunetako gardulatzetan iraulkatzen ginen, nor bere trebetasunekin, beti neska herekin eta neska beren ahizpekin; ni bakarrik geratu nintzen gabe, eta gaur arte ez dut lortu neure erabakimenik ezetik eta neure ahuleziaz gogoeta ironiatiak egitearen ohituratik libratu. Zer zegoen gehiago? Mentazko pastillen banaketa, sexu-gaitzei buruzko irakaspenak, goizetan Hermann eta Dorotea, arratsaldetan 98-K fusila, posta, lau frutako marmelada, kantu-lehiaketak —zerbitzurik gabeko ordu libreetan igerian ontziraino joan ere egiten ginen, normalean laugarren urteko sustapen berrien saldoak aurkitzen genituen, haserretzen ginen eta igerian itzultzean ez genuen ulertzen zerk eduki gintuen kateaturik hiru udatan kaio-zirinez estaliriko ontzi-krosko hari. Gerora zortzi koma zortziko bateriara lekualdatu gintuzten, Pelonkenera, eta gero Zigankenbergekora. Hiruzpalau aldiz alarma izan genuen eta gure bateriak lau motordun bonbardari bat eraisten parte hartu zuen. Zenbait astez eztabaidagai izan zen bulego militarretan halabeharrez jo izana —bitartean pastillak, Hermann eta Dorotea, eta diosalak pasatzekoan.
Ni neu baino lehenago, Hotten Sonntag eta Esch etorri ziren borondatezko gisa Lan Zerbitzura. Nire aldetik, ezbaian beti eta armari buruzko zalantzan, erroldatzeko epea pasatzen utzi nuen eta berrogeita lauko otsailean gainditu nuen, geure irakas-barrakaren barrean eta gure ikastaldearen erdia pasatxorekin, ia batxilergo normala, laster jaso nuen Lan Zerbitzurako deia, baja eman zidaten Luftwaffeko laguntzaileen artean eta, nola oraindik hamabost egun oso nituen eta batxilergoa baino zerbait gehiago gainditu nahi nuen, zerbaitetan kontzentratzen ahalegindu nintzen, eta norengan, Tulla Pokriefkegan izan ezik, zeinak hamabi edo gehiago urte zituen eta ia edonori aukera ematen zion lurrartzeko, baina ez nuen zorterik izan eta Hotten Sonntagen arrebarekin ere ez nuen ezer lortu. Egoera honetan —lehengusinetako baten gutunek goxatzen ninduten, zeina Silesiara familiarekin ebakuatua izan zen etxea bonbardaketak erabat desegin ziolako— despedida-bisita bat egin nion Gusewski erreberendoari, lortzea espero nuen fronteko baimenaldietan akolitotzan arituko nintzela hitz eman nion, eta meza-liburuaz gainera —bereziki errekluta katolikoentzat egindako metalezko gurutzefika bat— hartu nuen eta itzulerako bidean Bärenberg eta Osterzeileko kantoian Mahlkeren izebarekin topo egin nuen, zeinak kalean beira lodiko betaurrekoak erabiltzen zituen eta zeinari itzulinguru egitea ezinezko zen.
Elkarri agur egin baino lehen ekin zion hitz egiteari, baserritarren erara kunkun eginez baina abiada bizian. Oinezkoren bat hurbiltzen zitzaigunean, sorbaldatik heldu eta nire belarrietako bat bere ahora erakartzen zuen. Esaldi beroak lanbro bustiarekin. Huskeriak hasiera batean. Erosketa-istorioak: —Norberari dagokionik ere ezin ia eskuratu kupoiekin. Hala jakin nuen jadanik berriz ere ez zegoela kipularik, baina Matzerathen dendan, azukre beltza eta semola eskura zitezkeela, eta Ohlwein harakinak txerriki-kontserbak hartzea espero zuela —Txerriki-mota guztiak Eta azkenik, nire aldetik iradokizunik gabe, gai nagusia: —Mutila hobeto zegok orain, hobeto dagoelakoaz tutik idazten ez duan arren. Baina ez duk inoiz kexatu: horretan bere aita, nire koinatu zena bezalakoa duk. Eta orain frontera bidali diate, jakina, tankeen tokira. Uste diat hor babesago egongo dela infanterian baino, batez ere curia ari duenean.
Gero bere xuxurlaketa belarrira hurbildu zitzaidan eta Mahlkeren xelebrekeria berriak jakin, bere zirrimarrak, gutun bakoitzeko sinaduraren azpian haurren batek gainera sinatu izan balu bezala.
— Eta handiena da txikitan ez zuela ezer marrazten, eskolarako tinta txinaz zerbait egin beharrik ez bazuen behintzat. Baina hementxe daukat patrikan bere azkeneko gutuna, dagoeneko hain zimurtua! Hara, Pilenz jauna, askok nahi izaten dute jakin nola doakion mutilari.
Eta Mahlkeren izebak Mahlkeren gutuna luzatu zidan: —Irakur ezazu zeuk. Baina ez nuen irakurri. Goanterik gabeko atzamar artean papera. Max Halberen plazatik haize lehorra zetorren zirimolatan eta ez zegoen hura jasango zuenik. Nire bihotzak bere bota-takoiaz jotzen zuen eta atea irauli nahi zuen. Zazpi anaia mintzo ziren nigan, baina bakarrak ere ez zuen idatzia segitzen. Elur-malutak hegaz zebiltzan baina papera gero eta argiagotzen ari zen, nahiz eta gris-nabarra eta batere kalitate gabea izan. Gaur esan dezaket, berehalakoan ulertu nuen, baina begiratu besterik ez nuen ez nuen egiten, ikusi eta ulertu nahi gabe, zeren eta paperak kirris-karras begien aurrean egin aurretik ulertu bainuen, beste behin, Mahlke bereak eta bost egiten ari zela: marrazki lineal zirrimarratuak Sütterlin idazkera zaindu baten azpian. Zuzena izaten ahalegintzen zen lerro batean, baina oinarririk ez zuelako hautsia gertatzen zena, zortzi hamabi hamahiru hamalau zirkulu irregularki lautu, eta giltzurrun bakoitzean garatxoa bezalako aldaska bat, eta garatxo bakoitzetik, erpuru-atzazalaren luzerako ziri batzuek seinalatzen zuten, bainuontzi mailatuetatik irtenez, paperaren ezkerreko ertzera; eta tanke hauek guztiak —zeren marrazkiak oso baldarki eginak baziren ere hire nik antz eman nien errusiar 34-ei— toki batean ageri zuten, gehienetan dorrea eta bainuontziaren artean, seinaletxo bat: jo-puntua adierazten zuen gurutze bat. Gainera —autoreak espero zuen ulertze-nekeren bat marrazkiaren begiratzaileen aldetik—, beste gurutze batzuk lapitz urdinez eginak eta tanke zirrimarratuen neurria gainditzen zutenak, hamalau T 34ak ezabatzen zituzten begietara nabari geratzeko eran —hainbeste bazirelakoan nago— lapitz arrunt eta ohikoaz eginak. Halako harro puntu batekin azaldu nion Mahlkeren izebari begi bistan zegoela Joachimek suntsituriko tankeak zirela. Baina Mahlkeren izeba ez zen batere txunditu: ordurako askok esan zioten gauza bera; baina ezin zuen ulertu zergatik batzuetan gehiago eta gutxiago izaten ziren, behin zortzi bakarrik eta azken aurreko gutunean, aldiz, hogeita zazpi ale.
— Baliteke posta hain irregularki etortzen zaigulako izatea. Baina irakur ezazu, Pilenz jauna, zer idazten duen gure Joachimek. Baina zutaz ere hitz egiten du, kandela batzuez, baina dagoeneko eskuratu ditugu. —Begiratu arin bat paperari zuzentzea besterik ez nuen egin: Mahlke arduratsu ageri zen, amaren eta izebaren aje handi eta txikien berri galdetzen zuen —gutuna biei zuzendua zen—, barize eta lunbagoaz, jardinaren egoeraren berri eskatzen zuen: —Ongi eman al du aurten aranondoak? Nola daude nire kaktusak? Zerbitzuari buruzko esaldi laburrak, zeinaz esaten baitzuen astuna eta erantzukizun handikoa zela. Jakina, guk ere baditugu bajak. Baina Ama Birjinak babespean edukiko nau. Eta ondoren erregu bat amak eta izebak mesede bat egin ziezaioten Gusewski erreberendoari Ama Birjinaren aldarerako kandela bat edo, ahal izanez gero, bi eramanez. —Beharbada Pilenzek eskuratuko dizkizue, berek kupoiak baitituzte. Gainera Judas Tadeo Santuari otoitz egiteko —Ama Birjinaren iloba bigarren graduan, nondik igartzen zaion Mahikek ongi ezagutzen zuela Familia Santua— eta istripuz hildako aitaren arimaren alde meza bat eskaintzeko erregua egiten zuen, «zeren elizakoak hartu gabe alde egin baitzigun». Amaitzeko, huskeriaren bat edo beste, paisaiaren deskribapen zurbil samar bat: «Ezin duzue imajinatu zeinen eroria dagoen dena hemen, zeinen dohakabeak diren hemen jendea eta haurrak. Ez dago elektrizitaterik, ez ur korronterik. Batzuetan honen guztiaren zentzuaz galdetzeko gogoak ematen dio bati, baina baliteke honela izan behar izatea. Eta egunen batean gogoak ematen badizue eta eguraldia ona bada, har ezazue Bröseneraino doan tranbia —baina ongi jantzita etorri— eta begiratu porturako sarreraren ezkerraldean, ez oso kanpoan, ontzi hondoratu baten gainegitura oraindik ageri den. Lehen han ontzi galdu baten hondakinak zeuden. Begi hutsez ikusten da, eta gainera izebak baditu bere betaurrekoak —jakin nahiko nuke ea...»
Mahlkeren izebari esan nion: —Horretarako ez daukazu hara joan beharrik. Ontziak betiko lekuan dirau. Eta idaztean, agurtu Joachim nire partez. Dagoela lasai. Hemen ez da ezer aldatzen, eta ontzia ez digu inork hain erraz ziplatuko.
Baina Schichaueko ontziolek ziplatu izan balute ere, hau da, atera, atalkatu edo berrornitu, hiri zer? Utziko al hion errusiar tankeak zirrimarratzeari lapitz urdinez ezabatzeko? Eta nork atalkatuko zian Ama Birjina? Nork sorginduko zian Institutu zaharra eta txori-jaki bihurtuko? Eta katua eta sagua? Ba al zegok amaitzen den istoriorik?
© Gunter Grass
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu