IX

 

        Horst Wessel Eskola Nagusiari gerratearen aurretik Kronprinz Wilhelm Institutu Tekniko zeritzon eta gure eskolari bezainbateko zahar usaina zerion. Eraikina, 1912a jasoa uste dut, eta kanpotik bakarrik gure adreilu-kaxa baino itxura alaiagokoa, herbarrenaren hegoaldean kokaturik zegoen, Jäschkentaleko basoaren goenean; beraz Mahlkek eskolarako hartzen zuen bidea eta nik hartzen nuena ez ziren inoiz gurutzatzen, neguan, klaseak berriro hasten zirenean.

        Baina udako oporretan ere ez zen beratzaz ezer entzun —Mahlke gabeko uda-zeren, antza zenez, defentsa-gaikuntzarako kanpamendu batean eman baitzuen izena, non prestakuntza aurre-militarrerako aukera ematen zitzaion irrati-telegrafiako operadore gisa. Ez zuen ez Brösenen ezta Glettkaueko bainuetxean ere bere larrumintz eguzkitua erakutsi. Nola zentzurik gabea zen Andre Mariaren Kaperan haren bila hasteak, Gusewski erreberendoak bere akolitorik fidagarrienetako bat gabe geratu behar izan zuen oporrek iraun zuten bitartean: Pilenz akolitoak bere golkorako esaten zuen: Mahlke gabe ez zegok mezarik.

        Geratzen ginenok tarteka ontzira joaten segitzen genuen, baina suhartasunik gabe. Hotten Sonntag alferrik ahalegindu zen irrati-kabinarako sarbidea bilatzen. Laugarrenekoen artean etengabe zurrumurru berriak entzuten ziren zubiaren egituren barruan zegoen era bitxi eta estrainioan ekipaturiko mansardaz. Begiak oso batuak zituen tipo bat, mutikoek menpekotasun-airez Störtebeker deitzen ziotena, nekagaitz aritzen zen murgilketan. Tulla Pokriefkeren lehengusua, kaxkarrio mazkar bat, pare bat aldiz etorri zen ontzira, baina ez zen murgildu. Pentsamenduz edo egintzaz, Tullan buruz berarekin hitz egiten ahalegindu nintzen, atsegin bainuen neska. Baina ni bezala bera ere katigaturik zeukan bere artile zarpailaz —zertaz ote zen?—, bere zurgin-kolaren usain disolbaezinaz. —Zoaz popatik hartzen! —esan zidan lehengusuak— edo esan ahal izan zidan.

        Tulla ez zen ontzira etortzen, baizik eta bainuetxean gelditzen zen, baina Hotten Sonntagekiko harremanak erabat etenda zeuzkan. Egia da birritan zinemara joana nintzela, baina ez nuen zorte handirik izan: edonorekin joaten zen zinemara. Störtebeker hartaz maitemindu omen zen, zoritxarrez maitemindu, zeren Störtebeker aurretik gure ontziaz maitemindurik baitzegoen eta Mahlkeren mansardarako sarbidearen bila baitzebilen. Udako oporren azken aldera esamesa asko entzun zen azkenean arrakasta izan zuten bere murgilketez. Ez zegoen frogarik: ez zuen jaso gora ez disko uieldurik ez hontz zuriaren luma hondaturik ere. Halere zurrumurruek iraun egin zuten: eta bi urte eta erdi inguru geroago Störtebeker burutzat zeukan banda misteriotsu samar hura atxilotu zutenean, antza denez prozesukoan behin eta berriz hitz egin zuten gure ontziaz eta zubiko egituren barruko gordelekuaz. Baina ordurako ni Armadan nengoen, eta zatika baizik ez nuen izan haren berri, zeren azkeneraino, eta postak lagundu zuen bitartean, Gusewski erreberendoak arimaren ardurazkoetatik hasi eta adiskidetasunezkoetarainoko gutunak idazten baitzizkidan. Eta mila bederatziehun eta berrogeita bosteko azken gutunetako batean —indar errusiarrak Elbing aldera iristen ari zirenean— eskandaluzko eraso bati buruzko zerbait zegoen idatzita, Larruginak deituriko taldeak Jesusen Bihotzaren Elizaren kontra egin zuenaz, non Wiehnke erreberendoa meza ematen ari zen. Störtebeker mutila bere deituraz aipatzen zen gutunean; halaber, uste dut, hiru urte haur batez ere zerbait irakurri nuela, bandak talisman edo maskota gisa zaintzen zuenaz. Batzuetan ziur nago, beste batzuetan zalantzak ditut, Gusewskiren azkeneko edo azkenaurreko gutunak —fardela Cottbusen galdu zitzaidan motxila eta egunkariarekin batera— ontzi hura aipatzen zuela, zeinak berrogeita biko uda-oporren hasieran ospatu ahal izan baitzuen bere egun handia, nahiz eta oporretan zehar distira galduz joan zitzaion; zeren orain ere aipaturiko uda motela gertatzen baitzait, Mahlke falta baitzen —ez zegoen udarik Mahlke gabe!

        Kontua ez zen etsita egotea bera falta zelako. Bereziki ni pozik nengoen beragandik libratu nintzelako, bere atzetik ibili beharrik ez izateagatik. Baina zergatik aurkeztu ote nintzen eskola hasi eta berehalaxe Gusewski erreberendoarengana akolito gisa neure burua eskaintzeko? Ertzik gabeko lenteen atzean erreberendoa mila zimurrekin poztu egin zen, baina berehalakoan betaurreko horien berorien atzean zimurrik gabe serio jarri zen, garrantzirik eman gabe, sotana eskuilatzen ari nintzaiola —sakristian eserita geunden—, Joachim Mahlkeren berri galdetu nionean. Patxadaz, esku bat betaurrekoetan zuela, aitortu zuen: Jakina, lehen bezala orain ere gure eliztarrik sutsuenetakoa da eta ez du igandeko meza batera ere huts egiten; halere, lau astetan defentsarako birgaitze-kanpamendu deritzoten horietako batean egon da; baina ez niake sinetsi nahiko Mahlkerengatik bakarrik aldarean berriro lagundu nahi duanik. Esadazu egia, Pilenz!

        Bi aste doi-doi ziren etxean albistea hartua genuela, nola Klaus nire anaia Kubanen azpiofizial-graduarekin erori zen. Bere heriotza eman nion berriro aldarean neure zerbitzuak eskaintzearen arrazoitzat. Gusewski erreberendoak sinetsi egin zuela iruditu zitzaidan edo ahaleginak egin zituen niri eta nire debozio zaharberrituari fede ematen.

        Hotten Sonntagen edo Winterren aurpegiak zer xehetasun zituzten oroitzen ez banaiz ere, Gusewskik ile kizkur sarria, beltza eta bakanka zuritua zeukan, sotana markatzen zion buru-larru zahitsuarekin. Zehazki afeitatua tontsurak distira urdina egiten zion buru atzean. Bere usaina ilearentzako urki-urak eta Palmolive xaboiak eratzen zuten. Batzuetan ekialdeko zigarroak erretzen zituen taila konplikatuzko anbarezko ahokaduran. Aurrerakoitzat zeukan jendeak, eta sakristian ping-pongean jokatzen zuen akolitoekin eta baita lehen jaunartzerako prestatzen ari zirenekin ere. Arropa zuri guztia, humerala eta alba, gehiegi almidoiarazten zion Tolkmit izeneko andre bati, edo atsoa gaixo zegoenean akolito iaioei, sarritan neuri ere bai. Manipulu bakoitza, estola bakoitza, mezako jantzi guztiak, nola kaxoietan ezarriak bazeuden hala armairuetatik zintzilik, bere eskuz tinkatzen zien izpiliku-zorrotxo bat, aldi berean zama ezarriz, nik gutxi gorabehera hamahiru urte nituela bere esku fin bizargabea sartu zidan garondotik bizkarrean behera alkandorapetik gimnasi fraken gerrikoraino, gero berriro jasoz, zeren frakek ez baitzuten tira elastiko hedagarririk eta nik aurretik lotzen bainituen beraiei jositako kordoi batzuekin. Ez nion garrantzi handirik eman oratze-ahaleginari, batez ere Gusewski erreberendoa, bere izaera adiskidekor, sarritan gaztearenarekin, nire begikotasunaren jabe zelako. Oraindik gaur egun ere halako afektu ironiati batez gogoratzen dut, beraz hitzik ere ez gehiago noizbehinkakoak eta errugabeak eta nire arima katolikoaren bila bakarrik zebiltzan eskuztatze haietaz. Hitz batean, beste asko bezalako apaiz bat zen: bere langile-komunitatearen, gainerakoan oso irakurzalea ez zenaren eskura liburu hautatuzko liburutegi bat zeukan; ez zen zelatiegia, muga batzuekiko fededun —adibidez Ama Birjinaren zeruetarako jasokundearenean-eta hitz guztiei halako doinu bare ukenduzkoa ematen zien gorputzezkoa gaindituz Jesukristoren odolaz edo sakristian ping-pongaz hitz egiten zuenean. Tentelkeria iritzi nion beragan berrogeigarren urteen hasieran deitura aldatzeko eskari bat aurkezteari eta ozta-ozta urtebete igaro zenean, Gusewing, Gusewing erreberendoa bere buruari deitu eta inori deiarazteari. Halere, poloniar doinua zuten eta ki edo ke edo a —Formella bezala— amaitzen ziren deiturak germaniartzearen moda honek aldeko asko izan zuen egun haietan; eta honela, Lewandowski-tik Lengnisch sortzen zen; Olczewski jauna, gure harakina Ohlwein harakin bihurtu zen, eta Jürgen Kupkaren gurasoek Kupkat hartu nahi izan zuten izentzat ekialdeko prusieraz —baina eskariari —auskalo zergatik— uko egin zioten. Paulo bihurtu zen Saulo haren eredura, baliteke Gusewski jakin bat Gusewing bihurtu nahi izatea; baina nolanahi zela ere, idatzi honetan Gusewski erreberendoak Gusewski dirau; zeren hik, Joachirn Mahlke, ez baihuen heure izena aldarazi.

        Udako oporren ondoren goiz-mezetan lehen aldiz laguntzeari ekin nionean, berriz eta aldaturik ikusi nuen. Eskailmailako otoitzak amaiturik —Gusewski epistolaren aldean zegoen eta Introitoarekin ari zen— bigarren aulkian aurkitu nuen, Ama Birjinaren aldarearen aurrean. Baina Epistolaren irakurketa eta gradualaren artean, eta gero batez ere Ebanjelioaren irakurketan izan nuen bere aurpegia aztertzeko aukera. Nahiz eta ilea lehen bezala erdia partitua eta ohiko azukre-uraz finkatua zeukan, orain pospolo baten tamaina luzeago zerabilen. Zurrun eta fidakor, isurki biko teilatua bezala zekarren belarrien gainean: Kristoren antzezpena egin zezakeen, libreki biltzen zituen eskuak, hau da, ukondoak bermatu gabe, bekokiaren parean gutxi gorabehera eta haiekin eraturiko teilatuaren azpitik lepo baten ikusmira uzten zuen agerian, zeinak biluzi eta babesgabe dena erakusten zuen; zeren alkandora-iduna tolestua baitzerabilen Schiller-erara jakearen gainean: gorbatatxorik ez, borlarik ez, eranskinik ez, ez destorlojailurik edo bere artsenal ugariko beste edozein pieza. Animalia heraldiko bakarra eremu librean larrumintzaren azpian zintzur-sagarraren ordez gordeta zeukan sagu egonezin hura zen: behiala katua erakarri zuen eta ni katua lepoan jartzera zirikatu ninduen sagu hura zen. Bestalde, zintzurra eta kokotsaren arteko tartean labana-ebakiduren arrasto tortikatu batzuk ageri ziren. Ia-ia berandu iritsi nintzen Sanctus-era neure txilinarekin.

        Jaunartze-aulkian Mahlke ez zen hain erasana agertu. Lepauztaiak baino azpirago beheratu zituen eskuak, eta ahotik usaina zerion bere barruan su txikian eltzekada bat aza kizkur irakiten baleuka bezala. Hostia hartu bezain laster, beste nobedade ausart bat gertatu zen: jaunartze-aulkitik bigarren aulki-erreskadan zegoen bere eserlekurako itzulera, behiala Mahlkek inolako itzulingururik gabe gainerako jaunartzaileek bezala segi izan zuen bide isil hura, orain eten eta luzatu egin zuen, lehenik astiro eta urrats-luzeka Ama Birjinaren aldarearen erdirantz, gero bi belaunen gainean erori zen eta ez linoliozko zola baizik eta aldarearen mailen aurrean hasten zen alfonbra ilelatz baten hautatu zuen azpikotzat. Esku bilduak begien pareraino jaso zituen, eta gero arraiaren pareraino, gorago oraindik, jarrera erregutzailean tamaina naturala hamo areagoko igeltsuzko irudi handi hartarantz zuzenduz, zeina haurrik gabe eta Birjinen Birjina bezala ilargi-laurden zilarreztatuaren gainean zutik zegoen, zeinak uzten baitzion erortzen sorbaldetatik orkatiletaraino urdin prusiarrezko mantu izarratu bati, zeinak biltzen baitzituen bular zapalaren gainean esku hatz-luzeak eta beirazko begi irtentxoez behiala gimnasio izandakoaren sabaiari begiratzen zion. Mahlke aurrena belaun bat eta gero beste belauna altxatu eta zutitu zenean, eta lepoaren aurrean eskuak berriro bildu zituenean Schillererara, alfonbrak marrazki gorri zakar bat inprimatu zion belaun-koskoetan.

        Gusewski erreberendoa bera ere oharturik zegoen Mahlkeren portaera berrien zenbait xehetasunez. Ez, nik ez nion galderarik egiten. Bere kabuz eta zanpaturik, bere gainetik zama bat kendu edo beste norbaiti jakinarazi nahi balio bezala, Mahlkeren gehiegizko fede suharraz, kanpokeria arriskutsuez eta aspaldian menpean zeukan kezkaz hitz egiten hasi zen meza ostean. Mahlkek Ama Birjinari zion jaiera, hala zioen berak, ia idolatria jentilaren mugan zegoen, zeinahi zelarik ere aldarearen aurrera zeraman barne-nahigabea.

 

 

        Sakristiako irteeran itxaron zidan. Izuak berriro ia atean zanpatu ninduen, baina besotik heldu zidan, modu berrian mugarik gabe barre egiten zuen eta hitza eta pitza zeriola hasi zen. Behiala silaba bakarka hitz egiten zuena, eguraldiaz mintzaten hasi zen —uda-hondarraz, aireko urre-albainuez— eta berehala, baina ahotsa beheratu gabe, berriketa-tonu berean berri emateari ekin zion: —Borondatezko gisa aurkeztu nauk. Burua non daukadan galdetzen diat neure baitan. Badakik zeinen urrun nagoen hori guztitik: militarrak, gorra-jokoak eta soldaduzkoaren goratze guzti horretatik. Ezetz igarri zein armatara noan. Ezta hurrik eman ere. Luftwaffeak aspaldian ez dik ezer balio. Ez zaidak barre eragin: Paraxutista! Esak azkenean urpeontzietara noala! Jakina! Horixe duk oraindik aukerak dituen arma bakarra; nahiz eta traste horietako batean haur bat hezala sentituko naizen, eta nik neuk neure aldetik zerbait baliozkoagoa, eta baita zerbait barreragilea egin nahiko nukeen. Badakik garai batean pailazo izan nahi nuela. Hamaika gauza bururatzen zaiok bati gaztea denean! Oraindik ere lanbide dezente samarra zeritzoat. Eta ez ezak pentsa, gauzak ez zihoazkidak hain gaizki. Bai, eskola beti eskola. Hamaika txatxukeria eginak gaituk! Gogoratzen? Ezin ninduan hartara ohitu. Gaixotasun-motaren bat zela pentsatzen nian, eta halere dena erabat normala duk. Jendea ezagutu diat edo, edo gutxienez ikusi egin diat handiagoak dituena, baina kezkatzen ez dena. Katuaren harekin hasi huen guztia. Badakik oraindik, Heinrich Ehler Plazan etzanda geundela. Pilota-partiduren bat genian, nonbait. Ni lotan edo erdi-lotan nengoan, eta piztia grisak ala beltza huen? Ikusi zian nire lepoa eta salto egin zian, edo zuetako norbaitek, Schillingek, nik uste, oso berea zian, hartu katua eta... Tira, joanak joan! Ez, ez nauk ontzira itzuli. Störtebeker? Aditzea badiat. Egin dezala, egin dezala. Ontzia ez duk nirea, ezta? Ea noiz hatorren etxera.

 

 

        Abenduaren hirugarren igandean, eta Mahlkek udazken osoan zehar ni akolitorik saiatuena bihurtu eta gero, onartu nion gonbidapena. Abendura arte bakarrik zerbitzatu behar izan nuen, zeren Gusewski erreberendoak ez baitzuen beste akolitorik aurkitzen. Egia esan, abenduko lehen igandean bisita egin eta ezkoa eraman nahi nion Mahlkeri, baina banaketa atzeratu egin zen, eta horregatik ezin izan zuen Ama Birjinaren aldare aurrean ezarri bigarren igandera arte. Galdetu zidanean: —Inguratuko al didak bat? Gusewskik ez dizkik soltatzen —esan nion: —Ikusiko diat—. Eta gerrate hartan hain urriak ziren patata-begiak bezain zurbilak ziren ezko haietako bat eskuratu nion; baina gure familiak, anaia gerran erori zelako, salgai razionaturako eskubidea zeukan. Eta oinez joan nintzen Ekonomi Bulegora, heriotza-ziurtagiria aurkeztu ondoren lortu nuen kupoia, gero banaketa-denda zegoen Olivarako tranbia hartu nuen eta ez nuen kandelarik aurkitu, oraindik beste bitan egin nuen bidaia, eta Abenduko bigarren igandera arte ezin izan nian entregatu eta Abenduko bigarren igandean Ama Birjinaren aldare aurrean kandelarekin belaunikaturik ikusi hindudan, neuk imajinatu eta nahi izan bezala. Guscwski eta biok Abendu-garaian ubelez janzten ginen bitartean, hiri lepoa irten egiten zitzaian alkandoraren iduneko zuritik, zeina lokomotore-gidari ez-behartuaren beroki alderantzikatu eta konponduak ez baitzuen estaltzerik lortzen, zeren eta hik heuk —beste berrikuntza bat gehiago— ez baihuen tapabokirik erabiltzen katekorratz handiarekin.

        Eta Mahlke belauniko jarri zen Abenduko bigarren eta hirugarren igandeetan, arratsaldean hitza hartu eta bisita egitea erabaki nuenean, zurrun eta luzaro, alfonbra zakarraren gainean. Bere begirada beirazkoak, keinurik egin nahi ez zuenak —edo aldarean lanpeturik nenbilela kinatzen zuenak— eskainitako kandelaren gainetik Ama Birjinaren sabelerantz zuzendurik zegoen. Bi eskuez, baina erpuru gurutzatuek bekokia ukitu gabe, beronen eta bere pentsamenduen aurrean teilatu zorrotza eratua zeukaten.

        Eta nik pentsatu nuen: gaur banoak. Joan eta begira egongo natzaiok. Zorrotz egongo natzaiok begira. Halaxe egongo natzaiok. Hor barrean zerbait zegok eta—. Gainera gonbidatu egin naik.

 

 

        Osterzeil laburra bazen ere, bizitza bakarreko etxetxoek, zakar igeltsuturiko aurrealdeen ondoko parral hutsekin eta espaloietan zehar zeuden zuhaitz-landaketa erregularrek —urtebete baino lehen galdu zituzten ezkiek beren taketak, baina halere zurkaitzen premia zuten— desanimatu eta nekatu egiten ninduten, nahiz eta gure Westerzeilek usain eta arnasketa bera izan eta urtaroak aurre-jardintxo liliputiar berez markatzen zituen. Eta gaur egun ere, Kolpingetxetik ateratzen naizenean, nahiz eta oso bakan gertatu hori, Aire Zubia eta Ipar Hilerria bitartean dauden Stockum edo Lohnhauseneko adiskide eta ezagunak bisitatzeko, eta era bertsuan zenbaki batetik bestera eta ezki batetik bestera eta halaber era nekagarri eta desadoregarrian errepikatzen diren kolonia berriko kaleetan barrena pasatzen naizenean, oraindik Mahlkeren amaren eta izebaren etxera noala ematen dit buruak, hire etxera, Mahlke Handiarenera: ezkila jardinate bati itsatsirik dago, zeina hain baxua den, non zango bat altxatzeaz, eta nekerik gabe gainera, gaindi daitekeen. Pauso batzuk aurreko jardinetik, neguko baina elurrik gabe dagoenetik, hotzetik babesteko zakutan bilduriko arrosondoekin. Landare gabeko lur-gune batzuk Baltikoko maskor oso eta puskatu batzuez apainduak. Zeramikazko igel zingirazale bat, untxi eseri baten tamainakoa, marmolezko lantza irregular baten gainean zeinaren ertzak lurrez inguraturik dauden eta honek, porrokatua eta setatua egonik, estali egiten ditu alderdi guztietatik. Eta aurrealdeko lur-gunean bide-xidor meharraz bestaldetik, zeinak nire pentsamenduekin batera etxetxoko arku biribileko ate okrez bernizatuaren aurrez aurre adreilu errezko hiru eskailmaila eta jardineko atearen bitartean dauden pauso banakak eragiten dizkidan, igel zingirazalearen parean haga ia zut bat dago, gizakiaren altuerakoa, etxola alpino baten erako txori-toki bati eusten diona: lur-gune baten eta bestearen artean zazpi-zortzi pauso egiten ditudan bitartean, txolarreek beren jakian segitzen dute; uste izan beharko litzateke koloniak usain fresko, garbi, hondartsu eta urtaroaren araberakoa duela —baina Osterzeilen, Westerzeilen, Bärenwegen, ez. Langfuhr, Ekialdeko Prusia osoan, edo areago oraindik, Alemania osoan kipula-usaina, margarinatan lurrinean egositako kipula-usaina zegoen gerrate-urte haietan; baina ez dut gehiegi zehaztu nahi:: kipula-usaina zegoen, kipula ebaki-berriarena, nahiz eta kipulak urriak eta nekez eskuratzekoak izan, nahiz eta kipula-urritasunaz Goring Mariskalak irratiko hitzaldi batean kipula-urritasunaz zerbait esan zuen, txisteak sortu ziren Langfuhren, Ekialdeko Prusian, Alemania osoan zehar barra-barra zabaldu zirenak; horregatik igurtzi behar izan nuen nik idazmakina gaingiroki kipula-zukuz, berari eta neure buruari kipula-usain haren keru bat eransteko, zeinak urte haietan Alemania, Ekialdeko Prusia, Langfuhr, Osterzeile eta Westerzeile kirasten baitzituen, ordurako nagusi zen gorpu-usainari gaina hartuz. Pauso bakarrez gainditu nituen adreilu errezko hiru eskailmailak, eta heldulekuari moldaturiko eskuaz krisketari heldu nahi nion, atea barrutik ireki zenean. Mahlkek ireki zuen Schiller-erara idunekoa eta feldrozko zapatilak soinean zituela. Bazirudien arestian berregina zeukala buruaren erdiko arraia, Zurrun eta ile-multzo orraztu berritan, ez argi eta ez ilun, zeharretara beherantz zetorkion adatsa; baina handik ordu betera alde egin nuenean, erori egiten zitzaion eta dardara egiten zion, hitz egiten zuenean, belarritzar odol gorrituen gainera.

        Atzealdean eseri ginen, beirazko miradoretik argia hartzen zuen egongelan. Pastela jan genuen gerrako errezetaren baten arabera egina: patata-pastela, arrosa-uraren zaporea nagusi zuen eta mazapana gogora ekartzen zuena. Ondoren kontserbako aranak, zapore normalekoak, Mahlkeren jardinean —miradorearen ikusmira beiraztatuan ageri zen zuhaitza hostorik gabe eta gerria zuriz pintatua zuela— udazkenean heldutakoak ziren. Aulkia seinalatu zidaten: ikusmira kanpoaldera nuela, Mahlkeren aurrean eseri nintzen, zeinak miradorea atzean baitzeukan, mahaiaren burualdetako batean. Nigandik ezkerretara albotiko argitan Mahlkeren izeba ile grisak zilarkara dirdira egiten ziola; nire eskuinaldean, nahikoa argituriko aldearekin, nahiz eta dirdira gutxiagorekin, harroago orrazturik zegoelako, Mahlkeren ama. Mahlkeren belarri-ertzak eta ertzetako ilatsa, baita bere ile-multzo dardarati hauskorren puntak ere neguko argi hotzetan ageri ziren, nahiz eta gela gainberoturik egon. Zuri baino areago argi egiten zuen Schiller-erako idunekoaren goiko parteak, gris bihurtzen zitzaion behe aldera: Mahlkeren lepondoa zapal zegoen itzaletan.

        Bi emakume hezurtsu, baserrian jaio eta haziek, eskuekin eroso sentitzen ez zirenek, asko hitz egiten zuten, baina inoiz ez batera eta beti Joachim Mahlkerengana zuzenduz, nirekin hizketan ari zirenean eta ama nola zegoen galdetzen zidatenean ere. Biek, interpretariarena egiten zuen Mahlkeren bitartez, doluminak eman zizkidaten: —Beraz, Klaus zure anaia ere bertan geratzen da orduan. Bistaz bakarrik ezagutzen nuen —baina itxura bikainekoa zen!

        Mahlkek aldi berean samur eta irmoki zeraman elkarrizketa. Galdera pertsonalegiak —aitak Greziako frontetik gutunak bidaltzen zituen bitartean, amak harreman intimoak zituen batez ere azpiofizialekin— gisa horretako galderak Mahlkek saihestu egiten zituen: —Uztazu, izeba. Nor bihur daiteke epaile, ia dena porrot eginik dagoen garaiotan. Gainera, horrek ez du zurekin zerikusirik, ama. Aita oraindik biziko balitz, ez litzaioke gustatuko eta ezingo zenuke horrela hitz egin.

        Bi emakumeek berari obeditzen zioten edo lokomotore-gidari zendu hari, zeina begiramenduz araotzen zuen eta bakea ezarrarazten zion, ama eta izeba berritsukerian hasi bezain laster. Fronteari buruzko hizketan ere —biek nahastu egiten zituzten Errusiako gerra-jarduntokiak Afrikakoekin, El Alamein esanez Azov Itsasoa behar zen tokian— bazekien Mahlkek adierazpen patxadatsu haserre gabeak erabiliz geografi bide zuzenetara bideratzen: —Ez, izeba, bataila hori Guadalcanaren izan zen eta ez Karelian.

        Halere izebak urratu zuen bidea, eta guztiok aierutan galdu ginen ea zenbat hegazkin-eroailu japoniar eta amerikarrek parte hartu ote zuten, eta agian hondoratu ote ziren Guadalcanaren. Mahlkeren iritzia zen Hornet eta Wasp bezalako unitateak, 1939a arte eraiki izan ez zituztenak, Ranger bezalaxe, bitartean zerbitzuan sartuko zirela eta topaketan partaide izan zirela, zeren Saratoga edo Lexington, edo agian biak, ordurako flotaren zerrendetatik ezabatutzat jo zitezkeelako. Oraindik iluntasun handiagoa zegoen japoniar bi eroailu handienez, Akagi eta zalantzarik gabe geldiegia zen Kagaz. Mahlkek ikuspuntu ausartak babesten zituen, etorkizunean eroailuen arteko batailak bakarrik izango zirela esanez, eta jadanik ez zuela merezi gerraontziak eraikitzerik; zeren etorkizuna, berriz beste gerra bat sortzen bazen, unitate arin lasterrena eta hegazkin-eroailuena zela. Eta xehetasunak ematen zituen haren alde: bi emakumeak txunditurik zeuden, eta italiar esploratori haien izenak mekanikoki errezitatu ondoren, izebak txalo sendo eta ozen batzuk eman zituen bere esku hezurtsuez, neskatila-suhar apur bat bazeukan hartan eta txaloaren ondoren gelan sortu zen isiltasunean, ondoezturik ilearekin jolas egiteari ekin zion.

        Horst Wessel Eskola Nagusiaz ez zen tutik esan. Ozta-ozta gogoratzen naiz Mahlkek barrezka egin zuela lepoari buruzko bere lokamuts zaharraren —hala deitu zuen— aipamena, zutitzen ari ginen bitartean, eta berriz errepikatu zuen —amak eta izebak ere gurekin barre egin zutelarik— katuaren ipuina: oraingoan Jürgen Kupkak jarri zion piztia lepoan; jakingo banu behintzat nork asmatu zuen ipuina, berak, edo neuk, edo hemen idazten ari denak!

        Nolanahi ere —eta hori ziurra da— Mahlkeren amak bi patata-pastel zati bildu zizkidan enbalai paperean, bi emakumeei adio esateko unean. Korridorean, goiko bizitzara eta mansardara eramaten zuen eskaileraren ondoan, Mahlkek hormatik zintzilik zegoen argazki bat azaldu zidan. Behiala poloniar trenbideetako tenderdun lokomotore itxura moderno samarreko batek —PKP letrak nabarmen bereizten ziren bi tokitan— betetzen zuen zeharreko formatua. Makinaren aurrealdean, ttiki baina nagusikoi, bi gizaseme zeuden besoak gurutzaturik. Mahlke Handiak esan zuen: —Aita eta Labuda labezaina 1934ean Dirschau aldean ez-behartu aurretik. Zera esan nahi diat, aitak makurrenari ihes egin ahal izan ziola eta domina postumo bat jaso zuela.

 

 

 

© Gunter Grass

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Gunter Grass / Katua eta Sagua" orrialde nagusia