VIII

 

        Ondorengo ikerketek larunbat-arratsaldea hondatu ziguten, ez zuten inolako atarramendurik izan eta xehetasun banaka batzuk bakarrik, hemen aipatzea merezi ez dutenak utzi zizkidaten oroimenean, zeren ez bainituen Mahlke eta jadanik aipaturiko bere gorbata bistatik galdu nahi, zeinaren korapiloak aldian-aldian gero eta gorago jasotzen ahalegintzen zen, baina Mahlke pozik uzteko iltzea bat beharko zatekeen— ez zegoan hiri lagunduko zianik.

        Eta teniente komandantea? Galdera bidezkoa bada, hitz urriz bakarrik erantzun daiteke: ez zen han egon arratsaldeko ikerketakoan eta oso litekeena da egia izatea zurrumurru egiaztatu gabeak, zeinen arabera bere emaztegaiarekin hiriko hiruzpalau kondekorazio-dendak korritu bide zituen. Gure ikastaldeko batzuek hurrengo igandean «Lau Urtaroak» izeneko kafetegian ikusi omen zuten, bere andregaia eta beronen aita-amak inguruan zituela, eta alkandoraren idunak ezer falta ez zuela: eta kafetegian zeudenak kikildurik konturatu bide ziren nor zen beren artean eserita zegoena eta tenedoreaz eratsu gerrate-urte hartako pastel zimela ebakitzen ahaleginak egiten ari zena.

        Nire igandeak ez ninduen kafetegira eraman. Gusewski erreberendoari agindua nion lehen mezan akolito-lanak egingo nizkiola. Koloretako bere gorbatatxoarekin, zazpiak jo berritan iritsi zen Mahlke, baina ez zuen lortu, ohiko bost atsotxoekin, behialako gimnasioaren hutsunea disimulatzerik. Beti bezala ezkerreko muturrean jaunartu zuen. Aurreko arratsean, eskolako ikerketen ondoren, Andre Manaren kaperan izan zen nonbait aitorketa egiten, edo Jesusen Bihotzaren Elizan, honengatik edo harengatik, Wiehnke erreberendoari belarrira xuxurlatu hion.

        Gusewskik eraduki eta errusiar frontean zegoen anaiaz galderak egin zizkidan, edo agian ez zegoen jadanik, zeren zenbait astez ez baikenuen haren berririk. Baliteke, aldareetako mantel guztiak eta alba lisatu eta almidoiztatu nizkiolako mugurdi-tantazko bi erroskila oparitu izan; ziur dago nik sakristiatik alde egiterako Mahlke joana zela. Nirearen aurreko tranbia hartu zuen, nonbait. Max Halbe plazan 9 zenbakidun atoia hartu nuen, Schilling salto batez Magdeburg kalean igo zen, jadanik tranbia bizkor samar zihoala. Zeharo beste gauza batzuez hitz egin genuen. Agian Gusewski erreberendoak aterarazitako mugurdi-tanta haietakoren bat eman nion. Herri-Ogasuna eta Saspeko kanposantua bitartean Hotten Sonntag harrapatu genuen. Emakume-bizikleta batean zihoan eta Pokriefke txikia zeraman parrillan eserita. Neskatila hezurtsuak igel-hankak bezalako izter argalak erakusten segitzen zuen, baina jadanik ez zegoen hain zapala alde guztietatik. Abiadaren haizeak agerian jartzen zion ilearen luzera.

        Baina Saspera iristean tranbiari itxaron behar izan genionez, Hoten Sonntag eta Tullak berriro pasatu gintuzten. Brösengo geralekuan biak itxaroten geneuzkan. Bizikleta bainuetxeko administrazioko paper-saskiaren kontra zegoen. Neba-arrebatxotara jolasean ari ziren eta elkarri eskua emanda zeuden: txikarra txikarrean zutela. Tullaren soinekoa urdina zen, urdin-anila, eta alderdi guztietatik laburregia, estuegia eta urdinegia. Bainujantzi eta gainerakoekiko bilduma Hotten Sonntagek zeraman. Hitzik gabe elkarri begiratzeko moldatu ginen, jakitun geratu eta isiltasun tenkatuan honako esaldia jaregiteko: —Mahlke, jakina, nor bestela? Hori duk hori!

        Tullak xehetasunak jakin nahi zituen, gure kontra estutu eta zoriz igarri nahi zuen hatz erakuslearen muturra ezpainetara eramanez. Baina gutako inork ez zion gauzari bere izenaz deitu. Dena «NorMahlkeizanezik» eta «Argibainoargiago» lapidarioan geratu zen. Baina Schilling izan zen, ez, neu izan nintzen kontzeptu berri bat sartu nuena, Hotten Sonntagen buruak eta Tullaren burutxoak uzten zuten tartean, esanez: —Mahlke Handia. Hau ez du egiten, hau ezin du egin inork Mahike Handiak izan ezik.

        Eta horretan geratu ginen. Mahlkeren izena izengoitiren batekin kidetzeko aurreko ahalegin guztiek porrot egin zuten handik gutxira. Gogoan dut «Zopa-oilasko», eta aurrean ez zegoenean «tripazain» edo «tripazaina» ere deitzen genion. Eta hori nire berezko esklamazioa besterik izan ez zena: «Hori Mahlke Handiak egin du!» gertatu zen bideragarri. Eta horrela, bada, paper honetan noizean behin «Mahlke Handiaz» hitz egingo da beti Joachim Mahlkeren aipamena eginez.

        Kaxan Tullaz libratu ginen. Emakumezkoentzako bainuetara alde egin zuen eta omoplatoez bete zuen tenkatu zuen soinekoaren ehuna. Gizonezkoentzako bainuaren balkoi-erako eraikuntzaren aurrean, zurbil eta eguraldi oneko hodei solte batzuez itzalduratua, itsasoa. Ura: hemeretzi. Hirurok, bila ibili beharrik gabe, bigarren hondar-gunearen atzean, bizkarka igerian ari zen norbait nabarmendu genuen, zakar eta bitsa ateraz, minadragatzekoaren gainegituren aldera zihoana. Batek bakarrik hura segitzeko ados jarri ginen. Schillingek eta biok Hotten Sonntag proposatu genuen horretarako, baina honek nahiago zuen Tullarekin etzanda egon familientzako bainuen eguzki-hormaren atzean eta igel-hankei hondarra isurtzea. Schillingek gehiegi gosaldu izanaren aitzakia atera zuen: —Arrautzak eta hori guztia. Krampitzeko nire amonatxok oiloak ditu, eta batzuetan dozenatxo bat ekartzen digu igandetan.

        Niri ez zidan buruak ezer eman. Meza aurretik gosalduta nengoen. Oso gutxitan betetzen nuen barauaren agindua. Gainera, ez Schillingek ez Hotten Sonntagek ez zuten «Mahlke Handia» esan, esan nuen, beraz presa handirik gabe hura segitzeari ekin nion. Emakumeentzako eta familientzako bainuen artean ia borrokan ekin genion Tulla Pokriefkek ni lagundu nahi ninduelako. Eserita zegoen, dena beso eta zango, barandan. Baziren uda batzuk bainujantzi sagu-grisa zerabilela, alderdi guztietatik trakets saretua, titi-pixka zanpatua, izterrak itoaraziak, eta zangoen artean ehun zarpailduzko tolesdura ongi markatua zituela. Sudur goratua eta behatz hedatuekin ari zen sesioan. Opariren baten truke —Hotten Sonntagek zerbait xuxurlatu zion belarrira—, elkarrekin igerian joateko konbentzitu nahi zuelarik, Tullak amore eman zuen, salto egin zuten baranda gainetik hirugarreneko lauzpabost ikaslek, igerilari onak, nik noizbait ontzian ikusita neuzkanak, baliteke zerbait usnatu izatea, zeren ontziraino egin nahi baitzuten igerian, nahiz eta ukatu, esanez: —Beste toki batera goaz. Moilaraino edo horrela—. Hotten Sonntag arduratu zen haietaz: — Segitzen dionari, arrautzak txikituko zizkioat.

        Eta pasarelatik egindako murgilada azaleko batez igerian hasi nintzen, behin baino gehiagotan aldatu nintzen posturaz eta patxadaz hartu nuen gauza. Igerian nenbilen bitartean eta idazten ari naizen bitartean Tulla Pokriefkegan pentsatzen saiatzen naiz, ez bainuen nahi eta orain ere ez baitut nahi beti Mahlkegan pentsatu. Horregatik egiten nuen igerian bizkarka, horregatik idazten dut: Egiten nuen igerian bizkarka. Izan ere, horrela bakarrik ikus nezakeen eta ikus dezaket Tulla Pokriefke hezurtsua, artile sagu-grisez jantzita barandan eserita: gero eta-txikiago, zoroago eta mingarriago bihurtuz doa: zeren guztiok baikeneraman Tulla arantza haragian bezala sartuta. Baina bigarren hondar-gunea atzean utzi nuenekoxe, ezabatu egin zitzaidan: ez punturik arantzárik zulorik gehiago; ez nintzen ari Tullagandik ihes egiteko igerian, baizik eta Mahlkeren bila joateko, eta hire aldera idazten diat orain: bularka ari ninduan igerian eta patxadaz hartu nian gauza.

        Eta bi besakadaren artean apuntatzen dut —urak eutsi egiten du—. Opor handietako azken igandea zen. Zer gertatzen zen orduan munduan? Krimea hartuta zeukaten, eta beste behin Rommel erasotzera zihoan Ipar Afrikan. Pazkotik hasita bosgarrenean geunden. Esch eta Hotten Sonntagek borondatezko gisa Luftwaffen sartzea eskatu zuten, baina gero, ni bezala, zalantza-malantzatan nenbilen, batzuetan Marinara nahi nuen eta beste batzuetan ez nuen Marina nahi, tanke-granadarietara joan ginen, hobetutako Infanteria moduko hartara. Mahlkek ez zuen borondatezko gisa sartzea eskatu, beti bezala salbuespen gertatu zen eta esan zuen: —Ganbaratik jota zaudete. Eta hori, urtebete zaharrago zelarik, gure aurretik irteteko egokiera gehiago zeukalarik; baina idazten duenak, ez du aurre hartu behar.

        Azken berrehun metroak bularka egin nituen igerian, jarreraz aldatzeke eta astiroago oraindik, arnasari eusteko. Mahlke Handia eserita zegoen beti bezala bitakoraren itzalpean. Belaunak bakarrik zeuzkan eguzkitan. Ordurako behean egona zen, nonbait. Obertura baten hondarrak gur-gurka igotzen ziren, oso aldeko ez zen haize batean kulunkatzen ziren eta olatuen zirtzileriekin batera zetozen nire bila. Halakoxeak ziren bere efektuak: murgil egin eta bere mansardara jaitsi, korda eman kaxari, jarri diskoa, igo erdikoa arraiari ura zeriola, kokorikotu itzalpean eta kaioek ontziaren gainetik arimen transmigrazio-sinestea txilioka aitortzen zuten bitartean, musika entzuten zuen.

        Ez, beranduegi izan baino lehen beste behin ahoz gora etzan eta patata-zaku erako hodei handiei begira egon nahi dut, zeinak prozesio arautuan Putziger Wieketik etortzen baitziren gure ontziaren gainetik hego-ekialderako norabidean, argi-aldaketak eta hodeiaren luzerako freskura emanez. Gehiago ez —edo Aita Albanek nire laguntzarekin duela urte pare bat gure Kolping etxean antolatu zuen erakusketa hartan bakarrik: «Gure parrokiako haurrak uda pintatzen» —ikusi ditut berriro hain ederrak, hain zuriak eta hain patata-zaku gisakoak. Horregatik ontziaren herdoil tripoildua atzemangarri bihurtu baino lehen: Zergatik ni? Zergatik ez Schilling edo Hotten Sonntag? Hirugarrenekoak ere bidal nitzakeen ontzira edo Hotten Sonntag Tullarekin. Edo guztiok batera ere joan gintezkeen, Tula geure artean genuela, batez ere hirugarrenekoak eta bereziki berarekin ahaideturik zegoen bat —guztiek Tullaren lehengusu deitzen baitzioten—, zera ziztrin hartaz txoraturik baitzeuden. Baina nik bakarrik egin nuen igerian, Schillingi eman nion inor nire atzetik etor ez zedineko ardura, eta patxadaz hartu nuen gauza.

        Ni, Pilenz —bost axola nire izenak horretarako— garai batean akolito izana, auskalo zer izatera iritsi nahi zuena eta orain Kolpingetxeko idazkari naizen honek, ezin diot begizkoari ihes egin; Bloy, gnostikoak, Böll, Friedrich Heer irakurtzen ditut, eta sarritan Agustin zahar onaren Aitorkizunek hunkitu egiten naute, gau osoak ematen ditut te ilunegiaren aurrean Kristoren odola, Hirutasuna eta Graziaren sakramentua eztabaidatzen Aita Alban, frantziskotar argi eta fededun erdipurdikoarekin, eta Mahlkez eta Mahlkeren Ama Birjinaz hitz egiten diot, Mahlkeren zintzur-sagarraz eta Mahlkeren izebaz, Mahlkeren arraiaz, ur azukreztatuaz, gramofonoaz, hontz zuriaz eta destorlojailuaz, artilezko borlez, botoi fosforeszenteez eta katua eta saguaz eta mea culpaz, eta nola Mahlke Handia ontzian eserita zegoen, eta ni gauzak patxadaz hartuz, beragana igerian nola joan nintzen, batzuetan bularka, beste batzuetan bizkarka, zeren neu bainintzen nahikoa bere adiskide, Mahlkerekin adiskide izaterik baldin bazegoen. Ahaleginak egiten nituen gutxienez. Ahaleginik ez! Besterik gabe nindoan bere alboan eta bere atributu aldakorren alboan. Mahlkek esan izan balit: —Egik hau edo bestea—, nik hura eta gehiago egingo nukeen. Baina Mahlkek ez zuen inoiz ezer esaten eta onartu egiten zuen besterik gabe, hitz edo zeinurik gabe, nik segitzea eta Osterzeilera bere bila joatea, nahiz eta itzulinguru bat egin behar, nik bere alboan eskolara joateko aukera izan nezan. Eta berak borlen moda sartzean, neu izan nintzen haiek sartu eta lepoan jarri zituen lehena. Denboraldi batean, baina etxean bakarrik, destorlojailu bat ere erabili nuen kordoi batetik zintzilik. Eta gero Gusewski erreberendoari neure akolito-zerbitzuak luzatzen jarraitu banuen, nahiz eta hirugarren urtetik fedea eta gainerako aurresuposamenduek alde egin zidaten, ez zen izan jaunartzekoan Mahlkeren zintzurrari begira egoteko baizik. Eta berrogeita biko Pazkoetako oporren ondoren —Koral Itsasoan itsas batailak egiten ziren hegazkin-eroailuekin— Mahlke Handiak bizarra kendu zuen lehen aldiz, neuk ere bi egun geroago karraskatu nuen kokotsa, nahiz eta niri bizar-apurrik ere ez zitzaidan hazten. Eta urpeontziko komandantearen hitzaldiaren ondoren esan izan balit: —Pilenz, ziplaiok zintadun zera hori—, nik harto gakotik domina eta zinta gorri-zuri-beltza eta hiretzat gordeko niakeen.

        Baina Mahlkek berak zaintzen zuen bere burua, orain pikotxean zegoen zubiko itzalpean eta bere musika urpekoaren hondar oinazetuak entzuten: caballeria rusticana —kaioak goian— itsasoa batzuetan leun, besteetan kizkur, eta beste batzuetan, hats laburreko uhinekin —bi barku lodi badian— hodei-itzal iheskorrak —Putzigerantz lantxa lasterrak formazioan: sei uhara, eta beraien artean zenbait arrainontzi— ontziak gur-gur egiten du, astiro egiten dut igerian bularka, beste norabait begiratzen dut, aurrera begiratzen dut, harantzago begiratzen dut, bentiladore-hondakinen artean —zenbat ziren zehazki?—, eta nire eskuek herdoilari heldu baino lehen, hi ikusten haut: Mahlke Handia ikusten dut itzalpean kokoriko, duela hamabost urte gutxienez ikusi izan haudanez: hi!; igerian egin, herdoilari heldu eta hi ikusten haut: Mahlke Handia kokoriko dago zirkinik egiteke itzalpean, sotoko diskoa trabatu egiten da eta beti pasarte berean dago maitemindurik, korda ahitzen zaio, kaioak aldendu egiten dira; eta hik eta lepotik zintadun gauza hura zintzilik darabilk.

        Itxura barregarria zeukan, zeren ez baitzerabilen besterik soinean. Kuzkurturik zegoen, biluzik, hezurtsu, betiko eguzki-erredurarekin itzalpean. Belaunak bakarrik distiratsu. Bere zakil luze erdi iratzarria eta barrabilak zapal herdoilean. Belaunpeek eskuak zanpatzen zizkioten, Ilea, tximaturik belarrien gainean, nahiz eta erditik partitua beti, murgil egin arren. Aurpegia: salbatzaile-hazpegiekin —eta azpialdean, janzki bakartzat, zirkinik egiteke, gozoki handia, oso handia lepauztaietatik arrabetera.

        Bere zintzur-sagarra, oraindik ere susmatzen dudanez —eta ordezko motorrak zeuzkan arren— zen oraindik Mahlkeren motor eta balazta aldi berean, bere kontrapisu zehatza aurkitu zuen. Lasai-lasai lotan zegoen larruaren azpian, eta denboraldi batean ez zuen mugitu beharrik izan, zeren baretzen eta orekatuki gurutzatzen zuenak bazuen bere historiaurrea, anno 1813an Schinkel zaharrak marraztua, urrea burdinaz trukatzen zen garaia, zeinak baitzekien nola erakarri begia formaren zentzu klasikoaz; modifikazio txikiak 1870etik 1871era, berrukipen txikiak 1914etik 1918ra bitartean, eta orain ere bai. Halere, ez zuen ikustekorik ezer Maltako Gurutzetik grabaturiko Pour le mérite harekin, nahiz eta Schinkelen ilorra lehen aldiz pasatu paparretik lepora eta simetria Kredotzat aldarrikatu.

        — Kaixo, Pilenz, traste bikaina ezta?

        — Aparta, utzidak ukitzen.

        — Ongi merezia, ezta?

        — Segituan pentsatu diat, hik harrapatu huela zera hori.

        — Nola harrapatu? Atzo bertan eman zidaten eta Murmanskerako konboitik bost barku eta Southampton motako gurutzero bat hondoratu nituelako...

        Tentelkeriazko jolas hari ekin genion, elkarri umore ona erakusten saiatuz; Ingalaterraren aurkako kantaren ahapaldi guztiak orroka kantatu genituen eta beste berri batzuk ere asmatu genituen, zeinen letraren arabera, ordea, ez ziren itsasontzi tankeak eta tropa-garraiagailuak erditik zulatzen zirenak, baizik eta Gudrun Eskolako neskatila eta maistra jakin batzuk; eskuen arteko hutsunean bozgorailutzat erabiliz jakinarazpen ofizialak eman genituen hondoratze-zifra partez fantastiko eta partez lizunekin, eta ukabilez eta orpoez danbor erara zartakoak ematen genizkion zubiko estalkiari. Eta ontziak durundia, triki-traka ateratzen zuen, zirin lehorrak jaulkitzen ziren, kaioak itzultzen ziren, batel arinak sartzen ziren, zeruan gure buruen gainetik hodei zuri ederrak lerratzen ziren, ke-habeak bezain arin horizontean; joan-etorria, zoriontasuna, ñirñira; arrain bakarrik ez uretatik kanpo, aldeko eguraldia; eta zera salto egiten ikustekoa zen; baina ez zintzurragatik, baizik eta bizi-bizi eta lehen aldiz, pixka bat tentel, Jesukristo-aurpegirik gabe, txoro samar, kendu zuen trastea lepotik, tinkatu zituen zintaren muturrak mehakako hezurretan, eta zango, sorbalda eta buru alboratuaz era aski barregarrian neskatila bat imitatzen zuelarik, milikeriak eginez eta ez graziarik gabe, baina ez neskatila jakin bat, metalezko gozoki handia bee zakila eta barrabilen dingilizka utzi zituen: baina kondekorazioak ozta-ozta lortzen zuen bere ernalkinen herena ere estaltzea.

        Bidenabar —eta hire zirko-saioa pixkanaka nire nerbioei erasotzen hasi zitzaidalarik— galdetu nion ia zera harekin geratzeko asmoa zuen, eta esan nion hoberena izango zela aparatua bere sotoan estibatzea, zubipean, hontz zuria, gramofonoa eta Pilsudskiren artean.

 

 

        Baina Mahlke Handiak beste asmo batzuk zituen, eta aurrera eraman zituen. Zeren Mahlkek zera hura zubipean estibatu izan balu; edo hobeto oraindik, ni neu Mahlkeren adiskide izan ez banintz, edo hobeto oraindik: biak batera, hau da: zera hura irrati-kabinan seguru eta ni azaletik bakarrik Mahlkeri lotea, jakin minez edo ikastalde berean genbiltzalako, nik orain ez nuke izango idatzi edo Alban Aitari esan beharrik: —Nire errua izan al zen gero Mahlkek...?—. Baina idatzi egiten dut hura gainetik kentzeko. Atsegina da noski, paper zuriaren gainean ariketak egitea; baina zertako balio du hodei zuriek, brisak, batel arinak ordu-orduan sartzen ari direnak eta kaio-saldo batek koru greko baten gisara ari dela? Zertako balio du gramatikarekiko magia guztiak? eta dena minuskulaz eta puntuaziorik gabe idatziko banu ere, esatea beste erremediorik ez nuke izango: Mahlkek ez zuen estibatu zera hura Rybitwa poloniar minadragatzeko zaharraren irrati-kabinan, ez zuen aparatu Pilsudski mariskalaren eta Ama Birjina beltzaren artean eseki, ezta hilzoriko gramofonoaren eta usteltzen ari zen hontz zuriaren gainean ere, baizik eta gozokia lepotik zintzilik zuela eta ni kaioak zenbatzen ari nintzen bitartean, ordu-erdi ozta-oztako beste bisita labur bat behera egitera mugatu zen, harropuzkeriatan ibili zen kondekorazio dotorearekin Ama Birjinaren aurrean —horretaz ziur nago—, berriro argitara igoarazi zuen brankako eskotilatik, bainujantzian koilarea zuela igo, nirekin erritmo onean igerian egin bainu-instalazioetara itzultzeko eta burdin zatia esku itxian zuela, Schilling, Hotten Sonntag, Tulla Pokriefke eta hirugarrenekoen begietatik ezkutatuz, gizonezkoentzako bainuetan zuen kasetara eraman zuen.

        Erdizka eta gogo txarrez bakarrik berri eman nien Tullari eta bere segizioari; neu ere gero neure kasetan ezkutatu nintzen, bizkor jantzi nintzen, eta 9 lineako geralekuan atzeman nuen oraindik Mahlke. Tranbiazko bidaldiak iraun zuen bitartean buruan sartu nahi izan nion, hala egitea erabaki bazuen, bere eskuz bihur ziezaiola kondekorazioa teniente komandanteari, zeinaren helbidea erraz lortzekoa baitzen.

        Uste dut ez zidala entzuten. Zutik gindoazen eta tranbiaren azken plataforman estu-estu eginik. Gure inguruan igande-eguerdi arte bateko jende-metaketa. Geraldi batetik bestera ireki eskua, bere alkandora eta nirearen artean, eta biok behera begiratzen genuen, metal ilun zorrotza eta zinta, oraindik busti eta maizturantz. Saspeko Herri Ogasunaren parean, Mahlkek behin-behinekoz altxa zuen kondekorazioa, baina eseki gabe, bere gorbatatxoaren korapiloaren pareraino, eta plataformako beirak ispilutzat baliarazten ahalegindu zen. Alderantzizko tranbiari itxaroteko geldialdian bere belarrien gainetik begiratu nuen, Saspeko kanposantu hondatua eta hondartzako pinu makurtuen gainetik, aerodromorako norabidean, eta zortea izan nuen: une hartan Ju 52 trimotor lodi batek lurreratu zuen eta laguntza eman zidan.

        Baliteke, ordea, tranbian zihoan igande-jendeak ere ez izatea astirik Mahlke Handiaren erakusmenetara adi egoteko. Haurtxoekin, bainu-zapi kiribilduekin, hondartzako nekearekin ozenki eta aulkien gainetik borroka egin behar baitzuen. Haurtxoen marroa eta negar leherkor, baretu, goranzko, beheranzko eta pixkanaka lotara igarotzen zirenak, aurreko plataformatik atzekoraino hedatzen ziren eta alderantziz —baita edozein esne garraztuko zuketen usainak ere.

        Brunshdferwegeko terminalean jaitsi ginen, eta Mahlkek sorbaldaren gainetik esan zuen Institutuko zuzendariaren. Waldemar Klohse doktorearen lokuluxka endredatzera joateko asmoa zuela; bakarrik joan nahi zuela eta; bakarrik joateko asmoa zuela eta ez zuela zentzurik nik berari itxaroteak.

        Klohse —ongi jakina zenez— Baumbach etorbidean bizi zen. Tunel baldosaztuan zehar lagundu nuen oraindik trenbideko betelanetik, eta gero Mahlke Handiari bakarrik joaten utzi nion: patxadaz zihoan eta angelu kamutsezko sigi-sagan. Zintaren muturrak erpuruaz eta erakusleaz hartuta zeuzkan, eta kondekorazioa biraka zebilen airean eta helize bultzalari batek bezala gidatzen zuen Baumbach etorbiderantz.

        Parte txarreko plana, parte txarreko burutzapena! Gutxienez zera hura ezkien gainera jaurtiki izan bahu: zuhaitz hostotsuz beteriko baziren egoitza-auzategi hartan aski belamika beren gordelekura eraman ahal izateko, zilarrezko koilaretxoa, eraztuna eta paparrekoa, kinkileri mordoaren ondora.

        Astelehenean Mahlkek huts egin zuen eskolara. Ikasgelan zurrumurrua zabaldu zen. Brunies irakasleak alemana ematen zuen. Ikasleen artean banatu beharko zituzkeen Cebion tabletak zupatzen ari zen beti bezala. Bere aurrean Eichendorff zeukan zabalik. Bere hitz zaharkituak eztiturik eta itsaskor iristen zitzaizkigun katedratik. Aurrena Alproja-ko orrialde batzuk, gero Errotarria, Eraztuntxoa. Koblakaria —Abiatu ziren bi bidazti alai— Oreinkume bat beste bat baino nahiago baduzu —Gauza bakoitzean kanta bat zegoen lo— Brisa urdin eta epela dator. Mahlkegandik hitzik ere ez.

        Asteartean Klohse zuzendaria bere karpeta grisarekin etorri bezain laster, Erdmann profesorearen alboan jarri zen —eskuak igurzten zituen non jarri ez zekiela—, eta gure buruen gainetik Klohseren ahotsa entzun zen arnasa mentoldunarekin: zerbait entzungabea gertatu zen eta, okerrago zena, garai larrietan, guztiok elkarturik egon behar dugunetan. Interesatua —hala esan zuen Klohsek inolako izenik aipatu gabe— jadanik establezimendutik urrundua izan omen zen. Hala eta guztiz ere, uko egin zitzaion agintariei berri emateari, adibidez Partiduaren eskualde-zuzendaritzari. Ikasle guztiei eskatu zitzaien gizon-isiltasunean egoteko eta, eskolaren izpirituarekiko leial, berenaz kitatzeko portaera duineza Hala nahi zuen ikasle ohi batek, Marinako tenienteak, urpeontziaren komandanteak, halako kondekorazio zeukana eta abar eta abar.

        Eta egiazki hegaz egin zuen Mahlkek —gerratean ia inor ez zuten behin betirako Institututik bidali—, Horst Wesseleko Eskola Nagusira aldatu zuten lekuz. Han ere ez zuten zarata handirik atera bere gertakaria zela eta.

 

 

 

© Gunter Grass

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Gunter Grass / Katua eta Sagua" orrialde nagusia