VII
Gure Institutuko aulan ontzi-teniente eta urpeontzi-komandante oparo kondekoratua agertzeak antzinako Rybitwa poloniar minadragatzekoaren barruko kontzertuak bukatu zituen. Jakina, etorri izan ez balitz, gramofonoak eta diskoek gehienera beste lau bat egun egingo zituzketen zarataka; baina etorri egin zen, urpeko musika gure ontzira lekualdatzearen premiarik gabe isildu zen eta Mahlkeri buruzko hizketei norabide berri bat eman zien, nahiz eta funtsean norabide erabat berria ez izan.
Ontzi-tenienteak hogeita hamalauan egin bide zuen batxilergoa. Beratzaz esaten zen Marinan borondatezko gisa izena eman baino lehen teologia eta filologia germaniar apur bat ikasi zuela. Besterik ezin dut eta begirada sutsua zeukala esan beharrean nago. Ile sarri, agian zurrunki kizkurtuak, antzinako erromatar-itxura ematen zion bere buruari. Ez zerabilen urpeontzi-komandanteek ohikoa duten bizarra, baina bekainak teilatu-gisara irtenak zituen. Bekokia, erdi-pentsalariarena eta erdi-ameslariarena, zeharreko zimurrik gabea zen, baina, ostera, sudurraren errotik abiatu eta beti Jainkoaren bila zebiltzan bi lerro zuzen zituen. Argi-errainuak ganga ausartaren gunerik muturrekoenean. Ahoa, guretzat ireki zuena, hizlari-aho delikatuki kurbatua zen. Aula gainezka betea eta goiz-eguzki bikaina. Leihoen hutsuneetan eserita geunden. Noren gogoz gonbidatu zituzten aho delikatudunaren hitzaldira Gudrun Eskolako bi goi-ikastaldeak? Neskatilak lehen bi aulki-erreskadetan eserita zeuden, titi-zorroa erabili beharko zuketen baina ez zerabilten. Aurrena, gelazainak hitzaldia iragarri zuenean, Mahlkek ez zuen joan nahi izan. Gaina hartuko niola sentituz, mahukatik heldu nion. Nire ondoan, leihoan eserita —gure eta beiren atzealdean jolastokiko gaztainondoak zirkinik egiteke—, Mahlke dardarka hasi zen, tenienteak bere hizlari-ahoa zabaldu baino lehen. Mahlkeren belaunpeek harrapaturik zeuzkaten Mahlkeren eskuak, baina dardarka zirauen. Irakasleen klaustroak, Gudrun Eskolako bi maistra barne, bizkar garai eta larruzko kuxindun haritz-aulkizko zirkulu-erdia betetzen zuen, zeinak gelazainak zehazki ezarrita zeuzkan. Moeller irakasleak txalo batzuk jo zituen eta pixkanaka isiltasuna lortu zuen Klohse zuzendariari entzuteko. Ile-txirikorda eta zaldi-buztanen atzealdean bigarren urteko ikasleak zeuden eserita beren ganibetekin: neskatila batzuek aurrera eramaten zituzten txirikordak. Bigarren urtekoei zaldi-buztanak bakarrik geratu zitzaizkien. Oraingoan sarrera bat izan zen. Klohsek frontean zeuden guztiez, lehorreko, itsasoko eta airekoez hitz egin zuen; oparo hitz egin zuen, eta ahots-inflexio eskasez, bere buruaz eta Langemarckeko ikasleez, eta Osel Irlan Walter Flex erori zen, aipua: Garbiiraunezumotu: gizonezko-bertuteak. Ondoren, Fichte edo Arndt, aipua: Heugandiketaheurejardunetikbakarrik. Tenienteak bosgarren urtean Arndt eta Fichtez egin zuen idazketa baten oroitzapena: «Gutako bat, gure artetik eta gure Institutuaren izpiritutik sortua, eta zentzu honetan nahi dugu...»
Esan beharra al daukat zeinen gogaikarriro, Klohseren hitzaldi-aurrekoan, zebiltzan harat-honat txarteltxoak leihoetako hutsuneetan geundenon eta bosgarren urteko neskatilen artean? Jakina, bigarrenekoek beren ohiko lardaskeriak zirriborratu zituzten beraietan. Nik txarteltxo bat bidali nion auskalo zerekin Vera Plötzi edo Hildatxo Matulli, baina ez nuen inolako erantzunik jaso. Mahlkeren belaunpeek harrapaturik zeuzkaten Mahlkeren eskuak. Dardara pixkanaka baretu egin zen. Teniente komandantea tranpalean eserita zegoen, zertxobait estuturik, ohi bezala bere karameluak zupatzen ari zen Brunies irakasle zaharraren gure latin-irakaslea zen Dr. Stachnitzen artean. Hitzaldi-aurrea amaitzen ari zen bitartean, gure txarteltxoan alderrai zebiltzan bitartean, bigarrenekoak beren ganibetekin zebiltzan bitartean, Führerraren erretratuko begiradak Conradi baroiaren begiradarekin topo egiten zuen bitartean eta goiz eguzkia aulatik kanpo lerratzen ari zen bitartean, teniente komandanteak etengabe bustitzen zituen bere hizlari-ezpain delikatuki kurbatuak, kopetilun begiratzen zion entzulegoari eta goi-ikastaldeetako neskatilak ez ikusten ahalegintzen zen, Ofizial-txanoa korrektoki belaun paraleloen gainean, Goanteak txanopean. Gala-uniformea. Lepoko zera hura nabarmen alkandora harrigarriro zurian. Buru-mugida bat supituki, erdizka kondekorazioak segi zuena, aulako albo-leihoetarantz: Mahlke uzkurtu egin zen, ezagutua sentitu zen, baina ez zen egia. Eserita geundeneko hutsuneko leihotik zehar, komandanteak gaztainondo hautseztatu geldietarantz begiratzen zuen; zer pentsatzen ote du berak, zer pentsatzen ote du Mahlkek, zer Klohsek, hitz egiten ari den bitartean, Brunies zuzendariak, zupaka ari den bitartean, zer Vera Plbtzek, hire txarteltxokoan, zer Hildatxo Matullek, zer pentsatzen ote du berak berak berak, Mahlkek edo berak hizlari-ahoarekin pentsatzen nuen orduan edo pentsatzen dut orain: zeren ezinbestekoa izango bailitzateke jakitea zer pentsatzen duen urpeontzi-komandante batek entzuten ari dela eta begirada galduan erretikulurik eta horizonte balantzari gabe, Mahlke ikaslea seinalatua sentitzeraino; baina berak ikasleen buruen gainetik begiratzen zuen eta leihoetako beira bikunetan zehar jolastokiko zuhaitz axolagabeen berde lehorreraino, eta beste behin mihi arrosaz bustitzen zuen biribilean aipaturiko hizlari-ahoa, zeren jadanik Klohse, arnasa mentolduna zeramaten hitz batzuekin, esaldi bat aularen erdira bidaltzearen ahaleginetan baitzebilen: «Eta orain guk, sorterrian gaudenok arretaz entzun nahi dugu, zuk, gure herriko seme horrek, fronteaz, fronteez jakinarazi nahi diguzuna».
Hizlari-ahoak iruzur egin zigun. Edozein flota-egutegitan aurkitzen den bezalako berri-emate piper gabe batez ekin zion tenienteak: urpeontzien eginkizuna. Lehen Mundu Gerrateko alemaniar urpeontziak: Wediggen, U 9 urpeontziak Dardaneloetako kanpaina erabakitzen du, guztira hamahiru milioi tona gordineko erregistroa; gero berrehun eta berrogeita hamar tonako gure lehen urpeontziak, urpean motor elektrikoekin eta ur-azalean dieselekin, Prien izena, gero Prien dator U 47arekin, eta Prien teniente komandanteak Royal Oak hondoratu zuen —bagenekien, bagenekien— eta gero Repulse eta Schuhartek Courageous eta abar eta abar. Eta gero betiko leloa: «...tripulazioa zinpeko anaidi bat da, zeren sorterritik urrun, zer nerbio-tirandura, pentsa dezakezue, gure ontzia Atlantikoaren edo Artikoaren erdian, sardina-lata bat bezala mehar busti bero, gizonak erreserbako torpedoen gainean lo egitera beharturik, egun luzetan ez da ezer gertatzen, horizontea hutsik, eta gero azkenean konboi bat, eskolta beldurgarria, dena milimetrora egin behar da, hitzik ere ez sobera; eta gure ontzi zisterna, Arndale, hamasei mila berrehun tona desplazamendukoa, hogeita hamazazpian eraikia, erdi-erdian bi torpedorekin, orduan, sinetsidazu edo ez, Stachnitz doktore adiskidea, zugan pentsatu nuen eta deskonektatu gabe ozenki hasi nintzen: qui quae quod, cuius cuius cuius... harik eta gure lehen tenienteak bozgorailuz dei egin zidan arte: Oso ongi, komandante jauna, eguna jai har dezakezu. Baina, zoritxarrez, etsaiaren aurkako txango bat ez da bakarrik erasoak eta tiro lehen kanoiak eta tirooo bigarren kanoiak izaten; eguna joan eta eguna etorri betiko itsaso barea, ontziaren kulunkadak eta burukadak, eta goian zerua, zorabioa sortzen duen zerua, benetan diotsuet, eta eguzki-sarrerak izaten dira...
Teniente komandante hark, lepoan goi zera hura ezarria zeukanak, nahiz eta berrehun eta berrogeita hamar mila erregistro-tona gordin hondoratu, Despatch motako gurutzero arin bat eta Tribal motako suntsiketa-ontzi handi bat, naturaren deskribapen berbatsuz areago bete zuen hitzaldia bere arrakasten xehetasunez baino, eta ahaleginak ere egin zituen konparaketa ausartak esanez: «... Popaldea bits zuri itsugarritan duela enkaje uhintsuzko isats zoragarria darraio ontziari, zeina emaztegai apaindua bezala, aparrezko beloen pindarpean, heriotza ekarriko dion ezkontzarantz doan.»
Ez ziren txirikordadun neskatilen artean soilik barre iratoak izan; baina beste konparaketa batek ezabatu zuen erabat emaztegaia: «Horrelako urpeontzia balea konkordun baten antzekoa da, zeinaren popaldeko itsasoak husar baten bizar kizkur-kizkurra dirudien».
Bestalde, teniente komandanteak bazekien nola eman esamolde tekniko soilei halako ipuin-kutsu ilun bat. Baliteke bere hitzaldia areago zuzentzea Aita Bruniesi, garai bateko bere aleman-irakasleari. Eichendorff-zale porrokatuaren sona zuenari, guri baino; Klohsek behin baino gehiagotan aipatu zituen eskolako bere idazketa hiztegi aberatsekoak. Eta horrela «popako punpa», «lemazain» xuxurlatzen entzuten genion. Agian uste zuen «radiogoniometroaz» eta «orratz giroskopikoaz» hitz egitean, zerbait berria kontatzen zigula. Ordurako Marinako jerga hura guztia buruz genekien guk. Baina berak ipuinak kontatzen dituen amonaren erak zeuzkan, eta «guardi txanda» eta «bala-manparo» hitz zorionekoak edo mundu guztiak ulertzen duen «asaldurazko itsaso gurutzatua» esaten zituen Andersen zaharrak edo Grimm anaiek beren garaian «Asdic-bulkadez» misterioz txutxuputxuka hitz egiten zuten bezala.
Penagarria izan zen eguzki-sarrerak pintatzeari ekin zionean: «Eta gau atlantikoa gure gainera amildu baino lehen belez egindako oihal sorgindua bezala, etxean inoiz ikusten ez ditugun bezalako koloreak mailatuz, laranja bat irteten da, haragitsu eta antinatural, eta gero urrintsu pisugabe, ertzetan zoragarri, antzinako maisuen koadroetan bezala, tartean lumazko hodei guriak; zeinen erlantz estrainioa itsaso mugikor odoltsuaren gainean!»
Zera zurrun hura lepotik zintzilik zuela, kolore-organo bati durundiak eta murmurioak atera zizkion, urdin urtsutik limoi-hori beirazko izoztuan zehar purpura nabarreraino. Mitxoletak irteten zitzaizkion zeruan. Bitarteetan hodeitxoak, lehenik zilarrezkoak, eta gero gorri bihurtzen zirenak: «Txoriak eta aingeruak odolusten ari bailiran!», esan zuen hitzez hitz bere hizlari-ahoaz, eta gero segituan hain ausarki deskribaturiko naturaren gertakari horretatik eta hodeitxo bukoliko horietatik Sunderland tipoko hidrohegazkin bat irtenarazi zuen durrundaka urpeontzirako norabidean, baina hidrohegazkinak ezer egin ahal ez izatean, hizlari-aho berberaz baina konparaketarik gabe hitzaldiaren bigarren partea ireki zuen, labur lehor lau: «Periskopioaren zelan eserita nago. Erasoa. Segur aski ontzi izozkailuren bat: brankatik hondoratzen da. Ehun eta hamarrean urperatzen gara. Suntsiketa-ontzia agertzen da ehun eta hirurogeita hamarreko notazioan. Ababorra hamar, norabide berria ehun eta hogeian, ehun eta hogeian diraugu, helizearen zarata iraungitzen, berriz dator, ehun eta laurogei gradutara daukagu, patruila-ontziak: sei zazpi zortzi hamaika: argia itzali egin da, larrialdi-argikuntza pizten da eta estazioek argiro erantzuten dute bata bestearen ondotik. Suntsiketa-ontzia gelditu egin da. Azken notazioa ehun eta hirurogei, ababorra hamar. Norabide berria berrogeita bost gradu...
Zoritxarrez benetan tartekatze zirraragarri honen atzetik berriro naturaren deskribapen berriak etorri ziren, esaterako: «Negu atlantikoa», edo «Mediterraneoko fosforeszentziak», baita ingurugirozko koadro bat ere: «Eguberriak urpeontzian», Gabon-zuhaitz bihurturiko erratz derrigorrezkoarekin. Amaitzeko gerra-txangotiko itzulera inprobisatu zuen, maila mistikoraino jasoa, Ulises eta ohiko ipi-apa guztiekin: «Lehen kaioek portua iragartzen dute».
Ez dakit Klohse zuzendariak «Eta orain lanera» ohiko amaiera-hitzekin hitzaldia bukatu zuen ala «Atsegindituguekaitzak» kantatu genuen. Gogoanago ditut txalo sor baina errespetukoak eta neskatilek eta txirikordek hasi zuten aulkietatik altxatze nahasia. Mahlkeri begiratu nionean, hau alde egina zen eta eskuinaldeko irteeraren aurrean bere arraia behin eta berriz agertzen bakarrik ikusi ahal izan nuen, baina hitzaldikoan zangoetako bat inurritu zitzaidanez gero, ezin izan nintzen leiho-hutsunetik segituan jaitsi baldosa argizariztatuetara.
Gimnasioaren alboko aldagelara joan arte ez nuen Mahlkerekin berriro topo egin, baina ez zitzaidan hitzik bururatu hizketan hasteko. Arropak aldatzen ari ginela hasi ziren zurrumurruak, eta gero egiaztatu egin ziren: teniente komandanteak, nahiz eta fleitean ez egon, Mallenbrandt bere gimnasi irakasle ohiari baimena eskatu ziola behialako gimnasio zaharrean esku hartu ahal izateko, eta guri zegokigula hartan berari laguntzearen ohorea. Ohi bezala, larunbatero, gure eskola-asteari amaiera ematen zioten bi ordutan, aurrena guri eta gero bigarren ordutik aurrera elkartzen zitzaizkigun azken ikasturtekoei zertarako zen gai erakutsi zigun.
Moztaka, bularrean ile beltz ugariarekin, itxura onekoa. Mallenbrandti mailegatu zizkion usadiozko gimnasta-galtzoi gorria eta zerrenda gorria eta C beltz bordatudun alkandora zuria. Aldatzen ari zen bitartean, ikasle-talde bat zeukan inguruan. Galdera asko: —...ikus al dezaket hurbilagotik? Zenbat dirau? Balin eta...? Anaiaren adiskide batek, lantxa-lasterretan dabilenak, dio... —Pazientziaz erantzuten zuen. Batzuetan barre egiten zuen, arrazoirik gabe baina kutsakor. Aldagela irrintzi bat zen; eta Mahlkez ohartu banintzen, besteek bezala barre egiten zuelako izan zen, bere arropak tolestu eta esekitzera bakarrik baitzebilen adi.
Mallenbrandten txilibituak dei egin zigun gimnasiora eta barra finkoaren azpira. Teniente komandanteak, Mallenbrandtek neurriz lagundurik, gimnasi ikastaldia gidatzen zuen, hots, ez genuen gehiegi ahalegindu beharrik izan, berak zerbaiten erakusmena egiteko interesa baitzuen, besteak beste barrako biraketa bikoitza zango irekiekiko jauziarekin. Hotten Sonntagez aparte, Mahlkek bakarrik egiten zuen hori, baina inork ezin zuen hari begiratzea jasan, hain negargarriak baitzien bere biraketa eta belaun uzkurtuekiko jauzia. Tenientea komandantea gurekin batera ariketa solte eta arretaz egituratu sail bat lurzoruan egiten hasi zenean, Mahlkeren zintzur-sagarrak zoramenezko dantzan zirauen, zerbait zizta egin balio bezala. Aurreranzko zilipurdi batez amaitu behar zuen zazpi gizakiren gainetiko tigre-jauzian, alboraturik lurrartu zuen zerrian, oina bihurrituz segur aski, zeren eskaileratxo batean aparte eseri baitzen, oraindik kartilago mugikorrarekin, eta seigarrenekoak elkartu zitzaizkigunean aldendu zen segur aski, bigarren ordua hastean. Ez zitzaigun berriro elkartu harik eta beraien kontrako saskibaloi-partidura arte, eta hiruzpalau saskiratze ere egin zituen; halere galdu egin genuen.
Gure gimnasio neogotikoak giro solemnea zeukan Neuschottlandeko Andre Mariaren kaperak lehen izan zen gimnasioaren izaera arruntari eutsi zion bezala, igeltsu koloreztatua eta Gusewski erreberendoak bere leihateria zabalen gimnasi argitan erakutsi zuen eliza-ponpezia oparitu guztia gorabehera. Eta baldin hemen misterio guztien gainetik argitasuna nagusitzen bazen, guk, aldiz, argi-ilun misteriotsuan egiten genuen gimnasia. Gure gimnasioak leiho oxibalak zituen, zeinen adreilu-apaindurek beiradura arrosez eta arrain-maskuriz banatzen zuten. Andre Mariaren kaperan Eskaintza, Sagara eta Jaunartzea egunargi beteko prozesu mekaniko lilura gabeak ziren bitartean —era berean bana zitezkeen han, hostien ordez, ate-burdineriak, erremintak edo behiala bezala, gimnasi aparatuak, palak edo errelebu-makilak—, gure gimnasioko argi mistikoan, ostera, saskibaloiko bi ekipoen zozketa soilak, zeinaren hamar minutuko joko biziak kultura fisikoko ikastaldiari amaiera ematen zion, solemne eta zirraragarri, apaizgintza edo sendotza baten gisako zerbait gertatzen zen; eta hautatuak atzealde ilunera urruntzea errito sakraturen bat burutzen dutenen umiltasunean gertatzen zen. Batez ere kanpoan eguzkiak distiratzen zuenean eta goizeko eguzkiaren izpi batzuk jolastokiko gaztainondoen hostoen eta leiho oxibalen artetik barrura pasatzen zirenean, efektu harrigarriak lortzen ziren aroetan edo trapezioan zebiltzan gimnasten irudiekin, zeharka sartzen zen albo-argiari esker. Ahaleginduz gero, oraindik ikusi egiten du teniente komandante txikia, akolitoen gorria gogorarazten zuen bere galtzoi gorriekin, airera jaurtikiriko trapezioan ariketa zalu eta jariakorrak egiten, bere oinak ikusten ditut —ortozik egiten zuen gimnasia— akatsik gabe hedatuak zeharreko eguzki-izpi urreztatuetako batera irteten; bere eskuak ikusten ditut —supituki trapeziotik esekitzen baitzen belaunpeez tinkatuz— urre-hauts fin-finezko argi-bala haietakoren baterantz hedatzen; horren zoragarriro zaharkitua baitzen gure gimnasioa eta aldategiek ere leiho oxibaletik hartzen zuten argia. Horregatik deitzen genion aldagelari: sakristia.
Mallenbrandtek txistu jo zuen, eta saskibaloi-partidua amaiturik, bosgarren eta seigarrenekoek formatu eta «Goizekoihintzetangoazenmendiratralala» kantatu behar izan genuen teniente komandantearentzat eta aldagelara joan behar izan genuen. Segituan bildu ziren teniente komandantearen inguruan. Seigarrenekoak bakarrik ageri ziren uzkurxeago. Teniente komandanteak eskuak eta galtzarbeak arretaz garbitu ondoren konketa bakarrean —ez geneukan dutxarik— eta barneko arropak bizkor jantzi eta galtzoi mailegatua aldatu zuen bitartean, guk ezer ikustea lortu gabe, berriro ikasleen galderei erantzun behar izan zien eta barrezka, gogara eta erabat jasankor egin zuen; gero galdera batetik bestera isildu egin zen: ziurtasunik gahe eskuez haztamuka, aurrena bilaketa disimulatuan eta gero agerian, eta aulkipean ere bai. —Apur bat, mutilok, berehala nator ontzi-estalkira—, eta bere fraka urdin-iluna, alkandora zuriarekin, ortozik, baina galtzerdiak soinean zituela, teniente komandanteak ikasleen, aulki-erreskada eta zoo-parkearen: Basa-piztitxoen Etxearen usainaren artean bidea urratu zuen. Alkandora-iduna, zabalik eta jasota, gorbata eta esan ezina zitzaidan kondekorazioaren banda hartzeko prest. Mallenbrandten despatxuko atetik gimnasi klaseetako ordutegia zegoen esekita. Deitu eta aldi berean sartu zen.
Nor ez zen, ni bezala, Mahlkez gogoratu? Ez nago ziur berehala bururatu zitzaidan, nahiz eta bururatu behar zitzaidan, baina ozenki ez nuela esan ziur nago: —Non arraio ote dago Mahlke? —Schillingek ere ez zuen ezer oihu egin, ez Hotten Sonntagek, ez Winter Kupka Eschek. Inork ez zuen ezer esan; aitzitik, taktikoki ados jarri ginen Buschmann txokila izan zelakoan, izan ere dozena bat belarrondokok ere ezin baitzion aurpegitik kendu mukizu hari mundura ekarri zuen barre txiki betikoa.
Mallenbrandtek, toalla iletsuzko albornoza jantzita eta teniente komandantea erdi-jantzirik lagun zuela, gugana iritsi eta «Norizanda? Agerdadilasegituan!» orroka esan zuenean, Buschmanni bultza egin genion bere aurrera. Neuk ere Buschmann oihu egin nuen, eta neure golkorako eta inolako nekerik gabe pentsatzeko egoeran egon nintzen: Jakina, Buschmann izan behar izan du, nor bestela Buschmann izan ezik?
Baina oso kanpoan aurrena, garondoa hasi zitzaidan inurritzen, Buschmanni alde guztietatik itaunketan ekin ziotenean, teniente komandanteak eta seigarreneko bozeramaileak gero. Eta inurritzea finkatu egin zen Buschmannek bere lehen belarrondokoa hartzean, zeren barre txikia ez baitzitzaion kentzen aurpegitik itaunketan zehar ere. Eta hista eta entzumenaz Buschmannen aitorpen biribila oraindik espero nuenean, garondoan gora, pixkanaka ziurtasuna igo zitzaidan: Kontxo! Eta ez ote duk izan Baaldakiknor?
Barre txiki egiten ari zen Buschmannengandik hitzerdi argigarri baten zelatan egotea jadanik ezabatzen ari zen, batez ere Mallenbrandtek ematen zizkion belarrondoko-mordoak bere ziurtasunik eza agerian jartzen zuelarik. Ez zuen jadanik objektu desagertuaz hitz egiten, baizik eta zartakotik zartakora orroa egiten zion: —Uztak barre txiki hori! Barre txikirik ez! Nik kenduko diat hiri barre txiki hori!
Bidenabar esateko, ez zuen lortu. Ez dakit oraindik Buschmannik dagoen; baina Buschmann dentista, albaitari edo medikurik badago —Heini Buschmannek medikuntza ikasi nahi zuen—, barre txiki egiten zuen Buschmann doktorea izango da, zeren halako zerbait ez baita hori eta horrenbestez galtzen, baizik eta iraunkorra da eta gerrateak eta moneta-erreformak gainditzen ditu, orduan erakutsi zuenez, Mallenbrandt profesorearen belarrondokoei gain hartuz, teniente komandantea iduneko hutsaz itaunketaren arrakastari itxaroten zegoen bitartean.
Disimuluan —nahiz eta Buschmannek begirada guztiak bereganatzen zituen— buruari bira eman nion Mahlkeren bila, nahiz eta bera bilatu beharrik ez izan, zeren garondotik bainekien, zein burutan zeuden Ama Birjinaren kantak. Jantzi berria, handik ez urrun baina iskanbila guztitik urrundurik, alkandora baten botoi gorena lotzen ari zen, zeinak ebakera eta marren arabera, bere aitaren alkandora-ondaretikoa izan behar zuen. Eta botoia lotzen ari zela, kosta egiten zitzaion bere ezaugarria botoiaren atzean ezkutatzen.
Mahlkek patxadazko sentipen bat sortzen zuen, lepoan eta matrailetan parez pare egindako mugimenduak alde batera utziz gero. Ulertu zuenean ez zegoela zintzur-sagarra botoiaren ixterik, oraindik zintzilik zegoen jakeko patrikara eskua hedatu eta gorbata zanpatu bat atera zuen. Gure ikastaldean ez zuen inor gorbatarik erabiltzen. Seigarrenean eta errebalidakoen artean tirtirinen batzuek bakarrik erabiltzen zuten lakio barregarria. Bi ordu lehenago, teniente komandantea naturaz suharturik bere katedratik hitzaldia ematen ari zen bitartean, Mahlkek oraindik zabalik zerabilen alkandora-iduna: baina ordurako jake-patrikan gorbata zanpaturik eta egokiera handiari itxaroten zegoen.
Hauxe izan zen Mahlkeren gorbata-estrenaketa! Aldagelako ispilu bakar eta gainera mantxadunaren aurrean ahalegindu zen estutzen, hurbildu gabe, aitzitik tarte batera eta proforma, zatarra, kolore desberdinez izpildua gogoratzen dudanez eta gustu txarrekoa, tira egin zion korapilo handiegiari eta gero ahots ez oso ozenez baina behar betekoaz, oraindik bazirauen itaunketaren eta Mallenbrandtek berak, teniente komandantearen eragozpenak gorabehera, nekagaitz eta lehor Buschmannen barre txikiari ematen zizkion belarrondokoen erdian, ulertzeko moduan jaregin zuen: —Edozer jokatuko nuke ez dela Buschmann izan. Inork arakatu al ditu ordea Buschmannen kinkileriak?
Mahlkek segituan izan zituen entzuleak. Hori ispiluari esan zion; bere gorbatak, trikimailu berriak, gerora bakarrik erakarri zuten arreta, eta ez era berezian ere. Bere eskuez arakatu zituen Mallenbrandtek Buschmannen arropak eta ziorik ere izan zuen, barre txikiari berriro erasotzeko, zeren bi jake-patrikatan zenbait preserbatibo-pakete ireki aurkitu baitzituen, zeinekin Buschmannek goiko ikastaldeetan negoziotxoa egiten baitzuen; aita botikaria zuen. Horretaz kanpo, Mallenbrandtek ez zuen besterik aurkitu, eta teniente komandanteak nahigabe handirik gabe etsi zuen, ofizial-gorbatari korapiloa egin, alkandora-iduna tolestu, lehen kondekorazioak zeukan gunea arinki haztatun eta gertatua zorrotzegi ez hartzeko proposatu zion Mallenbrandti: —Hori ordezteko modukoa da. Munduak ez du porrot egingo. Mutiko-bihurrikeria hutsa da!
Baina Mallenbrandtek gimnasioa eta aldagelak itxiarazi egin zituen eta, seigarreneko ikasleek lagundurik, patrikak arakatu zizkigun eta ezkutalekutzat bihurtzeko gai zen zokorik txikiena ere bai. Hasieran eta jostari, teniente komandanteak lagundu egin zuen, baina gero urduri jarri zen eta aldagelan inor egitera ausartzen ez zen zerbait egin zuen: zigarroak bata bestearen atzetik erretzeari ekin zion, zigarrokinak oinez lurzoruko linolioan zapalduz eta umore txarra nabarmen azaleratu zitzaion, Mallenbrandtek, hitzik gabe, tu-ontzi bat, urteetan erabiltzeke konketaren ondoan hautsez betez joan zena eta orain objektu lapurtuaren ezkutalekutzat arakatua izan zena, alboratu zion.
Teniente komandantea eskola-ume baten modura gorritu zen, erauzi zuen hizlari-aho delikatutik zigarro hasi berria eta, besoak gurutzaturik, erretzeari utzi zion, orduari urduri begiratu behin eta berriz, eta boxeolari-mugimendu zakarrez eskuturreko erlojua mahukatik aterarazi eta presaka zegoela erakutsi zuen.
Atzamarren gainean goanteak zituela agur egin zuen atearen ondotik eta aditzera eman zuen ikerketa egiteko modua eta era ez zituela gustuko eta zuzendariari emango ziola istorio higuingarriaren berri, zeren ez baitzeukan gogorik gaizki hezitako umegorri batzuek baimena honda ziezaioten.
Mallenbrandtek seigarreneko bati jaurtiki zion giltza, eta seigarrenekoa, aldageletako atea irekitzean, pausaldi gogaikarri bat sortarazteko bezain baldarra izan zen.
© Gunter Grass
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu