VI

 

        Baina uda marrubi, jakinarazpen ofizial eta bainu-eguraldiarekin etortzean Mahlkek ez zuen igerian egin nahi izan. Ekainaren erdian egin genuen igerian lehen aldiz ontziraino. Gutako inork ez zeukan gogo handirik. Hirugarren eta laugarren urteko mutikoek traba egiten ziguten, gure aurretik edo gurekin igerian joaten baitziren ontzira, bertan trumilka metatzen ziren zubian, murgil egin eta gainaldera igotzen zuten azken bisagra destorlojagarria. Mahlke, egun batez erregutu beharrean aurkitu zena: —Utzidazue zuekin igerian egiten, orain neuk ere bazekiat: —orain Schilling, Winter eta neronek zirikatua aurkitzen zen: —Hator, gizona! Hi gabe ez dik merezi. Ontzian ere har zezakeagu eguzkia. Eta agian zerbait ona aurkituko duk.

        Gogoz kontra eta behin baino gehiagotan uko egin ondoren, Mahlke azkenean hondartzaren eta lehen harea-gunearen arteko salda berotan sartu zen. Destorlojailua gabe egin zuen igerian, gure artean ibili zen, Hotten Sonntag baino bi besabete atzerago; lehen aldiz ikusi nuen bareturik, zipriztinak atera eta ahaleginak egin gabe. Zubian itzalpean eseri zen, bitakoraren atzean, eta ezin izan genuen murgiltzera mugitu. Burua itzuli ere ez zuen egiten, hirugarren edo laugarrenekoak brankatik desagertu eta zirtzileriak eskuetan zituztela berriro igotzean. Bazeukan Mahikek zer irakatsia horretan! Batek baino gehiagok informazioa eskatu nahi izan zion, baina berak ozta-ozta erantzun zien. Aitzitik, Mahike bekain zimurtuekin itsas zabalean zehar portu-sarrerako buia aldera begira egon zen denbora guztian, baina sartzen ari ziren zamariek, irteten ari ziren balandroek edo erakuntzan nabigatzen ari ziren torpedariek distraitu gabe. Gehienera ere urpeontziek eragiten zioten zirkinen bat. Batzuetan, haietakoren baten periskopioak, urperaturik, argi eta garbi markatzen zuen urrunean bitsezko zerrenda. Schichaueko ontzioletan sailean eraikitzen ziren zazpiehun eta berrogeita hamar tonako urpeontziak, eta gero froga-irteerak egiten zituzten badian edo Helaren atzealdean, itsas zabalean urperatzen ziren, itzultzen ziren portura eta gure asperra gutxitzen zuten. Polita zen irteten ikustea, aurrena periskopioa erakutsiz. Dorrea azaleratu orduko, segituan bi irudi tu egiten zituen. Zuri-hilezko errekatan branka-kanoiko ura zerion aurrena eta popakoa gero: zirriparra eskotila guztietan: guk garrasiak eta eskuaz keinuak egiten genituen. Ez nago ziur urpeontzikoek erantzuten ziguten ala ez, baina oraindik beren xehetasun guztietan astintzen ari ziren eskuen mugimendua ikusten dut eta tirandura bezala ere sorbaldako artikulazioan sentitu ere egiten dut; baina erantzunezko keinuekin edo gabe, urpeontzi baten azaleratzeak bihotza ukitzen du eta betirako geratzen da hor —Mahlke bakarrik geratzen zen keinurik egin gabe.

 

 

        ...eta behin baten —ekainaren azken aldera zen, udako opor luzeak hasi aurretik eta ontzi-tenienteak gure eskolan bere hitzaldia eman baino lehen—, Mahlke bere itzaletik irten zen, hirugarreneko mutiko bat minadragatzekoaren brankatik igotzen ez zelako. Jaitsi eskotilatik eta gora ekarri zuen mutikoa. Ontziaren erdian, makina-gelara iritsi baino lehen, katigaturik zegoen. Mahlkek estalkipean aurkitu zuen, hodi eta kable-bildura artean. Bi ordubetez lan egin zuten Schilling eta Hotten Sonntagek txandaka, Mahlkeren aginduen arabera. Pixkanaka hirugarrenekoari kolorea itzuli zitzaion, baina itzulerakoan igeri egitean atoian ekarri behar izan genuen. Biharamunean Mahlkek lehengo suhar beraz egin zuen igerian, baina destorlojailua gabe. Haranzkoan betiko abiaduran egin zuen igerian, aurrea hartu zigun, eta zubira igo ginenean, ordurako bera behin behean egonda zegoen.

        Neguak, otsaileko izotz eta ekaitz zakarrekin, eraman egin zituen ontzi-kroskotik karelaren azken hondarrak, bi tranpal birakariak eta bitakoraren sabaia. Kaioen zirin tortikatua bakarrik atera zen onez negutik eta ugaldu egin ziren. Mahlkek ez zuen ezer ekarri gora eta erantzunik ere ez zigun ematen, behin eta berriz galdera berriak egiten genizkionean. Baina arratsalde aurreratua zenean, hamar-hamabi bat aldiz behean egonda zegoenean, eta gu itzulerarako gorputz-adarrak erlaxatzen ari ginela, jaitsi zen berriro eta ez zen gehiago igo eta guztiok erne jarri gintuen.

        Orain baldin badiot bost minutuko tartea izan zela, horrek ez du ezer esan nahi; baina urteak bezalako bost minutu luzeren ondoren, listua irentsiz harik eta mihia lodi eta lehor aho lehorrean egon zen arte bete genituen haien ondoren, banan-banan ontzira jaitsiz joan ginen: brankan ezertxo ere ez: sardinzarrak. Hotten Sonntagen atzetik lehen aldiz ausartu nintzen manparoan barrena, begiratu arin bat eman nion ofizial-ganbara ohiari eta ziztu bizian igo behar izan nuen eskotilan gora leher egiteko zorian, berriz jaitsi nintzen, bi aldiz gehiagotan lerratu nintzen manparoan zehar, eta ez nion uko egin murgilketan aritzeari ordu erdi on bat igaro arte. Sei edo zazpi ginen arnasestuka zerraldo etzanik zubian geundenak. Kaioek gero eta zirkulu estuagoak egiten zituzten: zerbaitez konturatu ziren, nonbait. Zorionez ez zegoen ontzian hirugarrenekorik. Guztiok isilik geunden edo batera hitz egiten genuen. Kaioak albotik amilduz aldendu eta berriro itzultzen ziren. Bainuzaina, Mahlkeren ama, bere izeba eta Klohserentzat azalpenak prestatu genituen, zeren eskolan derrigor izango baikenuen itaunketa. Niri, Mahlkeren auzoa nintzelako, leporatu zidaten Osterzeilerako bisita. Schilling izango zen bozeramaile bainuzainaren aurrean eta eskolan.

        — Aurkitzen ez badute, koroa batekin hona etorri igerian eta jai bat egingo dugu.

        — Diru-bilketa egin behar dugu. Bakoitzak gutxienez berrogeita hamar pfennig jar ditzala.

        — Hemendik kareletik botako dugu edo bestela brankara jaitsiko dugu.

        — Kantatu ere egingo dugu —esan zuen Kupkak; baina kriskitin-barre huts hura, bere proposamenaren ondoren etorri zena, ez zen gutako inorengandik sortu: norbait barrezka ari zen zubiaren barruan. Eta oraindik begiradaz elkar bilatzen ari ginela eta hura noiz errepikatuko zain geundela, berriro barrea entzun zen brankan, baina oraingoan ez zen hutsa. Erdiko arraiari ura zeriola, Mahlke eskotilatik kanpora lerratu zen. Ia nekerik gabe hartzen zuen arnasa, igurtzi zuen eguzkiak lepoan eta sorbaldetan berriki egindako erredura eta ahots marrakariz, isekatia baino onbera areago zenaz esan zuen:

        — Zer! Dagoeneko mintzaldi bat egin eta adioa esan al didazue?

        Berriro igerian itzuli baino lehen —gertakari larriaren ondoren Winterrek histeri erasoaldi bat izan zuen eta lasaitu egin behar izan genuen— Mahlke beste behin jaitsi zen ontzira. Ordu laurden geroago —Winter oraindik zotinka ari zen— berriro zubian egon zen eta aurikular-pare bat zekartzan jantzita, itxuraz egoera onean zeudenak, telegrafiako operadoreek erabiltzen dituztenak bezalakoak. Zeren Mahlkek ontziaren erdi aldera gela baterako bidea aurkitu baitzuen, aginte-zubiaren barruan ur-azalaren gainean geratzen zena. Minadragatzeko ohiaren irrati-kabina zen. Lekua lurzorua bezain lehor omen zegoen, baina umel samar. Azkenean aitortu zigun hirugarreneko mutiko hari hodiak eta kable-bildurak askatzean aurkitu zuela sarrera.

        — Baina berriz estali dut, inork aurki ez dezan. Zeren lanak eman baitzizkidan. Eta orain gordelekua neurea dut, jakin dezazuen. Oso erosoa da. Toki bikaina bertan ezkutatzeko, gauzak bihurrituz gero. Oraindik tresneria asko, emisorea eta abar dauzka. Berriz funtzionamenduan jarri beharko lirateke. Ea lortzen dudan.

        Baina ez zuen Mahlkek inoiz egingo. Ahaleginik ere ez zuen egin. Eta ezkutuan saiatu izan balitz ere, segur aski ez zukeen inolako emaitzarik lortuko, zeren eta esku-lanetan eta ontzi-ereduak eraikitzen trebea zen arren, bere planek ez zuten inoiz joera teknikoa hartzen. Gainerakoan, baldin eta Mahlkek emisorea funtzionaraztea eta ahotsak airera igortzea lortu izan balu, portuko poliziak edo Marinak laster harrapatuko gintuzkeen.

        Aitzitik material tekniko guztia kabinatik desmuntatu eta Kupka, Esch eta hirugarrenekoei opari egin zien, eta beretzat aurikularrak bakarrik gorde zituen, zeinak jarrita erabili zituen aste betez, harik eta kareletik bota zituen arte berriro, sistematikoki, lekua ekipatzeari ekin zionean.

        Liburuak —jadanik ez dut gogoan zeintzuk, uste dut Tsushima, itsas bataila bati buruzko nobela, Dwingerren bolumen bat edo bi eta erlijio-literatura apur bat, besteak beste— manta maiztu batzuetan bildu zituen, gero fardela hule-zati batean sartu, josturak bike edo brea edo argizariz igurtzi, eta hondartzan bildutako zurezko baltsa arin batean jarri zuen zama eta partez gure laguntzaz atoian eraman zuen ontziraino. Agidanez, bai liburuak eta bai estalkiak ia lehor kabinara eramatea lortu zuen. Hurrengo garraioa argizarizko kandelak, alkoholezko erregailutxo bat, aluminiozko marmita, te, olo-malutak eta lekari lehorrak izan ziren. Sarritan alde egiten zuen ordubetez baino gehiagoz eta ez zuen erantzuten zartako basaz dei egiten genioenean itzultzeko. Miretsi egiten genuen, jakina. Baina Mahikek ozta-ozta egiten zigun jaramon; gero eta silaba bakarrekoago bihurtu zen eta, azkenean, bere kinkileriak garraiatzen ere ez zigun utzi. Gure begien aurrean nik jadanik Osterzeileko gelaxkatik ezaguna nuen Madonna Sixtinoaren erreprodukzioa estu-estu kiribildu, bisilu-barila baten hutsunean sartu, muturrak plastilinaz estali eta Madonna hodian lehenik ontzira eta gero kabinara garraiatu zuenean, orduan ez nuen inolako zalantzarik izan norentzat ari zen halako ahalegin gogorrak, norentzat ari zen kabina haro abegikor ekipatzen.

        Baliteke erreprodukzioa kalterik gabe ez urperatzea —edo paperak nozitzea bistan zegoenez umela eta segur aski ur-tantak zerizkiola zegoen gela hartan, zeinak inondik ere ez baitzuen behar adina aire fresko hartzen, zeren ez baitzuen atakarik ezta urpean zeuden bentiladoreetarako irispiderik ere; nolanahi ere Mahikek, kromoa kabinan ezarri eta egun gutxitara, berriro zerbait zerabilen zintzilik lepoan: ez zen destorlojailua baizik eta brontzezko plakatxoa Tschenstochaueko Madonna Beltza deituaren erliebearekin —zeren arotxo bat baitzeukan esekitzeko— kordoi beltzetik juxtu lepauztaiaren azpian. Zimurtu egiten genituen bekainak esanguratsu, eta pentsatzen genuen: ekin ziok berriz ere Ama Birjinaren deituari eta orduan desagertu egin zen, zubian pikotxean jarri eta lehortzeko astirik izan baino lehen, baina ordu laurden ozta-ozta pasatu zenean kordoirik eta dominarik gabe berriro gure artean agertzeko eta bitakoraren atzealdean pozik ageri zen.

        Txistuka ari zen. Lehen aldiz entzuten nuen Mahlke txistuka. Jakina, ez zuen lehen aldiz txistu jotzen, bai ordea atentzioa deitzen niri berak txistu jotzeak, eta horrenbestez lehen aldiz zimurtzen zituen ezpainak; baina neu soilik —ontziko katoliko bakarra izaki beratzaz kanpo— nintzen gauza txistuka jotzen ari zen hari jarraitzeko: Ama Birjinaren kanta bat bestearen atzetik txistu jo zuen, kareleko hondakinetako batean etzan zen eta, aldarte on hisitiaz eta oinak zintzilik zituela, konpasa markatzen hasi zen zubiaren pareta zaharkituaren kontra, zeinari jarraitu zitzaion, omen zarata hilduratua menpean hartuz, baina batutarik gabe, Mendekosteko sekuentzia osoa, Veni Sancte Spiritus, eta ondoren —espero nuen nik hura— Erramu Igandeaz aurreko ostiraleko sekuentzia. Hamar ahapaldiak, hasi Stabat Mater dolorosa-tik eta Paradisi gloria eta Amen-eraino sailean errezitatu zituen. Nik, garai batean Gusewski erreberendoaren akolitorik suharrenak, nahiz eta gerora tarteka bakarrik aritzen nintzen, gehienera ahapaldien hasierak bakarrik gogoratuko nituzkeen.

        Berak, ordea, nekerik gabe bidaltzen zuen bere latina kaioenganaino, eta besteak, Schilling, Kupka, Esch, Hotten Sonntag, oraindik han zegoena, zutitu, adi jarri zitzaizkion eta esan zioten: horidukmotel eta listurikgabegeratukohaiz eta Mahlkeri eskatu zioten Stabat Mater-a errepikatzeko, nahiz eta ezer ez egon urrunago mutil haiengandik latina eta eliz testuak baino.

 

        Uste diat, ez huela irrati-kabina Ama Birjinaren kapera bihurtzeko asmorik. Beherainoko bidea egin zuten kinkileria gehienak ez zuten berarekin zerikusirik. Eta hire gordelekua inoiz begiztatu ez banuen ere —ezin genian eta kito-errez imajinatzen diat Osterzeileko hire mansardako gelaren bertsio txikiagotu bat bezala. Irrati-kabina hartan gauza batek bakarrik ez zuen ordekorik: hire izebak, sarritan hire nahiaz kontrara leihoaren sapailoa eta kaktusentzako solairu askotako apala apaintzen zuten geranio eta kaktusek, bestela etxaldaketa perfektua izan zen. Liburu eta sukaldeko tresnez ondoren ontzi-ereduak, Grille miaketa-ontzia eta Wolf motako torpedaria, 1:125Oeko eskalan, pasatu ziren ontziaren estalkipera. Tinta eta zenbait luma-eroailu, erregela bat, konpasa, tximeleta-bilduma eta hotz zuri disekatua aurkitu ziren murgil egitera behartuak. Badut susmoa lurrinez ganduturiko gela hartan, Mahlkeren altzariak pixkanaka gero eta desbistatuago ez ote ziren bihurtu. Batez ere puru-kaxatan beirazko estalkipean zeuden tximeletek, mansardako aire lehorrera bakarrik ohituta zeudelarik, nozitu bide zuten umeldurarekin.

        Baina hain zuzen ere egunetan zehar luzatu zen etxaldaketa haren izaera zentzugabe eta berariaz deuseztatzailea miresten genuen; eta Joachim Mahlkeren saiamenak, behialako poloniar minadragatzekoaren osagaiak banan-banan, bi uda lehenago, kostata desmuntatu, berriro ontzira bihurtzeak —Pilsudski lagun zahar hura, hau edo bestea maneiatzeko instrukzio-plakatxoak, etab.—, hirugarreneko mutiko infantil eta gogaikarri haiek gorabehera, uda entretenigarria pasarazi zigun eta kitzikagarria ere bai gerrateak lau aste bakarrik iraun zion ontzi hartan.

        Adibide bat emango dut: Mahlkek musika eskaini zigun. Gramofono hura, berrogeiko udan, ontzirako bidea sei-zazpi aldiz egin eta gero, brankatik edo ofizial-ganbaratik atalka-atalka eta kostata jaso genuena, gero bere mansardan konpondu eta plater birakarirako feltro berriz hornitu zuena, etxaldaketan ontzi-estalkipera itzuli zen azken gauzetako bat izan zen, dozenaren bat diskorekin batera, eta lanak iraun zuen azken bi egunetan, Mahlkek ezin izan zion eutsi aspaldidaniko kordoitik esekita lepoan aparatuaren biradera erabiltzearen tentazioari.

 

 

        Gramofonoak eta diskoek ongi egin bide zuten brankan zehar, manparoan zehar ontziaren erdira eta gora, gero irrati-kabinarainoko bidaia, zeren arratsalde berean, Mahlkek etapakako garraioa amaitu zuenean, musika durunditsu, hemendik edo handik baina beti ontziaren barrualdetik zetorrela zirudien musikaz supituki harritu gintuen. Errematxeak eta oskoldura laxatzea bezalako zerbait zen. Zubian oraindik, oso zeharturik, eguzkiak jotzen zuen arren, hotzikarak sentitu genituen. Oihuka ekin genion: —Geldi! Ez! Segi! Jarri beste bat!— eta Ave Maria sonatu eta txiklearen luzerako bat entzun ahal izan genuen, itsaso haserretua leundu zuena; ezin zuen Ama Birjina gabe etsi.

        Eta gero ariak, oberturak —dagoeneko esan al dut Mahlkek musika serioa zuela atsegin?—; nolanahi ere, barrutik kanpora, Tosca-tik zerbait kitzikagarria, Humperdinck-etik zerbait liluragarria eta guztiok herri-kontzertuetatik ezaguna genuen sinfoni zati bat dadada daaah harekin.

        Schilling eta Kupkak oihu egiten zuten zerbait biziagoa eskatuz; baina ez zeukan halakorik. Eta han behean Zarah jarri zuenean bakarrik lortu zuen efekturik hoberena. Urpeko ahotsak zerraldo ahoz gora bota gintuen herdoilaren eta kaioen zirin tronpoiloen gainera, jadanik ez dut gogoan zer kantatu zuen. Dena estilo berekoa zen. Baina jadanik ezaguna genuen «Sorterria» filmeko opera batetik ere zerbait kantatu zuen. Kantari: «Aienegalduegindut»; orroka: «Haizeakabestiakkantatudizkit»; aztiatzaile: «Badakitegunbatean miraria gertatukodela». Organo-soinua ateratzen eta elementuak araotzen zekien, baina pentsa litezkeen ordurik samurrenak ere zerbitzatzen zituen: eta Winterrek listua irensten zuen eta ozta-ozta eusten zion negarrari, nahiz eta besteoi ere begiak kargatzen zitzaizkigun.

        Eta kaioa, gainera. Berez eta ezer gabe ere aztoratuak ibiltzen zirenak, orain, han behean Zarah entzuten zelarik, Bromen hutsezko joan-etorrian zebiltzan. Garrasi sarkorrak jaregiten zituzten, hildako tenoreen arimei zerizkienak segur aski, ziega bat bezain sakona, imitagarria baina ordura arte imitatu gabea zen zinema-izar baten durundiaren gainean, zeinaren ahotsak negar-malkoak sortarazten baitzituen eta gerrate arte haietan, atzeguardian eta frontean, barkatu eta maitatzen zuten.

 

 

        Mahlkek behin baino gehiagotan eskaini zigun kontzertu hau, harik eta diskoak higatu eta kaxetatik gurgurio eta karrakada tormentatua besterik irteten ez ziren arte. Gaur egunera arte musika ez dit inoiz hainbesteko atseginik eman, nahiz eta ia inoiz ez dudan Robert Schumann Aretoan kontzerturik galdu eta dirua daukadan guztietan elepeak erosten ditudan, hasi Monteverdigandik eta Bártokenganainokoak. Isil eta aseezin, makurtzen ginen gramofonoaren gainera eta «sabeliztun» deitzen genion. Ez zitzaigun beste laudoriorik bururatzen. Egia da Mahlke miretsi egiten genuela; baina, gero supituki, iskanbila guzti haren erdian gure miresmena alderantzizko bihurtzen zen eta higuingarri aurkitzen genuen begiratu ere ez egiteko tamainan. Orduan, goraino zamaturiko ontzi bat portuan sartzen ari zen bitartean, neurriz errukia hartzen genion. Baina bestalde, beldurra ere bagenion, menpean baikinduzkan. Eta ni lotsatu egiten nintzen inork kalean Mahlkerekin ikusteaz. Eta harro sentitzen ninduan, Hotten Sonntagen arrebak edo Pokriefke txikiak hire ondoan zinetokiaren aurrean edo Heeresangerren aurkitzen baninduten. Hi hintzen gure betiko gaia. Apustuak egiten genizkian: —Zertan ari ote duk orain? Jokatuko niake, berriz ere lepoko minez dabilela! Edozein apustu onartzen dut: —Egunen batean bere burua urkatuko dik edo zerbait oso handia izango duk edo zerbait harrigarria asmatuko dik.

        Eta Schillingek Hotten Sonntagi esaten zion: —Esadak benetan, hire arreba Mahlkerekin ibiliko balitz, zinera eta abarrera, zer egingo huke? —esadak benetan!

 

 

 

© Gunter Grass

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Gunter Grass / Katua eta Sagua" orrialde nagusia