IV

 

        Txantxetan edo benetan: agian ez hintzen pailazo izatera iritsiko, baina bai moda-sortzaile gisako zerbaitera; zeren Mahlke izan baitzen bigarren udaren ondorengo neguan ontzian borlak sartu zituena: ping-pong-piloten tamainako artilezko bi borla, kolorebakarrak edo nabarrak, bata besteari lotuak artilezko kordoi txirikordatu batez zeinaz esekitzen baitziren alkandoraren idunpean aurretik korapilaturiko bolak, zertxobait okertuak, gorbatin erara. Bildu ahal izan ditudan berrien arabera bi bola edo borla horiek —hala deitzen genien guk— gerrateko hirugarren negutik aurrera ia Alemania osoan erabili ziren, batez ere iparraldean eta ekialdean, eta batez ere ikasle-jendearen artean. Gure artean Mahlkek sartu zituen, eta baliteke beraien asmatzaile ere izatea. Nolanahi ere, Susi bere izebari eginarazi zizkion zenbait borla-pare artile-hondarrez, jadanik oso garbituriko irazki saretuaz, bere aita zenaren galtzerdi birpasatuak baino areago zeudenetatikoaz, eta eskolara eraman zituen, era oso ikustetsuan lepotik zintzilik.

        Hamar egun geroago ehun-denda guztietatik zebilen: ezbaiti eta lotsor hasieran, kartoizko kaxan ezarriak hasieran erregistragailuaren ondoan, laster pasatu ziren eskaparateetara poliki apaindurik, eta garrantzitsuago zena, kupo testilik gabe, eta handik, Langfuhr auzategitik, beren martxa garaikorrari ekin zioten Alemaniaren iparralde eta ekialdera, Leipzigen eta Pirnan ere erabili zirelarik —testigantzak ditut— eta tarteka, zenbait hilabete geroago, eta Mahlkek ordurako bereak baztertu zituenean, Renanian eta Palatinatuan. Zehatz-mehatz gogoan dut Mahlkek lepotik bereak kendu zituen eguna eta gerora berriz ere horren berri eman beharko dut.

        Guk oraindik luzaroan bolak eramaten jarraitzen dugu, nahiz eta azken boladan protesta egiteko baizik ez izan, zeren gure zuzendaria, Klohse profesoreak emetzat eta alemaniar mutil batek erabiltzeko duintzat ez zituelako ikusten, eraikinaren barruan eta jolastokian bertan ere erabiltzea debekatuz. Askok Klohseren aginduari, zirkular gisara ikasgela guztietan irakurri zenari men egin zioten berarekin ematen ziren ikastaldietan. Borlak direla eta, Papa Bruniesena, gerratean berriro katedrara dei egin ziotenarena datorkit orain burura: honi grazia egin zioten zeratxo nabar horiek, eta aldi-pare batean, ordurako Mahlkek bereak utzita zeuzkala, bere lepo zurrunetik esekiz erakutsi zituen berak eta horrelako itxurarekin Eichendorff errezitatu zigun: «Frontoi ilunak, leiho garaiak... edo agian beste zerbait, baina nolanahi ere Eichendorff, bere poeta kuttuna baitzuen. Gainerakoan, Oswald Brunies gozozalea zen, gozokietarako itsua zen eta gerora eskolako eraikinean bertan arrastatu zuten: ofizialki, esan zutenez, eskolarien artean banatu beharreko bitamina-tableta batzuk gorde zituelako, baina izatez arrazoi politikoengatik, zeren framazona baitzen. Ikasle batzuei itaunketa egin zieten; espero dut nik ez nuela beraren kontra aitorpenik egin. Bere alabatzakoa, andrakila baten modukoa zen eta dantza-irakaspenak hartzen zituen neskatila bat, doluz agertu zen jendaurrean; Brunies Sutthofera eraman zuten, eta bertan geratu zen: historia goibel eta nahasia idatzia izatea merezi duena, baina ez nik, eta nolanahi ere ez Mahlkerekin zerikusia duela.

        Gatozen berriro borletara. Jakina, Mahlkek bere zintzur-sagarra disimulatzeko asmatu zituen. Denboraldi batean borlek lortu zuten Mahlkek bere eztarriaren barruan zeukan triskari menperaezina zerbait baretzea, baina borlak toki guztietan, baita lehen ikasturtekoen artean ere agertu zirenean, beren asmatzailea zenaren lepoan ere ez zuten arreta erakartzen. Berrogeita batgarrenetik berrogeita bigarrenerako neguan —gogorra izan behar izan zuen berarentzat ez baitzegoen murgiltzean pentsatzerik eta borlek ere ez baitzuten efektu txikienik sortzen— oraindik ikusi egiten dut Joachim Mahlke Osterzeiletik jaisten, beti bere kordoidun botekin eta egundoko bakardade batean bildurik, edo Andre Manaren kaperara igotzen, bere pausopean errautsez estaliriko elurrari garrak eraginez. Txanorik gabe. Belarri banatuak gorriturik eta hauskortuta zituela. Ilea, ur azukreztatua eta izotzaren eraginez tente, buruaren erdi-erdian garatik sortzen zaion arraiak partitua. Oinazez sudurraren erroan zimurtzen diren bekainak. Begi larrituak, ur zurbilaren kolorekoak, aurrean dagoena baino gehiago ikusten dutenak. Berokiaren iduna jasorik. — Berokia ere aita zenak utzi zion. —Artilezko tapaboki gris bat kokots erdi zorrotz eta erdi-mazkarraren azpian, ongi gurutzatua eta urrunetik nabari zen kateorratz handi batez alboratzetik eragotzia. Hogei urratsez behin eskuin-eskua atera egiten da berokiaren patrikatik eta tapabokia lepoaren aurrealdean zuzen dagoena egiaztatzen du —komikoak, Grock pailazoa zirkoan eta Chaplin zinean, ikusita neuzkan horrelako kateorratz erraldoiekin lanean— eta Mahlke trebatzen ari da: gizonezkoak, emakumezkoak, uniformedun baimenduak, haurrak, banaka edo trumilka, alderantzizko norabidean haziz doazkio elurretan. Guztiei, baita Mahlkeri ere, sorbalda gainetik desagertzen den lurrin zuria darie ahotik. Eta berarenganantz doazen begi guztiak kateorratz komiko, oso komiko, ikaragarri komikora zuzendurik daude —pentsatzen du Mahlkek, nonbait, bere golkorako.

        Negu gogor eta lehor hartan bertan antolatu nuen Eguberrietako oporretan Berlindik etorritako bi lehengusinekin, eta Schillingekin, partida osoa izan zedin, txango bat izotzezko itsasoan bertan preso zegoen minadragatzekoraino. Gure asmoa zertxobait ilarraintzea eta bi neskatilei, ile leun soltedun horail politak eta beren berlindar jatorriarengatik pertxenta samarrak zirenei zerbait berezia, geure ontzia eskaintzea zen. Espero genuen, bestalde, beraiekin —tranbian eta hondartzan uzkur samar agertu ziren— ontzian zorakeriaren bat egitea, nahiz eta oraindik ez jakin zer izan zitekeen.

        Mahlkek arratsaldea hondatu zigun. Nola izotz-hauskailuek behin eta berriz ireki behar izan zuten portu-sarrera ondoko kanala, izotz-koskoak mordotu egin ziren ontziaren aurrealdean eta, ezpaldurik eta metaturik, haizeak jotzean soinu egiten zuen eta zuhiko gaineraikinaren parte bat estaltzen zuen horma arrakalatu bat eratzen zuten. Izotzezko hesira, gutxi gorabehera giza beteko garaierakora igo eta neskatilak guganaino jaso ondoren bakarrik ikusi genuen Mahlke. Zubia, bitakora, bentiladoreak atzealdean eta geratzen zen gainerako guztiak eguzki izoztu batek alferrik milikatzen zuen bonboi glaseatu zuri-urdinxka handi bakarra eratzen zuen multzoan. Kaio bakarrik ez. Kanpoaldean zeuden, badian preso hartutako zamarien hondakinetan.

        Jakina, Mahlkek berokiaren iduna altxatuta zerabilen, tapabokia kokotseraino lotua eta kateorratza aurrean zuela. Ez zeukan ezer buruaren eta ileko arraiaren gainean; bai, ordea, belarri-estalki beltz batzuk, zaborlariek eta garagardo-banaketariek erabiltzen dituztenak bezalakoak, zeinek zeharraga baten erara arraia gurutzatuz zerrenda batez batuta eta tenkatuta eusten zien biribil eta beltz zapaltzen eta bestela banaturik edukitzen zituen belarri haiei.

        Ez zen gutaz ohartu, izotz-estalkian ari baitzen lanean branka gainean, eta beroturik aurkitzen zen, nonbait. Aizkoratxo batez izotzean zulo bat irekitzen ari, gutxi gorabehera geruzapean brankako eskotila aurkitzen bide zen tokian. Kolpe bizkor eta lehorrez estolda baten tamainako irekidura biribil bat egiten ari zen. Schillingek eta biok hesitik zubira salto egin genuen, lagundu neskatilei jaisten eta aurkeztu egin genizkion. Ez zuen goanteak kendu beharrik izan. Aizkorak bere ezker-eskuinera pasatzea besterik ez zuen egin, eta gutako bakoitzari eskuin berotu hazkuragile bat luzatu zigun, zeina berehalaxe aizkorara bihurtu zen eta irekidurari ekin zion, guk geure eskua luzatu genionean. Bi neskatilak aho-zabalik geratu ziren. Hortzatxoak hoztu egin zitzaizkien. Arnasa aintzigarra bezala itsasten zitzaien buruan jantzitako zapietan. Begi handiez begira-begira zeuden burdinak eta izotzak elarri hozka egiten zioten tokira. Schilling eta biok bazterturik sentitu ginen, baina amorrua ematen bazigun ere, bere murgilari-balentriez, eta horrela udaz hitz egiten hasi ginen: —Plakatxoak, eta su-itzalgailu bat, kontserbak jaso izan ditu, egia, irekigailuarekin batera, eta barruan giza haragia zegoen. Eta fonografotik, goian zegoela, zerbait irten zen arrastaka, eta behin honek...

        Neskatilek ez zuten dena ulertzen, galdera inozoak egin eta zuka mintzatzen zitzaizkion Mahlkeri. Berak aizkoraz joka segitzen zuen atergabe, belarri-estalkidun buruari eragiten zion ahots ozenegiz izotzaren gainean bere murgilari-balentriak barreiatzen genituenean, eta hala ere, noizean behin ez zuen ahazten tapabokia eta kateorratza bere lekuan zeudela ziurtatzea esku libreaz. Esan beharreko guztiak esan eta hotzikaratan hasi ginenean, hogei kolpez behin eten egiten zuen zeregina eta, erabat tentetu gabe, hitz apal eta informazio objektiboz betetzen zituen tarteak. Ziur eta ezbaiti aldi berean, bere ahalegin txikiak azpimarratzen zituen, ez zien kasurik egiten espedizio ausartei, gehiago hitz egiten zuen minadragatzeko bustiaren barruko lanaz abenturez baino, eta gero eta sakonagotzen ari zen izotzetako irekidura. Ez, nire lehengusinak ez ziren Mahikez gustaturik geratu, horretarako hitzak aukeratzean zabar eta piperrik gabe agertu zen. Bestalde, haietako inor ez zatekeen itsutuko aitonatxo batek bezala belarri-estalkiak zerabiltzan batez. Baina guk biok bazterturik segitzen genuen. Bi umegorri bihurtu gintuen, sudurrak tantaka zituztela, nabarmenki egoeraz kanpo zeudenak; eta harez gero neskatilek goitik behera begiratuz tratatu gintuzten itzuleran.

        Mahlke gelditu egin zen, zuloa amaitu egin nahi zuen eta eskotilaren gainean doi-doi asmatu zuela ziurtatu nahi zuen. Egia da ez zuela esan: —Zaudete nik amaitu arte. Baina, hala ere, ordurako izotz-hormaren ondoan geundela, gure abiada bost minutuz berandutu zuen ahopean hitz eginez, ez gure aldera, baizik eta badiako zamari izoztuen aldera, eta bizkarra erabat inoiz tentetu gabe.

        Laguntzeko erregutu zigun. Ala agindu egin zuen kortesiazko eran bazen ere? Kontua da gure urak ziri erara egindako irekidurara isurtzeko eskatu zigula, gure pixa beroaz izotza urtzeko asmoz, edo gutxienez biguntzeko. Eta Schilling edo nik esan ahal izan baino lehen: «Ez duk zilora sartzen», edo: «Honakoan egin diagu», nire lehengusinak pozez eta laguntzeko gogoarekin erantzun zuten: —Bai horixe! Baina bestaldera begiratu behar duzue, eta zuk ere bai, Mahlke jauna.

        Mahlkek non kukuldu behar zuten biei argitu zienean —txorrotak beti leku berean eman behar zuela zioen, bestela ez zuela ezer balio—, igo zen hormara eta gurekin hondartza aldera bihurtu zen. Eta gure atzealdean bi iturriak aldi berean bi duo ozen eratuz barre irato eta murmurio artean zerien bitartean, gu Brósen aurreko inurri-borbor beltza eta nasa izoztua begiesten geunden. Itsas Pasealekuko lertxun zenbatuak hamasei bider azukreztatuak. Soldaduaren Oroigarriko ganga urreztatuak, Brösengo basotxoan obelisko baten gisara nabarmentzen zenak keinu kitzikatuak egiten zizkigun. Igandea zen nonahi.

        Neskatilen eskiatzeko frakak berriro igo eta gu berriro behean egon ginenean geure zapaten puntak irekiduraren inguruan genituela, zirkuluak lurrina zeriola segitzen zuen, batez ere Mahikek, aizkora erabiliz, arretatsu gurutze batez markatutako tokietan. Ura hori-zurbil ageri zen hobian eta grakada arin batez ari zen iragazten. Irekiduraren ertzak urre-berdexkaz tindaturik zeuden. Izotzak soinu negartia egiten zuen. Usain sarkorra gelditu zen, zeren ez baitzegoen hura gaindituko zuen beste usainik eta luzaroan iraun eta gogorragotu egin zen, Mahlkek berriro aizkoratxoaz suharrean ekin eta suil normal bat ia betetzeko adina izotz-mami irekiduratik karrakatu zuen. Batez ere, markaturiko bi tokietan zuloak egitea eta horrela sakonera irabaztea lortu zuen.

        Geruza zuria alde batean pilaturik egon zenean, izotzarengatik segituan gogortuz, Mahlkek beste bi toki markatu zituen. Neskatilek itzuli egin behar izan zuten, guk txarraterak askatzen genituen bitartean eta izotz-geruzaren zenbait zentimetro gehiago bigunduz eta beste bi zulo eginez lagundu genion, nahiz eta behar bezain sakonak ez izan. Berak ez zuen bere urik jaregin. Guk ez genuen horretara gonbidatu, aitzitik beldur ginen neskatilek horretara zirikatuko ote zuten.

        Guk amaitu bezain laster eta lehengusinek ahoa zabaldu orduko, Mahlkek bidali egin gintuen. Berriro hormaren gainean geundela, atzera bihurtzean, tapabokiari kokotsa eta sudurraren gainera tira egin ziola kateorratzarekin batera, lepoa agerian utzi gabe. Artilezko bolatxoek edo borlek, gorriz eta zuriz zirtatuek, aire berria hartu ahal izan zuten tapabokiaren eta beroki-idunaren bitartean. Berriro aitzurrean ekin zion guk eta neskatilek utzitako aztarna marmarti hartan, makurtu zuen bizkarra garbitoki-lurrinezko beloen atzean, zeinetan eguzkia induska ari baitzen.

 

 

        Brösenerako itzuleran beratzaz bakarrik mintzatu ginen. Bi lehengusinek, txandaka edo aldi berean, batzuetan erantzun ezinezkoak ziren galderak egiten zituzten. Baina gazteenak jakin nahi izan zuenean zergatik Mahlkek tapabokia kokotseraino, benda gisara, erabiltzen zuen, eta zaharrenak ere tapabokiari ekin ziolarik, Schilling aukeratxoaz baliatu eta Mahlkeren zintzur-sagarra deskribatzen hasi zen bozioa balitz bezala. Irenste-mugimendu bapikatuak ere egin zituen, imitatu zuen Mahlkeren mastekatzeko modua, erantzi zuen eskiatzeko txanoa, partitu zuen aieruz arraia atzamarrez buruaren erdian eta azkenean lortu zuen, neskatilek barre egitea, Joachim Mahlke barregarri eta burutik jota zegoela esateraino.

        Hala eta guztiz ere, hire konturako garaipentxo hori gorabehera, —neuk ere eskupekoa eman eta imitatu nian Ama Birjinarekiko hire harremana—, lehengusinak Berlinera itzuli ziren aste bete geroago, guk haiengandik ezer garbian atera gabe, zineko musukatze derrigorrezkoaz aparte.

 

 

        Ezin dezakete hemen esan gabe utzi, biharamunean goiz samar tranbia hartu eta Brösenera joan nintzela, lasterka egin nuen izotzaren gainean kostaldeko laino itsuan barrena, ia-ia ontziarekin tupust egin nuen, eta brankaren gainaldeko zuloa amaiturik aurkitu nuen, gauez berriz eratu zen izotz-geruza lodi berria kostata hautsi nuen zapata-takoiaz eta badaezpada eraman nuen aitaren bastoi batez, zulatu, aitzurtu eta burdin-puntadun bastoiaz, izotz-mamien arteko hutsune gris-beltzean eragin nion. Ia heldulekuraino desagertu zen, urak ia estali egiten zidan goantea, eta bat-batean branka jo zuen puntak, ez, brankan ez, lehenik hutsartean jo zuen, eta nik bastoiari izotz-zuloaren ertzean albora eragitean, orduan erresistentziarekin topo egin zuen behean: burdina burdinan lerrarazi nuen: eta brankan estalkirik gabe irekita zegoen eskotila zen hain zuzen. Plater bat beste baten azpian geratzen den bezala bi plater batera jartzen direnean, zegoen eskotila izotzezko zuloaren azpian— gezurra, ez zegoen pare-parean, ez da ezer pare-parean egoten: edo eskotila zerbait handiagoa zen edo izotzezko zuloa zerbait handiagoa zen; baina nahikoa parean zegoen irekita eskotila, eta Joachim Mahlke zela eta esnegainezko bonboiaren gozoa zuen harrotasuna sentitu nuen eta gogoz oparituko nian neure eskuturreko erlojua.

 

 

        Hamar minutu onak egin nituen han, berrogei bat zentimetroko lodiera zuen izotzezko estalkiaren inguruan eserita. Izotz-koskoaren bigarren hereneko behealdearen inguruan aurreko eguneko pixaren aztarna hori argia zegoen. Lagundu egin ahal izan genion. Baina Mahlkek zere zuloa bakarrik ere egingo zukeen. Gauza ote zen gero ikuslerik gabe zerbaitetan aritzeko? Ba ote zegoen bere buruari bakarrik erakusten zion zerbait? Zeren kaioek berek ere ez baitzuketen hire izotzeko zuloa miretsiko, ni etorri izan ez banintz hi mirestera.

 

 

        Beti izaten zituen ikusleren batzuk. Eta «beti» baldin badiot, eta ontzian zegoenean eta izotzetan bere zuloa egiten ari zela ere, aurrean edo atzean beti Ama Birjina zeukan, eta bere aizkoratxoarekin begiztatzen zuen, beratzaz suharturik zegoen, Elizak arrazoia eman beharko lidake; baina nahiz eta Eliza ez gauza izan Ama Birjinarengan Mahlkeren arte-obratxoen miresle irmoa ikusteko, hark arretaz so egiten zion; zeren ziur baitakit hori: aurrena akolito izan nintzen Wiehnke erreberendoarekin Jesusen Bihotzaren Elizan, eta gero Gusewskirekin Andre Mariaren Kaperan. Eta oraindik meza laguntzen segi nuen ia neure garapenarekin bateratsu aldareko magian fedea galdu nuelarik. Harat-honat ibiltze guzti hura nuen atsegin. Nekatu ere egiten ninduen. Ez nituen oinak arrastaka erabiltzen ohitura denez. Inoiz ez naiz ziur egon, gaur egun ere ez, zerbait ote dagoen aurrean, atzean edo tabernakuluan bertan... dena den, Gusewski erreberendoa beti pozik egoten zen, bere bi akolitoen artean ni alboan edukiz gero, zeren Ofertorioaren eta Sagara bitartean zigarro-paketeen kromoak trukatzen ez bainintzen inoiz ari izaten, bere beste mutikoen artean ohi zenez, txilinei ere ez nien durunditan egoten uzten eta meza-ardoaz ere ez nuen traturik egiten. Zeren akolitoak barrabas hutsak baitira, ez bakarrik beren ohiko kinkileriak aldare-mailetan barreiatzen dituztelako eta beren artean txanponak edo bola-kuxineteak jokatzen ibiltzen direlako, baizik eta berriketan zihardutelako gradual otoitzetan eta mezako testua jaso ordez edota latinetik latinerako tartean, zerbitzuko edo hondoratutako gerraontzien xehetasun teknikoei buruz: «Introibo ad altare Dei — Zer urtetan uretaratu ziaten Eritrea gurutzeroa? —Hogeita hamaseian. Berezitasunak? — Ad Deum qui laetificat juventutem meam — Ekialde-Afrikako gurutzero italiar bakarra. Desplazamendua? — Deus fortitudo mea — Bi mila ehun eta hirurogeita bi. Nudoak? — Et introibo ad altare Dei — Ez zekiat. Artilleria? — Sicut erat in principio — Hamabosna zentimetroko sei, zazpi koma seinako lau... gezurra! — et nunc et semper — Ez, egia! Nola diate izena alemaniar artilleriako eskola-ontziek? — et in saecula saeculorum. Amen Brumrner eta Bremse diate izena.

        Gerora jadanik ez nuen segitzen Andre Mariaren kaperan erregularki laguntzen, eta Gusewski erreberendoak joateko eskatzen zidanean bakarrik joaten nintzen, bere mutikoek huts egiten ziotenean igandetako martxak zirela edo Negu Sorospenerako diru-bilketa egiteagatik.

        Hau guztia esan beharra dago aldare nagusiaren aurrean zer leku neukan deskribatzeko, zeren aldare nagusitik behatzen bainuen nik Mahlke Ama Birjinaren aurrean belaunikatzen zenean. Eta haren errezoak! Hura txahal-begirada zeukana! Begiak gero eta beirazkoago jartzen zitzaizkion, eta ahoa, garrazturik eta puntuaziorik gabe mugitzen zitzaion. Hondartzan jaurtikitako arrainek horrelatsu aritzen dira arnasestuka aire bila.

        Imajina honek erakuts lezake zeinen arduragabeki Mahlkek errezatzen zuen. Gusewski erreberendoa eta biok aulkian zehar jaunartzaileak despatxatu eta Mahlkerengana iristen ginenean, zeina, aldaretik begiratuta, ezkerraldeko muturrean belaunikatzen baitzen beti, han belaunikatzen zen, arreta guztiak, tapabokia eta kateorratza alde batera utzirik, begi zurrunak jarri, bere erdiko arraiarekin burua atzera bota, mihia atera eta jarrera horretan agerian uzten zuen bere zintzurreko sagua, nik neure eskuaz harrapatu ahal izango nuena: hain babesgabe geratzen baitzen animaliatxoa bitartean. Baina Mahlke agian konturatzen zen bere ikusmira libre zebilela eta bazebilela. Eta baliteke gehiegizko irenstez lagundu ere egitea, alde batera zegoen Ama Birjinaren beirazko begiak erakartzeko asmoz. Zeren ezin baitut sinetsi eta ez dut nahi ere, hik inoiz gauzarik txikiena ere egin duanik ikuslerik gabe.

 

 

 

© Gunter Grass

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Gunter Grass / Katua eta Sagua" orrialde nagusia