III
Ez zen itxura onekoa. Horretarako zintzur-sagarra konponarazi beharko zukeen. Bazitekeen dena kartilago horren baitan egotea.
Baina gauzak bazituen bere konpentsazioak. Bestalde, ez dago dena proportzioen arabera demostratzerik. Eta bere arima ez zidan inork aurkeztu. Ez nuen inoiz entzun zer pentsatzen zuen. Azkenean, bere lepoa eta kontrapisu ugariak geratzen dira bakarrik. Eta eskolara eta bainu-etxera margarinazko enparedatu-piloak eramatea eta ikastaldian edo uretara sartu baino lehen irenstea, bere zintzur-sagarrari buruzko aztarnatzat bakarrik hartu behar da, zeren saguak karraska aritzen baitzen eta ez zen asetzen.
Ama Birjinaren aldare aurreko bere otoitzak ere geratzen dira oraindik. Gurutziltzatua ez zitzaion bereziki interesatzen. Mira sortzen zuen lepoaren igotze eta jaiste hura erabat inoiz ez gelditzea atzamar-puntak otoitzera elkartzen zituenean, aitzitik otoitz egitean berantailuz irensten zuen, eta bere eskuen jarrera estilizatuegiaz igogailu batetik desbideratzea lortzen zuen, zeinak bere alkandoraren eta kordela, kordoia eta katetxoaren eranskinen gainetik beti ekinean baitziharduen.
Gainerakoan, neskak ez zitzaizkion gehiegi interesatzen. Izan al zuen arrebarik? Nire lehengusinek ere ezin izan zioten lagundu. Tulla Pokriefkerekiko bere harremana, ez da kontuan hartzekoa, oso izaera berezikoa baitzen eta, zirko-saio gisa —ordurako pailazo izan nahi zuen— izango zukeen erakarmenik, zeren Tullak, txotxak bezalako hankak zituen neska luxanga bat, berdin-berdin izan zitekeen mutila. Nolanahi ere, zera hauskor horrek gogoak ematen zionean gurekin igerian egiten zuen bigarren udan ontzira joan ginenean, ez zuen inoiz lotsa apurrik ere sentitu guk bainujantziak eranztean, eta herdoilaren gainean biluzik hanka-zabal jartzean eta hutsa edo ezer gutxi arduratzen zen gutaz.
Tullaren aurpegia puntu eta koma soil batez irudika zitekeen. Behatzen artean benetako igeri-mintzak zeuzkala pentsa zitekeen, hain bizkor mugitzen baitzen uretan. Beti, ontzian ere bai, algak, kaioak eta herdoil azidotua gorabehera, zurgin-kolaren hatsa zerion, zeren bere aitak osabaren zurgindegian kolarekin lan egiten baitzuen. Hezurra, azala eta jakin-mina besterik ez zen. Lasai, kokotsa esku-ahurrean zuela, begiratzen zuen Tullak, Winter eta Eschek, gehiago ezinik, beren zerga ordaintzen zutenean. Bizkarra okerturik eta bizkarreko hezurrak oso nabarmenduak zituela kuzkurtzen zen Winterren aurrean, zeinari beti asko kostatzen baitzitzaion amaitzea, eta marmar egiten zuen: —Kontxo, ez duk gutxi kostatzen!
Eta azkenean zera etortzen zenean eta herdoilaren gainean parrast egiten zuenean, Tulla aztoratzen hasten zen; ahozpez amiltzen zen, sagu-begitxoak jartzen zituen, eta begira-begira egoten zen, auskalo zer igarri nahian bezala; berriz kuzkurtzen zen, belaunikatu, jaiki eta, zangoak gurutzatuz, oineko erpuru mugikorraz astintzen zuen, harik eta herdoil-kolore gorrixkarekin bitsetan jarri arte. —Primeran, motel. Orain hik egin behar duk, Atze.
Jolastxo honetaz —eta benetan gauza errugabea zen— ez zen inoiz aspertzen. —Berriz egin behar duk. Nork ez dik oraindik egin? Orain hik egin behar duk —erregutzen zuen sudur-ahotsez.
Beti aurkitzen zuen, gogorik ez izan arren ere, lanari ekingo zion lelo edo onberaren bat, herak zerikusia izan zezan. Tullak hitz zirikagarri egokia aurkitu arte, hartan nahastu gabeko bakarra —eta horregatik deskribatzen da hemen olinpiada hau— Joachim Mahlke igerilari eta murgilari handia izan zen. Horrela, bada, jadanik Bibliak herak ere badakarren zeregin hari ekin baino lehen, bakarrean edo, Aitorlearen Gida-n ageri denez, zenbaiten artean, Mahlkek ez zuen inoiz bainujantzia eranzten eta Hela aldera begira-begira egoten zen. Ziur geunden etxean, bere gelaxkan, hontz zuria eta Madonna Sixtinoaren artean kirol berean aritzen zela. Baina egun batean uretatik irten zen, hotzikaratan ohi bezala eta erakustekorik ezer gabe. Schilling ordurako behin lan eginda zegoen Tullarentzat. Kabotai ontzi bat bere kabuz sartzen ari zen. —Berriz egik —erregutzen zion Tullak, Schilling baitzen gehien ahal zuena. Badian ez zen ontzi bakar bat ere ageri. —Bainuaren ondoren ez. Bihar berriz —Kontsolatu zuen Schillingek, eta Tullak bira eman orpoen gainean eta behatz hedatuen gainean balantza egin zuen Mahlkeren aurrean, zeina ohi bezala hortzei klaskaka baitzegoen bitakoraren itzalpean baina oraindik pikotxean jarri gabe. Une hartan branka-kanoidun altuerako atoiontzi bat ari zen irteten.
— Hi ere gauza al haiz? Egik, mesedez. Ala ez haiz gauza? Ez duk nahi?
Ez haiz ausartzen?
Mahike erdizka irten zen itzalpetik eta Tullari bere aurpegitxo konprimituan eman zion ezker-eskuin eskuaren gainaz eta ahurraz. Eztarriko zera hark zoro-moro ekin zion. Destorlojailua ere eroturik zebilen. Jakina. Tullak ez zuen negar-malkorik isuri, baizik eta barrez egin zuen marraka, ahuntzak bezala ahoa itxirik zuela; arkutu egin zitzaion aurrez aurre, bira eman zien gomazko bere gorputz-adarrei eta zango txotxen artean nekerik gabe eraturiko zubian zehar Mahlkeri begiratu zion, harik eta honek, berriz ere itzalpean —eta atoiontzia ipar-mendebalerantz bira ematen ari zen— esan zuen: —Tira. Ia azkenean aho hori ixten dunan!
Tullak segituan utzi zuen zubia eta ohi bezala makurtu zen zangoak gurutzaturik, Mahlkek bainujantzia belauneraino eraitsi zuen bitartean. Haurrak txunditu egin ziren txotxongilo-teatroaren aurrean: eskuineko eskuturraren zirkin labur batzuk aski izan ziren eta zakila hainbeste loditu zitzaion, non zakil-punta bitakoraren itzalpetik irten eta eguzkitan geratu zen. Guztion artean zirkuluerdi bat eratu genuenean bakarrik bihurtu zen berriro itzalpera Mahlkeren tente-gixona.
— Utziko al didak, pixka bat, pixkatxo bat bakarrik? —Tulla ahozabalik zegoen. Mahlkek baietz esan zuen buruaz eta eskuin-eskua beheratu egin zuen, baina atzamarrak oratzeko bezala zituela. Tullaren esku beti atzamarkatuek galduta ekin zioten zera hari, zeina eri-mami haztatzaileen azpian tamainaz handitu zen, zainak hanpatu eta buztan-mokoa hazaraziz.
— Neurtuion! —oihu egin zion Jürgen Kupkak. Batzuetan zabal eta besteetan estu hedatu behar izan zuen Tullak ezker-eskua. Norbaitek eta gero beste norbaitek marmarka esan zuen: —Gutxienez hogeita hamar zentimetro—. Hori ahoberokeria zen noski. Schilling, gure artean txitxilik luzeena zeukanak, berea atera behar izan zuen, tentetu eta bestearen alboan jarri: Mahlkerena zenbaki batez lodiagoa zen, bigarren, pospolo-kaxa batez luzeagoa, eta hirugarren itxura nagusiago, arriskutsuago eta adoragarriagoa zeukan.
Beste behin erakutsi zigun eta berriz ere erakutsi zigun segituan, bi aldiz bata bestearen ondoren esku barrutik —guk esaten genuenez— zerbait ateratzean. Belaunak erabat hedatu gabe Mahlke zutik zegoen karel mailatuaren ondoan, bitakoraren atzealdean, eta Neufahrwasserreko portuko sarrerako buiari begira-begira zegoen, urrunduz zihoan altuerako atoiontziaren ke zapala agian begiez segituz eta une hartan irteten ari zen kaio-motako torpedari batengatik distraitu gabe, eta osorik bere isla erakusten ari zen, ertzetik zertxobait azaltzen ziren behatzetatik hasi eta bere arraia partituaren ur-isurkiraino: eta ohargarria zen nola konpentsatzen zuen bere sexu-atalaren luzerak bere zintzur-sagarraren ohiko irtentasun deigarria eta bere gorputzari harmonia bitxi baina orekatua ematen zion.
Kareletik lehen deskarga egin bezain laster, Mahlkek berriro ekin zion. Winterrek denbora hartzen zion eskuturreko erloju hermetikoarekin: irteten ari zen torpedariak uhin-urragailuaren muturretik sarrerako buiara joaten behar izan zituen segundo berak gutxi gorabehera, behar izan zituen Mahlkek ere; ontziak buia pasatzean, aurrenekoan adinako zortea izan zuen: makurturik barre egin genuen itsaso leun, oso nekez kizkurtzen zen hartan kulunkatzen zen zera hartara kaioak oldartzean eta txilioka gehiago eskatzean.
Exhibizio hau Mahlkek ez zuen gehiago errepikatu beharrik izan, zeren gutako inork —nolanahi ere igeriketa eta murgilketa unagarriaren ondoren ez behintzat— ez baitzuen inoiz bere marka berdintzerik lortu. Zeren, zernahi egiten genuela ere, kirolari gisa aritzen ginen eta arauak kontuan hartuz.
—Tulla Pokriefke, zuzenkien zirrara eragin ziona, atzetik ibili zitzaion denboraldi batean, beti pikotxean jartzen zen bitakoratik hurbil eta Mahlkeren bainujantziari begira-begira egoten zen. Pare bat aldiz erregutu ere egin zion, baina berak uko egin zion, haserretu gabe.
— Aitortu egin behar izan al huen?
Mahlkek baietz esan zion buruaz eta kordoitik zintzilik zerabilen destorlojailuarekin jolas egin zuen, haren begirada saihestearren.
— Ez al nauk noizbait behera eramango? Bakarrik beldurra ematen zidak, jokatuko niake oraindik hildakoren bat dagoela hor behean.
Segur aski arrazoi pedagogikoengatik eraman zuen Mahlkek Tulla brankara. Luzaroegi egon zen behean berarekin, zeren gora ekartzean hori-gris baitzegoen Mahlkeri helduta eta gorputz arin erabat laua ahozpez jarri behar izan genuen.
Egun hartatik aurrera, Tulla Pokriefkek oso gutxitan lagundu gintuen, eta nahiz eta bere adineko beste neskatilak baino ausartagoa zen, behin eta berriz amorrarazten gintuen ontziko marinel hila zela eta. Baina bere betiko leloa zuen. —Igotzen didanari, baimena emango diot —agintzen zuen sari gisa.
Baliteke aitortu gabe guztiok —gu brankan eta Mahlke makina-gelan— marinel poloniar erdi-ustel baten bila ibiltzea; ez mukizu hari jotzearren, haizik besterik gabe, egiteagatik.
Baina Mahlkek berak ere ez zuen ezer aurkitu, belarrez estaliriko kinkileria hauskorra izan ezik, zeinetarik gasterosteoak ziztu bizian irteten ziren, harik eta kaioak konturatu eta on egin! esaten zuten arte.
Ez, Mahlkek ez zion Tullari jaramon handirik, nahiz eta gerora berarekin zerikusiren bat bazuela esaten zen. Ez zuen neskatarako zaletasunik, ezta Schillingen arrebarenganako ere. Eta Berlingo nire lehengusinei, berriz, arrain batek bezala begiratzen zien. Zaletasunik bazuen, mutilenganakoa zuen, horrenbestez ez dut esan nahi alderantzikatua zenik; urte haietan, bainu-etxearen eta hondoa jotako ontziaren artean dilindan genbiltzanean, ez genekien oso zehatz, gizonezkoak ala emakumezkoak ginen. Egia esan —nahiz eta gerora horren kontrako esamesak eta frogak izan ziren—, kontua da Mahlkerentzat Ama Birjina katolikoa beste emakumerik ez zegoela. Beragatik bakarrik eramaten zuen Andre Mariaren kaperara, lepotik zintzilik, eraman eta erakuts zitekeen ur guztia. Egiten zuen guztia, murgilketatik hasi eta geroko eta gehienbat izaera militarrekoak ziren bere balentrietarainokoak, beragatik egiten zuen, edo bestela —berriz ere neure hitzak jan beharrean nago— bere zintzur-sagarra oharkabean pasarazteko. Agian, azkenik, eta horregatik Ama Birjina eta sagua albora utzi gabe, hirugarren zio bat ere aipa liteke: gure Institutua. Kutxa lizun eta aireztaezin hark, eta aulak bereziki, esanahi handia zuten Mahlkerentzat, eta gerora ezin gehiagoko ahaleginak egitera behartu hinduten.
Eta orain Mahlkeren aurpegiaz zerbait esateko ordua da. Gutako batzuk bizirik atera gara gerratetik eta hiritxo txikitan eta hiritxo handitan bizi gara; gizendu egin gara, ilea galtzen dugu eta, gutxi-asko bizimodua ateratzen dugu. Schillingekin Duisburgen mintzatu nintzen eta Jürgen Kupkarekin Brunsvigan, Kanadara emigratu baino zertxobait lehenago. Biek berehala ekin zioten zintzur-sagarrarekin: —Gizona, hark zian izatekoa eztarrian! Eta ez al genioan katua bota behin? Ez al hintzen heu izan...? —eta eten egin behar izan nuen: —Ez, ez naiz horretaz ari, bere aurpegiaz ari naiz.
Agindu bezala ados jarri ginen: begi gris edo gris-urdinak zituen, argiak baina ez distiratsuak, eta inondik ere ez nabarrak. Aurpegia, argala eta luzanga, gihartsua matrailondoen inguruan. Sudurra ez zuen bereziki handia baina bai mamitsua, eguraldi hotzarekin laster gorritzen zitzaiona. Garondo gangatuaz lehenago ere hitz egin dugu. Kostata bat etorri ginen Mahlkeren goi-ezpainaz. Jürgen Kupka nire iritzikoa zen: gora bihurtua eta irtena zeukan eta ez zuen inoiz erabat lortzen —murgilketan izan ezik, noski— goiko bi ebakortzak estaltzea, zeinak, bestalde, zutika ere ez baizik eta letagin gisara okertuak baitzituen. Eta laster hasi ginen zalantzatan, Pokriefke txikiak ere gora bihurtua eta ebakortzak beti erakusten zituela zeukala gogoratzean. Azkenerako ez geunden oso ziur Mahlke eta Tulla ez ote genituen nahasten goi-ezpainaren kasu jakin horretan. Agian neskak bakarrik zeukan horrelako ezpaina, zeren berak bai, halakoxea zeukan, ziur gainera.
Schillingek, Duisburgen —geltokiko jatetxean topo egin genuen, zeren bere emazteak ez baitzituen atsegin ustekabeko bisitak—, gogorarazi zidan gure ikasgelan zenbait egunez iskanbila sortu zuen karikatura hura. Uste dut berrogeita batean agertu zela gure artean tipo altu bat, azentuarekin baina jariakor hitz egiten zuena eta bere familiarekin Baltikotik ebakuatu zutena. Aristokratikoa, beti dotore, grekoa zekien eta liburu bat bezala mintzatzen zen: aita baroia zuen, eta neguan larruzko txanoa erabiltzen zuen beti. Izena —tira, Karel zuen ponte-izena. Bizkor eta oso ongi marrazten zuen, ereduarekin edo gabe: zaldiz tiraturiko eta otsoz inguraturiko trineoak, kosako mozkortuak, Stürmerrekoak bezalako juduak, neskatila biluziak lehoien gainean, gehienetan portzelanazko zangoak zituzten neskatila biluziak baina inoiz ez lohiak, edo boltxebikeak haurrak hozka zatikatzen, Hitler Karlomagnoz mozorroturik, lasterketa-autoak, zeinetan damak eserita zeunden haizetara txal luzeak zafraka zituztela; eta batez ere oso trebea zen pintzelaz, lumaz edo karionaz maisu eta ikaskideen karikaturak edozein paper-zatitan marrazteko, edo klarionaz, arbelean. Horrela marraztu zuen Mahlke, ez lapitz gorriz, baizik klarionari kirrinka eraginez arbelean.
Aurrealdetik marraztu zuen. Garai hartan Mahlkek jadanik bazerabilen burua partitzen zion eta azukre-urez finkaturiko arraia barregarria. Aurpegia triangelu bat zen kokotsean erpina zuena. Ahoa, garratz zimurtua. Ebakortzen aztarnarik ez, letagin gisara efektua egiten zutela. Begiak, puntu sarkor batzuk oinazez uzkurturiko bekainen azpian. Lepoa, kurbatsua, erdi-profilez, zintzur-sagar izugarri harekin. Eta burua eta sufrimenduzko aurpegieraren atzealdean, santuen aureola: Mahlke salbatzailea perfektua zen eta berehala izan zuen eragina.
Aulkietan leher-gaizto eginik geunden barrezka eta Karel Urlia edo Sandia dotoreari jadanik norbaitek botoietatik heldu eta aurrena ukabil hutsez ekin zionean bakarrik itzuli ginen geure senera, gero, ia biak banatu genituenean, lepotik erauzita zeukan altzairuzko destorlojailua, katedraren ondoan jo eta xehatzeko.
Neuk ezabatu nian esponjaz hire Salbatzaile-irudia arbeletik.
© Gunter Grass
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu