II

 

        Debozio hura, txantxetakoa al huen? Zuen etxea Westerzeilen zegoan. Hire umorea, batere baldin bahuen, oso berezia huen. Ez, hire etxea Osterzeilen zegoan. Auzategi hartako etxe guztiek itxura berekoak hituen. Hala ere, aski huen hik ogitarteko bat jatea gu barrezka hasi eta kutsatzeko. Eta miretsi egiten gintuan hire lepotik barre egin behar genuen bakoitzean. Baina behin batean Brunies irakasleak gure ikasgelako ikasle guztioi gerora zer lanbide-mota ekiteko asmoa genuen —ordurako bahekien igerian— eta hik erantzun huen: Nik pailazo izateko asmoa dut eta jendeari barre eragitekoa —areto laukizuzenean ez zen barrerik izan, eta ni ikaratu egin nintzen, zeren kontua da argi eta garbi pailazo izateko bere asmoa iragartzean, zirkoan edo beste edonon, Mahlkek hain aurpegi serioa jarri zuela, ezen egiazki beldur izatekoa baitzen egunen batean benetan gogoak ematea jendeari barrez leher gaizto eginik jartzeko, nahiz eta Ama Birjinaren jendaurreko gurtza soil baten bidez izan, lehoi eta trapezio-emanaldi banaren artean. Hala ere, potineko errezoa benetan izan huen, hala txantxetan henbilen?

        Osterzeilen bizi zen, eta ez Westerzeilen. Bizitza bakarreko etxea mota bereko beste bizitza bakarreko etxe batzuen alboan, tartean eta aurrealdean zegoen, eta batak eta besteak bakoitzaren zenbakiarengatik bereizten ziren edo, gehienera, bisiluen marrazkia edo tolesdura desberdinengatik, eta ia ezertxo ere ez aurrealdean zituzten jardintxoen sail kontraesankorrengatik. Bestalde, jardin bakoitzak zeukan bere txori-etxetoa, bakoitza bere kota eta apaindura beiraztatuekin: igel, perretxiko edo nanoekin. Mahlkeren etxe aurrean zeramikazko igel bat zegoen pikotxean. Baina baita hurrengo etxearen aurrean eta hurrenagokoan ere bazeuden zeramikazko igelak pikotxean.

        Labur esateko, hogeita laugarren zenbakia zen, eta Mahlke bizi zen, Wolswegetik honanzkoan kalearen ezkerraldeko laugarren etxean. Osterzeile, paraleloa zuen Westerzeile bezala, perpendikularki ebakitzen zuen Bürenweg kalea, zeinak paralelo baitzuen Wolfsweg. Wolfswegetik zetorrela Westerzeilen barrena jaisten zenak, ezkerretara, etxeetako teila gorrien gainetik, erraboila herdoilduan amaituriko kanpandorre baten aurreko eta mendebaleko aldeak ikusten zituen. Norabide berean Osterzeilen barrena zetorrenak eskuinetara eta teilatuen gainetik kanpandorre beraren aurreko eta ekialdeko aldeak ikusten zituen, zeren Kristoren Eliza Osterzeile eta Westerzeile bitarte-bitartean geratzen baitzen, Bárenwegez bestaldetik, eta bere lau esferak erraboila berdearen azpian zituela auzategi osoari ematen zion ordua, Max Halbe plazatik hasi eta erlojurik ez zuen Santa Maria kapera katolikoraino, eta Magdeburgeko kaletik, Schellmühlen ondoko Posadowskiwegeraino, langileak, enplegatuak, saltzaileak, ikastetxe publikoetako ikasleak eta Institutukoak, nola katolikoak hala protestanteak, lantokira edo eskolara beti orduan eta erlijio-motaren arabera sailkatu gabe helaraziz.

        Bere gelatik, Mahlkek kanpandorrearen ekialdeko esfera ikusten zuen. Ganbaran, horma zertxobait okertuen artean ezarri zuen bere gelaxka, euriak eta kazkabarrak zuzenean erditik banaturiko ilearen gainean zuela. Mansarda bat zen ohiko gazte-trasteleriaz betea, hasi tximeleten bildumatik eta zinema-artista hobetsien, ehiza-pilotu oparo kondekoratu eta tanke-jeneralen postal tamainako argazkietarainokoez: haien guztien artean Madonna Sixtinaren kromo markogabe bat nabarmentzen zen, aingeru masailtsuak behealdean zituela, jadanik aipaturiko Pilsudskiren domina eta Tschenstochaueko amuletu jaieratsu eta sagaratuarekin, Narvikeko torpedari-harrapagailuen komandantearen argazkiaren alboan.

        Neure lehen bisitakoan jadanik begia bete zidan hontz zuri disekatuak, Ni neu handik hurbil samar bizi nintzen, Westerzeilen: baina ez naiz mintzatuko hemen neure buruaz, baizik eta Mahlkez, edo Mahlkez eta neure buruaz, baina beti Mahlkerekiko zerikusian, bera baitzen ile-arraia erdian zuela zebilena, eta botak erabiltzen zituena, eta hau edo bestea lepotik zintzilik zeukana betiko katuaren betiko zintzur-sagarra jostaraztearren: bera belaunikatzen zen Ama Birjinaren aldarean eta murgilari beti eguzkiak erre berria, zeinak uzkurdura itsusiekin bazen ere, beti denoi aurrea hartzen zigun, igerian ikasi zuen bezain laster, eta geroago, eskola eta gainerakoa amaitu eta gero, zirkoko pailazo izan eta jendeari barre eragin nahi ziona.

        Hontz zuriak ere ile-arraia buruaren erdian zeukan, Mahlkek bezala, Jesukristo itxura oinazetu eta otzanki erabaki harekin, berezko hagineko minen bat balu bezala. Aitak eman zion hegazti ongi disekatu eta ukitu arin banaka batzuk bakarrik zituena, bere erpeez urki-adar bati oratzen ziona.

        Gelaskaren erdigunea niretzat, hontz zuria, Madonaren kromoa, Tschenstochaueko zilarkia ez ikusten ahalegintzen nintzenarentzat. Mahlkek, atalez atal, nekez ontzitik atera zuen gramofono hura zen. Segur aski ez zuen disko bakar bat ere han behean aurkitu. Bazitekeen han desegin izana. Kaxa moderno samarra, bere biradera eta orratzarentzako besoarekin jadanik zilarrezko domina eta beste pieza batzuk eman zizkion ofizial-ganbara hartan bertan miaketan zebilela aurkitu zuen. Kabina ontziaren erdi aldera aurkitzen zen, Hotten Sonntag berarentzat ere ezin iritsizko lekuan. Zeren gu brankaraino bakarrik jaisten baikinen, eta ez ginen ausartzen arrainek berek ere ozta-ozta dardara eragiten zioten manparoaz harantzago joatera, makina-gelaraino eta alboko kabina meharretaraino.

        Gure ontziko lehen uda-oporrak amaitu harro apur bat lehenago atera zuen Mahlkek gramofonoa —su-itzalgailua bezala hau ere Alemanian egina zen— segur aski hamabiren bat rnurgilada egin ostean, zeinetan kaxa arrabetez arrabete mugituz joan baitzen brankarantz eta eskotilaren azpiraino. Azkenean Minimaxa gora ekarri zuen soka beraren laguntzaz, gainaldera eta gu geunden zubiraino.

        Kaxa lehorreratu ahal izateko, zeinaren biradera herdoildurik zegoen, almadia bat inprobisatu behar izan genuen egurrez eta kortxoz. Txandaka eraman genuen atoian. Mahlkek ez zuen eraman.

        Handik aste betera, gramofonoa konpondurik, olioztaturik eta bere atal metalezkoak araztu berriak zituela, ganbaran zegoen. Disko-eroagailua feltro berriz estali zuen. Nire aurrean korda eman ondoren, Mahlkek abiarazi egin zuen aparatua, platera hutsik zuela biraka utzirik bere feltro berdearekin. Mahlke atzean zegoen besoak gurutzaturik, urki-adarrean kokaturiko hontz zuriaren alboan. Bere sagua patxadaz zegoen. Ni olio-pintura sixtinoari bizkarra emanez nengoen, tarteka plater huts, kulunka arinak egiten zituenari begira, tarteka ganbara-gelako leihotik eta teila gorrien gainetik Jesusen elizarantz begira, zeinak baitzuen esfera bat aurrealdean eta beste bat kanpandorre erraboiladunaren ekialdean. Seiak jo baino lehen, minadragatzekoaren gramofonoa gelditu egin zen durrunda erostari mekaniko bat zeriola. Mahlkek korda eman zion behin eta berriz, eta arreta sostengatua eskatu zidan bere errito berrian: zarata asko eta mailakatuak eta hutsean hiraka aritze ospatua. Orduan oraindik ez zeukan diskorik.

        Liburuak apala luze eta okertu batean zeuzkan. Asko irakurtzen zuen, baita erlijio-gaiak ere. Leihoaren sapailoko kaktusen, Wolf motako torpedari— eta «Grille» miaketari-modeloen ondoan, aipatzekoa da, gainera, beti han zegoen ur arredun baso bat, arasaren gainean eta palankanaren ondoan, eta hondoan hazbeteko lodierako azukre-geruza bat zeukan. Baso horretan, Mahlkek arretaz astintzen zuen goizero azukrea eta ura, aurreko eguneko jalkina inoiz banatu gabe, harik eta tindu esnekara bat lortu arte, bere ile ahul eta meheari trinkotasun apur bat emango ziona. Behin batean nahastura hura eskaini zidan eta ur azukreztatuarekin orraztu nintzen. Eta izan ere, eta finkagailu horrekin tratatu ondoren orrazturak zurrun eta beirazko iraun zuen gauera arte; baina buruan hazkura nuen eta eskuak itsaskor, Mahlkerenak bezala, hainbeste aldiz iletik pasatzeagatik. Baliteke esku itsaskorrak orain, gerora bakarrik nik imajinatzea eta izatez inoiz itsaskor ez eduki izana.

        Behean, hiru gelatan, zeinetarik bi bakarrik erabiltzen zituzten, bere ama eta beronen ahizpa nagusia bizi ziren. Biak isilik ibiltzen ziren Mahlke etxean zegoenean, eta zertxobait lotsor eta harro mutila zela eta, zeren Mahlke, nahiz eta eskolan lehena ez izan, ikasketako notak kontutan hartuz gero, ikasle ona baitzen. Gu baino urtebete zaharragoa zen, eta borrek meritu apurren bat kentzen zion lortutako emaitzei, amak eta izebak ohi baino urtebete geroago eskolara bidali omen zutelako, haurretan makala, gaixobera zelako.

        Baina ez zen ikasle porrokatua, baizik eta neurriz ikasten zuen, utzi egiten zion nahi zuenari bere koadernoetatik lanak kopiatzen, ez zuen inor salatzen eta, gimnasi klasean izan ezik, ez zuen ezertan aparteko gutiziarik erakusten. Gainera aiher nabaria sentitzen zuen hirugarren ikasturtekoen ohiko lardaskerien aurrean, eta esku hartu zuen, adibidez. Hotten Sonntagek, behin batean Steffen Parkeko aulkietan preserbatibo bat aurkitu, abartxo batez jaso, eskolara eraman eta gure ikasgelako ate-krisketean ezarri zuenean. Adar-jotze astun bat egin nahi zitzaion Treuge irakasleari, berez erretiroa hartuta egon beharko zuketen pedante gizarajo erdi-itsuari. —Hor zetorrek! —iragartzen ari ziren ordurako ahots batzuk korridorean, Halako batean irten zen Mahlke bere aulkitik, pauso bizkorrak eman, eta preserbatiboa erabilitako ogitarteko-paper batez harturik krisketetik kendu zuen.

        Ez zuen inork protestatu. Beste behin lezio bat eman zigun. Eta orain esan nezake: ikasle porrokatua izan gabe, neurriz ikasita bakarrik, nahi zuenari kopiatzen utzita, gimnasi klasean izan ezik gutiziarik erakutsi gabe eta ohiko lardaskeriatxotan esku hartu gabe, aparteko Mahlke hura zen berriro, partez nahita eta partez uzkurturik txaloak hiltzen zituena; Azken finean, egunen batean plazan agertu nahi zuen, agian eszenarioan, pailazo bezala trebatzen zen kondoi nazkagarriak krisketetatik kenduz, onarpenezko murmurioak jasotzen zituen eta ia pailazo bat zen barra finkoan bere tortsioak egitean. Zilarrezko Ama Birjinari hirak eraginez gimnasi aretoko egurats mingatzean. Baina txalorik gehienak udako oporretan biltzen zituen Mahlkek, ontzi urperatuan, nahiz eta lanak izaten genituen bere murgilketa saiatua zirkoko saio gisa imajinatzen. Barrerik ere ez genuen inoiz egiten, behin eta berriz ubeldurik eta hotzikaratan ontzira jaitsi, zerbait ekartzen zuenean, guri erakustearren ekarritako zerbait. Gehienera ere, miresmen pentsakorrez esaten genuen: —Hori duk hori, motel. Nahiago niake hire nerbioak banitu! Tipo txoro bat haiz, Joachim. Nola lortu duk hori destorlojatzea?

        Txaloak on egiten zion eta lasaitu egiten zioten eztarriko triskaria; txaloak, halaber, aztoratu egiten zuten eta bulkada berria ematen zioten triskariari. Gehienetan uko egiten zion txalo gehiago ekartzen zionari. Ez zen harroputza; Ez huen inoiz esan: —Egik heuk ere —edo—: Ea beste nork egiten duen? —edo—: Zuetako inork ez du oraindik egin nik herenegun egindakoa, lau bider bata bestearen atzetik behera jaitsi, ontziaren erditik sukalderaino joan eta kontserba-lata hura ekarri nuenean. Frantsesa zen, noski, igel-hankak zeuzkan barruan; txahalki-gustu pixka bat zeukan; baina zuek beldurra zenuten, ez zenuten dastatu nahi izan, nahiz eta lataren erdia neronek hustu nuen. Eta gero beste bat ekartzera joan nintzen, eta lata-irekigailu bat ere aurkitu nuen, baina bigarrena usteldurik zegoen: Corned Beef.

        Ez, Mahlkek ez zuen inoiz horrela hitz egiten. Zerbait apartekoa egiten zuen, adibidez kontserba-lata gehiago ekartzen zituen, inprimaturiko inskripzioen arabera jatorri ingeles edo frantsesekoak zirenak, ontziaren garai bateko sukaldetik, inguratzen zuen behean erdi-erabilgarria zen lata-irekigailu bat, zabaltzen zituen gure begien aurrean hitzik esan gabe latak, jaten zituen igel-hankatzakoak, mastekatzean gora eta behera eragiten zion bere zintzur-sagarrari —ahaztu zait esatea Mahlke berez jatuna zela, baina halere argal zegoela— eta lata erdi-hutsik zegoenean, hartatik dastatzera gonbidatzen gintuen, behartu gabe ordea. Eskertu bakarrik egiten genion, zeren Winter begira zegoela tranpal birakari hutsetako batera arrastaka joan eta portu-sarrerarantz zuzendurik luzaz egoten zen oka egin nahian.

        Jakina, Mahlkek erakuspeneko otordu honengatik ere txaloak hartzen zituen, muzin egin eta igel-hanken latako eta corned beef alferrikalduaren gainerakoaz kaioak bazkatzen zituen, zeinak jaten ari ziren bitartean harrapatzeko bezainbeste errebelatzen baitziren. Azkenean, jaurtikitzen zituen latak eta haiekin batera kaioak ere kareletik, garbitzen zuen hondarraz lata-irekigailua; hura bakarrik zen Mahlkerentzat gordetzeko modukoa. Ingeles destorlojailua bezala, han edo beste amuletuak bezala, erabiltzen zuen aurrerantzean, ez beti, baizik eta behiala minadragatzeko poloniarra izan zenaren sukaldera kontserba-lata bila joaten zenetan —ez zitzaion sekula urdaila hondatu— lata-irekigailu hura kordoi batekin lepotik zintzilik, zera hura alkandorapean erabiltzen zuen gainerako kinkileriarekin batera eskolan eta goiz-mezatara ere bai Mariaren kaperara; zeren, Mahlke jaunartzeko aulkian belaunikatzen zen bakoitzean, burua atzera bota, atera mihia, eta Gusewski erreberendoak hostia ezartzen zionean, apaizaren alboko akolitoak Mahikeren alkandora-iduna zelatatzen zuen: han herabilen hik dingilizka heure lepoan lata-irekigailua Madonnaren eta destorlojailu koipeztatuaren ondoan; eta nik miretsi egin behar hindudan, nahiz eta hik horri jaramonik ez egin. Ez; Mahlke ez zen askonahia.

 

 

        Igerian ikasi zuen urte bereko udazkenean, Sustapen Berritik bota eta Hitlerren Gazteriara pasatua izanak Jaschkentaleko Basoko goiz-festara bere sekzioa —beronen buru zen— zenbait igandez eguerdi artean eramateari uko egin ziolako, beraganako miresmen nabaria sortu zuen, gure ikastaldean behinik behin. Ohi bezala gure agerpenak erdi lasai eta erdi aztoratu harturik zituen eta etorkizunean ere zabartu egin zituen, orain Hitlerren Gazteriako kide soil gisa, igande-eguerdi arteko zerbitzua. Jakina, hamalau urtetatik aurrera gaztetxo guztiak gerizatzen zituen erakunde honetan, bere hutsunea errazago pasatzen ziren oharkabean, HG-ak Sustapen Berria baino diziplina gutxiagorekin zuzentzen baitzen eta elkarte laxoagoa baitzen, zeinean Mahlke bezalakoek aisa lortzen baitzuten oharkabean pasatzea. Gainerakoan, ez zen bihurri bat ere, zeren astean zehar erregularki esku hartzen baitzuen familia eta eskolatze-beilaldietan eta kanpaina berezietan ere laguntzen zuen, material zaharrak biltzen, gero eta sarriagoak zirenak, baita Negu-Sorospenaren aldeko diru-bilketetan, kalean latontzia astintzeak iganderoko bere goiz-mezari traba egiten ez baldin bazion. Mahlke kideak ezezagun eta kolorge iraun zuen gazteriaren antolakuntza ofizialean, batez ere Sustapen Berritik kanporatzea aparteko zerbait ez zelarik. Gure eskolan, aldiz, ontzian pasatu genuen lehen udatik hasita, ez ona eta ez txarra, aitzitik legendazko zerbait zen entzutea bereganatuz joan zen.

        Agidanez, aipaturiko gazte-antolakuntzarekin alderaturik, gure Institutuak askoz gehiago esan nahi izan zian hiretzat, luzarora, eskola arrunt batetik espero litekeena baino, bere usadio partez zurruna eta partez maitekor, bere ikasle-txano ikustetsu eta hainbeste bider aipaturiko bere eskola-izpirituarekin.

 

 

        — Zer gertatzen zaiok?

        — Niretzat ganbaran itoginak zeuzkak horrek.

        — Agian badik zerikusiren bat aitaren heriotzarekin.

        — Eta lepoko kinkileria hori?

        — Eta santujale bat egina zegok.

        — Ez dik zipitzik ere sinesten, ziur nagok.

        — Egia, errealistegia duk horretarako.

        — Eta lepoko zintzilikario hori zer ote dik?

        — Galdegiok, heuk bota hion behiala katua...

        Burua urratzen ari gintuan eta ezin hindugun ulertu. Igerian ikasi baino lehen hutsaren hurrengoa hintzen, noizbehinka ikasgelan galderaren bat egiten ziotena, gehienetan zuzen erantzuten zuena eta Joachim Mahlke zeritzona. Eta hala ere uste diat, lehen ikasturtean edo geroago, nolanahi ere heure lehen igeriketa-saioen aurretik, denboraldi batez aulki berean eserita egon gintuan. Edo heure lekua nire atzean heukan, edo nire parean ardiko sailean, ni Schillingen alboan leihoen aldetik eserita nengoelarik. Gerora esan ziaten bigarren urtera arte betaurrekoak erabili hituela, baina hori ere ez diat gogoratzen. Eta hire betiko botei ere ez niean jaramonik egin harik eta igerian emantzipatu eta lepoan bota-kordoia erabiltzen hasi hintzen arte. Garai hartan gertakari larriek astintzen ziaten mundua; hala ere. Mahlkeri zegokionez, bere kronologiak bitan banatzen zen: igerian ikasi aurrekoa eta igerian ikasi ostekoa. Zeren toki guztietan bezala, ez bat-batean, pixkanaka baizik, lehenik Westerplatten, gero irratian eta azkenik egunkarietan gerra hasi zenean, hura, igerian eta bizikletan ez zekien batxilergoko ikasle hura oso gauza eskasa zen, eta Czaika motako minadragatzekoa bakarrik, geroago erakusketak egiteko lehen aukerak eskainiko zizkiana, zebilen bere zeregin gerrazkoa burutzen, nahiz eta astebete gutxi batzuetan izan zen, Putziger Wieken, Badian eta Helako arrantzale-portuan.

        Poloniar flota ez zen handia, baina bai askonahia. Buruz genekizkien bere unitate moderno guztiak, batzuk Ingalaterran eta besteak Frantzian itsasoratuak, eta bere artilleria, tonaketa eta abiadurak nudotan hutsik egin gabe errezitatzeko gauza ginen, italiar gurutzero arin guztien eta brasildar korazatu eta monitore zaharkitu guztien izenak disparatzen genituen bezalaxe.

 

 

        Gerora Mahlke aurrena izan zen zientzia honetan ere eta abaila batean eta trabatu gabe errezitatzen zituen japoniar suntsiketa-ontziak, hogeita hemezortzian eraikitako Kasumi mota modernokoetatik hasi eta Asagao motako, hogeita hiruan modernizaturiko geldiagoetarainokoak: — Humiduki, Satuki, Yudiki, Hokaze, Nadakaze eta Oite.

        Poloniar flotari buruzko xehetasunak erraz buruan hartzeko modukoak ziren. Blyskawica eta Grom bi suntsiketa-ontziak zeuden, bi milana tona eta hogeita hamabi nudokoak, baina hauek gerra hasi baino bi egun lehenago itsasoratu ziren, portu ingelesetarantz jo eta ingeles flotaren barruan sartu ziren. Blyskawica-k oraindik ere badirau Gdingeneko gerra-marinako museo flotakor gisa ainguraturik dago eta eskolariek bisitak egiten dituzte bertara.

        Borza, mila eta bostehun tona zituen eta hogeita hamahiru nudoko abiadurara iristen zen suntsiketa-ontziak ere Ingalaterrarako norabide berari heldu zion. Bost urpeontzi poloniarretatik, Wilk, itsasketa-karta eta komandanterik gabe bidaia gorabeheratsu baten ondoren, eta Orzel, ehun mila tonakoak bakarrik lortu zuten ingelesen portuetara iristea. Rys, Zbik eta Semp urpeontziek Suedian internatzea eskatu zuten.

        Gerratearen hasieran Ddingen, Putzig, Heisternest eta Helan lehenago frantsesa izandako gurutzero zaharkote bat besterik ez zen geratzen, ontzi-eskola eta lotoki gisa erabiltzen zutena, eta Gryf minalaria, ontzi ongi artillatua, Havreko Normand ontzioletan eraikia, bi mila eta berrehun tonarekin, eta eskuarki karelean hirurehun mina eramaten zituena. Gainera, Wicher, suntsiketa-ontzi bakartzat, lehenago alemaniarrak izandako Marina Inperialeko torpedari batzuk, eta Czaika motako sei minadragatzeko haiek, hemezortzi nudoko abiadura hartzen zutenak, zazpi koma bost branka-kanoi batez eta tranpal birakarien gainean lau metrailadorez horniturik zeudenak, eta datu ofizialen arabera karelean hogeina mina eramaten zituztenak, jartzeko eta kentzeko gai izaki.

        Ehun eta laurogeita bost tonako ontzi haietako bat Mahlkerentzat espresuki eraikia izan zen.

        Itsas gerrateak Danzigeko Badian irailaren lehenetik urriaren bira iraun zuen eta, Hela Penintsularen kapitulazioaren ondoren, honako kanpo-emaitza soil hau erakutsi zuen: Gryf, Wicher, Baltyk poloniar unitateak eta Czaika motako hiru ontzi, Mewa, Jaskolka eta Czapla kiskali eta portuetan hondoratu ziren, bitartean Leberecht Maas alemaniar suntsiketa-ontzia artilleriako tiro batzuek matxuratu zuten eta eta M 85 minadragatzekoak tupust egin zuen Heisternestetik ipar-ekialdera urpeontzien kontrako poloniar mina batekin eta tripulazioaren heren bat galduz hondoratu zen.

        Beste hiru ontziak bakarrik atzeman zituzten, zertxobait matxuratuak, Czaika motakoak, eta Zuraw eta Czaika handik gutxira alemaniar zerbitzuan Oxthdft eta Westernplatte izenpean sarrarazi ahal izan zirelarik, hirugarrena, Ryhitwa, Helatik Neufahrwasserra atoian eramatean, urez betetzen, hondoratzen eta Joachim Mahlkeri itxaroten hasi zen, zeren berau izan baitzen hurrengo udan Rybitwa izena grabaturik zeuzkaten letoizko plakatxoak gainaldera eraman zituena. Gerora esan zuten poloniar ofizial batek eta itsas kabo batek, alemaniarren zaindaritzapean lemazaintzan ari zirenek ontzia hondorarazi zutela Scapa Flow deritzon prozedura ongi ezagunaren bitartez.

        Kontua da, arrazoi bat edo beste zela medio, kanalaren Neufahrwasserreko sarrerako buiaren alde batean hondoratu zela, eta nahiz eta egokiro hondoa jorik egon hondar-gune ugarietako batean ez zutela berriro flotarazi, baizik eta gainaldetik kanpora geratu zen zubien gainegiturekin, karelaren hondakinekin, bentiladore mailatuekin eta branka-kanoi desmuntatuaren tranpal birakariarekin, lehenik berandura gabe ezaguna bihurtu zen ikuskari estrainio baten gisa, hiri, Joachim Mahlkeri helburu bat eskainiz; beste gerraontziak, Gneisenau, berrogeita bosteko otsailean Gdyniako portu-sarreran hondoratu zutenak poloniar eskolariei helburu bat eskaini zien bezalatsu. Nahiz eta inoiz ez den jakingo Gneisenau-n murgilketan eta zakuratzen zebiltzan poloniar gazteen artean ba ote zegoen inor Mahlkeren suhar beraz urperatzen zenik.

 

 

 

© Gunter Grass

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Gunter Grass / Katua eta Sagua" orrialde nagusia