I

 

        ...eta behin batean, Mahlkek igerian bazekienean, belarretan etzanda geunden beisbol-zelaiaren alboan, nik dentistarengana joan beharko nukeen, baina ez zidaten uzten, zeren zaila baitzen ni aurrelaritzan ordezkatzea. Hortzak zarataka neuzkan. Katu batek gurutzatu zuen zeharka belardia eta ez zuen inork tira. Batzuk belar-txortenak mastekatzen edo haiei tiraka ari ziren. Katua zelai-arduradunarena zen eta beltza kolorez. Hotten Sonntag bere makila artilezko galtzerdi batez igurzten ari zen. Nire hortza jendaurrean agertu zen. Ordurako bi ordu generamatzan lehiaketan. Jipoia berotu ziguten eta orain errebantxaren zain geunden. Katua gaztea zen, baina ez mixinatxo bat. Estadioan sarri egiten ziren disparoak ate batera eta bestera. Nire hortza hitz bakar bat errepikatzen ari zen. Errautsezko pistan, ehun metrotako lasterkariak irteera praktikatzen zebiltzan edo urduri zeuden. Katua itzulinguruka zebilen. Hirumotoreko hegazkin bat, astiro eta ozen, zerua zeharkatzen ari zen, baina bere zaratak ez zuen nire hortzaren orroa itotzea lortzen. Belar artean, zelai-arduradunaren katu beltzak adurzapi zuria erakusten zuen. Mahlke lotan zegoen. Krematorioa, Hiltegi Batuen eta Eskola Tekniko Nagusiaren artean, ekialdetiko haizeaz ari zen lanean. Mallenbrandt irakasleak txilibitua jo zuen: —Erreserbakoen baloi-aldaketa! —Katua bere gisara ari zen. Mahlke lotan zegoen edo hala ematen zuen. Bere alboan, nik hortzeko mina neukan. Entrenaketan, katua hurbilduz joan zen. Mahlkeren zintzur-sagarrak arreta erakarri bide zion, handia izaki, atergabe mugitzen eta itzala egiten ari zelako. Mahlkeren eta bion artean, zelai-arduradunaren katu beltza tenkatu egin zen saltoa egiteko. Triangelua eratzen genuen. Nire hortza isildu eta ez zen gehiago jendaurrean agertu: orduan Mahlkeren eztarri-sagarra katuarentzat sagu bihurtu zen. Hain zen gaztea katua, eta hain mugikorra Mahlkeren puskatxoa! Nolanahi ere, katuak Mahlkeren eztarrira salto egin zuen; edo beharbada gutako norbait izan zen katua hartu eta Mahlkeri lepoan jarri ziona; edo bestela gutakoren batek katua hartu eta Mahlkeren lepoan jarri zuen; edo neuk, hortzeko minarekin edo gabe, oratu nuen katua, erakutsi nion Mahlkeren sagua: eta Joachim Mahlkek oihu bat egin zuen, baina harramaska arin batzuk besterik ez zituen izan.

        Eta orain nik, hire zintzur-sagarra katuari eta munduko katu guztiei erakutsi nien honek, idaztera beharturik aurkitzen nauk. Eta nahiz eta biok asmakizun hutsak izan, egin egin beharko niake. Bere lanbidearengatik biok sortu gintuenak behin eta berriz behartzen naik hire zintzur-sagarra eskuetan hartu eta garaile izaten edo porrot egiten ikusi zuten toki guztietara eramatera. Horrela, bada, utzi egiten zioat hasieran hire zintzur-sagarra destorlojailutik gora astin dadin, ipar-ekialdetiko haize-boladetara jaurtikitzen dut, oso goi Mahlkeren buruaren gainetik, lehertu arte jan duten kaio-saldo bat, udan gaudela zioat eta eguraldiak edertasun aldaezinean dirauela, uste diat bertan behera utzitako kaskoa Czaika-motako ontzi batena dela, sifoi-botilen beira lodiaren kolorea ematen dio Baltikoari eta, honetara egintza-lekua Neufahrwasserren sarrerako buiatik hego-ekialdera finkaturik, utzi egiten diot larrumintzari, zeinetatik ura txirristaka doakion, Mahlkeri oilo-ipurdi jar dakion, nahiz eta ez izan beldurra guritasuna kentzen diona, baizik eta urpean luzaroegi egoteak berekin dakarren hotzikarak.

        Eta, hala ere, aginte-zubiaren hondakinen gainean, han, kuzkurturik geundenetako inork, argal, besoz luzeak eta belaunak goratuak, ez zion Mahlkeri minadragatzekoaren branka hondoratura eta alboko makina-gelara berriro buzeatzera joateko esan, ontziaren erdirantz, han destorlojailuaz gauzaren bat askatzeko: torlojuren bat, gurpiltxoren bat edo zerbait oso berezia —adibidez letoizko plaka bat oharrak polonieraz eta ingelesez zituena, letra oso estutuz idatzia, makinetakoren bati buruz. Zeren kontua da kuzkurturik geundela garai batean Gdingenen eraikia eta bere egunean Modlinen uretaratua izan zen Czaika-motako dragamina izandako hartatik uraz kanpora irteten zen gaineraikin hartan, zeina aurreko urtean hondoratua izan baitzen sarrerako buiatik hego-ekialdera, hau da, kanaletik kanpo, eta horregatik ez zion inolako trabarik nabigazioari egiten.

        Harrez gero, kaioen zirinak lehortuz zihoazen herdoilaren gainean. Nolanahikoa zelarik ere eguraldia hegaz ageri ziren, bete eta leun, beirazko aleak ziruditen albo-begiekin, batzuetan bitakora-zatiak doi-doi ukituz, non eskuaz oratu zitezkeen, aldiz, beste batzuetan oso gora eta nahas-mahas egiten zuten bitartean, eta beti zirin mukitsuak jaurtikitzen zituzten hegada betean eta halako moldez, non aurrez deszifraezina zen plan baten arabera, inoiz ez baitziren itsaso bigunean erortzen, baizik eta beti, hutsik egin gabe, zubiaren gaineraikinaren herdoila jotzen zuten. Gogor, trinko eta karezko, zirinak menditxotan pilatuz zihoazen bata besteen alboan edo bata besteen gainean. Eta ontzian geundenean, beti zeuden atzazalak, eskuetakoak edo oinetakoak, zirina erauzi nahi zutenak. Horregatik hausten ziren, eta ez hortzikatzen genituelako—, Schilling salbu, hark egiten zuen hori eta eri-bizarrak zeuzkan —zartatuak geneuzkalako baizik. Mahlke zen luzeak zeuzkan bakarra, baina horixka samarrak etengabe buzeatzen zebilelako, zeren ez baitzituen hortzikatzen ezta harramaskatu ere beraiez kaioen zirinak. Eta bera izan zen zirin haietatik inoiz jan ez zuen bakarra, aldiz beste guztiok, mastekatu egiten baikenituen pirikorna haiek, kare maskorduna bailitzan, gero ontzi gainetik tu eginez botatzen genuen muki apartsu bezala. Gainerakoan, zera hark ez zuen zaporerik, edo kisu-zaporea zuen, edo arrain-irinarena, edo imajina zitekeen guztiarena: zorionarena, neskena, Jainko onarena. Winter, hain gaizki kantatzen ez zuenak, esaten zigun: Ba al dakizue, mutilok, opera-tenoreek egunero jaten dutela kaio-zirina? Sarritan kaioek gure listu karetsuak airean harrapatzen zituzten eta ohartu ere egingo ez balira hezala.

        Gerratea hasi eta handik gutxira, hamalau urte betetzean, Joachim Mahlkek ez zekien ez igerian, ez bizikletan ibiltzen; ez zen bereziki ezertan nabarmentzen eta ez zeukan oraindik gerora katua liluratuko zuen zintzur-sagar hura ere. Gimnasi eta igeriketa-klaseetara ez joateko baimena zuen, zeren aurkezturiko ziurtagirien arabera, osasun makal samarra baitzuen. Bizikletan ibiltzen ikasi baino lehen, zeinean irudi komikoa eskaintzen baitzuen, belarri gorri-gorri eta jausiekin eta belaun alboetara okertuak gorabeheran irekiz, Mahlke igerian inskribatu zen neguko denboraldian Niederstadteko igeritoki estalian, baina hasieran lehorreko igeriketarako bakarrik onartu zuten, zortzitik hamar urtera bitartekoekin. Ez zuen aurrerapen handirik egin hurrengo uda-denboraldian ere. Brösengo establezimenduko bainuzainak, bainuzain petoaren itxura guztia zeukanak, buia bezalako gorputza eta ile bakar bat gabeko zango leun eta meheekikoak, aurrena hondarrean entrenatu behar izan zuen Mahlke eta flotatzen eduki gero kordelarekin. Hala ere, arratsa joan eta arratsa etorri guztiok uretara murgil egiten genuela eta minadragatzeko hondoratuaz mirariak kontatuz itzultzen ginela ikustean, izugarri zirikatua sentitu zen, jarri zuen ikasteko enpeinu guztia eta, bi aste igaro baino lehen libreki igerian egitea lortu zuen.

        Seriotasun eta saiamen handiz egiten zuen igerian kaia, tranpolin handia eta establezimenduaren arteko joan-etorrian, eta iraumen apurren bat bazuen nonbait uhin-urragailutik buzeatzen hasi zenerako; aurrena Baltikoko maskor arruntak ateratzen zituen azalera, eta gerora garagardo-botila hondarrez bete bat kanporatu zuen, urrun samar bota eta behin eta berriz ateratzen zuena. Segur aski laster lortu zuen flaskoa erregulartasunez berreskuratzea, zeren gurekin potinean buzeaketan hasi zenean bixarguri bat izateari utzirik baitzegoen.

        Laguntzen uzteko erregutu zigun. Gutariko sei-zazpi geure eguneroko klaseari ekitera gindoazen eta familientzako bainu-saileko sakonera gutxiko uretan gorputza arretaz bustitzen ari ginen eta Mahlke gizonezkoentzako bainurako pasarelan agertu zen: —Utzidazue zuekin joaten; benetan gauza naiz.

        Destorlojailu bat zekarren lepotik zintzilik eta zintzurretik aldendu egiten zitzaion.

        — Tira, hator! —eta Mahlke gurekin etorri zen, lehen eta bigarren harea-gunearen artean aurreratu egin zitzaigun, baina ez genuen ahalegin txikienik ere egin harrapatzeko—. Utziozue, laster pot egingo dik.

        Bularrez igerian egiten zuenean, destorlojailuak nabarmen dantza egiten zion omoplatoen artean, izan ere zurezko girtena baitzeukan. Baina bizkarrez igeri egitean, girtena bular gainean mugitzen zitzaion, nahiz eta erabat disimulatzen ez zion matrailezurra eta lepauztaiaren arteko kartilago tamalgarri hura, zeina bizkar-hegats baten gisara agertzen baitzen uretatik eta bere atzetik uhara utziz baitzihoan.

        Eta gero Mahlkek exhibizio bat egin zigun. Behin eta berriz buzeatu zuen bere destorlojailuarekin, eta gainaldera jaso zuen bizpahiru murgilalditan destorlojatzeko moduko guztia: tapagailuak, estaldura-zatiak, generadore-zati bat. Behean kordel bat aurkitu zuen, eta erdi etendako kablearekin batera benetako Minimax bat jaso zuen brankara: traste hura —Alemanian egina gainera— oraindik funtzionatzeko moduan zegoen. Mahlkek erakuspen bat egin zigun: bitsaz itzali zuen, bitsaz nola itzaltzen den erakutsi zigun, beira berde koloreko itsasoa itzali zuen eta, hitz batean, lehen egunetik handitzat baieztatu zuen bere burua.

        Malutek oraindik irloteak eta tira luzangak eratzen zituzten itsaso leunaren olatu erregularren artean, kaio banaka batzuk erakartzen zituzten, aldarazi egiten zituzten, elkartu eta urrunduz joaten ziren, esnegain mamituzko orea zikin bakar bat eratuz, hondartzarantz. Orduan Mahlkek amaitutzat eman zuen bere erakuspena, bitakoraren itzalpean kuzkurtu zen, eta bits-zildrin isolatu batzuk zuhian zorabiatzera eta brisaren ufadarik txikienaren aurrean dardara egitera etorri baino askoz lehenago, azal pinportatsu zimurtua dardarka jarri zitzaion.

        Mahlke hotzikaratan zegoen, askatu zuen zintzurra, eta destorlojailua dantzari hasi zitzaion hotzak astinduriko lepauztaien artean. Baina bizkarra ere, zatika gaztazkoa eta karramarro-gorri sorbaldetatik beherakoa, zeinean larru xigortu berria atergabe jaulkitzen baitzitzaion bizkarrezurraren alde banatan, zeina markatzen baitzitzaion sukaldeko karrakailu gisara, pikortua jartzen eta aldizkako hotzikaratan astintzen. Bere ezpain horixkek ertz moreak zituzten eta hortz kriskitinlariak agerian uzten zituzten. Bere eskutzar lixibatuez maskorrez estaliriko manparetan urratutako belaunei eusten ahalegintzen zen, horrela nolabaiteko kontrakarra bere gorputza eta hortzei emanez.

        Hotten Sonntagek —ala neu izan ote nintzen? —igurtzi egin zuen: —Jainkoarren, mutil, ea zerbait harrapatzen duan! Oraindik itzuli egin behar diagu.

        Destorlojailua zentzuzkoago bihurtu zen.

 

 

        Joateko hogeita bost minutu behar izaten genituen kaitik eta hogeita hamabost bainutokitik. Itzultzeak, aldiz, hiru ordu laurden on hartzen zizkigun. Oso unaturik bazegoen ere, Mahlke gu baino minutu bat lehenago iristen zen beti kaiko granitora. Eta lehen eguneko alde honi denbora guztian eutsi zion. Gu ontzira iritsi baino lehen —hala deitzen genion geure artean minadragatzekoari—. Mahlkek egina zuen bere lehen murgila, eta guztiok ia batera geure garbiketari-eskuak herdoila eta zirinetara luzatzen genituenean edo kanoien tranpal birakari irtenetara, hitzik esan gabe, erakusten zigun bisagraren bat edo erraz destorlojatu ahal izan zen gauzaren bat, eta hotzikaratan hasten zen, nahiz eta bigarren edo hirugarren murgiletik aurrerantzean Nivea kremazko geruza oparo eta loch batez gorputza igurzten zuen; zeren Mahlkek beti nahikoa diru izaten baitzuen beti patrikan.

        Mahlke seme bakarra zen.

        Mahlke erdi-umezurtza zen.

        Mahlkeren aita hilda zegoen.

        Nola udan hala neguan, Mahlkek bota altu zaharkitu batzuk, segur aski aitagandik heredatuak, janzten zituen.

        Destorlojailua lepoaren biran jartzen zuen zapata-kordel beltz batetik zintzilik erabiltzen zuen.

        Oraintxe bururatu zait, destorlojailuaz gainera, Mahlkek beste gauza bat ere bazerabilela lepotik zintzilik, eta arrazoiz gainera; halere, destorlojailua nabarmenagoa zen.

        Segur aski betidanik, nahiz eta inoiz begirik ez ezarri, baina nolanahi ere bainutokian lehor-igeriketa ikasten hasi zen eta hondarrean irudiak oinperatu behar izaten zituen egunetik, Mahlkek zilarrezko katetxo bat zerabilen lepotik zintzilik eta hartatik zilarrezko gauza katoliko bat: Ama Birjina.

        Ez zuen inoiz zintzilikarioa lepotik kentzen, ezta gimnasi klasean ere; zeren kontua da, lehorreko eta kordeleko igeria ikasten hasi zenean Niederstadteko negu-igeritoki estalian, Mahlke erregularki hasi zela gure gimnasioan ere agertzen, eta jadanik sekula gehiago ez zituen erakutsi mediku-ziurtagiri sonatu haiek. Edota domina gimnasi ekipoko alkandora zuriaren eskotetik desagertzen zen, edo zilarrezko Ama Birjina haren zerrenda gorriaren gain-gainean geratzen zitzaion, bularraren parean.

        Barra paraleloek ere ez zioten izerdirik eragiten Mahlkeri. Eta potro luzeko ariketen aurrean ere ez zen kikildu, zeinetan lehen saileko hiruzpalau hoberenek bakarrik parte hartzen baitzuten: makur eta hezurtsu, hegaz egiten zuen malgukiro tranpolinetik larruzko gorputz luzearen gainetik eta, katea eta Ama Birjina zeharretara zituela, konerka lur hartzen zuen zerriaren gainean hauts-piloak harrotuz. Eta belaunpeez oratuz barra finkoak birak ematen zituenean —gerora, eta nahiz eta forma negargarrian egon, gure gimnasta hoberena zen Hotten Sonntagek baino bira bi gehiago emango zituen—, hau da, nahikoa kostata, Mahlkek bere hogeita hamazazpi bira ematen zituenean, domina irten egiten zitzaion alkandoratik eta hogeita hamazazpi aldiz barra horizontal kirrinkalariaren kontra jaurtikia ageri zen, beti bere ile erdi-gaztainaren aurretik, baina inoiz lepotik jaulki eta askatasuna berreskuratu gabe, zeren eta, bere zintzur-sagarraren trabaz gainera, Mahlkek lepondo hanpatua baitzeukan, zeinak ilaje beltza eta sortzen zion sargune nabarmenduarekin, eraduki egiten baitzuen bere lekuan mugimendu zirkularrak astinduriko katetxoa. Destorlojailua dominaren gainean geratzen zitzaion, eta kordelak parte batean katetxoa estaltzen zion. Hala ere, batak bestea lekuz mugitzen zuen, batez ere zurezko girtendun gauza hura ez baitzuten gimnasioan ametitzen. Izan ere, gure gimnasi maisuak, Mallenbrandt izeneko batek, zeina ezaguna baitzen gimnasi giro guztietan pilotan jokatzeko arau-liburu berri bat idatzi zuelako, debekatu egin baitzion Mahlkeri destorlojailua soinean erabiltzea gimnasi klasean. Lepotik zintzilik zeukan amuletuak, aldiz, ez zuen inolako eragozpenik sortu Mallenbrandten aldetik, zeren kultura fisikoa eta geografiaz gainera erlijioa ere irakasten baitzuen, eta nola edo hala beti moldatu zen, gerratearen bigarren urtea sartuxea zen arte, barra finkoa eta paraleloen azpian langile katolikoen gimnasi elkarte baten buruzagitzari eusteko.

        Hala, bada, destorlojailuak jantzitegian itxaron behar izaten zuen, gakotik esekita eta alkandoraren gainean, eta zilarrezko Ama Birjinak, berriz, higatuxe, bazuen baimena Mahlke babesteko, lepotik zintzilik, lepoa hausteko moduko ariketa haietan.

        Destorlojailu arrunta: sendo eta merkea. Sarritan, bi torlojuz tinkaturiko plakatxo bat, pisuen ateen alboetan egoten direnak bezalako plaka bat baino handiago ez zena askatu eta gainaldera jasotzeko, Mahlkek bost eta sei bider buzeatu behar izaten zuen Mahlkek, batez ere plaka metalezko parteren bati tinkatua bazegoen eta torlojuak herdoilduta bazeuzkan. Aitzitik, destorlojailua palankatxo gisa erabiliz, batzuetan, bi murgilaldiren ondoren, trofeotzat erakustea lortzen zuen, plaka handiagoak, testu askorekin, zurezko estaldura ustelduren batetik torloju eta guzti erauzitakoa. Plakatxoak interes handirik gabe bildumatzen zituen, eta haietako asko oparitzat ematen zizkien Winter eta Jürgen Kupkari, zeintzuek inolako begiramendurik gabe bildumatzen baitzituzten destorlojatzeko modukoa zen guztia, baita kale-plakak eta pixatoki publikoetako plakatxoak ere; berak bereziki atsegin zituen piezak bakarrik eramaten zituen etxera.

        Mahlkek ez zituen gauzak arinki hartzen, eta gu txalupan erdi-lotan geunden bitartean, bera lanean aritzen zen urpean. Guk, kaioen zirinak aztarrikatzen genituen, puruak bezala beltzarantzen ginen eta, horaila zeukanari, ilea lasto-koloreko bihurtzen zitzaion; Mahlkek gehienera ere eguzki-erredura berri bat hartzen zuen. Guk begiradaz sarrerako buiaz iparraldetik igarotzen ziren ontziak segitzen genituenean, berak hutsik egin gabea begiak itsas zolan finkaturik edukitzen zituen: betazalak gorrituak zeuzkan, hanpatuxeak eta betile gutxirekin, gogoratu uste dudanez, eta urpean bakarrik jakin-mina adierazten zuten begi urdin-argiak. Behin baino gehiagotan igo zen Mahlke plakatxo eta harrapakinik gabe, baina destorlojailua hautsita edo okerturik zuela, inolako erremediorik gabe. Orduan erakutsi egiten zigun, eta hark ere zirrara eragiten zigun. Tresna itsasora jaurtikitzen zueneko keinu hura, kaioak bat-batean kitzikatuz, ez zen deslilura etsia edo amorru alferrikako baten kumea. Mahlkek ez zuen inoiz lanabes hautsi bat axolakabetasunez jaurtiki, itxuratua edo erreala zelarik ere. Jaurtikitzeko erak berak ere zera iragartzen zuela ematen zuen: laster ikusiko duzue zer den ona!

        ... eta behiala —bi tximiniako ontzi ospitale bat sartu zen portuan, eta zenbait aieruren ondoren Ekialde Prusiako Itsas Zerbitzuko Kaiser gisa identifikatu genuen—, Joachim Mahlke destorlojailurik gabe jaitsi zen brankara. Bi hatzez sudurra estutuz, irekita, berde eskisto koloreko eta urez doi-doi bustia zegoen aurreko eskotilatik desagertu zen: lehenik burua desagertu zitzaion, igerian eta murgilketan ibiltzeak erdibanatu zioten ilea berari zapal itsatsirik, gero bizkarra eta ipurdia pasa ziren, gero ostiko bat jo zuen hutsartean, eta ondoren, eta bi ahurrez eskotilaren ertzean bermatuz gorputzari zeiharka beherantz eragin zion ataka irekietatik argi-izpiren bat hartzen zuen akuario fresko itzaltsurantz: gasterosteo urduri batzuk, lanproi-multzo geldoa, hamaka batzuk tripulazio-gelan, kulunka baina oraindik amarratuak, listuak eta alga-bizarrez estaliak, zeinetan sardinzarrek baitzeukaten beren haur-gela. Makailao errebelaturen bat; aingirak, aditzez bakarrik —platuxa, ezta hurrik eman ere.

        Guk eutsi egiten genien dardara apur bat egiten ziguten belaunei, kaio-zirinak mastekatzen genituen ahi egin arte, eta jakin-min neurrizko bat genuen; erdi nekaturik eta erdi interesaturik, aldean nabigatzen ari ziren balandro batzuk zenbatzen genituen, kea zuzen gorantz zerien ontzi ospitalearen tximiniei begia ezartzen genien, eta zeharka elkarri begiratzen genion. ON baino luzaroago zirauen behean, kaioak jira-biraka eta olatuek brankaren kontra tupust egiten zuten bitartean, branka-kanoi desmuntatuaren tranpal birakarian lehertuz; txipli-txapla entzuten zen zubiaren atzealdean, beti errematxe herak milikatuz ura bentiladoreen artean txirristatzen zen toki hartan; karea atzazalpean, larruazal lehorraren hazkura, argi distiratsua, motor-zarata airean, presioak, atal erdi-zurrunak, hamasei lertxun Brösen eta Glettkau bitartean... eta halako bat-batean ziztu bizian igo zen: matrail-hezurra ubeldua eta ondoak horixka; ura txirristaka zeriola irten zen eskotilatik, ilea erdibanaturik zeukala buruaren erdi-erdian; brankan balantzaka ibili zen ura belaunetaraino zuela, eustazpi beroei heldu, erori belauniko, begiak beirazko zituela, eta zubira eraman behar izan genuen. Baina oraindik ura sudurretik eta aho-ertzetatik zeriola, erakutsi zigun bere aurkikundea: altzairuzko destorlojailu bat, pieza bakarrekoa. Ingeles produktu Sheffielden landua zen, markak zioenez. Ez zeukan herdoil-arrasto txikienik ere ezta maketsik ere, eta oraindik koipe-geruza baten babespean zegoen: ura bolatxo bihurtu eta piririka isurtzen zen.

 

 

        Joachim Mahlkek urte bete pasa erabili zuen lepoaren biran destorlojailu trinko eta ia hautsezin hau, batelera ia joaten ez ginenean ere bai edo bakanago joaten ginenean, eta berari halako kultu bat zion, nahiz eta katolikoa zen, edo hain zuzen hori zelako. Esate baterako, gimnasi klasean lapurtuko zioten beldur baldin bazen, Mallenbrandt irakaslearen eskutan uzten zuen, eta beti aldean eramatean zuen Andre Mariaren kaperara. Zeren Mahlke goiz-mezetara joaten baitzen Marinewegeko kaperara, Neuschottlandeko auzategiaren ondoan dagoenera, igandetan ez ezik, baita astegunetan ere, klaseak hasi baino lehen.

        Berari eta bere destorlojailuari Andre Mariaren kapera ez zitzaien urrun geratzen: aski zuten Osterzeiletik irtetea eta Barenwegen zehar ibiltzea. Bi etxebizitzatako eraikin-mordoa, isurki biko teilatudun egoitza batzuk, kolomadun atariak eta fruitu-arbola parraleratuak. Gero etxe merkezko bi erreskada, zarpeatuak edo zarpeatu gabe eta umeldurarengatiko mantxekin. Tranbiak han ezkerretara hartzen zuen eta berarekin batera okertzen zen hari elektrikoen linea ere denbora gehienean erdi-estalirik egoten zen zerupean. Ezkerretara, trenbidelarien baratze ziztrin hareatsuak: lorietak eta untxitegiak, erabiltzen ez ziren zama-bagoien ohol gorri-ilunezkoak. Atzerago, Portu Librerako trenbide-seinaleak. Ziloak eta garabiak, mugikorrak eta finkoak. Estrainio eta koloreztatu zama-ontzien gaineraikinak. Han zirauten gerrako bi ontzi grisek ere beren dorre zaharkituekin, eta dike flotakorrak, Germania okinak, eta, erdi altueran, leun eta zilarreztatu, globo gatibu batzuk airean erneki kulunka. Eskuinetara, aldiz, lehen Helena Lange Eskola izandakoan eta orain Gudrun zenaren aurrealdean partez, zeinak ezkutatzen baitzuen mailuaren garabiaren altueraraino Schihaueko ontziolaren burdinazko sasi-masia, kirol-zelai akats gabeak, ate pintatu berriak, soropil berdearen gainean zuriz markaturiko zigor-eremuak —igandean Hori-urdinak Schellmühl 98ren aurka—, tribunarik gabe, baina leiho handiekiko gimnasio batean, ordea, okre argiz pintatuan, zeinaren teilatu gorriaren gainetik nagusitzen baitzen era guztiz estrainioan gudroiztaturiko gurutze bat. Zeren Andre Mariaren kapera behinola Neuschottland Kirol Elkartearen gimnasioa izan baitzen, baina behin-behineko eliza bihurtu behar izan zuten, ze Jesusen Bihotza urrunegi geratzen baitzen, eta Neuschottland, Schellmühl eta Osterzeile eta Westerzeile bitarteko kolonia berria ontziolako langilez, posta-enplegatuz eta trenbidelariz osaturik baitzeuden gehienbat, zeinak urte luzetan eskariak egiten aritu baitzitzaizkion Olivari, non baitzeukan egoitza apezpikuak, harik eta, oraindik Estatu Librearen garaietan, delako gimnasioa erosi, moldatu eta sagaratzea erabaki zen arte.

        Eta nolanahi ere, pinturen trapu konplikatu eta koloreak eta elizbarrutiko ia parrokia guztietatiko apaingarri ugariak gorabehera, baita partikularren batzuek egindako opariak ere, Andre Maria kaperaren gimnasio-izaera ez zen ezabatzen ez lausotzen —ezta intsentsuak eta argizari urtuaren usainak ere ez zuten lortzen beti eta behar adina aurreko urteetako eta pista estaliko eskubaloi-partidu aitzinakoen klera, larru eta gimnasten usaina gainditzerik—, hortik zetorkion barrunbeari halako gartxutasun protestante bat eta areto ebanjeliko baten soiltasun sektario bat izatea.

        Jesusen Bihotzaren eliza neogotikoan, XIX. mendearen amaieran adreiluz eraiki eta kolonia berrietatik urrun eta Geltokitik hurbil kokatuan, Joachim Mahlkeren altzairuzko destorlojailua estrainio, itsusi eta profanazio bezala ikusiko zatekeen. Baina Andre Mariaren kaperan Mahlkek kalitate ingeleseko adrezua ageriki eta inolako goganbeharrik gabe erabil zezakeen. Ongi zaindutako bere linolio-zoruarekin, zuzen-zuzen sabaipean ezarritako beira opalinozko bere kristalekin, pisuaren burdinazko habexka distiratsu eta lerrokatuekin, zeinek behiala sendotasun eta segurtasuna ematen baitzioten barra finkoari; gainestaldurako oholtzarren koskekin sabaiko porlan lakarrean eta, berton, zehar-habe metalezkoak —nahiz eta kareztatuak— zeinetatik lehenago egon baitziren zintzilik aniloak, trapezioa eta igotzeko dozena erdi soka: guzti horrekin, nahiz eta zoko guztietan kisu pintatu eta urreztatuzko irudiak ageri ziren bedeinkatze-jarreran, kaperatxoa hain zen modernoa eta hoztasunez objektiboa, non batxilergoko ikasle baten destorlojailuari zilegi baitzitzaion libreki dilindan ibiltzea bere bularraren aurrean otoitz egitekoan eta ondorengo jaunartzekoan, ezin baitzion inolako traba txikienik ere ez lehen mezako debot bakanei, ez Gusewski apaizari, ez sarritan neu izaten nintzen eta laguntzen zion akolito erdi lokartuari.

        Bai zera! Niri ez zitzaidakeen oharkabean pasatuko. Zeren aldare aurrean zerbitzatzen nenbilen bakoitzean, baita otoitz gradualetan ere, ahaleginak egiten nituen, arrazoi desberdinengatik, hi bistatik ez galtzen, eta hik ez huen segur aski agerian egon nahi izaten, baizik eta alkandorapean gorde nahi izaten huen kordoitik zintzilik zegoen hura, eta horregatik edukitzen hituen koipe-mantxa haiek arreta erakartzen eta destorlojailuaren ingurunea lausoki nabariarazten zutenak. Aldaretik ikusita, hura ezkerraldeko bigarren aulkian zegoen eserita, eta bere otoitza begi ireki —uste dut— gris-argi eta denbora gehienean murgilketan eta igerian ibiltzeagatik gorrituekin Ama Birjinaren aldarerantz zuzentzen zuen.

        ...eta behiala —ez dut orain zehatz gogoan zein udatan izan zen, lehen uda-oporretan batelean, Frantziako iskanbilatik gutxira, ala hurrengo udan—, egun goibel oso sargori batean, familientzako bainuan egundoko jendetzarekin, eta banderatxo mengelduekin, eta haragi oparoekin eta freskagarri-saltokietan salmenta handiarekin, eta oin-zola kiskaliekin koko-zuntzezko zerrien gainean etxeto itxi eta itomenezko barre-algaraz beteetan, adurra zerien, iraulka eta ebakiak egiten zebiltzan eta orain hogeita hiruren bat urte izango dituzten haur-zarramaltza batean, hiru bat urteko mutiko bat era monotonoan latorrizko bere danborra jotzeari ekin zion helduen begirada arretatsuaren pean, eta arratsaldea errementaldegi infernuzko bihurtu zuen. Eta orduan ospa egin toki hartatik eta igerian joan ginen geure potinera. Hondartzatik ikusita, bainuzainaren kataloxekin agian, urruntzen eta txikiagotzen ari ziren seiren bat buru izango ginen: gutako bat aurrean eta lehena helmugan.

        Herdoila eta brisa gorabehera kiskaltzen zeuden kaio-zirinen gainean etzan ginen, eta ezerk ez gintuzkeen handik mugituko Mahlke salbu, ordurako bi aldiz behean egona baitzen. Ezkerreko eskuan zerbait eramanez igo zen. Brankan eta tripulazioaren alojamenduetan aztarrika eta arakatzen ibilia zen, gogogabe kulunkatzen ziren edo irmoki amarraturik zirauten hamaka erdi ustelduetan, eta haien azpian, gasterosteo tornasolatu-multzoen artean, lanproiak nahierara sartu-irtenean zebiltzaneko alga-basoetan. Eta behiala Witold Duszynski edo Liszinski marinelaren zakua izandako bitxikeri mordoaren artean brontzezko dominoi bat aurkitu zuen, eskuaren tamainakoa, aldeetako batean, erliebezko arranotxo baten azpian, jabearen izena eta eman zioten data zituena, eta bestean, jeneral bibotedun baten erliebea. Hondarrez apur bat igurtzi ondoren eta hauts egindako kaio-zirinez, dominoiaren inskripzio zirkularrak jakinarazi zigun Pilsudski Mariskalaren erretratua ekarri zuela gainaldera.

        Hamabost egunez Mahlkek dominoiak bilatzen bakarrik ari izan zen, eta izan ere eztainuzko plater gisako bat aurkitu zuen, Gdingeneko badian hogeita hamalaugarren urtean izandako balandro-estropada baten oroigarri, baita, ontziaren erdi aldera, makina gela baino lehen eta ofizialen ganbara estu eta irispide zailekoan, zilarrezko domina hura ere, marko-txanpon baten tamainakoa, zilarrezkoa ere zen esekitzeko bere arotxoarekin, zeinaren ifrentzu leun eta higatuak ez baitzuen inolako inskripziorik, baina zeinaren aldea, herriz, dotore profilatu eta apaindua baitzegoen Ama Birjina eta Haurraren erliebearekin.

        Era berean erliebezkoa zen inskripzioak adierazten zuenez Matka Boska Czestochowska ospetsua zen; eta Mahlke zubian konturatu zenean zer aurkitu zuen, ez zuen domina garbitu nai izan, horretarako eskaintzen genion hondarrari muzin eginez, eta nahiago izan zion ergaina utzi.

        Eta gu eztabaidan ari ginela eta zilarraren distira ikusi nahi genuelarik, bera ordurako belaunikaturik zegoen bitakoraren itzalpean eta aurkikundea bere belaun koskortsuen aurrean mugitzen hasi zen, alde batetik bestera, harik eta azkenean debozioz beheratuak zituen begiek zuzenean irudia ikus zezaten angelu egokia aurkitu zion arte. Hatz-punta lixibatuekin, ubeldurik eta hotzikaraz, gurutzearen seinalea egiten ikusi genuenean eta ezpain dardaratiak erregu-gisa bitakoraren atzean zerbait latinez mormorikatzen, guztiok barreari eman genion. Oraindik gaur ere uste dut bere sekuentzia kuttunetako bat izan zela, hau da Erramu Igandearen aurreko ostiralean bakarrik eskuarki esaten dena: Virgo virginum praeclara, — Mihi iam non sis amara...

        Gerora, gure zuzendariak, Klohse doktoreak, klase-garaian ageriki domina poloniarra erabiltzea debekatu zionean —Klohse Partiduko goi-funtzionarioa zen, baina oso gutxitan ematen zuen klasea uniformez jantzita—, Mahlke bere lehengo amuletuaz eta altzairuzko destorlojailuaz konformatu zen, egun batean katuak sagutzat hartu zuen zintzur-sagar haren azpian.

        Zilarrezko Ama Birjina Pilsudski Mariskalaren brontzezko profilarcn eta Narvikeko heroia zen Bonte Komodoroaren postal-tamainako argazkiaren artean eseki zuen.

 

 

 

© Gunter Grass

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Gunter Grass / Katua eta Sagua" orrialde nagusia