HITZAURREA

 

        Günter Grass, azken hamarkadotan aleman literaturak izan duen idazlerik garrantzitsu eta polemikoena den hau Danzigen jaio zen aita aleman eta ama poloniarrarengandik. Gaztetandik erakutsi zuen pintura eta poesiarako zaletasuna, baina Latorrizko Danborra obrak, gerora filmeratu zenak eman zion mundu-mailako ospea. Ondoren etorri ziren Txakur-urteak, Erreboiloa eta Arratoisa bezalako obrek sona hori sendotu eta finkatzea besterik ez dute egin. Gaur euskaraturik eskaintzen dugun Katua eta sagua obra ere autorearen gerrate garaiko oroitzapenen ildo nagusitik datorkigu eta gai bera darabilten beste liburuen pareko garrantzia du.

        Katua eta sagua kontakizun labur honetan Grassek bere nobelagintzaren gailurretako bat harrapatzen du eta beste obra batzuetako eszenario bera darabil: orduan Danzig eta gaur egun Gdansk deritzon hiria. Garaia ere bera da, 1939tik 1945era doan epea, baina alderen bat aurkitzekotan, esan behar dugu, beste inon ez bezala aztertzen duela hemen maitasuna.

        Mahlkeren irudia berreskuratzeko, distantzia eta ironiazko gaindegitik egiten duen ahalegin horretan, Danzigeko trilogia deritzona osatu eta azken hamarkadetako alemaniar literaturak idatzi dituen orrialderik sinesgarrienetakoak ontzea lortu du idazleak.

        Erdi hondoraturik dagoen itsasontzi bateraino igerian eginez uda ematen duten adoleszente-talde hark berak joan behar izan zuen handik gutxira frontera, gizadiak orain arte ezagutu duen gerraririk suntsitzaileenean parte hartzera. Grass maisukiro barneratzen da neska-mutil haien amets, gurari, sentimendu eta frustrazioen munduan, protagonistak inguratzen dituen samina forma arkaiko eta unibertsaletan aditzera ematen duelarik.

        Hirugarren Mundua deituaren egoeraz biziki kezkaturik Kalkutan denboraldi bat eman zuen idazle honek, gogor kritikatu izan du Mendebaldearen kontzientzia eskasa, munduan dituen arazo nagusien aurrean; eta Alemania, bere sorterriari dagokionez, zorrotz kontra egin dio bi alderdien bateratze presakoegi eta bere ustez desegokiari. Txikitan bizi izandako gerraren esperientziak sakon markatu du Günter Grassen literaturgintza eta giza itsukeria eta arrazoigabekeriaren pintatzaile eta erasotzaile indartsua gertatu da.

Xabier Mendiguren

 

 

 

© Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Gunter Grass / Katua eta Sagua" orrialde nagusia