XXIX

 

        Kalean, aire hotz lehorrak indarrez bildu zion gorputza, eztarriraino sartu zitzaion, sudurrean kilika egin eta segundo batez arnasketa estutu zion bularrean. Gelditurik, amak begiradaz arakatu zituen inguruak: handik hurbil txano iletsuko gurtzain bat zegoen kale kantoian geldirik; urrunean, makurturik zebilen norbait, burua sorbalden artean sartuta, eta haren aurretik korrika zihoan soldadu bat, jauzika eta belarriak igurzten.

        «Segur aski, dendara bidali diten soldadutxoa!» —pentsatu zuen. Gero, aurrera abiatu zen, atseginez entzuten zuen zapaltzean elur erori berriak oin azpian sortzen zuen kurrixka. Goiz iritsi zen geltokira, artean trena ez zegoen prest, baina ordurako jende mordoa zegoen hirugarren klaseko itxarongela zikin eta keak belztuan: hotzak hara bilduak zituen trenbideko langileak, puska batez berotzeko asmoz sartzen ziren bertara gurtzainak eta janzkera traketseko etxegabeak. Bidaiariak ere baziren han, zenbait nekazari, kastore-larruzko berokiz jantzitako merkatari lodi bat, apaiz bat bere alabarekin —neskatila naparbana—, bost bat soldadu eta burges txiki zalapartari batzuk. Hitz egiten zuten, erre, tea eta vodka edan. Taberna ondoan barre algaraka ari zen norbait, buruen gainetik ke hodeiak lerratzen ziren. Atea kirrinkaz zabaltzen zen, kristalek dardara egin eta tintin hotsa sortzen zuten danbatekoz ixtean. Tabakoaren eta arrain gazituaren hatsa barruraino sartzen zen sudurretik.

        Ama sarrera ondoan eseri zen, begien bistan, eta zain geratu zen. Atea zabaltzen zen bakoitzean haize bolada hotz batek jotzen zuen. Atsegin zitzaion hori, eta sakonki hartzen zuen arnasa birikak gainezka bete arte. Jendea fardelak eskuetan sartzen zen, astun jantzita, batzuk atean baldarki trabaturik geratzen ziren, biraoka hasten ziren eta, gauzak lurrera edo banku baten gainera bota ondoren, erremuskadaka, intzigar lehorra berokiaren idunekotik eta mahuketatik astindu eta bibote-bizarretatik kentzen zuten.

        Eskuetan maleta hori bat zekarren gazte bat sartu zen, inguruak agudo miatu eta zuzen jo zuen amarengana.

        — Moskura? —galdetu zion ahopetik.

        — Bai. Taniaren etxera.

        — Hartu!

        Bankuan utzi zuen maleta amaren alboan, zigarro bat bizkor atera, piztu eta, txanoa pixka bat altxatu ondoren, isilik joan zen beste ate baterantz. Amak eskuaz laztandu zuen maletaren larru hotza, gainean bermatu zituen ukondoak eta, gogobeterik, jendea aztertzen hasi zen. Minutu bat geroago, zutitu eta nasako irteeratik hurbilago zegoen banku batera joan zen. Aise eusten zion maletari eskuan, ez baitzen handia, eta han zihoan, burua jasorik, beraren aurrean uneka agertzen ziren aurpegiak aztertzen.

        Beroki laburraren idunekoa gora jasorik zerabilen mutil gazte batek oztopo egin zuen berarekin, eskua burura eraman eta tutik esan gabe baztertu zen. Amak zerbait ezaguna sumatu zuen harengan, atzera begiratu eta idunekoaren atzetik begi distiratsu batek so egiten ziola ikusi zuen. Sastatu egin zuen begi arretatsu horrek, dardarka hasi zitzaion maletari eusten zion eskua, eta zama astun bilakatu zen tupustean.

        «Non edo non ikusia dinat hori!» —hausnartu zuen, pentsamendu horren bidez menperatu nahirik bularra estutzen zion zentzazio gozagaitz eta nahasia, bihotza bigunki baina larderiatsu zapaltzen zion sentimendu hotza zehazteko beste hitzik baliatzeari muzin eginik. Alabaina, hazi egin zen sentimendu hori, eztarriraino iritsi eta mingostasun lehorrez bete zion ahoa. Atzera bihurtzeko eta berriz begiratzeko gogo eramanezina nabaritzen zuen. Eta horixe egin zuen: gizona lehengo leku berean zegoen, aldika hanka batean eta aldika bestean bermatzen zen, bazirudien zerbait egin nahi zuela baina duda-mudatan zegoela. Eskuineko eskua berokiaren botoien artean sartuta zeukan eta bestea poltsikoan gordeta, eta horregatik eskuineko sorbaldak ezkerrekoa baino altuagoa ematen zuen.

        Ama, presarik gabe, bankura hurbildu eta bertan eseri zen, tentuz, astiro, bere barnean zerbait hausteko beldurrez balego bezala. Oroimenak, ezbeharraren aurresentipen zorrotzak ernatuta, burura ekarri zizkion gizon horren aurrean izana zen bi aldiak: behin, zelaian, hiritik kanpo, Ribinen ihesaren ondoren; beste behin, auzitegian. Aldamenean zeukan Ribinek hartu zuen bideari buruz gezurrezko argibideak eman zizkion polizi inspektorea. Ezagutzen zuten, atzetik zebilzkion, argi zegoen.

        «Erori naiz?» —galdetu zion bere buruari. Eta unetxo bat geroago, dardarka erantzun:

        «Agian, oraindik ez...»

        Segituan, indarrak bilduz, zorrozki esan zuen:

        «Erori naun!»

        Inguruetara begiratu, eta ez zuen ezer ikusten. Burmuinean ideiak piztu eta itzali egiten zitzaizkion, bata bestearen atzetik, txinpartak bailiran.

        «Maleta utzi eta ihes egin?»

        Baina bazen beste txinpart distiratsuago bat:

        «Semearen hitza bota? Haien eskuetan utzi...?»

        Bere kontra estutu zuen maleta.

        «Eta maletarekin alde egin?... Korrika hasi...?»

        Arrotz irizten zien gogoeta horiei, bazirudien norbaitek bortxaz sartzen zizkiola kanpotik. Kiskali egiten zuten, erredurek era mingarrian sastatzen zioten burmuina, suzko hariak bailiran urratzen zioten bihotza. Mindu eta laidoztatu egiten zuten, bere buruarengandik, Pavelengandik eta ordurako bere bihotzarekin bat eginik zituen gauza guztietatik urruntzen zuten. Sentitzen zuen nola indar etsai batek, ekin eta ekin, azpian zapaltzen zuen, sorbalda eta bularra sakatzen zizkion, umildu eta izu mortuan murgiltzen zuen. Lokietako zainak indarrez joka hasi zitzaizkion eta bero sumatu zituen ile-erroak.

        Orduan, bihotzak egindako ahalegin handi eta bizi batek hezur-muinetaraino astindu balu bezala, sugar maltzur, txiki eta ahul horiek guztiak itzali eta aginkor esan zion bere buruari:

        «Lotsa hadi!»

        Hobeto sentitu zen berehalakoan eta, guztiz indarberrituta, erantsi zuen:

        «Ez zionat semeari desohorerik egingo! Inor ez dun beldur».

        Begiek norbaiten begirada goibel eta beldurtiarekin egin zuten topo. Gero, dizdizka, Ribinen aurpegia etorri zitzaion gogora. Bazirudien ezbaian emandako segundo haiek dena trinkotu zutela amaren barnean. Bihotza lasaiago pilpiratzen hasi zitzaion.

        «Zer gertatuko da orain?» —pentsatzen zuen, inguruari erreparatuz.

        Zelatariak geltokiko zaintzaile bati deitu zion eta une hartan zerbait esaten ari zitzaion xuxurlaka, begiez ama erakusten ziolarik. Zaintzaileak begiratu eta atzera egin zuen. Beste zaintzaile bat hurbildu zen, belarri eman eta bekainak zimurtu zituen. Zaharra zen, sendoa, ileurdina, bizar egin gabekoa. Zelatariari buruaz baiezkoa egin eta ama eserita zegoen bankura abiatu zen. Isileko polizia berehalakoan desagertu zen nonbaitera.

        «Behintzat, ez nazatela jo...»

        Zaintzailea alboan geratu zitzaion eta, pixka batez isilik egon ondoren, ahotsa goratu gabe eta doinu garratzez galdetu zion:

        — Zeri begira hago?

        — Ezeri ere ez.

        — Tira, tira, lapur hori! Dagoeneko zahartuta hago, eta hara zertan habilen!

        Iruditu zitzaion haren hitzek aurpegia jotzen ziotela behin eta berriro. Amorruzkoak ziren, zakarrak, min egiten zioten, masailak urratuko balizkiote bezala, zartadaka begiak aterako balizkiote bezala...

        — Ni? Ni ez naiz lapurra, gezurti halakoa! —oihu egin zuen aho betean, eta aurrean zeukan guztia jira-biraka hasi zitzaion suminduraren zurrunbiloan, bihotza irainaren mingostasunaz hordituz. Maleta tiraka bereganatu eta bertan zabaldu zen.

        — Begira! Begiratu denok! —oihu egin zuen, zutik jarrita, maletatik bortizki ateratako orrixka sorta bat buru gainean astinduz. Korrika ari zen jendearen garrasiak entzuten zituen belarrietako burrunbaren azpitik, eta ikusten zuen lasterka hurbiltzen zirela alderdi guztietatik.

        — Zer gertatzen da?

        — Hemen da isileko polizia...

        — Zer dugu hemen?

        — Lapurra omen da...

        — Itxuraz hain agurgarria, eta begira, ai, ai, ai.

        — Ni ez naiz lapurra! —zioen amak garrasi batean, apur bat lasaituta alde guztietatik beraren ingurura estu bildua zen jendetza ikustean.

        — Atzo preso politikoak epaitu zituzten, haien artean nire semea zegoen, Vlasov, hitzaldia egin zuen, hementxe daukat! Jendeari eramaten diot, denek irakur dezaten, egiari buruz pentsa dezaten...

        Norbaitek kontuz hartu zizkion orri batzuk esku artetik, amak airean harrotu eta jende artera bota zituen.

        — Horrek ez dio mesede handirik ekarriko! —jaregin zuen norbaitek ahots beldurtiz.

        Amak ikusten zuen orriak hartzen zituztela, golkoan edo poltsikoan gordetzen zituztela, eta horrek adore handiz bete zuen berriro. Lasaiago eta indartsuago, goitik behera teink jarrita, bere baitan esnatutako harrotasuna nola hazten zen sentituz, barnean eutsitako pozak_ atzera su harturik, jendeari hitz egiten zion orri sortak maletatik atera eta, ezker-eskuin, esku bizkor eta antsiatsuei ematen zizkien bitartean.

        — Zergatik epaitu dituzte nire semea eta berarekin dauden guztiak? Badakizue? Nik esango dizuet, eta zuek sinetsi ama baten bihotzari, nire ile urdinduari: atzo jendea epaitu zuten zuei guztiei egia ekarri nahi izateagatik! Atzo jakin nuen nola egia hori... inork ere ezin duen zalantzatan jarri, inork ere ez!

        Jendetza isilik zegoen eta haziz zihoan, gero eta trinkoagoa bilakatuz, gorputzez osatutako eraztun bizidun batez emakumea inguraturik.

        — Miseria, gosea eta gaixotasunak, horra hor zer ekartzen dion lanak herriari. Dena dago gure kontra, egunetik egunera bizia uzten dugu lanean, akabatu arte lan egiten dugu, zikinkeriaz inguraturik beti, engainaturik beti, eta beste batzuk, aldiz, primeran bizi dira, lehertu arte jaten dute gure lanaren kontura, eta gu zakurren antzera loturik gaude; ezjakintasunari loturik, ezertxo ere ez dakigu eta; izuari loturik, guztiaren beldur gara eta! Gure bizitza gaua da, gau iluna!

        — Bai horixe! —erantzun zuen baten batek ahots garratzez.

        — Itxi ahoa emakume horri!

        Jende multzoaren atzealdean amak zelataria eta bi jendarme ikusi zituen, eta azken orriak presaka banatzeari ekin zion, baina eskua maletan sartu zuenean, beste norbaiten eskua aurkitu zuen bertan.

        — Hartu, hartu! —esan zuen, makurturik.

        — Sakabanatu! —oihukatzen zuten jendarmeek, jendartean pasabidea urratuz. Jendea, bultzaturik, gogoz bestera baztertzen zen, eta, horretarako asmorik gabe agian, masaren erdian estutzen zituen jendarmeak. Aurpegi onbera eta begi handi zintzoekiko emakume ileurdinak indar jarkiezinez erakartzen zituen guztiak beregana. Ordura arte bizitzak bakarturik eta elkarrengandik banandurik egondakoak, bizitzaren bidegabekeriek mindutako bihotz ugariak halako osotasun batean elkartzen ziren, aspalditik bilatu eta antsiaz espero zituzten hitz horien suak berotzen zuena. Hurbilen zituenak isilik zeuden, amak haien begi antsiatsu-arretatsuak ikusten zituen, eta haien arnasa epela sentitzen zuen aurpegian.

        — Ospa egin, zaharra!

        — Oraintxe harrapatuko dute!

        — Bai ausarta!

        — Alde hemendik! Sakabanatu! —gero eta hurbilago entzuten ziren jendarmeen oihuak. Amaren aurrean jendea hanka gainean kulunkatzen zen, elkarri helduta.

        Iruditzen zitzaion bera ulertzeko, berari sinesteko gertu zeudela denak, eta zekien guztia esan nahi zien berehalako batean. Bere gogoeten indarra sentitzen zuen barru-barruan, aise jariatzen zitzaizkion bihotz barrenetik, eta kantu bakarra osatzen zuten. Baina, amorruz, ahotsik gabe geratzen ari zela sumatzen zuen, erlastu, dardaratu, urratzen ari zitzaiola.

        — Nire semearen hitza langile baten, arima ustelezin baten hitz garbia da! Bere ausardiagatik ezagutuko duzue usteldu gabe dagoena.

        Norbaiten begi gazteek aurpegira begiratzen zioten adoretsu eta izuturik.

        Bularrean bultzatu zuten, zabu egin eta bankuan eseri zen. Jendearen buruen gainetik jendarmeen eskuak agertu eta desagertzen ziren, iduneko eta sorbaldei heltzen zieten, bazterrera botatzen zituzten gorputzak, txanoak kendu eta urrutira jaurtikitzen zituzten. Dena belztu eta zabuka hasi zen amaren begien aurrean, baina, nekea gaindituz, geratzen zitzaizkion ahots hondarrak baliaturik, oihuka jarraitzen zuen:

        — Herri langilea, elkartu zure indarrak indar bakar batean! Jendarme batek bere esku gorri handiaz lepotik heldu eta astindu egin zuen.

        — Isil hadi!

        Amaren garondoak hormaren kontra jo zuen, izuaren ke garratzak une batez estali zion bihotza, baina honek kea xahutu zuen eta distiratsu berpiztu zen.

        — Goazen! —esan zion jendarmeak.

        — Ez izan ezeren beldur! Bizitza osoan jasaten duzuena baino oinaze mingotsagorik ez dago...

        — Isiltzeko esan dinat! Jendarme batek galtzarbetik oratu eta tiraka egin zion. Besteak beste besotik hartu zuen eta, zangokada handiak emanez, handik eraman zuten bien artean.

        — ...egunero bihotza irentsi eta bularra lehortzen dizuen oinazea baino...

        Zelataria korrika inguratu zitzaion eta, ukabilaz aurpegi aurrean mehatxu eginez, zizkolatsu oihukatu zion:

        — Isil hadi, jendaila arraioa!

        Handitu ziren amaren begiak, zabal-zabal, ñirñirka, eta dardarka hasi zitzaizkion barailak. Hankak harrizko zoru irristakorrean finkaturik, deiadar egin zuen:

        — Ez dute arima biztua hilko!

        — Zakurra!

        Isileko poliziak aurpegian jo zuen eskuaren mugimendu labur batez.

        — Gogor eman atso zital horri! —oihu egin zuen norbaitek alaitasun maltzurrez.

        Lipar batez, gauza gorri eta beltz batek itsutu zituen amaren begiak, odolaren zapore gaziak bete zion ahoa.

        Oihu eztanda nahasi eta argitsu batek suspertu zuen:

        — Ez ausartu jotzen!

        — Mutilok!

        — Ah, hi, gizatxar alaena!

        — Eman berari!

        — Ez duzue arrazoia odolez itoko!

        Bultza egiten zioten lepoan eta bizkarrean, sorbaldan eta buruan jotzen zuten, jiraka hasi zitzaion dena, biraka oihu, garrasi eta txistuen zurrunbilo ilunean; zerbait lodi, gorgarria belarrietatik sartu eta eztarriraino lerratu zitzaion, eta arnasarik gabe utzi zuen; zoruak huts egiten zion oin azpian, kordoka hasi zen, hankak tolesten zitzaizkiola; min bizi batek zirgit eragin zion gorputz astundu, indargabetuari. Baina begiak ez zitzaizkion itzali, eta beste begi asko ikusten zituen aurrean, berak hain ondo ezagutzen zuen, bere bihotzak hain gogoko zuen su ausart eta bizi hark argiturik begiratzen zuten begi haiek.

        Bultzaka eraman zuten ateraino.

        Esku bat askatu eta ate-erroari heldu zion.

        — Ezta odol itsasotan ere ez duzue egia itoko!

        Eskuan jo zuten.

        — Burugabeak, herriaren amorrua handitu besterik ez duzue egiten! Egunen batean zuen gainera eroriko da!

        Jendarme batek eztarritik heldu zion eta itotzen hasi zen.

        Amak ahots erlatsez jaregin zuen:

        — Dohakabeak...

        Zinkurin ozenez erantzun zion norbaitek.

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia