XXVIII

 

        Minutu batzuk geroago ama Liudmilaren gelatxoan eserita zegoen, berontziaren alboan berotzen. Etxeko andrea, soineko beltz gerrikodunez jantzita, astiro paseatzen zen, gela oihalaren zurrumurruaz eta ahots aginkorraren soinuaz betetzen zuela.

        Berontzian pindarka eta zartaka ari zen sua, gelako airea xurgatuz; emakumearen hitz jarioa beti-berdin isurtzen zen.

        — Jendea askoz ergelagoa da gaiztoa baino. Soilik hurbil daukana, unean bertan har dezakeena ikusteko gai da. Eta hurbil dagoena balio gutxikoa da; baliotsua urrun dago. Izan ere, azken batean, denontzat onuragarria eta atsegingarria litzateke bizitza bestelakoa, errazagoa izatea, jendeak buru argiagoa edukitzea. Baina horretarako ezinbestekoa da oraingoz gure gain neke handiak hartzea...

        Bat-batean, amaren aurrean gelditu zen, ahotsa beheraturik eta barkamena eskatuz bezala esan zion:

        — Jende gutxi ikusten dut, eta baten bat hemendik agertzen denean, hitz egiten hasten naiz. Barregarria, ezta?

        — Zergatik ba? —arrapostu zuen amak. Emakume horrek moldiztegi lanak non egiten zituen igartzen saiatzen zen, baina ez zuen ezer berezirik ikusten. Gelak kalera ematen zuten hiru leiho zituen, eta dibana, liburuetarako armairua, mahaia, aulkiak, ohea hormaren alboan, hortik hurbil konketa zoko batean, berontzia bestean, eta koadroen argazkiak hormetan. Dena bera, sendoa, garbia zen, eta etxeko nagusiaren moja-irudiak itzal hotza egiten zuen guztiaren gainean. Sumatu egiten zen han bazela zerbait gorderik, ezkutuan, baina ezin antzeman zitekeen non. Amak arretaz begiratu zien ateei: bera haietako batetik sartua zen atalaurretik gelara, beste atea estua eta garaia zen eta berontziaren alboan zegoen.

        — Zeregin baterako etorri naiz zugana! —esan zion amak nahasirik, gelaren jabea begira zeukala konturatu baitzen.

        — Badakit! Bestela ez da inor etortzen nigana...

        Amak zerbait arraroa sumatu zuen Liudmilaren ahotsean, aurpegira begiratu zion: irribarre egiten zuen ezpain meheen ertzetik, begi margulak dirdirka ari ziren betaurrekoen kristalen atzean. Begiak emakumearengandik bazter batera bereizi eta Pavelen hitzaldia eman zion.

        — Hartu, lehenbailehen inprimatzeko eskatzen dizute...

        Eta Nikolai atxiloketarako nola prestatzen ari zen azaltzen hasi zitzaion.

        Liudmila, isilik, paperak gerrikoan gorde eta aulkian eseri zen. Suaren leinuru gorria betaurrekoen kristaletan islatu zitzaion, garren irriño sutsuak jauzika ari ziren haren aurpegi zurrunean.

        — Nire bila datozenean, tiro egingo diet! —jaregin zuen amaren kontaketa entzundakoan, ahots apalez eta erabaki sendoa hartu duenaren tonuaz—. Neure burua indarkeriatik babesteko eskubidea dut, haren kontra borrokatu beharra daukat besteak horretara bultzatzen ditut eta.

        Suaren islak aurpegitik aienatu zitzaizkion eta begitartea latz eta apur bat harro bihurtu zitzaion berriro.

        «Ez dun erraza hire bizitza!» —maitekiro pentsatu zuen amak bat-batean.

        Liudmila gogo handirik gabe hasi zen Pavelen hitzaldia irakurtzen, baina gero eta beherago makurtzen zen paperaren gainera, irakurritako orriak agudo alde batera utziz. Irakurritakoan, zutitu, arteztu, eta amarengana hurbildu zen.

        — Ondo dago!

        Pentsakor geratu zen pixka batean, burua beheraturik.

        — Ez nuen zurekin zure semeari buruz hitz egin nahi, ez naiz inoiz berarekin egon, eta ez ditut gogoko elkarrizketa tristeak. Badakit zer den maite dugun norbait erbestera joatea! Baina, gauza bat galdetu nahi dizut: ona da horrelako seme bat edukitzea?

        — Bai, ona da! —esan zuen amak.

        — Eta izugarria, ezta?

        Lasai irribarre eginez, amak erantzun zuen:

        — Dagoeneko ez da izugarria...

        Liudmilak esku beltzaranaz lisatu zuen orrazkera leuneko ile adatsa eta leiho aldera bihurtu zen. Itzal arin bat dardaratzen zitzaion masailetan, barnean eutsitako irribarre baten itzala izan zitekeena.

        — Berehalako batean konposatuko dut. Zu ohera zaitez, gaurkoa egun zaila izan da zuretzat, nekatuta egon behar duzu. Etzan zaitez hemen, ohean, nik ez dut lorik egingo. Gauean, beharbada, laguntzeko esnatuko zaitut. Oheratutakoan, argia itzali.

        Sutara bi egur zati bota, arteztu, eta berontziaren alboko ate estutik irten zen, bere atzean ondo itxita utziz. Ama atzetik jarraitu zitzaion begiradaz. Gero, eranzten hasi zen, Liudmilaz hala pentsatzen zuela:

        «Badun zerbait tristatzen duena...»

        Jira-biraka zeukan burua nekearen nekeaz, baina gogoan lasaitasun harrigarria sumatzen zuen eta begi aurrean distira gozo eta samur batek argitzen zuen dena, eta isilka, leunki betetzen zion bularra. Ordurako ezaguna zuen lasaitasun hori, zirrara handien ondoren etortzen zitzaion beti, hasieran apur bat larritzen zuen, baina orain gogoa zabaltzen zion, sentimendu handi eta indartsu batez sendotzen zuen. Kriseilua itzali zuen, ohe hotzean etzan, burusien azpian kiribildu, eta lo pisu batek hartu zuen berehala...

        Begiak ireki zituenean, neguko egun gardenaren argi zuri hotzak betetzen zuen gela. Liudmila dibanean etzanda zegoen, liburu bat eskuetan, eta, berarekin bat ez zetorren eran irribarre eginez, aurpegira begiratzen zion.

        — Ene jainkoa! —egin zuen oihu amak aztoraturik—. Nolakoa naizen, loaldi luzea egin dut, ezta?

        — Egun on! —arrapostu zuen Liudmilak—. Hamarrak joko dute laster, altxa zaitez, goazen tea edatera.

        — Zergatik ez nauzu esnatu?

        — Horretarako asmoa nuen. Zuregana inguratu naiz, baina hain irribarre gozoa zeneukan ametsetan...

        Gorputz osoa zalutasunez mugituz dibanetik altxatu, ohera hurbildu, eta amaren aurpegiaren gainera makurtu zen. Amak zerbait ezaguna, hurbila eta ulergarria ikusi zuen haren begi marguletan.

        — Pena eman dit zure loaldia eteteak, inondik ere amets zoriontsua egiten ari zinen...

        — Ez dut inolako ametsik egin!

        — Beno, berdin dio! Baina gustatzen zitzaidan zure irribarrea. Lasaia zen, onbera... handia!

        Liudmila barrezka hasi zen irri leun eta gozoz.

        — Zutaz pentsatzen egon naiz... Zaila da zure bizitza!

        Ama, bekainak mugituz, isilik geratu zen, pentsakor.

        — Jakina, zaila da! —jaregin zuen Liudmilak.

        — Ez dakit nik! —esan zuen amak tentuz—. Batzuetan zaila ematen du. Hainbeste gauza gertatzen dira, eta hain arin etortzen dira denak bata bestearen atzetik, hain da guztia serioa, harrigarria...

        Ezaguna zuen narritadura kementsuaren uhina altxatzen ari zitzaion bularrean, bihotza irudiz eta pentsamenduz betez. Ohean eseri zen eta, lehiatsu, hitzez janzten zituen gogoetak.

        — Dena leku berera doa, ekin eta ekin... Gauza latz asko dago, badakizu! Jendeak sufritu egiten du, jo egiten dute, ankerki jipoitzen dute, eta debekatuta ditu alaitasun asko, oso latza da hori!

        Liudmilak azkar jaso zuen burua, ama begiradaz besarkatu eta ohartarazi zion:

        — Besteez ari zara, ez zeure buruaz!

        Amak begiratu, ohetik altxatu eta, janzten zen bitartean, esan zion:

        — Baina nolatan bereizi zure burua besteengandik? Hau maite duzu, bestea maite duzu, guztiengatik beldur zara, bakoitzaren erruki, bihotzean gorderik dituzu denak... Nolatan bereizi besteengandik?

        Gelaren erdian zutik, erdi jantzita, pentsakor geratu zen pixka batean. Iruditu zitzaion ez zela bera semeagatik kezkatuta eta ikaratuta, haren gorputza babesteari buruzko pentsamenduz josita bizi izana zena; ez, orain ez zen horrelakoa handik aldendu eta nonbaitera urrundua zen eta, agian, lehengo hura zeharo errea zen hunkipenaren suan. Eta irudikapen horrek arima arindu eta garbitu zion, bihotza indar berriz hornitu. Belarri ematen zion bere barneari, bere bihotza arakatu nahirik eta bertan kezka zaharretakoren bat berriro esnatzeko beldurrez.

        — Zertaz pentsatzen ari zara? —galdetu zion etxeko andreak maitekiro, berarengana hurbilduz.

        — Ez dakit! —erantzun zuen amak.

        Isilik, elkarri begira, irribarre egin zuten biek. Gero, gelatik irten zen Liudmila, hala esanez:

        — Ba al dabil nire samovarra?

        Amak leihotik begiratu zuen, egun hotz zakarrak argitzen zuen kalea. Haren bularra ere argitsu zegoen, baina bero. Guztiari buruz hitz egin nahi zukeen, luze, alaitasunez, norbaiti —ezin zehaztu nori baina— arimara ekarria zioten eta bertan ilunsentiko gorritasunez distiratzen zuen horregatik guztiagatik eskerrak emateko desira nahasiak hartuta. Otoitz egiteko gogo aspaldi itzaliak asaldatu egin zuen. Norbaiten aurpegi gaztea etorri zitzaion burura, ahots ozen batek oihu egin zuen oroimenean: «Hau Pavel Vlasoven ama da!» Alai eta samur distiratu zuten Sasharen begiek, Ribinen irudi iluna agertu zen, irribarre egin zuen semearen aurpegi beltzaran sendoak, nahasirik kliskatu zituen begiak Nikolaik, eta, bat-batean, hasperen sakon eta leun batek inarrosi zuen dena, eta lardaskaturik elkartu zen gogoeta guztiak lasaitasun zentzazio batez biltzen zituen hodei garden eta nabar batean.

        — Nikolai zuzen zegoen! —esan zuen Liudmilak, gelara sartuz—. Atxilotu dute. Mutikoa bidali dut hara, zuk esan didazun bezala. Patioan poliziak daudela esan du, bat ikusi du ate atzean ezkutaturik. Eta isilekoak ere handik dabiltza, ezagutzen ditu mutikoak.

        — Hara! —esan zuen amak, burua astinduz—. Ai, gizajoa...

        Hasperen egin zuen, baina tristurarik gabe, eta apur bat harrituta utzi zuen horrek.

        — Azken bolada honetan hitzaldi asko ematen zien hiriko langileei, eta, oro har, erortzeko ordua iritsia zitzaion! —ohartarazi zuen Liudmilak, bekozko ilunez eta lasai—. Lagunkideek ihes egiteko esaten zioten! Baina kasurik ez! Nire ustez, horrelako egoeretan derrigortu egin beharra dago, konbentzitu nahirik ibili beharrean.

        Begi urdin ederrekiko eta sudur gakotuko mutiko ile-beltz zurigorri bat agertu zen atean.

        — Ekarriko dut samovarra? —galdetu zuen ozenki.

        — Bai mesedez, Serioja! Ni arduratzen naiz mutil honen heziketaz.

        Amari iruditzen zitzaion egun horretan Liudmila bestelakoa zela, xumeagoa eta hurbilagoa. Haren gorputz lirainaren mugimendu zaluetan edertasun eta indar handia zegoen, eta horrek nolabait biguntzen zion aurpegi latz eta zurbila. Gauak handituak zizkion betazpiak. Eta antzematen zitzaion atezuan zegoela, estu, arimako soka indarrez teink jarrita.

        Mutikoak samovarra ekarri zuen.

        — Begira, Serioja! Hau Pelageia Nilovna da, atzo epaitu zuten langile horren ama.

        Seriojak, isilik, buru-makurtua egin zuen, amari eskua estutu, irten, opilak ekarri, eta mahaira eseri zen. Liudmilak, tea zerbitzatzen zuen bitartean, polizia noren zain zegoen argitu arte etxera ez joateko esaten zion amari.

        — Baliteke zure zain egotea! Segur aski, galdekatuko zaituzte...

        — Bada, galde dezatela! —arrapostu zuen amak—. Eta atxilotzea ere ez litzateke ezbehar handia izango. Dena dela, gustatuko litzaidake lehenago Pasharen hitzaldia banatu ahal izatea.

        — Jadanik konposatuta dago. Bihar bertan eduki ahal ditugu hirirako eta hiribarrenerako aleak... Natasha ezagutzen duzu?

        — Bai horixe!

        — Berari eraman...

        Mutikoak egunkaria irakurtzen zuen ezertxo ere entzungo ez balu bezala, baina noizean behin orrien atzetik begiratzen zion amari aurpegira, eta honek haren begirada biziarekin topo egiten zuenean, atsegin hartu eta irribarre egiten zuen. Liudmilak berriro ekarri zuen Nikolai gogora, atxiloketa zela-eta tamalik erakutsi gabe, eta amari guztiz arrunta iruditu zitzaion haren tonua. Denbora ohi baino arinago igarotzen zen: tea hartzen amaitu zutenerako gainean zegoen eguerdia.

        — Arranopola! —egin zuen oihu Liudmilak.

        Eta une horretantxe lehiatsu jo zuten atea. Mutikoa zutik jarri zen, begiak naretu eta galderati begiratu zion etxeko andreari.

        — Zabaldu, Serioja. Nor ote da?

        Eta mugimendu lasai batez gonako poltsikoan sartu zuen eskua, amari hala esanez:

        — Jendarmeak badira, Pelageia Nilovna, jar zaitez hor, txoko horretan. Eta hi, Serioja...

        — Badakit! —ahapeka erantzun zuen mutikoak desagertzeaz batera.

        Amak irribarre egin zuen. Prestaketa horiek ez zuten larritu, ez zuen inolako ezbeharren zantzurik sumatzen.

        Mediku txikia sartu zen. Arrapaladan esan zuen:

        — Lehenengo eta behin: Nikolai atxilotu dute. Ah, hemen zaude, Nilovna? Ez zara bertan izan atxilotu dutenean?

        — Hona bidali nau berak.

        — Mmm, ez dut uste hau onuragarria denik zuretzat! Bigarrenik: bart gazte batzuek hitzaldiaren bostehun bat kopia egin dituzte zenbait hektografoz baliaturik. Ikusi ditut, nahiko ondo daude, argiak dira, irakurgarriak. Hirian banatu nahi dituzte gaur arratsean. Ni horren kontra nago, hirirako egokiagoak dira moldiztegian inprimatutako orriak, haiek egin dituztenak beste nonbaitera bidali behar ditugu.

        — Natashari eramango dizkiot nik! —jaregin zuen amak biziki—. Emazkidazu!

        Pavelen hitzaldia ahalik eta arinen zabaltzeko, semearen hitzak lur guztian ereiteko irrikaz zegoen, eta aurpegira begiratzen zion medikuari, begiak erne erantzunaren zain, erregu egiteko prest.

        — Deabruak daki egokia ote den une honetan zure gain hartzea lan hori! —esan zuen medikuak ezbaikor, eta erlojua atera zuen—. Orain hamaikak eta berrogeita hiru dira, trena ordu biak eta bostean ateratzen da, bost ordu eta hamabost minutu behar ditu hara iristeko. Iluntzean helduko zara, baina ez behar bezain berandu. Baina hori ez da kontua...

        — Ez, ez da hori! —errepikatu zuen etxeko andreak, bekainak zimurturik.

        — Zein da ba? —galdetu zuen amak, haiengana hurbilduz—. Dena ondo ateratzea, hori da kontua...

        Liudmilak finko begiratu zion eta, bekokia leunki igurtziz, ohartarazi:

        — Arriskutsua da zuretzat...

        — Zergatik? —jaregin zuen amak sutsuki eta erantzutera behartuz.

        — Oraintxe azalduko dizut zergatik! —hasi zen medikua agudo eta tonu aldakorrez—. Etxetik desagertu zara Nikolai atxilotu baino ordubete lehenago. Maistraren izeba gisa ezaguna zaren lantegi batera joango zara. Lantegira iritsi ondoren orri iraultzaileak agertuko dira. Horrek guztiak sokaren korapiloa estutuko du zure lepoaren inguruan.

        — Inor ez da nitaz ohartuko! —ekin zion amak, pizturik—. Eta handik itzulitakoan atxilotu eta non izan naizen galdezka hasten bazaizkit...

        Une batez gelditu ondoren, jaulki zuen:

        — Badakit zer esan! Handik auzora joango naiz zuzenean, han badut ezagun bat, Sizov. Bada, zera esango dut, auzitegitik irten eta harengana joan nintzela, zera, atsekabeak bultzaturik. Bera ere atsekabeturik zegoen, loba kondenatu diote eta. Berak azalpen berbera emango du. Ikusi duzue?

        Bere irrikaren indarrak kolokan jartzen zituela ikusirik, lehenbailehen amore eman zezaten ahaleginduz, gero eta tema handiagoz mintzatzen zen. Eta amore eman zuten.

        — Tira ba, zoaz! —onartu zuen medikuak gogoz bestera.

        Liudmila, isilik, pentsakor zebilen gelatik aurrera eta atzera. Lausoturik eta zimel zeukan aurpegia, lepoko giharrak nabarmenki teinkatuz eusten zion buruari, bat-batean astun bihurtu eta nahigabe bular aldera eroriko balitzaio bezala. Ama horretaz konturatu zen.

        — Zuek beti zaintzen nauzue! —esan zuen, irribarrez—. Baina ez duzue zeuen burua zaintzen...

        — Ez da egia! —erantzun zuen medikuak—. Guk geure burua zaintzen dugu, zaindu beharra daukagu! Eta agirakaldi latzak egiten dizkiogu bere indarrak alferrik xahutzen dituenari, bai horixe! Orain entzun: hitzaldia geltokian bertan jasoko duzu...

        Zer egin behar zuen azaldu zion, gero aurpegira begiratu eta esan:

        — Arrakasta opa dizut!

        Eta han alde egin zuen, artean ere zerbaitek nahigabeturik. Atea haren atzetik itxi zenean, Liudmila amarengana hurbildu zen, hotsik atera gabe barrezka.

        — Ulertzen zaitut...

        Besotik oratu eta, isilik, gelatik ibiltzen hasi zen berriro.

        — Nik ere badut seme bat. Dagoeneko hogeita hamar une ditu, baina aitarekin bizi da. Nire senarra fiskalordea da. Eta mutila harekin dago. Sarritan pentsatzen dut: nola amaituko du?

        Haren ahots hezeak zirgit egin zuen, gero solasari heldu zion berriro, ahapeka eta pentsakor.

        — Nik maite dudan, nire ustez munduko onena den jendearen berariazko etsai gisa hezten ari dira. Baliteke semea nire etsaia izatera heltzea. Ezin bizi daiteke nirekin, ezizenez bizi naiz eta. Zortzi une dira ez dudala ikusi, hori asko da, zortzi urte!

        Leiho alboan gelditu zen, zeru zurbil mortuari begiratu eta hizketan jarraitu zuen:

        — Nirekin balego, indartsuagoa izango nintzateke, ez nuke bihotzean etengabeko mina sortzen didan zauririk izango. Eta bera hiltzea ere, eramangarriagoa izango litzateke niretzat...

        — Nire bihotzeko laztana! —esan zuen amak leunki, errukiak bihotza kiskaltzen ziola sentituz.

        — Zu zoriontsua zara! —jaulki zuen Liudmilak, sasi-irribarre eginez—. Hori bai handia, ama eta semea bat eginik, gutxitan gertatzen da.

        Vlasovak, bere burua ere ustekabean hartuta, jaregin zuen:

        — Bai, ondo dago! —Eta, sekreturen bat jakinaraziz bezala, erantsi zuen—: Zuek guztiok ere, zu, Nikolai Ivanovitx, egiaren alde dagoen jende guztia, bat eginik zaudete! Bat-batean badirudi jende guztia senitarteko bihurtzen dela, nik denak ulertzen ditut. Hitzak ez ditut ulertzen, baina gainontzeko guztia bai!

        — Oso ondo! —jaulki zuen Liudmilak—. Oso ondo...

        Amak bularrean ipini zion eskua eta, bigunki zapalduz, ia xuxurla batean mintzatzen zitzaion, bere esanak begiztatuz bezala.

        — Mundutik doaz seme-alabak! Horra zer ulertzen dudan: mundutik doaz seme-alabak, lur osotik, bazter guztietatik, denak leku batera! Mundutik doaz pertsonarik onenak, kontzientzia garbikoak, gogor erasotzen diote gaiztakeria guztiari, badoaz, oin azpian zapaltzen dute gezurra. Gazte, osasuntsu, jomuga bakarrera bideratzen dute beren indar menperaezina: justiziara! Gizateriaren oinaze guztiak garaitzera abiatu dira, lur osotik zoritxarra ezabatzeko altxatu dira, itxuragabekeriari nagusitzera doaz, eta nagusituko zaizkio! Batek esan zidan eguzki berria piztu nahi dutela, eta piztuko dute! Bihotz apurtuak bihotz bakarrean batu nahi dituzte, eta batuko dituzte!

        Burura zetozkion ahaztutako otoitzen hitzak eta, fede berri batek erreta, bihotzetik kanpora jaurtikitzen zituen, txinpartak bailiran.

        — Seme-alabek maitasuna eramaten dute leku guztietara, egiaren eta arrazoiaren bideetatik doaz, zeru berri batez janzten dute dena, arimaren su itzalezinez argitzen dute dena. Bizitza berri bat sortzen ari da seme-alabek mundu guztiari dioten maitasunaren sugarretan. Eta nork itzaliko du maitasun hori, nork? Ba al dago hori baino indar handiagorik? Nor nagusituko zaio? Lurrak sortu du eta bizitza osoak haren garaipena nahi du, bizitza osoak!

        Narritadurak ahiturik, Liudmilarengandik aldendu eta eseri egin zen, arnasestuka. Liudmilak ere alde batera egin zuen, zaratarik atera gabe, kontuz, zerbait apurtzearen beldur balitz bezala. Zalutasunez mugitzen zen gelatik, aurrera so egiten zuen bere begi margulen begirada sakonaz, eta are altuagoa, tenteagoa, meheagoa ematen zuen. Ezpainak urduritasunez estuturik zituen eta aurpegi argal eta zorrotzak bere baitara bilduta zegoela salatzen zuen. Gelako isiltasunak berehala lasaitu zuen ama; Liudmilaren aldarteaz oharturik, errudun sentituz eta ahotsa goratu gabe galdetu zion:

        — Beharbada, burugabekeriaren bat esan dut?

        Liudmila agudo jiratu zen, izututa bezala begiratu zion eta tarrapataka hitz egiten hasi zen, besoak amarengana luzatuta, zerbait geldiarazi nahi izango balu bezala.

        — Ez, ez, halaxe da dena! Baina ez dugu horretaz gehiago hitz egingo. Horrelaxe gera dadila, zuk adierazi duzun moduan —Eta lasaiago jarraitu zuen—: Laster alde egin behar duzu, urrun dago eta!

        — Bai, berehala! Ah, ze pozik nagoen, jakingo bazenu! Semearen hitza eramango dut, neure odolaren hitza! Nire arima bera eramatea bezala da hori!

        Irribarre egin zuen, baina irribarrea argitasunik gabe islatu zen Liudmilaren aurpegian. Amak sentitzen zuen Liudmilak alaitasuna hozten ziola bere neurritasunaz, eta bat-batean bere barneko sua arima latz horretaraino helarazteko desira tematia sumatu zuen, hark su hartu eta bihotz pozez betearen pilpirekin bat egin zezan. Liudmilaren eskua hartu eta indarrez estutu zion, hala esanez:

        — Nire maitea! Gauza ona da jakitea dagoeneko bizitzan jende guztiarentzako argia badela, eta egunen batean denek ikusiko dutela, guztien arimak haren azpian elkartuko direla!

        Amaren aurpegi handi onberak zirgit egiten zuen, begiek irribarre argitsua osatzen zuten eta bekainak dardarka ari ziren gainean, haien leinurua bizituz bezala. Ideia handiz hordituta zegoen, haien barrean sartzen zuen bihotzean gorderik zeraman guztia, bizi izandako guztia, eta hitz argitsuen kristalezko ontzi zabal eta sendoetan estu sartzen zituen ideia haiek guztiak. Gero eta indar handiagoz sortzen ziren udaberriko eguzkiaren indar ernaltzaileak argitutako udazkeneko bihotz horretan, gero eta argitsuago loratzen ziren, bertan gorriztatuz.

        — Izan ere, badirudi jainko berri bat jaio dela jendearentzat! Dena guztientzat eta denak guztirako! Nik horrela ikusten zaituztet. Benetako lagunkideak zarete guztiok, familia bakarra osatzen duzue, ama bakarra duzue: egia!

        Narritaduren uhina berriro jabeturik berataz, gelditu, arnasa hartu eta, besarkatzeko bezala besoak keinu zabalean luzatuz, esan zuen:

        — Eta nire artean hitz hori esaten dudanean, «lagunkideok!», bihotzean entzuten dut: «aurrera doaz»!

        Lortua zuen bere helburua: Liudmilaren aurpegia harriduraz gorrituta zegoen, dardarka zituen ezpainak eta begietatik malko handi, gardenak zerizkion.

        Amak indarrez besarkatu zuen, hotsik gabe barrezka, bere bihotzaren garaipenaz gozoki harrotuta.

        Elkarri agur esatean, Liudmilak aurpegira begiratu eta ahapeka esan zion:

        — Badakizu ondo egoten dena zurekin?

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia