XXVII
Auzitegitik irten eta ikusi zuen ordurako gaua zela hirian, farolak piztuta zeuden kaleetan eta izarrak zeruan. Auzitegitik hurbil jendetza handia zegoen multzo txikitan bilduta, elurra mara-mara ari zuen aire izoztuan, ahots gazteak entzuten ziren nahas-mahas. Txanotzar griseko gizon batek begiak Sizoven aurpegian finkatu eta arrapaladan galdetu zion:
— Zein izan da epaia?
— Deportazioa.
— Denentzat?
— Denentzat.
— Eskerrik asko.
Gizonak han alde egin zuen.
— Ikusi dun? —esan zuen Sizovek—. Galdetzen diten...
Bat-batean hamar bat neska-mutil gaztek inguratu zituzten, eta jendea erakartzen zuten deiadarrez bete zen airea. Ama eta Sizov gelditu egin ziren. Epaiaz galdetzen zieten, auzipetuen jokabideaz, nork hitz egin zuen, eta galdera guztiei jakin-min biziko kutsu berbera antzematen zitzaien, egiazale eta sutsua zen eta asebetetzeko gogoa pizten zuen.
— Jaun-andreok! Hau Pavel Viasoven ama da! —oihukatu zuen norbaitek ahots leunez, eta ez behingoan baina bai agudo isildu ziren denak.
— Mesedez, ekarri bosteko hori!
Norbaiten esku sendoak amaren atzamarrak estutu zituen, norbaiten ahotsak hunkiturik jaregin zuen:
— Zure semea kemen eredua izango da guretzat guztiontzat...
— Gora Errusiako langileria! —oihu ozena entzun zen.
Oihuak areagotuz eta ugalduz zihoazen, han-hemenka lehertzen ziren, jendea leku guztietatik korrika hurbildu eta Sizov eta amaren inguruan elkartzen zen. Polizien txistuek airea urratzen zuten, baina haien zaratak ez zituen itotzen oihuak. Sizovek barre egiten zuen, eta amari amets gozoa iruditzen zitzaion hori guztia. Irribarre egiten zuen, eskuak estutzen zituen, buruaz agurtzen zuen, eta malko onbera, argitsuek estutzen zioten eztarria. Dardarka zituen hankak nekearen eraginez, baina bihotzak, pozez gainezka, dena xurgatzen zuen, zentzazioak islatzen zituen laku baten ur-azal distiratsua bailitzan. Harengandik hurbil norbait urduri mintzatzen hasi zen ahots argiz:
— Lagunkideok! Errusiako herriaz elikatzen den munstroak berriro ere irentsi egin du, bere aho hondogabe eta aseezinaz,...
— Tira, ama, goazen hemendik! —esan zuen Sizovek.
Eta une horretan Sasha agertu zen nonbaitetik, amari eskutik oratu eta agudo eraman zuen kalearen beste aldera, hala esanez:
— Zoaz, mesedez, zartakoak egongo dira! Edo atxiloketak! Deportazioa? Siberiara?
— Bai, bai!
— Eta zer moduz hitz egin du berak? Dena dela, nik badakit. Inor baino irmoago eta argiago, inor baino zorrotzago mintzatu da, noski. Sentibera da, samurra, baina lotsa ematen dio bere barnea zabaltzeak.
Neskaren xuxurla gartsuak eta amodiozko hitz haiek hunkipena baretu eta galdutako indarra berriztatu zioten.
— Noiz joango zara harengana? —ahapeka eta maitekiro galdetu zion Sashari, haren eskua bere gorputzaren kontra estutuz. Segurantziaz aurrera so eginez, neskak erantzun zuen:
— Nire lana bere gain hartuko duen norbait aurkitu bezain laster! Kontua da ni ere epaiaren zain nagoela. Segur aski, ni ere Siberiara bidaliko naute, orduan adieraziko dut bera dagoen lekura deportatzea nahi dudala.
Sizoven ahotsa entzun zen haien atzean:
— Orduan, eman goraintziak! Sizoven partetik, esaiozu. Berak badaki. Fiodor Mazinen osaba...
Sashak gelditu, jiratu eta eskua luzatu zion.
— Nik Fedia ezagutzen dut! Alexandra dut izena.
— Eta aita-izena?
Hark begiratu bat egotzi eta erantzun zion:
— Ez dut aitarik.
— Hil zaizu, beraz...
— Ez, bizi da! —erantzun zuen neskak narritaturik, eta zerbait temati, setatsua ahotsean durundatu eta begitartean agertu zitzaion—. Lurjabea da, orain zemstvoko burua, nekazariei lapurtzen die.
— A-alajaina! —arrapostu zuen Sizovek lur jota, eta, isilune baten ondoren, neskaren alboan zihoala eta begi zirrikitutik begiratuz, hala esan zuen:
— Beno, ama, agur! Ni ezkerretara noa. Ikusi arte, andereñoa, gogorra zara zure aitarekin! Jakina, zure kontua da...
— Zure semea gizon zitala balitz, kaltegarria jendearentzat eta nazkagarria zuretzat, aitortuko zenuke? —oihu egin zuen neskak sutsuki.
— Bai, aitortuko nuke! —erantzun zuen zaharrak handik pixka batera.
— Beraz, semea baino maiteagoa duzu justizia, eta nik aita baino maiteagoa dut...
Sizovek irribarre egin zuen, buruaz baiezka. Gero, hasperen egin eta esan zuen:
— Tira, tira! Azkarra zara! Puska luze batean zeuenari eusteko gai bazarete, azkenean zaharron gainetik jarriko zarete, kemen handia duzue!... Agur, onena opa dizut! Eta onberagoa izan jendearekin! Agur, Nilovna! Pavel ikusten badun esaion hitzaldia entzun dudala. Ez dinat dena ulertu, eta gauza batzuek ikaratu ere egin naiten, baina esaion zuzen dagoela!
Txanoa jaso eta eite serioz desagertu zen kale kantoi baten atzetik.
— Gizon onbera da inondik ere! —ohartarazi zuen Sashak, bere begi handien begirada irribarretsuaz Sizovi jarraitzen zitzaiola.
Amari iruditu zitzaion egun horretan neskaren begitartea ohi baino gozoagoa eta onberagoa zela.
Etxera heldutakoan, dibanean eseri ziren, elkarrengana trinko estuturik, eta ama, hango isiltasunean atseden hartuz, Sashak Pavelekin elkartzeko egin behar zuen bidaiaz hitz egiten hasi zen berriro. Bekain ile-sarriak pentsakor goraturik, neskak urrunera begiratzen zuen bere begi handi ameslariez, eta gogoetaldi lasaian murgildurik zegoela antzematen zitzaion aurpegi zurbilean.
— Gero, seme-alabak egiten dituzuenean, zuengana joango naiz, nik zainduko ditut haurrak. Eta han ez gara hemen baino okerrago bizi izango. Pavelek lana aurkituko du, urrezko eskuak ditu...
Sashak begirada arakatzaile batez bildu zuen ama, eta galdetu:
— Eta ez duzu oraintxe bertan harengana joateko gogorik?
Amak hasperen egin zuen, eta esan:
— Zertarako behar nau? Ihes eginez gero, enbarazu besterik ez nioke egingo. Gainera, berak ez luke onartuko...
Sashak buruari eragin zion.
— Ez du onartuko.
— Gainera hemen badut zer eginik! —gaineratu zuen amak harrotasun arinez.
— Bai! —arrapostu zuen Sashak pentsakor—. Ondo dago hori...
Eta bat-batean, gainetik zerbait kendu balu bezala hasperen egin ondoren, hala esan zuen ahapeka eta xumeki:
— Ez da han bizitzen geratuko. Ihes egingo du, jakina...
— Eta zer gertatuko da zurekin? Eta haurrarekin, izatekotan?
— Han ikusiko dugu! Berak ez nau aintzat hartu behar, eta nik ez diot trabarik jarriko. Niretzat latza izango da harengandik banantzea, baina, dudarik gabe, eramateko gauza izango naiz. Ez diot trabarik jarriko, ez.
Amak sentitu zuen Sasha zioena betetzeko gai zela, eta harenganako errukia piztu zitzaion. Besarkatu egin zuen, eta esan:
— Nire maite laztana, zaila izango da zuretzat!
Sashak irribarre eztitsua osatu eta aman kontra estutu zuen gorputz osoa.
Nikolai agertu zen, nekaturik, eta, berokia eranzten zuen bitartean, tarrapataka hitz egiten hasi zen:
— Hara, Sashenka, alde egin ezazu onik zauden bitartean! Goizetik zelatari bi dauzkat atzetik, eta hain modu nabarmenean, atxiloketa usaina hartua baitiet. Baditut susmoak. Nonbait zerbait gertatu da. Tira, hemen daukat Pavelen hitzaldia, inprimatzea erabaki da. Eraman iezaiozu Liudmilari, ahalik eta bizkorren lan egiteko eskatu. Pavelek ederto hitz egin du, Nilovna!... Kontuz zelatariekin, Sasha...
Hitz egiten zuen bitartean, indarrez igurzten zituen esku izoztuak eta, mahaira hurbildurik, tiraderak presaka zabaldu eta bertatik paperak ateratzen hasi zen, batzuk txikitu eta beste batzuk alde batera jartzen zituen, kezkaturik eta txima-jario.
— Aspaldi ez dela egin dut garbiketa, eta nolako saski-naskia pilatu den berriro, deabrua! Begira, Nilovna, agian hobe zuk ere ez baduzu gaua etxean ematen, bai? Aspergarri samarra izango da hemen joko duten musika entzuten geratzea, eta, gainera, baliteke zu ere preso hartzea, eta ezinbestekoa da zuk Pavelen hitzaldia hara eta hona eramatea...
— Baina, zertarako behar naute ni? —esan zuen amak.
Nikolaik, eskua begi aurrean astinduz, segurtasunez esan zuen:
— Nik usaimen ona dut. Gainera, Liudmilari lagundu ahal diozu, ezta? Urrun zaitez ahal beste ezbeharretik...
Atsegingarria zitzaion semearen hitzaldiaren inprimatze-lanetan parte hartu ahal izatea, eta hala erantzun zuen:
— Horrela bada, joango naiz.
Eta, bere burua ere ustekabean hartuta, segurtasunez baina apalki esan zuen:
— Dagoeneko ez naiz ezeren beldur, Kristori eskerrak!
— Ederto! —egin zuen oihu Nikolaik, aman begiratu gabe—. Eta orain esadazu non dauden nire maleta eta nire aldagarriak; izan ere, guztiari heldu diozu zure esku harrapari horiekin, eta neure gauzak askatasunez erabiltzeko inolako aukerarik gabe utzi nauzu.
Sashak, hitzik esan gabe, paper zatitxoak erretzen ari zen berontzian eta, kiskalitakoan, arduratsu nahasi zituen paperaren eta egurraren errautsak.
— Sasha, joan zaitez! —esan zion Nikolaik, eskua luzaturik—.
Ikusi arte! Liburu interesgarriren bat agertzen bada, ez ahaztu bidaltzea. Tira, ikusi arte, lagunkide maitea! Kontuz ibili...
— Luzerako izango duzula uste duzu? —galdetu zuen Sashak.
— Deabruak daki! Segur aski badute zerbait nire kontra.
Nilovna, zoazte biak batera, bai? Zailagoa da biri jarraitzea. Ondo?
— Banoa! —erantzun zuen amak—. Oraintxe jantziko naiz...
Arretaz aztertzen zuen Nikolai, baina, ohiko begitarte onbera eta samurra iluntzen zion larritasunaz gain, ez zion ezer berezirik antzematen. Ez aparteko urduritasunik mugimenduetan, ez inolako asaldura zantzurik ez zuen sumatzen gainerakoak baino maiteago zuen gizon horrengan. Jendearentzat lehen bezalakoa izaten jarraitzen zuen: guztiekin adeitsua, guztiekin amultsua eta neurrizkoa; bakartia eta lasaia beti, isilpeko bizitza bizi zuen bere barnean, gainerakoei aurrea hartuta. Baina amak bazekien gizon hori beste inor baino gehiago hurbildu zitzaiola, eta maite zuen, zuhurtasunez eta bere buruaz ezbaian dagoen maitasunez. Orain, harenganako erruki jasanezina sentitzen zuen, baina eutsi egiten zion, jakin baitzekien erakutsiz gero Nikolai ezinegonik eta urduri jarriko zela eta, beti bezala, apur bat barregarri geratuko zela, eta berak ez zuen horrela ikusi nahi.
Gelara itzuli zen. Nikolai Sasharekin hitz egiten ari zen eskua estutzen zion bitartean:
— Ederto! Ziur nago hori oso ona izango dena bai harentzat, bai zuretzat. Norberarentzako zorion apurtxo bat ez da kaltegarria. Prest zaude, Nilovna?
Amarengana hurbildu zen, irribarrez eta betaurrekoak zuzen ipintzen zituela.
— Beno, ikusi arte, hiru bat hilabete, lau, gehien jota urte erdirako izango dela pentsatu nahi dut! Urte erdia bizitza puska ederra da... Zaindu zeure burua, mesedez, bai? Utzi besarkatzen...
Segail eta argal, amaren lepoa inguratu zuen bere beso luzeez, begietara so egin eta barrezka hasi zen, hala esanez:
— Badirudi zutaz maitemindu naizela, denbora guztian besarkadaka!
Amak, ezer esan gabe, musu eman zion bekokian eta masailetan, baina eskuak dardarka ari zitzaizkion. Besoak zabaldu zituen Nikolai horretaz ohar ez zedin.
— Entzun, bihar zuhurtasunez jokatu! Mutiko bat bidali egoera zertan den azter dezan, Liudmilarenean bada mutil koskor bat. Tira, ikusi arte, lagunkideok! Ondo dago dena!
Kalean Sashak ahapeka esan zion amari:
— Nolako xumetasunez jokatzen duen, behar izanez gero horrelaxe joango litzateke baita hiltzera ere eta, segur aski, orain bezala, presa apur bat sartuko litzaioke orduan ere. Eta heriotzak aurpegira begiratzean, betaurrekoak zuzen ipini, «ederto!» esan, eta besterik gabe hilko litzateke.
— Maite dut! —murmurikatu zuen amak.
— Nik miretsi bai, baina maitatu ez! Begirune izugarria diot. Apur bat lehorra da, baina onbera eta, batzuetan, samurra ere bai, baina hori guztia ez da beharko lukeen bezain gizatiarra. Badirudi norbait dugula atzetik segika! Bereiz gaitezen elkarrengandik, eta ez sartu Liudmilaren etxean inguruan zelatariak daudela iruditzen bazaizu.
— Badakit! —esan zuen amak. Baina Sashak temati gaineratu zuen:
— Ez sartu! Hori gertatuz gero, nirera etorri. Gero arte!
Agudo jiratu eta atzerako bidea hartu zuen.
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda