XXVI
Pavelek esandakoa ez zen berria amarentzat, ezagunak ziten ideia horiek, baina hor, epaimahaiaren aurrean, lehendabiziko aldiz sentitu zuen semearen fedearen indar bitxi, liluragarria. Harrituta utzi zuen Pavelen lasaitasunak, eta hitz haiek, izar izpitsu baten itxura hartuta, semea zuzen zegoelako eta nagusituko zelako uste sendoa sortzen zioten bularrean. Espero zuen orain epaileak gogor eztabaidatuko zirela harekin, haserre ihardetsiko ziotela, beren egia agertuz. Baina une horretan Andrei altxatu zen, zabunkatu, epaileei zeiharka begiratu, eta hizketan hasi zen:
— Defendatzaile jaunak...
— Aurrean duzuna epaimahaia da, ez defendatzaileak! —ohartarazi zion, haserre eta ozenki, gaixo aurpegiko epaileak. Andreiren aurpegiera ikusita, adarra jotzeko gogoa zuela antzeman zion amak: haren bibotea dardarka ari zen, eta begietan ñirñir egiten zuen berak hain ondo ezagutzen zuen katu-imintzio burlati eta gozoak. Esku luzeaz burua indartsu igurtzi, eta hasperen egin zuen.
— Nolatan gero? —esan zuen, burua kulunkatuz—. Epaileak gabe, defendatzaile hutsak zinetelakoan nengoen ni...
— Mesedez, auziaren mamiaz hitz egiteko eskatzen dizut! —lehor ohartarazi zion agureak.
— Mamiaz? Ondo! Dagoeneko neure buruari pentsarazia diot zuek benetako epaileak zaretela, pertsona independenteak, onestuak...
— Epaimahaiak ez du zuk nolakoa den azaltzearen beharrik!
— Ez du beharrik? Mmm, tira, hala ere, aurrera egingo dut... Zuentzat ez dago ez lagunik ez etsairik, gizon askeak zarete. Orain bi alde duzue aurrean, eta bat kexu agertzen zaizue: honek lapurreta egin dit eta zakarki tratatu nau! Eta besteak erantzun: lapurreta egiteko eta zakarki tratatzeko eskubidea dut, arma bat daukat eta...
— Ba al duzu zer esanik auziaren mamiaz? —galdetu zion agureak, ahotsa goratuz. Dardarka zeukan aurpegia, eta aman atsegin zitzaion ikustea haserretzen ari zela. Baina Andreiren jokabidea ez zitzaion gustatzen, ez zetorren bat semearen hitzaldiarekin, berak eztabaida serio eta zorrotza nahi zuen.
Jojolak isilik begiratu zion agureari, eta gero, burua igurtziz, seriotan hasi zen:
— Mamiaz? Eta zergatik hitz egingo dut nik zuekin mamiaz? Jakin behar duzuena lagunkideak esan dizue. Gainerakoa beste batzuek kontatuko dizuete garaia iristen denean...
Agurea apur bat altxatu zen, eta adierazi:
— Hitza kentzen dizut! Grigori Samoilov!
Ezpainak tinko estuturik, nagitasunez, jojolak gorputza bankuan erortzen utzi zuen; haren aldamenean Samoilov zutitu zen, kiribilei eraginez.
— Fiskalak esan du nire lagunkideak basatiak direla, kulturaren etsaiak...
— Gure auzia ukitzen duten gauzez soilik hitz egin behar da!
— Horrek ukitu egiten du. Ez dago ezer jende onestua ukitzen ez duenik. Eta ez mozteko eskatzen dizut. Nik galdetzen dizuet: zein da zuen kultura hori?
— Hemen ez gaude zuekin eztabaidatzeko! Gaiari lotu! —zioen agureak, hortzak erakutsiz.
Andreiren jokabideak nabarmenki aldatua zuen epaileen aldartea, bazirudien haren hitzek zerbait ezabatu zutela haiengandik, aurpegi grisetan orbanak azaldu eta begietan txinpart hotz, berdeak piztu zitzaizkien. Pavelen hitzaldiak sumindu egin zituen, baina hitzen indarrak sumindurari eustera behartu zituen, eta, gogoz bestera bazen ere, begirunez jokatzera. Jojolak eutsialdi hori urratu eta aise atera zuen argitara haren azpian ezkutaturik zegoena. Txutxu-mutxuka ari ziren, keinu bitxiak eginez, eta haiekin bat ez zetorren azkartasunez mugitzen hasiak ziren.
— Zuek zelatariak hazten dituzue, andreak eta neskak galbidetzen dituzue, gizakia lapur edo hiltzaile izateko zorian jartzen duzue, vodkaz pozoitzen duzue. Nazioarteko sarraskiak, herri guztiaren aurreko gezurra, ustelkeria eta basakeria, horra hor zuen kultura! Bada, bai, gu kultura horren etsaiak gara!
— Mesedez! —oihu egin zuen agureak, kokospekoa astinduz. Baina Samoilovek ere oihu egiten zuen, goitik behera gorrituta, begiak ñirñir:
— Baina guk beste kultura bat errespetatu eta estimatzen dugu, zuek haren sortzaileak kartzelan usteltzen utzi dituzue, erotu egin dituzue...
— Hitza kentzen dizut! Fiodor Mazin!
Mazin txikia zutik jarri zen, bat-batean kanporatutako eztenaren antzera, eta ahots etenez esan zuen:
— Nik... nik, zinez diotsuet! Badakit dagoeneko kondenatu nauzuena.
Arnasa galdu zuen, zurbildu, haren aurpegian begiak besterik ez zen nabarmentzen, eta, besoa luzaturik, oihu egin zuen:
— Zinez diotsuet! Edonora bidaltzen nauzuela ere, ihes egingo dut, itzuli egingo naiz, beti, bizitza osoan ekingo diot borrokari. Zinez diotsuet!
Sizovek urruma egin zuen ozenki, eserlekuan bihurrituz. Eta publikoak, arian-arian haziz zihoan narritadurari ezin eutsirik, burrunba egiten zuen era sor eta bitxian. Emakume batek negar egiten zuen, norbait eztulka ari zen ito beharrean. Jendarmeek harridura ergelez aztertzen zituzten auzipetuak, amorruz publikoa. Epaileak kordoka mugitzen ziren, agureak ahots zoliz oihukatzen zuen:
— Gusev Ivan!
— Ez dut hitz egin nahi!
— Gusev Vasili!
— Ez dut nahi!
— Bukin Fiodor!
Mutil zurixka, margula jarlekutik altxatu zen eta, burua astinduz, astiro esan zuen:
— Lotsarik ere ez duzue! Ni gizon hezigabea naiz baina, hala ere, badakit zer den justizia! —eskua buru gainetik jaso eta isildu egin zen, begiak ertirekita, urruneko zerbaiti erreparatuz bezala.
— Zertaz ari zara? —jaregin zuen agureak haserre, harriduraz, besaulkian atzera eginez.
— Ah, zoazte pikutara...
Bukin bekozko ilunez eseri zen bankuan. Haren hitz ilunetan bazen zerbait handia, garrantzitsua, nolabaiteko destaina eta lainotasun goibela. Denak ohartu ziren horretaz eta, baita epaileek beraiek ere, belarriak zorroztu zituzten, oihartzunak hitzek baino argitasun handiagoa ekarriko ote zien itxarongo balute bezala. Eta publikoaren eserlekuetan geldirik geratu zen dena, negar hots apalak besterik ez zuen urratzen airea. Gero, fiskalak, sorbaldak goraturik, sasi-irribarrea osatu zuen, nobleteriaren mariskalak eztul egin zuen, eta apurka-apurka xuxurlak sortzen hasi ziren berriro, aretoan barrena urduri, sigi-saga barreiatuz.
Amak Sizovengana makurtu eta galdetu zion:
— Epaileek hitz egingo dute?
— Hau amaituta zegon... epaia jakinaraztea falta dun...
— Besterik ez?
— Ez...
Amak ez zion sinetsi.
Samoilova urduri mugitzen zen bankuan, amari sorbaldaz eta ukondoaz bultza eginez, eta ahapeka esaten zion senarrari:
— Horrelakorik gero! Posible ote da hau?
— Begira, posible dun!
— Zer gertatuko zaio gure Grishari?
— Utzi bakean...
Bazirudien guztien barnean zerbait irauli, hautsi, urratu egin zela, jendeak harriduraz kliskatzen zituen begiak, ezer ikusi gabe, aurrean dirdai itsugarriz argitzen zuen zerbait piztu baliete bezala, inguru zirriborrotsua eta esanahi ulertezina baina indar erakargarria zituena. Eta, ustekabean zabaldutako handitasun hori ulertu gabe, jendeak presaka xehatzen zuen sentimendu berri hori zati txiki, nabari eta ulergarritan. Bukin nagusiak, beldurrik gabe, ozenki murmurikatzen zuen:
— Esadazue, zergatik ez diete hitz egiten uzten? Fiskalak nahi duen guztia esan ahal du...
Bankuen alboan funtzionario bat zegoen zutik eta, besoak jendearengana mugituz, ahotsa goratu gabe esaten zuen:
— Isilik! Isilik...
Samoilovek atzera bota zuen gorputza eta, emaztearen bizkar atzetik marmarka, etenka jaulkitzen zituen hitzak:
— Noski, demagun errudunak direla! Baina utzi azaltzen! Zeren kontra altxatu dira? Ulertu egin nahi dut hori! Nik ere badut interesa...
— Isilik! —agindu zion funtzionarioak, atzamarrez mehatxu eginez.
Sizovek kopetilun eragin zion buruari.
Amak temati begiratzen zien epaileei, eta ikusten zuen gero eta urduriago zeudela. Ahots ulertezinez mintzatzen ziren elkarrekin, haien solasaren soinu hotz eta labainak amaren aurpegia ukitu eta dardara eragiten zion masailetan, zentzazio erigarri, nazkagarria ahoan. Ezin azal zezakeen zergatik, baina iruditzen zitzaion haiek guztiek semearen eta lagunkideen gorputzak zituztela hizpide, gazte haien gihar eta soin-atal odol sutsuz eta indar biziz beteak. Gorputz horiek behartsuen bekaizkeria gaiztoa pizten zuten haiengan, agorren eta gaixoen gutizia likitsua. Ezpainak klaskatzen zituzten, lan egiteko eta aberasteko, gozatzeko eta sortzeko gai ziren gorputz haien desiraz. Orain, gorputz horiek bizitzaren gurpil eragiletik bereiziko ziren, hari uko egingo, eta aldean eramango zuten beraietaz jabetzeko, beraien indarra erabiltzeko eta xurgatzeko aukera. Eta horregatik, gazteek, jaki freskoa ikusi arren dagoeneko harrapatzeko indarrik ez duen, besteren indarraz bere burua asetzeko ahalmena galdu duen eta, bere asetasunaren sorburua ihesi doala ikusirik, gaixo antzera marruka eta tristuraz intzirika ari den piztia ahulduaren sumindura mendekari eta goibela sortzen zuten epaile zaharrengan.
Zenbat eta arreta handiagoz begiratu epaileei, orduan eta forma argiagoa hartzen zuen irudikapen zakar eta bitxi horrek. Iruditzen zitzaion epaileek ez zituztela ezkutatzen behiala asko jateko aukera izan zuten gosetien gutizia larria eta amorru indargabea. Berari, beti eta guztiaren gainetik semearen gorputza arima deritzon hori baino bizikiago maite izana zuen emakume eta ama zen aldetik, izugarria zitzaion ikustea nola begi itzali haiek Pavelen aurpegitik lerratzen ziren, nola bularra, sorbalda eta besoak haztatu eta larruazal gartsua igurzten zioten. Zirudienez, kondenatutakoan berengandik bereizi behar zuten bizi gazteak sortzen zizkien gutiziaren eta bekaizkeriaren sastakoek apur bat suspertu bazituzten ere erdi hilik zeuden gizon haien zain gogortu eta gihar ahituetan odola gartzeko, berotzeko, sutzeko aukeraren bila ari ziren. Iruditzen zitzaion semeak hazkura ezatsegina sortzen zioten ukitu gordin horiek sentitzen zituela, eta dardarka begiratzen ziola.
Pavelek aurpegira begiratzen zion amari, begiak apur bat nekatuta, lasai eta samurki. Batzuetan buru keinua egiten zion, irribarrez.
«Laster, askatasuna!» —adierazten zion amari irribarre horrek, eta bazirudien ukitu bigunez laztantzen ziola bihotza.
Bat-batean, epaileak zutik ipini ziren denak batera. Ama ere hanka gainean jarri zen nahigabe.
— Bazihoazen! —esan zuen Sizovek.
— Epaiaren bila? —galdetu zion amak.
— Bai...
Bat-batean joan zitzaion estutasuna, ahulezia itogarri eta unagarri batek hartu zion gorputza, bekaina dardarka hasi zitzaion eta izerdiak busti zion bekokia. Etsipenezko eta irainezko sentimendu jasanezin bat ibaika isuri zitzaion bihotzera eta, berehalakoan, epaiketa eta epaileenganako erdeinu abailgarri bilakatu zen. Bekainetan mina sentituz, esku ahurra bekokitik indarrez pasatu eta ingurura begiratu zuen: auzipetuen senitartekoak burdin hesira hurbiltzen ziren, aretoa elkarrizketen marmar hotsaz bete zen. Bera Pavelengana hurreratu eta, eskua indartsu estuturik, negarrez hasi zen, mindurik eta pozez gainezka, elkarren aurkako sentimenduen kaosean trabatuta. Pavelek hitz gozoak esaten zizkion, jojolak bromak egiten zituen barrezka.
Negar egiten zuten emakume guztiek, baina ohituraz saminez baino gehiago. Ezustean eta ikusi gabe bat-batean burua jo eta durditzen duen kolpearen antzekoa den samin hori ez zegoen; bai, ordea, semeengandik banantzea ezinbestekoa zelako kontzientzia tristea, baina hau egunak eragindako zirraretan hondoratu eta aienatu egiten zen. Aitek eta amek sentimendu zehaztugabe batez begiratzen zieten semeei: gaztetasunarekiko mesfidantza eta semeen gaineko nagusitasunaren kontzientzia ohikoa modu bitxian batzen ziren beste sentimendu batzuekin, haienganako begirunetik hurbil zeudenak; eta bizitza berri eta hobe bat eraikitzerik bazegoela ausarki eta beldurrik gabe aldarrikatzen zuten gazte haiek piztutako jakin-minak bigundu egiten zien aurrerantzean nola biziko ziren pentsatzeak sortzen zien tristura etsia. Ez ziren gai sentimendu horiek adierazteko, eta barnean eusten zieten. Hitzak barra-barra jaulkitzen zitzaizkien, baina gauza arruntez mintzatzen ziren, azpiko eta gaineko jantziez, osasuna zaintzearen premiaz.
Bukin nagusiak, eskuei eraginez, anaia gaztea limurtu nahian ziharduen:
— Hain zuzen ere, justizia behar diagu! Eta besterik ez!
Bukin gazteak hala erantzun zion:
— Zaindu nire zozoa...
— Onik izango duk!
Sizovek besotik helduta zeukan loba, eta astiro hitz egiten zion:
— Beraz, Fiodor, bahoa...
Fediak makurtu eta zerbait xuxurlatu zion belarrira, maltzurki irribarre eginez. Soldadu zaintzaileak ere irribarre egin zuen, baina segituan begitartea zorroztu eta karraka egin zuen.
Ama Pavelekin mintzatzen zen, gainerakoak bezala, gauza berberez —arropaz, osasunaz—, baina, bularrean pilaturik, bultzaka ari zitzaion hamaika galdera, Sashari buruz, berari buruz, bere buruari buruz. Baina horren guztiaren azpian semearenganako maitasun oparoa, haren gogoko izateko, haren bihotzetik hurbilago egoteko irrika bizia zegoen, eta haziz zihoan astiro. Zerbait izugarriaren zain egote hura desagertua zen jada amaren gogotik, epaileez oroitzeak sortzen zion dardarizo ezatsegina eta —hor nonbait, bazter batean— haiei buruzko gogoeta iluna beste arrastorik utzi gabe. Bere baitan alaitasun handi, argitsua sortua zela nabaritzen zuen, baina ezin zuen haren zergatia ulertu, eta aztoratu egiten zuen horrek. Jojolak guztiekin hitz egiten zuela ikusirik, eta Pavelek baino samurtasun handiagoa behar zuela jabetuta, harekin hizketan hasi zen:
— Ez zait gustatu epaiketa!
— Zergatik ez, enetxoa? —egin zuen oihu jojolak, esker oneko irribarrea erakutsiz—. Zaharra da errota, baina ez dago nagiak jota...
— Ez da izugarria izan, eta jendeak ez du ulertzen noren aldean dagoen egia —esan zuen amak ezbaikor.
— Hara, eta zer nahi zenuen ba? —jaregin zuen Andreik—. Egia da hemen auzitan dagoena ala?
Amak hasperen egin eta irribarretsu esan zuen:
— Izan ere, nik uste nuen izugarria izango zela...
— Epaimahaia!
Tarrapataka abiatu ziren denak eserlekuetara.
Esku bat mahaian bermaturik zuela, epaile zaharrak, aurpegia paperaren atean gorderik, irakurtzeari ekin zion erlastarraren burrunbaren antzeko ahots xuxurlari ahulaz.
— Epaia irakurtzen ari da! —esan zuen Sizovek, belarri emanez.
Isiltasuna nagusitu zen. Altxatu ziren denak, agureari begira. Txiki, ihar, zuzen, esku ikusezin batek eutsitako makila baten nolabaiteko antza zuen. Epaileak ere zutik zeuden: sindikoa burua sorbalda aldera makurtuta eta lurrera begira, alkatea besoak bularraren parean uztarturik, nobleteriaren mariskala bizarra laztantzen. Gaixo aurpegiko epailea, haren kide potoloa eta fiskala auzipetuen aldera begira zeuden. Eta epaileen atzean, erretratutik, haien buruen artetik, tsarrak begiratzen zuen, uniforme gorriz jantzita eta aurpegi zuri odolgabetik intsektu bat zebilkiola.
— Deportazioa! —esan zuen Sizovek, arindurik hasperen eginez—. Tira, amaitu dun, jainkoari eskerrak! Lan bortxatuetara bidaliko zituztela entzuten zunan! Ez dun hain txarra, ama! Ez dun hain txarra!
— Ni jakinaren gainean nengoan —erantzun zuen amak neke ahotsez.
— Hala ere, orain gauza segurua dun! Epaile hauekin, batek zekin! —auzipetuengana jiratu zen. Eramaten ari ziren, eta ozenki esan zien:
— Ikusi arte, Fiodor! Ikusi arte guztiok! Jainkoak gorde zaitzatela!
Amak, isilik, buruaz agurtu zituen semea eta gainerako guztiak. Negar egiteko gogoa zuen, baina lotsa ematen zion.
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda