XXV

 

        Bankuan esertzeaz batera Sizovek zerbait murduskatu zuen.

        — Zer gertatzen zaik? —galdetu zion amak.

        — Arranopola! Jendea bai ergela...

        Kanpaitxoak dei egin zuen. Norbaitek ezaxolati iragarri zuen:

        — Epaile jaunak...

        Berriro zutitu ziren denak, eta berriro, lehengo hurrenkera berean, epaileak sartu ziren, eta eseri. Auzipetuak ekarri zituzten.

        — Eutsi gogor! —xuxurlatu zuen Sizovek—. Fiskalak hitz egingo din.

        Ama lepoa luzatu, gorputz osoa aurrera bota eta geldirik geratu zen, zerbait izugarriaren zain ostera ere.

        Epaileei saihets emanez zutik, burua haiengana jiratuta, ukondoa atrilean bermaturik, fiskalak arnasa hartu zuen eta, eskuineko eskua airean astinduz, hitz egiten hasi zen. Amak ez zituen aurreneko hitzak atzeman, fiskalaren ahotsa leuna, mardula eta gorabeheratsua zen, aldizka poliki eta aldizka azkar mintzatzen zen. Hitz guztiak berdin antzekoak ziren, lerro luzea osatzen zuten, hari-josturak bailiran, eta bat-batean arrapaladan hegaldatu eta jirabiraka hasten ziren, euli saldoa azukre koxkorraren gainean bezala. Baina amak ez zuen haietan ezer izugarririk, inolako mehatxurik kausitzen. Elurra bezain hotz eta errautsa bezain gris, jario amaigabean isurtzen ziren eta, hauts mehe eta lehor baten antzera, amorratzerainoko gogaitasunez betetzen zuten aretoa. Antza, solasaldi hura, sentimenduz urria, hitzez oparoa, ez zen Pavelenganaino eta haren lagunkideenganaino iristen —nonbait, ez zien inolako zirrararik eragiten—, lasai eserita zeuden denak eta, lehen bezala ahopetik berriketan, tarteka irribarre egin eta tarteka bekozko iluna jartzen zuten irribarrea ezkutatzeko.

        — Gezurretan ari dun! —xuxurlatu zuen Sizovek.

        Amak ezin esan zezakeen horrelakorik. Fiskalaren hitzak entzutean, ohartzen zen denak akusatzen zituela inor gailendu gabe: puska batez Pavelez aritu ondoren, Fediari buruz hitz egiten hasten zen, Pavelen alboan utzi eta, setatsu, Bukin inguratzen zuen biengana; bazirudien denak ondo lotu eta zaku berean sartzen zituela, elkarrengana trinko estuturik. Baina haren hitzen azaleko esanahiak ez zuen ama ez gogobetetzen, ez hunkitzen, ez beldurtzen; guztiarekin ere, zerbait izugarria espero zuen, temati bilatzen zuen hitzen atzean, fiskalaren aurpegian, begietan, ahotsean, airean astiro mugitzen zuen esku zurian. Bazen zerbait izugarria, sumatu egiten zuen, baina antzemanezina zen, ez zuen zehazteko biderik ematen, eta lehengo hondar lehor eta garratzez estaltzen zuen atzera amaren bihotza.

        Epaileei begiratzen zien: dudarik gabe, aspergarria zitzaien fiskalaren hitz jarioa entzutea. Aurpegi bizigabe, hori eta gris haiek ez zuten ezer adierazten. Fiskalaren hitzek begiek ezin antzeman zezaketen laino bat hedatzen zuten airean, gero eta gehiago hazi eta epaileen inguruan ixten zena, axolagabekeriaren eta itxarote gogaitsuaren hodeian estu bilduz. Epaile zaharra ez zen mugitzen, bere jarrera zurrunean ihartu balitz bezala, betaurrekoen kristalen atzeko orbantxo grisak aldika desagertzen ziren, aurpegian iraungirik.

        Eta, sorgortasun idor hori, arrangurarik gabeko axolagabetasun hori ikusita, amak harriturik galdetzen zion bere buruari:

        «Epaitzen ari dira?!»

        Galdera horrek bihotza zapaldu eta, arian-arian izugarriaren esperoa bertatik atereaz, zimiko egiten zion eztarrian irainaren sentipen garratzaz.

        Halako batean, tupustean amaitu zen fiskalaren hitzaldia, zertzelada arin eta txiki batzuk erantsi, epaimahaia buru-makurtuaz agurtu, eta eseri egin zen, eskuak leunki igurtziz. Nobleteriaren mariskalak onespenez eragin zion buruari, begiak zabal-zabalik; hiriko alkateak eskua luzatu zion, eta sindikoak irribarre egiten zuen bere tripari begira.

        Baina, nonbait, haren hitzek ez zieten poztasunik eragin epaileei, ez baitziren ezta apur bat ere mugitu.

        — Hitza —hasi zen agurea, paper bat aurpegira hurbilduz— Fedoseiev, Markov eta Zagaroven defendatzaileak du.

        Amak Nikolairen etxean ikusia zuen abokatua altxatu zen. Haren aurpegia zabala zen eta begitartea onbera, begi txikiek irribarre gardena erakusten zuten, bazirudien bekain ilegorrien azpitik bi ezten zorrotz sortu eta, artaziak bailiran, zerbait ebakitzen zutela airean. Hizketan hasi zen, presarik gabe, ozenki eta argi, baina amak ezin entzun zezakeen haren hitzaldia, Sizov belarrira xuxurlaka ari baitzitzaion:

        — Ulertu dun zer esan duen? Ulertu dun? Bazter-nahasleak, zoroak direla esan din. Horrelakoa al da Fiodor?

        Ez zion erantzun, etsipen astunak jota. Haziz zihoakion iraina, arima zapaldurik. Ordurako Vlasovak argi zekusan justizia espero izatearen zergatia: semearen egiaren eta haren epaileen egiaren arteko lehia zorrotz eta zintzoa ikusiko zuelakoan zegoen. Irudikatua zuen epaileek luze, arretaz eta zehazki galdekatuko zutela Pavel haren bihotzean bizi zen guztiari buruz, begi arduratsuz aztertuko zituztela haren ideia eta egintza guztiak, haren egun guztiak. Eta haren arrazoien berri jakindakoan, justiziaz, ozenki esango zuten:

        — Gizon hau zuzen dago!

        Baina horren antzekorik ez zen han; bazirudien auzipetuak ikusezin eta urruneko zirela epaileentzat, eta epaileak soberako auzipetuentzat. Nekearen nekez, amak epaiketarekiko interesa galdua zuen eta, hitzik entzun gabe, mindurik pentsatzen zuen:

        «Hau al da epaitzeko modua?»

        — Eman gogor! —xuxurlatu zuen Sizovek onespenez.

        Ordurako beste abokatu bat ari zen hizketan, txikia zen, aurpegi zorrotz, zurbil eta irriberakoa, epaileek trabak jartzen zizkioten.

        Fiskala jauzi batez altxatu zen eta, bizkor eta haserre, zerbait esan zuen protokoloari buruz; gero, erregu eginez mintzatu zen agurea. Defendatzaileak burua begirunez makurtu, haren erregua entzun, eta bere azalpenari ekin zion berriro.

        — Sakondu! —jaregin zuen Sizovek—. Sakondu gehiago...

        Aretoan jendea suspertzen ari zen, borrokarako gogo sutsua pizten hasia zen, abokatuak hitz zorrotzez sumintzen zuen epaileen larruazal zaharra. Bazirudien ezen, handiturik eta puzturik, epaileak trinkoago estutzen zirela elkarrengana, hitzen sastada mingarri eta latzei bidea ixteko bezala.

        Baina une horretan Pavel zutitu zen, eta ustekabeko isiltasuna egin zen behingoan. Amak aurrerantz makurtu zuen gorputz osoa. Pavel lasaitasunez hitz egiten hasi zen:

        — Alderdiko kidea naizen aldetik, nire alderdiaren epaiketa onartzen dut soilik, eta ez dut nire burua defendatzeko hitz egingo. Nire lagunkideek ere uko egin diote defentsari eta ni, haiek eskatuta, ulertu ez duzuena azaltzen saiatuko naiz. Fiskalak botere gorenaren aurkako altxamendutzat jotzen du gu sozialdemokraziaren banderen azpian kaleratu izana, eta tsarraren aurkako erreboltari gisa aurkeztu gaitu denbora guztian. Bada, adierazi behar dizuet gure aburuz autokrazia ez dela gure herrialdearen gorputza lotzen duen katea bakarra, herria askatzeko apurtu behar dugun aurreneko eta hurbileneko katea baino ez da...

        Isiltasuna sakonagoa bilakatu zen ahots sendoaren soinuaren azpian. Bazirudien ahotsak aretoko hormak zabaldu zituela eta Pavel jendearengandik bereizi eta bazter batera urruntzen zela, bere irudia handiturik.

        Epaileak astunki eta urduri mugitzen hasi ziren. Nobleteriaren mariskalak zerbait xuxurlatu zion aurpegiera nagiko epaileari, honek buruaz baiezkoa egin eta agurearengana bihurtu zen, aldi berean, beste aldetik, epaile gaixotia belarrira mintzatzen zitzaiolarik. Besaulkian ezker-eskuin kulunkatuz, agureak zerbait esan zion Paveli, baina ahotsa Vlasoven hitzen erreka bare eta zabalean ito zen.

        — Sozialistak gara. Horrek esan nahi du jabetza pribatuaren etsaiak garela. Izan ere, jabetza mota horrek herria zatitzen du, gizakiak elkarren kontra bultzatzen ditu, jendearen interesen arteko aurkakotasun gaindiezina sortzen du, gezur esaten du aurkakotasun hori ezkutatzen eta zuritzen saiatzen denean, eta gezurraz, itxurakeriaz eta makurkeriaz galbidetzen ditu denak. Guk zera diogu: gizakia aberasteko tresnatzat soilik hartzen duen gizartea gizakiaren kontrakoa da, gure etsaia da, gu ezin gara haren moral azaluts eta gezurtiarekin adiskidetu; jendearekiko jokabide ziniko eta anker hori gure aurkakoa da, guk borroka egin nahi dugu, eta egin egingo dugu, gizarte horrek norbanakoa menperatzeko baliatzen dituen bide fisiko eta moral guztien aurka, gutizia asetzearren gizakia suntsitzeko erabiltzen dituen modu guztien aurka. Langileak gara, gure lanak sortzen du guztia, makina erraldoietatik hasi eta umeentzako jostailuetaraino; gu, langileok, geure giza duintasunaren alde borrokatzeko eskubideaz gabetuta gaude, nork bere helburuak lortzeko tresna gisa erabili ahal gaitu horretan saiatuz gero. Bere garaian botere guztia gureganatzeko aukera emango digun adinako askatasuna eduki nahi dugu orain. Gure jomugak argiak dira: jabetza pribaturik ez, produkzio bide guztiak herriaren esku, botere osoa herriarentzat, lana derrigorrezkoa denentzat. Dakusazuenez, ez gara erreboltariak!

        Pavelek irribarre burlatia erakutsi eta astiro pasatu zuen iletik eskua. Haren begi urdinetako suak argitsuago distiratu zuen.

        — Mesedez, gaiari lotzeko eskatzen dizut! —esan zuen epaimahaiburuak argi eta ozenki. Pavelengana jiratuta, aurrez aurre begiratzen zion; amari iruditzen zitzaion epailearen ezkerreko begi argilunean sugar gaizto eta aihertsua pizten ari zela. Eta epaile guztiek halako moldez begiratzen zioten semeari, non bazirudien begiak aurpegian iltzatu eta, izainak bailiran, gorputzari itsatsi eta odola hurrupatzen ziotela, horren bidez beren gorputz ahituak indarberritu nahirik. Baina Pavelek, tente, garai, zutik zirauen irmo eta sendo; besoa haiengana luzaturik eta ahotsa goratu gabe baina garbi hitz egiten zuen:

        — Iraultzaileak gara, eta horixe izango gara batzuek lan egin eta besteek agindu besterik egiten ez duten bitartean. Dituen interesak defendatzeko agindu dizueten gizarte horren kontra gaude, haren eta zuen etsai adiskidezinak gara, eta gu nagusitu arte ez da gure arteko adiskidetzerik izango. Gu nagusituko gara, langileok! Zuen manatzaileak ez dira, ezta urrik eman ere, haiek uste bezain indartsuak. Zapaldurik dituzten milioika gizakiak sakrifikatuz metatzen eta babesten duten aberastasun horrek, gure gaineko boterea ematen dien indar horrek elkarren aurka jartzen ditu, tirabirak sortzen ditu haien artean, fisikoki eta moralki hondatzen ditu. Ahalegin handiegiak egin behar dituzte beren ondasunen jabetasuna defendatzeko, eta, funtsean, zuek guztiak, gure nagusiak, gu baino esklaboagoak zarete, zuek izpirituz zaudete kateatuta, gu gorputzez baino ez. Errezelo eta ohituren zama, dagoeneko zuen izpiritua hil duen zama hori, aldetik ezin kendurik zaudete; guri, aldiz, ezerk ez digu eragozten geure barnean aske izatea; sartzen diguzuen pozoia nahigabe kontzientziara isurtzen diguzuen kontrapozoia baino ahulagoa da. Gure kontzientzia tai gabe hazi eta garatu egiten da, gero eta su biziagoa hartu eta onik den guztia ekartzen digu berekin, gogoarentzat osasungarria den guztia, baita zuen ingurunetik bertatik ere. Begiratu, dagoeneko ez duzue zuen boterearen alde ideologikoki borrokatzeko gauza den inor, zuen burua justizia historikoaren bultzadatik babesteko gai ziren argudio guztiak agortu dituzue dagoeneko, ezin duzue ezer berririk sortu ideien arloan, izpirituz antzuak zarete. Gure ideiak, aldiz, hazten ari dira, gero eta dirdiratsuago argitzen dute, gero eta herritar gehiago bildu eta antolatzen dituzte askatasunaren aldeko borrokarako. Langileen eginkizun handiaren kontzientziak mundu osoko langileak elkartzen ditu gogo bakar batean. Zuek ezin duzue inola ere geldiarazi bizitzaren berriztapen-prozesu hori, ankerkeriaz eta zinismoaz ez bada. Baina zinismoa nabaria da, eta ankerkeriak sumindura sortzen du. Eta gaur itotzen gaituzten eskuek, luze gabe, bostekoa emango digute lagunkide gisa. Zuen energia urrea pilatzeak ematen duen energia mekanikoa da, ezinbestean elkar irentsiko duten taldetan banatzen zaituzte; gure energia, ordea, langile guztien arteko elkartasunaren kontzientzia gero eta handiagoak dakarren indar bizia da. Zuek egiten duzuen guztia krimen hutsa da, horren helburua gizakia zapaltzea baita; gure lanak herria askatuko du zuen gezurrek, makurkeriak eta gutiziak sortu dituzten mamu eta munstroetatik, herria ikaratzen duten munstroetatik. Gizabanakoa bizitzatik erauzi eta suntsitu egin duzue; sozialismoak osotasun handi eta bakarrean batzen du zuek suntsitu duzuen mundua, eta halaxe izango da!

        Pavelek etenaldi laburra egin eta ahots apalagoz baina indar handiagoz errepikatu zuen:

        — Halaxe izango da!

        Epaileak txutxu-mutxuka ari ziren, imintzio bitxiak eginez, eta inork ez zituen begi gutiziatsuak Pavelengandik bereizten. Amari iruditzen zitzaion semearen gorputz zalu eta sendoa zikintzen zutela beren begiradez, mutilaren osasunak, indarrak, liraintasunak sortzen zien bekaizkeriak erreta zeudela. Auzipetuek arretaz entzuten zuten lagunkidearen hitzaldia, aurpegiak zurbil, begiak alaitasunez dirdirka. Amak semearen hitzak irensten zituen, eta lerrotan ondo antolatuta finkatzen zitzaizkion oroimenean. Agureak aldian behin isilarazten zuen Pavel, zerbait azaltzen zion, eta behin irribarre goibela erakutsi ere egin zion. Pavelek isilunea egiten zuen hari entzuteko, eta gero, doinu latzez baina lasai, hizketan hasten zen berriro, berak zioena entzutera behartuz, epaileen nahia bere nahiaren menpean jarrita. Baina, azkenean, garrasika hasi zen agurea, besoa Pavelengana luzaturik; Pavelen ahotsa iseka ukitu batez isurtzen zen, hari erantzuna emanez:

        — Amaitu egingo dut. Ez nuen bereziki zuek iraindu nahi, alderantziz, zuek epaiketa deritzozuen komedia honetako derrigorrezko partaide naizen aldetik, erruki zaituztet ia. Azken batean, gizakiak zarete, eta guri pena ematen digu beti gizakia, gure helburuen etsaia izan arren, indarkeriaren morrontzapean horren era lotsagarrian umildurik eta giza duintasunaren kontzientzia maila horretaraino galduta ikusteak...

        Eseri zen, epaileei begiratu gabe. Amak, arnasari eutsiz, finko begiratzen zien epaileei, zer gertatuko zain.

        Andreik, pozaren pozez, indarrez estutu zuen Pavelen eskua. Samoilov, Mazin eta gainerako guztiak kemenez gainezka inguratu zitzaizkion. Pavelek irribarre egiten zuen, lagunkideen susperraldiak apur bat nahasirik; ama eserita zegoen tokira begiratu eta buruari eragin zion, galdetuz bezala:

        «Horrela ondo?»

        Amak alaitasunezko hasperen sakon batez erantzun zion, maitasun uhin sutsu batek goitik behera bustita.

        — Orain bai hasi dela epaiketa! —murmurikatu zuen Sizovek—. Astinaldi ederra eman zien, ezta?

        Amak isilean eragin zion buruari, pozik semeak hain ausardia handiz hitz egin zuelako; agian, amaitu izanak sortzen zion pozik handiena. Galdera batek dardaraz jotzen zion burua:

        «Eta? Zer egingo duzue orain?»

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia