XXIV
Izu hori, bere hezetasun gordinaz arnasa hartzea eragozten zion lizuna bailitzan, ikaragarri hazi zen amaren bularrean, eta, epaiketaren eguna iritsi zenean, Nilovnak bizkarra eta lepoa makurrarazten zizkion zama astun eta iluna sartu zuen berekin batera epai aretoan.
Kalean, agur egiten zioten auzoko ezagunek, eta berak, jendetza bekozkodunaren erditik pasabidea urratuz, kilimusiak banatzen zituen hitzik esan gabe. Auzitegiko korridoreetan eta epai aretoan auzipetuen senideak aurkitu zituen, eta haiek ere zerbait esaten zioten ahotsa apaldurik. Premiagabeko zeritzen hitzei, ez zituen ulertzen. Jende guztia nahigabezko sentimendu berberak hartuta zegoen, eta horrek ama kutsatu eta areago zapaltzen zuen.
— Eser hadi nire alboan! —esan zion Sizovek, bankuan mugituz.
Ama, moldabera, bankuan eseri zen, soinekoa antolatu eta inguruetara begiratu zuen. Haren begi aurrean jiraka ari ziren, denak batera, marra eta orban berde eta gorrimin batzuk, dirdira egiten zuten hari mehe horiek.
— Hire semeak galbidetu din gure Grisha! —ahapeka bota zion hurbil eserita zeukan emakume batek.
— Ixo, Natalia! —erantzun zion Sizovek bekozko ilunez.
Amak emakumeari begiratu zion: Samoilova zen; apur bat haratago haren senarra zegoen, gizon itzaltsua, burusoila eta bizar sarri ilegorrikoa. Haren aurpegia hezurtsua zen; begiak ertirekita, aurrera begira zegoen, eta dardara egiten zion bizarrak.
Leiho garaietatik sartzen zen argi hitsak areto osoa betetzen zuen, kristalen kanpoaldetik elurra irristatzen zen. Leihoen artean eskegita tsarraren erretratu handi bat zegoen, urrezko marko lodi eta distiratsu batean sartuta, leihoetako errezel gorrimin astunen tolestura artezek markoaren ertzak ezkutatzen zituzten. Erretratuaren aurrean, aretoaren zabalera ia osorik hartuta, oihal berdez estalitako mahai luzea zegoen, hormaren eskuinaldean egurrezko banku bi burdinsare baten atzean, eta ezkerraldean besaulki gorrimin ilara bi. Aretotik, zaratarik atera gabe, hara eta hona zebiltzan funtzionarioak, idun berdeko jantziak soinean eta botoi urrekarak paparrean eta sabelaldean. Aire zikinean, ikaraz noraezean zebilen xuxurla apal bat, eta botika usain nahasia sumatzen zen. Horrek guztiak —koloreek, dirdirek, hotsek eta usainek— begiak nekatzen zituen, arnasarekin batera sartzen zen bularrera eta beldur goibelezko lanbro geldi, nabar batez betetzen zuen bihotz eroria.
Tupustean, ahots batek zerbait esan zuen ozenki, amak zirgit egin zuen, zutik jarri zen jende guztia, bera ere altxatu zen, Sizovi besotik helduta.
Aretoaren ezkerraldeko bazterrean ate garai bat ireki zen; bertatik, aldaroka ibiliz, agure betaurrekodun bat atera zen. Haren aurpegitxo grisean papilote ilezuri labur eta mehatzak dardaratzen ziren, goiko ezpain bibotegabea aho aurrera erortzen zitzaion, masailalbo zorrotzak eta kokotsa uniformearen iduneko altuan bermatuta zituen, eta idunekoaren azpian leporik ez zegoela ematen zuen. Atzetik, portzelanazko aurpegi zurigorri eta biribileko gazte garai batek besotik heltzen zion, eta haien gibelean astiro zetozen beste hiru pertsona urrez jositako uniformez jantzita, eta hiru zibil.
Luzaz jardun zuten mahaiaz bestaldean, besaulkietan leku hartzen, eta eseri zirenean, haietariko bat, bizargabea eta aurpegiera nagikoa, uniformearen botoiak askaturik, zerbait esaten hasi zitzaion agureari, hotsik atera gabe eta ezpain guriak astunki mugituz. Agureak bitxiki zuzen eserita eta mugitu gabe entzuten zion; haren betaurrekoen kristalen atzean amak kolorerik gabeko orban txiki bi ikusten zituen.
Mahaiaren muturrean, idazmahai baten aurrean zutik, gizon burusoil garai bat zegoen, tarteka eztul eginez paperei xurrumurrua eragiten ziena.
Agurea aurrera makurtu eta hizketan hasi zen. Lehenbiziko hitza argi ebaki zuen, baina ondorengoek ezpain mehe eta grisetatik zatika labaintzen zitzaizkiola ematen zuten.
— Hasiera ematen diot... Ekar itzazue...
— Begira! —xuxurlatu zuen Sizovek, amari bultzada leuna emanez, eta zutik jarri zen.
Horman, burdinsarearen atzean, ate bat ireki eta soldadu bat irten zen, sable biluzia sorbalda gainean, eta haren ondotik auzipetuak agertu ziren: Pavel, Andrei, Fedia Mazin, Gusev biak, Samoilov, Bukin, Somov eta beste bost gazte, amak izenez ezagutzen ez zituenak. Pavelek irribarre egiten zuen samurki; Andreik ere bai, hortzak agerian eta buruaz agur eginez. Isiltasun latz eta zurruna apurtuz, haien irribarreek, mugimenduek eta aurpegi alaiek halako argitasun eta xumetasunez hornitu zuten aretoko giroa. Uniformeetako urrearen distira larria lausotu egin zen, moteldu. Haien segurantza kementsuak eta indarraren bizitasunak arnasa berria eman eta bihotza esnatu zioten amari. Honen atzeko bankuetan, zeinetan ordura arte jendea gogoa erorita zain egona baitzen, marmar hots apala hazten hasi zen erantzun gisa.
— Ez dira beldur! —entzun zuen amak Sizoven murmurioa. Eskuineko aldean, hipaka ari zen, apalki, Samoiloven ama.
— Isilik! —burrunba egin zuen oihu zakar batek.
— Ohartarazten dizuet... —esan zuen agureak.
Pavel eta Andrei elkarren aldamenean eseri ziren, haiekin batera Mazin, Samoilov eta Gusevtarrak jesarri ziren aurreneko bankuan. Andreik kendua zuen bizarra, bibotea, berriz, haziago eta beherantz okertuta, eta horrek katu itxura ematen zion buru biribilari. Zerbait berria ageri zen haren aurpegian: zorrotz eta garratz aho ertzetan, ilun begietan. Mazinen goiko ezpaina zerrendatxo bik belzturik zegoen, aurpegia beteago; Samoiloven ilea lehen bezain kizkurra zen; eta Ivan Gusevek betiko irribarre maltzur berbera erakusten zuen.
— Ai, Fedka, Fedka! —murmurikatzen zuen Sizovek, burua beheraturik.
Amak agurearen galdera ulertezinak entzuten zituen —auzipetuei begiratu gabe galdetzen zuen, burua uniformearen idunekoaren gainean geldirik—, semearen erantzun labur, lasaiak aditzen zituen. Iruditzen zitzaion ez epaile zaharra ez haren kideak ezin izan zitezkeela pertsona gaiztoak, ankerrak. Epaileen begitarteak arretaz aztertuz, zerbait antzematen saiatuz, isilean belarri ematen zion bularrean hazten ari zitzaion itxaropen berriari.
Portzelanazko gizonak axolagabeki irakurtzen zuen paper bat, haren ahots lauak gogaitasunez betetzen zuen aretoa. Jendea, horrek azpiratuta, mugitu gabe eserita zegoen, sorgortu antzera. Lau abokatu ahapeka baina adoretsu mintzatzen ziren auzipetuekin, kemenez eta bizkor mugitzen ziren eta txori handi beltzen antza Zuten.
Agurearen alde batean, begi txiki sakon sartuekiko epaile potolo batek besaulkia betetzen zuen bere gorputz lodiaz; beste aldean, bibote gorrikara eta aurpegi zurbileko lepoker bat zegoen. Nekeak harturik, burua aulkiaren bizkarraldean jarrita zeukan eta, begiak ertirekita, zerbaitez pentsatzen ari zen. Fiskalari ere unadura eta gogaitasuna antzematen zitzaizkion aurpegieran. Epailearen atzean eserita: hiriko alkatea, gizaseme mardula, sendoa, pentsakor masailak laztantzen; nobleteriaren mariskala, begi handi eta onberekiko gizon bizkar-zabal eta aurpegi-gorria; eta barrutiko sindikoa, gerrialde tolestuko berokiz jantzita, nonbait aztoratu egiten zuen tripa ikaragarri handia zuena, zeren denbora guztian berokiaren behealdeaz ezkutatzen saiatzen baitzen, nahiz behin eta berriro kanpora labaintzen zitzaion.
— Hemen ez dago ez gaizkilerik, ez epailerik —entzun zen Pavelen ahots sendoa—, hemen presoak eta garaileak daude soilik.
Isiltasuna egin zen, segundo batzuez amaren belarriek idazlumak paperean sortzen zuen kurrixka mehe, presatia eta bere bihotzaren taupadak besterik ez zuten entzun.
Eta epaile zaharra ere zain geratu zen, zerbaiti belarri emanik bezala. Haren kideak mugitu egin ziren. Orduan, esan zuen:
— Mmm, Andrei Nakhodka! Aitortzen duzu...?
Andrei astiro altxatu zen, arteztu eta, biboteari tireaz, zeiharka begiratu zion agureari.
— Eta zeren errudun naizela aitortu ahal dut? —hasi zen jojola, sorbaldak jasorik, doinu gozoz eta presarik gabe, beti bezala—. Ez dut inor hil, ez dut lapurretarik egin; ez nago ados jendea lapurtzera eta elkar hiltzera behartzen duen bizitzaren antolamendu honekin, besterik ez dut egin...
— Laburrago erantzun —esan zion agureak, ahaleginez baina argi.
Amak piztura sumatu zuen bere atzeko bankuetan, jendea zerbaitez mintzatzen zen xuxurlaka, eta mugitzen zen, portzelanazko gizonaren hitz grisen amaraunetik askatuz bezala.
— Entzun dun nola hitz egiten duten? —xuxurlatu zuen Sizovek.
— Fiodor Mazin, erantzun ezazu...
— Ez dut nahi! —esan zuen Fediak argi, jauzi batez hanka gainean jarrita. Haren aurpegia narritadurak gorriturik zegoen, ñirñirka hasi zitzaizkion begiak, eta arrazoiren batengatik bizkar atzean ezkutatu zituen eskuak.
Sizovek aienea jaregin zuen ahopetik, amak liluraz handitu zituen begiak.
— Uko egin diot defentsari, ez dut ezer esango, legez kontrako deritzot zuen epaiketari! Nor zarete zuek? Herriak eman al dizue gu epaitzeko eskubiderik? Ez, ez dizue eman! Ez zaituztet ezagutzen!
Eseri eta Andreiren sorbaldaren atzean gorde zuen aurpegi suak hartua.
Epaile lodiak agurearengana makurtu zuen burua eta zerbait murmurikatu zion. Aurpegi zurbileko epaileak bekainak jaso eta auzipetuen aldera okertu zituen begiak, eskua mahaira luzatu, lapitza hartu, eta zerbait idatzi zuen aurrean zeukan paperean. Barrutiko sindikoak buruari eragin zion, hankak tentuz lekualdatu, sabela belaunen gainean jarri, eta eskuez estali zuen. Agureak, burua mugitu gabe, epaile ilegorriarengana bihurtu zuen gorputza eta ahopetik mintzatu zitzaion, hark burua makurtuta entzuten ziolarik. Nobleteriaren mariskalak txutxu-mutxuka hitz egiten zuen fiskalarekin, eta alkateak haien solasari erreparatzen zion masailak igurzten zituen bitartean. Ostera aditu zen epaile zaharraren hitz jario motela.
— Nola moztu dituen! Itzulingururik gabe, inork baino hobeto! —txundituta xuxurlatu zuen Sizovek amaren belarrira.
Amak, ezin ulerturik, irribarre egiten zuen. Hasieran gertatzen ari zen guztia geroago agertuko eta bat-batean izu hotzez denak zapalduko zituen zerbait ikaragarriaren atari premiagabeko eta aspergarria iruditzen zitzaion. Baina Pavelek eta Andreik lasai hitz egiten zuten, beldurrik gabe eta irmoki, eta bazirudien haien hitzak auzoko etxetxo txikian esanak zirela, eta ez epaileen aurrean. Fediaren ateraldi sutsuak indar berria eman zion. Nolabaiteko ausardia hazten ari zen aretoan, eta amak, beraren atzeko jendearen mugimendua zela eta, igarri egiten zuen bera ez zela hori nabaritzen zuen bakarra.
— Zure iritzia? —esan zuen agureak.
Fiskal burusoila zutik jarri zen eta, esku batez idazmahaiari eusten ziola, agudo hitz egiten hasi zen, zifrak ematen. Haren ahotsean ez zen ezer izugarririk sumatzen.
Baina, aldi berean, hondar eztenkari, idor batek zirikatu eta mintzen zuen amaren bihotza. Etsaitasunez hurbiltzen ari zitzaion zerbaiten zentzazio zehaztugabea zen; ez zuen mehatxatzen, ez zuen oihukatzen, ikusezin garatzen zen, antzemanezin. Zabar eta sor zabunkatzen zen epaileen inguruko nonbait, bere barnean biltzen zituen hodei urraezin baten antzera, zeinetan zehar ez baitzen haiengana kanpoko ezer iristen. Amak epaileei begiratzen zien, eta ezin zituen ulertu. Berak espero ez bezala, ez ziren ez Pavelekin ez Andreirekin haserretzen, ez zituzten hitzez iraintzen, baina iruditzen zitzaion galdetzen zuten guztia premiagabekoa zela haientzat, gogorik gabe galdetzen zutela, ahaleginez entzuten zituztela erantzunak, aurretiaz zekitela dena, inolako interesik ez zutela.
Orain jendarme bat dago zutik haien aurrean eta ahots apalez mintzatzen ari da:
— Denek diotenez, Pavel Vlasov zen eragile nagusia...
— Eta Nakhodka? —nagiki eta ahotsa goratu gabe galdetu zuen epaile lodiak.
— Hori ere bai...
Abokatuetako bat zutik jarri zen, esanez:
— Hitz egin dezaket?
Agureak norbaiti galdetu zion:
— Eragozpenik ez?
Amak gaixo anua hartzen zien epaile haiei. Gaixoen nekea erakusten zuten jarrera eta ahotsetan, aurpegieran antzematen zitzaien; gaixoen nekea eta unadura gris, gogaikarria. Itxuraz, hango guztia astuna eta deserosoa zen haientzat: uniformeak, aretoa, jendarmeak, abokatuak, besaulkietan eserita egon behar izatea, galdetu eta entzun beharra.
Amak hain ondo ezagutzen zuen aurpegi horiko ofiziala zegoen orain haien aurrean. Handikiro, hitzak luzatuz, ozenki hitz egiten zuen Paveli buruz, Andreiri buruz. Amak, entzuteaz batera, nahigabe pentsatzen zuen:
«Ezer gutxi dakizu zuk!»
Burdin hesiaren atzekoei begiratzen zien, haiengatiko beldurrik gabe jada, haienganako gupidarik gabe, ordurako ez baitzioten gupidarik eragiten, ezpada bihotza epelki besarkatzen zioten mirespena eta maitasuna soilik; mirespena lasaia zen, maitasuna alaiki argitsua. Gazte, sendo, bazter batean eserita zeuden horma ondoan, lekukoen eta epaileen arteko elkarrizketa monotonoetan, abokatuen eta fiskalaren arteko eztabaidetan sartu gabe kasik. Noizean behin, baten batek, erdeinuzko irrikaitza osatzen zuen, zerbait esaten zien lagunkideei, eta haien aurpegietan ere irribarre burlatia agertzen zen. Andreik eta Pavelek ia denbora guztian defendatzaileetariko batekin hitz egiten zuten ahapeka; amak aurreko egunean ikusia zuen Nikolairen etxean. Mazinek belarri ematen zion haien solasari, gainontzekoak baino piztuago eta urduriago; Samoilovek, tarteka, zerbait esaten zion Ivan Gusevi, eta amak ikusten zuen nola, aldi bakoitzean, Ivanek, guztien oharkabean, lagunkidea ukondoaz jo eta ozta-ozta eusten zion barrean, aurpegia gorriturik, masailak puztuta eta burua makur. Hala ere, barretan lehertu zen birritan. Horren ostean puska batez tente eserita jartzen zen, itxura serioagoa ematen saiatuz. Bakoitzarengan, nola edo hala, gaztetasunak agintzen zuen, aise nagusitzen zitzaion barneko kilikadura indartsua menperatzeko ahaleginari.
Sizovek bigunki ukitu zuen ukondoan eta ama harengana jiratu zen: haren begitartea gogobeterik eta apur bat kezkatuta ageri zen. Xuxurlaka esan zion:
— Begira nolako segurtasunez jokatzen duten, berealdiko mutilak ditun gero! Primerakoak, ezta?
Aretoan arrapaladan eta bizitasunik gabeko ahotsez hitz egiten zuten lekukoek, desgogara eta axolagabeki epaileek. Epaile lodiak aharrausi egiten zuen, esku mamitsuaz ahoa estalirik; bibote ilegorriduna lehen baino zurbilago zegoen, noiz behinka eskua jasotzen zuen eta, atzamarrez lokiko hezurra indarrez sakatuz, ikusi gabe begiratzen zuen sabaira, kexati eta begiak zabal-zabalik. Alditik aldira fiskalak hitz batzuk idazten zituen lapitzaz paperean, eta berriro ekiten zion nobleteriaren mariskalarekin ahopean mintzatzeari. Honek, bizar ileurdina laztanduz, begi gorri handiak parez pare ireki eta irribarre egiten zuen, arrandiro okerturik lepoa. Hiriko alkatea hankak uztarturik eserita zegoen, hotsik atera gabe tarrapatakoa jotzen zuen belaunetan, tai gabe, eta, bere baitara bilduta, hatzen mugimendua aztertzen zuen. Barrutiko sindikoak tripazorroa belaunetan finkaturik zeukan eta begiratuki eusten zion eskuez; burua makurturik, bera zen, itxuraz, ahotsen marmar beti-berdinari arreta jartzen zion bakarra. Agurea, berriz, zurrun eserita zegoen, besaulkian geldirik, haizorratza haizerik gabeko egun batean bezala. Luzaz iraun zuen horrek, eta gogaitasun nekagarriak berriro sorgortu zuen jendea.
— Jakinarazten dut... —esan zuen agureak eta, ezpain meheez zapaldurik ondorengo hitzak, zutik jarri zen.
Zarata, hasperen, xuxurla, eztul eta oin hotsez bete zen aretoa. Eraman zituzten auzipetuak eta, alde egitean, irribarreka, buruaz agurtzen zituzten senide eta lagunak. Ivan Gusevek ahopetik oihukatu zion norbaiti:
— Eutsi, Egor!
Ama eta Sizov korridorera irten ziren.
— Bagoaz tabernara tea edatera? —ardurati eta pentsakor galdetu zion zaharrak—. Ordubete eta erdi zeukanagu!
— Ez diat gogorik.
— Tira, ni ere ez naun joango. Ez. Nolako mutilak, e? Hor zeuden eserita benetako gizakume bakarrak beraiek balira bezala, eta gainerako guztiak hor konpon! Eta Fedka, e?
Samoiloven aita inguratu zitzaien, txanoa eskuan. Gogoilun irribarre egin, eta esan zien:
— Eta nire Grigori? Uko egin dio abokatuari eta ez du hitz egin nahi. Entzun, aurrenik berari bururatu zaio hori. Hirea, Pelageia, abokatuen alde egon dun; nireak, ordea, zera esan din: ez dut nahi! Eta orduan beste lauk uko egin zioten...
Haren aldamenean emaztea zegoen. Begiak etengabe kliskatuz, sudurra garbitzen zuen musuzapiaren muturraz. Samoilovek bizarra eskuan bildu eta hizketan jarraitu zuen, zorura begira:
— Hau bai nahaste ederra! Deabru horiei begiratu eta zera pentsatzen duzu: alferrik jardun dute horretan, hutsaren truke galdu dira. Baina bat-batean, pentsatzen hasten zara: baliteke arrazoi izatea? Gogora etortzen zaizu fabrikan geroago eta gehiago direla; txitean-pitean harrapatzen dituzte, baina haiek, errekako zarboen antzera, ez dira agortzen, ez! Eta atzera pentsatzen duzu: agian, indarra haiekin dago?
— Stepan Petrov, guretzat zaila duk gauza horiek ulertzea! —esan zuen Sizovek.
— Bai, zaila duk! —bat etorri zen Samoilov.
Haren emazteak, airea sudurretik indartsu boteaz, ohartarazi zuen:
— Osasuntsu daude denak, madarikatuak...
Eta, aurpegi zabal eta bigunetik irribarrea ezabatu gabe, jarraitu zuen:
— Hi, Nilovna, ez haserretu lehentxoago hire semea erruduna dela aurpegiratu dinadalako. Egia esan, batek zekin nor den errudunagoa! Hara zer dioten jendarme eta zelatariek gure Grigoriren kontura. Eta deabru ilegorriak ere gogotik ekin zion!
Samoilova, inondik ere, semeaz harro zegoen, bere sentimendua ulertu gabe segur aski, baina amak ondo ezagutzen zuen sentimendu hori, eta irribarre onberaz eta hitz leunez erantzun zion haren galderari:
— Bihotz gaztea beti egoten dun egiatik hurbilago...
Gizon-emakumeak hara eta hona zebiltzan korridoretik, taldeka biltzen ziren, pizturik eta gogoetatsu hitz egiten zuten ahots sorrez. Ia inor ez zegoen bakarrik, aurpegi guztietan argi nabaritzen zen mintzatzeko, galdetzeko, entzuteko gogoa. Atzera eta aurrera zebiltzan bi hormen arteko pasabide zuri estuan barrena, haizerauntsi gogor batek bultzatuta bezala, eta bazirudien zerbait sendo eta irmoari eusteko aukeraren bila ari zirela.
Bukinen anaia nagusiak, garaia eta bera bezain margula, eskuei eragiten zien eta, alde guztietara agudo jiratzen zelarik, hala zioen:
— Klepanov barrutiko sindikoa lekuz kanpo dago auzi honetan...
— Isil hadi, Konstantin! —limurtu beharrez ziotson aitak, adineko gizon txikiak, eta ikaraz begiratzen zuen inguruetara.
— Ez, esan egingo dut! Jendearen ahotan dabil iaz bere administratzailea hil zuela emaztea kentzeko. Orain administratzailearen emaztea berarekin bizi da; nola ulertu hori? Eta gainera, lapur ezaguna da...
— Ai ene, jainkoarren, Konstantin!
— Egia da! —esan zuen Samoilovek—. Egia da! Epaimahaia ez da oso egokia...
Bukin haren ahotsa entzun eta agudo hurbildu zitzaion, bere atzetik denak eramanez, eta, eskuei eraginez, narritadurak gorriturik, oihuka hasi zen:
— Lapurrak eta hiltzaileak herritar xeheek epaitzen dituzte, nekazariek, burges txikiek, alajaina! Baina agintarien aurka daudenak agintariek beraiek epaitzen dituzte; bidezkoa da hori? Zuk irain egiten badidazu, eta nik zuri muturrekoa eman, eta gero zuk epaitzen banauzu, jakina, ni joko nauzu errunduntzat, baina nor hasi da, nork iraindu nau? Zuk!
Paparra dominez josita zeukan zaintzaile ileurdin sudur-kako batek jendartean bidea urratu eta, atzamarrez mehatxuka, Bukini esan zion:
— Aizak, oihurik ez egin! Tabernan hagoela uste duk, ala?
— Egon, jauna, ulertzen dut! Entzun, nik jotzen bazaitut, eta neronek epaitzen bazaitut, zer pentsatuko zenuke...
— Hemendik kanpora botatzeko aginduko dut oraintxe bertan! —esan zuen zaintzaileak mintzo latzez.
— Nora ba? Zergatik?
— Kalera. Oihurik egin ez dezazun...
Bukinek guztiei begiratu eta ahapeka esan zuen:
— Haientzat hori da garrantzitsuena: jendea isilik egotea...
— Eta hik zer uste huen ba?! —oihu egin zuen zaharrak ahots latz eta zakarrez.
Bukin besoak zabaldu eta apalago hitz egiten hasi zen.
— Are gehiago esango dut, zergatik ez dute onartzen herria epaiketan, zergatik senitartekoak bakarrik? Justiziaz epaitzen badute, epai dezatela guztien aurrean, zeren beldur dira ba? Samoliovek ahots ozenagoz errepikatu zuen:
— Epaimahaiak ez du kontzientziaz jokatzen, hori bai egia!
Amak epaiketaren legezkotasunik ezaz Nikolairi entzun ziona esateko gogoa zuen, baina txarto ulertua zuen eta hitzak zatika ahazturik. Haiek gogoratzeko ahaleginak eginez, multzotik bereizi eta bazter batera joan zen, eta konturatu zen bibote ile-argiko gazte bat berari begira zegoela. Eskuineko eskua galtzetako poltsikoan sartuta zeukan eta, horregatik, ezkerreko besaburua bestea baino beherago, eta irudiaren berezitasun hori ezaguna egiten zitzaion amari. Baina hark bihurtu eta bizkar eman zion, eta amak, bere oroitzapenek kezkatuta, behingoan ahaztu zuen.
Baina minutu batzuk geroago ahots apal batek ukitu zizkion belarriak:
— Hori da?
Eta norbaitek ozenago, alaitasunez erantzun zuen:
— Bai!
Inguruari erreparatu zion. Sorbalda okerreko gizona berari soslai emanik zegoen eta zerbait ziotson albokoari, beroki labur eta belaunetarainoko botaz jantzitako mutil bizar-beltz bati.
Oroitzapenek eraginik, zirgit egin zuen berriro, kezkaturik, baina ezin zuen gogoeta garbirik eratu. Jendeari semearen egiaz hitz egiteko gogo biziak erretzen zion bularra, jendeak egia horren aurka zer esango zuen entzuteko irrikaz zegoen, epaimahaiaren erabakia igarri nahiko zukeen haien hitzetatik.
— Hau al da epaitzeko modua? —hasi zen tentuz eta ahots apalez, Sizovengana jiraturik—. Bakoitzak zer egin duen jakin nahi ditek, baina ez ditek galdetzen zergatik egin duten. Eta zaharrak dituk guztiak, gazteak gazteek epaitu behar ditiztek...
— Bai —esan zuen Sizovek—, guretzat zaila dun gauza horiek ulertzea, zaila! —Eta pentsakor eraitsi zuen burua.
Zaintzaile batek aretoko ateak zabaldu eta oihuka esan zuen:
— Senitartekoak! Erakutsi txartelak...
Ahots goibel batek astiro jaulki zuen:
— Txartelak, zirkoan bezala!
Orain jende guztiarengan sumindura hautematen zen, halako suhartasun zehaztugabe bat, laxotasun handiagoz jokatzen hasiak ziren, bromak egiten zituzten, zaintzaileekin eztabaidatzen ziren.
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda