XXI

 

        Arratsean soto bateko gela txiki batean zegoen Vesovstxikoven aurrean aulki batean eserita eta, doinu apalez, bekainak zimurturik, hala mintzatzen zitzaion:

        — Lau aldiz jo erdiko leihatila...

        — Lau? —errepikatu zuen Nikolaik arduraz.

        — Hasteko hiru, honela!

        Atzamarra kakotu eta mahaia jo zuen, zenbatuz:

        — Bat, bi, hiru. Gero, itxaron ondoren, berriro jo.

        — Ulertu dut.

        — Mujik ilegorri batek irekiko du atea, galdetuko dizu: emaginaren bila etorri zara? Zuk erantzun: bai, ugazabaren partetik! Besterik ez, ulertuko du!

        Eserita zeuden, buruak elkarrengana makurtuta, biak sendo, indartsu, eta ahotsari eutsiz hitz egiten zuten. Ama, berriz, besoak bularrean uztarturik, zutik zegoen mahaiaren alboan, eta arretaz begiratzen zien. Isilpeko kolpe horiek, hitzartutako galdera eta erantzun horiek guztiek bere kabutarako irribarre eragiten zioten, pentsatzen zuen:

        «Umeak ditun oraindik...»

        Horman kriseilu bat piztuta zegoen, zoruan zeuden treska mailatuak eta burdin xafla puskak argitzen zituena. Uger, olio-tindagai eta hezetasun usainak betetzen zuen gela.

        Ignat ehun iletsuzko udazkeneko beroki lodiz jantzita zegoen, eta gogoko zuen, amak ikusten zuen zein maitekiro lisatzen zuen esku ahurraz mahuka, zein arreta handiz aztertzen zuen bere burua lepo mardula nekez bihurtuz. Eta bularrean bigunki joka ari zitzaion:

        «Umeak! Nire kuttunak...»

        — Badago! —esan zuen Ignatek, zutituz—. Beraz, gogoan izan: lehenengo eta behin Muratovengana jo, aitonaz galdetu...

        — Gogoratuko naiz! —erantzun zuen Vesovstxikovek.

        Baina Ignatek, nonbait, ez zion sinetsi, eta atzera azaldu zizkion kolpe, hitz eta zeinu guztiak, eta azkenean eskua luzatu zion.

        — Goraintziak eman! Jende ona da, ikusiko duzu...

        Bere buruari oniritzizko begirada bat egotzi, berokia eskuez lisatu, eta amari galdetu zion:

        — Joango naiz?

        — Bidea aurkituko duk?

        — Noski! Aurkituko dut... Orduan, ikusi arte, lagunkideok!

        Eta han alde egin zuen, sorbaldak apur bat goraturik, bularra puztuta, txano berria alde batera okertuta, eskuak poltsikoetan serio sartuta. Eta lokietan alaitsu dardaratzen zitzaizkion ile kiribil dirdiratsuak.

        — Hara, berriro nagon lanean! —esan zuen Vesovstxikovek, amarengana leunki hurbilduz—. Aspertzen hasita nengonan... kartzelatik atera naun bai, baina zertarako? Ezkutatuta egoteko soilik. Han barruan ikasi egiten ninan, Pavelek burmuina astintzen zigunan, bai ondo astindu ere! Eta zer, Nilovna, zer erabaki dute ihesari buruz?

        — Ez zekiat! —erantzun zuen, nahigabe hasperen eginez.

        Esku astuna sorbaldan ipini eta, aurpegira hurbilduta, hizketan hasi zitzaion Nikolai:

        — Hitz egin haiekin, hi entzungo haute, oso erraza dun! Hik ere ikusi ahal dun: hemen kartzelako murrua, alboan farola. Aurrean orube bat, ezkerraldean hilerria, eskuinaldean kaleak, hiria. Egun argiz farolari bat inguratzen dun kriseilua garbitzera, murruaren kontra jartzen din eskailera, igo, sokazko zurubiaren kizkiak murruaren goialdeko kakoetan krokatu, kartzelako patiora bota eta... ospa! Han, hormaz bestaldean, bazekiten noiz gertatuko den hori, zarata ateratzeko eskatuko zieten preso arruntei, edo beraiek aterako diten eta, une horretan, ihes egin behar dutenak murrutik igoko ditun; bat, bi... eta kito!

        Eskuei eragiten zien amaren aurpegi aurrean, bere plana azalduz, zeinetan dena sinple, argi eta erraz egitekoa baitzen. Amak astun eta baldar ezagutua zuen. Lehen Nikolairen begiek amorru goibelez eta mesfidantzaz begiratzen zioten guztiari, baina orain berriak ematen zuten, argi beti-berdin eta epelez distiratzen zuten, ama limurtuz eta hunkituz...

        — Pentsa ezan, egun argiz gertatuko dun! Derrigorrez egun argiz. Nori bururatuko zaio preso bat egun argiz ihes egiten ausartuko dela, kartzela osoaren begien bistan?

        — Baina tiroka hilko ditiztek! —jaulki zuen emakumeak, zirgit eginik.

        — Nork? Ez zegon soldadurik, eta presozainek iltzeak sartzeko erabiltzen ditizten errebolberrak...

        — Errazegia zirudik...

        — Ikusiko dun, horrela dun! Hik hitz egin haiekin. Nik prest zeukanat dena: sokazko zurubia, kizkiak, gela honen jabeak egingo din farolariarena...

        Ateaz bestaldean norbait mugitzen ari zen, eztulka, eta burdin hotsa entzuten zen.

        — Hor dun! —esan zuen Nikolaik.

        Ireki zen atea eta latorrizko bainuontzi bat sartzen hasi zen, ahots zakar bat purrustadaka ari zelarik:

        — Barrura, deabru hori...

        Gero, buru biribil ileurdin bat azaldu zen, txanorik gabe, begi arranpaloekin, biboteduna eta onbera.

        Nikolaik bainuontzia bultzatzen lagundu zion. Atetik gizon garai, konkorduna sartu zen; eztul egiten zuen masaila ilegabeak puztuz. Tu egin eta ahots erlatsez agurtu zuen:

        — Osasuna...

        — Hemen dun, galdetu berari! —egin zuen oihu Nikolaik.

        — Niri? Zertaz?

        — Ihesaz...

        — A-a! —esan zuen gelaren jabeak, atzamar beltzez bibotea xukatuz.

        — Begira, Jakov Vasilievitx, honek ez du sinesten erraza dela.

        — Mm, ez du sinesten? Hortaz, ez du nahi. Guk bai nahi dugula, eta sinetsi egiten dugu! —esan zuen jabeak patxadaz. Bat-batean gerritik makotu eta eztulka hasi zen. Eztarria garbitu eta, bularra igurtziz, denbora luzea eman zuen gela erdian zutik, bafadaka eta begiak zabal-zabalik ama arretaz aztertzen zuela.

        — Pashak eta lagunkideek erabaki behar dute hori —esan zuen Nilovnak.

        Nikolaik pentsakor beheratu zuen burua.

        — Nor da Pasha hori? —galdetu zuen jabeak, esertzeaz batera.

        — Nire semea.

        — Nola du abizena?

        — Vlasov.

        Hark buruari eragin, toxa atera, pipa hartu eta, tabakoz betetzen zuen bitartean, ahots etenez mintzatzen hasi zen:

        — Badut haren berri. Nire lobak ezagutzen du. Bera ere kartzelan dago, Evtxenko du izena, entzuna duzu? Nire deitura Gobun da. Laster, kartzelan sartuko dituzte gazte guztiak, eta orduan gu, zaharrok, gure kasa biziko gara! Jendarmeen buruak hitz eman dit Siberiara bidaliko dutela nire loba. Eta bidaliko du, zakur horrek!

        Erretzen hasi eta Nikolairengana jiratu zen, sarritan lurrera tu eginez.

        — Ez duela nahi? Haren arazoa da. Gizakia askea da, eserita egoteaz nekatzen bada, ibili; ibiltzeaz nekatzen bada, eseri. Lapurtzen badizute, isildu; jotzen bazaituzte, pazientzia; hiltzen bazaituzte, lurrean etzan. Gauza jakina da. Baina nik Savka aterako dut. Horixe aterako dudala.

        Haren esaldi labur, zaunka antzekoek harridura sortzen zioten aman, eta azken hitzek bekaizkeria pieu zioten.

        Haizeari eta euri hotzari aurpegi emanez kaletik zihoala, Nikolaiz pentsatzen zuen:

        «Nola aldatu haizen, ikaratzekoa!»

        Eta, Gobun gogoratuz, otoitz antzeko gogoeta egiten zuen:

        «Ikusten denez, ni ez naun bakarra bizitza berrian!»

        Eta horren ondoren, semeari buruzko pentsamendua hazi zitzaion bularrean:

        «Ados egongo balitz!»

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia