XVIII
Amak horman bermatu zuen bizkarra eta, burua atzerantz goraturik, haien hitz apal, neurtuak entzuten zituen. Zutitu zen Tatiana, ingurura begiratu eta berriro eseri zen. Haren begi berdeek lehor distiratu zuten mujikei haserre antzera eta erdeinua aurpegian begiratu zienean.
— Inondik ere, atsekabe asko jasan duzu zuk —esan zuen bat-batean, amarengana jiraturik.
— Batzuk bai! —arrapostu zuen hark.
— Ondo hitz egiten duzu, zure hitzek bihotza ukitzen dute. Zera pentsatzen dut: jainkoa! zirrikitu batetik besterik ez bada ere jende hori, bizitza hori ikusterik izango banu. Nola bizi gara gu? Ardiak bezala! Nik badakit irakurtzen eta idazten, liburuxkak irakurtzen ditut, asko pentsatzen dut, batzuetan gau osoan ez dut begirik biltzen, pentsa eta pentsa. Eta zertarako balio du? Pentsatzen ez baduzu, alferrikakoak dira nekeak, eta pentsatzen baduzu, gauza bera.
Begietan irrikaitza zuela mintzatzen zen eta batzuetan bazirudien bere hitzen jarioa mozten zuela, hari bat bailitzan. Mujikak isilik zeuden. Haizeak leihoko kristala laztantzen zuen, xuxurla eragiten zion teilatuko lastoari, ulu leuna sortzen zuen tximinian. Intzirika ari zen zakur bat. Euri tantek, desgogara, alditik aldira jotzen zuten leihoa. Kriseiluko suak dardara egin zuen, moteldu zen, baina une baten buruan lau eta argitsu berpiztu zen.
— Zure hitzak entzun ondoren, esaten duzu: hara zertarako bizi den jendea! Eta harrigarria da: zuk diozuna entzun, eta konturatzen naiz nik ere badakidala hori guztia! Baina zu etorri arte ez dut inoiz horrelakorik entzun, ez dut inoiz horrelako gogoetarik egin...
— Afaldu behar dinagu, Tatiana, eta sua itzali! —esan zuen Stepanek bekozko ilunez eta astiro—. Bestela jendea ohartuko dun Txumakovtarren etxean sua berandura arte piztuta egon dela. Guri berdin zigun, baina bisitariarentzat baliteke kaltegarria izatea...
Tatianak altxatu eta labera jo zuen.
— Ba-ai! —hasi zen Piotr ahapeka eta irribarrez—. Orain, konpai, erne ibili behar! Herrian egunkaria agertu bezain laster...
— Ez diat nigatik esan. Ni atxilotzen banaute ez duzue gauza handirik galduko!
Emazteak mahaira hurbildu eta esan zion:
— Kendu...
Hura zutitu, bazter batera aldendu eta, mahaia nola ipintzen zuen begiratuz, erdi irribarrez adierazi zuen:
— Gutariko baten balioa: bost kopek sortako, eta hori sorta ehun alekoa izanik...
Bat-batean ama harenganako pena sentitzen hasi zen, gero eta gogokoago zuen. Hitzaldiaren ondoren, arindurik sentitzen zen, eguneko zama zikina gainetik kenduta; bere buruarekin pozik zegoen eta ongia, zoriona nahi zuen guztientzat.
— Oker zaude, gizona! —esan zion—. Gizakiak ezin du ontzat hartu beraren odola besterik behar ez dutenek ematen dioten balioa. Norberak baloratu behar du bere burua, barrutik, ez etsaientzat, adiskideentzat baizik...
— Guk badugu adiskiderik? —oihu apala egin zuen mujikak—. Kukuak oker jo arte bakarrik...
— Ba nik diot herriak badituela adiskideak...
— Baditu, bai, baina ez hemen, hori da kontua! —arrapostu zuen mujikak pentsakor.
— Bada, egin itzazu hemen.
Stepanek pentsatu, eta ahapeka esan zuen:
— Bai, beharko genuke...
— Eseri afaltzera! —gonbite egin zien Tatianak.
Afaldu bitartean Piotr, ordura arte amaren hitzaldiak zapalduta eta harritu antzera iraun baitzuen, adoretsu eta azkar mintzatu zen berriro:
— Zuk, amatxo, lehenbailehen alde egin behar duzu hemendik, zera, inork ez ikusteko. Hurrengo posta-geltokira joan, ez hirira; postako zalgurdia hartu...
— Zergatik? Nik eramango diat... —esan zuen Stepanek.
— Ez duk komeni! Zerbait gertatuz gero, galdetuko diate: hemen lo egin du? Bai! Eta non sartu da? Nik eraman diat! Hara, hik eraman duk? Eta espetxera joango haiz! Ulertu duk? Eta zer, ba al duk presarik espetxera joateko? Aldian aldikoa, tsarrari berari ere hiltzeko ordua iritsiko zaiok egunen batean. Honek hemen gaua igaro, zalgurdia hartu, eta alde egin dik besterik gabe! Batek zekik nork lo egiten duen bakoitzaren etxean! Herri hau igarobidea duk...
— Non ikasi duk hik, Piotr, beldur izaten? —galdetu zion Tatianak isekaz.
— Dena jakin beharra zegon, konpai! —egin zuen oihu Piotrek, belaunean zaplada bat eman ondoren—. Bai beldur izaten, bai ausarta izaten jakin behar dun! Gogoan dun zemstvoko buruak nola egurtu zuen Vaganov egunkari hori dela eta? Orain Vaganovek ezta diru mordo baten truke ere ez liken libururik ukituko, alajaina! Zuk, amatxo, sinets iezadazu, ni ale ederra naiz edozein gauzatarako, denek dakite hori! Ezin hobeto zabalduko ditut liburuxka eta paperak, nahi beste gainera! Hemengo jendea, noski, ezikasi samarra da, eta beldurtia, baina, hala ere, denborak gogor sakatzen ditu saihetsak eta azkenean jendeak derrigorrez irekitzen ditu begiak: zer gertatzen da? Eta liburuak erantzun garbia ematen dio: hauxe gertatzen da, pentsa ezazu, azter ezazu! Batzuetan ezikasiak ikasiak baino hobeto ulertzen du, batez ere ikasia ase bada! Ni leku guztietatik ibiltzen naiz, gauza asko ikusten ditut, egoera ez da hain okerra! Bizi ahal da, baina buru argia eta trebetasun handia behar dira hanka ez sartzeko. Agintariek ere sudur fina dute, mujikak irribarre gutxi egiten badu, hotz eta bekozko ilunez badabil, usaina hartzen diote agintariekin gogaitua dagoela! Duela gutxi zerga biltzaileak iritsi ziren Smoliakovora, hemendik hurbil dagoen herrixka batera, eta mujikak matxinatu egin ziren, makilak eta guzti! Polizi komisarioak argi eta garbi esan zien: «Ah, zuek, sasikumeak! Tsarraren kontra zaudete?!» Bazen han Spivakin izeneko mujik bat, eta esan zion: «Zu eta tsar hori bai zaretela sasikoak! Zer tsar mota da hori, soinetik baita azken alkandora ere kentzen diguna?» Halaxe gertatu zen, amatxo! Noski, Spivakin atxilotu eta espetxean sartu zuten, baina hitzak hor geratu dira, eta umerik txikienek ere ezagutzen dituzte, jendeak oihukatzen ditu, bizirik daude.
Ez zuen jaten, gelditu gabe mintzatzen zen xuxurla azkarrean, begi ilun maltzurrak bizitasunez ñirñirka, eta, diruzorrotik ateratako kobrezko txanponak bailiran, herriko bizimoduari buruzko makina bat zertzelada barreiatzen zuen esku-beteka amaren aurrera.
Stepanek birritan esan zion:
— Jan ezak ba...
Piotrek ogi puska bat eta koilara hartu eta atzera ekiten zion kontaketari, kardantxilo gaztea kantuari lotzen zaion bezala. Azkenik, afaldu ondoren, jauzi batez hanka gainean jarri eta adierazi zuen:
— Tira, etxera joateko ordua da!
Amaren aurrean ipini zen eta, buruari eraginez, eskua estutu zion, hala esanez:
— Agur, amatxo! Beharbada ez dugu inoiz elkar ikusiko! Esan behar dizut oso ondo egon dela hau guztia! Zurekin topo egin izana eta zure hitzaldia, oso ondo! Zure maletatxoan ba al dago ezer inprimakiez gain? Artilezko lepoihala? Ederto, artilezko lepoihala, gogora hadi Stepan! Oraintxe ekarriko dizu honek maletatxoa! Goazemak, Stepan! Agur! Ondo izan!
Haiek alde egindakoan, entzungai bilakatu ziren labezomorroen zurrumurrua, teilatutik zirimolaka igarotzean eta tximiniako estalkia jotzean haizeak ateratzen zuen zarata, eurizirinaren hots monotonoa leihoan. Tatiana amaren ohea prestatzen ari zen. Labe gainetik eta haren alboan zegoen ohantzetik arropak hartu eta bankuan ipintzen zituen.
— Gizon kementsua da! —ohartarazi zuen amak.
Etxeko andreak begi zirrikitutik so egin zion, eta erantzun:
— Urruneko ezkilak burrunba handia.
— Eta nolakoa da zure senarra? —galdetu zion amak.
— Ez da txarra. Mujik ona da, ez du edaten, ondo konpontzen gara, ez da txarra. Baina izaeraz nahiko motela da...
Tente jarri zen eta, une batez pentsatu ondoren, galdetu zuen:
— Hortaz, zer egin behar da orain? Herria matxinatu? Jakina! Horretaz pentsatzen dute guztiek, baina nork bere artean, bere golkorako. Eta ozenki hitz egin beharra dago... baina aurrena norbaitek ausartu behar du hori egiten...
Bankuan eseri zen, eta bat-batean galdetu:
— Zuk esan duzu andereño gazteak ere sartuta daudela horretan, langileengana joaten direla, irakurtzen dietela... ez die nazkarik ematen, ez dira beldur?
Eta, amaren erantzuna arreta handiz entzun ondoren, hasperen sakona egin zuen. Gero, betazalak beheratuz eta burua makurturik, hitz egiten hasi zen berriro:
— Liburuxka batean hitz hauek irakurri nituen: zentzurik gabeko bizitza. Oso ondo ulertu nuen, kolpetik! Ezagutzen dut nik ba bizitza hori: ideiak dituzu, baina ez daude josita eta noraezean dabiltza artzainik gabeko ardien antzera, inork, ezerk ez ditu elkartzen... Horixe da zentzurik gabeko bizitza. Korrika alde egingo nuke bizitza horretatik, atzera begiratu gabe; hain tristura handia sartzen zaizu zerbait ulertzen duzunean!
Amak tristura hori zekusan emakumearen begi berdeen dirdira lehorrean, haren aurpegi argalean, entzuten zuen haren ahotsean. Kontsolatzeko, laztantzeko gogoa piztu zitzaion.
— Zuk, laztana, ulertzen duzu zer egin behar den...
Tatianak ahots leunez moztu zuen:
— Nola egin jakin behar da. Prest dago, ohera zaitez!
Labera aldendu eta isilean geratu zen han, tente, bere baitara bilduta. Ama ohean etzan zen soinekoa erantzi gabe. Neke sorra sentitu zuen hezurretan eta auhen egin zuen ahopetik. Tatianak kriseilua itzali zuen, eta, iluntasun sakonak izba bete zuenean, haren hitz jario apal, laua hedatu zen. Iluntasun itogarriaren aurpegi zapaletik zerbait ezabatzen arituko balitz bezala entzuten zen.
— Ez duzu otoitz egiten. Nik ere jainkorik ez dela pentsatzen dut. Eta miraririk ere ez.
Ama urduri jiratu zen bankuan, iluntasun hondogabeak zuzen begiratzen zion leihotik, eta isiltasunetik, arrastaka, temati lerratzen zen ozta-ozta entzun zitekeen xuxurla bat, murmurio bat. Ama ia marmarrean mintzatu zen, herabeti.
— Jainkoarengan ez dakit, baina Kristorengan bai sinesten dudala... Eta haren hitzetan sinesten dut: «Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala». Horretan sinesten dut!
Tatiana isilik zegoen. Amak haren irudi zuzenaren ingurumari zirriborrotsua zekusan ilunpetan, gris, labearen belztasunaren aurrean. Zutik zegoen mugitu gabe. Amak tristuraz itxi zituen begiak.
Bat-batean ahots doinu hotza entzun zen:
— Ez jainkoari, ez jendeari ezin diet nire semetxoen heriotza barkatu; sekula ez!
Ama, urduri, apur bat altxatu zen, bihotzak ulerturik emakumeari hitz haiek esanarazi zizkion minaren handia.
— Gaztea zara oraindik, seme-alaba gehiago ekarriko duzu —esan zion samurki.
Isilune baten ondoren, xuxurlaka erantzun zuen emakumeak:
— Ez! Antzutu egin naiz, medikuak esan dit, ez dut ume gehiagorik sortuko...
Sagu bat korrika igaro zen zorutik. Zartako lehor eta ozen batek isiltasun geldia urratu zuen oinaztargi ikusezin baten hotsaz. Eta argi entzuten hasi ziren berriro udazkeneko euriaren xuxurla eta murmurioa teilatuko lastoaren gainean. Euri tantak haztamuka ari ziren hor, zerbaitek ikaratutako hatz meheak bailiran. Goibel erortzen ziren lurrera, udazkeneko gauaren ibilera geldoari urratsen neurria emanez...
Logale astunak hartuta zegoela, amak urrats sorrak entzun zituen kalean, atalondoan. Kontuz zabaldu zen atea, eta oihu apala entzun zen:
— Tatiana, ohean hago?
— Ez.
— Eta bera lo dago?
— Hala ematen dik.
Argi bat piztu zuten, dardarka hasi eta ilunpetan murgildu zena. Mujika amaren ohera hurbildu zen, gainean zeukan zamarra luzea ondo ipini eta oinak estali zizkion. Jokabide txeratsu horren xumetasunak gozoki hunkitu zuen ama, eta, begiak berriro itxita, irribarre egin zuen. Stepan hotsik atera gabe jantziak erantzi eta ohantzean sartu zen. Isilik geratu zen dena.
Isiltasun logalearen gorabehera nagitsuei belarria erne jarrita, ama mugitu gabe zetzan, eta aurrean Ribinen aurpegi odoleztatua zekusan iluntasunean zabuka...
Ohantzean xuxurla lehorra aditu zen.
— Ikusi duk nolako jendea dabilen horretan? Helduak dituk jada, senperrenak ikusi ditiztek, lan egin ditek, orain atseden hartzeko sasoia iritsi zaiek, baina hor zeudek! Eta hi gaztea haiz, zentzuduna; ah, Stepan...
Mujikaren ahots heze mardulak hala erantzun zion:
— Aurretiaz ondo pentsatu gabe ezin haiz borroka horretan sartu...
— Entzuna diat hori...
Soinuak eten eta berriro sortu ziren, burrunbaka hasi zen Stepanen ahotsa:
— Honela jokatu behar dinagu: hasteko mujik batzuekin banan-banan hitz egin. Esaterako, Aliosha Makov zeukanagu, mutil adoretsua dun, ikasia, agintariekin minduta zegon. Eta Sergei Shorin, hori ere mujik zentzuduna dun. Eta Kniazev, gizon zintzo eta ausarta. Oraingoz nahikoa dun! Gero, horrek aipatu duen jendearekin egon behar dinagu. Aizkora hartu eta hirira joko dinat, sasoikako lan gisa egurra egitera noala esango dinat. Hemen kontuz ibili beharra zegon. Arrazoi din horrek: gizakiaren balioa norberaren kontua dun. Horra hor mujik hori! Jainkoaren aurrean ere zutik eusten zion, amore eman gabe... tinko. Eta Nikita, e? Lotsatu egin dun, harrigarria!
— Zuen aurrean jo ditek gizona, eta zuek aho zabalik...
— Aizan, egon! Jainkoari eskerrak guk ez dinagu jo gizon hori, horixe esan beharko huke, alajaina!
Luzaz aritu zen xuxurlaka, batzuetan hainbeste apaltzen zuen ahotsa, non amak ozta-ozta entzuten baitzituen haren hitzak, baina bat-batean orroka hasten zen, indartsu eta ahots mardulez. Horrelakoetan emakumeak geldiarazten zuen:
— Isilago! Esnatu egingo duk...
Lo pisu batek hartu zuen ama, laino itogarri baten antzera tupustean gainera etorri, bildu eta eraman egin zuen.
Tatianak esnatu zuenean, egunsentiko argi-itzal grisek itsu begiratzen zuten oraindik izbako leihoetatik eta, herriaren gainean, elizako kanpai ernaiaren kobrezko hotsa loguraz hedatu eta ezabatzen zen isiltasun hotzean.
— Samovarra piztu dut, edan ezazu tea, hotzak hartuko zaitu altxatu eta batera alde egiten baduzu...
Stepanek, bizar nahasia orrazten zuen bitartean, artatsu galdetzen zion amari hirian nola aurkitu ahal zuen. Honek goiz hartan hobe eta bukatuago zeritzon mujikaren aurpegiari. Tea hartzen zuten bitartean, gizonak, erdi irribarre eginez, ohartarazi zuen:
— Harritzekoa da nola gertatu den!
— Zer? —galdetu zuen Tatianak.
— Hau ezagutzea! Hain modu errazean...
Amak pentsakor baina seguru esan zuen:
— Kontu honetan harritzekoa da zein modu errazean gertatzen diren gauza guztiak.
Agurtu zuten etxeko nagusiek, hitzez urri eta zuhur, baina beraren erosotasunari buruzko ardura txikikeria ugaritan eskuzabalka erakutsiz.
Zalgurdian eserita, amak pentsatzen zuen mujik hori lanean hasiko zela, kontuz, zaratarik gabe, satorraren antzera eta nekaezin. Eta gizonaren alboan beti entzungo zela emaztearen ahots nahigabetua, haren begi berdeen leinuru kiskalgarriak distiratuko zuela, eta bizi zen artean ez zela hilko semeen heriotzak amarengan sortutako tristura basati eta mendekaria.
Gogoan zuen Ribin, haren odola, aurpegia, begi sutsuak, haren hitzak; basapiztien aurreko ezintasun sentimendu garratzak estutzen zion bihotza. Eta hirirako bidaldi guztian, egun grisaren hondo argi-ilunean, aurrean ageri zitzaion Mikhailen irudia, sendo, bizar-beltz, alkandora maiztua soinean, eskuak bizkar atzean uztarturik, burua txima-jario, amorruz eta bere egiari buruzko fedez beteta. Burura zetozkion lurrari herabeki itsatsitako herri zenbaezinak, ezkutuan justiziaren etorreraren zain zegoen jendea, isilik eta xede jakinik gabe, ezer espero gabe bizialdi osoa lanean ematen zuten milaka pertsonak.
Bizitza zelai ereingabe eta koskatsua iruditzen zitzaion, antsiaz eta mutu langileen zain zegoena, eta beso aske eta onestuei isilka agintzen ziena:
«Ugal nazazue arrazoiaren eta egiaren haziaz, eta nik erruz sarituko zaituztet!»
Bere arrakasta gogoratuz, pozaren dardarizo isila sentitzen zuen bularraren sakonean, eta lotsaz menperatzen zuen.
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda