XVII
Ama atalasean gelditu zen eta, begiak esku ahurraz babesturik, inguruak miatu zituen. Izba estua eta txikia zen, baina garbia, hori lehen begi kolpean antzematen zitzaion. Labearen atzetik emakume gazte bat atera zen, isilean buru-makurtua egin eta han desagertu zen. Sarrerako txokoan kriseilu bat piztuta zegoen mahai baten gainean.
Etxeko nagusia mahai atzean eserita zegoen, atzamar batez ertzean tarrapataka, eta bekoz beko begiratzen zion amari.
— Sartu! —esan zion handik pixka batera—. Tatiana, hoa, deitu Piotri, azkar!
Emakumea arrapaladan joan zen, bisitariari begiratu gabe. Etxeko nagusiaren aurrean bankuan eserita, amak ingurua arakatzen zuen, baina maleta ez zegoen ikusgai. Isiltasun estugarri batek betetzen zuen izba, kriseiluan zirtaka ari zen sugarraren hots apala besterik ez zen aditzen. Mujikaren aurpegia kezkatsu, beltzuri, muga zehatzik gabe dardaratzen zen amaren begien aurrean, eta haserre goibela sortzen zion.
— Eta non dago nire maleta? —galdetu zuen bat-batean, ozenki eta bere burua ere ustekabean harrapatuta.
Mujikak sorbaldei gora eragin eta pentsakor erantzun zuen:
— Ez da galduko...
Ahotsa apaldurik, bekozko ilunez erantsi zuen:
— Lehentxoago, neskaren aurrean, nahita esan dut hutsik dagoela; baina ez, ez dago hutsik! Barruan zerbait astuna dago!
— Eta? —galdetu zuen amak—. Eta zer?
Hura zutitu, hurreratu, makurtu, eta ahapeka galdetu zion:
— Ezagutzen duzu gizon hori?
Amak zirgit egin zuen, baina fermuki erantzun:
— Bai!
Hitz labur horrek amaren barrualdea argitu eta garden bilakatu zuen kanpoko guztia. Arindurik arnasa hartu, bankuan mugitu, eta irmoago eseri zen...
Mujikak irribarre zabala erakutsi zuen.
— Ikusi dut nola keinua egin diozun, eta berak zuri ere bai. Belarrira galdetu diot: ezagutzen duk hori, zera, atalondoan dagoena?
— Eta berak zer esan dizu? —galdetu zuen amak agudo.
— Berak? Asko gara, esan du. Bai! Asko, horixe esan du...
Galderati gonbidatuari begietara so egin eta, berriro irribarreka, jarraitu zuen:
— Gizon indartsua benetan!... Ausarta... argi eta garbi aitortzen du: ni! Jo arren ez du amore ematen...
Haren ahots kordokari eta motelak, aurpegi bukagabeak eta begi argitsu, tolesgabeek geroago eta lasaitzenago zuten ama. Ezari-ezarian, Ribinenganako gupida garratz, eztenkariak lehengo larrialdiaren eta haserrearen tokia hartzen zion bularrean. Bere burua menperatu ezinik, amorru garratz tupusteko batek estuturik, oihu egin zuen:
— Bihozgabeak, munstroak!
Eta hipa egin zuen.
Mujika harengandik aldendu zen, gogoilun burua mugituz.
— Agintariek adixkide mordoa irabazi dute, ba-ai!
Eta, bat-batean amarengana berriro jiraturik, ahapeka esan zion:
— Aizu, begira, maletan egunkariak daudela susmatzen dut, zuzen nago?
— Bai! —erantzun zuen amak soilki, malkoak xukatuz—. Berari ekarri dizkiot.
Hark, bekainak zimurturik, bizarra ukabilean bildu zuen eta, bazterrera begira, isilik geratu zen.
— Egunkariak jasotzen genituen, baita liburuxkak ere. Ezagutzen dugu gizon hori... ikusten genuen!
Mujikak etenaldia egin zuen, pentsatu, eta gero galdetu zuen:
— Eta orain, zer egingo duzu horrekin, maletarekin?
Amak begiratu eta erronka eginez esan zion:
— Zuei utzi!
Bestea ez zen harritu, ez zuen protestarik egin, besterik gabe laburki errepikatu zuen:
— Guri...
Buruari baiezka eragin, bizarra ukabiletik askatu, hatzez orraztu, eta eseri egin zen.
Oroimenak, ekin eta ekin, errukigabe eta temati, amaren begi aurrean jartzen zuen Ribinen tormentuaren eszena, haren irudiak pentsamendu guztiak ezabatzen zizkion burutik, hark jasandako oinaze eta irainek sentimendu guztiak estaltzen zizkioten, eta ordurako ezin zuen ez maletaz ez beste ezertaz pentsatu. Begietatik malko eustezinak isurtzen zituen, ilun zeukan begitartea, eta ahotsak ez zion dardararik egin etxeko nagusiari hala esan zionean:
— Lapurtu, torturatu, lokatzetan zapaltzen dute jendea, madarikatuak!
— Indarra! —arrapostu zuen mujikak ahapeka—. Indar ikaragarria dute!
— Eta nondik hartzen dute? —egin zuen oihu amak, amorruz—. Gugandik hartzen dute, herriarengandik, gugandik hartzen dute dena!
Mujik horrek sutan jartzen zuen bere aurpegi argitsu baina ulertezinarekin.
— Ba-ai! —esan zuen hark pentsakor, hitza astiro luzatuz—. Gurpila...
Adi-adi belarria zorroztu, burua ate aldera okertu eta, entzundakoan, ahopetik esan zuen:
— Badatoz...
— Nor?
— Gutarrak... segur aski...
Emaztea zen, haren atzetik mujik bat sartu zen izbara. Txanoa zoko batera bota, etxeko nagusiarengana azkar hurbildu, eta galdetu zion:
— Beno, zer moduz?
Hark baiezka eragin zion buruari.
— Stepan! —esan zuen emakumeak, labearen aldamenean zutik—. Agian horrek, bidariak, zerbait jan nahi dik!
— Ez dut nahi, eskerrik asko, laztana! —erantzun zuen amak.
Mujika amarengana inguratu eta tarrapataka, ahotsa behartuz mintzatu zitzaion:
— Beraz, nire burua aurkeztuko dizut! Piotr Egorov Riabinin dut izena, eta Shilo goitizena. Zuen gauzez zertxobait ulertzen dut. Badakit idazten eta irakurtzen eta ez naiz ergela, horrela esateko...
Amak luzatutako eskuari heldu eta, astintzeaz batera, etxeko nagusiarengana jiratu zen:
— Hona hemen, Stepan, begira! Barbara Nikolaievna andere ona duk, bai! Baina gai honen gainean zozokeriak, asmakeriak besterik ez dik esaten! Haren ustez, umemoko sorta bat eta mota guztietako estudianteak dituk, lelokeriaz, herria nahasten dutenak! Baina guk ikusi diagu: gaur bertan gizon zintzo bat, behar den moduko mujik bat hartu ditek preso; orain hemen duk hau, adineko emakume bat, eta ikusten denez ez zeukak handi-mandien odolik. Txarrera ez hartu: zein da zure jatorria?
Arrapaladan hitz egiten zuen, argi, arnasarik hartu gabe, kokospekoa urduri dardaratzen zitzaion eta begiek, kliskaka, emakumearen aurpegia eta irudia haztatzen zituzten. Zarpailtsu, zapazto, buruko ileak nahas-mahas, bazirudien norbaitekin borrokan jardun berria zela eta, azkenean aurkariari nagusiturik, garaipenaren kitzikapen alaiak goitik behera hartuta zegoela. Gustatu zitzaion aman, bai erakusten zuen bizitasunagatik, bai hasieratik bertatik argi eta itzulingururik gabe hitz egin zuelako. Aurpegira samurki so eginez, galderari erantzun zion. Hark beste esku-astinaldi indartsu bat eman zion, eta barrezka hasi zen, ahopetik eta barre algara lehor eta etenez.
— Irin garbia duk hau, Stepan, ikusi duk? Eguzkia bezain argia! Esaten nian nik ba: herriak berak ekiten ziok horri bere kabuz. Eta andere prestu horrek ez dik egia esaten, kaltegarria duk hori berarentzat. Nik errespetua zioat, aitortu beharra zeukaat! Emakume ona duk eta ongia nahi dik guretzat, baina pixka bat bakarrik, eta kaltegarri ez bazaio. Baina herriak bide zuzenetik jo nahi dik, eta ez duk ez kalteen, ez galeren beldur, ez duk ikusi ala? Herriarentzat bizitza osoa duk galera, kalte hutsa, ez zeukak itzulbiderik, ezer ez inguruan, alderdi guztietatik egiten dioten oihua ez bada: «geldi!»
— Ikusi diat! —esan zuen Stepanek, buruaz baiezka, eta kolpetik gaineratu zuen—: Maletaz kezkatuta zegok.
Piotrek, maltzurtasunez, begi keinua egin zion amari eta, eskuaren mugimendu batez lasaitzeko esanik, hizketan hasi zen berriro.
— Ez kezkatu! Ondo joango da dena, amatxo! Zure maletatxoa nire etxean dago. Oraindik orain, honek esan didanean zu ere, itxuraz, horretan sartuta zaudela eta gizon hori ezagutzen duzula, nik zera esan diot: kontuz, Stepan! Zuhur jokatu beharra zegok honelako egoera labain batean! Tira, zuk ere, dirudienez, usaina hartu diguzu zure alboan egon garenean. Jende zintzoari muturrean igartzen zaio, horrelako hain gutxi ibiltzen baita kaletik, argi esanda! Zure maletatxoa nire etxean dago...
Amaren aldamenean eseri zen eta, begietara finko so eginez, jarraitu zuen:
— Barruak hustu nahi badizkiozu, guk atseginez lagunduko dizugu! Liburuak behar ditugu...
— Guztia utzi nahi ziguk! —ohartarazi zion Stepanek.
— Primeran, amatxo! Guztirako tokia aurkituko dugu!
Jauzi batez zutiturik, barre algaraka hasi zen, eta, izbatik aurrera eta atzera azkar zebilela, gogobeterik mintzatzen zen:
— Egoera hau, egia esan, harrigarria da! Baina guztiz arrunta. Leku batean korapiloa askatu eta beste batean lotzen da. Ez da ezer gertatu! Eta egunkaria, amatxo, ona da, eta bere zeregina betetzen du: jendea esnatzen du! Jauntxoei ez zaie gustatzen. Nik hemendik zazpi bat verstara andere aberats batenean lan egiten dut, zurgina naiz; emakume ona da, aitortu beharra daukat, liburuak ematen dizkigu, batzuetan irakurri egiten ditugu, eta burua argitzen digute! Orokorrean, esker ona zor diogu. Baina behin egunkariaren ale bat erakutsi nion, eta apur bat haserretu ere egin zen, zera esan zidan: «Bota hori Piotr! Hori umemoko txoriburuek egiten dute. Horrek atsekabeak besterik ez dizue ekarriko, kartzela eta Siberia, horixe ekarriko dizue...»
Ustekabean isildu zen berriro, une batez pentsakor egon, eta galdetu zuen:
— Eta esadazu, amatxo, gizon hori zure senitartekoa da?
— Ez, arrotza dut! —erantzun zuen amak.
Piotr ahopetik barrezka hasi zen, zerbaitek oso poztuta, eta buruari eragiten zion. Ama berehalaxe konturatu zen «arrotz» hitza ez zela oso egokia Ribinekiko harremana azaltzeko, eta min egiten ziola.
— Ez naiz haren senide —esan zuen—, baina aspalditik ezagutzen dut, eta nire neba balitz bezala errespetatzen dut... nire neba nagusia!
Ez zuen hitz aproposa aurkitu. Hori ez zitzaion atsegin eta, zotinari ezin eutsirik, hotsik atera gabe hipaka hasi zen berriro. Isiltasun goibel, adi batek bete zuen izba. Piotr zutik zegoen, burua sorbalda batera okerturik, zerbaiti belarri emanez bezala. Stepan, ukondoak mahai gainean bermaturik, pentsakor zegoen eta denbora guztian hatz batez tarrapatakoa jotzen zuen oholean. Haren emaztea, berriz, ilunpean labearen kontra jarrita zegoen; amak haren begirada finkoa sentitzen zuen gainean, eta aldizka berak ere aurpegira begiratzen zion: obalatua zen, beltzarana, sudur zuzen eta kokots kamutsekoa. Haren begi berdexkek arretaz eta adi-adi distiratzen zuten.
— Adiskidea orduan! —jaulki zuen Piotrek ahapeka—. Setatsua da gero!... Garesti saldu du bere burua, behar den moduan! Hori bai gizona, e Tatiana? Hik esaten dun...
— Ezkondua da? —galdetu zuen Tatianak, haren hitz jarioa etenik, eta trinko estutu zituen aho txikiko ezpain meheak.
— Alarguna! —erantzun zuen amak tristuraz.
— Horregatik ausartu da! —esan zuen Tatianak bularreko ahots sakon, lodiz—. Ezkonduak ez du bide hori hartzen, beldur da...
— Eta ni? Ezkondua naun eta hor nabilen —egin zuen oihu Piotrek.
— Geldi, konpai! —moztu zuen emakumeak, hari begiratu gabe eta ezpainak estuturik—. Zer egiten duk hik? Hitz egin besterik ez, eta noizean behin liburuxkaren bat irakurri. Inor gutxik ateratzen dik probetxurik hi eta Stepan bazter-zokoetan txutxu-mutxuka aritzetik.
— Aizan, askok entzuten zidaten! —ihardetsi zuen mujikak minduta eta ahapeka—. Ni legamiaren antzekoa naun hemen, alferrik ari haiz...
Stepanek isildu, emakumeari begiratu, eta burua beheratu zuen berriro.
— Eta zergatik ezkontzen dira mujikak? —galdetu zuen Tatianak—. Langile bat behar dutela esaten ditek, baina nolako lana egiteko?
— Hik ez dun gutxi gero! —bota zuen Stepanek lazki.
— Zertarako balio du lan horrek? Guztiarekin ere, egunak joan egunak etorri, erdi gosetuta bizitzeko. Seme-alabak jaiotzen dituk, eta zaintzeko astirik ez zegok, ogirik ekartzen ez duen lan hori dela eta.
Amarengana hurbildu eta alboan eseri zitzaion, temati mintzatuz, kexurik eta tristurarik gabe...
— Nik bi izan ditut. Bata, bi urte zituela ur irakinetan kiskali zitzaidan; bestea, galdu egin nuen, hilda jaio zen, ditxosozko lan madarikatu arraio hori dela eta! Pozik bizi naiteke? Nik zera diot: alferrik ezkontzen dira mujikak, eskuak lotzen dizkie horrek, besterik ez; bestela askatasunez biziko lirateke, beharrezkoa dugun ordena lortzen saiatuko lirateke, zuzen joko lukete egiaren alde, gizon horrek egin duen bezalaxe! Ez da egia, amatxo?
— Egia da! —esan zuen amak—. Egia da, laztana. Bestela ez dago bizitzan garaile ateratzerik...
— Senarra baduzu?
— Hil zen. Semea dut...
— Eta non da? Zurekin bizi da?
— Kartzelan dago! —erantzun zuen amak.
Eta sentitu zuen nola hitz horiek, beti sortu ohi zioten tristurarekin batera, harrotasun barez betetzen zioten bularra.
— Bigarren aldia da espetxean sartu dutena, bietan jainkoaren egia ulertu eta zabalki erein duelako... Gaztea da, polita, buruargia! Egunkaria haren ideia izan zen, eta Mikhail Ivanovitx berak ipini zuen bidean, nahiz eta Mikhail bera baino bi aldiz zaharragoa izan! Orain, epaitu egingo dute horregatik, eta kondenatuko dute, baina Siberiatik ihes egingo du eta berriro ekingo dio borrokari...
Hitz egin ahala harrotasun sentimendua haziz zihoakion bularrean eta, heroiaren irudia osatuz, hitzak eskatzen zizkion, eztarria estutzen zion. Ezinbesteko zitzaion egun horretan ikusiak zituen eta izu zentzugabez, ankerkeria gordinez burua zapaltzen zioten gertaera goibelak zerbait arrazoizko eta dirdiratsuarekin orekatzea. Arima osasuntsuaren eskari horri ohartzeke men eginez, aratz eta argitsua iruditzen zitzaion guztia biltzen zuen lama gardenez itsutzen zuen su batean...
— Horrelako gizaki asko sortu dira dagoeneko, eta gero eta gehiago sortzen dira, eta haiek guztiak hil arte borrokatuko dira herriaren askatasunaren alde, egiaren alde...
Ahaztua zuen zuhurtasuna eta, izenik aipatzen ez bazuen ere, herria guztiaren kateetatik askatzeko lan klandestinoari buruz zekien guztia kontatzen zuen. Bere bihotzarentzat maitagarri ziren irudi haiek osatzean, bere indar guztiaz, bizitzaren astindu urdurien eraginez bere baitan hain berandu esnatua zen maitasun oparo guztiaz hornitzen zituen hitzak, eta berak ere bozkario sutsuz miresten zuen bere sentimenduak argiturik eta ederturik gogora etortzen zitzaion jende hori.
— Lana orokorra da, mundu osoa, hiri guztiak hartzen ditu, jende onaren indarrak ez du ez neurririk ez mugarik, etengabe hazten da, eta etengabe haziko da gure garaipenaren eguna iritsi arte...
Haren ahotsa lau isurtzen zen, erraz aurkitzen zituen hitzak eta, harribitxi koloretsuak bailiran, azkar josten zituen bihotza egun horretako odol eta lokatzetik garbitzeko desiraren hari sendoan. Ikusten zuen mujikak erroak eginda bezala zeudela hitzaldiak ustekabean harrapatu zituen lekuan bertan, eta mugitu gabe, serio begiratzen ziotela aurpegira; emakumearen arnasketa etena entzuten zuen, alboan eserita baitzeukan. Eta horrek handiagotu egiten zuen jendeari esaten eta agintzen zion guztiaren gaineko sinesmena...
— Bizimodu latza daramaten guztiek, pobretasunak eta bidegabekeriak estututa bizi direnek, aberatsek eta haien morroiek zapalduta daudenek, haiek guztiek, herritar guztiek jo behar dute haien alde borrokatzeagatik kartzelan hiltzen diren, tormentu izugarriak jasaten dituzten lagun horiengana. Trukean ezer eskatu gabe erakutsiko diete non den mundu guztiaren zorionera daraman bidea, engainurik gabe esango diete bide zaila dela, ez dutela inor indarrez beren atzetik eramango; baina haiekin bat egiten baduzu, ez duzu sekula ere haien albotik alde egingo, bide zuzena dela eta beste irtenbiderik ez dagoela ikusten duzu!
Atsegin zitzaion bere irrika nagusia gauzatzea: bera ari zen jendeari egiaz hitz egiten!
— Horrelako jendearekin joan behar du herriak, haiek ez dira huskeriekin askietsirik geratuko, ez dira geldituko engainu guztiei, gaiztakeria eta zikoizkeria guztiari nagusitu arte, ez dituzte besoak gurutzatuko herri guztia arima bakarrean batu arte, aho bakarrez aldarrikatu arte: neu naiz nagusia, neronek egingo ditut legeak, denontzat berdinak!
Nekaturik, isildu egin zen, ingurua arakatzen zuela. Haren bularrean lasai zetzan hitz horiek alferrikakoak izango ez zirelako ziurtasuna. Berari begira zeuden mujikak, gehiagoren zain. Piotrek besoak bularrean uztartu eta begiak naretu zituen, irribarre bat aurpegi nabarrean dardarka. Stepan, ukondo bat mahaian finkaturik, aurrerantz makurtuta eta lepoa luzatuta zegoen artean ere entzuten balego bezala. Itzalak haren aurpegia hiltzen zuen, landuago itxura emanez hazpegiei. Haren emaztea amaren alboan eserita zegoen, konkortuta, ukondoak belaunetan bermaturik, oinetara begira.
— Alafede! —esan zuen Piotrek xuxurla batean, eta kontuz eseri zen bankuan, burua kulunkatuz.
Stepan tente jarri zen astiro, emazteari begiratu eta besoak airean zabaldu zituen, zerbait harrapatu nahi izango balu bezala...
— Borroka horretan sartuz gero —hasi zen pentsakor eta apalki—, gogo-gogotik ekin behar zaio ezinbestean...
Piotrek lotsati gaineratu zuen:
— Bai ba, eta atzera begiratu gabe!
— Egiteko zabala da!
— Lur osoa hartzen du! —erantsi zuen berriro Piotrek.
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda