XV
Egunsentian, ama binbilika zihoan postako zalgurdian udazkeneko euriak lupeztutako bidetik. Haize hezea ari zuen, hegaz zebiltzan lokatz zipriztinak, eta kotxezainak, erlaitzean amaren aldera erdi saiheska eserita, pentsakor eta ahots sudurkariz kexuka ziharduen:
— Nik zera esan nion, anaiari alegia, tira ba, banaketa egin dezagun! Banaketa egiten hasi ginen...
Tupustean, ezkerreko zaldia zartailuaz jo eta haserre oihukatu zion:
— A-arre! Azkar, sorginkume hori!
Udazkeneko belabeltz lodiak arduratsu zebiltzan soro soiletan, haizeak, hotz txistu eginez, boladaka jotzen zituela. Alboz jarrita, aun egiten zieten haizearen erasoei, baina honek lumajea harrotu eta hankak malguarazten zizkien, eta orduan, zirimolen indarrari amore emanik, belabeltzak hegoak nagikeriaz astindu eta beste leku batera hegaldatzen ziren.
— Bada, ezer gabe utzi ninduen, konturatu orduko ez zegoen zeri heldu —zioen kotxezainak.
Amak ametsetan bezala entzuten zuen haren ahotsa. Oroimenean, ilara luzean antolatzen zituen azken urteetan bizi izandako gertaerak eta, arretaz erreparaturik, bere burua zekusan leku guztietatik. Lehen, urruneko nonbait eratzen zen bizitza, nork eta zertarako jakin gabe, baina orain gauza asko beraren begien aurrean, beraren laguntzaz gertatzen ziren. Eta horrek sentimendu nahasia eragiten zion: bere buruarenganako mesfidantza eta gogobetetasuna, harridura eta tristezia isila...
Inguruan mugimendu geldoz kulunkatzen zen dena. Zeruan astunki lerratzen ziren hodei grisak, elkarri aurrea hartuz; bidearen alde banatan zuhaitz bustiak ikusten ziren tarteka-marteka, adaburu hostogabeak zabuka; ezker-eskuin zelaiak hedatzen ziren, muinoak han-hemenka sakabanaturik.
Kotxezainaren ahots sudurkariak, kaskabiloen soinuak, haizearen xuxurlak eta txistu hezeak bat egin eta errekasto dardarati eta bihurgunetsua osatzen zuten, beti indar berberaz zelaien gainetik isurtzen zena...
— Aberatsa ezta paradisuan ere ez dago gustura, hori da kontua! Estutzen hasi zitzaidan, agintarien adixkide da —ekiten zion kotxezainak, erlaitzean zabuka.
Posta-geltokira iritsi zirenean, zaldiak askatu eta ahots etsiaz eskatu zion aman:
— Ez didazu bost kopek emango zerbait edateko?
Amak txanpon bat eman zion, eta kotxezainak, esku ahurrean astinduz, lehengo tonu berean jakinarazi zion:
— Hiru, vodka edateko; eta bi, ogia jateko...
Eguerdiaren ondotik, neka-neka eginda, hotzak amorratzen, ama Nikolskoe herri handira iritsi zen. Posta-etxera sartu, tea eskatu, maleta astuna jarlekuaren azpian ipini, eta leiho alboan eseri zen. Leihotik ikusten ziren plaza txiki bat, belar horizko tapiz oinkatu batek estalia, eta udaletxea, teilatua pisuak makotuta zeukan eraikin gris iluna. Udaletxeko atalondoan mujik burusoil bizar-luze bat zegoen eserita, alkandora hutsean eta pipa erretzen. Belarretik txerri bat zebilen. Urduri belarriak astinduz, lurrean muturka ari zen eta buruari eragiten zion.
Hodei saldo ilunak zerutik lerratzen ziren, elkarri bultzaka. Giroa isila, goibela eta aspertua zen, bizitza nonbait ezkutatuta balego bezala, uzkurturik.
Bat-batean, polizi sarjentua galapan heldu zen plazara, zaldi ilehoria udaletxeko atalondo aurrean gelditu eta, larruzko zartailua airean astinduz, oihuka hasi zitzaion mujikari —oihuek leihoko kristalaren aurka jotzen zuten, baina hitzak ez ziren entzuten—. Mujikak zutitu eta besoa luzatu zuen, urrunera seinalatuz. Sarjentuak lurrera jauzi egin, hanka gainean zabunkatu, eta uhalak jaurtiki zizkion mujikari. Gero, eskuak barandari erantsita, atalondora astunki igo eta udaletxe barruan desagertu zen...
Isiltasuna nagusitu zen berriro. Zaldiak birritan zapaldu zuen apatxaz lur biguna. Ama zegoen gelara neska gazte bat sartu zen, ile-motots labur horaila garondo aldera eta begi samurrak aurpegi biribilean. Ezpainak hozkaturik, ertz mailatuekiko erretilu handi ontziz betea zeraman beso zabalduetan eta kilimusiak egiten zituen, buruari behin eta berriro eraginez.
— Kaixo, laztana! —esan zion amak maitekiro.
— Arratsalde on!
Platerak eta te ontziak mahaietatik banatzen ari zela, bat-batean narritaturik adierazi zion:
— Gaizkile bat harrapatu dute oraintxe bertan, hona ekarriko dute!
— Zer gaizkile mota?
— Ez dakit...
— Eta zer egin du?
— Nik ez dakit! —errepikatu zuen neskatoak—. Harrapatu dutela besterik ez dut entzun! Udaltzaina korrika joan da polizi komisarioaren bila.
Amak leihotik begiratu zuen: plazan mujik batzuk azalduak ziren. Batzuk astiro eta patxadaz zebiltzan; beste batzuk, berriz, arrapataka zetozen, zamarrak abian lotzen zituztela. Udaletxeko atalondo aurrean gelditu eta ezkerraldeko nonbaitera begiratzen zuten denek.
Neskatoak ere kalera begiratu bat eman eta lasterka alde egin zuen gelatik, ateari danbatekoa emanik. Amak zirgit egin zuen, maleta jarlekuaren azpian barrurago sartu eta, burua lepoihalean bilduta, atera abiatu zen, presaka eta bat-batean arinago joateko, korrika egiteko berataz jabetua zen irrika ulertezinari eutsiz...
Kalera irtendakoan, hotz mingarri batek jo zuen begietan eta bularrean, arnasa galdu zuen eta hankak zurmindu zitzaizkion: plazaren erditik Ribin zetorren eskuak bizkar atzean loturik, haren alboetan bi guardia zetozen, makilez lurra erritmikoki zapalduz. Udaletxeko atalondoren parean jende mordoa zegoen bilduta, isilean zain.
Zorabiaturik, amak tinko begiratzen zuen: Ribin zerbait esaten ari zen, haren ahotsa entzuten zuen, baina hitzak oihartzunik sortu gabe iraungitzen ziren bihotzean zeukan hutsune ilun, dardaratian.
Senera etorri zen, berriro bildu zuen arnasa. Atalondotik hurbil bizar luze ile-argiko mujik bat zegoen, begi urdinez aurpegira finko begiratzen ziona. Eztul egin eta izuak indargabetutako eskuez eztarria igurtzi ondoren, nekez galdetu zion:
— Zer gertatzen da?
— Ba horixe, begira! —erantzun zuen mujikak, eta bizkar eman zion. Beste mujik bat inguratu eta haren alboan jarri zen.
Guardiak jendetzaren aurrean gelditu ziren. Gizaldea haziz zihoan agudo, baina isilik, eta bat-batean Ribinen ahotsa altxatu zen guztien gainetik.
— Ortodoxo jendea! Entzun duzue gure nekazari bizimoduari buruz egia azaltzen duten paper horien berri? Bada, paper horiek direla-eta sufritzen ari naiz, neuk banatu ditut herritarren artean!
Jendeak estuago inguratu zuen Ribin. Haren ahotsa lasaia eta neurrizkoa zen. Horrek suspertu egin zuen ama.
— Entzun duk? —galdetu zion mujik begi-urdinak albokoari, saihetsean ukitu bat eman ondoren. Honek, erantzun gabe, burua jaso eta berriro begiratu zion amari aurpegira. Eta beste mujikak ere so egin zion: lehena baino gazteagoa zen, kokospeko ilun mehatza zuen eta aurpegi argal oreztez nabartua. Gero, atalondotik bazter batera aldendu ziren biak.
«Beldur ditun!» —pentsatu zuen amak nahigabe.
Begi-belarriak zorroztu zituen. Atalondoaren gainean zegoela, argi zekusan Mikhail Ivanovitxen aurpegi beltz, zauritua, haren begietako distira sutsua sumatzen zuen. Hark ere ikus zezan nahi zuen eta, oin puntetan zutiturik, berarengana luzatzen zuen lepoa.
Jendeak beltzuri, mesfidantzaz begiratzen zion, eta inork ez zuen ezer esaten. Atzeko ilaretan soilik entzun zitekeen elkarrizketa itoen murmurioa.
— Nekazariok! —zioen Ribinek goraki eta ahots trinkoz—. Sinets ezazue paper horiek diotena; haiek direla-eta hilko naiz orain, beharbada; jo egin naute, torturatu egin naute, nondik atera ditudan esanarazi nahi izan didate, eta gehiago joko naute oraindik, baina etsi gabe jasango dut guztia! Izan ere, egia dago paper horietan, eta egiak ogiak baino baliotsuagoa izan behar du guretzat, bai horixe!
— Zergatik esaten du hori? —galdetu zuen ahapeka atalondotik hurbil zeuden mujiketako batek. Begi-urdinak astiro erantzun zion:
— Orain berdin dio denak, behin bakarrik hiltzen da eta...
Jendea isilik zegoen, zeharretik elkarri begirazoka, goibel, bazirudien zerbait ikusezina baina astuna eroria zela guztien gainera.
Atalondoan sarjentua agertu zen eta, balantzaka, mozkor ahotsez orroka hasi zen:
— Nor ari da hizketan?
Bat-batean, irristaka jaitsi zen atalondotik, Ribini iletik heldu eta, burua aurrera eta atzera bortizki astintzen ziola, oihuka hasi zitzaion:
— Hi ari haiz hizketan, sasikume arraioa, hi?
Jendetzak zabu egin zuen, burrunbaka hasi zen. Amak burua beheratu zuen ezintasunak jota. Eta berriro entzun zen Ribinen ahotsa:
— Hona hemen, begira, herritar onak...
— Isildu! —Sarjentuak belarrian jo zuen. Ribin hanka gainean kordokatu zen, sorbaldei gora eraginik:
— Eskuak lotu eta min ematen dizute, nahi duten moduan...
— Guardiak! Eraman ezazue! Eta zuek, sakabanatu! —Zakur hoskaria haragi puskaren aurrean bezala Ribinen inguruan jauzika, sarjentuak ukabilkadak ematen zizkion aurpegian, bularrean, sabelean.
— Ez jo! —oihukatu zuen norbaitek jendartetik.
— Zergatik jotzen duk? —lagundu zion beste ahots batek.
— Goazen! —esan zuen mujik begi-urdinak, buruari eraginez. Presarik gabe abiatu ziren biak udaletxerantz, eta ama begirada onberaz jarraitu zitzaien. Hasperen egin zuen arindurik: sarjentua, astunki korrika eginez, atalondora igo zen berriro eta bertatik, ukabilaz mehatxuka, ero legez garrasika ari zen:
— Ekar ezazue hona! Ekartzeko diot...
— Ez gero! —bota zuen ahots sendo batek jendartetik. Ama ohartu zen begi-urdinak esan zuela hori—. Ez utzi horrelakorik egiten, mutilok! Horra sartuz gero, hil arte joko dute. Eta gero zer esango dute gutaz? haren heriotza onartu dugula! Ez utzi horrelakorik egiten!
— Nekazariok! —burrunba egin zuen Mikhailen ahotsak—. Ez al duzue ikusten nolakoa den zuen bizimodua, ez al duzue ulertzen nola lapurtzen dizueten, nola engainatzen zaituzteten, nola odolusten zaituzteten? Zuek zarete guztiaren euskarria, zuek zarete munduko indar nagusia, eta nolako eskubideak dituzue? Gosez hiltzea, horra zuen eskubide bakarra!
Bat-batean mujikak oihuka hasi ziren, elkarri hitza zapalduz.
— Egia biribila!
— Deitu komisarioari! Non da komisarioa?
— Udaltzaina zaldian lauoinka joan da haren bila...
— Mozkor eginda dago.
— Ez da gure zeregina agintariak biltzea...
Zalaparta haziz zihoan, gero eta gorago.
— Hitz egin! Ez diogu jotzen utziko...
— Askatu eskuak...
— Kontuz, okerragoa izan daiteke!
— Minduta ditut eskuak! —esan zuen Ribinek lau eta ozenki, ahots guztiak estaliz—. Ez dut alde egingo, mujikok! Ez diot nire egiari ihes egingo, nire baitan bizi da eta...
Gizon batzuk, norabide ezberdinak harturik, begitarte serioz urruntzen ziren jende multzotik, ahotsa goratu gabe elkarrekin hizketan eta buruari eraginez. Baina gero eta jende gehiago inguratzen zen, txarto eta presaka jantzita, narritaturik. Borborka ari ziren Ribinen inguruan bits ilun baten antzera. Ribin zutik zegoen haien erdian, baseliza bat basoan bezala, besoak buru gainetik jasota, eta, airean astinduz, jendeari oihukatzen zion:
— Eskerrik asko, herritar onak, eskerrik asko! Geuk askatu behar dizkiogu eskuak elkarri, bai horixe! Nork lagunduko digu bestela?
Bizarra garbitu eta berriro jaso zuen eskua, odoletan blai.
— Hona hemen nire odola, egiaren alde isuria!
Ama atalondotik jaitsi zen, baina behetik ezin zuen Mikhail ikusi, jendetzak estuturik baitzegoen, eta berriz igo zen mailadira. Sutan zeukan bularra, eta halako bozkario nahasi bat dardarka ari zitzaion barnean.
— Nekazariok! Bilatu paper horiek, irakurri, ez sinetsi agintari eta popeei esaten dizuetenean egia ekartzen digutenak fedegabeak eta erreboltariak direla. Egia ezkutuan dabil mundutik, bere kabia bilatzen du herriarengan; agintarientzat, berriz, labanaren eta suaren antzekoa da, ezin dute harrapatu, zauritu egiten ditu, erre egiten ditu! Egia zuen lagun mina da, eta agintarien etsai amorratua! Horregatik ezkutatzen da!
Oihu sorta bat lehertu zen berriro jendartean.
— Entzun, ortodoxo jendea!
— Ai, anaia, hireak egin dik...
— Nork saldu hau?
— Popeak! —esan zuen guardietako batek.
Bi mujikek arnegu gordina jaregin zuten.
— Kontuz, mutilok! —entzun zen oihu bat, abisu emanez.
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda