XIV
Eguerdian, kartzelako bulegoan zegoen Pavelen aurrean eserita eta, begietako lausoaren atzetik haren aurpegi bizartsua aztertzen zuela, hatzen artean tinko estuturik zeukan papertxoa emateko egokieraren zain zegoen.
— Osasuntsu nagon, denok gauden osasuntsu! —zioen semeak ahapeka—. Eta hi zer moduz?
— Ondo esan beharko! Egor Ivanovitx hil duk! —esan zion hitzetik hortzera.
— Bai? —egin zuen oihu Pavelek, eta burua beheratu zuen isilik.
— Hiletetan poliziak jendea jo zian, bat atxilotu zitean! —jarraitzen zuen amak lañoki. Kartzelako zuzendariordeak haserre klaskatu zituen ezpain meheak eta, aulkitik jauzi batez altxatuta, purrustadaka hasi zen:
— Debekatuta dago hori, ulertu beharra duzue! Debekatuta dago politikaz hitz egitea!
Ama ere aulkitik altxatu zen eta, ulertu ez balu bezala, errudun eitean adierazi zion:
— Ez nintzen politikaz ari, liskarraz baizik! Eta egia da jendea jo zutena. Eta, gainera, burua apurtu zioten bati...
— Berdin dio! Isiltzeko agintzen dizut! Esan nahi dut, isilik egoteko zuekin, zuen familiarekin eta orokorrean zuen etxearekin zuzenean zerikusirik ez duten gauzei dagokienez!
Korapilatzen ari zela oharturik, mahai alboan eseri zen eta, paperak antolatzen zituen bitartean, goibel eta nekaturik erantsi zuen:
— Ni naiz horren erantzulea, bai...
Amak ingurura begiratu, mugimendu azkar batez papertxoa Pavelen eskuan sartu eta, arindurik, hasperen egin zuen.
— Ez dago ulertzerik zertaz hitz egin daitekeen...
Pavelek erdi irribarre egin zuen.
— Nik ere ez dut ulertzen...
— Orduan, ez duzue ikustaldien beharrik! —ohartarazi zien funtzionarioak haserre—. Ez dute zertaz hitz egin, baina etorri egiten dira, enbarazu egiten dute...
— Laster izango da epaiketa? —galdetu zuen amak isilune baten ondoren.
— Orain dela egun batzuk fiskala etorri zunan, laster izango dela esan zinan...
Biontzat hutsal eta premiagabeko ziren hitzak esaten zizkioten elkarri. Amak ikusten zuen Pavelen begiek samurkiro, maitasunez begiratzen ziotela aurpegira. Beti bezain neurritsu eta lasai iritzi zion, ez zen aldatu, zaharragoa ematen zuen bizar sendo hazia zela medio, eta zuriago zituen eskuak, besterik ez. Amak atsegin emateko gogoa zuen, Nikolairi buruz hitz egiteko, eta, ahotsa aldatu gabe, gauza premiagabe eta funsgabeak esateko erabiltzen zuen tonu berean, hizketan jarraitzen zuen:
— Hire semebitxia ikusi diat...
Pavelek arretaz begiratu zion begietara, hitzik gabe galdezka. Vesovstxikoven aurpegi nabarbantzua gogorarazi nahirik, amak atzamarrez jo zituen masailak...
— Ondo zebilek, mutikoa bizirik eta osorik zegok, lanean hasiko duk laster.
Semeak ulertu zuen, buruari baiezka eragin eta irribarre alaia begietan erantzun zion:
— Ondo zegon hori!
— Ba, horrela duk! —jaregin zuen amak gogobeterik, bere buruarekin pozik, semearen alaitasunak txoraturik.
Agur esatean, Pavelek sendo estutu zuen amaren eskua.
— Eskerrik asko, ama!
Bihotzez semearengandik hurbil zegoelako sentimendu alaigarriak burura egin zion amari, eta, hitzez erantzuteko indarrik ezin bildurik, isilik eskua estutuz erantzun zion.
Etxean Sasha aurkitu zuen. Neskak Nilovnarengana jo ohi zuen semea ikustera joaten zen egunetan. Ez zion inoiz Paveli buruzko galderarik egiten, eta ama ez bazen berataz mintzatzen Sashak arretaz begiratzen zion aurpegira eta askietsirik geratzen zen horrekin. Baina egun hartan, galdera urduri batez hartu zuen:
— Zer moduz dago?
— Ondo, osasunez!
— Oharra eman diozu?
— Noski! Hain trebetasun handiz sartu diot eskuan...
— Irakurri du?
— Non gero? Ezinezkoa da!
— Bai, ahaztuta neukan! —esan zuen neskak astiro—. Beste aste bat itxarongo dugu, beste aste bat! Eta zuk zer uste duzu, ados egongo da?
Bekokia zimurtu eta finko josi zituen begiak amaren aurpegian.
— Ez dakit ba —azaldu zuen amak—. Zergatik ez egin ihes, inolako arriskurik ez badago?
Sashak buruari eragin eta lehor galdetu zuen:
— Badakizu zer jan dezakeen gaixoak? Janaria eskatzen du.
— Denetarik jan dezake, denetarik! Oraintxe bertan...
Sukaldera jo zuen, Sasha poliki joan zen haren atzetik.
— Lagunduko dizut?
— Eskerrik asko, nola ez!
Ama berontzira makurtu zen lapikoa hartzeko. Neskak ahopetik esan zion:
— Egon...
Zurbildu zen haren aurpegia, tristuraz handitu zitzaizkion begiak, eta ezpain dardaratiek, sutsuki eta azkar, ahaleginez xuxurlatu zuten:
— Gauza bat eskatu nahi dizut. Badakit ez dena ados egongo! Konbentzitu egin behar duzu! Esaiozu beharrezkoa zaigula, ezinbestekoa dela gure borrokarako, beldur naizela ez ote den gaixotuko. Ikusi duzu, oraindik ez dute epaiketaren eguna ezarri...
Inondik ere, nekeza zitzaion hitz egitea. Tente-tente zegoen, bazterrera begira, ahots etenez mintzatzen zen. Indarrik gabe bekainak eraitsita, neskak ezpainei hozka egin zien, eta karraskotsa atera zuten indarrez estututako eskuetako hatz-koskoek.
Ama haren beroaldiak zapalduta zegoen, baina ulertu egin zuen eta, hunkiturik, tristuraz beterik, Sasha besarkatu eta leunki erantzun zion:
— Nire bihotzekoa! Ez dio inori entzuten, bere buruari izan ezik, beste inori ez!
Isilik geratu ziren biak, elkarrengana tinko estuturik. Gero, Sashak amaren eskuak bere sorbaldatik emeki bereizi eta hala esan zuen, dardarka:
— Bai, arrazoi duzu! Hau guztia lelokeria hutsa da, nerbioak...
Eta bat-batean, serio, besterik gabe esan zuen:
— Baina tira, goazen gaixoari jaten ematera...
Ivanen ohe alboan eserita, artatsu eta samurtasunez galdetu zion:
— Buruko min handia duzu?
— Ez oso handia, baina lausotan ikusten dut guztia! Eta ahul nago —erantzun zuen Ivanek, nahasirik burusia kokotseraino eramanez eta begiak nareturik, argi distiratsuak itsutuko balu bezala. Sasha, oharturik bera bertan zelarik ez zela jaten ausartzen, zutitu eta han joan zen.
Ivan ohean eseri zen, atzetik begiratu bat eman eta, begiak kliskatuz, esan zuen:
— Ee-ederra!
Haren begiak argitsuak eta alaiak ziren, hortzak txiki eta trinkoak, ahotsa artean aldatu gabea.
— Zenbat urte dituzu? —galdetu zion amak pentsakor.
— Hamazazpi...
— Non dira zure gurasoak?
— Herrian; ni, hamar urte nituela etorri nintzen; eskola amaitu, eta hona! Eta zuk nola duzu izena, lagunkidea?
Berari zuzenduta, hitz horrek barregura ematen zion aman, baita hunkitu ere. Eta orain, irribarre eginez, galdetu zuen:
— Zergatik jakin nahi duzu?
Gaztetxoak, aztoraturik une batez isilik egon ondoren, azalpena eman zion:
— Begira, gure taldeko estudiante batek, hitzaldiak ematen zizkigunak, Pavel Vlasov langilearen amari buruz hitz egiten zigun, badakizu nortaz ari naizen? Maiatzaren Leheneko manifestaziokoa.
Amak buruari baiezka eragin zion eta erne jarri zen.
— Bera izan da gure alderdiaren bandera agerian zabaldu duen lehena! —adierazi zion gazteak harrotasunez, eta harrotasun horrek erantzuna aurkitu zuen amaren bihotzean.
— Ni ez nintzen han izan; hemen bertan gure manifestazioa antolatzeko asmotan geunden. Porrot egin genuen! Gutxi ginen orduan. Baina aurten, zatoz hemendik!... Ikusiko duzu!
Zirrarak ito beharrean zegoen mutila, etorkizuneko gertaerez aurretiaz gozatuz. Gero, koilara airean astinduz, jarraitu zuen:
— Bada, Vlasoven amaz ari naiz, ezagutzen duzu? Horren ondoren bera ere alderdian sartu zen. Diotenez, benetan zoragarria da!
Amak irribarre zabala egin zuen, atseginez entzuten zituen mutikoaren laudorio gogotsuak. Atseginez eta aztoraturik. «Neu naiz Vlasova!» esateko gogoa egiten zitzaion, baina irrika hori menperatu eta, trufa leunez, tristuraz, bere buruari esaten zion: «Ah, hi, atso zahar kokolo hori!»
— Gehiago jan behar duzu! Senda zaitez, lehenbailehen borrokari berriro ekin ahal izateko! —esan zion amak bat-batean narritaturik, harengana makurtuz.
Atea ireki eta udazkeneko hotz grisak jo zuen gela. Sofia sartu zen, masailak gorriturik, pozik.
— Nire atzetik dabiltza zelatariak, senargaiak emaztegai aberatsaren atzetik bezala. Benetan! Alde egin behar dut hemendik... Beno, zer moduz, Vania? Ondo? Eta Pavel, Nilovna? Sasha izan da hemen?
Zigarroa pizten zuen bitartean, galderak egiten zituen erantzunaren zain geratu gabe, begi grisen begiradaz ama eta gaztea laztantzen zituela. Amak begiratu eta, barrutik irribarre eginez, pentsatzen zuen:
«Hara, ni ere jende onaren taldera iristen ari naun!» Eta berriro ere Ivanengana makurtu eta esan zion:
— Senda zaitez, semetxoa!
Eta jangelara joan zen. Bertan Sofia Sasharekin hizketan ari zen:
— Dagoeneko prest ditu hirurehun ale! Hil egingo du lan itzel horrek! Hori bai heroitasuna! Badakizu, Sasha? zorion handia da horrelako jendearekin bizi izatea, haien lagunkidea izatea, haiekin lan egitea...
— Bai! —erantzun zuen neskak ahapeka.
Arratsaldean, tea hartzen zuten bitartean, Sofiak hala esan zion amari:
— Nilovna, beste joan-etorri bat egin behar duzu landatik.
— Beno, tira ba! Noiz?
— Hiru bat egun barru, ahal baduzu.
— Ondo...
— Ez joan oinez! —aholku eman zion Nikolaik ahots apalez—. Postako zalgurdia hartu eta, mesedez, beste bide batetik jo, Nikolskoe eskualdetik...
Isildu eta kopeta zimurtu zuen. Hori ez zetorren bat haren aurpegiarekin, era itsusi eta bitxian itxuraldatzen zion begitarte beti lasaia.
— Nikolskoetik luzeagoa da! —ohartarazi zion amak—. Eta postako zalgurdia, garestia...
— Kontua zera da —jarraitu zuen Nikolaik—, ni, oro har, bidaia horren kontra nago. Giro nahasia dago han, atxiloketak izan dira, maisu bat harrapatu dute, kontu handiagoz jokatu behar dugu. Puska batean itxaron beharko genuke...
Sofiak, atzamarrez mahaian tarrapatakoa joz, ohartarazi zuen:
— Guretzat garrantzi handikoa da literatura banatzeari etenaldirik gabe eustea. Beldur ematen dizu joateak, Nilovna? —galdetu zion bat-batean.
Ama minduta sentitu zen.
— Noiz izan naiz ni beldur? Baita aurreneko aldian ere, ikaratu gabe egin nuen hori... eta orain bat-batean... —Esaldia amaitu gabe, burua beheratu zuen. Ea beldur zen, eroso zegoen, hau edo bestea egin ahal zuen galdetzen zioten bakoitzean, erregu kutsua antzematen zien galdera horiei, eta iruditzen zitzaion haiek berengandik bereizten zutela, berarekin ez zutela elkarrekin jokatzen zuten modu berean jokatzen.
— Ez da bidezkoa niri ea beldur naizen galdetzea —esan zien, hasperenka—, zuek ez diozue elkarri inolako galderarik egiten izuaren gainean.
Nikolaik tarrapataka kendu zituen betaurrekoak, berriro ipini eta finko begiratu zion arrebari aurpegira. Isiltasun nekagarriak larritu egin zuen Vlasova eta, errudun sentituz, aulkitik altxatu zen haiei zerbait esateko gogoz, baina Sofiak eskua ukitu eta leunki eskatu zion:
— Barkaidazu! Ez dut berriro egingo!
Horrek barre eragin zion amari, eta minutu batzuk geroago hor ari ziren hirurak arduratsu eta lagunkiro herrirako bidaiari buruz hizketan.
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda