XIII
Sofia etxean zen jada, zigarroa ezpainetan hartu zuen ama, urduri, narritaturik.
Zauritua dibanean etzanda jarri, trebetasunez buruko loturak askatu, eta aginduak ematen hasi zen, zigarroaren kearen eraginez begiak kliskatzen zituela.
— Ivan Danilovitx, iritsi dira! Nekatuta zaude, Nilovna? Beldurtu zara, ezta? Tira, atseden hartu. Nikolai, emaiozu Nilovnari kopatxo bat porto!
Jasan berri zuenak txundituta, arnasestuka eta bularrean ziztada mingarria sentituz, amak xuxurlaka esan zuen:
— Zuek ez kezkatu nitaz...
Baina barne-muinetatik arreta apur bat eta laztan lasaigarriak eskatzen zituen dardarka.
Aldameneko gelatik irten ziren Nikolai, eskua bendaturik, eta Ivan Danilovitx medikua, ilea txima-jario eta Iazturik, trikuaren antzeko. Agudo hurreratu zen Ivanengana, haren gainera makurtu eta esan zuen:
— Ura, ur asko, oihalezko zapi garbiak, kotoia!
Ama sukaldera abiatu zen, baina Nikolaik ezkerreko eskuaz besotik heldu eta samurki esan zion, jangelara eramateaz batera:
— Ez dizute zuri esan, Sofiari baizik. Lagun maitea, gorriak ikusi dituzu, ezta?
Amak haren begirada finko, errukiorra jaso eta hipaka, zotina menperatu ezinik, jaregin zuen:
— Zer izan da hori, nire maite laztana! Sableekin jendea jo eta jo!
— Ikusi dut! —esan zuen Nikolaik, ardoa emanez eta buruaz baiezka—. Apur bat odolberotu dira bi aldeak! Baina ez kezkatu, sablearen zabalaz jotzen zuten eta, dirudienez, zauritu larri bakarra dago. Nire begien aurre-aurrean jotzen ari ziren, eta arrastaka atera dut liskarretik...
Nikolairen aurpegiak eta ahotsak, gelako epeltasunak eta argiak Vlasova lasaitu zuten. Esker onez hari begiratu, eta galdetu zion:
— Zu ere jo zaituzte?
— Ez, dirudienez, neronek egin dut, oharkabean zerbait ukitu eta larruazala zarrastatu dut. Edan ezazu tea; hotz egiten du, eta arin jantzita zaude...
Besoa luzatu zuen kikarara, eta atzamarrak odol gatzatu orbanez beterik zituela ikusi zuen. Nahigabeko mugimendu batez eskua belaunetara jaitsi zuen: gona heze zegoen. Begiak zabal-zabalik, bekainak gora, zeharretik begiratzen zien atzamarrei, burua zorabiatuta zeukan eta bihotzean joka ari zitzaion ideia hau:
«Beharbada, Pashari ere gauza bera egingo zioten!»
Ivan Danilovitx sartu zen, koratilo hutsean, alkandoraren mahukak goraino bildurik, eta, Nikolairen hitz gabeko galderari erantzunez, bere ahots zoliaz esan zuen:
— Aurpegiko zauria huskeria da, baina garezurra apurtuta dauka. Hala ere, ez da larria; mutiko sendoa da! Kontua da odol ugari galdu duela. Ospitalera eramango dugu?
— Zertarako? Gera dadila hemen! —egin zuen oihu Nikolaik.
— Gaur bai eta, beharbada, bihar ere bai, baina gero niretzat erosoagoa izango da ospitalean egotea. Ez dut bisitak egiteko astirik! Hilerriko gertaerei buruzko ora idatziko duk?
— Jakina! —erantzun zuen Nikolaik.
Ama hotsik atera gabe zutitu eta sukaldera abiatu zen.
— Nora zoaz, Nilovna? —geldiarazi zuen Nikolaik arduraz—. Sofiak ez du laguntzarik behar.
Amak begiratu eta, dardarka, sasi-irribarre bitxia eginez erantzun zion:
— Odolez beteta nago...
Bere gelan jantzia aldatzen zuen bitartean, berriro hausnartzen hasi zen jende horren lasaitasunari buruz, gertaerarik latzenei berehalakoan garaitzeko zuten ahalmenari buruz. Horrek suspertu egin zuen, izua bihotzetik kanporatuz. Zauritua zetzan gelara sartu zenean, Sofia, haren gainera makurtuta, hala mintzatzen ari zitzaion:
— Lelokeriak, lagunkidea!
— Baina enbarazu egingo dizuet! —ihardetsi zuen hark ahots ahulez.
— Zu isilik egon, on egingo dizu horrek...
Ama Sofiaren atzean zutik geratu zen eta, eskua haren bizkarrean jarrita, irribarrez zaurituaren aurpegi zurbilari so, erdi barrezka azaltzen hasi zen nolako sustoa eman zion mutilak zalgurdian zihoazela sukar-ametsetan gauza arriskutsuak esaten hasi zenean.
— Arraioa... ni bai ergela!
— Beno, orain utziko zaitugu! —adierazi zion Sofiak burusia ondo paratu ondoren—. Atseden hartu!
Jangelara joan ziren eta han luzaro jardun zuten eguneko gorabeherei buruz. Ordurako drama hura urruneko zerbait balitz bezala jokatzen zuten eta, ziurtasunez etorkizunera begira, aurrerantzean lana nola bideratu aztertzen zuten. Aurpegiak nekatuta zeuden, baina adimena erne, eta, borrokaz mintzo zela, jende hark ezin ezkuta zezakeen bere buruarekiko atsekabea. Aulkian artega mugituz, medikuak, ahots zoli eta zorrotza leuntzeko ahaleginak eginez, hala zioen:
— Propaganda, propaganda! Gutxi da hori gaur egun, langile gazteak zuzen daude! Askoz gehiago zabaldu behar dugu agitazioa, langileek arrazoi dute, nik zera diot...
Nikolaik beltzuri eta tonu berean arrapostu zion:
— Leku guztietatik kexuka etortzen zaizkigu literaturarik eza dela eta, baina oraindik ezin izan dugu moldiztegi on bat antolatu. Liudmila leher eginda dago, gaixotu egingo da laguntzaileren bat bilatzen ez badiogu...
— Eta Vesovstxikov? —galdetu zuen Sofiak.
— Ezin da hirian bizi. Moldiztegi berrian soilik lan egingo du, baina horretarako ere lagun bakarra ez da nahikoa...
— Nik ez dut balio? —galdetu zuen amak ahapeka.
Hirurak batera begiratu eta apur batean isilik egon ziren.
— Hori bai ideia ona! —egin zuen oihu Sofiak.
— Ez, gogorra litzateke zuretzat, Nilovna! —esan zuen Nikolaik lehor—. Hiritik kanpoan bizi beharko zenuke, ezin izango zenuke Pavel ikusi, eta oro har...
Amak hasperen egin eta ihardetsi zion:
— Pasharentzat hori ez da galera handia izango, eta niri ikustaldi horiek bihotza erdibitu besterik ez didate egiten! Ezin da ezertaz hitz egin. Semearen aurrean zaude leloturik, eta ahora begiratzen dizute, ea gehiegizko zerbait esaten duzun...
Azken egunetako gertaerek unaturik zeukaten, eta orain, hiritik landa, hango drametatik urruti bizi zitekeelako hori entzunik, antsiaz heltzen zion aukera horri.
Baina Nikolaik elkarrizketa eten zuen.
— Zer pentsatzen ari haiz, Ivan? —galdetu zion medikuari.
Burua jaso ondoren, mahai gainera makur-makur beheraturik baitzeukan, hala erantzun zion medikuak:
— Gutxi garela, hara zer! Ezinbestekoa dugu kemen handiagoz lan egitea... eta ezinbestekoa da Pavel eta Andreiri buruan sartzea ihes egin behar dutela, baliotsuegiak dira zereginik gabe kartzelan sartuta egoteko...
Nikolaik bekainak zimurtu eta ezbaika astindu zuen burua, amari begiratu bat emanik. Honek ulertu zuen deseroso zitzaiela beraren aurrean semeari buruz hitz egitea. Eta gelara joan zen, barnean haiekin apur bat minduta beraren nahiarekiko horren ardura eskasa erakutsia zutelako. Ohean begi zabalik etzanda, ahotsen xuxurla apala lagun zuela, larriminaren menpean erori zen.
Egun amaitu berria itzaltsua, ezin ulertuzkoa eta zorigaiztoko aieruz betea izan zen. Amarentzat gogorra zen horretaz pentsatzea, eta, aztarna goibelak beregandik urrundurik, Pavelez pentsatzeari ekin zion. Bazuen aske ikusteko gogoa baina, aldi berean, horren beldur zen: sumatzen zuen bere inguruan giroa gero eta okerragoa zela, eta gatazka latzen mehatxua zekarrela. Desagertua zen jendearen eramanarri isila, itxarote urduri bati lekua utzita, nabarmenki haziz zihoan sumina, hitz garratzak entzuten ziren, halako narritadura bat nabaritzen zen leku guztietatik... Orrixka bakoitzak eztabaida biziak pizten zituen azokan eta saltokietan, neskame-morroi eta eskulangileen artean; hiriko atxiloketa bakoitzak oihartzuna izaten zuen zergatiei buruzko iritzi beldurti eta ezbaikorretan, zeinetan, tarteka, berezko begikotasuna ere antzeman zitekeen. Gero eta sarriagotan entzuten zituen jende xehearen ezpainetan bera inoiz ikaratu zuten hitzak: matxinada, sozialistak, politika. Iseka doinuz ahoskatzen zituzten, baina isekaren azpian jakin-minezko galdera bat zegoen baldarki ezkutatuta; amorruz ebakitzen zituzten, baina amorruaren azpian ikara hautematen zen; pentsakor jaulkitzen zituzten, baina itxaropentsu eta mehatxuz. Asaldura poliki baina itzulbira zabaletan barreiatuz zihoan bizitza sorgor eta ilunetik, esnatzen ari zen adimen lokartua, eta kolokan jartzen hasia zen eguneroko gorabeheren aurrean jendeak erakutsi ohi zuen jarrera patxadatsua. Amak besteek baino argiago zekusan hori guztia, haiek baino hobeto ezagutzen baitzuen bizitzaren aurpegi goibela, eta orain, aurpegi horretan zalantzaren eta suminduraren zimurrak ikusirik, poztu eta beldurtu egiten zen aldi berean. Poztu, hori semearen lanaren emaitzatzat hartzen zuelako; beldurtu, bazekielako ezen, kartzelatik ateraz gero, guztien aurrean, lekurik arriskutsuenean jarriko zela. Eta hilko zela.
Batzuetan, semea ipuinetako heroien tamaina hartzeraino hazten zen haren aurrean, bere baitan biltzen zituen amak entzuten zituen hitz zintzo eta ausart guztiak, atsegin zitzaizkion pertsona guztiak, ezagutzen zituen egintza heroiko eta santu guztiak. Horrelakoetan, hunkiturik, harro, barne-gar leun batek hartuta, semea miresten zuen eta, itxaropenez gainezka, pentsatu:
«Ondo joango dun guztia, guztia!»
Maitasunak, ama-maitasunak, barrutik erretzen zuen, bihotza ia min egiteraino zapalduz. Gero, amatasunak gizatasunaren hazkundea galarazten zuen, irentsi, eta, sentimendu handi had lekua kendurik, larriminaren errauts grisetan lotsorrez dardaratzen zen gogoeta etsi bat:
«Hilko dun... galduko dun!»
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda