XII
Biharamun goizean hainbat gizon eta emakume zegoen ospitaleko atean, lagunkidearen hilkutxa kalera noiz aterako zain. Haien inguruan hara-hona ari ziren zelatariak, zuhur, belarri zorrotzez esaldi solteak atzematen, aurpegi, manera eta hitzak buruan gordetzen. Kalearen beste aldetik, errebolberrak gerrikoetan, polizia multzo batek begiratzen zien bildutakoei. Zelatarien lotsagabekeriak, polizien irribarre burlatiek eta beren indarra erakusteko prestasunak sumindu egiten zuten jendea. Batzuk, narritadura ezkutatuz, txantxetan aritzen ziren; beste batzuek kopetilun begiratzen zuten lurrera, jarrera iraingarri hartaz ez ohartzeko ahaleginak eginez; beste zenbaitek, berriz, amorruari eutsi ezinik, administrazioa isekatzen zuen, hitza beste armarik ez zuen jendearen beldur baitzen. Udazkeneko zeru urdin-zurbilak argitsu begiratzen zion harri gris biribilez zolatutako eta orbel horiz jantzitako kaleari, eta haizeak hostoak harrotu eta jendearen oinetara jaurtikitzen zituen.
Ama jendetzaren erdian zegoen eta, aurpegi ezagunak aztertuz, tristuraz pentsatzen zuen:
«Gutxi zarete, gutxi! Eta langilerik ia batere ez dago...»
Ireki zen atea eta kalera atera zuten hilkutxaren estalkia, koroa eta xingola gorriz horniturik. Hara bildutakoek batera erantzi zituzten txanoak, txori beltz saldo bat haien buruen gainetik hegaldatu balitz bezala. Bibote beltz ile-sarriko eta aurpegi gorriko polizi ofizial garai batek lasterka jo zuen gizaldearengana; haren atzetik, begiramenik gabe jendeari bultza eginez, soldaduak zetozen, bota astunek harrizko zorua zarataz zapaltzen zutela. Ofizialak aginduzko ahots erlatsez esan zuen:
— Mesedez, kendu xingola horiek!
Gizon-emakumeek biribil estua osatu zuten haren inguruan, zerbait esaten zioten, besoei eraginez, asaldaturik, elkarri bultzaka. Amaren begien aurrean tarteka agertu eta ezkutatzen ziren ezpain dardaratiekiko aurpegi zurbil, kitzikatuak, emakume baten aurpegian irainak eragindako malkoak labaintzen ziren...
— Behera indarkeria! —oihukatu zuen norbaiten ahots gazteak, eta oihua bakarrik galdu zen eztabaidaren zalapartan.
Amak ere mingostasuna sentitu zuen bihotzean eta, alboan zeukan gazte zarpail jantziari zuzenduz, sumindurik esan zuen:
— Jendeari lagunkidea nahi duen erara lurperatzen ere ez diote uzten, zer da hau gero?
Etsaitasuna areagotuz zihoan, hilkutxaren estalkia zabuka ari zen jendearen buruen gainean, haizea xingolekin jolasten zen, buru eta aurpegiak bilduz, entzungai zen zetaren zurrumurru sor urduria.
Gerta zitekeen talkaren beldurrez, amak tarrapataka eta ahopetik hitz egiten zuen ezker-eskuinetara:
— Jainkoak barka ditzala, gauzak horrela, hobe litzateke xingolak kentzea! Tira, amore eman beharko dugu!
Ahots ozen eta indartsu bat entzun zen, harrabotsari nagusiturik:
— Zuek oinazetutako laguna azken bidean laguntzeko trabarik ez jartzeko exijitzen dizuegu!
Norbait ahots garai eta zoliz abesten hasi zen:
Borrokan hil zarete...
— Mesedez, kendu xingola horiek! Jakovlev, moztu itzak!
Zorrotik ateratzean sableak egindako kirrinka entzun zen. Amak begiak itxi zituen, garrasien zain. Baina isiltasuna nagusitu zen, jendea purrustadaka hasi zen, hortzak erakusten, otso jazarriak bailiran. Gero isildu, buruak beheraino makurtu eta aurrera egin zuten, oin hotsak kalea betetzen zuela.
Aurrealdean airean kulunka zeramaten hilkutxaren estalkia, xingolarik gabe eta koroak mailaturik. Alboan, batetik bestera balantzaka, zaldizko poliziak zihoazen. Ama espaloitik zebilen, ezin zuen hilkutxa ikusi, jende multzo trinkoak estu inguratzen baitzuen. Gizaldea oharkabean haziz zihoan, eta kalearen zabalera osoa hartzen zuen. Atzealdean ere garai nabarmentzen ziren zaldunen irudi grisak; alde banatan, eskuak sableei helduta, oinezko poliziak zetozen, eta bazter guztietatik distira egiten zuten amak hain ondo ezagutzen zituen zelatarien begi zorrotzek, arretatsu jendearen aurpegiak arakatuz.
Agur, borrokakidea, agur...
tristuraz abesten hasi ziren bi ahots eder.
— Ez kantatu! —entzun zen oihua—. Isilik joango gara, jaun-andreak!
Oihu horretan bazen zerbait latza, ikaratzekoa. Eten egin zen kanta nahigabetsua, marmar hotsa apaldu, eta harria indarrez zapaltzean oinek ateratzen zuten zarata sor, beti-batekoa besterik ez zen entzuten kalean. Jendearen buruen gainetik altxatzen zen, zeru gardenerantz urrunduz, eta airea inarrosten zuen artean urrun dagoen ekaitzaren lehen trumoiaren dunbotsaren antzera. Haize hotzak, gero eta bortizkiago, etsaitasunez ekartzen zituen jendearengana hiriko kaleetako hauts eta zikinkeriak, jantziak eta ileak harrotzen zituen, begiak itsutu, bularrak jo, hanketan kiribiltzen zitzaien...
Poperik eta arima zapaltzen duen kanturik gabeko hileta isil horrek, aurpegi pentsakorrek, bekain zimurtuek ikarazko sentimendua sortarazten zuten amarengan, eta buruak, astiro jiraka, hitz goibelez janzten zituen zentzazioak.
«Gutxi zarete egiaren alde zaudetenok...»
Burua makurturik zebilen, eta iruditzen zitzaion ez zirela Egor ehorzten ari, berari ohiko, hurbil eta beharrezko zitzaion beste zerbait baizik. Triste zegoen, larri. Bihotzean gainez egiten zion Egorrekin zihoazen pertsona haiekin ados ez zegoelako sentipen latz eta kezkagarriak.
«Jakina —pentsatzen zuen—, Egorushkak ez zinan jainkoagan sinesten, eta haiek ere ez...»
Baina ez zuen gogoeta burutu nahi, eta hasperen egin zuen zama hori arimatik kanporatzeko asmoz.
«O, jauna, Jesukristo jauna! Baliteke ni ere modu berean...»
Hilerrira iritsi eta luzaz aritu ziren bertan hilobien arteko bidexka meharretan itzulinguruka, harik eta gurutze zuri txikiz jositako zabalgune batera irten ziren arte. Hobiaren inguruan bildu eta isilik geratu ziren. Hilobien erdian, bizien isiltasun latzak zerbait izugarria iragartzen zuen, zeinen eraginez amaren bihotzak zirgit egin eta taupadak gelditu baitzituen zerbaiten esperoan. Haizea txistuka eta uluka ari zen gurutzeen artetik, hilkutxaren estalkiaren gainean tristuraz dardaratzen ziren lore zimurtuak...
Poliziak begiak ernatu eta tente jarri ziren, buruzagiari so. Gazte garai bat igo zen hilobiaren gainera, txanorik gabe, ile-luze, bekain-beltz, zurbil. Une berean burrunba egin zuen polizi buruaren ahots sendoak:
— Jaun-andreak...
— Lagunkideok! —ekin zion bekain beltzekiko mutilak ahots garai eta ozenez.
— Egon! —oihu egin zuen poliziak—. Jakin ezazue ezin dudala inolako hitzaldirik baimendu...
— Hitz batzuk besterik ez dut esango! —adierazi zion gazteak lasai—. Lagunkideok! Gure maisuaren eta adiskidearen hilobiaren gainean, zin egin dezagun ez dugula inoiz ahaztuko berak irakatsitakoa, gutariko bakoitza bizitza osoan su eta gar borrokatuko dela gure aberriak jasaten duen zoritxarraren sorburua, herria zapaltzen duen indar gaiztoa, autokrazia alegia, lurperatu arte!
— Atxilotu! —oihukatu zuen polizi buruak, baina deiadar eztanda eragabe batek ito zuen haren oihua.
— Behera autokrazia!
Jendartean pasabidea urratuz, poliziak hizlariarengana oldartu ziren, baina honek, alde guztietatik trinko inguraturik, oihuka jarraitzen zuen, besoari eraginez:
— Gora askatasuna!
Bazterrera bultzatu zuten ama. Han, beldurrez, gurutze baten kontra bermatu zen eta begiak itxi zituen, zartakoaren zain. Eragabeko hots anabasa ardailatsu batek gortu zuen, kordoka zeukan lurra oin azpian, haizeak eta izuak arnasketa eragozten zioten. Urduri urratzen zuten airea polizien txilibituek, burrunba egiten zuen aginduzko ahots zakarrak, histeriaz oihukatzen zuten emakumeek, kurrixkaka ari zen hesiko egurra, eta sor entzuten zen oinek lur idorra zapaltzean ateratzen zuten zarata. Oso luzatzen zen hori eta begiak itxita egoteak izu jasanezina eragin zion aman.
Begiak ireki eta, oihuka, aurrera abiatu zen korrika bizian, besoak luzaturik. Harengandik hurbil, bidexka mehar batean, hilobien erdian, ile luzeko gaztea inguraturik zeukaten poliziek aurre egiten zioten alde guztietatik erasotzen zien jendetzari. Airean zuri eta hotz distiratzen zuten sable biluziek, buruen gainetik altxatu eta behera bizkor eroriz. Makilak eta hesiko ohol zatiak ere abiadan agertu eta ezkutatzen ziren; dantza basati batean bezala, oihuak bira-biraka ari ziren jende multzo oldartuaren inguruan; gaztearen aurpegi zurbilak gain hartzen zien guztiei, haren ahots sendoak burrunba egiten zuen amorru gordineko ekaitzaren gainetik:
— Lagunkideok! Zergatik nekatzen zarete alferrik?
Nagusitu zen. Makilak lurrera boteaz, atzera egiten hasi ziren banan-banan; ama, berriz, aurrerantz zihoan jendartean pasabidea urratuz, indar jarkiezin batek erakarrita, eta ikusten zuen nola Nikolaik, txanoa garondo aldera okertuta, bazterrera bultzatzen zuen amorruak horditutako jendea, eta gaitzespenez esaten zien:
— Zoratu egin zarete! Lasai zaitezte!
Esku bat gorri zeukala iruditu zitzaion.
— Nikolai Ivanovitx, alde egin ezak! —oihukatzen zuen amak, harengana lasterka.
— Nora zoaz? Hor jo egingo zaituzte...
Amaren alboan, sorbaldatik helduta, Sofia zegoen, txanorik gabe, txima-jario, mutiko gazte, oso gazte bati eusten ziola. Mutikoak eskuaz xukatzen zuen aurpegi hautsi, odoleztatua eta ezpain dardaratiz murmurikatzen zuen:
— Utzi, ez da ezer...
— Ardura zaitez honetaz, eraman gurera! Hartu zapi hau, lotu aurpegia!... —zioen Sofiak agudo eta, mutikoaren besoa amaren eskuan jarrita, korrika alde egin zuen, esanez—: Zoazte lehenbailehen, bestela atxilotu egingo zaituztete!
Hilerriko alderdi guztietatik ihesi zebilen jendea; atzetik, hilobi artean, astun mugitzen ziren poliziak, hankak longainen behealdeetan baldarki trabatzen zitzaizkiela, biraoka eta sableak airean astinduz. Mutikoak otso-begiradaz so egiten zien.
— Goazen azkar! —esan zion amak leunki, aurpegia zapiaz xukatu ondoren.
Hark odol-listua bota eta purrustadaka esan zuen:
— Ez kezkatu gero, ez dut minik. Sablearen eskutokiaz jo nau... Baina nik ere a-astindu ederra eman diot makilaz! Hori garrasia bota duena!
Eta, ukabil odoleztatuari eraginik, ahots etenez erantsi zuen:
— Egon, egunen batean beste kuku batek joko du. Gu, herri langile guztia, altxatzen garenean, txiki-txiki egingo zaituztegu batere borrokaldirik gabe!
— Azkar! —lehiarazten zuen amak, hilerriko hesiaren atetila txikira lasterka abiaturik. Iruditzen zitzaion ezen, han, hesiaz bestaldean, zelaian ezkutaturik, zain zituztela poliziak eta, hara irten bezain laster, oldarka gainera etorri eta joka hasiko zitzaizkiela. Baina, atetxoa kontuz zabaldu ondoren, begiratu bat eman eta zelaia udazkeneko ilunabarraren ehun grisaz jantzita ikusi zuenean, hango isiltasunak eta jenderik ezak lasaitu zuten behingoan.
— Etorri hona, aurpegi hori lotuko dizut —esan zion mutikoari.
— Horren beharrik ez dago, horrela egoteak ez nau lotsatzen! Borrokaldi gisakoa izan da: hark ni jo, nik bera jo...
Amak arrapaladan lotu zion zauria. Odola ikusteak gupidaz betetzen zion bularra, eta, hatzek berotasun hezea nabaritu zutenean, izuaren dardarizoak astindu zion barrena. Isilik eta lasterka zihoan zelaian barna, zauritua eskutik oratuta zeramala. Mutikoak ahoa loturetatik askatu eta, iseka doinua ahotsean, esan zuen:
— Nora naramazu horrela arrastaka, lagunkidea? Nire kabuz ibiltzeko gauza naiz!
Baina ama ohartua zen mutikoa aldaroka zebilela, hankak koloka eta eskua dardaraz. Ahots ahulduaz mintzatu eta galderak egiten zizkion aman, erantzunaren zain geratu gabe:
— Ni Ivan naiz, latorrigilea. Eta zu nor zara? Hiru ginen Egor Ivanovitxen taldean, hiru latorrigile... baina guztira hamaika. Ikaragarri maite genuen. Goian bego! nahiz eta nik ez dudan jainkoagan sinesten...
Kale batean amak zalgurdia akuratu zuen, Ivan barruan eserarazi eta xuxurlaka esan zion:
— Orain isilik! —eta, leunki, zapiaz estali zion ahoa.
Hark aurpegira eraman zuen eskua, baina ezin izan zuen ahoa askatu, besoa indarrik gabe belaunetara erori baitzitzaion. Baina, hala ere, marmarka jarraitzen zuen zapiaren azpitik:
— Sekula ez ditut kolpe hauek ahaztuko, nire kuttunak... Haren aurretik beste irakasle bat izan genuen, Titovitx estudiantea... ekonomia politikoa irakasten zigun... Gero, preso hartu zuten...
Amak Ivan beso artean hartu eta bere bularraren kontra bermatu zuen haren burua. Bat-batean mutikoa astunago bihurtu eta isilik geratu zen. Beldurrak airean, amak zeiharka begiratzen zuen bazter guztietara, iruditzen zitzaion edozein kantoiren atzetik poliziak agertuko zirela, Ivanen buru lotua ikusi, harrapatu eta bertan hilko zutela.
— Edanda dago? —galdetu zuen gurtzainak, bere eserlekuan jiraturik eta irribarre onbera osatuz.
— Bai, egundoko katua harrapatu du! —erantzun zuen amak, hasperen eginik.
— Semea?
— Bai, zapataria da. Eta ni sukaldaria...
— Bizimodu petrala. Bai horixe...
Zartailua zaldiaren gainetik astindu ondoren, gurtzaina atzera jiratu zen berriro eta ahots apalagoz jarraitu zuen:
— Entzun duzu? Oraintxe bertan borrokan ibili dira hilerrian! Antza, politikari bat lurperatzen ari ziren, agintarien aurka dauden horietako bat... gobernuarekin liskarretan aritzen diren horietakoa. Lurperatzen ari zirenak ere haren modukoak ziren, zera, adixkideak. Eta oihuka hasi dira: behera agintariak! Herria pobretzen omen dute. Polizia ostikoka hasi da! Diotenez, batzuk hil arte jo dituzte sableekin. Baina poliziek ere ederra hartu dute... —Isildu eta, arranguratsu burua kulunkatuz, ahots doinu bereziz jaregin zuen—: Hildakoak nekarazten dituzte, gorpuak esnatzen dituzte!
Zaldi-kotxea kirrinkaz zihoan harrietan jauzika, Ivanen buruak bigunki jotzen zuen amaren bularra, gurtzainak, trabes eserita, pentsakor murmurikatzen zuen:
— Jendea asaldaturik dabil, nahastea nagusitzen ari da lurrean, alafede! Bart jendarmeak etorri ziren gure auzokideen etxera, zerbaitetan aritu ziren hor goizaldera arte, eta goizean errementari bat preso hartu eta han eraman zuten. Diotenez, gauean errekara eraman eta bertan itoko dute. Eta errementaria tipo arrunta zen...
— Nola zuen izena? —galdetu zuen amak.
— Errementariak? Savel, eta ezizena Evtxenko. Gaztea zen oraindik, eta asko zekien. Inondik ere, debekatuta dago jakitea! Batzuetan gugana etorri eta zera esaten zigun: «Zer, gurtzainok, nolakoa da zuen bizimodua?», «Arrazoi duzu —esaten genion— zakurrak baino txartoago bizi gara».
— Gelditu! —esan zion amak.
Ivan konortera etorri eta intzirika hasi zen.
— Total egina dago mutikoa! —ohartarazi zuen gurtzainak—. Ah, hi, vodka, vodkatxoa...
Hankak nekez mugituz, gorputz osoa balantzaka, Ivan patiotik zihoan eta esaten zuen:
— Ez da ezer, ahal dut...
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda