X
Nikolaik larridura oihuz hartu zuen ama:
— Badakizu? Egor oso txarto dago, oso txarto! Ospitalera eraman dute, Liudmila izan da hemen, hara joateko eskatzen dizu...
— Ospitalera?
Mugimendu urduri batez betaurrekoak egokitu ondoren, Nikolaik, jaka janzten lagundu zion eta, haren eskua bere esku lehor, epelean estutuz, ahots dardaratiz esan zion:
— Bai! Hartu pakete hau. Konpondu duzue Vesovstxikovena?
— Ondo dago dena...
— Ni ere Egor ikustera joango naiz...
Nekearen poderioz amak jira-biraka zeukan burua, eta Nikolairen aldarte urduriak dramaren zantzu goibela sentiarazten zion.
«Hilzorian zegon» —pentsamendu ilunak sor jo zuen buruan.
Baina ospitaleko gela txiki, garbi eta argitsura iritsi eta Egor, burko zuriz inguraturik ohean eserita, doinu zakarrez barre algaraka ari zela ikusi zuenean, behingoan lasaitu zen. Irribarrez, atean gelditu zen gaixoak medikuari esaten ziona entzuten:
— Sendabidea erreforma duk...
— Ez esan pailazokeriarik, Egor! —egin zuen oihu medikuak kezkaturik, ahots zoliz.
— Baina ni iraultzailea nauk, gorrotatzen ditiat erreformak...
Medikuak, tentu handiz, Egorren eskua hartu eta belaunetan jarri zion, aulkitik altxatu eta, pentsakor bizarrari tiraka, gaixoaren aurpegiko andezak haztatzen hasi zen.
Amak ondo ezagutzen zuen medikua, Nikolairen lagunkiderik hurkoenetarikoa zen, Ivan Danilovitx zuen izena. Egorrengana hurbildu zen eta honek, harrera gisa, mihia erakutsi zion. Medikua jiratu egin zen.
— Ah, Nilovna! Kaixo! Zer daukazu eskuetan?
— Liburuak, inondik ere.
— Ezin du irakurri! —ohartarazi zion mediku txikiak.
— Honek ergel bihurtu nahi nau! —kexatu zen Egor.
Egorren bularretik korrokada latzez lagundutako hasperen labur, neketsuak ateratzen ziren, aurpegia izerdi tanta mehez beteta zeukan, eta, beso managaitz astunak astiro jasoz, eskubarrenaz bekokia xukatzen zuen. Masaila handituen zurruntasun ezohikoak aurpegi zabal onbera itxuragabetzen zion, hazpegiak zeharo ezabatuak ziren bizirik gabeko maskara baten azpian, eta soilik begiek, andezen artean sakon sarturik, argitsu begiratzen zuten, irriño barkaberaz irribarre eginez.
— Ai, zientzia! Nekatuta nagok, etzan naiteke? —galdetu zuen.
— Ez! —esan zuen medikuak laburki.
— Beno, etzango nauk alde egiten duanean...
— Zuk, Nilovna, ez utzi horrelakorik egiten! Ondo ipini burkoak. Eta, mesedez, ez hitz egin berarekin, kalte egiten dio...
Amak baiezka eragin zion buruari. Medikua urrats arin eta laburrez joan zen. Egorrek atzera bota zuen burua, begiak itxi eta geldirik geratu zen. Eskuetako hatzak besterik ez zuen mugitzen, hotsik atera gabe. Gela txikiko horma zuriei hotz lehorra eta atsekabe hitsa zerizkien. Leiho handian begira zeuden ezkien adaburu kirimilatuak. Hostotza ilun, hautsez betean argitsu dirdiratzen zuten orban horiak hastear zegoen udazkenaren lehen aztarnak ziren.
— Heriotza astiro hurbiltzen ari da nigana... gogo gabe... —zioen Egorrek, mugitzeke eta begiak ireki gabe—. Antza denez, pena pixka bat ematen diot, hain mutil jatorra nintzen eta...
— Isilik egon hadi, Egor Ivanovitx! —eskatu zion amak, eskua emeki laztanduz.
— Itxaron, laster isilduko naiz...
Arnasa hartu ezinik, hitzak nekez ebakiz, hizketan jarraitzen zuen, hitz jarioa ezintasunak eragindako pausa luzez eteten zuela:
— Gauza ederra da zu gurekin egotea, atsegingarria da zure aurpegia ikustea. Nolakoa izango da honen patua? galdetzen diot neure buruari. Tamalgarria da pentsatzea zuk, gainerako guztiek bezala, kartzela eta mota guztietako zerrikeriak dituzula zain. Ez zara kartzelaren beldur?
— Ez! —erantzun zuen amak sinpleki.
— Jakina, argi dago. Baina, hala ere, kartzela nazkagarria da, berak hondatu nau. Egia esateko, ez dut hil nahi...
«Agian, ez haiz oraindik hilko!» —esan nahi zion amak, baina aurpegira begiratu zion eta ez zuen ahoa zabaldu.
— Oraindik lan gehiago egin nezakeen... Baina ezin badut lanik egin, alferrikakoa da bizitzea, lelokeria hutsa da...
«Bidezkoa da, baina ez kontsolagarria!» —Andreiren hitzez gogoratu zen ama nahigabe, eta hasperen sakona egin zuen. Oso nekatuta zegoen egun horretako gorabeheren ondorioz, eta gose zen. Gaixoaren beti-bateko marmara motela, gela betez, ezinean lerratzen zen horma lauetatik. Leihoaz bestaldeko ezkien adaburuek behera jaitsitako hodeien antza zuten, eta ikaratzekoa zen haien belztasun tristea. Modu arraroan geldituz zihoan dena baretasun itzaltsu batean, gauaren espero etsian.
— Zein txarto nagoen! —esan zuen Egorrek eta, begiak itxita, isilik geratu zen.
— Lo egin ezak! —aholku eman zion amak—. Agian, hori duk onena.
Gero, gaixoaren arnasketa arretaz entzun, ingurura begiratu, tristura hotz batek estuturik apur batean mugitu gabe eserita egon, eta lo geratu zen.
Ate alboan egindako hots apal batek esnatu zuen. Hasperen egin eta Egorren begi irekiak ikusi zituen.
— Loak hartu naik, barkatu! —esan zuen ahapeka.
— Barka iezadan hik ere... —errepikatu zuen Nikolaik, berak ere ahapeka.
Arratseko iluntasuna leihoan begira zegoen, hotz uher batek begiak zapaltzen zituen, gandu antzeko batek biltzen zuen dena, ilunago zegoen gaixoaren aurpegia.
Liudmilaren xuxurla eta ahotsa entzun ziren:
— Ilunpetan eserita daude, marmarka! Non da hemen argiaren giltza?
Bat-batean argitasun zuri, ezatsegin batek bete zuen gela. Haren erdian zutik ageri zen Liudmila, burutik oinetara beltz, garai, tente.
Dardakada batek bortizki astindu zuen Egorren gorputza, bularrera eraman zuen eskua.
— Zer duzu? —oihu egin zuen Liudmilak, harengana lasterka hurbiltzeaz batera.
Egorren begiek finko begiratzen zioten aman, eta une hartan handiak eta bitxiki argitsuak ematen zuten.
Ahoa zabal-zabalik, burua jaso eta aurrerantz luzatu zuen besoa. Amak kontuz hartu zion eskua eta, arnasari eutsirik, aurpegira begiratu zion. Lepoa dardarazko mugimendu indartsu batek hartuta, burua atzera bota eta ozenki esan zuen:
— Ezin dut, nireak egin du!
Haren gorputza leunki dardaratu zen, burua indarrik gabe erori zitzaion besaburu baten aldera, eta begi zabal irekietan hits islatu zen ohe gainean pizturik zegoen lanpararen argia.
— Nire maite laztana! —marmaratu zuen amak.
Liudmila astiro aldendu zen ohetik, leiho alboan gelditu eta, aurreko nonbaitera so, Vlasovari ezezagun zitzaion ezohiko doinu ozenez esan zuen:
— Hil da...
Makurtu, ukondoak leihoaren hegalean jarri, eta bat-batean, buruan jo balute bezala, belauniko erori zen indarrik gabe, aurpegia eskuez estali eta isilean auhenka hasi zen.
Egorren beso astunak bularraren gainean uztartu eta buru bereziki astuna burkoan ondo kokatu ondoren, ama, malkoak xukatuz, Liudmilarengana hurbildu zen, haren aldamenean konkortu eta ile sarria emeki laztantzen hasi zitzaion. Emakumea astiro jiratu zen berarengana, haren begi mateak urrikalgarriro handituta zeuden, hanka gainean jarri eta ezpain dardaratiz xuxurlaka hasi zen:
— Elkarrekin bizi izan ginen erbestean, hara joan ginen, kartzeletan egon ginen... Batzuetan jasanezina, nazkagarria izaten zen, askok adorea galtzen zuten...
Negar zotin lehor, zoli batek estutu zion eztarria, baina nagusitu zitzaion eta, amaren aurpegira hurbilduta bere aurpegia —gaztetu egiten zuen sentimendu samur eta triste batek bigundua—, xuxurlaka mintzatzen jarraitu zuen agudo, malkorik gabe hipaka:
— Baina bera, nekaezin, alai zegoen beti, txantxetan, barrezka; kementsu ezkutatzen zuen bere sufrimendua... ahulei indar ematen saiatzen zen. Ona, sentibera, atsegina... Han, Siberian, zereginik ezak jendea zabartzen du, sarritan berpizten dira sentimendu gaiztoak; zein ondo zekien berak haien kontra borrokatzen!... Lagunkide ezin hobea zen; ezagutu bazenu! Latza, neketsua zen haren bizitza pribatua, baina inork ez zion kexu bat bera ere entzun, inork ez, inoiz ez! Ni haren adiskide mina nintzen, asko zor diot haren bihotzari; ahal izan zuen guztia eman zidan bere adimenetik, eta bakarrik, nekatuta egonik ere, inoiz ez zidan horren truke ez maitasunik, ez begirunerik eskatu...
Egorrengana hurbildu, makurtu eta, eskuan musuka, tristeziaz, ahots apalez mintzatu zitzaion:
— Lagunkidea, maitea, laztana, mila esker, mila esker bihotz-bihotzetik, agur! Lan egingo diat, hik bezala, nekatu gabe, ezbairik gabe, bizitza osoan! Agur!
Negar zotinek haren gorputza inarrosten zuten, eta, arnasa hartu ezinik, ohean ipini zuen burua Egorren oinen parean. Amak malko mardulak isurtzen zituen isilik. Zergatik jakin gabe, malkoei eusten ahalegintzen zen, Liudmila laztan berezi eta sendo batez laztantzeko gogoa zuen, Egorri buruz maitasunezko eta tristurazko hitzez mintzatzeko gogoa zuen. Malkoen artetik haren aurpegi hustuari begiratzen zion, bekain eroriek loguraz bezala erdi itxitako begiei, irribarre leunean zurrundutako ezpain ilunei. Isiltasunak eta argitasun goibel batek betetzen zuten gela...
Ivan Danilovitx sartu zen, betiko moduan, urrats presati eta laburrak eginez; sartu, bat-batean gelaren erdian gelditu eta, keinu azkar batez eskuak poltsikoetan sarturik, urduri eta ozenki galdetu zuen:
— Orain dela asko?
Ez zioten erantzun. Hanken gainean leunki balantzaka eta bekokia xukatuz, Egorrengana hurbildu zen, haren eskua estutu eta bazterrera aldendu zen.
— Ez da harritzekoa, zeukan bihotzarekin orain dela urte erdia gertatzekoa zen... gutxienez...
Haren ahots garaia, ezorduan ozena, bortxatuki lasaia, tupustean urratu zen. Bizkarra hormaren kontra bermaturik, atzamar azkarrez bihurritzen zuen kokospekoa eta, begiak sarritan kliskatuz, ohe alboko taldeari begiratzen zion.
— Beste bat! —esan zuen ahapeka.
Liudmila altxatu zen, leihora aldendu eta zabaldu egin zuen. Minutu batzuen buruan leiho ondoan zeuden hirurak, elkarrengana tinko estuturik, udazkeneko gauaren aurpegi itzaltsuari so. Zuhaitzen adaburu beltzen gainean ñirñir egiten zuten izarrek, zeruaren urruntasuna amaigabe areagotuz...
Liudmila amari besotik heldu eta isilean estutu zen beraren sorbaldaren kontra. Medikuak, burua zeharo makurturik, zapiaz igurzten zituen betaurrekoak. Leihoaz bestaldeko isiltasunean, nekaturik egiten zuen hasperen hiriaren arratseko zaratak, haize hotzak aurpegia jo eta buruko ileak mugitzen zituen. Liudmilak dardara egiten zuen, negar malko bat masailetatik behera irristatzen zitzaion. Ospitaleko korridorean hots motel, beldurtiak entzuten ziren, oin hots presatiak, intziriak, marmar tristeak. Hirurek, mugitzeke leiho alboan zutik zeudela, ilunpetara begiratzen zuten ezer esan gabe.
Amak sumatu zuen soberakoa zela han eta, besoa kontuz askaturik, Egorri buru-makurtua egin eta atera joan zen.
— Bazoaz? —galdetu zion medikuak, ahapeka eta begiratu gabe.
— Bai...
Kalean Liudmilaz pentsatu zuen, haren malko bakanez oroiturik:
«Negar egiten ere ez zekin...»
Egorren hil aurreko azken hitzek hasperen leuna eragin zioten. Kaletik poliki zihoala, gogoratzen zituen haren begi biziak, ateraldiak, bizitzari buruzko kontakizunak.
«Jende onarentzat zaila dun bizitzea, eta erraza hiltzea... Ni nola hilko naiz?»
Gero Liudmila eta medikua irudikatu zituen leiho alboan gela zuri, argitsuegian, Egorren begi hilak atzean, eta, jendearenganako erruki astun batek hartuta, barru-barrutik hasperen egin eta urratsa bizitu zuen, sentimendu zehaztugabe batek bultzatuta bezala.
«Arinago behar!» —pentsatzen zuen, barrutik bigunki bultza egiten zion indar goibel baina adoretsu bati men eginez.
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda