VIII
Natasha maistra sartu zen eskualdeko ehun fabrika batean, eta harrezkero Nilovnak liburuxka, orrixka eta egunkari debekatuak bidaltzen zizkion.
Geroztik hori izan zen amaren zeregina. Hilean zenbait bider, mojaz, farfail eta eskuz egindako oihal saltzailez, burges txiki dirudunez edo erromes alderraiz mozorrotuta, probintzian barrena ibili eta bidaiatzen zen zakua lepoan edo maleta eskuan. Bagoi eta baporeetan, hotel eta ostatuetan, nonahi zela ere, xumeki eta patxadaz jokatzen zuen, ezezagunekin bera izaten zen hizketan hasten lehena, beldurrik gabe bereganatzen zuen jendearen arreta bere hizkera gozo eta atsegina eta gauza asko ikusi dituen gizaki saiatuaren jokamolde segurua zirela medio.
Atsegin zuen jendearekin hitz egitea, atsegin zuen bizitzari buruz kontatzen zutena eta haien kexak eta zalantzak entzutea. Bihotzak bozkarioz gainez egiten zion norbaitengan haserre bizia sumatzen zuenean, patuaren zartakoen aurrean protesta egin eta buruan jadanik sortu zaizkion galderen erantzunak lehiatsu bilatzen dituen haserre mota hori alegia. Nilovnaren aurrean gero eta zabalago eta nabarrago hedatzen zen giza bizitzaren, gosea asetzeko borroka gordinean zegoen bizitza zalapartatsu eta urduriaren koadroa. Alde guztietatik, zantarki biluzik, lotsagabeki nabari, argi ageri zen gizakia engainatzeko grina, gizabanakoari lapurtzeko, norberak ahalik eta probetxurik handiena ateratzeko, odoi guztia hurrupatzeko joera. Eta ikusten zuen lurrean denetarik ugari zegoela baina herria behartsu, erdi gosetuta bizi zela ezin konta ahala ondasunez inguraturik. Hirietako tenpluak jainkoak behar ez zituen urrez eta zilarrez beterik zeuden, eta tenpluetako arkupeetan dardara egiten zuten eskaleek, norbaitek kobrezko txanpon xehe bat eskuan noiz utziko zien alferrik itxaroten. Berak lehenago ere ikusia zuen hori: batetik, eliza aberatsak eta popeen meza-jantzi urrez josiak; bestetik, herri pobrearen txabolak eta piltzar lotsagarriak. Lehen, berez hala behar zuela irizten zion, baina orain, aldiz, onartezina iruditzen zitzaion, eta iraingarria jende behartsuarentzat, zeinentzat —berak bazekien hori— eliza aberatsentzat baino hurbilagoa eta premiazkoagoa zen.
Kristo irudikatzen zuten estanpetatik, hari buruzko istorioetatik, berak bazekien pobreen laguna zena, xumetasunez janzten zena. Baina elizan —kontsolamendu bila behartsuek harengana jotzen zuten tokian alegia— txiroen begien bistan nazkaz xuxurla egiten zuen zetaren eta urrearen artean lotsagabeki harrapatuta ikusten zuen. Eta Ribinen hitzez gogoratzen zen nahigabe:
«Jainkoarekin ere iruzur egin digute!»
Konturatu gabe, gero eta otoitz gutxiago egiten zuen, baina gero eta sarriagotan pentsatzen zuen bai Kristoz, bai haren izena aipatu gabe, haren berririk ere izango ez balu bezala, bere iritziz haren dotrinaren arabera bizi zen eta, Jesukristok bezala, lurra pobreen erresumatzat hartu eta, lurreko ondasunak munduko biztanle guztien artean hainbanatu nahi zuen jendeaz. Askotan pentsatzen zuen horretaz, eta pentsamendu hori gero eta sakonago haziz zihoakion ariman, ikusten zuen guztia, entzuten zuen guztia bilduz; haziz zihoan, mundu iluna, bizitza osoa eta jende guztia su bakarrez argitzen zituen otoitz baten itxura garbia hartuz. Eta iruditzen zitzaion ezen Kristo bera —beti maitasun zehaztugabez, beldurra eta itxaropena, samurtasuna eta atsekabea elkarrekin estu loturik zituen sentimendu korapilatsu batez maite izan zuen Kristo hori— hurbilago zuela orain, ordurako bestelakoa zela, goikoagoa eta ikusgarriagoa. Haren aurpegia argitsuagoa eta alaitsuagoa zen, bizitzara benetan birsortu balitz bezala, jendeak beragatik baina, ahalkor, gizakien lagun dohakabearen izena aldarrikatu gabe eskuzabalka isuria zuen odol beroak garbiturik eta bizturik. Bidaietatik Nikolairengana itzultzen zenean, bidean ikusi eta entzun zuenak biziki narritaturik etortzen zen, adoretsu eta lana bete izanak pozturik.
— Ondo dago leku guztietatik bidaiatzea eta gauza asko ikustea! —esan ohi zion Nikolairi arratsetan—. Bizitza nola eratzen den ulertzen duzu. Herria arbuiatu eta bizitzaren bazterrera botatzen dute, eta hor ari da irakitan, mindurik, baina nahi eta nahi ez, pentsatzen du: zergatik? Zer dela-eta baztertzen naute? Zergatik naiz gose, denetarik ugari izanik? Eta ni zergatik naiz leloa eta ezikasia, alde guztietatik hain jakituria handia egonik? Eta non dago hura, ez aberatsik ez pobrerik bereizten ez duen hura, bihotzean denak semetzat hartzen dituen jainko onbera? Apurka-apurka herria bere bizimoduaren kontra matxinatzen da, sumatzen du gezurrak ito egingo duela bere buruaz pentsatzen ez badu!
Eta, gero eta sarriagotan, jendeari bizitzaren bidegabekeriei buruz bere hitzez mintzatzeko premia bizia sentitzen zuen; batzuetan, zail zitzaion irrika hori menperatzen...
Nikolaik, irudien gainera makurturik ustekabean harrapatzen zuenetan, irribarrez, gauza liluragarriren bat kontatzen zion beti. Amak, gizakien jomugen ausardiak harriturik, sinesgogor galdetzen zion:
— Baina posible ote da hori?
Eta hark, jo eta ke, bere iragarpenen egiatasunaren aldeko ziurtasun sendoz, betaurrekoen atzetik amari begi onberez so eginez, etorkizunari buruzko ipuinak kontatzen zizkion:
— Gizakiaren nahiek ez dute mugarik, agortezina da haien indarra! Baina, hala ere, munduak oraindik oso astiro aberasten du izpiritua, zeren egun norberak, bere burua menpetasunetik askatu nahirik, dirua pilatzera behartuta baitago, eta ez jakinduria! Baina jendeak zikoizkeria hiltzen duenean, bere burua lan bortxatuaren kateetatik askatzen duenean...
Amak gutxitan atzematen zuen haren hitzen esanahia, baina haiek eragiten zituen fede barea, aldiz, gero eta ulergarriagoa zitzaion.
— Munduan gutxiegi dira askeak, horra hor zoritxarra! —esan ohi zuen Nikolaik.
Hori bai ulertzen zuen: beren burua zikoizkeriatik eta makurkeriatik askatua zuten pertsonak ezagutzen zituen, eta horrelako jendea ugariagoa balitz, bizitzaren aurpegi ilun, izugarria atseginagoa, eta xumeagoa, hobea eta argitsuagoa bilakatuko litzateke.
— Gizakiak, nahigabe ere, krudela izan behar du! —esaten zuen Nikolaik tristuraz.
Amak baiezka eragiten zion buruari, jojolaren hitzak gogoan zituela.
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda