VII
Nilovnaren bizitza bitxiki lasaia zen. Eta lasaitasun horrek harritu egiten zuen batzuetan. Semea kartzelan zegoen, bazekien zigor latza ezarriko ziotena, baina berataz pentsatzen zuen bakoitzean, oroimenak, nahiezik, aurrera ekartzen zion Andreiren, Fediaren, eta beste hainbaten aurpegien lerrokada luzea. Semearen irudia, patukide zuen jende guztia bereganaturik, ikaragarri hazten zen amaren begi aurrean, kontenplazio sentimendua eragiten zion, nahigabe eta ohartzeke Paveli buruzko gogoetak zabalduz eta alderik alde hedatuz. Bazter guztietatik barreiatzen ziren, izpi mehe ezberdinak bailiran, dena ukitzen zuten, dena argitu eta koadro bakar batean biltzen saiatzen ziren, eta ezein zertzelada bakartu eta bertan gelditzea eragozten zioten amari, semearenganako tristura eta beldurra hutsarterik gabe zedarritzea galarazten zioten.
Sofiak laster alde egin zuen norabait, bost bat egun geroago agertu zen, alai eta adorez beterik; handik ordu batzuetara berriro desagertu eta bi asteren buruan itzuli zen. Bazirudien hegaz ibiltzen zela bizitzaren gainean, itzulbira zabaletan; eta noizean behin nebarengana inguratzen zen puska batez, haren etxebizitza bere kemenaz eta musikaz betetzeko.
Ordurako amak atsegin zuen musika. Entzutean, uhin epelak bularraren kontra jo eta bihotz barreneraino isurtzen zitzaizkiola sentitzen zuen; taupadak neurritsuagoak ziren eta, aleak lur oparo hezetuan eta sakon goldatuan bezala, pentsamendu sortak bizkor eta adorez hazten ziren bihotz barrean, gozo eta eder loratzen ziren hitzak, soinuen indarrak ernaldurik.
Amak nekez eramaten zuen Sofiaren arduragabekeria: leku guztietatik sakabanatuta uzten zituen bere gauzak, zigarrokinak, errautsa; eta are nekezagoa zitzaion haren hizkera harroxkora ohitzea. Hori guztia nabariegia zen Nikolairen fermutasun lasaiaren aldean, haren hitzetan beti sumatzen zen zentzutasun samurraren aldean. Heldua delako itxurak egiten saiatzen den baina jendea jostailu bitxitzat jotzen duen nerabearen antza hartzen zion amak. Lanaren santutasunari buruz hitz egiten zuen sarritan, baina bere arduragabekeria zela medio burugabeki areagotzen zuen amaren lana; askatasunaz hitz egin ohi zuen, baina, amak nabarmen zekusanez, denak estutzen zituen bere setakeria zakarraz eta etengabeko eztabaidez. Kontraesanez josita zegoen, eta amak, hori ikusirik, kontu handiz jokatzen zuen berarekin, atezuan beti, zelatan eta arretatsu, Nikolaik bihotzean sortzen zion epeltasun iraunkor hori gabe.
Nikolaik, beti kezkaturik, bizimodu eratsua zeraman, berdin antzekoa egunetik egunera: goizeko zortzietan tea hartzen zuen eta, egunkaria irakurtzeaz batera, albisteen berri ematen zion amari. Hura entzutean, amak ezin argiago ikusten zuen nola bizitzaren makina astunak jendea gupidarik gabe birrindu eta diru bihurtzen zuen. Amak Andreiren nolabaiteko antza sumatzen zuen harengan. Jojolak bezala, arrangurarik gabe hitz egiten zuen jendeari buruz, denak bizitzaren antolaketa okerraren erruduntzat harturik, baina bizitza berriari buruzko fedea ez zen Andreirena bezain sutsua, ezta hain argia ere. Patxadaz hitz egiten zuen beti, epaile onestu eta zorrotz baten doinuaz, eta —baita gauza ikaragarriez mintzatzen zenean ere— errukizko irribarre gozoa erakusten zuen, baina begiek hotz eta irmoki distiratzen zuten. Begietako leinuru hori ikusirik, amak ulertzen zuen gizon horrek ez zuela ezer ez inor barkatzen —ezin barka zezakeen—, eta, irmotasun horrek latza izan behar zuela sumaturik, erruki zuen. Eta gero eta gustatzenago zitzaion.
Bederatzietan lanera joaten zen; amak gelak garbitu, bazkaria prestatu, bere burua txukundu, soineko garbia jantzi eta, bere gelan eserita, liburuetako irudiei begiratzen zien. Ordurako bazekien irakurtzen, baina ahalegin handiak egin behar izaten zituen eta, irakurtzen zuenean, berehala nekatzen zen eta hitzen arteko loturak ulertzeko ahalmena galtzen zuen. Baina, umeei bezalaxe, biziki gustatzen zitzaion irudiak ikustea: irudiek mundu ulergarri bat zabaltzen zioten aurrez aurre, ia ukigarria, berria eta miragarria. Hiri ikaragarri handiak azaltzen ziren, eraikin ederrak, makinak, itsasontziak, monumentuak, gizakiak sortutako ondasun kontaezinak, eta naturaren era askotako egintza liluragarriak. Bizitza amaierarik gabe hedatzen zen, egunero handi, misteriotsu, miragarri zabaltzen zen amaren begien aurrean; gero eta indar handiagoz, emakumearen arima goseti eta ernea kilikatzen zuen bere aberastasun joriaz, bere edertasun mugaezinaz. Batez ere, zoologi atlaseko irudi-orri handiak zituen gogoko, eta liburua hizkuntza arrotz batean idatzita bazegoen ere, ezin argiago erakusten zizkion lurraren edertasuna, aberastasuna eta mugagabetasuna.
— Oso handia da lurra! —esan ohi zion Nikolair.
Ororen gainetik, intsektuek eragiten zioten zirrararik handiena, eta batez ere tximeletek; liluraturik so egiten zien haiek irudikatzen zituzten marrazkiei, eta bere hausnarketak adierazten zituen:
— Hau bai edertasuna, Nikolai Ivanovitx, ezta? Eta honelako edertasun ugaria dago leku guztietan, baina hori guztia ezkutukoa da guretzat, eta parean hegaz igaro arren, ez dugu ikusten. Jendea hara eta hona dabil, ez daki ezer, ezin du ezer miretsi, ez du ez astirik ez gogorik horretarako. A zer-nolako pozaldiak hartuko lituzkeen, lurra zein aberatsa den, bertan zenbat gauza harrigarri diren jakingo balu. Eta dena denentzat da, dena bat da, bai?
— Halaxe da! —esaten zuen Nikolaik irribarrez. Eta irudiekiko liburu gehiago ekartzen zituen.
Arratsaldean, sarritan, lagunak biltzen ziren haren etxean: Aleksei Vasilievitx etorri ohi zen, aurpegi zurbileko eta bizar beltzeko gizon polita, serioa eta isila; Roman Petrovitx, aurpegi bikortsu eta buru biribilekoa, ezpainak etengabe arranguraz klaskatzen zituena; Ivan Danilovitx, argala eta txikia, kokospeko zorrotz eta ahots zoliarekikoa, kitzikaria, karrankaria, eztenkaria, ziri baten antzekoa; Egor, bere buruaren, lagunkideen eta bere gaixotasun gero eta larriagoaren kontura beti txantxetan aritzen zena. Beste pertsona batzuk ere agertzen ziren, hiri urrunetatik etorriak. Nikolaik ahapekako solasaldi luzeak izaten zituen guztiekin, gai bati buruzkoak beti: munduko langileria. Eztabaidatu egiten ziren, eta berotu, eskuei eraginka. Te asko edaten zuten. Batzuetan, Nikolaik, solasaren marmar hotsa lagun zuela, agiriren bat idazten zuen isilik, gero lagunkideei irakurtzen zien, eta hantxe bertan moldezko letretan apailatzen zuten; amak zirriborro-orri urratuen zatitxoak arreta handiz jaso eta erre egiten zituen.
Tea zerbitzatzen zuen bitartean, harriturik entzuten zuen zein gartsuki hitz egiten zuten langileen bizitzari eta patuari buruz, haien artean egiaren aldeko ideiak ereiteko eta haien gogoa suspertzeko biderik arinenari eta egokienari buruz. Sarri askotan, haserre, ez ziren ados jartzen, hau edo bestea zela-eta kargu hartzen zioten elkarri eta, minduta, eztabaidari ekiten zioten berriro.
Amak sumatzen zuen berak jende horrek baino hobeto ezagutzen zuela langileen bizitza, iruditzen zitzaion berak haiek baino argiago ikusten zuela lepo gainean hartua zuten zereginaren neurrigabetasuna; eta horrek eskubide ematen zion harreman horrek gordetzen duen drama ulertu gabe jolasean aitarena eta amarena egiten duten umeen aurrean helduak erakusten duen sentimendu barkabera eta nolabait tristeaz jokatzeko haiekin guztiekin. Nahigabe, semearen eta Andreiren hitzekin alderatzen zituen haien esanak, eta, alderatuaz, hasieran ezin uler zezakeen ezberdintasuna antzematen zuen. Batzuetan iruditzen zitzaion auzoan baino ozenago oihukatzen zutela hor, eta honela azaltzen zion hori bere buruari:
«Gehiago zekiten, horregatik hitz egiten diten ozenago...»
Baina sarri aski iruditzen zitzaion ezen, itxuraz, gizon haiek berariaz kitzikatzen zutela elkar, nabarmen geratzeko berotzen zirela; haietariko bakoitzak egia berak beste inork baino maiteago eta kuttunago zuela erakutsi nahi zien lagunkideei, gainerakoek iraintzat hartzen zuten hori eta, txanda hartuta, egiaren aldeko maitasuna frogatzeari ekiten zioten, eta eztabaida bizi eta zakarrak pizten ziren. Norberak besteek baino gorago jauzi egin nahi zuela iruditzen zitzaion amari, eta horrek tristura urduria sortzen zion. Bekaina mugitzen zuen eta, guztiei begi erregutzailez so eginez, pentsatzen zuen:
«Pavelez ahaztu ditun, lagunkideaz...»
Eztabaidak beti arreta handiz entzuten zituen arren, ez zituen ulertzen, jakina, eta sentimenduak bilatzen zituen hitzen azpian, eta honakoa ikusten zuen: auzoan ongiari buruz hitz egiten zutenean, gauza bakun eta trinkotzat hartzen zuten; hemen, aldiz, puska txikitan zatikatu eta xehatzen zuten dena; han sentimenduak sakonagoak eta indartsuagoak ziren, hemen dena zatitxotan txikitzen zuen pentsaera zorrotza zen nagusi. Hemen, batik bat, zaharra suntsitzeaz hitz egiten zuten; han, ordea, berriarekin amets egiten zuten. Horregatik, semearen eta Andreiren hitzei hurbilago, ulergarriago irizten zien...
Ohartzen zen nola, Nikolairen etxera langileren bat etortzen zenean, etxeko nagusiak ohi ez bezalako ozartasunaz jokatzen zuen, haren aurpegian halako gozotasun bat agertzen zen, eta ez zuen beti bezala hitz egiten, zakartasun eta laxotasun handiagoz baizik.
«Haiek uler dezaten saiatzen dun!» —pentsatzen zuen amak.
Baina horrek ez zion barrena arintzen, eta konturatzen zen langile bisitaria ere kikildu egiten zela, barrutik lotuta balego bezala, eta ezin zuela Nikolairekin hitz egin berarekin, emakume xume batekin hitz egiten zuen bezain aise eta eroso. Behinola, Nikolai irten zelarik, gazte bati ohartarazi zion:
— Zergatik hago urduri? Hara, ez haiz mutiko bat azterketa batean...
Hark irribarre zabala egin zuen.
— Ohiturarik eza dela-eta baita karramarroa bera ere gorritu egingo litzateke... dena den, ez da gu bezalakoa...
Batzuetan Sashenka etortzen zen, ez zen inoiz luzaro geratzen, gauza praktikoez mintzatzen zen beti, barrerik egin gabe, eta bisitaldi bakoitzean, alde egiterakoan, amari galdetzen zion:
— Zer, Pavel Mikhailovitx osasuntsu dago?
— Jainkoari eskerrak! —esaten zion amak—. Ondo dago, pozik!
— Eman goraintziak! —eskatzen zion neskak, eta desagertzen zen.
Noizean behin ama kexatu egiten zitzaion semeak denbora luzea zeramala kartzelan eta epaiketaren berririk ez zegoela. Sashenkak bekozko iluna jarri eta ez zuen ezer esaten, baina haren atzamarrak agudo mugitzen ziren.
Nilovnak hala esateko gogoa nabaritzen zuen:
«Nire laztana, nik bazekinat maite dunala...»
Baina ez zen ausartzen, neskaren aurpegi zurrunak, tinko itxitako ezpainek eta hitz egitean erabiltzen zuen doinu eragile lehorrak aldez aurretik muzin egiten zioten samurtasunari. Amak, hasperenka, hitzik esan gabe estutzen zuen hark luzatzen zion eskua, eta pentsatzen zuen:
«Ai, ene dohakabea...»
Behin batean, Natasha etorri zen. Biziki poztu zen ama ikustean, musuz josi zuen eta, beste hainbat gauzaren artean, bestela bezala eta ahapeka jakinarazi zion:
— Ama hil zait, hil egin da, gajoa!
Burua astindu, eskuaren mugimendu azkar batez begiak xukatu, eta hizketan jarraitu zuen:
— Pena ematen dit, artean berrogeita hamar urte bete gabea zen, luzaz bizi zitekeen oraindik. Baina beste aldetik begiratuta, zera pentsatzen dut: heriotza, segur aski, bizitza hau baino gozoagoa izango da berarentzat. Beti bakarrik, arrotz denentzat, haren beharrik ez inork, nire aitaren garrasiek izututa; bizi al zen akaso? Bizitzea zerbait ona espero izatea da, baina berak ez zuen ezer espero, irainak izan ezik...
— Arrazoi duzu, Natasha! —esan zuen amak, une batez hausnartu ondoren—. Bizitzea zerbait ona espero izatea da, baina ez baduzu ezer espero, nolako bizitza da hori? —eta neskaren eskua maitekiro laztanduz, galdetu zion—: Orain bakarrik gelditu zara?
— Bakar-bakarrik! —erantzun zuen Natashak leunki.
Ama isilik geratu zen eta, bat-batean, irribarrez ohartarazi zion:
— Berdin dio! Jende ona ez da bakarrik bizi, hamaika lagun inguratzen zaizkio...
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda