VI

 

        Itzuli ziren bikegileak, pozik lansaioa amaitua zutelako.

        Haien ahotsek esnaturik, ama txabolatik irten zen, ahozabalka eta irribarrez.

        — Zuek lanean eta ni, berriz, handi-mandi baten antzera, lo! —esan zuen, begi samurrez denak biltzen zituela.

        — Hi barkatuta hago! —arrapostu zuen Ribinek. Lasaiago zegoen, nekeak soberako narritadura iraungia zion.

        — Ignat —esan zuen—, prestatu tea! Txandaka egiten ditugu etxeko lanak, gaur Ignatik emango digu jaten eta edaten!

        — Nik edonori utziko nioke nire txanda! —ohartarazi zuen Ignatek, eta sua egiteko ezpal eta abartxoak batzen hasi zen, belarria erne.

        — Guztioi interesatzen zaizkigu bisitariak! —esan zuen Efimek, Sofiarengandik hurbil esertzeaz batera.

        — Nik lagunduko diat, Ignat! —esan zuen Jakovek ahapeka, txabolarantz abiatzeaz batera. Ogi ale bat ekarri zuen handik, xerratan zatitu eta mahaian banatzen hasi zen.

        — Entzun! —esan zuen Efimek ahapeka—. Eztula...

        Ribinek belarria erne jarri eta, buruaz baiezka, esan zuen:

        — Bai, badator...

        Eta, Sofiari zuzenduz, azaldu zion:

        — Orain lekuko bat etorriko da. Nik herriz herri eramango nuke, plazetan erakutsiko nuke, herriak entzun diezaion. Gauza berbera esaten du beti, baina mundu guztiak entzun beharra du...

        Isiltasuna eta ilunpea gero eta sakonagoak ziren, jendearen ahotsak gozoago entzuten ziren. Sofia eta ama mujikei beha zeuden: astiro eta astunki mugitzen ziren, halako zuhurtasun berezi batek hartuta bezala, eta haiek ere emakumeak zelatatzen zituzten.

        Basotik gizon garai konkortu bat atera zen soilgunera, astiro zebilen, makila baten gainean tinko bermaturik, eta entzun zitekeen haren arnasketa erlatsa.

        — Hemen nago! —esan zuen, eta eztulka hasi zen.

        Orpoetaraino iristen zitzaion beroki luze maraztuaz jantzita zetorren; ile zimel horixkak, xerlo mehatzetan, indarge erortzen ziren kapela biribil, zimurtutik behera. Kokospeko ile-argia zuen aurpegi hezurtsu horian, ahoa hertsi-irekita, begiak kopetaren azpian sakon sarturik, zulo ilunen sakonetik sukarrez dirdirka.

        Ribinek Sofia aurkeztutakoan, hala esan zion:

        — Entzun dudanez, liburuak ekarri dituzu!

        — Bai, ekarri ditut.

        — Eskerrik asko... herriaren izenean! Bera oraindik ez da gauza egia bere kabuz ulertzeko... horregatik nik, dagoeneko ulertu dudanez, eskerrak ematen dizkizut... haren izenean.

        Agudo arnasten zuen, airea arnasaldi laburretan antsiaz barneratuz. Haren ahotsa tarteka eteten zen, bularretik eramaten zituen esku ahuletako hatz hezurtsuak, berokiaren botoiak lotzen ahaleginduz.

        — Zuretzat kaltegarria da honen berandu basoan izatea. Alertze basoa hezea eta itogarria da! —ohartarazi zion Sofiak.

        — Niretzat jadanik ezer ez da onuragarria! —erantzun zuen arnasestuka—. Soilik heriotza izango zait onuragarri...

        Penagarria zen haren ahotsa entzutea, eta haren irudiak, oro har, bere ezintasunaz jabetzen den eta haserre goibela pizten duen premiagabeko gupida mota hori sortarazten zuen. Upel bati kontra kukubilko jarri zen, belaunak kontu handiz tolestuz, hankak haustearen beldur balitz bezala, eta bekoki izerditsua xukatu zuen. Haren ilea lehorra zen, hila.

        Sua pindarka hasi zen, haren inguruan zirgit egin zuen denak, dardarak hartuta; itzal gardostuek basora jo zuten ikaraz, eta suaren gainean Ignaten masaila guriekiko aurpegia agertu zen une batez. Itzali zen sua. Ke usaina zabaltzen hasi zen, isiltasuna eta ilunpea berriro jabetu ziren basoko soilguneaz, erne eta gaixoaren hitz erlatsei adi.

        — Baina herriari onuraren bat ekarri ahal diot oraindik krimen baten lekuko gisa... Hara, so egidazue... hogeita zortzi urte ditut, eta hilzorian nago! Baina orain dela hamar urte hogei pudeko zamak jaso ahal nituen lepo gainera, aise, batere nekerik gabe! Osasun honekin, pentsatzen nuen, hirurogeita hamar urtera iritsiko naiz inolako arazorik gabe. Bada, barrez geroztik hamar igaro dira, eta gehiagorik ezin bizi. Nagusiek lapurreta egin didate, bizitzako berrogei une kendu didate, berrogei urte!

        — Horra hor haren kanta! —esan zuen Ribinek lazki.

        Berriro piztu zen sua, baina indar handiagoz, argitsuago. Itzalak ostera lerratu ziren basora, behingoan atzera itzuli eta dardarka hasi ziren suaren inguruan, dantzaldi isil eta makur bati loturik. Adar hezetsuak pindarka eta intzirika erretzen ziren sugarretan. Zuhaitzetako hostoak txutxu-mutxuka eta fir-firan ari ziren, haize bolada beroek eraginik. Su lama alai biziak jolasean zebiltzan, elkar besarkatuz; gorantz altxatzen ziren, hori eta gorri, txinpartak barreiatuz. Hosto bat hegaz zihoan suak harturik, zeruko izarrek irribarre egiten zieten txinpartei, keinuka dei eginez.

        — Hori ez da nire kanta, milaka lagunek kantatzen dute, beren bizimodu zorigaiztokoa herriarentzat ikasbide osasungarria dela ulertu gabe. Zenbat elbarri hiltzen den isilik, lanak oinazeturik, goseak jota... —Eztulka hasi zen, makurka, ikaraz.

        Jakovek pegar bete kvas ipini zuen mahai gainean, tipula-korda bat bota eta gaixoari esan zion:

        — Etorri, Saveli, esnea ekarri diat...

        Savelik ezetz esan zuen buruaz, baina Jakovek galtzarbetik heldu zion, hanka gainean jarri eta mahaira eraman zuen.

        — Aizu —esan zion ahopetik Sofiak Ribini, errieta eginez—, zergatik esan diozu hona etortzeko? Edozein unetan hil daiteke...

        — Baliteke! —bat etorri zen Ribin—. Baina bitartean, hitz egin dezala. Huskerietan alferrikaldu du bizitza, bada euts diezaiola oraindik apur batean jendearen onerako. Berdin dio! Bai horixe.

        — Badirudi atsegin-edo hartzen duzula! —egin zuen oihu Sofiak.

        Ribinek begiratu eta gogoilun erantzun zion:

        — Jaunek bai hartzen dutela atsegin Kristo gurutzean auhenka ikusirik, guk gizakiarengandik ikasten dugu eta gustatuko litzaiguke zuek ere zertxobait ikastea...

        Amak, beldurrez, bekaina goratu eta esan zion:

        — Nahikoa duk, hi!

        Mahai alboan eserita, gaixoa hizketan hasi zen berriro:

        — Jendea suntsitzen dute lanaren bidez, zergatik? Bizitza lapurtzen diote gizakiari, zergatik? diot nik. Gure nagusiak —nik Nefevoden fabrikan galdu dut bizitza—, gure nagusiak garbiketarako urrezko ontziteria oparitu zion kantari bati, pixontzia bera ere urrezkoa zen! Pixontzi horretan nire indarra zegoen, nire bizitza! Horra zertarako balio izan duen, gizon horrek lan eta lan egitera behartuz hil nau, zertarako eta nire odolaz bere maitaleari poz emateko, urrezko pixontzi hura nire odolaz erosi zion!

        — Gizakia jainkoaren irudira sortua da —esan zuen Efimek, irribarre maltzurrez—, eta begira zertarako erabiltzen duten...

        — Eta hori ez da isilean gorde behar! —egin zuen oihu Ribinek, esku ahurraz mahaia jo ondoren.

        — Ez da jasan behar! —gaineratu zuen Jakovek.

        Ignatek irribarre iluna egin zuen.

        Ama ohartu zen hiru mutilek arima gosetiaren arreta aseezinaz entzuten zutela, eta Ribin mintzatzen zen bakoitzean begi arakatzailez begiratzen ziotela aurpegira. Saveliren hitzek trufazko irribarre zorrotz eta bitxiak agertarazten zituzten haien aurpegietan. Ez zitzaien gaixoarenganako gupidarik antzematen.

        Sofiarengana makurturik, amak ahopetik galdetu zion:

        — Egia ote da honek esan duena?

        Sofiak ozenki erantzun zion:

        — Bai, egia da! Egunkarietan opari horri buruz idatzi zuten, Moskun gertatu zen...

        — Eta ez zuen inolako zigorrik jaso! —esan zuen Ribinek doinu latzez—. Eta zigortu beharra zegoen, herriaren aurrera ekarri, puskatan txikitu eta haragi nazkagarri hori zakurrei bota. Herriak zigor izugarriak ezarriko ditu altxatzen denean. Odol asko isuraraziko du jasan dituen irainak garbitzeko. Odol hori herriaren odola da, zainetatik atera diote, bera da haren jabea.

        — Hotz naiz! —esan zuen gaixoak.

        Jakovek zutitzen lagundu eta su ondora hurbildu zuen.

        Sua bizi-bizirik zegoen, eta itzal aurpegigabeak dardarka ari ziren haren inguruan, liluraturik sugarren jolas alaiari so. Saveli enbor baten gainean eseri zen eta sugarretara luzatu zituen esku garden iharrak. Ribinek buruaz seinalatu eta Sofiari esan zion:

        — Hau liburuak baino gordinagoa da! Makinak beso bat erauzi edo langilea hiltzen duenean, azalpena ematen dute: langilea bera izan da erruduna! Baina gizakiari odola hurrupatu, eta gero, sarraski bat balitz bezala, bazterrera botatzen dutenean, ez da inolako azalpenik izaten. Nik edozein hilketa ulertzen dut, baina tortura, jolas gisa egina gainera, ez dut ulertzen! Zergatik torturatzen dute jendea? Zergatik oinazetzen gaituzte gu guztiok? Dibertitzeko, atsegin hartzeagatik, lurrean alaitsuago bizitzearren, odolaz dena erosi ahal izateko: zaldiak, zilarrezko ganibetak, urrezko ontziak kantariarentzat, jostailu garestiak umeentzat. Hik lan egin ezak, lan gehiago egin ezak, eta nik hire lanari esker dirua metaka bilduko diat eta urrezko txizontzia oparituko zioat maitaleari.

        Amak entzun eta begiratu egiten zion, eta berriro ere, ilunpean ñirñir, zerrenda argitsu baten antzera, Pavelen eta harekin batera zihoazen guztien bidea agertu zitzaion aurrean.

        Afaldu ondoren, suaren inguruan jarri ziren denak. Aurrean, sugarrek bizkor erretzen zuten egurra, atzean iluntasuna hedatzen zen, basoa eta zerua harturik. Gaixoak, begiak zabal-zabalik, suari begiratzen zion, etengabe eztulka, goitik behera dardarka, bazirudien biziaren hondarrak haren bularretik askatzeko irrikaz zeudela, senperrenak egiten zituztela gaitzak pipiatutako gorputz hori uzteko. Sugarren izpiek dardara egiten zuten haren aurpegian, azal hila berpiztu gabe baina. Gaixoaren begietan soilik, ñirñir egiten zuen su motel batek.

        — Agian, txabolara joan nahi duk, Saveli? —galdetu zion Jakovek, gainera makurturik.

        — Zertarako? —erantzun zuen nekez—. Hemen eserita geratuko naiz, denbora gutxi geratzen zait jendearekin egoteko!

        Guztiei begiratu zien eta, isilune baten ondoren, erdi irribarre egin eta hizketan jarraitu zuen:

        — Ni gustura nago zuekin. Begiratu eta zera pentsatzen dut: agian, hauek mendekatuko dituzte gabetuak, zikoizkeriak hildako herria...

        Ez zioten erantzun, eta handik gutxira lo geratu zen, burua indarrik gabe bularrera erorita. Ribinek begiratu zion eta ahapeka mintzatu zen:

        — Guregana etorri ohi da, eseri eta gauza bera kontatzen digu beti: gizakiari egindako iseka hori alegia. Horretan jarria du bere gogo guztia, badirudi horrekin begiak atera dizkiotela eta geroztik ez duela besterik ikusten.

        — Eta zer gehiago behar da gero? —esan zuen amak pentsakor—. Egunetik egunera milaka pertsonak bizitza lanean uzten badu, nagusiek dirua huskeriatan xahutzerik izan dezaten; zer nahi duzu gero?

        — Aspergarria da hori entzutea! —esan zuen Ignatek ahapeka—. Hori behin entzunez gero, ez zaizu inoiz ahaztuko, baina honek gauza bera kontatzen du beti!

        — Horretan bilduta dago dena..., bizitza osoa, ulertu beharra dago hori! —ohartarazi zuen Ribinek, gogoilun—. Nik hamaika aldiz entzuna dut haren patuaren berri eta, hala ere, batzuetan duda egiten dut. Izaten dira ordu onak, zeinetan ez baituzu gizakiaren makurkerian, haren erokerian sinetsi nahi... horrelakoetan guztien erruki izaten zara, aberatsen zein pobreen erruki... aberatsek ere bidea galtzen dute! Batzuk goseak amorratuta daude, beste batzuk urreak itsututa. Baina, gizakiak dira, pentsatzen duzu, anaiak dira! Esna zaitezte, zintzotasunez pentsatu, pentsa ezazue, ez izan zeuen buruaren erruki, pentsa ezazue!

        Gaixoak zabu egin zuen, begiak zabaldu eta lurrean etzan zen. Jakov zaratarik gabe altxatu eta txabolara joan zen, larru-zamarra bat ekarri zuen handik, lehengusuari gainetik bota eta berriro eseri zen Sofiaren alboan.

        Suaren aurpegi gorrixkak, erronkari irribarre eginez, beraren ingurura bildutako irudi ilunak argitzen zituen, eta jendearen ahotsak pentsakor lerratzen ziren su lamak zirtaka eta xuxurlaka ari ziren tokira.

        Sofiak bizitzeko eskubidearen alde mundu osoan herriak aurrera zeraman borroka hartua zuen hizpide: Alemaniako nekazarien antzinako batailak, irlandarren ezbeharrak, askatasunaren aldeko borrokaldi ugarietan Frantziako langileriak lortutako garaipen handiak...

        Gauaren belusezko jantziak bildutako basoan, zeru ilunaren azpian zuhaitzek babestutako agerrune txikian, suaren aurrean, itzal harrituek etsaitasunez osatzen zuten biribilaren erdian, berpiztu egiten ziren aseen eta gutiziatsuen mundua inarrosia zuten gertakariak, bata bestearen atzetik igarotzen ziren munduko herriak, odola zeriela, batailek unaturik, gogora ekartzen ziren askatasunaren eta justiziaren aldeko borrokalarien izenak.

        Patxadatsu entzuten zen emakumearen ahots apur bat zakarra. Iraganetik etorriko balitz bezala, itxaropena piztu eta segurtasuna ematen zuen, eta taldeak isilean entzuten zuen izpirituko anaiei buruzko narrazioa. Emakumearen aurpegi argal, zurbilari begiratzen zioten. Haien aurrean gero eta biziago argitzen zuen munduko herri guztien kausa sakratuak, askatasunaren aldeko borroka amaigabeak. Gizabanakoak bere nahi eta gogoetak ikusten zituen oihal ilun, odoleztatu batek ezkutatutako iragan urrunean, ezagutzen ez zituen atzerritarren artean, eta bere baitan —buruz eta bihotzez— bat egiten zuen munduarekin, zeinetan lagunak ikusten baitzituen, jada aspaldi zela, eta asmo berberak elkarturik, lurrean justizia lortzeko erabaki sendoa hartua zuten lagunak, eta gero erabaki hori sufrimendu kontaezinez santutu eta bizitza berri, argi eta alai bat nagusi zedin beren odola ibaika isuri zutenak. Guztiekiko gogo-hurbiltasun sentimendu bat sortuz eta haziz zihoan, bihotz berria jaiotzen ari zen lurrean, dena ulertzeko eta bere barnean dena biltzeko gurari sutsuaz betea.

        — Egunen batean, munduko langile guztiek burua jaso eta fermuki esango dute: aski da! Ez dugu horrela bizitzen jarraitu nahi! —esan zuen Sofiak ziurtasunez—. Orduan, behera eroriko da boterea gutiziari zor diotenen alegiazko indarra, lurrak haien oin azpitik alde egingo du eta ez dute hankak non bermaturik izango...

        — Horrela izango da! —esan zuen Ribinek, burua makurtuz—. Ez izan errukirik eta dena gaindituko duzu!

        Amak bekaina gora jasota entzuten zuen, harridura alaiak eragindako irribarre bat aurpegian geldirik. Ikusten zuen nola Sofiaren zakarkeria, nabarmenkeria, ozarkeria guztia —berak harengan gehiegizko iritzi zion guztia alegia— ordurako desagertua zen hitz jario sutsu eta orekatuan itorik. Atsegin zuen gauaren isiltasuna, sugarren jolasa, Sofiaren aurpegia, baina, batez ere, mujiken arreta zorrotza. Mugitzeke eserita zeuden, narrazioaren isuri barea ez hausteko ahaleginak egiten, munduarekin lotzen zituen hari argitsua eteteko beldurrez. Noizean behin soilik haietakoren batek egur zati bat botatzen zuen kontu handiz sutara, eta sugarren artetik txinpart sortak edo kea altxatzen zirenean, txinpartak eta kea emakumeengandik uxatzen zituen, eskua airean astinduz.

        Halako batean, Jakov zutik jarri zen eta ahapeka eskatu zuen:

        — Itxaron apur batean...

        Abiadan txabolara joan eta arropa ekarri zuen handik, eta, Ignatek lagundurik, hotsik atera gabe, emakumeen hankak eta sorbaldak estali zituen. Sofia hizketan ari zen berriro: garaipenaren eguna pintatzen zuen, nork bere indarrean uste sendoa izateko dei egiten zien, aberatsen jolas ergelen mesedetan bizialdi osoa lan antzuan ematen zuten guztien lagunkide izatearen kontzientzia ernatzen zuen haiengan. Sofiaren hitzek ez zuten hunkitzen ama, baina haren narrazioak piztu eta denak besarkatzen zituen sentimendu sakonak beraren bularra ere betetzen zuen, arriskuei aurre eginez lanaren kateek lotuengana abiatu eta arrazoi onestuaren oparia, egiaren alderako maitasunaren oparia eramaten zieten lagunenganako esker oneko gogoeta erlijioso baten antzeko.

        «Jainkoa, lagun iezaiek!» —pentsatzen zuen, begiak itxita.

        Goizaldean, Sofia, nekaturik, isildu egin zen eta, irribarrez, inguruan zituen aurpegi pentsakor, distiratsuei begiratu zien.

        — Alde egiteko ordua dugu! —esan zuen amak.

        — Bai, ordua da! —jaulki zuen Sofiak nekaturik.

        Mutiletako batek hasperen zaratatsua egin zuen.

        — Pena da zuek alde egitea! —esan zuen Ribinek ohi ez bezalako doinu gozoa erabiliz—. Ondo hitz egiten duzu! Gauza handia da jendea elkarrengana biltzea! Milioika lagunek zure jomuga berbera dutela dakizunean, bigundu egiten zaizu bihotza! Eta ontasunean indar handia dago!

        — Zu haiengana onean joan, eta haiek zu makilazoka hartu! —esan zuen Efimek ahapeka, irribarre maltzurrez, eta agudo zutitu zen—. Alde egin beharra dute, osaba Mikhailo, inork ikusi baino lehen. Liburuak banatzen ditugunean, agintariak bila hasiko dira nondik agertu diren. Eta baten batek gogoratu egingo du erromesak etorri zirela...

        — Beno, ama, eskerrik asko hire lanagatik! —hasi zen Ribin, Efimen jarduna etenik—. Hiri begiratu eta Pavel etortzen zaidan gogora denbora guztian, bide ona aukeratu dun!

        Bigundurik, irribarre zabal eta onbera ekarri zuen aurpegira. Hozkirri zegoen, baina alkandora hutsean zegoen, idunekoa lasaiturik eta bular zabala ageri-agerian. Amak begiak haren figura handian jarri, eta samurkiro aholkatu zuen:

        — Zerbait jantzi beharko huke, hotz egiten dik!

        — Barrutik sutan nagon! —erantzun zuen.

        Hiru mutilak, su inguruan zutik, ahapeka mintzatzen ziren, eta gaixoa haien oin alboan zetzan, larru-zamarraz estalita. Zerua zurbiltzen hasia zen, itzalek alde egiten zuten, hostoak dardarka ari ziren eguzkiaren zain.

        — Beraz, agur esan behar! —zioen Ribinek, Sofiaren eskua estutzeaz batera—. Eta hirian nola aurkitu ahal zaituztet?

        — Ni bilatu behar nauk! —esan zuen amak.

        Mutikoak, astiro, multzo trinkoa osatuz, Sofiarengana hurbildu eta, samurtasun baldarrez, eskua estutzen zioten isilik. Haietariko bakoitzari argi eta garbi antzematen zitzaion barne-ezkutuko gogobetetasuna, esker onekoa eta adiskidetsua; eta sentimendu horrek aztoratu egiten zituen, inondik ere berria baitzen haientzat. Irribarrez, lorik gabeko gauaren ondorioz begiak lehor, hitzik gabe begiratzen zioten Sofiari aurpegira eta tarteka hanka batean tarteka bestean bermatzen ziren.

        — Ez duzue abiatu aurretik esnerik edan nahi? —galdetu zuen Jakovek.

        — Baina ba al dago? —esan zuen Efimek.

        Ignatek, nahasirik ilea leunduz, adierazi zuen:

        — Ez, isuri egin dut...

        Eta erdi irribarre egin zuten hirurek.

        Esneaz hitz egiten zuten, baina amak sumatzen zuen beste zerbaiti buruz pentsatzen ari zirela, hitzik gabe, berari eta Sofiari onena, zorionik handiena opatuz. Horrek nabarmenki hunkitzen zuen Sofia eta, gainera, gogoa nahasi eta apaltasun lotsatia eragiten zion, ahapekako hitz hauez gain besterik esaten utzi ez ziona:

        — Eskerrik asko, lagunkideok!

        Haiek elkarri begiratu zioten, hitz horrek lipar batez leunki kulunkatu balitu bezala.

        Gaixoaren eztul lakarra entzun zen. Itzali ziren txingarrak su iraungian.

        — Agur! —zioten mujikek ahotsa goratu gabe, eta hitz triste horrek tarte luze batean lagun egin zien emakumeei.

        Goizaldeko iluntasunean presarik gabe zihoazen basoko bidezidorretik, eta amak, Sofiaren atzetik zebilela, hala zioen:

        — Ondo egon da hau guztia, ametsetan bezain ondo! Jendeak egia jakin nahi du, nire laztana, nahi du! Elizan gertatzen denaren antzekoa da, jaiegun nagusi bateko goiz-otoitza hasi aurretik... apaiza ez da oraindik etorri, tenplua isilik, ilun, beldurgarri dago, baina dagoeneko jendea bertara biltzen hasia da... han-hemenka kandelak pizten dituzte irudien aurrean eta apurka-apurka iluntasuna aienatu eta argi ematen diote jainkoaren etxeari.

        — Egia da! —erantzun zuen Sofiak pozik—. Baina hemen jainkoaren etxea lur osoa da!

        — Lur osoa! —errepikatu zuen amak, burua pentsakor mugituz—. Hain ondo egon da, sinestea ere zaila baita... Eta zuk ondo hitz egin duzu, maitea, oso ondo! Eta ni haien gogoko izango ez zinelako beldur nintzen...

        Sofiak, isilune baten ondoren, ahapeka eta alaitasunik gabe erantzun zuen:

        — Haien alboan xumeago bihurtzen zara...

        Ibiliaz batera hizpidera ekartzen zituzten Ribin, gaixoa, hain arreta handiz isilik entzuten zuten eta esker oneko adiskidetasun sentimendua hain baldarki baina gauza txikietan emakumeekin arduratsu jokatuz hain era adierazkorrean erakusten zuten mutilak. Zelaira irten ziren. Eguzkia haien bila goratzen hasia zen. Artean ez zen ikusten, baina izpi arrosekiko uztai aratza zerura zabaldua zuen jada, eta ihintz tantek, txinpart nabarrak bailiran, udaberriko alaitasun adoretsuaz distiratzen zuten belar izpietan. Txoriak esnatzen ari ziren, kantu alaiez goiza berpiztuz. Hegaz zebiltzan bele lodiak, gogotik karraka eginez, hegoak astun mugituz; hor nonbait urretxoria txistuka ari zen urduri. Ortzi-muga zabalduz zihoan, eguzkiaren bila muinoetatik gaueko itzalak uxatuz.

        — Batzuetan, pertsona batek hitz eta hitz egiten dizu, eta zuk ez duzu ulertzen harik eta hitz xume bat esatea lortzen duen arte, eta orduan dena argitzen da bat-batean! —zioen amak gogoetatsu—. Horixe gertatu zait gaixo horrekin. Nik, entzun egiten nion, eta neronek badakit fabrikan eta leku guztietan langileak nola hurrupatzen dituzten. Baina txikitatik ohitu egiten zara horretara, eta ez dizu bihotza gehiegi hunkitzen. Eta bat-batean gertaera iraingarri hori, bilaukeria hori kontatu du. Jainkoa! Horrelakorik gero! Jendeak bizitza osoa lanean ematen du zertarako eta nagusiak lasai-lasai horrelako burlak egin ditzan! Horrek ez du zuribiderik!

        Amaren burua gertakari horretan gelditua zen, eta haren distira dorpe eta lotsagabeak antzeko zerrikeria mordoa agertarazia zion aurrean, noizbait ezagutu baina ordurako ahaztuak zituenak.

        — Argi dago, guztiz ase dira jada eta goragaleak dituzte! Nik ezagutzen dudan zemstvoko buru batek, beraren zaldia herritik eramaten zutenean, abereari kilimusi egitera behartzen zituen mujikak, eta norbaitek kilimusirik egiten ez bazuen, preso hartzen zuen. Bada, zergatik egin behar zuen hori? Ez dago ulertzerik, inola ere ez!

        Sofiak kanta bati ekin zion ahapeka, adoretsua zen, goizaldea bezalakoa...

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia