V
Hirugarren egunean, herrira iritsi ziren. Amak bike fabrika non zegoen galdetu zion soroan lanean ari zen mujik bati; basoko bidezidor aldapatsu batean behera jo —zuhaitzen sustraiak bidean bertan hazten ziren, eskailera moduko bat osatuz—, eta laster basoko soilgune biribil eta ez oso handi batera heldu ziren, dena ikatz eta ezpalez beterik zegoena, bikea nonahi.
— Heldu gara! —esan zuen amak, inguruetara urduri so eginez.
Abar eta zartaz egindako txabola baten ondoan, lurrean tinkatutako hesolen gaineko hiru ohol leundugabez eratutako mahai baten inguruan eserita Ribin —goitik behera belzturik, alkandora bularraren parean laxaturik—, Efim eta mutil gazte bi bazkaltzen ari ziren. Ribin izan zen erreparatu zien lehena eta, eskuaren barneko aldea begietara eramanik, isilik itxaroten zien.
— Kaixo, adiskide Mikhailo! —deiadar egin zuen amak, artean urrun zegoela.
Hura zutik jarri eta presarik gabe inguratu zitzaion; ama ezagutu zuenean, gelditu eta, irribarre eginez, bizarra laztandu zuen esku beltzaz.
— Erromesaldia egiten ari gaituk! —ziotson amak hurbiltzeaz batera—. Tira, pentsatu diat, goazen nire adiskideari bisitatxo bat egitera! Hau nire laguna duk, Ana dik izena...
Bat-batean asmatutako ipuinaz harro, begi ertzetik begiratu zion Sofiaren aurpegi serio eta zorrotzari.
— Kaixo! —esan zuen Ribinek, kopetilun erdi irribarre eginez eta aman eskua estutuz; gero, buru-makurtua egin zion Sofiari eta hizketan jarraitu zuen—: Gezurrik ez esan, hemen ez zegon hiririk, ez dun gezurretan aritu beharrik! Hauek guztiak gutarrak ditun...
Efimek, mahai alboan eserita, arretaz aztertzen zituen erromesak eta zerbait esaten zien txutxu-mutxuka bere kideei. Emakumeak mahaira hurreratu zirenean, hanka gainean jarri eta hitzik esan gabe buru-makurtua egin zien; haren lagunak, aldiz, ez ziren lekutik mugitu, bisitariez ohartu ez balira bezala.
— Hemen monjeen antzera bizi gara! —esan zien Ribinek bi emakumeei, Vlasovari sorbaldan arinki txapaka eginez—. Inor ez da guregana etortzen, nagusia ez dago herrian, haren emaztea ospitalera eraman dute, eta ni arduraduna edo antzeko zerbait naiz. Eser zaitezte. Jan nahi duzue? Tea dago! Efim, ekarri esnea!
Presarik gabe, Efim txabolara joan zen. Bitartean, erromesek bizkarretik kendu zituzten sakutak; mutiletako bat, garaia eta argala, mahaitik altxatu eta haiei laguntzera joan zen; besteak, txaparroa eta txima-jarioa, pentsakor begiratzen zien, ukondoak mahai gainean bermaturik, buruari hazka eta hortz artean abesti bat ahapeka kantatzen ari zela.
Bikearen usain astuna hosto ustelen hats itogarriari gehitzen zitzaion eta zorabioa sortzen zuen buruan.
— Hau Jakov da —esan zuen Ribinek, mutil garaia seinalatuz—, eta hori Ignati. Beno, zer moduz dago hire semea?
— Kartzelan! —esan zuen amak, hasperen eginez.
— Berriro kartzelan? —egin zuen oihu Ribinek—. Gustatu zaion, nonbait...
Ignatik kantatzeari utzi zion, Jakovek amari makila eskutik hartu eta esan zion:
— Eseri!
— Hara, eta zu zer? Eser zaitez! —esan zuen Ribinek, Sofiari esertzeko keinua eginez. Ezer esan gabe motzondo batean eseri zen, Ribin arretaz aztertuz.
— Noiz harrapatu dute? —galdetu zuen Ribinek amaren aurrean jesartzeaz batera, eta gero, buruari eraginda, bota zuen—: Bai zorte txarra hirea, Nilovna!
— Hala beharko!
— Zer? Dagoeneko ohitu haiz ala?
— Ez, ez nauk ohitu, baina konturatu egin nauk horrela behar duela!
— Halaxe dun! —esan zuen Ribinek—. Tira, konta iezadan...
Efimek lapiko bete esne ekarri zuen, mahai gainetik katilu bat hartu, urez garbitu, esnea bertara isuri eta Sofiari luzatu zion, ama kontatzen ari zena arretaz entzuten zuen bitartean. Kontuz eta bere jardunean zaratarik atera gabe mugitzen zen. Amak bere istorio laburra kontatzen amaitu zuenean, une batez isilik egon ziren denak, elkarri begiratu gabe. Ignatek, mahaira eserita, atzazalaz zirrimarrak egiten zituen oholetan; Efim zutik zegoen Ribinen atzean, ukondo bat haren sorbaldan jarrita; Jakov, berriz, enbor baten kontra bermaturik zegoen, besoak bularrera uztarturik eta buru-makur. Sofiak zeharretik begiratzen zien mujikei...
— Ha-hara! —esan zuen Ribinek hitza luzatuz, astiro eta goibel—. Beraz, horrela egin dute, egun argitan!
— Gure herrian horrelako manifestazio bat antolatu izan bagenu —esan zuen Efimek beltzuri, irribarre maltzurra eginez—, mujikek hil arte jipoituko gintuzten!
— Jipoituko gaituzte! —erantsi zuen Ignatek, buruari eraginez—. Ez, nik fabrikara alde egingo dut, han hobeto egoten da...
— Pavel epaituko dutela esan dun? —galdetu zion Ribinek amari—. Eta entzun dun nolako zigorra ezarriko dioten?
— Espetxea edo betiko deportazioa Siberian... —erantzun zuen amak ahapeka.
Hiru mutilek batera begiratu zioten; Ribinek, berriz, burua beheratu eta astiro galdetu zion:
— Eta berak, borrokan sartu zenean, bazekien arrisku horren berri?
— Bai, bazekien! —esan zuen Sofiak ozenki.
Isilik geratu ziren denak, inor mugitu gabe, gogoeta hotz batek izoztuta utzi balitu bezala.
— Halaxe da! —jarraitu zuen Ribinek, doinu latzez eta serio—. Ni ere, bazekielakoan nago. Gizon serioa da, ez du jauzi egiten neurria ondo hartu gabe. Arraioa, mutilok, ikusi duzue? Gizon horrek bazekien baionetaz jo ahal zutela, kartzelara eramango zutela eta, guztiarekin ere, aurrera jo du. Ama haren aurrean bidean etzanda jarri izan balitz, beraren gainetik pasatuko zen. Pasatuko zen hire gainetik, Nilovna?
— Bai, pasatuko zuan! —erantzun zion amak zirgit eginez, eta, ingurura begiratu ondoren, hasperen egin zuen. Sofiak eskua laztandu zion isilik eta, kopeta zimurtuz, bekoz beko begiratu zion Ribini:
— Hori bai gizona! —esan zuen honek, eta begi ilunez begiratu zien guztiei. Eta, berriro ere, isilik geratu ziren seiak. Eguzki errainu meheak airean eskegitako urrezko xingolak bezalakoak ziren. Hor nonbait beleak karraka egiten zuen lehiati. Amak ingurua arakatzen zuen, Maiatzaren Leheneko gertakarien gomutak, semearen eta Andreiren oroiminak goibeldurik. Basoko agerrune txiki estuan han-hemenka sakabanaturik zeuden bike upelak eta errotik erauzitako pinu sustraitsuak. Haritz eta urkiak, agerrunearen inguruan biribil trinkoa osatuz, oharkabean hurbiltzen ziren bazter guztietatik, eta, isiltasunak bildurik, mugitzeke, itzal ilun eta epelak egiten zituzten lurrean.
Bat-batean, Jakov zuhaitzetik aldendu zen, albora urrats bat egin, gelditu eta, burua astinduz, lehor eta ozenki galdetu zuen:
— Eta horrelako jendearen kontra jarriko gaituzte Efim eta biok?
— Noren kontra jarriko zaituztetela uste duk ba? —erantzun zuen Ribinek, gogoilun galdetuz—. Geure eskuez itotzen gaitiztek, hortxe zegok amarrua!
— Hala ere, soldadu joango naiz! —adierazi zuen Efimek ahots apalez eta temati.
— Eta nork galaraziko dik? —oihu egin zuen Ignatek—. Hoa ba!
Eta, Efimi bekoz beko begiratuz, irribarre maltzurrez esan zuen:
— Baina niri tiro egitean, apunta ezak burura... ez utzi elbarri, kolpetik hil nazak!
— Entzuna diat hori! —garrasi egin zuen Efimek gordinki.
— Egon, mutilok! —esan zuen Ribinek, haiei so eginez, eta astiro jaso zuen eskua—. Hona hemen emakume hau! —esan zien, ama seinalatuz—. Semeak, segur aski, azkena jo dik...
— Zergatik diok hori? —galdetu zion amak, tristuraz eta ahapeka.
— Esan beharra zegon! —erantzun zion hark gogoilun—. Esan beharra zegon, hire ilea alferrik urdin ez dadin. Beno, eta zer, hil egin haute akaso? Liburuxkak ekarri ditun, Nilovna?
Amak begiratu eta isilune baten ondoren erantzun zion:
— Bai, ekarri ditiat...
— Bapo! —esan zuen Ribinek, esku ahurraz mahaian zartako bat eman ondoren—. Hi ikusi bezain laster susmatu dinat: zertarako etorri hona, horretarako ez bada? Ikusi duzue? Semea eraman ditek eta amak bete dik haren lekua!
Eta, eskuaz mehatxuzko keinu gaiztoa eginez, birao zantarra bota zuen.
Ama beldurtu egin zen haren garrasia entzutean, begiratu eta orduan ohartu zen Mikhailen aurpegia ikaragarri aldatua zela: argalagoa, bizarra zaindu gabe hazia, masailezurrak haren azpian nabarmen. Betzuringo urdinxketan zaintxo gorri xeheak ageri ziren, aspalditik lorik egin ez balu bezala; sudurra lehen baino karruskatsuagoa zen, harrapari baten mokoaren antzera gakotua. Noizbait gorria izan zen eta orain bikez beteta zegoen alkandoraren iduneko laxatuak agerian uzten zituen lepauztai iharrak eta bularreko bilo beltz sarria; haren irudia, oro har, goibelagoa eta itzaltsuagoa zen. Begi gorrituen distira lehorrak amorruaren suaz argitzen zion aurpegi iluna. Sofiak, zurbil, ez zuen hitzik esaten, begiak mujikengandik bereizi gabe. Ignatek burua kulunkatzen zuen, begiak nareturik; Jakovek, txabolaren alboan zutik berriro, haserre apurtzen zuen hatz ilunez zarten azala. Amaren atzean Efim astiro ibiltzen zen mahaiaren mutur batetik bestera.
— Duela gutxi —jarraitu zuen Ribinek— zemstvoko buruak berarengana joateko agindu eta hala esan zidan: «Gizatxar horrek, zer esan diok apaizari?» «Zergatik gizatxarra? Nik neure bekokiko izerdiaz ateratzen dut bizibidea, eta ez diot jendeari gaizkirik egiten, horra zer diodan!» Bera garrasika hasi zen, zartako bat eman zidan ahoan... eta hiru gau eta hiru egunez atxilotuta egon nintzen. Horrela hitz egiten diozue herriari? Horrela? Barkatzerik ez espero, deabru arraioak! Nik ezin badut, beste norbaitek ordainaraziko dik egin didaan iraina, hiri ez bada, hire seme-alabei, ulertu duk? Burdinazko atzaparrez goldatu duzue herriaren bularra, gaizkia erein duzue haren baitan; ez gero gupidarik espero, deabru halakoak! Hori da.
Sutan zegoen, gorroto biziak hartuta, hitzek dardara egiten zuten haren ahotsean, ama beldurtuz.
— Eta zer esan nion popeari? —jarraitu zuen lasaiago—. Herriko batzar baten ostean, mujikekin eserita zegoen kalean eta azaltzen ari zitzaien gizakiek artalde bat osatzen dutela eta artzain baten beharra dutela beti. Horixe! Eta nik txantxetan esan nuen: «Azeria basoko nagusi aukeratzea bezala: luma ugari bai, baina txoririk batere ez legoke!» Zeiharka begiratu zidan eta zera hasi zen esaten, herriak sufritu egin behar duela, eta jainkoari otoitz egin behar diola sufritzeko indarra eman diezaion. Eta nik zera esan nion, herriak otoitz asko egiten duela, baina, dirudienez, jainkoak ez duela entzuteko astirik izaten! Horixe. Orduan, nire kontra hasi zen, ea nolako otoitzak egiten ditudan nik. Eta nik esan nion: otoitz bakarra bizitza osoan, herri guztiak egiten duen berbera: «Jainkoa, irakatsi jaunentzako adreiluak garraiatzen, harriak jaten, ahotik egur zatiak botatzen!» Ez zidan hitz egiten amaitzen utzi. Zu handi-mandia zara? —galdetu zion tupustean Sofiari, kontaketa etenik.
— Zergatik handi-mandia? —galdetu zion hark segituan, zirgit eginez, ezustean harrapatu baitzuen.
— Zergatik? —esan zuen Ribinek irribarre maltzurrez—. Hori da zure patua, horrela jaio zinen! Bai horixe. Zer uste duzu ba, perkalezko lepoihaltxo batez nobleziaren bekatua jendearen begi bistatik ezkutatu ahal duzula? Piltzarrez janzten direla ere kolpetik ezagutzen ditugu guk popeak. Lehentxoago, mahai bustiaren gainean jarri duzu ukondoa, zirgit egin duzu eta kopeta zimurtu zaizu. Zure bizkarra zuzenegia da langilea izateko...
Ribinen hitzek, ahots garratzak eta irribarre burlatiak Sofia minduko ote zuten beldurrez, amak presaka eta doinu latzez esan zuen:
— Nire laguna duk, Mikhailo Ivanitx; emakume ona duk, ilea urdindu zaiok borroka honetan. Hi ez haiz oso...
Ribinek hasperen sakona egin zuen.
— Inor mintzeko moduan hitz egin dut ala?
Sofiak, hari begira, lehor galdetu zuen:
— Zerbait esan nahi zenidan?
— Nik? Bai! Duela gutxi beste gizon bat inguratu da hona, Jakoven lehengusua da, gaixorik dago, bularreko gaitzak jota. Etortzeko esan ahal diot?
— Zergatik ez ba? Esaiozu! —erantzun zuen Sofiak.
— Efim, hoa harengana eta esaiok gauean hemendik agertzeko. Hori.
Efimek txanoa jantzi zuen eta isilik, inori begiratu gabe, presarik gabe, basoan desagertu zen. Ribinek haren atzetik burua astindu eta ahots garratzez esan zuen:
— Sufritzen ari da! Soldadu joango da, eta Jakov ere bai. Jakovek argi esaten du: «Ezin dut»; berak ere ezin du, baina joan egin nahi du... Soldaduak matxinatzerik badagoela uste du. Nire iritziz, ordea, ez dago horma bat bekokiaz joka apurtzerik... Horra zer egiten duten, baioneta eskuan hartu eta aurrera jo. Ba-ai, sufritzen ari da! Ignat bihotzean zirika aritzen zaio; baina alferrik!
— Alferrik ez! —esan zuen Ignatek beltzuri, Ribini begiratu gabe—. Han aldatu egingo dute, azkenean ez du besteek baino txartoago tiro egingo.
— Ez dut uste! —arrapostu zuen Ribinek pentsakor—. Baina, noski, hobe da horri ihes egitea. Errusia oso handia da, nola aurkituko lukete? Pasaportetxo bat lortu eta herriz herri ibili...
— Horixe egingo dut nik! —ohartarazi zuen Ignatek, ezpal batez hankan kolpetxoak ematen zituela—. Aurka egitea erabaki dugunez, zuzen ibili.
Eten egin zen solasaldia. Erle eta liztor maratzak airean jiraka ari ziren, eta haien burrunbak isiltasuna nabarmentzen zuen. Txoriak txorrotxioka ari ziren, eta urrunean zelaietan barna noraezean zebilen kanta bat aditzen zen. Isilune baten ondoren, Ribinek esan zuen:
— Beno, guk lan egin beharra dugu... Zuek, agian, atseden hartu nahi duzue! Hor, txabolan, kamainak daude. Jakov, orbela bildu haientzat... Eta hik, ama, eman liburuak...
Ama eta Sofia sakutak askatzen hasi ziren. Nikolaik, haien gainera makurturik, pozik zioen:
— Ez duzue gutxi ekarri, arranopola! Aspalditik ari zara honetan? Nola duzu izena? —galdetu zion Sofiari.
— Ana Ivanovna! —hark erantzun—. Hamabi urte badira... eta?
— Ezer ez. Kartzelan egona zara, ezta?
— Bai.
— Ikusi duk? —errieta egin zion amak ahapeka—. Eta hi zakarki mintzatu haiz haren aurrean...
Ribin isilik geratu zen eta, eskuetan liburu multzo bat zeukala, hortzak erakutsiz esan zuen:
— Ez mindu nirekin! Noblea eta mujika bikea eta ura bezalakoak zira, bateraezinak, elkar uxatzen dute!
— Ni ez naiz noblea, ni gizaki hutsa naiz! —ihardetsi zuen Sofiak, gozoki erdi irribarre eginez.
— Baliteke horrela izatea! —arrapostu zuen Ribinek—. Diotenez, zakurra otso izan zen lehenago. Hau ezkutatzera noa.
Ignat eta Jakov harengana hurbildu ziren, besoak luzaturik.
— Eman guri! —esan zuen Ignatek.
— Berdinak dira denak? —galdetu zion Ribinek Sofiari.
— Ezberdinak. Hemen egunkari bat dago...
— Zeri buruzkoa...?
Txabolara joan ziren hirurak lasterka.
— Odolberoa da mujik hori! —esan zuen amak ahapeka, begiradaz gizonei pentsakor jarraituz.
— Bai —arrapostu zuen Sofiak ahotsa goratu gabe—. Ez dut inoiz berarena bezalako aurpegirik ikusi, martiri batena ematen du! Goazen gu ere txabolara, haiei begiratu bat emateko gogoa dut...
— Ez haserretu berarekin izaeraz latza delako... —eskatu zion amak ahopetik.
Sofiak erdi irribarre egin zuen.
— Zein onbera zaren, Nilovna...
Txabolako atean agertu zirenean, Ignatek burua jaso zuen, begiratu azkar bat bota zien eta, atzamarrak ile kizkurren artean sarturik, belaunetan zabaldurik zeukan egunkariaren gainera makurtu zen; Ribinek, zutik, teilatuko zirrikitu batetik txabolara sartzen zen eguzki errainu bat paperean harrapatuta zeukan eta, egunkaria errainuaren azpian mugituz, ezpainei eraginez irakurtzen zuen; Jakov ere irakurtzen ari zen, belauniko eta bularra kamainaren ertzaren kontra bermaturik.
Ama txabolako txoko batera joan eta bertan eseri zen; Sofiak, besoaz haren sorbalda inguraturik, isilean begiratzen zien gizonei.
— Osaba Mikhailo, hemen gaizki hitz egiten dute mujikoi buruz! —esan zuen Jakovek ahots apalez eta jiratu gabe. Ribin itzuli, hari begiratu eta irribarre maltzurrez erantzun zion:
— Maite gaitiztek eta!
Ignatek arnasa hartu, burua jaso eta, begiak itxita, jaulki zuen:
— Hara zer dioten hemen: «Nekazariek pertsona izateari utzi diote»; jakina utzi diotena!
Irainaren itzala lerratu zen haren aurpegi xume, tolesgabean.
— Arraioa, tira, sartu hi nire azalean, mugi hadi hor barrean, eta nik esango diat zer haizen, sasi-maisu halakoa!
— Ni lotara noa! —xuxurlatu zion amak Sofiari—. Apur bat nekatuta nago, eta burua joan egiten zait usainaren eraginez. Eta zu?
— Ez dut gogorik.
Ama kamainan etzan eta erdi lo gelditu zen. Sofia aldamenean eseri zitzaion, irakurleei erreparatzen ziela, eta erle edo liztorren bat amaren aurpegiaren inguruan hegaka hasten zenean, ardura handiz uxatzen zuen bertatik. Ama, begiak hertsi-irekita, horretaz jabetzen zen, eta atsegin zitzaion Sofiaren ardura.
Ribin hurbildu zen eta xuxurlaka baina ozenki galdetu zuen:
— Lo dago?
— Bai!
Isilik geratu zen, amaren aurpegiari arretaz begiratu, hasperen egin eta ahapeka jarraitu zuen:
— Segur aski, semearen bide beretik jo duen lehena da; lehena!
— Ez diezaiogun enbarazurik egin, goazen hemendik! —proposatu zuen Sofiak.
— Bai, guk lan egin behar dugu. Atseginez geratuko nintzateke zurekin hizketan, baina tira... arratsera arte! Goazen, mutilak...
Han joan ziren hirurak, Sofia txabolan utzita. Amak pentsatu zuen:
«Ez dun ezer gertatu, jainkoari eskerrak! Lagunak izango ditun...»
Eta lasaiturik lokartu zen, basoaren eta bikearen usain mina arnastuz.
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda