IV
Handik egun batzuetara ama eta Sofia hiritar xeheen gisan zarpail jantzita azaldu ziren Nikolairen aurrean, perkalezko soineko eta jaka higatuak aldean, sakuta bizkarrean eta makila eskuan. Horrela jantzita Sofiak baxuagoa ematen zuen, eta haren aurpegi zurbilak zorrotzagoa.
Arrebari agur egitean, Nikolaik indarrez estutu zion eskua, eta amak berriro hauteman zituen haien arteko harremanen tolesgabetasuna eta baretasuna. Haien artean ez zen ez musurik ez hitz gozorik izaten, baina elkarrekiko harremanak arras zintzoak eta jatorrak ziren. Bera bizi izana zen tokian, aldiz, jendeak musuak erruz eman eta hitz gozoak sarritan esan bai, baina elkarri haginka jarduten zuen beti, zakur gosetuen antzera.
Bi emakumeek isilik ibili zituzten hiriko kaleak, zelaira irten eta, elkarren aldamenean, alde banatan urki zahar errenkadak zituen bide zabal maiz zapalduan aurrera abiatu ziren.
— Ez zara nekatuko? —galdetu zion amak Sofiari.
— Zer uste duzu, gutxi ibilia naizela? Ezaguna dut hau...
Pozik, haurtzaroko bihurrikeriak harro azalduz bezala, bere lan iraultzaileaz hitz egiten hasi zitzaion amari. Izenordez bizi behar izan zuen, dokumentu faltsuak erabiliz eta bere burua mozorrotuz, zelatariei iskintxo egitearren; debekuzko liburuak mordoka banatuak zituen herriz herri, ihesa antolatu eta atzerrira eramanak zituen erbestean ziren hainbat lagunkide. Ezkutuko moldiztegia zeukan etxean, eta jendarmeak horren berri jakin eta miaketa egitera joan zirenean, haiek iritsi baino minutu bat lehenago neskamez mozorrotu eta alde egiteko beta izan zuen, etxeko atarian bisitariekin topo egin zuen eta, berokirik gabe, zapi arin bat buruan eta kerosenorako latorrizko kutxa bat eskuan, negu gorrian, izotz beltz baten erdian, hiri osoa zeharkatu zuen muturrik mutur. Beste behin, hiri arrotz batera joan zen lagun batzuengana, eta jadanik eskaileretan gora zihoala, etxea miatzen ari zirela ohartu zen. Berandu zen atzera egiteko, birritan pentsatu gabe bere lagunen solairuaren azpiko etxebizitzako atea jo zuen eta, maleta eta guzti ezezagun haien etxera sartuta, argi eta garbi azaldu zien bere egoera zertan zen.
— Nahi izanez gero, salatu ahal nauzue, baina uste dut ez duzuela horrelakorik egingo —esan zuen ziurtasunez.
Haiek beldurrak airean zeuden eta ez zuten begirik bildu gau osoan, edozein unetan atea joko zutelakoan, baina ez ziren bera jendarmeen aurrean salatzen ausartu, eta biharamun goizean hirurek batera barre egin zuten haien lepotik. Behinola, berriz, atzetik zebilkion zelatariaren bagoi eta eserleku berean zihoan mojaz jantzita eta hark, bere trebetasunak harrokeriaz agertuz, gauza horiek nola egiten diren azaltzen zion. Ziur zegoen bera tren horretan zihoana, bigarren klaseko bagoi batean; geltoki bakoitzean trenetik jaisten zen, eta itzultzean esaten zion:
— Ez dut ikusi, segur aski lo dago. Haiek ere nekatu egiten dira; bizimodu latza haiena, gurea bezalakoa!
Amak haren kontakizunak entzuten zituen, barre egin eta amultsuki begiratzen zion. Garai, argal, hanka-lerden, Sofia agudo eta fermuki zebilen bidetik. Haren ibileran, hitzetan, ahotsaren doinuan bertan —apur bat zakarra baina, hala ere, bizia—, haren irudi lirain osoan ausardia alaia, arimako osasun oparoa zegoen. Haren begiek gaztetasunez begiratzen zioten guztiari, eta edonon ikusten zuen alaitasun gaztez pizten zuen zerbait.
— Hara, begira zer-nolako pinu ederra! —oihu egiten zuen, amari zuhaitza erakutsiz. Amak gelditu eta begiratu egiten zuen: pinua ez zen besteak baino altuagoa ez hostotsuagoa.
— Zuhaitz polita benetan! —esaten zuen, irribarre burlatiz. Eta ikusten zuen haizea nola jolasten zen emakumearen belarriaren gaineko ileurdin xerloekin.
— Larretxoria! —Sofiaren begi grisak amultsuki pizten ziren, eta bazirudien haren gorputza lur gainetik altxatzen zela, zeru gardenean entzuten zen musika ikusezinaren bila. Batzuetan, zalutasunez makurtu, basalore bat hartu eta, atzamar mehe armez leunki laztanduz, samurki begiratzen zien petalo dardaratiei. Eta kantu ederren bati ekiten zion ahapeka.
Horrek guztiak begi argiekiko emakumearengana hurbiltzen zuen amaren bihotza eta, ohartu gabe, pare-parean jarri eta haren urratsei lotzeko ahaleginak egiten zituen. Baina, noizean behin, Sofiaren solasean gordinkeriaren bat irristatzen zen tupustean, amak soberan zegoela irizten zion eta susmo batek kilika egiten zion barnean:
«Mikhaili ez zaion gustatuko...»
Baina une bat geroago Sofia xumeki eta maitekiro mintzatzen zen berriro, eta amak, irribarre eginez, begietara so egiten zion.
— Zein gaztea zaren oraindik! —esan zuen, hasperen eginez.
— Ene, dagoeneko hogeita hamabi une ditut! —egin zuen oihu Sofiak.
Vlasovak irribarre egin zuen.
— Ez naiz horretaz ari, aurpegiari begiratuz gero zaharragoa ematen duzu. Baina batek zure begiei erreparatzen badie, zu entzuten bazaitu, harritzekoa da, neska gaztea ematen duzu eta. Zure bizitza gogorra eta latza da, arriskutsua, baina zure bihotzak irribarre egiten du.
— Nik ez dut uste nire bizitza latza denik, ezin dut hau baino bizimodu hoberik, interesgarriagorik irudikatu... Aurrerantzean Nilovna deituko dizut; Pelageia ez dator bat zurekin.
— Nahi duzun bezala deitu! —esan zuen amak pentsakor—. Deitu nahi duzun bezala. Ni denbora guztian zuri begira nago, entzuten, pentsatzen. Atsegin zait ikustea gizakiaren bihotzerako bidea ezagutzen duzula. Gizakia parez pare zabaltzen da zure aurrean, lotsarik gabe, susmo txarrik gabe, eta arimak berez urratzen du zureganako bidea. Eta zera pentsatzen dut zuetaz: jende hau bizitzako gaizkiari nagusituko zaio, bai, dudarik gabe, nagusitu egingo da!
— Garaile aterako gara herri langilearekin gaudelako! —esan zuen Sofiak ziur eta goraki—. Harengan daude gorderik ahalbide guztiak, harekin dena lor daiteke! Haren kontzientzia esnatu besterik ez da egin behar, hazteko askatasunik ematen ez dioten kontzientzia hori...
Sofiaren hitzek sentimendu korapilatsua sortzen zuten amaren bihotzean: zergatik jakin gabe, pena ematen zion, baina lagunarteko eta irainik gabeko errukia zen, eta bestelako hitzak, arruntagoak, entzun nahi zituen haren ahotik.
— Eta nork sarituko dizkizue hartutako nekeak? —galdetu zuen amak ahapeka eta tristuraz.
Sofiak, amari hala iruditu zitzaion behintzat, harrotasunez erantzun zuen:
— Dagoeneko sarituta gaude! Gogobetetzen gaituen bizimodua aurkitu dugu, arimaren indar guztiak baliatuz bizi gara, zer gehiago eska daiteke?
Amak Sofiari begiratu eta burua beheratu zuen, atzera pentsatuz: «Mikhaili ez zaion gustatuko...»
Haize leuna bularrean sakon hartuz, presarik gabe baina arin zebiltzan biak, eta amari erromesaldian zihoala iruditzen zitzaion. Haurtzaroa gogoratzen zuen, eta zein pozik joan ohi zen jaiegunetan herritik urruneko monasterio batera, zeinetan ikono mirarigilea baitzegoen.
Noizbehinka, Sofiak zeruari edo amodioari buruzko kanta berriren bat abesten zuen, ahapeka baina ahots ederrez; edo, ustekabean, landa eta basoen, Volgaren gaineko poemak errezitatzen zituen. Amak, irribarrez, entzun eta nahigabe mugitzen zuen burua poemen erritmoari jarraikiz, haien musikak menpean harturik.
Vlasovaren bularrean giro epel, isil eta ameslaria zegoen, udako arrats batez lorategitxo zahar batean bezala.
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda