III

 

        Nikolai arratsaldean agertu zen. Bazkaldu zuten, eta bazkalostean Sofiak, barrezka, erbestetik ihes egindako gizona nola aurkitu eta ezkutatu zuen azaldu zuen, nola bera zelatarien beldurrak zegoen eta edonori isileko polizia irizten zion, eta iheslariak zein jokamolde barregarria erabili zuen. Haren ahots doinuan bazen zerbait amari lan zail bat ondo burututakoan gogobeterik dagoen langilearen harrokeria gogora ekartzen ziona.

        Orain, altzairu koloreko soineko arin eta lasai batez jantzita zegoen Sofia. Altuagoa ematen zuen horrela jantzita, eta bazirudien haren begiak ilunagoak eta mugimenduak patxadatsuagoak zirela.

        — Orain, Sofia —hasi zen Nikolai bazkaldu ondoren—, beste lan bat egin behar dun. Dakinanez, landarako egunkari bat egiten hasi gaitun, baina azken atxiloketen ondorioz galdua dinagu hango jendearekiko lotura. Pelageia Nilovna dun egunkaria banatzeaz arduratu behar duen pertsona aurkitzeko modua erakutsi ahal digun bakarra. Joan hara berarekin. Lehenbailehen egin beharra zegon.

        — Oso ondo! —esan zuen Sofiak, zigarroari atxiki bat emanez—. Joango gara, Pelageia Nilovna?

        — Bai, horixe joango garela...

        — Urrun dago?

        — Laurogei bat versta...

        — Primeran!... Eta orain pianoa joko dut tartetxo batez. Zer diozu, Pelageia Nilovna, musika apur bat jasan dezakezu?

        — Niri ez galdetu, egizue kontu ni ez nagoela hemen! —esan zuen amak dibanaren bazter batean esertzeaz batera. Itxuraz, neba-arrebek ez zioten arretarik eskaintzen, baina, aldi berean, bera konturatu gabe beren solasaldian parte hartzera bultzatzen zuten txitean-pitean.

        — Entzun ezak, Nikolai! Grieg duk. Gaur bertan ekarri diat... Itxi leihoak.

        Musika-liburua zabaldu eta, indarrik egin gabe, teklak ukitu zituen ezkerreko eskuaz. Hariak doinu zoli eta bizia sortzen hasi ziren. Sakonki hasperen eginik, beste nota bat lerratu zitzaien, soinuz oparo hornitua. Eskuineko atzamarren azpitik, soinu argiz, harien garrasi garden bitxiak hegaldatu ziren, aldra urduria osatuz; zabuka hasi eta, hegazti izutuen antzera, beheko noten multzo ilunean ezkutatu ziren.

        Hasieran soinu horiek ez zuten ama hunkitzen, hots anabasa zizkolatsua besterik ez zuen entzuten hor. Haren belarriek ezin zuten melodiarik atzeman nota mordoaren zalaparta korapilatsuan. Erdi lo, Nikolairi begiratzen zion: diban luzearen beste muturrean eserita zegoen, hankak azpian tolesturik zituela. Aldi berean, arretaz aztertzen zituen Sofiaren soslai zorrotza eta ile urrekarekiko adats sarriak bildutako burua. Eguzki errainu batek aurrena epelki argitu zituen Sofiaren burua eta sorbaldak, gero, piano atze-luzearen tekletan pausaturik, dardarka hasi zen emakumearen atzamarren azpian, haiek besarkatuz. Musikak gelako bazter guztiak betetzen zituen, eta amaren bihotza ernatzen zuen bera ohartu gabe.

        Eta, ezin jakin zergatik, iraganaren troka ilunetik irtendako irain bat agertu zitzaion aurrean, aspaldian ahaztua baina argitasun mingotsez biztua orain.

        Behinola, senarra gaueko beranduan itzuli zen etxera, zeharo mozkorturik. Besotik heldu zion, ohetik lurrera bota zuen, saihetsetan ostikoka hasi eta esan zion:

        — Ospa hemendik, jendaila, kokoteraino nagon hirekin!

        Berak, bere burua senarraren kolpeetatik gordetzeko, berehalakoan bi urteko semea besoetan hartu eta, belauniko jarrita, haren gorputzaz babestu zen, ezkutua bailitzan. Haurra, negar batean, beso artean bihurrika ari zen, ikaraturik, biluzik eta epeltxo.

        — Kanpora! —orro egiten zuen Mikhailek.

        Bera zutik jarri zen, ziztu bizian sukaldera joan, sorbalden gainetik jaka bat jantzi, haurra lepoihalean bildu eta isilik, ez garrasirik ez erostarik, oinutsik, atorra hutsean eta horren gainean jaka besterik ez zuela, kalera joan zen. Maiatza zen, gaua hozkirri zegoen, kaleko hautsa oinetan itsasten zitzaion, hotz, behatzen artean sartuz. Haurrak negar egiten zuen, bihurrika. Bularraren parean atorra zabaldu eta bere gorputzaren kontra estutu zuen semea; beldurrak airean zihoan kaletik, ibili eta ibili, umea leunki kulunkatzen zuela:

        —O-o-o... o-o-o!

        Eguna argitzen ari zuen, bera lotsaturik eta beldurrez zegoen norbaitek kalera irten eta erdi biluzik ikusiko ote zuen. Zingirara jaitsi eta lurrean eseri zen lertxun gazte batzuek osatutako basotxo zarratu baten babesean. Denbora luzea eman zuen hor eserita, gauak inguraturik, mugitzeke eta begiak zabal-zabalik iluntasunera begira, eta beldurrez kantatzen, seme loak hartua eta bere bihotz mindua kulunkatzen...

        —O-o-o... o-o-o... o-o-o!

        Han zegoela, halako batean, txori beltz eta isil bat buru gainetik igaro zitzaion, urrunera hegaka. Ama esnatu eta zutik jarri zen. Hotzez dardarka, etxera abiatu zen, ohiko jipoien izua eta irain berriak zain zituen lekura...

        Doinuaren azken akordeak hasperen egin zuen, axolagabe, hotz, hasperen egin eta iraungi.

        Sofia atzera jiratu zen, nebari ahopetik galdetuz:

        — Gustatu zaik?

        — Oso! —erantzun zuen zirgit eginez, iratzarri balu bezala—. Oso...

        Amaren bularrean durundi eta dardara egiten zuen oroitzapenen oihartzunak. Eta hor nonbait, horren ondoan, gogoeta bat hazten ari zen:

        «Hona hemen, jende hau lagunkiro eta lasai bizi dun. Liskarrik gabe, ez diten vodkarik edaten, ez ditun txikikerien kontura eztabaidatzen... arrunkeriaz bizi den herri xehea ez bezala...»

        Sofia zigarroa erretzen ari zen. Asko erretzen zuen, ia etengabe.

        — Horixe zuan Kostia zenaren pasarterik gogokoena! —esan zuen, kea presaka barneratuz, eta akorde apal eta triste bat jo zuen ostera—. Nola gustatzen zitzaidan harentzat jotzea! Hain zuan onbera, hain sentibera gauza guztietarako, hain betea...

        «Ziur aski, senarra din gogoan —pentsatu zuen amak lipar batez—. Eta irribarre egiten din...»

        — Zein zorion handia eman zidan gizon horrek... —zioen Sofiak ahapeka, hariei ateratako soinu leunez bere pentsamenduei akonpainamendua eginez—. Nola zekien bizitzen...

        — Ba-ai! —esan zuen Nikolaik, kokospekoari tiraka—. Gizon maitagarria zunan!

        Sofiak edonora bota zuen hasitako zigarroa, amarengana jiratu zen eta galdetu zion:

        — Enbarazu egiten dizu ateratzen dudan zaratak?

        Amak eutsi ezineko barne-minez erantzun zuen:

        — Niri ez galdetu, nik ez dut ezer ulertzen. Eserita nago, entzuten dut, neure buruaz pentsatzen dut...

        — Ez, zuk ulertu beharra duzu! —esan zuen Sofiak—. Ezinezkoa da emakume batek musika ez ulertzea, batik bat triste badago...

        Indarrez sakatu zituen teklak eta garrasi ozena eragin zien, norbaitek bera ukitzen duen albiste izugarri bat jasotzean, bihotza erdiraturik, jaregingo lukeen hots zirraragarriaren antzekoa. Ahots gazte batzuk dardarka hasi ziren, beldurrez, eta presaka, nahasirik, norabait alde egin zuten; berriro egin zuen oihu lehengo ahots ozen, koleratsuak, gainerako hots guziak estaliz. Nonbait, ezbeharren bat gertatua zen, baina ez zuen auhenik eragiten, ezpada kolera. Gero, norbait samurra eta sendoa agertu eta kanta xume eder bat abesten hasi zen, limurkor, bere atzetik joateko dei eginez.

        Amaren bihotza jende hari zerbait ona esateko irrikaz zegoen. Irribarre egiten zuen, musikaz hordituta, neba eta arrebaren alde zerbait baliagarria egiteko gauza zela sentituz.

        Eta begiez egitekoren baten bila aritu ondoren, zaratarik atera gabe sukaldera joan zen samovarra piztera.

        Baina irrika hori ez zen desagertu eta, tea zerbitzatzen zuen bitartean, hizketan hasi zen, aztoraturik erdi irribarre eginez, haiekin hainbanatu nahi zuen samurtasunaren hitz epelez bere bihotza ferekatuz bezala:

        — Guk, bizimodu arrunteko herri xeheak, dena antzematen dugu, baina zail zaigu adierazten, eta lotsatu egiten gara gauzak ulertu bai baina azaltzeko gai ez garelako. Eta sarri askotan, lotsa hori dela eta, geure pentsamenduekin haserretzen gara. Bizitzak alde guztietatik jo eta sastatzen gaitu, atseden hartu nahi dugu, baina pentsamenduek ez digute uzten.

        Nikolaik betaurrekoak garbitzeaz batera entzuten zion; Sofiak begi handiak zabal-zabal jarrita begiratzen zion, itzaliz zihoan zigarroaz ahaztuta. Pianoaren alboan erdi trabes eserita zegoen, eta noizean behin bigunki ukitzen zituen teklak eskuineko atzamar finez. Amak, presati, hitz xume eta zintzoz janzten zituen bere sentimenduak, eta akordeak kontuz elkartzen ziren haren solasarekin.

        — Nik orain zerbait esan ahal izango dut bai nitaz eta bai jendeaz, ulertzen hasia naizelako, orain badut alderatzerik. Lehen zerekin alderaturik ez nuela bizi nintzen. Gure inguruan berdina da guztien bizimodua. Baina orain besteak nola bizi diren ikusten dut, ni neu nola bizi nintzen gogoratzen dut eta... mingotsa da, latza!

        Ahotsa apaldu eta hizketan jarraitu zuen:

        — Baliteke nik hanka sartzea, agian ez dago hori esan beharrik, zuek dena dakizue eta...

        Negar hotsa sumatzen hasi zen haren mintzoan, eta, begietan irribarrea zuela biei so eginez, esan zuen:

        — Baina bihotza zabaldu nahi dut zuen aurrean, ongia, zori ona opa dizuedala ikus dezazuen!

        — Badakusagu! —esan zuen Nikolai ahapeka.

        Baina ezin zuen bere nahia ase eta berriro hitz egiten zien berarentzat berria zen eta garrantzi handiko zeritzon horretaz. Irainez eta sufrimendu iraunkorrez betetako bere bizitzari buruz hitz egiten hasi zen, arrangurarik gabe mintzatzen zen, gupidazko sasi-irribarrea ezpainetan, egun tristeen bilduma grisa aletuz, senarraren jipoiak banan-banan aipatuz, eta harritu egiten zen jipoi haien zergatien huskeriaz eta berak itzuri egiteko erakusten zuen gaitasun ezaz...

        Neba-arrebek isilik entzuten zioten, gogoa erorita, jendeak animaliatzat hartua zuen eta luzaroan eta etsipenez bere burua besteek iritzi bezalako sentitu izana zuen gizaki horren historia xumearen esanahi sakonak hunkiturik. Bazirudien milaka bizitza mintzo zirela haren ahotik; haren bizimodua guztiz arrunta eta agizkoa zen, baina lurrean ezin konta ahala gizabanakoren bizimodua harena bezain arrunta eta agizkoa zen, eta horrek sinbolo bihurtzen zuen amaren historia. Nikolaik mahai gainean paratu zituen ukondoak eta, burua esku ahurretan jarrita, mugitu gabe begiratzen zion betaurrekoen atzetik, begiak arretaz nareturik. Sofia aulkiaren bizkarraldean bermatu zen eta, tarteka zirgit eginez, ezezka eragiten zion buruari. Ez zuen erretzen eta haren aurpegia inoiz baino argalago eta zurbilago zegoen.

        — Behinola dohakabe sentitu nintzen, nire bizitza eldarnio hutsa zela iruditzen zitzaidan —hasi zen Sofia ahapeka, burua beheraturik—. Erbestean nengoen, probintzietako herrixka kaxkar batean; zereginik ez neukan, ezta nortaz pentsatu ere, nitaz izan ezik. Beste egitekorik ez neukanez, nire ezbehar guztiak bildu eta kontuak ateratzen hasi nintzen: maite banuen ere, aitarekin etsaitu nintzen; institututik bota ninduten eta irain egin zidaten; kartzela, oso maitea nuen lagunkide baten traizioa, senarraren atxiloketa, berriro kartzela eta desterrua, senarraren heriotza. Eta orduan, munduko gizakirik dohakabeena nintzela iruditzen zitzaidan. Baina nire zoritxar guztiak, eta hamar halako ere, ez dira zure bizitzako hilabete bakar batean jasan dituzunak adina, Pelageia Nilovna... Urtez urte, egunero jasandako tortura hori... Jendeak nondik ateratzen du sufritzeko indarra?

        — Ohitu egiten da! —erantzun zuen Vlasovak hasperen egin ondoren.

        — Eta ni bizitza ezagutzen nuelakoan nengoen! —esan zuen Nikolaik pentsakor—. Baina hari buruz ez liburuek, ez nire behaketa osagabeek, baizik eta bizitzak berak hitz egiten duenean, izugarria da! Izugarriak dira txikikeriak, izugarriak huskeriak, urteak osatuz pilatzen diren minutuak...

        Solasa haziz eta hedatuz zihoan, bizitza iluna alde guztietatik inguratuz. Ama bere oroitzapenetan murgiltzen zen eta, iraganaren ilunpetik eguneroko irainak atereaz, gaztaroa hondatua zion izu mutuaren irudi penagarria osatzen zuen. Azkenik, esan zuen:

        — Ene, nekatuko zaituztet nire berriketarekin, atseden hartu beharra duzue! Ez dago dena kontatzerik...

        Neba-arrebek agur egin zioten isilik. Amari iruditu zitzaion Nikolaik ohi baino buru-makurtu handiagoa egin eta eskua indartsuago estutu ziola. Sofiak logelaraino lagundu eta, atean geldirik, ahapeka esan zion:

        — Atseden hartu, ondo lo egin!

        Haren ahots doinua epela zen, begi grisek maitekiro laztandu zuten amaren aurpegia...

        Berak Sofiaren eskua hartu eta, bere esku artean estutuz, erantzun zion:

        — Eskerrik asko!

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia