II
Handik lau egunera jo zuen Nikolairengana. Bi kaiza aldean zeramala telegan auzotik irten zenean, atzerantz jiratu eta bat-batean sentitu zuen betiko uzten zuela leku hura, zeinetan bere bizitzako garai ilun eta latz bat igaro eta zoritxar eta alaitasun berriz jositako beste bat hasia baitzen, egunak ziztu bizian irensten zituena.
Hor zegoen fabrika, kedarrak belztutako lurraren gainean, armiarma gorbeltz erraldoi baten antzeko, tximinia luzeak zerura goraturik. Langileen solairu bakarreko etxetxoak trinko pilaturik zeuden haren inguruan. Grisak, zapalak, multzo iluna osatzen zuten zingiraren ertzean eta leiho txiki argilunek kexati begiratzen zioten elkarri. Eta haien gainetik, eliza, hura ere gorri iluna, fabrika bezalakoa, kanpandorrea fabrikako tximiniak baino baxuagoa.
Amak hasperen egin eta atorraren idunekoa egokitu zuen, eztarria estutzen baitzion.
— Arre! —murduskatzen zuen gurtzainak, hedeak zaldiaren gainean astinduz. Adin mugaezineko gizon zangokerra zen, ile margul bakanak zituen aurpegian eta buruan, eta kolore zehaztugabeko begiak. Batera eta bestera balantzaka, oinez zihoan gurdiaren alboan, eta gauza nabaria zen berdin ziola hona edo hara, ezkerretara edo eskuinetara joateak.
— Arre! —esaten zuen ahots margulez, lokatz lehorrez zikindutako bota astunekiko zango okerrak modu barregarrian mugituz. Amak inguruetara begiratu zuen. Landa hutsik zegoen, beraren arima bezala...
Burua tristuraz kulunkatuz, zaldiak astunki bermatzen zituen hankak eguzkiak berotutako bide hondartsuan, karraskots apala sortuz. Kirrinka egiten zuen txarto koipeztatutako gurdi kaskarrak, eta soinu guztiak atzean geratzen ziren hautsarekin batera...
Nikolai Ivanovitx hiribarrenean bizi zen, kale bakarti batean, zaharraren zaharrez hormak sabelduta zituen bi solairuko etxe goibel bati hegalean itsatsitako estalpe berde batean. Estalpearen aurrean lorategi txiki baina joria zegoen, eta lili sortek, arkaziek eta zurzuri gazteen hosto zilarrikarek eztiro begiratzen zuten etxebizitzaren hiru geletako leihoetara. Gelak isil eta garbi zeuden, itzal dardaratiek irudi bitxiak osatzen zituzten zoruan, hormetan liburuz jositako apal ugari zegoen eta hor-hemenka eskegita aurpegiera zorrotzeko pertsonen erretratuak ageri ziren.
— Eroso egongo zara hemen? —galdetu zuen Nikolaik ama gela txikitxo batera sarraraziz. Bi leiho zituen, batak lorategira ematen zuen, eta besteak belarrez oparo jantzitako etxarte batera. Gela horretako hormak ere liburuekiko armairu eta apalez beteta zeuden.
— Hobeto nengoke sukaldean! —esan zuen amak—. Sukaldetxoa argitsua da, txukuna...
Amari iruditu zitzaionez, Nikolai zerbaiten beldur zen. Baina bat-batean alaitu zen, baldarki eta aztoraturik asmo hori burutik kentzen ahalegindu ondoren berak amore eman zuenean.
Giro berezia zegoen hiru gela horietan: erraza eta atsegina zen arnasa hartzea, baina ahotsa berez apaltzen zen, ez zuen hots ozenik atera nahi, beren baitara bildurik hormetatik begiratzen zuten pertsona haien gogarte baketsua ez eragoztearren.
— Lore hauek ura behar dute! —esan zuen amak, leihoetan zeuden lorapoteetako lurra haztatuz.
— Bai, bai! —erantzun zuen etxearen jabeak, errudun eitean—. Nik gogoko ditut, baina begira, ez dut zaintzeko astirik...
Amak arretaz erreparatzen zion, eta jabetzen zen Nikolai kontu handiz mugitzen zela baita bere etxe abegikorrean bertan ere, inguruan zuenarekiko arrotz eta urruneko bailitzan. Aurpegia ikusi nahi zuenaren pareraino hurbildu eta, eskuineko atzamar finez betaurrekoak ondo kokaturik, isileko galdera imintzioz, interesatzen zitzaion gauzakian finkatzen zituen begi naretuak. Batzuetan, gauza bat eskuan hartu, aurpegira hurbildu eta begirada arretatsuz aztertzen zuen: bazirudien amarekin batera etorria zela etxe horretara eta, hark bezala, berak ere ezezagun eta ezohiko zeritzola bertan zegoen guztiari. Nikolai hala ikusita, luze gabe ama bere etxean bezala sentitu zen gela haietan. Nikolairen atzetik ibiltzen zen, gauza bakoitza non zegoen behatzen eta bere bizimoduari buruzko galderak egiten. Nikolaik gauzak behar den moduan egiten ez dituela baina bestela egiteko gauza ez dela dakien pertsonaren erruduntasun doinuaz erantzuten zion.
Loreak ureztatu eta pianoaren gainean barreiaturik zeuden musika-koadernoak txukun pilatu ondoren, samovarrari begiratu eta ohartarazi zuen:
— Garbitu beharra dago...
Nikolaik metal hitsaren gainetik pasatu zituen atzamarrak, bat sudurrera hurbildu eta serio begiratu zion. Amak erdi irribarre egin zuen maitekiro.
Lotara joan eta egun horretako gorabeherak gogoratu zituenean, harriturik altxatu zuen burua burkotik, inguruetara so eginez. Bere bizitza osoan aurreneko aldiz zegoen pertsona arrotz baten etxean, eta horrek ez zuen larritzen. Arduratsu pentsatzen zuen Nikolaiz, gauzak ahal bezain ondo egiteko eta haren bizitzan samurtasun eta maitasun apur bat sartzeko gogoa sentitzen zuen. Bihotza hunkitzen zioten Nikolairen baldartasunak, moldagaiztasun barregarriak, gauza arruntekiko urruntasunak eta haren begi argitsuetan nolabaiteko umetasunez distiratzen zuen jakituriak. Gero, semearengan pausatu zen amaren pentsamendua, aurrean Maiatzaren Lehena ikusi zuen berriro, baina soinu berriz jantzita eta esanahi berriz hornituta. Eta, gainerako guztia bezala, egun hartako samindura ere bestelakoa zen orain: ez zen konortea galarazi eta burua lurrerantz makurrarazten zuen ukabilkada dorpe bat, orain milaka eztenkadaz ziztatzen zuen bihotza, erresumin isila piztuz eta bizkar konkortua zuzen jarraraziz.
«Mundutik doaz gure seme-alabak» pentsatzen zuen, belarria hiriko gaueko bizitzaren hots ezezagunetara jarrita. Leiho irekiraino lerratzen ziren, lorategiko hosto artean fir-firan, urrundik iristen ziren hegaka, nekatuak, zurbilak, eta apalki isiltzen ziren gelan.
Goizean goiz, samovarra garbitu, urari irakinarazi eta ontziak jaso zituen zaratarik atera gabe, eta gero, sukaldean eserita, zain geratu zen Nikolai noiz esnatuko. Haren eztula entzun zuen, eta atean agertu zen, esku batez betaurrekoei eutsiz eta bestea eztarrian jarrita. Haren agurrari erantzun ondoren, gelara eraman zuen samovarra. Nikolai garbitzen hasi zen, zorua urez bustiz, xaboia eta hortzeskubila erortzen utziz, eta bere buruarekin purrustadaka.
Tea hartzen zuten bitartean, Nikolaik azaldu zion:
— Oso lan tristea egiten dut zemstvoko kontseiluan: gure nekazariek nola porrot egiten duten aztertzen dut...
Eta, erruduntasunez irribarre eginez, berriro ekin zion:
— Jendea, goseak ahituta, goizegi joaten da hilobira, haurrak ahul jaiotzen dira, eta hil, euliak udazkenean bezala; guk badakigu hori guztia, zoritxarraren zioak ezagutzen ditugu, eta soldata jasotzen dugu hori aztertzeagatik. Eta besterik ez, egia esan...
— Eta zu zer zara, ikaslea? —galdetu zion amak.
— Ez, irakaslea naiz. Nire aita Viatkako lantegi bateko zuzendaria da, eta nik irakasle izatea erabaki nuen. Baina herrian mujikei liburuxkak ematen nizkiela eta, kartzelan sartu ninduten. Kartzelatik irtendakoan, saltzaile aritu nintzen liburu-denda batean, baina ez nuen zuhur jokatu eta kartzelara joan nintzen berriro, gero Arkhangelskera erbesteratu ninduten. Han ere hainbat tirabira izan nuen gobernadorearekin eta Itsaso Zuriko kostaldera bidali ninduten, eta bost urte eman nituen hango herrixka batean.
Haren ahotsa bare eta leun entzuten zen eguzkiak dirdiratsu argitutako gelan. Amak horrelako istorio asko entzunak zituen lehenago ere, eta inoiz ez zuen ulertzen zergatik kontatzen zituzten horren lasaitasun handiz, ezinbestean gertatu beharrekoak balira bezala.
— Gaur nire arreba etorriko da! —jakinarazi zion.
— Ezkonduta dago?
— Alarguna da. Senarra Siberian erbesteratuta egon zen, baina ihes egin zuen eta orain dela bi urte atzerrian hil zen birikeriak jota...
— Zu baino gazteagoa da?
— Sei urte zaharragoa. Esker on handia zor diot. Entzun behar duzu nola jotzen duen! Pianoa berarena da... izan ere, hemengo gauza gehienak berarenak dira; liburuak nireak...
— Eta non bizi da?
— Leku guztietan! —erantzun zuen irribarre eginez—. Pertsona ausart baten beharra dagoen lekuan, hortxe dago bera.
— Bera ere auzi honetan sartuta dago? —galdetu zuen amak.
— Bai noski! —esan zuen Nikolaik.
Berehala joan zen lanera, eta ama egunez egun temati eta lasai jendeak aurrera zeraman «auzi horretaz» pentsatzen geratu zen. Eta gau ilunean mendi baten aurrean bezala sentitu zen haien aurrean.
Eguerdi aldera, soineko beltzez jantzitako dama garai eta lirain bat agertu zen. Atea ireki zionean, aldean zekarren maleta txiki horia lurrean utzi, berehalakoan amaren eskua hartu, eta galdetu zion:
— Pavel Mikhailovitxen ama zara, ezta?
— Bai —erantzun zuen amak, haren jantzi dotoreen eraginez aztoraturik.
— Nik irudikatzen zintudan bezalakoxea zara! Nebak berarekin biziko zinela idatzi zidan —zioen damak, ispiluaren aurrean txanoa eranzten zuen bitartean—. Pavel Mikhailovitx eta biok aspaldiko lagunak gara. Zutaz hitz egin dit behin baino gehiagotan.
Haren ahotsa apur bat zakarra zen; astiro hitz egiten zuen, baina kementsu eta bizkor mugitzen zen. Haren begi gris handiek irribarre egiten zuten gaztetasunez eta dirdiratsu, lokietan izpi antzeko zimur txikiak zituen jada, eta zilar koloreko ile urdin bakanek dirdira egiten zuten belarri txikien hegalaren gainean.
— Goseak nago! —adierazi zuen—. Kikara bete kafe edango nuke...
— Oraintxe prestatuko dut! —arrapostu zuen amak eta, armairutik kafeontzia hartzeaz batera, ahapeka galdetu zuen—: Pavelek nitaz hitz egin dizu?
— Luze...
Larruzko zigarrontzi txiki bat atera zuen, zigarro bat piztu eta., gelatik paseatuz, galdetu zuen:
— Zu oso beldur zara berari zer gertatuko, ezta?
Amak, alkoholezko labexkan kafeontziaren azpian dardarka ari ziren sugar urdinei begira, irribarre egiten zuen. Damaren aurrean sentitzen zuen aztoramena zeharo desagertua zen pozaren sakonean.
«Beraz, nitaz hitz egiten din, zein onbera den!» —pentsatzen zuen, eta aldi berean ahapeka zioen—: Jakina, gogorra da, baina lehen okerragoa zatekeen, orain badakit ez dagoena bakarrik...
Eta, emakumeari aurpegira begiratuz, galdetu zion:
— Eta nola duzu izena?
— Sofia! —erantzun zuen.
Amak arreta biziz aztertu zuen. Emakume horrengan bazen halako ozartasun bat, biziegia eta lehiatsuegia.
Kafea zurrupada arinez edaten zuen bitartean, ziurtasunez mintzatzen zen:
— Garrantzitsuena denak ahalik eta lasterren epaitzea da, kartzelan luzaz egon ez daitezen! Eta erbesteratu bezain laster Pavel Mikhailovitxen ihesa antolatuko dugu; bera ezinbestekoa da hemen.
Amak mesfidantzaz begiratu zion Sofiari. Honek, begiradaz zigarrokina botatzeko leku baten bila aritu ondoren, lorapote bateko lurrean sartu zuen.
— Loreak zimelduko ditu horrek! —ohartarazi zion amak hitzetik hortzera.
— Barkatu! —esan zuen Sofiak—. Nikolaik ere gauza bera esaten dit beti! —Eta zigarrokina potetik atera ondoren, leihotik kanpora bota zuen.
Amak aztoraturik begiratu zion aurpegira eta, errudun sentituz, esan zuen:
— Barkaidazu! Pentsatu gabe esan dut hori. Ez naiz nor zuri kargu hartzeko!
— Eta zergatik ez didazu kargu hartuko ni ganorabako hutsa banaiz? —arrapostu zuen Sofiak, bizkarrari gora eraginez—. Badago kafe gehiago? Eskerrik asko! Baina zergatik kikara bakarra? Zuk ez duzu edan behar?
Tupustean, amari sorbaldatik heldu eta, beregana ekarriz eta begietara so, harriturik galdetu zion:
— Baliteke zu larri egotea?
Amak, irribarrez, erantzun zion:
— Oraintxe bertan zigarrokinarena esan dizut, eta ea larri nagoen galdetzen didazu?
Eta, bere harridura ezkutatu gabe, galdera doinuz esan zuen:
— Atzo heldu nintzen zuenera, eta nire etxean egongo banintz bezala jokatzen dut, ez naiz ezeren beldur, nahi dudana esaten dut...
— Horrela izan behar! —egin zuen oihu Sofiak.
— Zorabiatu egiten naiz, eta arrotz deritzot neure buruari —jarraitu zuen—. Lehen, denbora luzea behar izaten zen pertsona ezagun bati bihotz-bihotzetik zerbait, edozer esan aurretik; orain, ordea, arima zabalik egoten da beti, eta hitzetik hortzera esaten duzu lehen pentsatu ere egiten ez zenuena...
Sofiak beste zigarro bat piztu zuen, isilean bere begi grisez amaren aurpegia samurki argitzen zuela.
— Ihesa antolatuko duzuela esan duzu? Baina, orduan, nola biziko da, iheslari? —esan zuen amak bere kezkaren zioa azalduz.
— Ez dago arazorik! —erantzun zuen Sofiak, kikara kafez betetzen zuen bitartean—. Makina bat iheslari bizi den moduan biziko da... Izan ere, oraindik orain haietariko baten bila joan naiz eta nonbaitera eraman dut; bera ere balio handiko gizona da, bost urterako erbesteratu zuten, baina hiru hilabete eta erdi besterik ez du eman desterruan...
Amak arretaz begiratu zion, irribarre egin eta, burua astinduz, ahapeka esan zuen:
— Bai, Maiatzaren Lehenak burua nahasi dit, antza! Ez da samurra niretzat, badirudi aldi berean bi bidetatik noala: batzuetan dena ulertzen dudala iruditzen zait, eta bat-batean lanbro artean sartzen naizela ematen du. Orain, esaterako, zuri begira nago: andere dotorea zara, eta borroka honetan sartuta zaude... Pasha ezagutzen duzu, eta estimatu egiten duzu, eskerrik asko...
— Tira, eskerrak zuri eman behar zaizkizu! —esan zuen Sofiak barrezka.
— Nik zer egin dut ba? Bide hori ez diot nik erakutsi! —esan zuen amak, hasperen eginez.
Sofiak kikararen platertxoan utzi zuen zigarrokina, buruari eragin zion eta adats urrekara ile xerlo sarritan hedatu zitzaion bizkarrean behera. Gero, gelatik irten zen, hala esan ondoren:
— Beno, bada garaia dotoretasun hau guztia gainetik kentzeko...
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda