XXIX
Bularrean bultzatu zuten. Begietako lanbroaz haraindi ofizial ziztrina ikusi zuen aurrean, haren aurpegia gorriturik eta zurrun zegoen, eta oihu egiten zion:
— Ospa hemendik, atso horrek!
Amak goitik behera begiratu zion, eta haren oin alboan banderaren haga ikusi zuen, bi zati eginda, eta haietariko batean oihal puska gorri bat. Makurtu eta lurretik jaso zuen. Ofizialak eskuetatik makila kendu, bazterrera bota eta, oin azpian zanpatuz, garrasi egin zuen:
— Ospa egiteko esan dinat!
Soldaduen artean abestia lehertu eta hedatzen hasi zen:
Gora, jaiki hadi, herri langilea...
Jira-biraka ari zen dena, zabuka, dardarka. Airean burrunba lodi kezkagarria entzuten zen, telegrafo-harien zurrumurru sorraren antzekoa. Ofizialak jauzi egin zuen, haserre biziz txilioka:
— Isilarazi kanta hori! Krainov sarjentu lehena...
Amak, kordoka, ofizialak lurrera botatako haga zatira hurbildu eta berriro jaso zuen.
— Mututu aho horiek!
Kanta lardaskatu, dardaratu, urratu eta iraungi egin zen. Baten batek sorbaldatik oratu zion amari, jirarazi eta bizkarrean bultzatu zuen:
— Hoa, hoa...
— Hustu kalea! —oihukatzen zuen ofizialak.
Amak jende multzo trinkoa ikusi zuen berriro beregandik hamar pausora. Orro, purrustada, txistu egiten zuten eta, astiro kalearen muturrerantz atzeraka, etxarteetatik barreiatzen ziren.
— Hanka, demonio hori! —garrasi egin zuen amaren belarri ondoan soldadu gazte bibotedun batek, parean jarrita, eta espaloira bultzatu zuen.
Ibiltzen hasi zen, hagan bermaturik, hankek eusten ez ziotela. Ez erortzeko, beste eskuaz horma eta hesiei heltzen zien. Haren aurrean atzeraka zihoan jendea, alboan eta atzean soldaduak zetozen, oihuka:
— Alde, alde...
Soldaduek aurreratu zutenean, gelditu eta inguruetara begiratu zuen. Kalearen amaieran soldadu gehiago zegoen, plazako sarbidea ixten zuen ilara mehatza osatuz. Plaza hutsik zegoen. Aurrean ere irudi grisak ikusten zituen, jendearen atzetik astiro mugitzen zirenak...
Atzera itzuli nahi zuen, baina, gogoz bestera, aurrera abiatu zen berriro, eta kalexka mehar huts batera iritsi zelarik, bertatik jo zuen.
Berriz gelditu zen. Hasperen sakona egin eta belarria zorroztu zuen. Han aurrean, nonbait, jendetzaren burrunba entzuten zen.
Hagan bermaturik, aurrera jarraitu zuen, bekainak mugituz, bat-batean izerditan, ezpainei eraginez, besoa astinduz; bihotzean, txinpartak bailiran, hitz zehaztugabeak pizten zitzaizkion, su hartzen zuten, elkarren gainean pilatzen ziren, esateko, oihukatzeko irrika eustezin, ahaltsua sortuz...
Kalexkak bat-batean ezkerretara egiten zuen bihurgune batera iritsi zen, eta kantoiaz bestaldean jende mordo handia ikusi zuen; norbaiten ahots sendo eta mena entzuten zen:
— Lagunok, inork ez die baionetei aurre ematen bihurrikeriatan aritzeagatik soilik!
— Nolakoak diren, e? Haien kontra zetozen, eta haiek tinko! Tinko, lagunok, beldurrik gabe...
— Ez da makala Pasha Vlasov hori!
— Eta jojola?
— Eskuak bizkarrean, irribarrez, deabru halakoa...
— Laztanak! Enetxoak! —oihu egin zuen amak, jendartean pasabidea urratuz. Jendeak lekua egiten zion begirunez. Norbait barrez hasi zen:
— Begira, bandera dauka! Bandera darama eskuan!
— Isilik! —esan zuen beste batek, doinu latzez.
Amak parez pare zabaldu zituen besoak...
— Entzun ezazue, jainkoarren! Zuek guztiak gutarrak zarete... jende ona zarete... begiratu beldurrik gabe; zer gertatzen da? Mundutik doaz gure seme-alabak, gure odola, egiaren bila doaz... denontzat! Nekabide latza hartu dute zuengatik, zuen haurtxoengatik... egun argitsuak bilatzen dituzte. Mundu berri bat nahi dute, egia eta justizia... denontzako ongia nahi dute!
Erdibiturik zeukan bihotza, estu bularra, lehor eta sutan eztarria. Dena eta denak besarkatzen zituzten amodiozko hitz handiak ernatzen zitzaizkion barne-muinetan, mihia erre eta geroz eta kemen eta askatasun handiagoz mugiarazten zioten.
Denek isilik entzuten ziotela zekusan, inguruan bildurik hausnarrean zeudela antzematen zien, eta barnean indar handiagoz hazi zitzaion jende hori semearen atzetik, Andreiren atzetik, bakarrik utzita soldaduen eskuetan abandonatu berriak zituzten guztien atzetik bultzatzeko gogoa, ordurako erabat argi zekusana.
Inguruan zituen aurpegi beltzuri, arretatsuei begira, hizketan jarraitu zuen indar bigunez:
— Mundutik doaz gure seme-alabak zorionaren bila, guztion onurarako eta Kristoren egiaren izenean; jende maltzur, makur eta zikoitz horrek gu gatibatu, lotu eta zapaltzeko baliatzen duen guztiaren aurka jo dute! Nire bihotzekook! Gure odoleko gazteak herri guztiaren alde altxatu dira, mundu guztiaren alde, langile guztien alde ari dira borrokan! Ez aldendu haiengandik, ez ukorik egin, ez utzi zuen seme-alabak bide bakartian. Zeuen buruaren erruki izan... uste sendoa izan haien bihotzengan, egia jaioarazi dute eta harengatik hiltzen dira. Uste osoa izan!
Ahotsa kraskatu zitzaion, kordoka hasi zen, ahiturik, eta baten batek besotik eutsi zion...
— Jainkoa bera ari da hizketan! —oihu egin zuen norbaitek, hunkiturik eta ahots garratzez—. Jainkoa bera, bihotz zabaleko jendea! Entzun!
Beste batek, errukiz beterik:
— Ai, nola sufritzen duen!
Destainaz ihardetsi zioten:
— Horrek ez du sufritzen; gu, ergel halakook, zirikatu nahian dabil, ea ulertzen duzun!
Taldearen gainetik ahots dardarati ozen bat altxatu zen:
— Ortodoxo jendea! Nire Mitia arima garbikoa da, zer egin du? Bere lagunkideekin, bihotzeko lagunekin joan... Arrazoi du honek. Zergatik uko egin gure seme-alabei? Gaizkirik egin al digute?
Hitz horiek zirgit eragin zioten amari, eta malko gozoz erantzun zien.
— Hoa etxera, Nilovna! Hoa, ama! Leher eginda hago! —esan zuen Sizovek goraki.
Zurbil zegoen, bizarra txima-jario eta dardarka. Bat-batean, bekokia zimurtu zuen, begi zorrotzez guztiei begiratu, tente-tente jarri eta era adigarrian esan zuen:
— Matvei, nire semea, zapalduta hil zen fabrikan, badakizue. Baina bizirik balego, neronek bidaliko nuke haiengana, neronek esango nioke: «Hoa hi ere, Matvei! Hoa, borroka zuzena duk, kausa ona duk!»
Hitzaldia eten eta isilunea egin zuen; gainerako guztiak ere isilik zeuden, kopetilun, handia eta berria izanagatik ordurako beldurrik eragiten ez zien zerbaitek mendean hartuta. Sizovek eskua jaso, airean astindu eta hizketan jarraitu zuen:
— Zaharra naiz, denok ezagutzen nauzue! Hogeita hemeretzi urte eman ditut hemen lanean, berrogeita hamahiru urte dira bertan bizi naizela. Gaur berriro harrapatu dute nire iloba, mutil zintzo eta buruargia. Bera ere aurrean zihoan, Vlasovekin batera, banderaren alboan...
Eskuari eragin zion, konkortu zen eta, amari eskutik heldu ondoren, esan zuen:
— Emakume honek egia esan du. Gure seme-alabek gizalegez eta zentzuz bizi nahi dute, eta guk bazterrean utzi ditugu, haiengandik aldendu gara! Hoa, Nilovna...
— Nire bihotzekook! —esan zuen, begi malkoz beteak guztiengan jarrita—. Gure seme-alabentzat da bizitza, haientzat da lurra!
— Hoa, Nilovna! Tori, har ezan makila —esan zuen Sizovek haga zatia emateaz batera.
Hara bildutakoek tristuraz eta adeitasunez begiratzen zioten amari, barnean sentitzen zuten gupida marmarka adieraziz. Sizovek pasabidea urratzen zion isilik, jendea alboetara baztertzen zen hitzik atera gabe eta, halako indar ikusezin batek bultzaturik, haren atzetik abiatzen ziren presarik gabe, ahopetik hitz laburrak esanez elkarri.
Etxeko atean, haiengana jiratu zen ama, banderaren haga puskan bermaturik, buru-makurtua egin eta, esker onez, ahapeka esan zien:
— Eskerrik asko guztioi...
Eta atzera ere bere gogoetaz, bihotzak sortutako zeritzon gogoeta berri horretaz oroiturik, esan zuen:
— Jesukristo gure jauna bera ere ez zen izango, jendea beragatik hil ez balitz...
Jendaldeak isilean begiratzen zion.
Guztiei beste kilimusi bat egin eta etxera sartu zen. Sizov, burua makurturik, harekin batera sartu zen.
Jendea ate alboan geratu zen, honetaz eta hartaz mintzatzen.
Eta gero presarik gabe sakabanatu ziren.
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda