XXVIII

 

        Kalearen muturrean —zekusan amak—, horma gris baten antzera plazako sarbidea itxita, soldadu multzo aurpegi gabea zegoen. Berdin antzekoak ziren denak, bakoitzaren sorbalda gainean distira egiten zuen baionetaren zerrenda hotz meheak. Eta horma isil, zurrun hartatik bafada hotz bat lerratzen zen langileenganaino, amaren bularrarekin topo egin eta bihotzeraino sartzen zitzaion.

        Ozta-ozta jendartean sartu eta aurrealdera jo zuen, bere ezagunengana; bandera alboan zeuden ezezagunekin bat eginda, haiengan bermaturik bezala. Saiheska mugituz, estu alboratu zitzaion gizon garai bizargabe bati; begibakarra zen eta behingoan jiratu zuen burua amari so egiteko.

        — Nor haiz hi? —galdetu zion.

        — Pavel Vlasoven ama! —erantzun zuen, belaunetatik behera dardaraz zegoela eta beheko ezpaina erortzen zitzaiola sentituz.

        — A-a! —esan zuen begibakarrak.

        — Lagunkideok! —zioen Pavelek—. Bizitza osoan aurrera egin behar dugu, beste biderik ez dugu.

        Jendaldea isilik geratu zen, adi-adi. Bandera gorantz igo, zabu egin eta, buruen gainean ameslari dardaratuz, poliki mugitzen hasi zen soldadu horma griserantz. Laborriak harturik, amak begiak itxi eta auhen egin zuen: Pavel, Andrei, Samoilov eta Mazin, haiek laurak bakarrik bereizi ziren taldetik.

        Airean astiro dardaratzen hasi zen Fedia Mazinen ahots garbia:

 

                Borrokan hil zarete...

 

kantatzen hasi zen.

 

                Halabeharreko borrokan...

 

arrapostu zioten doinu apalagoz bi ahots mardulek, bi zinkurin astunen antzeko. Jendeak urrats bat eman zuen aurrera, nork bere kasa lurra oin azpian zapalduz. Eta beste kanta bat aireratu zen, adoretsu eta suspergarri.

 

                Ahal beste eman duzue haren alde...

 

sigi-sagaka goratu zen, xingola distiratsu baten irudiko, Fediaren ahotsa...

 

                Askatasunaren alde...

 

abesten zuten aho batez lagunkideek.

        — Ha-hara! —gaiztakeriaz oihukatu zuen norbaitek bazter batetik—. Hil-kanta abesten hasi zarete, sasikume alaenak!

        — Jo ezak hori! —burrunba egin zuen garrasi koleratsu batek.

        Amak eskuak bularrera bildu, inguruetara begiratu eta ikusi zuen jendetza, lehen kalea alderik alde trinko betetzen zuena, aiko-maiko eta ezbaian zegoela, bandera aurrera eramanik multzotik bereizi berriak zirenei begira. Haien atzetik hamarnaka batzuk zihoazen, baina aurrera emandako urrats bakoitzak albo batera jauzi eragiten zion norbaiti, kalearen erdiko aldea gori-gori egon eta oin-zolak erreko balitu bezala.

 

                Eroriko da nagusikeria...

 

iragartzen zuen kantak Fediaren ezpainetan...

 

                Eta altxatuko da herria!

 

gaineratu zuen, ziurtasunez eta mehatxuz, ahots sendoekiko koru batek.

        Baina ahapeka jaregindako hitzek kantaren jario harmoniatsua urratzen zuten:

        — Aginduak ematen ari da...

        Aurrealdean oihu gordina entzun zen:

        — Eskuan!

        Baionetak bihurriki kulunkatu ziren airean, behera etorri eta banderara zuzendu ziren, maltzurki irribarre eginez bezala.

        — Ma-artx!

        — Badatoz! —esan zuen begibakarrak eta, eskuak poltsikoetan sarturik, zangokada handia eman zuen saihetsera.

        Amak begiak kliskatu gabe begiratzen zuen. Soldadu baga grisa zabunkatu eta, kalearen zabalera osoan hedaturik, hoztasunez mugitzen hasi zen ezari-ezarian, aurrean zilarraren antzera distiratzen zuten altzairuzko hortzekiko orrazi mehatza zekarrela. Ama, oinkada luzez, semearen aldamenean ipini zen. Eta ikusi zuen nola Andrei ere zangokada batez Pavelen aurrean kokatu zen eta bere gorputz luzeaz babestu zuen.

        — Hator nire ondora, lagunkidea! —oihu egin zuen Pavelek gordinki.

        Andrei kantatzen ari zen, eskuak bizkar atzean uztarturik eta burua gora jasorik. Pavelek sorbaldan bultza egin eta berriro oihukatu zion:

        — Ondoan! Ez duk eskubiderik! Aurrean, bandera!

        — Sa-kabanatu! —garrasi egiten zuen ahots zoliz ofizial ziztrin txapar batek, sable zuria airean astintzen zuen bitartean. Oso gora jasotzen zituen hankak eta, belaunak malgutu gabe, erronkari zapaltzen zuen lurra oin-zolen azpian. Amaren begiek haren bota garbi distiratsuei erreparatu zieten.

        Haren aldamenean eta apur bat atzerago, astunki ibiliz zetorren bizargabeko gizon garai bat, bibote ileurdin lodikoa, forru gorriko beroki gris luzez eta mendel horiekiko galtza zabalez jantzia. Hark ere, jojolak bezala, eskuak bizkarrean uztarturik zituen, eta, bekain ileurdin sarriak goraturik, Paveli begiratzen zion.

        Amak gauza mordo mugagabea zekusan, garrasi ozena zeukan bularrean geldirik, zinkurin bakoitzean aire zabalera ihes egiteko gertu, arnasa hartzea eragozten zion, baina, eskuez bularra estuturik, hor barrean eusten zion. Bultza egiten zioten, hanken gainean aldaroka aurrera zihoan pentsatu gabe, ia konorterik gabe. Bere atzean gero eta jende gutxiago zegoela sumatzen zuen, olatu hotz batek haien kontra jo eta barreiatuko balitu bezala.

        Gero eta hurbilago zituen bandera gorria zeraman taldea eta soldadu grisezko katea trinkoa, argi eta garbi zekusan hauen aurpegia, kalea alderik alde hartua zuen zerrenda mehar hori eta zikin batean modu okaztagarrian zapaldurik. Zerrendan, nahas-mahas barreiaturik ageri ziren kolore ezberdinetako begiak, eta haren aurrean krudelki distiratzen zuten baioneten mutur zorrotzek. Jendearen bularretara zuzendurik, baionetek, artean inor ukitzera iritsi gabe, bata bestearen atzetik bazterrarazten zituzten langileak, gizaldea apurtuz.

        Amak ihesi zihoazenen oin hotsa entzuten zuen atzean. Ahots itoek urduri oihukatzen zuten:

        — Sakabanatu, mutilak...

        — Vlasov, azkar!

        — Atzera, Pavlukha!

        — Bota ezak bandera, Pavel! —esan zuen Vesovstxikovek gogoilun—. Ekarri hona, nik ezkutatuko diat!

        Eskuaz hagari heldu eta banderak zabu egin zuen atzerantz.

        — Aska ezak! —oihu egin zuen Pavelek.

        Nikolaik brastakoan kendu zuen eskua, erre balitz bezala. Iraungi zen kanta. Jendea gelditu eta Pavelen inguruan jarri zen, baina honek haien artetik igarobidea urratu eta aurrera jo zuen. Isiltasuna nagusitu zen, bat-batean, kolpetik, oharkabean goitik behera jaitsi eta jendea bildu zuen hodei ikusezin baten antzera.

        Banderaren azpian hogei bat lagun geratzen ziren, gehiagorik ez, baina irmo eusten zioten, eta berengana erakartzen zuten ama, haiengatiko izuak eta zerbait esateko gogo zehaztugabe batek bultzaturik...

        — Tenientea, har iezaiozu hori! —burrunba egin zuen zahar altuaren ahots zurrunak.

        Besoa luzaturik, bandera erakutsi zion.

        Ofizial ziztrin txaparra laster batean hurbildu zen Pavelengana, eta, eskua hagari erantsitakoan, zizkolatsu oihu egin zion:

        — Bota ezak!

        — Ken itzak eskuak! —esan zuen Pavelek ozenki.

        Bandera gorria, ezker-eskuin makurtuz, airean dardaratu eta tente jarri zen berriro; ofizial ziztrina atzera erori eta lurrean eserita geratu zen. Amaren aldamenetik, zalutasun ikaragarriz, ukabila estuturik eta besoa aurrera luzaturik zeramala, ziztu bizian igaro zen Nikolai.

        — Harrapa itzazue! —aldarri egin zuen zaharrak, lurra oin azpian zapalduz.

        Soldadu batzuek aurrera jo zuten oldarka. Haietariko batek fusilaren ipurtondoari eragin zion; banderak zabu egin zuen, behera erori eta soldadu mordoxka grisean desagertu zen.

        — Ai! —oihu egin zuen norbaitek kopetilun.

        Eta ama garrasika hasi zen, hots basati eta latzez. Baina erantzun gisa Pavelen ahots garbia iritsi zitzaion soldaduen artetik:

        — Ikusi arte, ama! Ikusi arte, maitea...

        «Bizirik zegon! Nitaz oroitu dun!» —birritan jo zuen amaren bihotzean.

        — Ikusi arte, ama maitea!

        Behatz puntetara zutiturik, eskuei eraginez, haiek ikusteko ahaleginak egiten zituen, eta soldaduen buruen gainetik Andreiren aurpegi biribila ikusi zuen: irribarrez zegoen, agur-keinuak egiten zizkion.

        — Nire laztanak... Andriusha!... Pasha! —oihukatzen zuen.

        — Ikusi arte, lagunkideok! —oihu egin zuten soldaduen artean.

        Oihartzun urratu batek erantzun zien hotsa behin eta berriro errepikatuz, leihoetan, hor goiko nonbait, teilatuetan.

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia