XXVII

 

        Kalera irten eta airean, urduri, ernai, giza ahotsen burrunba entzun zuenean, alde guztietatik etxeetako leiho eta ateetan semeari eta Andreiri jakin-minez begiratzen zieten jende multzoak ikusi zituenean, begiak lausotu zitzaizkion amari eta kolorez aldatzen zen orban bat sumatu zuen ikusmiran, aldizka berde gardena, aldizka gris uherra.

        Jendeak agurtu egiten zituen, eta agurretan bazen zerbait berezia. Amaren belarriek ahopean egindako oharpenak atzematen zituzten tarteka-marteka:

        — Hor doaz buruzagiak...

        — Guk ez dakigu nor diren buruzagiak...

        — Baina, nik ez dut hitz makurrik esan!

        Beste nonbait, etxarte batean, baten batek amorruz oihukatu zuen:

        — Poliziak harrapatuz gero, gorriak ikusiko dituzte!

        — Lehenago ere harrapatu izan dituzte!

        Emakume baten ahots larritua beldurrez jalki zen leihotik kalera:

        — Hire senera etorri! Zertan habil, ezkongabea haiz ala?

        Zosimov herrenaren etxe aurretik igaro zirenean, honek, zeini ezintasunaren kalte-ordain gisa fabrikak hileroko sorospidea ematen zion, burua leihotik kanpora atera eta oihu egin zuen:

        — Pashka! Gizatxar alaena, lepoa bihurrituko diate hire bilaukeriengatik, ederra jaso behar duk!

        Ama, ikaraturik, gelditu egin zen. Oihu horrek amorruzko sentimendu zorrotza piztu zion barnean. Elbarriaren aurpegi handitu, lodiari begiratu zion; hark burua ezkutatu zuen, biraoka. Orduan, urratsa biziturik, semearen parera joan zen eta, atzean ez gelditzeko ahaleginak eginez, orpoz orpo jarraitu zitzaion.

        Pavel eta Andrei, itxuraz, ez ziren ezertaz ohartzen, ez zituzten aditzen jendeak zuzentzen zizkien oihuak. Lasai zihoazen, presarik gabe. Halako batean, Mironovek, zeraman bizimodu doi eta zintzoagatik jende guztiak errespetatzen zuen adineko langile xumeak gerarazi zituen.

        — Zuk ere ez duzu lanik egiten, Danilo Ivanovitx? —galdetu zion Pavelek.

        — Nire emaztea erditzear dago. Eta gainera, eguna ez da batere lasaia! —azaldu zion Mironovek, lagunkideei arretaz begiratuz, eta ahapeka galdetu zuen:

        — Mutilok, diotenez, iskanbila sortu nahi diozue zuzendariari, kristalak hautsiko omen dizkiozue.

        — Mozkortuta gaude ala? —egin zuen oihu Pavelek.

        — Kalez kale banderekin ibili eta kantak abestu besterik ez dugu egingo! —esan zuen jojolak—. Entzun itzazu gure kantak, gure ideiak aldarrikatzen dituzte!

        — Ezagunak ditut zuen ideiak! —esan zuen Mironovek pentsakor—. Paperak irakurri ditut. Hara, Nilovna! —jaregin zuen, begi azkarrez amari irribarre egiten ziola—. Hi ere matxinaturik habil?

        — Heriotzaren aurrez aurre bada ere, egiaren aldean ibili beharra zegok!

        — Hara bestea! —esan zuen Mironovek—. Beraz, egia dun hitaz esaten dutena, fabrikara liburuxka debekatuak eramaten ditunala alegia!

        — Nork esaten du hori? —galdetu zuen Pavelek.

        — Batek daki, esan egiten da! Beno, agur, eutsi gogor!

        Amak barre egiten zuen ahopetik, atsegin zitzaion berari buruz jendeak horrelako gauzak esatea. Pavelek irribarre maltzurrez esan zion:

        — Azkenean hi ere kartzelara joango haiz, ama!

        Eguzkia gero eta gorago zegoen, eta bere epeltasuna igortzen zion udaberriko egunaren hozkirri adoretsuari. Hodeiak astiroago mugitzen ziren zeruan barrena, haien itzalak gero eta meheago eta gardenago bihurtuz zihoazen. Leunki lerratzen ziren kaleetatik eta etxeetako teilatuetatik, jendea biltzen zuten eta, auzoa garbitzen jardungo balute bezala, lokatza eta hautsa ezabatzen zituzten horma eta teilatuetatik, eta gogaitasuna aurpegietatik. Alaitasuna nagusituz zihoan, ahotsek ozenago oihukatzen zuten, urrunean makinek ateratzen zuten zaratotsa estaliz.

        Berriro ere, bazter guztietatik, leihoetatik, etxarteetatik, arrastaka eta hegaka, hitz kezkagarri eta makurrak, bizi eta alaiak iristen ziren amaren belarrietara. Baina oraingoan ihardesteko, eskertzeko, azaltzeko gogoa zuen, egun hartako ohi ez bezalako bizitza nabarrean murgiltzeko gogoa zuen.

        Kantoi baten atzean, kale mehar batean, jende multzo bat bilduta zegoen, ehun lagun inguru, eta haien erdian Vesovstxikoven ahotsa entzuten zen.

        — Odola hurrupatzen digute, aranari zukua bezala! —hitz trakets horiek jendearen buru gainera erortzen ziren.

        — Egia da! —erantzun zuten zenbait ahotsek batera, doinu ozenez.

        — Ahaleginak egiten ditu mutikoak! —esan zuen jojolak—. Tira, lagunduko diot!

        Makurtu egin zen eta, Pavelek geldiarazteko astirik izan baino lehen, jendetzan sartu zuen, ginbaleta kortxoan bezala, bere gorputz luze eta zalua. Haren ahots melodiatsua entzun zen:

        — Lagunkideok! Diotenez, lurbiran hainbat herri bizi dira: hebraitarrak eta alemaniarrak, ingelesak eta tatariarrak. Baina nik ez dut sinesten hori! Bi herri besterik ez dago, bi arraza adiskidezin: aberatsak eta pobreak! Jendearen janzkera eta hizkera ezberdinak dira, baina errepara ezazue aberats frantses, alemaniar eta ingelesek nola tratatzen duten herri langilea, eta konturatuko zarete haiek guztiak berdinak direla langileriarentzat: lapur ziztrin hutsak; barne-erraiak lehertuko ahal zaizkie!

        Jendetzan barrez hasi zen norbait.

        — Eta beste alde batetik begiratzen badiogu, zer ikusiko dugu? bada, langile frantsesak, eta tatariarrak, eta turkiarrak, zakurrak baino txartoago bizi direla, hain zuzen ere gu, Errusiako herri langilea bezalaxe!

        Kale nagusitik gero eta jende gehiago iristen zen; bata bestearen atzetik, isilean, lepoa luzatuz, behatz puntetan zutiturik, ozta-ozta sartzen ziren kalexkara.

        Andreik ahotsa goratu zuen.

        — Atzerrian ere langileek egia biribil hori ulertu dute, eta gaur, Maiatzaren Lehena ospatzen dugun egun argitsu honetan...

        — Polizia! —oihukatu zuen norbaitek.

        Kaletik zaldizko lau polizia sartu ziren kalexkara eta, ustak airean astinduz, jendearen kontra jo zuten zuzen-zuzenean, garrasika:

        — Sakabanatu!

        Jendeak, bekozko ilunez, desgogara bide egiten zien zaldiei. Batzuk harresietara igo ziren.

        — Zerriak zaldi gainera igo dira, eta kurrinkaz diote: hona hemen gu, buruzagiok! —oihu egin zuen ahots ziztatzaile ozen batek.

        Jojola bakarrik geratu zen kalexkaren erdian. Bi zaldik, buruei eraginez, harengana jo zuten. Alde batera egin zuen, eta une hartantxe amak besotik heldu eta arrastaka eraman zuen bere atzetik, erremuskadaka:

        — Pasharen alboan egongo zinela hitz eman didazu, eta konturatu orduko otsoaren eztarri-zuloan sartu zara zu bakarrik!

        — Barkatu! —esan zuen jojolak irribarrez.

        Arian-arian, neke akigarri eta larrigarri bat jabetzen ari zen Nilovnaz, barne-muinetan hazi eta zorabioa sortzen zion buruan, bihotzean tristura eta poza era bitxian aldizkatuz. Bazkalorduko sirenak albait lasterren jo zezan irrikatzen zegoen.

        Plazara irten ziren, eliza aldera. Jende multzo handia zegoen pilatuta haren inguruan, bostehun bat gazte eta umetxo alai bazen han, murruaren alboan zutik edo eserita. Gizataldea zabuka ari zen, jendeak burua urduri jaso eta urrunera begiratzen zuen, bazter guztietara, ezinegonez zain. Halako kitzikapen zehaztugabe bat antzematen zitzaien guztiei, batzuek nahasirik begiratzen zuten, beste batzuek ausart itxurak egiten zituzten. Apal entzuten ziren emakumeen ahots itoak, gizonezkoek bizkar ematen zieten haserre, ahopetik esandako araoek urratzen zuten noizbehinka airea. Tirabira garratzen marmar isilak jendetza nabar hura biltzen zuen.

        — Mitienka! —dardaratu zen, ahapeka, emakume baten ahotsa—. Erruki izan heure burua...

        — Ixo! —durundatu zen erantzuna.

        Sizov patxadaz, edonor limurtzeko moduan mintzatzen zen bere ahots lasaiaz:

        — Ez, ezin ditugu gazteak albora utzi! Gu baino zentzudunagoak dira, gu baino ausardia handiagoz bizi dira! Nork defendatu zuen gure kopeka zingiraren auzian? Haiek! Gogoan gorde beharra dago hori. Eta horren ondorioz haiek sartu zituzten kartzelan, baina denok atera genuen onura handik!

        Orroka hasi zen sirena, ulu beltzaz jendearen zurrumurrua irentsiz. Jendetzak zirgit egin zuen, eserita zeudenak hanka gainean jarri ziren, minutu batez geldi-geldirik geratu zen dena, ernai, eta zurbildu egin zen aurpegi asko.

        — Lagunkideok! —burrunba egin zuen Pavelen ahotsak, ozen eta sendo. Lanbro lehor, bero batek begiak erre zizkion aman, eta bat-batean indarberritutako gorputzaren mugimendu bakar batez semearen atzean kokatu zen. Pavelengana jiratzen ziren denak, haren ingurura bilduz, burdin birrinak iman puskara bezala.

        Amak aurpegira begiratzen zion eta begiak soilik ikusten zizkion, harro eta ausart, kiskalgarri...

        — Lagunkideok! Nor garen argi eta garbi adieraztea erabaki dugu, gaur gure bandera jasoko dugu, arrazoiaren, egiaren, askatasunaren bandera!

        Haga zuri eta luze bat lipar batez airean agertu, beheratu, jendetza urratu, eta haren barnean ezkutatu zen; une bat geroago, jendearen aurpegi gorantz jasotakoen gainetik agudo altxatu zen herri langilearen banderaren oihal zabala, hegazti gorri baten irudiko.

        Pavelek gora jaso zuen eskua eta hagak zabu egin zuen; orduan, dozenaka eskuk makila zuri leunari eutsi zioten, eta haien artean amaren eskua zegoen.

        — Gora herri langilea! —oihu egin zuen Pavelek.

        Ehunka ahotsek erantzun zioten, garrasi burrunbatsua osatuz.

        — Gora langileen alderdi sozialdemokrata, gure alderdia, lagunkideok, gure gogoaren aberria!

        Jendetza bor-bor zegoen; jendartean bidea urratuz, banderara inguratzen ziren haren esanahia ulertua zutenak. Pavelen aldamenean Mazin, Samoilov eta Gusevtarrak zeuden; burua makurturik, Nikolaik pasabidea urratzen zuen, eta amak ezagutzen ez zituen begi sutsuekiko gazte batzuek alde batera bultzatzen zuten...

        — Gora herrialde guztietako langileak! —deiadar egin zuen Pavelek. Gero eta indar eta alaitasun handiagoz, milaka ahotsen oihartzunak erantzuten zion, bihotzean zirrara eragiten zuen durundia sortuz.

        Amak Nikolairen eskua eta beste norbaitena hartu zituen, malkoz itota zegoen, baina ez zuen negar egiten; hankak ikaraz eta ezpainak dardar, hala zioen:

        — Maiteak...

        Irribarre zabal batek alderik alde hartzen zuen Nikolairen aurpegi naparbantzua, banderari so egin eta zerbait murmurikatzen zuen, besoa bertara luzaturik. Gero, tupustean, beso hori amaren lepo inguruan jarri, musu eman eta barrezka hasi zen.

        — Lagunkideok! —oihu egin zuen jojolak, bere ahots leunaz jendetzaren harrabotsa estaliz—. Orain, nekabide latzetik abiatu gara jainko berri baten izenean, argiaren eta egiaren jainkoa, arrazoiaren eta ongiaren jainkoa! Gure jomuga urrun dago; arantzazko koroa, hurbil! Egiaren indarrean sinesten ez duena, bizia emateraino haren alde borrokatzen ausartzen ez dena, bere buruarengan sinesten ez duena eta sufrimenduaren beldur dena, bereiz dadila gugandik bazterrera! Gure garaipenean sinesten dutenak nahi ditugu gure alboan, gure jomuga argi ez dakusatenak ez datozela gurekin, zoritxarra besterik ez dute aurkituko. Lerroak osatu, lagunkideok! Gora gizaki askeen jaia! Gora Maiatzaren Lehena!

        Jendetza trinkoago estutu zen. Pavelek banderari eragin zion, airean hedatu eta aurrerantz harrotu zen, eguzkiak argiturik, gorri eta zabal irribarre eginez...

 

                Uko egin diezaiogun mundu zaharrari...

 

burrunba egin zuen Fedia Mazinen ahots ozenak, eta hamaika ahots altxatu ziren uhin leun eta indartsu baten antzera:

 

                Ken ditzagun haren errautsak gure oinetatik!

 

        Ama, irribarre gartsua ezpainetan, Mazinen atzetik zihoan eta haren buru gainetik Paveli eta banderari begiratzen zien. Bere inguruan aurpegi alaiak eta kolore guztietako begiak ikusten zituen tarteka, guztien aurrean semea eta Andrei zihoazen. Haien ahotsak entzuten zituen, Andreiren ahots gozo hezea lagunkiro elkartzen zen semearen ahots mardul apalarekin, hots bakarra osatuz.

 

                Zutik, jaiki hadi, herri langilea,

                Zutik, borrokara, herri gosetia!

 

        Eta herritarrek korrika jotzen zuten bandera gorriaren ingurura, zerbait oihukatzen zuten, jendetzarekin elkartu eta harekin batera abiatzen ziren, oihuak kantaren hotsen artean iraungitzen zirelarik; etxean kanta hura beste batzuk baino ahots apalagoz abesten zuten, baina kalean tinko, ozen, indar itzelez ekiten zioten. Kanta hartan burdinalako kemen haustezina antzematen zen, eta, jendeari etorkizunerako bide luzea hartzeko dei eginez, zintzoki aipatzen zituen bidaiaren nekeak. Haren sugar handi eta nareek iragandakoaren zepa beltzak eta ohiko sentimenduen mataza astuna galdatzen zituzten, etorkizunak sortzen zuen beldur madarikatua errausten zuten...

        Norbaiten aurpegia izuturik eta alai kordokatu zen amaren alboan, eta ahots dardarati batek, hipaka, garrasi egin zuen:

        — Mitia! Nora hoa?

        Amak, gelditu gabe, esan zuen:

        — Doala ba, ez kezkatu! Ni ere oso beldur nintzen, nirea guztien aurrean doa. Bandera daramana nire semea da!

        — Burugabe halakoak! Nora zoazte? Soldaduak hortxe daude!

        Eta, bat-batean bere esku hezurtsuaz amaren eskua hartuta, emakume garai eta argal hark oihuka esan zion:

        — Maitea, hara nola abesten duten! Eta Mitiak ere abesten du...

        — Ez zaitez kezka! —murmurikatu zuen amak—. Borroka hau santua da... Pentsa ezazu, Kristo bera ere ez zen izango, jendea beragatik hil ez balitz.

        Gogoeta horrek unetxo batez distiratu zuen amaren buruan, eta bertan gordetako egia garden eta xumeak txundituta utzi zuen. Eskua gogor estutzen zion emakumearen aurpegira begiratu eta, harriduraz irribarre eginez, berriro esan zuen:

        — Kristo bera ere ez zen izango, jendea beragatik, jainkoagatik hil ez balitz!

        Halako batean, Sizov inguratu zitzaion. Txanoa erantzi, kantaren soinuari jarraituz airean astindu, eta esan zion:

        — Egun argira atera ditun, e, ama? Kanta bat asmatu diten. Eta nolako kanta, e, ama?

 

                Tsarrak soldaduak behar ditu armadarako,

                Eman iezazkiozue zuen semeak...

 

        — Ez ditun ezeren beldur! —zioen Sizovek—. Eta nire seme gaixoa hilobian zegon...

        Ama atzean geratzen hasia zen, ordurako bihotza indar handiegiz taupadaka baitzeukan. Berehalakoan, bazterrera bultzatu eta harresi baten kontra estutu zuten. Haren aurretik, zabuka, jende baga handia igaro zen; asko ziren, eta horrek poz ematen zion.

 

                Zutik, jaiki hadi, herri langilea!

 

        Bazirudien airean kobrezko tronpeta erraldoi batek jotzen zuela, jo eta jendea iratzartzen zuela. Baten bularrean, borrokarako grina pizten zuen; beste batengan, alaitasun nahasia, zerbait berriaren aurresentipena, jakin-min sutsua; han, itxaropenaren pilpira zehaztugabea eragiten zuen; hemen, urtetan metatutako suminduraren uholde erregarria askatu. Aurrera begiratzen zuten denek, bandera gorria airean dardaratu eta kulunkatzen zen tokira.

        — Hor doaz! —oihu egin zuen norbaitek, gogo beroz—. Aurrera, mutilak!

        Eta, nonbait hitz arruntez ezin azal zezakeen zerbait handia sentitzen baitzuen, aho hartatik birao zantarrak jaulkitzen ziren purrustadaka. Baina amorruak ere —esklaboen amorru ilun eta itsuak— xistu egiten zuen sugearen antzera, hitz makurretan kiribilduz, bat-batean gainera eroritako argiak asaldaturik.

        — Heretikoak! —oihukatu zuen norbaitek leihotik, ahotsa zartaturik, ukabilaz mehatxu eginez.

        Amaren belarrietara ezorduko txilio zoli bat labaindu zen:

        — Errege-enperadorearen aurka, gure tsar ohoragarriaren aurka? Matxinatu?

        Amaren aurrean aurpegi harrituak agertu eta desagertzen ziren tarteka-marteka; jauzika, abiadan igarotzen ziren gizon-emakumeak, hernia jarioan zetorren laba beltzaren antzera, kanta hark erakarririk, zeinek, hotsek sakaturik, itxuraz, dena iraultzen zuen bere aurrean, bidea jorratuz. Jada urrun zegoen bandera gorriari begira, amak —ikusi gabe— semearen aurpegia, bekoki beltzarana eta fedearen su distiratsuak argitutako begiak ikusten zituen.

        Konturatu orduko, jendetzaren atzealdean zegoen. Inguruan zeukan jendea presarik gabe zebilen, axolagabeki aurrera begira, ikuskizuna nola amaituko den aldez aurretik dakien ikuslearen jakin-min hotzaz. Ibili eta ahapeka mintzatzen ziren, segurantzaz:

        — Eskola alboan konpainia bat dago, eta beste bat fabrika alboan...

        — Gobernadorea etorri da...

        — Benetan?

        — Nik neuk ikusi dut, etorri da!

        Norbaitek, alaiki, birao bat bota zuen, eta esan:

        — Nolanahi ere, beldurra hartu digute! Armada eta gobernadorea bidali dizkigute.

        «Maiteak!» —pilpiraka ari zen amaren bularrean.

        Baina inguruan hitz hil eta hotzak entzuten zituen. Urratsa biziagotu zuen jende haiengandik urruntzeko, eta aise gainditu zuen haien ibilera motel eta nagia.

        Eta, tupustean buruak zerbaiten kontra jo balu bezala, gizaldea, gelditzeke, atzerantz inarrosi zen urduritasunezko harrabots apal batez. Kantak ere bat-bateko dardara egin zuen, baina, luze gabe, arinago eta ozenago jariatu zen. Ondoren, soinuaren baga sakona moteldu eta atzerantz lerratzen hasi zen berriro. Ahotsak korutik ezabatzen ziren banan-banan, kanta lehentxoagoko mailara igotzen eta aurrera bultzatzen saiatzen ziren hots bakanak aditzen ziren:

 

                Zutik, jaiki hadi, herri langilea!

                Etsaiaren aurka, herri gosetia!

 

        Baina, ordurako, dei hartan ez zen lehenagoko segurantza orokor eta bateratua sumatzen, eta estutasunaren dardarizoa antzematen zitzaion.

        Ezer ikusi gabe, aurrealdean zer gertatzen zen jakin gabe, amak igarobidea urratzen zuen jendartean, agudo aurrera eginez, eta topo egiten zuen atzera jotzen zuen jendearekin: batzuk burumakur eta bekozko ilunez zetozen, beste batzuk irribarre lotsatiz, eta beste zenbait burlati txistuka. Amak tristuraz aztertzen zituen haien aurpegiak; haren begiak isilean galdezka, eskean, deika ari ziren.

        — Lagunkideok! —burrunba egin zuen Pavelen ahotsak—. Soldaduak gu bezalako gizabanakoak dira. Ez gaituzte joko. Zergatik jo? Guztiei beharrezko zaien egia daramagulako aldean? Bada, haiek ere badute egia horren beharra. Oraindik ez dira horretaz jabetu, baina egunen batean, urrun ez dagoen egunen batean, gurekin batera altxatuko dira, lapurkeriaren eta hilketaren banderari muzin egin eta gure banderaren, askatasunaren banderaren azpira etorriko dira. Eta horretarako, gure egia uler dezaten alegia, aurrera egin beharra dugu. Aurrera, lagunkideok! Beti aurrera!

        Pavelek fermuki hitz egiten zuen, haren hitzak zehatz eta garbi durundatzen ziren airean, baina jendetza sakabanatzen hasia zen jada, arian-arian jendea ezker-eskuin desagertzen zen etxera bidean, hormei atxikirik. Ordurako, ziri itxura hartua zuen gizaldeak; muturrean Pavel zegoen, eta haren buru gainean herri langilearen bandera gorria, haizeak harroturik. Eta jendetzak txori beltz baten antza zuen, hegoak zabal-zabal hedaturik zituena, ernai, edozein unetan hegaldatzeko prest, eta Pavel txoriaren mokoa zen...

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia