XXVI

 

        Egunak abiada bizian joaten ziren bata bestearen atzetik, amari Maiatzaren Lehenaz pentsatzeko betarik eman gabe. Gauez soilik, eguneko jardun kitzikagarri eta zalapartatsuak nekaturik ohera sartzen zelarik, leunki arranguratzen zen haren bihotza.

        «Albait lasterren igaroko ahal dun...»

        Egunsentian ulu egiten zuen fabrikako sirenak, semeak eta Andreik tea agudo edan, mokadu bat jan, eta han alde egiten zuten, amari mandatu mordoa utzita. Hara eta hona ematen zuen egun osoa, gurpilean jira-biraka ari den urtxintxaren antzera, bazkaria prestatzen zuen, orrixketarako jelatina lila eta haiek itsasteko kola egiten zituen, hainbat pertsona inguratzen zitzaizkion, Pavelentzako oharrak eman eta segituan desagertzen ziren, ama beren kilikaduraz kutsatuta utzirik.

        Langileei Maiatzaren Lehena ospatzeko deia egiten zieten orriak ia gauero itsasten zituzten hormetan, baita polizi burutzaren egoitzako ateetan bertan ere, eta egunero agertzen ziren fabrikan. Goizero, poliziek biraoka kurritzen zuten auzoa, hormak karraskatzen eta paper zati lila haiek bertatik kentzen, baina eguerdirako hegan zebiltzan berriro kalean gora eta behera, oinezkoen hanken artean piririka. Isileko poliziak bidali zituzten hiritik. Kantoietan geldirik, begiradaz arakatzen zituzten alai eta pizturik bazkalorduan fabrikatik irten edo hara itzultzen ziren langileak. Atsegin zitzaien guztiei polizien ezintasuna ikustea eta, baita adineko langileek ere, irribarre maltzurrez, hala esaten zioten elkarri:

        — Zertan ari dira, e?

        Han-hemenka jendea taldetxotan biltzen zen, deialdi zirraragarriaren gaineko tirabira sutsuan. Borborka ari zen bizitza, udaberri hartan interesgarriagoa izan zen denentzat, zerbait berria ekarri zien guztiei: batzuei, haserrerako beste zio bat, eta amorruz iraintzen zituzten iraultzaileak; beste batzuei, itxaropen eta larritasun zehaztugabea; eta gainerakoei —gutxienekoei baina—, denak iratzarriko zituen indar bat osatzen zutelako kontzientziak piztutako alaitasun bizia.

        Pavelek eta Andreik apenas egiten zuten lorik gauean, sirenak jo baino pixka bat lehenago etxeratzen ziren, biak neka-neka eginda, ahotsa marrantaturik, zurbil. Amak bazekien bilerak antolatzen zituztena basoan, zingiran, jakina zuen gauez zaldizko polizi patruilak ibiltzen zirena batera eta bestera auzo inguruan, isileko poliziak harat-honat aritzen zirena, bakarrik zeuden langileak harrapatzen eta arakatzen, taldeak sakabanatzen eta noizbehinka bat edo beste atxilotzen. Semea eta Andrei ere edozein gauetan atxilotu ahal zituztela ulerturik, aukeran hori gertatzea nahiago zuen ia, iruditzen zitzaion hori izango zela onena haientzat.

        Harritzekoa bazen ere, lantegiko ikuskatzailearen hilketa zeharo ahaztuta zegoen. Bi egunez auzoko poliziak jendeari horretaz galdezka aritu ziren, baina hamar bat lagun galdekatu ondoren, hilketaren gaineko interesa galdu zuten.

        Amarekiko solasaldi batean, Maria Korsunovak, bere hitzetan poliziaren iritzia bilduz, zeinekin, jende guztiarekin bezala, harreman adiskidetsuak zituen, hala esana zion:

        — Ba al dago akaso erruduna aurkitzerik? Goiz hartan, gutxienez, ehun lagunek ikusi zitenan Isai, eta laurogeita hamarrek edo beharbada gehiagok eman ahal izan zioten muturrekoa. Zazpi urtez guztiei zerrikeriak egiten jardun din...

        Jojola nabarmenki aldatu zen. Aurpegia zargaldu zitzaion eta puztuta zituen betazalak, beherantz erorita, begi arranpaloak erdizka estaliz. Haren aurpegian ximur mehe bat agertu zen sudurzuloetatik ezpain-ertzetaraino. Gero eta gutxiago hitz egiten zuen eguneroko gauza eta arazo arruntez, baina gero eta sarriagotan, biziki gogo-beroturik, denak kutsatzen zituen gar hordigarri batek hartuta, etorkizunaz mintzatzen zen, askatasuna eta arrazoia nagusituko ziren eguneko jai eder eta argitsuaz.

        Isairen hilketaren auzia zeharo ahaztu zenean, hala esan zuen, nazkaz eta tristuraz erdi irribarre eginez:

        — Herria ez ezik, zakurrak bailiran gure aurka xaxatzen dituzten pertsonak ere gorrotatzen dituzte. Ez dira beren Judas leialaz kezkatzen, zilarrezko txanponez baizik...

        — Aski duk, Andriusha! —esan zuen Pavelek fermuki. Amak ahapeka gaineratu zuen:

        — Puska ustel bat jo dute, eta deuseztatu egin da!

        — Bidezkoa da, baina ez kontsolagarria! —arrapostu zuen jojolak gogoilun.

        Sarritan esaten zituen hitz horiek, eta haren ezpainetan halako esanahi berezi eta orokor bat hartzen zuten, mingotsa eta garratza...

        ... Eta azkenik, iritsi zen egun hura, Maiatzaren Lehena.

        Sirena orroka hasi zen, beti bezala, larderiatsu eta zorrotz. Ama, gau osoa begirik batu ezinik eman ondoren, jauzi batez altxatu zen ohetik eta sua piztu zuen bezperatik prest zeukan samovarrean. Beti bezala, semearen eta Andreiren gelako atea jotzera joan zen, baina, une batez hausnartu ondoren, eskua astindu eta leiho alboan eseri zen, ahurra aurpegian jarrita, hagineko mina balu bezala.

        Zeru urdin argian barrena zamar saldo zuri eta arrosak igarotzen ziren lasterka, lurrunaren marruma ozenak izuturik hegan zebiltzan txori handiak bailiran. Ama hodeiei so zegoen, arreta bere baitara bilduta. Astun sumatzen zuen burua, eta begiak, lorik gabeko gauaren ondorioz, lehor. Ezohiko lasaitasuna zuen bularrean, bihotza ezari-ezarian pilpiraka, eta gauza arruntez pentsatzen ari zen...

        «Goiz piztu dinat samovarra, irakin eta irakin ura lurrunduko dun! Lo egin dezatela gaur apur bat gehiago! Leher eginda zeuden biak...»

        Leihotik, alaiki jostatuz, eguzki errainu goiztiar bat sartu zen, amak haren azpian jarri zuen eskua, eta errainua, dirdiratsu, eskuko azalean pausatu zitzaionean, beste eskuaz laztandu zuen, isilean, pentsakor eta eztiro irribarre eginez. Gero zutitu, zaratarik ez ateratzen ahaleginduz samovarraren hoditxoa kendu, bere burua garbitu, eta otoitz egiten hasi zen, bihotz beroz aitaren eginez eta ezpainak isilka mugituz. Argitsu zeukan aurpegia, eta eskuineko bekainak, tarteka, gora egiten zuen astiro, eta gero, bat-batean, behera erortzen zen berriro...

        Sirenaren bigarren deia apalagoa izan zen, ez aurrenekoa bezain segurua, oraingoan soinua dardaratia zen, astuna eta hezea. Ulu-aldia ohi baino luzeagoa iruditu zitzaion amari.

        Gelan jojolaren ahots ozen eta garbia entzun zen.

        — Pavel! Entzun duk?

        Bietako batek zorua zapaldu zuen oinutsik, besteak aharrausi gozoa egin zuen...

        — Prest dago samovarra! —oihukatu zuen amak.

        — Altxatzen ari gaitun! —erantzun zuen Pavelek pozik.

        — Eguzkia sortzen ari da! —esan zuen jojolak—. Eta hodeiak badoaz korrika. Gaur soberan daude hodeiak...

        Eta sukaldera atera zen, orraztu gabe, logaleak nagiturik, baina pozik.

        — Egun on, enetxoa! Zer moduz egin duzu lo?

        Amak harengana hurbildu eta ahapeka esan zion:

        — Mesedez, Andriusha, hi haren alboan joan!

        — Bai noski! —marmar egin zuen jojolak—. Elkarrekin gauden artean, bata bestearen alboan joango gara leku guztietara, jakin ezazu!

        — Zer ari zarete hor txutxu-mutxuka? —galdetu zuen Pavelek.

        — Ezer ere ez, Pasha!

        — Hire amak ziok txukunago garbitu behar naizela! Neskatoak begira egongo dituk eta! —erantzun zuen jojolak, atalondora garbitzera irteteaz batera.

        — «Zutik, jaiki hadi, herri langilea!» —abesten hasi zen Pavel ahapeka.

        Eguna gero eta argitsuago geratzen ari zen, joanak ziren hodeiak, haizeak bultzaturik. Ama tea hartzeko ontziak prestatzen ari zen eta, buruari eraginez, egoeraren bitxitasunaz pentsatzen zuen: haiek biak txantxetan ari ziren, irribarre egiten zuten goiz horretan, eta eguerdian auskalo zer gertatuko zitzaien! Eta bera ere, ezin ulertu zergatik baina, lasai zegoen, alai kasik.

        Denbora luzea eman zuten tea edaten, itxaronaldia laburtu nahirik. Pavelek, betiko legez, koilaretxoari astiro eraginez arduratsu nahasten zuen azukrea edalontzian, arretaz barreiatzen zituen gatz aleak ogi puskan, mokorrean alegia, hori baitzen gustukoen zuen zatia. Jojolak hankak mugitzen zituen mahai azpian —sekula ez zuen lortzen hankak behingoagatik ere eroso jartzea—, eta, bere edalontziko urak islatzen zuen eguzki izpi bat sabaitik eta hormatik nola mugitzen zen behatuz, hala mintzo zen:

        — Hamar bat urteko haurra nintzenean, eguzkia edalontzian harrapatzeko gogoa egin zitzaidan. Halako batean, edalontzia hartu, hormara epaixka hurbildu eta, plast! bertan txikitu nuen. Ebakidura egin nuen eskuan, eta jo egin ninduten horregatik. Jipoia jaso ondoren, etxartera irten nintzen, eguzkia ikusi nuen potxingo batean eta oin azpian zapaltzen hasi nintzen. Lokatzez zikindu nintzen goitik behera, eta berriro jo ninduten... Zer egin? Eguzkiari oihuka hasi nintzaion: «Bada, ez dut minik hartu, deabru ilegorria, ez dut minik hartu!» Eta mihia erakusten nion. Kontsolatu egiten ninduen horrek.

        — Zergatik iruditzen zitzaian ilegorria? —galdetu zion Pavelek barrez.

        — Gure aurrean errementari bat bizi zuan, mutur gorria zian, eta bizar ilegorria. Gizaseme alaia zuan, ona. Nire ustez, eguzkiak haren antza zian...

        Ezin eramanik, amak esan zuen:

        — Nola joango zareten, horretaz hitz egin beharko zenukete!

        — Erabakita dagoenaz hitz egiteak gauzak lardaskatzeko besterik ez du balio! —ohartarazi zion jojolak leunki—. Gu guztiok harrapatuz gero, enetxoa, Nikolai Ivanovitx etorriko da zugana eta berak azalduko dizu zer egin.

        — Ondo! —esan zuen amak, hasperen egin ondoren.

        — Kalera irten beharko genuke! —esan zuen Pavelek, ameslari.

        — Ez, oraingoz hobe etxean geratu! —arrapostu zuen Andreik—. Zertarako alferrik nekarazi polizien begiak? Hi ezagunegia haiz haientzat!

        Fedia Mazin iritsi zen, lasterka, distiratsu, masailak gorri-gorri. Burutik oinetaraino pozez dardarka, berak arindu zuen itxaronaldi aspertu hura.

        — Hasi da! —esan zuen—. Jendea mugitzen hasi da! Kalean gora doaz, muturrak aizkoraren ahoa baino zorrotzago. Fabrikako sarreran Vesovstxikov, Vasia Gusev eta Samoilov daude denbora guztian, hara bildutakoei hitz egiten. Etxera itzularazi dute jende asko! Goazen, ordua da! Hamarrak jo dute dagoeneko!

        — Ni banoa! —esan zuen Pavelek zartadan.

        — Ikusiko duzue —agindu zien Fediak—, bazkalostean fabrika osoa altxatuko da!

        Eta lasterka joan zen.

        — Haizeak hauspotutako kandelak baino su biziagoa du horrek! —xuxurlatu zuen amak Fedia joatearekin batera; hanka gainean jarri, sukaldera joan eta janzten hasi zen.

        — Nora zoaz, enetxoa?

        — Zuekin! — esan zuen Andreik, biboteari tiraka, Paveli begiratu zion. Pavel keinu arin batez buruko ileak orraztu eta amarengana joan zen.

        — Ama, nik hiri ez dinat ezer esango... Eta hik ez esan ezer niri! Ados?

        — Ados, ados, Kristo zuekin! —zezeldu zuen.

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia