XXV

 

        Norbaitek zarata handia egin zuen atalondoan. Haiek biek, asaldaturik, elkarri begiratu zioten.

        Atea astiro zabaldu eta Ribin sartu zen baldarki.

        — Hemen nago! —esan zuen, burua jasorik eta irribarrez—. Zuen laguna gosez eta egarriz dator, sabela hutsik eta eztarria lehor!

        Bikez zikindutako larru-zamarraz eta laptiz jantzita zegoen, gerrikoan sarturik eskuzorro beltzak ageri ziren eta buruan txano iletsua zerabilen.

        — Osasunez zaudete? Askatu haute, Pavel? Bai, noski. Zer moduz bizi haiz, Nilovna? —irribarre zabala egin zuen, hortz zuriak erakutsiz, haren ahotsa lehen baino leunagoa zen eta bizarra ile-sarriago hazia zitzaion aurpegian.

        Ama poztu egin zen, harengana hurbildu, esku handi beltza estutu eta, bikearen kirats sarkorra arnastuz, esan zuen:

        — Ah, hi... beno, pozik nagok!

        Pavelek Ribin arretaz aztertu eta irribarre egiten zuen.

        — Hau bai mujik ederra!

        Larru-zamarra astiro eranzten zuen bitartean, hala zioen Ribinek:

        — Bai, mujik bihurtu naiz berriro, zuek jaun bihurtzen ari zarete apurka-apurka, baina ni atzera itzuli naiz... bai horixe!

        Alkandora trauskil nabarra egokituz, gelara sartu zen, begiratu arretatsuz arakatu, eta adierazi zuen:

        — Ez daukazue lehen baino ondasun gehiago, bistan da, baina liburuak bai hazi direla; ederto! Tira, esadazue, nola daude gauzak hemendik?

        Eseri egin zen, hankak zabal-zabalik jarrita, esku ahurrak belaunetan bermatu eta, begi ilunez Pavel galderati haztatzen zuelarik, ontasunez irribarre eginez, erantzunaren zain geratu zen.

        — Gauzak pil-pilean daude! —esan zuen Pavelek.

        — Goldatu orain eta bihar erein, harrotu gabe lanari ekin; gero uzta batu, braga egin eta egonean egon. Ez da hala? —txantxetan aritu zen Ribin.

        — Zer moduz bizi zara, Mikhailo Ivanitx? —galdetu zuen Pavelek, haren aurrean jesartzeaz batera.

        — Hala-hola. Ondo bizi naiz. Egildeievon gelditu nintzen, ezagutzen duzue Egildeievo? Herrixka ona da. Bi azoka urtean, bi milatik gora biztanle, jende makurra! Lurrik ez daukate, feudoari hartzen diote errentan, lur puska kaxkarra! Soldatapeko hasi nintzen lanean hurrupatzaile batentzat, han gorpu batean euliak beste dira. Ikatza erre eta bikea ateratzen dugu. Lanaren truke hemen baino lau aldiz gutxiago jasotzen dut, eta bizkarra bi aldiz gehiago zigortzen dut, arraioa! Zazpi gara harenean, hurrupatzailearenean alegia. Hala moduzkoak dira, gazteak, denak bertakoak, ni izan ezik; badakite irakurtzen eta idazten. Mutil bat, Efim, hain da suharra, egunen batean ezbeharren bat gertatuko baita!

        — Zer, harekin mintzatzen zara, ala? —galdetu zuen Pavelek biziro.

        — Ez naiz isilik egoten. Aldean eraman nituen hemengo orrixka guztiak, hogeita hamalau orotara. Baina bibliaz baliatzen naiz batik bat, hortik badago zer atera, liburu mardula da, estatuarena, sinodoak argitaratua, sinesgarria da!

        Paveli begi keinua egin eta, maltzurki irribarre eginez, jarraitu zuen:

        — Baina gutxi duk. Liburuxken bila etorri nauk hiregana. Biok gaudek hemen, Efim hori nirekin duk. Bikea zeramaguk, eta itzulingurua egin diagu hire etxetik pasatzeko! Liburuxkaz horni nazak Efim etorri baino lehen, horrentzat soberakoa duk asko jakitea...

        Amak Ribin aztertzen zuen, eta jakarekin batera beste zerbait ere aldetik kendua zuela iruditzen zitzaion. Ez zuen hain mardula ematen, eta haren begiek maltzurkiago so egiten zuten, ez lehen bezain garbi.

        — Ama —esan zuen Pavelek—, zoaz eta ekar itzazu liburuak. Han badakite zer eman behar dizuten. Esan landarako direla.

        — Ondo! —esan zuen amak—. Samovarra prest utzi eta segituan joango nauk.

        — Hi ere kontu hauetan sartu haiz, Nilovna? —galdetu zuen Ribinek, trufazko irribarrez—. Bai, antza. Han bada liburuzale ugari. Maisuak pizten du zaletasuna, mutil ona omen da, nahiz eta elizakoa izan. Maistra ere badago, zazpi bat verstara. Baina ez dute liburu debekaturik erabili nahi, estatuaren manupeko jendea da, beldur dira. Baina nik liburu debekatuak behar ditut, zorrotzak, eta eskueran jarriko dizkiet itzalgaizka... Herriko polizi buruak edo popeak liburu horiek debekuzkoak direla ikusten badute, maisu-maistrek banatzen dituztela pentsatuko dute. Eta ni alde batera geratuko naiz, oraingoz.

        Eta, bere zuhurtasunak gogobeterik, alaitasunez erakutsi zituen hortzak.

        «Hi bai hi! —pentsatu zuen amak—. Hartza ematen duk, baina azeri hutsa haiz...»

        — Zer deritzozu? —galdetu zuen Pavelek—. Maisu-maistrek liburu debekatuak banatzen dituztela sumatzen badute, espetxera eramango dituzte horregatik?

        — Bai, espetxeratuko ditiztek, eta zer? —galdetu zuen Ribinek.

        — Zuk banatu dituzu liburuak, ez haiek! Zuk joan behar duzu espetxera...

        — Burutik hago! —jaregin zuen Ribinek irribarre burlatiz, eskuaz belaunean txapaka eginez—. Nork pentsatuko du nitaz? Mujik arrunt bat horrelako gauzak egiten, noiz ikusi da halakorik? Liburuak jaunen kontua dituk, eta haiek erantzun behar ditek...

        Amak sumatzen zuen Pavelek ez zuela Ribin ulertzen, eta begiak naretu zituela ikusi zuen, hau da, haserre zegoela. Tentuz eta gozoki esan zuen:

        — Mikhail Ivanovitxek bere egitekoa bete nahi dik, eta zigorra besteek jasotzea...

        — Hori dun! —esan zuen Ribinek, bizarra laztanduz—. Oraingoz.

        — Ama! —Pavelen erantzun lehorra—. Gutariko norbaitek, Andreik esaterako, nik jakin gabe zerbait egingo balu, eta kartzelara ni eramango banindute, zer esango huke?

        Amak zirgit egin zuen, txunditurik semeari begiratu eta, buiuari ezezka eraginez, esan zuen:

        — Baina ba al dago lagunaren aurka horrela jokatzerik?

        — Ha-hara! —esan zuen Ribinek astiro—. Orain ulertu haut, Pavel!

        Trufazko keinua egin eta amari zuzendu zitzaion:

        — Ama, auzi labaina dun hau.

        Eta berriro ere, irakaskor, Paveli:

        — Hasi berria ematen duk, anaia! Ezkutuko lanetan ez zegok ohorerako lekurik. Pentsa ezak: bat, kartzelara liburuarekin harrapatu duten mutila eramango ditek aurrena, eta ez maisu-maistrak, hori lehenik. Bi, maisu-maistrek legezko liburuak ematen badituzte ere, haien mamia eta debekuzko liburuena bat bakarra duk, berbera, hitzak bestelakoak dituk eta egiak bakanagoak, beste alderik ez zegok, hori bigarrenik. Beraz, bai haiek, bai ni, gauza berberaren bila ari gaituk, baina haiek bidezidorretik zoazak, eta ni bide nagusitik: agintarientzat denok gaituk errudun, ezta? Eta hirugarrenik, anaia, nik ez diat inolako loturarik haiekin, zalduna ez duk oinezkoaren lagun. Mujik batekin, agian, ez nikek horrela jokatuko. Baina ez zekiat haiek —popearen semea bata, lurjabearen alaba bestea— zertarako altxatu behar duten herria. Jaun horien pentsamoldea ezezaguna duk niretzat, mujik honentzat. Nik zer egingo dudan bazekiat, baina ideiarik ere ez zeukaat haiek zer egingo duten. Milaka urtez jaun peto-petoak izan dituk, mujik jendea larrutu diten, eta orain, bat-batean, esnatu egin dituk eta begiak zabaldu nahi zizkietek mujikei. Niri, anaia, ez zaizkidak ipuinak gustatzen, eta honek ipuina ematen dik. Jaunak, edozein motatakoak direlarik ere, urrun zeudek nigandik. Neguan menditik hoalarik, zerbait biziduna sumatzen duk hire aurrean, baina zer ote da? Otsoa, azeria edo txakur arrunta, ez duk ikusten! Urrun zegok.

        Amak semeari begiratu zion. Haren aurpegia goibel zegoen.

        Ribinen begiek argi ilunez distiratzen zuten, hantuste imintzioz begiratzen zion Paveli eta, kitzikaturik bizarra atzamarrez orrazten zuela, hala ziotson:

        — Ez diat adeitsua izateko astirik. Bizitza latza duk; txakurtegia ez duk artegia bezalakoa: txakur talde bakoitzak bere kasa egiten dik zaunka...

        — Badituk jaunak —hasi zen ama, aurpegi ezagunak gogoratuz— bizia herriarengatik ematen dutenak, bizitza osoa kartzelan sufritzen ematen dutenak...

        — Horrelakoak kasu bereziak ditun, eta haiekiko jokaera bestelakoa! —esan zuen Ribinek—. Mujik aberatsak jauntxoaren antza din, jauntxo txiroa mujikaren parekoa dun. Diru-zorroan txanponik ez, arima garbi derrigorrez. Gogoan izan, Pavel, hik azaltzen hidana: nola bizi, hala pentsatu; langileak baietz badio, nagusiak ezetz esan beharko dik; eta langileak ezetz badio, nagusiak, bere izaerak hartara derrigortuta, baietz oihukatuko dik beti. Bada, mujikaren eta jauntxoaren izaerak ere ezberdinak dituk. Mujika ase denean, jauntxoa lo egin ezinik ohean. Jakina, gizarte maila guztietan badira zakur seme alaenak, eta ni ez nagok ados mujik guztiak defendatzearekin...

        Hanka gainean jarri zen, ilun, indartsu. Goibeldurik zeukan aurpegia, bizarrak dardara egiten zuen, zaratarik atera gabe hortzak karrankatzen ariko balitz bezala, eta hizketan jarraitu zuen ahots apalduaz:

        — Bost urte eman ditiat fabrikaz fabrika, eta galdua nian landarekiko lotura, hori gertatu duk! Hara itzuli, begiratu, ikusi, eta pentsatu nian: nik ezin diat horrela bizi! Ulertu duk? Ezin diat! Zuek hemen bizi zarete eta ez zarete hango irainez jabetzen. Han gosea gizakiaren atzetik zebilek arrastaka, haren itzala balitz bezala, eta ez zegok ogia lortzeko itxaropenik, ezta inondik ere! Goseak arimak irentsi ditik, giza aurpegiera ezabatu dik, jendea ez duk bizi, halabeharrezko pobrezian usteltzen duk... Eta inguruan, bele saldoen antzera, zelatan agintariak, ogi puskaren bat soberan ote daukazun. Eta ikusiz gero, kendu eta muturrekoa ematen dizute...

        Ribin ingurura begiratu eta Pavelengana makurtu zen, eskua mahai gainean bermatuz.

        — Goragalea ere etorri zitzaidaan bizimodu hura berriro ikusi nuenean. Ikusi eta: ezin diat! Hala ere, neure buruaz jabetu eta pentsatu nian: «ez, alferrik ari haiz, arima! Geratu egingo nauk. Ogirik ez diat ekarriko, baina nahaste ederra sortu behar diat!» Bai, anaia, ederra egingo diat! Minduta zeukaat gogoa, bai jendeak jasanarazi dizkidan laidoengatik, bai jendeari jasanarazi dizkietenengatik. Bihotzean iltzatuta zeukaat aizto baten antzera, eta erraietan bihurrika ari zaidak.

        Izerditan zeukan bekokia, Pavelengana poliki hurreratu eta bularrean jarri zion eskua. Eskua dardarka ari zen.

        — Lagun iezadak! Emazkidak liburuak, irakurritakoan gizakiari sosegua kentzen dioten horietakoak. Kirikino bat sartu behar zieagu kaskezurraren azpian, arantza zorrotzekiko kirikinoa! Esan hiriko lagunei, zuentzat idazten duten horiei, landarako ere idazteko! Landa goitik behera iraultzeko, su bizitan jar dadin eta herria heriotzaraino borroka dadin!

        Eskua jaso eta, hitzak banan-banan argi ebakiz, ahots garratzez esan zuen:

        — Heriotza heriotzaz konpontzen duk, bai horixe! Alegia, hil hadi, jendea biz dadin. Eta hil daitezela milaka, lurbira osoan milaka biz daitezen! Bai horixe. Hiltzea erraza duk. Biztuko ahal dituk gero! Altxatuko ahal duk herria!

        Amak samovarra ekarri zuen, zeharretik Ribini begiratzen ziola. Haren hitz astun eta sendoek kikildu egiten zuten. Eta senarraren nolabaiteko antza hartzen zion: hark ere horrelaxe erakusten zituen hortzak, berdin mugitzen zituen besoak, mahukak gora bilduz, haren baitan amorru jasangaitz berbera bizi zen, jasangaitza baina mutua. Ribinek aldiz, hitz egiten zuen. Eta ez zen hain beldurgarria.

        — Beharrezkoa da! —esan zuen Pavelek, burua astindurik—. Zuek materialak ekarri eta guk egunkari bat argitaratuko dizuegu...

        Amak irribarrez begiratu zion semeari, buruari eragin eta, isilean jantzi ondoren, etxetik irten zen.

        — Egin ezak! Behar duan guztia ekarriko diagu! Modu errazean idatzi, txahalek ere uler dezaten! —oihu egin zuen Ribinek.

        Sukaldean atea ireki eta norbait sartu zen.

        — Efim duk! —esan zuen Ribinek, begiak sukaldera lerratuz—. Hator hona, Efim! Hau Efim duk: eta gizon honek Pavel dik izena, dagoeneko berataz hitz egin diat.

        Pavelen aurrean, txanoa eskuetan eta begi grisez zeiharka begira, ile gaztainkara argiko eta aurpegi zabaleko mutil bat zegoen, larru-zamarra laburrez jantzia, liraina eta, itxuraz, indartsua.

        — Osasuna opa dizut! —esan zuen, ahots zakar samarrez, eta, Paveli bostekoa eman ondoren, bi eskuez ile leuna orraztu zuen. Begiradaz arakatu zuen gela eta berehala, astiro, epaixka antzera, liburuen apalera hurbildu zen.

        — Ikusi ditik! —esan zuen Ribinek, Paveli begi keinua egin ondoren. Efim Pavelengana jiratu zen, begiratu, eta liburuak arretaz aztertzen hasi zen, hala zioela:

        — Zenbat irakurgai daukazun! Baina irakurtzeko, segur aski, astirik ez. Herrian denbora gehiago daukagu horretarako...

        — Eta gogo gutxiago? —galdetu zuen Pavelek.

        — Zer ba? Gogorik ere badago —erantzun zuen mutilak, kokotsa igurtziz—. Jendea burmuina apur bat astintzen hasia da. «Geologia», zer da hori?

        Azaldu zion Pavelek.

        — Ez dugu behar! —esan zuen mutilak, liburua apalean utziz.

        Ribinek ozenki hasperen egin eta ohartarazi zuen:

        — Mujikei ez zaiek interesatzen lurra nondik sortu zen, esku ezberdinen artean nola banatu zen baizik: jaunek nola kendu zioten herriari lurra oin azpitik? Geldirik dagoen edo jira-biraka dabilen, horrek ez dik garrantzirik; nahi baduk, soka batetik eskegi ezak, baina ase ditzala sabelak; edo zeruan iltzez josi, baina jatekoa eman diezaiola jendeari!

        — «Esklabotzaren historia» —irakurri zuen Efimek hurrena, eta Paveli galdetu zion—: Guri buruzkoa da?

        — Badago ere joputzari buruzko bat! —esan zuen Pavelek, mutilari beste liburu bat emanez. Efimek hartu, esku artean erabili eta, alde batera utzita, patxadaz esan zuen:

        — Hori iragana da!

        — Zuek baduzue alorrik? —itaundu zion Pavelek.

        — Guk? Bai, badugu! Hiru anaia gara, eta lau desiatinako alorra dugu. Harea ona da kobrea garbitzeko, baina lur antzua garia emateko!

        Isilunea egin eta hizketan jarraitu zuen:

        — Nik, hautsia dut lurrarekiko lotura, zertarako balio du? Jatekorik ez du ematen, eta eskuak lotzen ditu. Jornalari ibili naiz lau urte. Eta udazkenean, soldadu joango naiz. Osaba Mikhailok ez joateko esaten dit. Orain soldaduak herria jipoitzera bidaltzen dituztela dio. Baina nik joateko asmoa dut. Stepan Razinen garaian armadak herria jotzen zuen, eta Pugatxeven garaian ere bai. Bada garaia horrekin amaitzeko. Zuk zer deritzozu? —galdetu zuen, Paveli bekoz beko begiratuz.

        — Bada garaia! —erantzun zion irribarre eginez—. Baina zaila da! Soldaduei zer esan eta nola hitz egin jakin behar da...

        — Ikasiko dugu, eta jakingo dugu! —esan zuen Efimek.

        — Agintariek horretan harrapatuz gero, baliteke fusilatzea ere! —bukatu zuen Pavelek, Efimi jakin-minez begiratuz.

        — Hori ez genuke barkatuko! —adierazi zuen mutilak lasaitasunez, eta liburuak aztertzeari ekin zion berriro.

        — Edan ezak tea, Efim, laster alde egin behar diagu! —ohartarazi zion Ribinek.

        — Oraintxe! —arrapostu zuen mutilak, eta berriro galdetu—: Iraultza eta matxinada gauza bera dira?

        Itzuli zen Andrei, gorriturik, izerdi patsetan eta gogoilun. Isilean estutu zion eskua Efimi, Ribinengandik hurbil eseri eta, hari begira, erdi irribarre egin zuen.

        — Zergatik begirada triste hori? —galdetu zion Ribinek, esku ahurraz belaunean txapaka eginez.

        — Hargatik —erantzun zuen jojolak.

        — Hau ere langilea da? —galdetu zuen Efimek, burua Andreirengana mugituz.

        — Bai! —erantzun zuen Andreik—. Zer ba?

        — Fabrikako langile bat ikusten duen aurreneko aldia duk! —azaldu zion Ribinek—. Jende berezia dela esaten dik...

        — Zergatik? —galdetu zuen Pavelek.

        Efimek arretaz aztertu zuen Andrei, eta esan:

        — Zuen hezurrak zorrotzak dira. Mujiken hezurrak biribilagoak dira...

        — Mujika lasaiago zegok bere hanken gainean! —erantsi zuen Ribinek—. Luna sentitzen dik bere azpian, ez duk haren jabe, baina sentitu egiten dik: lurra duk! Fabrikako langilea, ordea, txori baten antzekoa duk: aberririk ez, etxerik ez, gaur hemen, bihar han! Emazteak ere ez dik lekura lotzen, edozein huskeria dela eta: agur maitea, hor konpon! Eta hor alde egiten dik, leku hobe baten bila. Baina mujikak bizilekutik mugitu gabe aldatu nahi du bere ingurunea. Hara, itzuli duk ama!

        Efimek Pavelengana hurbildu eta galdetu zion:

        — Mesedez, emango didazu liburuxkaren bat?

        — Bai noski! —arrapostu zuen Pavelek gogotsu.

        Mutilaren begiek gutiziaz distiratu zuten, eta arrapaladan jaregin zuen:

        — Itzuliko dizkizut! Gureek bikea garraiatu ohi dute hemendik oso hurbil, haiek ekarriko dizkizute.

        Ribinek, jadanik jantzita, gerrikoa tinko estuturik, Efimi esan zion:

        — Goazen, ordua duk!

        — Orain bai irakurriko dudala! —egin zuen oihu Efimek, liburuak erakutsiz eta irribarre zabala aurpegian.

        Alde egin zutenean, Pavelek, pizturik, oihuz esan zion Andreiri:

        — Ikusi dituk deabru horiek?

        — Ba-ai! —esan zuen jojolak astiro, hitza luzatuz—. Ederra parea...

        — Mikhailoz ari zarete? —egin zuen oihu amak—. Mujik peto-petoa bilakatu da, fabrikan sekula bizi izan ez balitz bezala! Eta ikaragarria da!

        — Tamalgarria hi egon ez izana! —esan zion Pavelek Andreiri, zeinek, mahai alboan eserita, bekozko ilunez begiratzen baitzion te edalontziari—. Bihotzaren jokoa ikusiko hukeen, hik beti bihotzaren gainean hitz egiten duk eta! Hori astinaldia Ribinek eman didana, aho bete hortz utzi naik, zeharo hauts eginda! Erantzuteko ere ez nauk gauza izan. Itzela duk jendeari buruz darabilen mesfidantza, eta nola gutxiesten dituen guztiak! Zuzen zegok ama: gizon horrek indar ikaragarri bat zeramak barnean!

        — Ikusia diat hori! —esan zion jojolak gogoilun—. Pozoitu ditek herria! Altxatzen den egunean, goitik behera suntsituko dik dena! Lur soila behar ditek, eta soildu egingo ditek, errotik erauziko ditek dena!

        Astiro hitz egiten zuen, eta nabaria zen beste zerbaitez pentsatzen ari zela. Amak hurbildu eta kontuz ukitu zuen.

        — Laketaldia hartu beharko huke, Andriusha!

        — Itxaron, enetxoa, nire laztana! —eskatu zion jojolak ahapeka eta maitekiro.

        Eta bat-batean narritaturik, eskuaz mahaia jo eta hizketan hasi zen:

        — Bai, Pavel, mujikek, hanka gainean altxatzen badira, erabat soilduko ditek lurra! Izurrien ostean bezala, dena erreko ditek, jasandako irain guztien aztarnak errauts bihurtu eta barreiatzeko...

        — Eta gero traban jarriko dituk gure bidean! —ohartarazi zion Pavelek ahapeka.

        — Gure eginbeharra duk hori eragoztea! Gure eginbeharra duk, Pavel, horri aurre egitea! Gu inor baino hurbilago gaudek haiengandik, sinetsiko zigutek, gure atzetik etorriko dituk!

        — Badakik? Ribinek landarako egunkari bat argitaratzea proposatu ziguk —jakinarazi zion Pavelek.

        — Bada, egin beharra zegok!

        Pavelek erdi irribarre egin zuen, eta esan:

        — Damu diat harekin eztabaidatu ez izana!

        Jojolak, burua igurtziz, patxadaz ohartarazi zion:

        — Eztabaidatzeko aukera izango diagu! Hik hire txirula jo ezak, hankak lurrean erroturik ez dituztenak hire musikaren soinuan dantzatuko dituk! Ribinek arrazoi dik: guk ez diagu gure azpian lurra sentitzen, baina ez diagu horren beharrik, horregatik zegokiguk guri bera iraultzea. Astindu bat eman eta bertatik bereiziko duk jendea, gero beste astindu bat emango zioagu, eta gehiago!

        Amak erdi irribarre eginez jaulki zuen:

        — Hiretzat, Andriusha, erraza duk dena!

        — Bai ba! —esan zuen jojolak—. Erraza dun! Bizitza bezalakoa!

        Handik minutu batzuetara, esan zuen:

        — Zelaira noa, paseatzera...

        — Bainua hartu eta gero? Haizea zebilek, aireak joko hau! —gaztigatu zuen amak.

        — Horixe behar dut ba, aireztatu! —erantzun zuen.

        — Baina hoztu egingo haiz! —esan zuen Pavelek gozoki—. Hobe oheratuko bahintz!

        — Ez, joango nauk!

        Eta, jantzitakoan, isilean joan zen...

        — Penaturik zegok! —ohartarazi zuen amak, hasperen egin ondoren.

        — Jakin ezan —esan zion Pavelek— hire aldetik jokabide zuzena izan dela jazotakoaren ondoren berari hika egiten hastea!

        Amak harrituta begiratu zion, eta erantzun:

        — Bada, konturatu ere ez nauk egin nola gertatu den! Nigandik hain hurbil sentitzen diat jada..., ez zekiat nola azaldu!

        — Zein bihozbera haizen, ama! —esan zuen Pavelek ahapeka.

        — Nola edo hala hiri, eta zuei guztioi, laguntzerik izango banu! Bidea asmatuko banu!

        — Ez izan beldur, asmatuko dun!

        Ama barreka hasi zen, esanez:

        — Ba, hain zuzen ere, ez zekiat beldur ez izaten!

        — Tira, ama! Isil gaitezen! —esan zuen Pavelek—. Jakin ezan bihotz-bihotzez eskertzen dinadala!

        Ama sukaldera joan zen, beraren malkoak zirela-eta semea kezka ez zedin.

        Jojola arratseko beranduan itzuli zen, nekaturik, eta lotara joan zen zuzenean, hala esandakoan:

        — Hamar bat versta egin dut korrika, nik uste...

        — Eta on egin dik? —galdetu zion Pavelek.

        — Ez nekarazi, lo egin nahi diat!

        Eta isilik geratu zen, hilda balego bezala.

        Handik puska batera Vesovstxikov iritsi zen, zarpailtsu, zikin eta atsekabeturik, betiko legez.

        — Ez duk entzun nork hil duen Isaika? —galdetu zion Paveli, gelatik baldarki zebilela.

        — Ez! —erantzun zuen Pavelek laburki.

        — Egon duk norbait hori egiteak nazka eman ez diona! Eta ni prest nengoan hari lepoa bihurritzeko. Nire egitekoa zuan hori, berebizikoa niretzat!

        — Ez ezak horrelakorik esan, Nikolai! —erantzun zion Pavelek adiskidetsu.

        — Izan ere, zergatik diok hori? —lagundu zion amak maitekiro—. Bihotz biguna duk, eta orroka hasten haiz. Zergatik gero?

        Une hartan, atsegin zitzaion Nikolai ikustea, eta haren aurpegi naparbantzua ere ederragoa iruditzen zitzaion.

        — Nik horrelako gauzetarako besterik ez dut balio! —esan zien Nikolaik, sorbaldak goratuz—. Behin eta berriro pentsatzen dut: zein ote da nire lekua? Ez dago niretzako lekurik! Jendearekin hitz egin beharra dago, eta nik ez dakit! Dena ikusten dut, gizakiek jasaten dituzten laido guztiak sentitzen ditut, baina ez naiz adierazteko gauza! Nire arima mutua da!

        Pavelengana hurbildu zen eta, burua makurturik, hatz batez mahaia harramazkatuz, ume antzera, bere izaerarekin bat ez zetorren eran zinkurin eginez, esan zuen:

        — Emadazue edozein zeregin astun, adiskideok! Ezin dut honela bizi, ezer onuragarririk egin gabe! Zuek buru-belarri sartuta zaudete borrokan. Aurrera doa, ikusten dut, baina ni bazter nago! Enborrak eta oholak garraiatzen ditut. Baina, merezi al du horretarako bizitzea? Emadazue zeregin astun bat!

        Pavelek besotik heldu eta beregana ekarri zuen.

        — Emango diagu!

        Orduan, jojolaren ahotsa entzun zen gortinaz bestaldean:

        — Nik letra-tipoak antolatzen irakatsiko diat eta tipografo arituko haiz gure moldiztegian, konforme Nikolai?

        Nikolakik harengana jo zuen, esanez:

        — Irakasten badik, labana bat oparituko diat horren truke...

        — Hoa pikutara hire labanarekin! —oihu egin zuen jojolak, eta barre algaraka hasi zen bat-batean.

        — Labana ona duk! —ekin zion Nikolaik. Pavel ere barrez hasi zen.

        Orduan, Vesovstxikovek, gela erdian gelditu eta itaundu zuen:

        — Nire lepotik barrezka ari zarete, ezta?

        — Bai ba! —erantzun zuen jojolak, jauzi batez ohetik altxatzeaz batera—. Tira ba, goazen zelaira, paseatzera. Ilargi gau ederra dago. Bagoaz?

        — Ondo! —esan zuen Pavelek.

        — Ni ere banoak! —adierazi zuen Nikolaik—. Atsegin haut, jojola, barre egiten duanean...

        — Nik ere atsegin haut hi opariak agintzen dituanean! —erantzun zion jojolak, irribarre burlatiz.

        Sukaldean janzten ari zelarik, amak purrustadaka esan zion:

        — Jantzi arropa gehiago...

        Eta hiru gizonek alde egin zutenean, amak leihotik begiratu zien; gero, ikonoen aldera so egin eta ahapeka esan zuen:

        — Jainkoa, lagun egiek!

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia