XXIV
Goizean goiz, Pavel eta Andrei etxetik joan eta berehala, Korsunovak urduri leihoa jo eta arrapaladan oihukatu zuen:
— Isai hil diten! Goazen ikustera...
Amak zirgit egin zuen, lipar batez hiltzailearen izena piztu zitzaion buruan txinpart baten antzera.
— Nork? —galdetu zuen laburki, txala sorbalda gainera botatzeaz batera.
— Ez dun hor geratu, Isairen gainean eserita. Jo eta ihes egin din! —erantzun zuen Mariak.
Kalean, esan zuen:
— Orain, bazterrak miatzen hasiko ditun berriro, errudunaren bila. Eskerrak hire mutilek gaua etxean eman dutena, ni horren lekuko naun. Gaueko beranduan zuenetik hurbil igaro nindunan, leihotik barrura begiratu ninan eta han zineten hirurok mahaiaren bueltan eserita...
— Zer dion, Maria? Baliteke haietaz pentsatzea ala? —egin zuen oihu amak izuturik.
— Eta nork hil du ba? Zuetako norbaitek, ziur! —esan zuen Korsunovak, erabat sinetsirik—. Mundu guztiak zekin zelatatzen zituena...
Ama gelditu zen eta, hats-gabeturik, bularrera eraman zuen eskua.
— Baina, zer dun? Ez izan beldur! Horixe besterik ez zinan merezi! Goazen azkarrago, eraman egingo diten!
Ama aldaroka zebilen VVesovstxikovi buruzko pentsamendu astunaren zamapean.
«Hara noraino iritsi den!» —pentsatzen zuen dorpeki.
Fabrikako harresitik hurbil, arestian etxe bat erre zen lekuan, txingarrak oin azpian zapalduz eta errautsak harrotuz, jendetza handia zegoen bilduta, erlekume baten antzera burrunbaka. Emakume asko zegoen, are ume gehiago, dendariak, tabernetako morroiak, poliziak, eta Petlin jendarmea, bizar urdin ile-sarriko agure garai bat, paparra beti dominez beteta eramaten zuena.
Isai erdi etzanda zegoen lurrean, bizkarra enbor kiskali baten kontra bermaturik eta burua, txanorik gabe, eskuineko besaburuaren aldera erorita. Esku eskuina galtzetako poltsikoan sartuta zeukan, eta ezkerreko atzamarrak lur bigunari atxikirik.
Amak aurpegira so egin zion: Isairen begi batek argigabe begiratzen zion nekatu antzera banandutako hanken artean botata zegoen txanoari, ahoa ertirekita zeukan, harriduraz, eta kokospeko ilegorria alde batera harroturik. Buru zorrotz eta aurpegi hezurtsu oreztoko gorputz argalak are txikiagoa zirudien heriotzaren ondoko uzkurdura zela medio. Amak, hasperenka, aitaren egin zuen. Bizirik, higuingarria iruditzen zitzaion; orain, aldiz, gupida barea eragiten zion.
— Ez dago odolik! —ohartarazi zuen norbaitek ahotsa goratu gabe—. Argi dago ukabilez jo dutena...
Ahots makur batek ozenki bota zuen:
— Ahoa itxi diote salatariari...
Jendarmeak zirgit egin zuen eta, besoez emakumeak apartatuz, mehatxuz galdetu zuen:
— Nork esan du hori, e?
Jendetza sakabanatu egiten zen haren besoek bultzaturik. Batzuek korrika bizian alde egin zuten. Baten bat barrez hasi zen irri gaiztoz.
Ama etxera joan zen.
«Inor ez dun haren erruki!» —pentsatzen zuen.
Eta aurrean, itzal baten antzera, Nikolairen irudi zabala zekusan: haren begi estuek hotz begiratzen zuten, krudelki, eta eskuineko besoa zauriturik balego bezala kulunkatzen zitzaion...
Semea eta Andrei bazkaltzera itzuli zirenean, ezer baino lehen hala galdetu zien:
— Eta zer? Ez dute Inor atxilotu Isairen hilketa dela eta?
— Ez dugu ezer entzun! —erantzun zuen jojolak.
Amak antzematen zien lur jota zeudela biak.
— Eta Nikolairi buruz ez dute ezer esaten? —itaundu zuen ahapeka.
Semearen begi latzak amaren aurpegian pausatu ziren, eta hitzak argi ebakiz esan zuen:
— Tutik ere ez. Haren susmorik ez dute ia. Ez da hemen. Atzo eguerdian ibaira joan zen eta oraindik ez da itzuli. Berataz galdezka aritu naiz...
— Beno, jainkoari eskerrak! —esan zuen amak, arindurik hasperen egin ondoren—. Jainkoari eskerrak!
Jojolak hari begiratu eta burua makurtu zuen.
— Hor dago, etzanda —azaltzen zuen amak pentsakor—, txundituta bezala, horrelako aurpegiera du! Eta Inor ez da haren erruki, inork ez du berataz hitz gozo bat ere esan. Hain da txikia, hain ezdeusa. Nonbaitetik erauzitako pusketa bat ematen du, lurrera erori da eta hor datza...
Bazkaltzen ari zirelarik, Pavelek, bat-batean, koilara utzi eta oihu egin zuen:
— Ez dut ulertzen!
— Zer? —galdetu zuen jojolak.
— Jan beharra dagoelako soilik animalia bat hiltzea, gaitzesgarria da berez. Piztia bat, harrapari bat akabatzea... uler daiteke! Neronek ere hil nezake jendearentzat piztia bihurtu den pertsona bat. Baina horrelako gizagaixo bat hiltzea... nolatan jaso daiteke eskua horretarako?
Jojolak sorbaldak goratu zituen. Gero, esan zuen:
— Hura piztia bezain kaltegarria zen. Eltxoak odol apur bat hurrupatzen digu eta bertan zapaltzen dugu! —gaineratu zuen jojolak.
— Bai horixe! Ez naiz horretaz ari... Nik, higuingarria dela diot!
— Eta zer egingo diogu ba? —arrapostu zuen jojolak, sorbaldak berriro goratuz.
— Hi horrelako gizajo bat hiltzeko gauza izango hintzateke? —galdetu zuen Pavelek pentsakor, isilune luze baten ondoren.
Jojolak bere begi biribilez so egin zion, amari begiratu azkarra egotzi eta tristuraz, fermuki erantzun zuen:
— Lagunkideengatik, kausarengatik, edozer egiteko gauza naiz! Baita hiltzeko ere. Baita nire semea bera ere...
— O, Andriusha! —amaren oihu apala.
Jojolak irribarre egin zion, eta esan:
— Ezin bestela izan! Horrelakoa da bizitza!
— Ba-ai! —esan zuen Pavelek astiro, hitza luzatuz—. Horrelakoa da bizitza...
Tupustean narritaturik, barruko zartada batek eraginda bezala, Andrei zutik jarri zen, besoak astindu eta hizketan hasi zen:
— Zer egingo diogu ba? Jendea gorrotatu beharra dago denok elkar maite ahal izango duguneko garaia lehenago irits dadin. Suntsitu beharra dago bizitzaren bidea oztopatzen duen edonor, bere lasaitasuna edo estimua erostearren jendea diru truke saltzen duen edonor. Prestuen bidera, haiek saltzeko prest, judas bat azaltzen bada... ni neu hura bezain judas izango nintzateke suntsituko ez banu! Ez al dut horretarako eskubiderik? Eta haiek, gure jabeek, ba al dute eskubiderik soldaduak eta borreroak, burdelak eta kartzelak, lan bortxatuak eta bien lasaitasuna eta erosotasuna babesten dituzten gauza nazkagarri horiek guztiak edukitzeko? Noiz edo behin haien makila nire eskuetan hartzeko aukera egokitzen bazait, zer egin behar dut? Hartu egingo dut, ez diot muzinik egingo! Haiek dozenaka eta ehunka hiltzen gaituzte. Horrek eskubidea ematen dit besoa jaso eta etsai baten buru gainera erortzen uzteko, besteak baino hurbilagora inguratzen zaidan etsaia jotzeko alegia, nire bizitzaren kausarako besteak baino kaltegarriagoa den hura. Horrelakoa da bizitza. Ni horren kontra nago, ez dut horrelakorik nahi. Nik badakit, haien odoletik ez da ezer sortuko, ez da emankorra! Oso ondo hazten da egia gure odolak, euri jasaren antzera, lurra bustitzen duenean: haiena, ordea, ustela da, aztarnarik utzi gabe xahutzen da, nik badakit hori! Baina nire gain hartuko dut bekatua; beharrezko baderitzot, hil egingo dut! Neu naiz neure hitzen erantzule bakarra. Nire bekatua nirekin batera hilko da, ez du etorkizunerako orbainik utziko, ez du inor zikinduko, ni izan ezik, inor ere ez!
Hara eta hona zebilen gelatik, besoak aurpegi aurrean astinduz; airean zerbait mozten zuelako keinua egin eta beregandik bereizten zuen gero. Amak tristuraz eta antsiaz begiratzen zion, haren barnean zerbait hautsia zela eta min egiten ziola sentituz. Hilketari buruzko gogoeta ilun latzak baztertu zituen. «Vesovstxikovek ez badu hil, Pavelen lagunkideetako inork ezin izan din horrelakorik egin» —pentsatzen zuen. Pavelek, burua beheraturik, jojolaren hitzak entzuten zituen, honek temati eta ahots sendoz hitz egiten zuen:
— Bidean aurrera egiteko, baliteke zeure buruaren aurka jo behar izatea. Dena ematen jakin behar da, bihotz osoa. Bizia eman, kausarengatik hil, erraza da hori! Gehiago eman behar duzu, zure bizia baino preziatuago duzun hori, eman ezazu! Orduan, bizikien maite duzuna haziko da: zure egia!
Gelaren erdian gelditu zen, zurbil, begiak hertsi-irekita, eskua jaso zuen handikiro hitz emanez bezala, eta hizketan jarraitu zuen:
— Nik badakit, iritsiko da eguna zeinetan gizakiek elkar miretsiko baitute, zeinetan norbera izar baten pareko izango baita gainerakoentzat! Munduan barna gizaki libreak ibiliko dira, beren askatasuna bezain handiak, bihotza zabalik eramango dute guztiek, garbi egongo da bakoitzaren bihotza, bekaizkeriarik gabe, eta arrangurarik gabe denak. Orduan bizitza gizakiaren zerbitzuan egongo da, haren irudia ezinago goratuko da; gizaki askeek gailurrik garaienak gaindituko dituzte! Orduan, egia eta askatasuna nagusi, edertasunarentzat biziko gara, eta gizakirik onenak munduaren bihotza zabalkien besarkatzen duten horiek izango dira, mundua sakonkien maite duten horiek, askeenak izango dira onenak, haiengan egongo da edertasunik handiena! Handiak izango dira bizitza horretako gizakiak...
Isildu egin zen eta, artezturik, ozenki esan zuen bularraren barru-barruko ahotsez:
— Bada, bizitza horregatik, edozertarako prest nago...
Haren aurpegiak zirgit egin zuen, eta begiak negar malko lodi astunak isurtzen hasi ziren bata bestearen atzetik.
Pavelek burua jaso eta so egin zion, zurbil, begiak zabal-zabalik; amak aulkitik altxatzekoa egin zuen, barnean larritasun handia hazi eta gainera zetorkiola sentituz.
— Zer gertatzen zaik, Andrei? —galdetu zion Pavelek ahapeka. Jojolak buruari eragin zion, tente-tente jarri zen eta, amari begira, esan zuen:
— Ikusi egin dut... Badakit...
Ama zutitu eta agudo hurbildu zen harengana, eskuak hartu zizkion. Jojola eskuina askatzen saiatu zen, baina amak indarrez oratu eta, sutsuki, txutxu-mutxuka esan zion:
— Lasai, maitea! Nire bihotzeko laztana...
— Itxaron! —purrustada egin zuen jojolak, ahots garratzez—. Azalduko dizuet nola gertatu den...
— Ez da beharrezkoa! —murmurikatu zuen amak, begi malkoz lausotuak harengan jarrita—. Ez da beharrezkoa, Andriusha...
Pavel astiro hurbildu zitzaion, begi hezeak lagunkidearengan jarrita. Zurbil zegoen eta, erdi irribarre eginez, ahopean esan zuen, astiro:
— Ama beldur duk ez ote haizen hi...
— Ni ez naiz beldur! Ez dut sinesten! Ikusi banu ere ez nuen sinetsiko...
— Itxaron! —esan zuen jojolak, haiei begiratu gabe, burua astinduz eta azkenik eskua askaturik—. Ni ez naiz izan, baina galeraz nezakeen...
— Ez esan gehiagorik, Andrei! —jaregin zuen Pavelek.
Esku batez jojolarena estuturik, sorbaldan ezarri zion bestea, haren gorputz luzearen dardarizoa geldiarazi nahi izango balu bezala. Jojolak haiengana makurtu zuen burua eta ahapeka, ahots etenaz, hizketan hasi zen:
— Nik ez nian horrelakorik gertatzea nahi, Pavel, hik ongi asko dakik hori. Azalduko dizuet nola gertatu zen: Pavelek aurrera jo zuen eta ni kantoian geratu nintzen Dragunovekin, orduan Isai kantoi atzetik agertu eta gure alboan gelditu zen. Guri begira zegoen, irribarre maltzurrez... Dragunovek esan zidan: «Ikusi duk? Nire atzetik zebilek, gau osoa. Jipoi ederra eman behar zioat». Eta han alde egin zuen, etxera uste izan nuen nik... Eta Isai nigana hurbildu zen...
Jojolak hasperen egin zuen.
— Inork ez nau sekula zakur horrek bezain zitalki iraindu.
Amak, isilean, eskutik tiraka egiten zion mahairantz, eta azkenik Andrei aulkian esertzea lortu zuen. Eta ama bera haren aldamenean eseri zen, hurbil-hurbil. Pavel zutik zegoen haien aurrean, goibel, aldizka bizarra haztatzen zuela.
— Hasi zitzaidan esaten jendarmeek gu guztiok ezagutzen gaituztela, begiz jota gaituztela denok eta maiatza iritsi baino lehenago harrapatuko gaituztela guztiok. Nik ez nion ezer erantzuten, barre egiten nuen, baina bor-bor neukan bihotza. Ni gizon argia naizela zioen, eta ez dudala bide horretatik segitu behar, hobe dudala...
Gelditu egin zen, ezkerreko eskuaz aurpegia xukatu zuen, haren begiek lehor distiratzen zuten.
— Ulertzen diat! —esan zuen Pavelek.
— Hobe, esan zidan, legearen morroi izan, ezta?
Jojolak eskuari eragin eta airean astindu zuen ukabil gakotua.
— Legea; deabruak daramala haren arima! —bota zuen hortz artetik—. Hobe masaileko bat eman balit... jasangarriagoa zatekeen hori niretzat, eta harentzat ere bai, agian. Baina tira, bere adur kiratsuaz bihotzean tu egin zidanean, burua galdu nuen.
Andreik dardaraz atera zuen eskua Pavelen eskuen artetik, eta, ahotsa areago lazturik, nazkaz esan zuen:
— Masailako bat eman eta han alde egin nuen. Orduan, Dragunoven ahotsa entzun nuen nire atzean, «horrenak egin dik!» esan zuen ahapeka. Kantoi atzean zegoen, inondik ere...
Isilune bat egin ondoren, jojolak esan zuen:
— Usnatu arren, ez nintzen jiratu... kolpea entzun nuen... Aurrera egin nuen patxadaz, apo bati ostikoa eman banio bezain lasai. Lanean hasi nintzen eta handik gutxira oihuka etorri ziren batzuk: «Isai hil dute!» Ezin nuen sinetsi. Baina ondoezik neukan eskua, ezin nuen eroso erabili, ez nuen minik sentitzen, baina laburragoa ematen zuen...
Eskuari zeharretik begiratu, eta esan zuen:
— Seguru nago bizitza osoan ezin izango dudana orbain nazkagarri hau garbitu...
— Baina bihotza behintzat garbi edukiko duk, laztana! —esan zion amak ahapeka.
— Ez dut neure burua erruduntzat hartzen, ez! —esan zuen jojolak fermuki—. Baina, hala ere, higuingarri zait. Gehiegizkoa da hori niretzat.
— Ez haut ondo ulertzen! —esan zuen Pavelek, bizkarra goratuz—. Hik ez duk hil, baina hil bahu ere...
— Anaia, norbait hiltzen ari direla jakin eta ez galaraztea...
Pavelek fermuki esan zuen:
— Ezin diat hau inola ere ulertu...
Eta, lipar batez pentsatu ondoren, erantsi zuen:
— Hobeto esanda, ulertu ahal diat, baina ezin diat sentitu.
Deika hasi zen sirena. Jojolak albo batera makurtu zuen burua, orro larderiatsuari belarri eman eta, dardarka, esan zuen:
— Ez naiz lanera joango...
— Ni ere ez —arrapostu zuen Pavelek.
— Bainuetxera joango naiz! —esan zuen jojolak, irribarre ilunez, eta agudo, isilean prestatu eta etxetik alde egin zuen, goibel.
Amak, begiratu urrikalkorrez lagun eginik, semeari esan zion:
— Hik nahi duan bezala, Pasha! Bazekiat ez dagoena ondo gizaki bat hiltzea, baina ez diat inor erruduntzat jotzen. Pena ematen zidak Isaik, hain zuan-eta ezdeusa. Begiratu nionean, gogora etorri zitzaidaan haren mehatxua, hi urkatu beharra dagoelakoa alegia, eta ez nian harenganako sumindurarik sentitu, ezta alaitasunik ere hil zutelako. Pena besterik ez nian sentitu. Eta orain, ezta penarik ere...
Isildu egin zen, pixka batean pentsatu eta, harriduraz irribarre eginez, ohartarazi zion:
— Ene Jesus, entzuten duk, Pasha, zer ari naizen esaten?
Pavelek, nonbait, ez zuen entzuten. Astiro, burua beheraturik gelatik hara eta hona zebilela, pentsakor eta beltzuri esan zuen:
— Hona hemen bizitza! Konturatzen haiz nola jarri duten jendea elkarren aurka? Nahi ez baduzu ere, jo ezazu! Nor baina? Zuk bezala, inolako eskubiderik ez duen gizabanako bat. Eta bera zu baino dohakabeagoa da oraindik, leloa delako. Polizia, jendarmeak, zelatariak, horiek guztiak gure etsaiak ditun eta, hala ere, gu bezalako pertsonak ditun, haiei ere odola hurrupatzen zieten, haiek ere ez ditizten gizakitzat hartzen. Berdina dun denontzat! Eta horrela, batzuk besteen aurka jarri ditizten, ergeltasunaz eta izuaz itsutu ditizten, eskuak eta oinak lotu zizkieten, oinperatu eta hurrupatu, lauskitu eta jo egiten ditizten, batzuk besteen aurka bultzatuz. Arma, makila, harri bihurtu diten jendea, eta esaten diten: «Hau da estatua!...»
Areago hurbildu zen amarengana.
— Hori bai dela krimena, ama! Milioika pertsonaren hilketa ezin nardagarriagoa, arimen hilketa... Ulertzen dun? Arima hiltzen diten. Begira zer den haiengandik bereizten gaituena: jojolak gizon bat jo din, eta higuingarri, lotsagarri, mingarri zaion. Higuingarri, hori dun garrantzizkoena! Haiek, ordea, milaka hiltzen ditizten lasai-lasai, gupidarik gabe, dardararik gabe bihotzean, atseginez hiltzen ditizten! Dena, jende guztia, hiltzeraino zapaltzen diten zilarra, urrea, diru-paper hutsalak eta jendea menperatzeko boterea ematen dien zabor ziztrin hori guztia ez galtzearren. Pentsa ezan: herria hiltzen badute, jendearen arima itxuraldatzen badute, ez diten beren burua babesteagatik edo zaintzeagatik egiten, ez diten berengatik egiten, beren ondasunengatik baizik. Ez diten beren barrukoa defendatzen, kanpokoa baizik...
Amarengana makurtu zen, eskuak hartu zizkion eta, haiek astinduz, esan zion:
— Zapokeria, ustelkeria zital hori guztia sentituko bahu, gure egia ulertuko huke, zein handia eta distiratsua den ikusiko huke!
Ama zutik jarri zen, hunkiturik, bere bihotza semearen bihotzarekin sugar bakarrean batzeko desirak gainez egiten ziola.
— Itxaron, Pasha, itxaron! —zezeldu zuen, hats-gabeturik—. Sentitzen diat, itxaron!
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda