XXIII

 

        Udaberria hurbiltzen ari zen, urtuz zihoan elurra, azpian ezkutatzen zituen lokatza eta kedarra agerian utziz. Egunetik egunera lokatza temati areagotuz zihoan begien bistan, bazirudien auzo osoa piltzarrez jantzita eta garbitu gabe zegoela. Egunez, ura tantaka erortzen zen teilatuetatik behera, etxeetako horma grisei lurruna zerien, nekatuta eta izerdi patsetan baileuden; gauez, zirriborrotsu hautematen ziren alderdi guztietatik izotz-burruntzi zuriak. Eguzkia gero eta sarriagotan agertzen zen zeruan. Eta errekatxoak xuxurlaka hasi ziren berriro, oldartsu eta abiadan zingirara jaisten zirelarik.

        Maiatzaren Lehenaren ospakizuna prestatzen ari ziren.

        Fabrikan eta auzoan hegaz zebiltzan jai horren esangura azaltzen zuten orriak, eta propagandaren eraginpean ez zeuden gazteak ere hala mintzatzen ziren irakurritakoan:

        — Antolatu beharra dago hori!

        Vesovstxikov, gogoilun erdi irribarre eginez, oihuka aritzen zen:

        — Bazen garaia! Akabo da ezkutuka ibiltzea!

        Fedia Mazin pozik zebilen. Zeharo argaldurik zegoen, eta hala mugimenduen nola mintzoaren dardarizo urduriak kaiolan sarturik dagoen larretxoriaren antza ematen zion. Haren atzetik Jakov Somov joaten zen beti, orain hirian lan egiten zuen mutil isil eta bere adinerako serioegia. Samoilov —zeini espetxean ilea areago gorritu baitzitzaion—, Vasili Gusev, Bukin, Dragunov eta beste zenbaitek ezinbestekotzat jotzen zuten armaturik joatea; baina Pavel, jojola, Somov eta beste batzuk haiekin eztabaidatzen ziren.

        Egor, beti bezala, nekaturik eta izerditan agertzen zen, arnasestuka, eta txantxetan hasten zen:

        — Lagunkideok, egun indarrean dagoen erregimena aldatzeko lana handia da, baina lan hori arrakastatsuagoa izan dadin bota berriak erosi behar ditut! —zioen, bere oinetako zirtzil bustiak erakutsiz—. Eskalapoiak ere guztiz zarrastaturik daude, ez dago konpontzerik eta egunero oinak blai-blai eginda amaitzen dut. Nik ez dut lurraren erraietara joan nahi guk argi eta garbi eta guztien aurrean mundu zaharrari muzin egin aurretik, eta, horregatik, Samoilov lagunkideak manifestaziora armaturik joateko egin duen proposamena gaitzesteaz batera, ni oinetako sendoz armatzea proposatzen dizuet, zeren erabat sinetsita bainago hori onuragarriagoa izango dela sozialismoaren garaipenerako belarrondoko sailik handiena baino!

        Hizkera berezi horretaz baliatzen zen langileei azaltzeko nola, herrialde ezberdinetan, herria bere bizimodua eramangarriago bihurtzen saiatzen zen. Amari atsegin zitzaion haren solasaldiak entzutea, eta irudikapen bitxia osatzen zuen gero bere buruan: herriaren etsai maltzurrenak, etengabe eta erarik ankerrenean iruzur egiten ziotenak, gizakume txiki, tripaundi eta musu-gorriak ziren, lotsagabeak eta zikoitzak, maltzurrak eta ankerrak. Tsarren boterearen azpian bizitzea nekeza egiten zitzaienean, herri xehea akuilatzen zuten tsarren boterearen aurka altxa zedin, baina herriak matxinatu eta erregeari boterea eskuetatik kentzen zionean, gizontxo haiek amarruz jabetzen ziren berataz eta txaboletara bidaltzen zuten berriro jendea, eta eztabaidan hasiz gero ehunka, milaka sakailatzen zituzten.

        Behinola, adore harturik, hitzaldiek buruan agertarazten zioten bizitzaren irudia zertan zen azaldu zion Egorri eta, nahasirik barre eginez, galdetu zion:

        — Horrela da, Egor Ivanitx?

        Hura barre algaraka hasi zen, begiak azpikoz gora jarri eta, ito beharrean, eskuez igurtzi zuen bularra.

        — Horrelaxe benetan, amatxo! Zuk adarretatik heldu diozu historiaren zezenari. Hondo horixka horren gainean apaingarri batzuk badira, brodadurak alegia, baina ez dute auziaren mamia aldatzen! Hain zuzen ere, gizontxo potolo horiek dira bekatari nagusiak, herria sastatzen duten intsekturik pozoitsuenak. Frantsesek oso izen egokia jarri diete: burgesak. Gogoan hartu, amatxo, burgesak. Burmuina eta odola xurgatzen dizkigute, burua hustu eta odola hurrupatu...

        — Aberatsak, esan nahi duzu? —galdetu zuen amak.

        — Bai, horixe! Horretan datza haien zoritxarra. Begira, umetxoaren janariari kobre apur bat botatzen badiozu, hezurrak astiroago haziko zaizkio, eta nanoa izango da; eta gizabanakoa urrez pozoitzen baduzu, arima txiki, ahul eta gris geratuko zaio, bi txakur txikiko gomazko pilota baten antzeko...

        Behinola, Egorrez ari zela, Pavelek esan zuen:

        — Badakik, Andrei? bihotzean min handia dutenak dituk txantxetan gehien aritzen direnak...

        Jojolak une batez isilik egon eta, begiak nareturik, erantzun zuen:

        — Hik dioana egia balitz, Errusia osoa barrez lehertzeko zorian legokek...

        Natasha agertu zen, bera ere espetxean egona zen, beste hiri bateko presondegiren batean, baina horrek ez zuen eraldatu. Ama ohartu zen nola jojola zeharo alaitzen zen haren aurrean, bromak egiten zituen, guztiak zirikatzen zituen bere eztenkada samurrez, neskari irri alaia eraginez. Baina alde egiten zuenean, kopetilun jarri eta txistuka ekiten zien bere kanta amaigabeei, eta luzaz paseatzen zen gelatik, oinak arrastaka, tristuraz.

        Sasha sarritan azaltzen zen, beti bekozko ilunez, beti presaz, eta, zerbait zela kausa, geroz eta baldarrago eta zakarrago.

        Behin, neskari lagun egiteko Pavelek atalondora irten eta atea zabalik utzi zuen batean, amak haien arteko elkarrizketa azkarra entzun zuen:

        — Zuk eramango duzu bandera? —galdetu zuen neskak ahapeka.

        — Bai.

        — Erabakita dago?

        — Bai. Nire eskubidea da.

        — Berriro kartzelara?!

        Pavel isilik geratu zen.

        — Agian, ez zeneukake... —hasi eta gelditu egin zen neska.

        — Zer? —galdetu zuen Pavelek.

        — Beste norbaiten esku uzterik...

        — Ez! —erantzun zuen ozenki.

        — Pentsa ezazu, itzal handikoa zara, biziki maite zaituzte denek! Zu eta Nakhodka lehenak zarete hemen, lan handia egin dezakezue libre egonik, pentsa ezazu! Hori egiten baduzu, ordea, erbestera eramango zaituzte, urrutira, luzerako!

        Amak sentipen ezaguna antzeman zuen neskaren ahots doinuan: tristura eta beldurra. Eta Sasharen hitzak ur-sorta izoztuak bailiran erortzen hasi ziren haren bihotzean.

        — Ez, erabakia hartuta daukat! —esan zuen Pavelek—. Inola ere ez diot horri uko egingo.

        — Ezta nik eskatuko banizu ere?

        Bat-batean, Pavel abiadan eta aparteko zorroztasunez hitz egiten hasi zen:

        — Zuk ez duzu horrela mintzatu behar. Zer diozu? Ez duzu horrela jokatu behar!

        — Gizakia naiz! —xuxurlatu zuen.

        — Gizaki ona gainera! —esan zuen Pavelek, berak ere ahopetik, baina era berezian, arnasestuka bezala—. Nik maite dudan gizakia. Eta, horregatik... horregatik ez duzu horrela mintzatu behar...

        — Agur! —esan zuen neskak.

        Zurrumen takadetatik amak igarri zion ziztu bizian alde egin zuela, korrika ia. Pavel haren atzetik atera zen etxartera.

        Ikara astun itogarri batek estutu zuen amaren bularra. Ez zuen ulertzen zertaz aritu ziren, baina sumatzen zuen aurrean beste zoritxar bat zuela zain.

        «Zer egiteko asmoa du?»

        Pavel Andreirekin batera itzuli zen; jojola hizketan zetorren, buruari eraginez.

        — Ai, Isaika, Isaika; zer egin horrekin?

        — Bere jarduna bertan behera uzteko aholkua eman behar zioagu! —esan zuen Pavelek beltzuri.

        — Pasha, zer egiteko asmoa duk? —galdetu zuen amak, burua makurturik.

        — Noiz? Orain?

        — Maiatzaren... Maiatzaren Lehenean.

        — Ah! —egin zuen oihu Pavelek, ahotsa beheraturik—. Gure bandera eramango dinat, berarekin joango naun guztien aurretik. Hori dela eta, segur aski, kartzelan sartuko naiten berriro.

        Amari gori-gori jarri zitzaizkion begiak eta lehortasun ezatsegina sentitu zuen eztarrian. Semeak eskua hartu eta laztandu egin zion.

        — Ezinbestekoa dun, ulertu egin behar dun!

        — Nik ez diat ezer esan! —adierazi zuen, burua astiro goraturik. Eta bere begiradak semearen begien distira tematiarekin topo egin zuenean, berriro makurtu zuen lepoa.

        Pavelek eskua askatu zion, hasperen egin eta gaitzespen doinuz mintzatu zitzaion:

        — Atsekabetu beharrean, alaitu egin beharko zenuke. Noiz sortuko ote dira seme-alabak heriotzara alaitasunez bidaliko dituzten amak?

        — Et, et, et! —purrustadaka hasi zen jojola—. Hau ehiztari nahasia, erbirik ez eta tiroka hasia.

        — Baina, nik ez diat ezer esan! —errepikatu zuen amak—. Ez diat trabarik jarriko. Eta hire erruki banaiz, hire ama naizelako duk!

        Aldendu zitzaion semea, eta hitz gogor eta mingarri hauek entzun zituen amak:

        — Bada gizakiaren bizitza oztopatzen duen maitasuna...

        Asaldaturik, bihotza zarrastatuko zion beste zerbait esango ote zuen beldurrez, ama agudo hitz egiten hasi zen:

        — Ez esan horrelakorik, Pasha! Nik ulertzen diat ezin duala bestela jokatu, lagunkideengatik...

        — Ez! —esan zuen—. Hori, nigatik egingo dut.

        Andrei zutik zegoen sarreran, atea baino altuagoa zen eta orain, marko baten barruan bezala hor zegoela, modu bitxian uzkurtu zituen belaunak, sorbalda bat erroan bermatuz eta bestea, lepoa eta burua kanporantz aurreraturik.

        — Berorrek hobe luke berriketari utzi, jaun horrek! —esan zuen goibeltasunez, begi arranpaloak Pavelen aurpegian josita. Harriko arrailean dagoen muskerraren antza zuen.

        Amak negar egiteko gogoa zuen. Baina ez zuen nahi semeak malkoak ikus zitzan, eta bat-batean murmurikatu zuen:

        — Ai, jainkoa! Ahaztua ninan...

        Eta atalondora irten zen. Bertan, burua zoko batean ezkutaturik, malkotan urtu zuen iraina, isilean egin zuen negar, hotsik atera gabe, arian-arian ahulduz, malkoekin batera bihotzeko odola isuriko balu bezala.

        Atea hertsi-irekita zegoen eta zirrikitutik eztabaidaren marmar hotsak iristen zitzaizkion.

        — Zertan ari haiz? Atsegin hartzen duk ama sufriarazten? —galdetu zuen jojolak.

        — Hik ez duk horrela hitz egiteko eskubiderik! —garrasi egin zuen Pavelek.

        — Lagunkide ederra izango nindukek, hire aldarte ergel arraio horiek ikusi eta isilik geratuko banintz! Zergatik esan duk hori? Ulertzen al duk?

        — Irmotasunez hitz egin behar duk beti, baiezkoa zein ezezkoa emateko delarik ere!

        — Berari ere bai?

        — Guztiei! Ez diat nahi ez maitasunik ez adiskidetasunik oinak trabatzen dizkidanik, geldiarazten nauenik...

        — Gure heroia! Garbi ezak sudurra! Garbi ezak eta hoa, esaiok hori guztia Sashenkari. Hari esan beharko hioke hori...

        — Dagoeneko esana zioat!

        — Horrela? Gezurra! Harekin maitekiro mintzatu haiz, samur mintzatu haiz, nik ez haut entzun, baina bazekiat! Amaren aurrean, aldiz, heroi gisa agertu behar huen... Ea ulertzen duan, astakirten alaena: hire heroitasunak ez dik ezta lau zorri ere balio!

        Vlasova aurpegiko malkoak bizkor xukatzen hasi zen. Beldur zen jojolak ez ote zuen Pavel minduko; presaka ireki zuen atea eta, sukaldera sartu zelarik, dardarka, samindurez gainezka eta beldurrak aldean, ozenki jaregin zuen:

        — Ene, ene, hau hotza! Eta udaberrian gaude...

        Sukaldean tresnak lekuz aldatzen hasi zen helbururik gabe, eta, gelan entzuten ziren ahapekako ahotsen marmara estali nahirik, ozenkiago jarraitu zuen:

        — Dena aldatu da, pertsonak beroagoak dira, eta eguraldia hotzagoa. Lehen, urteko sasoi honetan, eguraldi epela egin ohi zuen, eguzkitsua, oskarbi...

        Gelakoak isildu egin ziren. Ama zutik zegoen sukalde erdian, zain.

        — Aditu al duk? —entzun zen jojolaren ahapekako galdera—. Hau ulertu beharra zegok, mila deabru! Hik baino bihotz zabalagoa dik...

        — Terik nahi duzue? —galdetu zien amak ahots dardaratiz. Eta, erantzunari itxaron gabe, bere ikaraldiaren zioa ezkutatu nahirik, oihu egin zuen:

        — Zer gertatzen zait? Hotzak ebakita nago!

        Pavelek harengana jo zuen astiro. Zeharretik begiratzen zion, erruduntasunezko irribarre bat ezpainetan dardarka.

        — Barkatu, ama! —esan zuen ahots apalez—. Umegorria naun oraindik, ergela...

        — Utzi, ez jarraitu! —oihu egin zuen amak tristuraz, semearen burua bularraren kontra estutuz—. Ez esan ezer! Jainkoa hirekin, hire bizitza heure kontua duk! Baina ez mindu nire bihotza! Nolatan liteke amak errukirik ez sentitzea? Ezinezkoa duk... ni guztion erruki nauk! Zuek guztiok maitagarriak zarete, guztiok zintzoak! Eta nor izango da zuen erruki, ni izan ezean? Hi bidean haiz, besteak, dena bertan behera utzita, hire atzetik abiatu dituk... Pasha!

        Pentsamendu handi eta gartsu bat taupadaka ari zitzaion bularrean, eta bihotza indarberritzen zion aldi berean goibela eta mingarria zen alaitasun sentimendu suspergarri batez, baina ez zuen hitzik aurkitzen eta, mututasun horrek oinazeturik, eskuei eraginez, semearen aurpegiari begiratzen zion, begiak sufrimendu bizi eta samin batek nahigabetuta...

        — Ondo zegon, ama! Barkaidan, konturatu naun! —murmurikatu zuen semeak, burua eraitsiz; eta irribarretsu, amari lipar batez begiratu ondoren, haren beso artetik askatu zen eta nahasirik baina pozik gaineratu zuen:

        — Hau ez dinat sekula ahaztuko, zinez zionat!

        Amak beregandik bereizi zuen eta, gela aldera begiratu bat emanik, maitekiro erregutu zion jojolari:

        — Andriusha, ez diezaiozula oihurik egin! Bai, jakina, zu zaharragoa zara...

        Zutik, amari bizkar emanez eta mugitu gabe, jojola marrumaka hasi zen era bitxi eta barregarrian:

        — U-u-u! Txilio egingo diot! Eta gainera, jo egingo dut!

        Ama astiro zihoan harengana, eskua luzaturik, eta hala ziotson:

        — Nire bihotzeko laztana...

        Jojola jiratu, burua zezenaren antzera makurtu eta, eskuak bizkarraldean estuturik, amaren albotik igaro zen sukalderantz. Iseka doinu ilunez durundatu zen haren ahotsa:

        — Alde egin ezak, Pavel, bestela lepoa moztuko diat eta! Txantxetan ari naiz ama, ez dezazula seriotan har. Tira, samovarra piztuko dut. Bai zera! Hau ikatz modua daukaguna... Heze dago, deabruak eraman dezala!

        Isilik geratu zen. Ama sukaldera sartu zenean, lurrean eserita zegoen samovarreko sua bizten. Begiratu gabe, jojola hizketan hasi zen berriro:

        — Ez izan beldur, ez dut ukituko! Arbi egosia baino samurragoa naiz. Eta nik... Aizak, heroi hori, ez jarri belarria....nik maite dut! Baina ez dut atsegin haren koratiloa! Begira, koratilo berria jantzi du, ikaragarri gustatzen zaio, eta hor dabil, sabela puzturik eta guztiei bultzaka: begira ezazue nolako koratiloa daukadan! Ona da, benetan, baina zergatik bultzatu? Hori gabe ere estu samar gaude.

        Pavelek, erdi irribarre eginez, galdetu zuen:

        — Luzaz jardun behar duk oraindik erremuskadaka? Berebiziko astindua eman didak, nahikoa duk gero!

        Jojola lurrean eserita zegoen, hankak samovarraren alde banatan luzaturik eta horri so. Amak, ate alboan zutik, maitekiro eta tristuraz jarrita zituen begiak Andreiren garondo biribilean eta lepo luze konkortuan. Jojolak atzera bota zuen gorputza, eskuak zoruan bermaturik; amari eta semeari begiratu zien begi pittin bat gorrituak kliskatuz, eta ahapeka esan zuen:

        — Pertsona onak zarete, bai!

        Pavel makurtu zen eta besotik heldu zion.

        — Ez tiraka egin! —esan zuen lazki jojolak—. Eroraraziko nauk eta...

        — Zergatik gaitzitu? —esan zuen amak tristuraz—. Musu eman beharko zeniokete elkarri, besarkada handi-handia...

        — Nahi duk? —galdetu zuen Pavelek.

        — Agian bai! —erantzun zuen jojolak hanka gainean jartzeaz batera.

        Sendo besarkatuta, geldi-geldirik egon ziren unez batez, b gorputz, arima bat, adiskidetasunaren su biziak berotua.

        Amaren aurpegitik malkoak irristatzen ziren, bakanagoak jadanik. Haiek xukatuz, nahasirik esan zuen:

        — Emakumeok atsegin dugu negar egitea: penak negar eragiten digu, pozak negar eragiten digu!...

        Jojolak mugimendu leun batez Pavel alde batera bultzatu eta, berak ere atzamarrez begiak lehortuz, esan zuen:

        — Nahikoa da! Saltoka eta jauzika aritu dira txahalak, orain erretegira eramateko ordua da! Ikatz arraio halakoa! Putz eta putz jardun dut eta kedarrez bete zaizkit begiak...

        Pavelek, burua beheraturik, leiho alboan eseri eta ahapeka esan zion amari:

        — Horrelako malkoak ez ditun lotsatzekoak...

        Ama hurbildu eta aldamenean eseri zitzaion. Adorezko sentimendu bero eta eztitsu batek laztantzen zion bihotza. Goibel zegoen, baina atseginez eta lasai.

        — Nik jasoko ditut ontziak; zu, enetxoa, gera zaitez hor eserita! —esan zuen jojolak gelara joatearekin batera—. Atseden hartu! Nahikoa atsekabetu dizugu bihotza...

        Gelan haren ahots abeslaria entzun zen:

        — Gogoangarria izan da oraintsu nola sentitu dugun bizitza, benetako giza bizitza!

        — Bai! —esan zuen Pavelek, amari begiratu bat emanez.

        — Egun oso bestelakoa da dena! —arrapostu zuen honek—. Bestelakoa da pena, bestelakoa poza...

        — Horrela izan behar! —esan zuen jojolak—. Bihotz berria hazten ari da-eta, enetxo laztana, bizitzan bihotz berria hazten ari da. Bidean aurrera doa gizakia, bizitza arrazoimenaren suaz argitzen, eta oihuka, deika: «E, zuek, herrialde guztietako biztanleok, elkar gaitezen familia bakar batean!» Eta, deiari erantzunez, bihotz guztiek beren puska osasuntsuenez bihotz handi bat osatzen dute, sendoa, zaratatsua, zilarrezko kanpaia bezalakoa...

        Amak gogor hertsaturik zituen ezpainak, dardararik egin ez zezaten, eta indarrez itxita begiak, negar malkorik isur ez zezaten.

        Pavelek beso bat jaso zuen zerbait esateko, baina amak bestetik oratu, beherantz teink egin, eta txutxu-mutxuka esan zion:

        — Mesedez, ez jarri trabarik...

        — Badakizue? —esan zuen jojolak, ate alboan zutik—. Aurrerantzean gizabanakoek ezbehar handiak jasango dituzte, odola ibaika isuraraziko diete oraindik, baina, hala ere, nire odola, nire ezbehar guztiak huskeria dira dagoeneko bularrean, burmuinean daukadanaren aldean... Dagoeneko aberatsa naiz, izar izpitsuaren antzeko, eta guztia jasango dut, guztia pairatuko dut, nire barruko poztasuna ez baitu ez inork ez ezerk sekula hilko! Poztasun horretan dago indarra!

        Gauerdira arte egon ziren mahaiaren inguruan eserita, tea edaten, bizitzari, jendeari eta etorkizunari buruzko solasaldi gozoan.

        Amak, gogoeta bat argi atzematen zuelarik, hasperen egin eta bere iraganaldiko gertakariren bat hartzen zuen —beti penagarria eta zakarra—, eta bihotzetik ateratako harri horiekin gogoeta eskoratzen zuen.

        Urtuz zihoakion beldurra solasaldiaren errekasto epelean, eta aita doinu latzez mintzatu zitzaion egunean bezalaxe sentitu zen. Hala esan zion aitak:

        — Muturrik ez jarri! Hirekin ezkondu nahi duen ergel bat agertu dun. Hoa, bada! Neska guztiak ezkontzen ditun, emakume guztiek haurrak egiten ditizten, guraso guztientzat seme-alabak zoritxarra ditun! Hi zer, ez haiz denak bezalakoa ala?

        Hitz haiek entzundakoan, noraezeko bidezidorra ikusi zuen aurrean, halabeharrez leku ilun eta huts baten inguruan jiraka luzatzen zena. Eta bide hori ezinbestean ibili beharrak sosegu itsuz bete zuen. Gauza bera gertatzen zitzaion orain. Baina, beste ezbehar bat gertatzear zegoela sumatuz, norbaitekin ari balitz bezala, bere golkorako esan zuen:

        «To, eutsi horri!»

        Horrek bihotzeko min isila arindu zion. Atezuan jarritako soka bat bailitzan, bihotza, dardaraz, pilpiraka ari zitzaion bularrean.

        Eta zain egotearen antsiak asaldaturiko arimaren sakonean, indarrik gabe, baina iraungi gabe, dirdirka ari zitzaion itxaropenaren argitxo motela: ez ahal zioten dena kenduko, ezer gabe utziko! Zerbait geratuko ahal zitzaion...

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia