XXII
Jaiegun batean, dendatik itzultzean, ama atea ireki eta atalasean gelditu zen, udako euri zaparrada epelaren antzeko poztasun batek tupustean goitik behera blaiturik: gela barrean Pavelen ahots sendoa entzuten zen.
— Hemen duk! —oihu egin zuen jojolak.
Amak ikusi zuen nola Pavel brastakoan jiratu zen, eta zerbait handia agintzen zion sentimendu baten distira antzeman zuen haren aurpegian.
— Itzuli dun... etxean dun! —murduskatu zuen, ezustekoak aztoraturik, eta eseri egin zen.
Semea berarengana makurtu zen, zurbil; haren begi-ertzetan argitsu distiratzen zuten bi malko ttipik, dardarka zituen ezpainak. Pixka batean isilik egon zen; amak ere isilik begiratzen zion.
Jojola, ahopetik txistuka, haien albotik igaro eta, burua beheraturik, etxartera irten zen.
— Eskerrik asko, ama! —hasi zen Pavel beheko ahots sakonez, amaren eskua hatz dardaratiez estutzen zuelarik—. Eskerrik asko, maitea!
Semearen ahots doinuak eta aurpegiaren imintzioak sortzen zioten pozak hunkiturik, amak burua laztantzen zion eta, bihotzaren taupadei eutsiz, ahapeka mintzatu zitzaion:
— Kristo hirekin! Zergatik?
— Eskerrik asko, gure kausa handiari laguntza ematen dionalako! —esan zuen hark—. Gizaseme batek amari izpirituko ama ere deitu ahal izatea... zorion paregabea dun!
Amak, ezer esan gabe, bihotza zabaldurik haren hitzak antsiaz irentsiz, semea miresten zuen, hain argitsu eta maitagarri altxatzen baitzen beraren aurrean.
— Ni, ama, ohartzen nindunan hainbat gauzak hire arima jotzen zutela, zaila zela hiretzat. Pentsatzen ninan inoiz ez hintzela gurekin adiskidetuko, ez huela gure ideiak hireganatuko, eta isilean sufritu besterik ez huela egingo, hire bizialdi osoan sufritu dunan moduan. Gogorra zunan hori!
— Andriushak gauza asko ulertarazi zidak! —esan zuen amak.
— Bai, hitaz hitz egiten zidanan! —esan zuen Pavelek, barrez.
— Egorrek ere bai. Herrikideak gaituk. Andriushak irakurtzen eta idazten ere irakatsi nahi zidaan...
— Eta hi lotsatu eta ezkutuka hasi hintzen hire kabuz ikasten!
— Bai zaindu nauela! —egin zuen oihu amak, nahasirik. Eta, bularrean gainez egiten zion poztasun neurrigabeari eutsi ezinik, Paveli proposatu zion—: Deitu beharko geniokek! Nahita alde egin dik, enbarazurik ez egitearren. Berak ez dik amarik...
— Andrei! —oihukatu zuen Pavelek, atalondoko atea irekiz—. Non haiz?
— Hemen. Egurra egin nahi diat.
— Hator hona!
Ez zen berehalakoan joan, eta, sukaldera sartu zenean, hala esan zuen etxeko gorabeherez arduraturik:
— Egurra ekartzeko esan behar diogu Nikolairi, gutxi daukagu. Ikusi duzu, enetxoa, nola dagoen Pavel? Agintariek, zigortu beharrean, gizendu egiten dituzte erreboltariak...
Ama barrez hasi zen. Artean eztiro estuturik zeukan bihotza, alaitasunez hordituta zegoen, baina ordurako halako sentimendu zikoitz eta zuhur batek semea beti bezain lasai ikusteko gogoa ernarazia zion barnean. Ongizate handiegia sentitzen zuen ariman, eta bere bizitzako lehenbiziko pozaldi horrek —horren handia— etorri zen bezain bizi eta indartsu bihotzean berehala eta betiko leku har zezan nahi zuen. Eta, zoriontasuna motelduko ote zitzaion beldurrez, albait arinen gordetzera lehiatu zen, txorizaleak ustekabean harrapatu duen txori bitxia gordeko lukeen bezala.
— Goazen bazkaltzera! Hik, Pavel, oraindik ez duk ezer jan, ezta? —proposatu zuen artatsu.
— Ez. Atzo jakin ninan, zaintzaileak esanda, askatzea erabaki zutela, eta gaur ez dinat ez edan ez jan...
— Sizov zaharra izan da hemen topatu dudan lehena —azaltzen hasi zitzaien Pavel—. Ikusi nauenean, kalea gurutzatu eta agurtzera etorri zait. Nik zera esan diot: «Orain kontu handiagoz ibili behar duk nirekin, gizon arriskutsua nauk, poliziaren zaintzapean nagok», «Berdin ziok» erantzun dit berak. Eta badakizue zer galdetu didan bere lobari buruz? «Zer —esan dit—, Fiodorrek ondo jokatu du?», «Eta zer esan nahi du kartzelan ondo jokatzeak?», «Beno —esan dit—, ea ez al den neurriz gaindi berriketan aritu lagunkideen aurka!» Eta nik Fedia gizon zintzo eta buruargia dela esan diodanean, berak bizarra laztandu eta harro-harro adierazi dit: «Guk, Sizovtarrok, ez zeukaagu kide gaiztorik gure senitartean».
— Agure zentzuduna duk! —esan zion jojolak, buruari baiezka eraginez—. Bera eta biok sarritan mintzatzen gaituk elkarrekin, mujik ona duk. Laster askatuko ditek Fedia.
— Denak askatuko ditiztek, nik uste! Ez zeukatek ezer, Isairen testigantza izan ezik, baina zer esan dezake horrek?
Ama atzera-aurreraka zebilen eta semeari begiratzen zion. Andrei zutik zegoen leihoaren alboan, haren kontaketa entzuten, eskuak bizkar atzean gorderik. Pavel gelatik paseatzen zen. Hazia zitzaion bizarra, ile ilun meheak kiribiltxotan korapilatzen zitzaizkion masailetan, aurpegiaren kolore beltzarana motelduz.
— Eser zaitezte! —proposatu zien amak, janari beroa mahai gainean ipintzeaz batera.
Bazkaldu bitartean, Andrei Ribinez aritu zen. Eta amaitu zuenean, Pavelek arranguraz jaregin zuen:
— Ni etxean izan banintz, ez niokeen alde egiten utziko. Zer eraman du aldean? Erreboltarako grina handia eta nahaste-borraste ederra huruan.
— Tira —esan zion jojolak, erdi irribarre eginez—, pertsona batek berrogei urte bete eta luzaroan bere arimako piztien aurka borrokan jardun duenean, zail duk eraldatzen...
Eztabaida piztu zen, jendea amari ulertezin zitzaizkion hitzak erabiliz mintzatzen hasten zen horietakoa. Bazkaltzen amaitu zuten, eta gero eta grina biziagoz lehiatzen ziren biak, txingor-jasa burrunbatsuen antzeko hitz andana mamitsuak elkarri jaurtikiz. Batzuetan modu ulergarrian hitz egiten zuten.
— Guk geure bideari eutsi behar zioagu, bertatik ezta urrats bat ere saihestu gabe! —adierazi zuen Pavelek fermuki.
— Eta bidean, etsaitzat hartuko gaituzten milioika eta milioika gizabanakorekin egingo diagu topo...
Amak eztabaidara jarria zuen belarria eta ulertzen zuen Pavelek ez zituela nekazariak maite; jojolak, ordea, haien alde egiten zuen, mujikei ere ongia irakatsi behar zitzaiela argudiatuz. Amak hobeto ulertzen zuen Andrei, eta zuzen zegoela zeritzon, baina honek Paveli zerbait esaten zion bakoitzean, bera, adi-adi eta arnasari eutsiz, semearen erantzunaren zain geratzen zen, jojolak min eman ote zion lehenbailehen jakiteko. Baina oihuka aritzen baziren ere, ez zioten minik ematen elkarri.
Noizean behin, amak semeari galdetzen zion:
— Horrela da, Pasha?
Hark irribarrez erantzuten zuen:
— Horrelaxe!
— Berorrek, jauna —esaten zion jojolak, maitekiro zirikatuz—, bapo bete du sabela, baina gaizki murtxikatu du eta janari puskaren bat eztarrian trabaturik geratu zaio. Irakutzi egin behar du eztarri-zulotxo hori!
— Ez esan lelokeriarik! —aholku ematen zion Pavelek.
— Nola? Hileta batean baino serioago nagok eta!
Amak, ahopetik barre eginez, buruari eragiten zion...
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda