XX

 

        Behinola, arratsean, ama mahaiaren alboan eserita zegoen galtzerdiak egiten, eta jojola Erromako esklaboen matxinadari buruzko liburu bat irakurtzen ari zen boz goraz. Halako batean, norbaitek indarrez jo zuen atea eta, jojolak ireki zuenean, Vesovstxikov sartu zen, fardeltxo bat besapean, txanoa garondo aldera atzeratuta eta belaunetaraino lokazturik.

        — Pasatzean argia ikusi dut zuenean. Agurtzera sartu naiz. Kartzelatik nator zuzen-zuzenean —azaldu zien ahots doinu arraroz, eta, Vlasovaren eskua harturik, indarrez estutu zion, hala zioela:

        — Goraintziak Pavelen partetik.

        Gero, aiko-maiko, gorputza aulkian jarri eta alderik alde aztertu zuen gela ohiko begiratu ilun mesfidatiaz.

        Amak ez zuen gogoko, haren buru kaskamotz hezurtsuan, haren begi txikietan bazen zerbait beti beldurra eragiten ziona; baina oraingoan poztu egin zen eta, irribarre gozoa eskainiz, alaiki esan zion:

        — Argaldu haiz! Andriusha, tea emango diogu...

        — Dagoeneko samovarra prestatzen ari naiz! —arrapostu zuen jojolak sukaldetik.

        — Beno, eta zer moduz dago Pavel? Beste inor askatu dute, ala hi bakarrik?

        Nikolaik burua beheratu eta erantzun zuen:

        — Pavel barruan geratu dun, baina gogor eusten zion! Ni bakarrik askatu naiten! —begiak amaren aurpegirantz jaso eta, astiro, hortz artetik bota zuen—: Nik zera esan nienan: «Nahikoa da! Aska nazazue, bestela norbait hil behar dut, baita neure burua ere». Eta askatu naiten.

        — Mmm, ba-ai —esan zuen amak, harengandik aldenduz, eta nahigabe kliskatu zituen begiak bere begiradak haren begi mehar zorrotzekin topo egin zuenean.

        — Eta zer moduz dago Fedia Mazin? —oihukatu zuen jojolak sukaldetik—. Poemak idazten ditu?

        — Bai, idazten ditik. Nik ez diat hori ulertzen! —esan zion Nikolaik, buruari eraginik—. Zer da gero, txoka bat ala? Kaiolan sartu ditek eta, hara, kantatu egiten dik! Nik gauza bat bakarrik ulertzen diat: ez diat etxera joateko gogorik...

        — Izan ere, zer duk hor, etxean? —esan zuen amak pentsakor—. Hutsik zegok, labea piztu gabe, hotzak hartuta dena...

        Nikolai begiak naretu eta isilik geratu zen. Poltsikotik zigarro kutxa atera, presarik gabe erretzen hasi eta, aurpegi aurrean xahutzen ziren ke ahokada grisei begira, erdi irribarre egin zuen zakur betizuaren imintzio maltzurraz.

        — Bai, hotzak egon behar! Zoruan labezomorro izoztuak hor-hemenka. Eta saguak ere izoztuta. Aizan, Pelageia Nilovna, utziko didan gaua hire etxean ematen? ahal dut? —galdetu zuen ahots garratzez, aman begiratu gabe.

        — Bai noski, motel! —esan zuen amak berehalakoan. Ez zen harekin ez gustura eta eroso sentitzen.

        — Gaur egunean seme-alabak gurasoez lotsatzen ditun...

        — Zer esan duk? —galdetu zuen amak, zirgit eginik.

        Nikolaik begiratu bat luzatu zion, begiak itxi eta aurpegi naparbantzua adiera gabe geratu zitzaion.

        — Seme-alabak gurasoez lotsatzen hasi direla esan dinat! —errepikatu zuen, zarataz hasperen eginez—. Pavel ez dun inoiz hitaz lotsatuko. Baina ni aitaz lotsatuta nagon. Eta haren etxera... ez naun sekula itzuliko berriro. Aitarik ez dinat... ezta etxerik ere! Poliziak zainduta ez banengo, Siberiara joango ninduken... Han, erbesteratuak askatuko nitizken, ihesa antolatuko nieken...

        Amaren bihotz sentiberak gizon hura egoera latzean zegoela ulertu zuen, baina haren sufrikarioak ez zion urrikirik eragin.

        — Tira, horrela bada... alde egitea duk onena! —esan zuen, Nikolaik isiltasuna iraintzat har ez zezan.

        Andrei sukaldetik irten zen eta barrezka esan zuen:

        — Zer erretolika darabilzue, gero?

        Altxatu zen ama, esanez:

        — Jateko zerbait prestatu beharra dago...

        Vesovstxikovek jojolari adi-adi so egin eta bat-batean adierazi zion:

        — Nire ustez, baduk jendea hil beharra dagoena!

        — Hara! Eta zertarako? —galdetu zuen jojolak.

        — Izan ez dadin.

        Jojola, garai eta zimel, zutik zegoen gelaren erdian, hanken gainean kulunka, eskuak poltsikoetan sartuta eta Nikolair goitik behera so eginez. Nikolai, ordea, tinko eserita zegoen aulkian, ke hodeiz inguraturik, eta haren aurpegi grisean orban gorriak azaldu ziren.

        — Isai Gorbovi nik moztuko zioat lepoa, ikusiko duk!

        — Zer dela eta? —galdetu zuen jojolak.

        — Zelataririk gabe, salaketarik ez. Haren erruz, galdua duk nire aita; haren erruz, isileko polizian sartzekotan zebilek orain —esan zuen Vesovstxikovek, Andreiri etsaitasun goibelez begiratzen ziola.

        — Halakorik gero! —egin zuen oihu jojolak—. Baina hiri nork leporatzen dik hori? Ergelek bakarrik!

        — Ergelak eta azkarrak hari bereko korapiloak dituk! —esan zuen Nikolaik fermuki—. Begira, hi azkarra haiz, eta Pavel ere bai; baina ni besteak bezalakoa al naiz zuentzat? Fedia Mazin edo Samoilov bezalakoa? Zuek biok elkar hartzen duzuen modu berean hartzen al nauzue ni ere? Ez gezurrik esan, dena dela, ez diat sinetsiko... zuek guztiok alde batera baztertzen nauzue, zokoratu egiten nauzue...

        — Gaixorik duk arima, Nikolai! —esan zuen jojolak, ahapeka eta samur, haren alboan esertzeaz batera.

        — Gaixorik. Zuena ere gaixorik zegok, baina zuen maskuiloak nireak baino duinagoak direlakoan zaudete. Gu guztiok zitalki tratatzen diagu elkar, hara zer diodan nik. Eta hik zer esan diezadakek niri? Esadak ba!

        Begi zorrotzak Andreiren aurpegian josi eta zain geratu zen, hortzak erakutsiz. Haren aurpegi nabarra zurrun zegoen, eta dardara batek hartu zizkion ezpain guriak, halako beroaldi batek erreko balizkio bezala.

        — Nik ez diat hiri ezer esango! —hasi zen jojola, bere begi urdin argiei zerien irribarre tristeaz Vesovstxikoven etsaitasun-begiratua epelki laztanduz—. Bazekiat bihotzeko zauriak oraindik odoletan dituela norbaitekin eztabaidatzeak mina besterik ez diola emango; bazekiat, anaia!

        — Nirekin ez zegok eztabaidatzerik, ezer ez zekiat eta! —zezeldu zuen Vesovstxikovek, begiak beheratuz.

        — Uste diat —jarraitu zuen jojolak— denok ibiliak garela oinutsik kristal hautsien gainetik, eta gutariko bakoitzak, ordu ilunetan, hik orain sentitzen duan etsipen berbera sentitu izan duela...

        — Hik ezin didak ezer esan! —jaregin zuen Vesovstxikovek astiro—. Nire arima otsoen modura uluka ari duk.

        — Ez diat ezer esateko asmorik! Sendatuko haizela baino ez zekiat. Beharbada, ez guztiz, baina sendatuko haiz!

        Erdi irribarre egin eta hizketan jarraitu zuen, Nikolairi sorbaldan txapaka eginez:

        — Hori, anaia, haurtzaroko gaixotasuna duk, elgorriaren antzekoa. Denoi erasotzen ziguk: sendoei arinago, ahulei larriago. Gutaz jabetzen duk nork bere burua aurkitu bai baina bizitza ulertzen ez duenean eta bere tokia zein den asmatu ezinik dabilenean. Hiri iruditzen zaik hi haizela lurrean dagoen pepino gozo bakarra eta denak hi jateko irrikaz daudela. Gero, denboralditxo bat igaro ondoren, konturatuko haiz hire arima mokadu ona bada ere gainerakoen bularrek gordetzen dutena ez dela txarragoa, eta horrek arindu egingo hau. Eta apur bat lotsaturik pentsatuko duk ea zertarako igo haizen kanpandorrera hire kanpaitxoa, hain txikia izanik, ez bada jaiegunetako errepikan entzuten. Geroxeago ikusiko duk besteekin batera korua osatzen duenean hire doinua entzun egiten dela, baina bakarrik aireratzen denean, ordea, kanpai zaharren harrabotsak irentsi egiten duela, olioak euliak irensten dituen bezalaxe. Ulertzen duk zer esan nahi dudan?

        — Beharbada, ulertzen diat! —esan zuen Nikolaik, buruari eraginik—. Baina ez diat sinesten!

        Jojola barretan lehertu zen, jauzi batez zutitu eta korrika hasi zen, zarata atereaz.

        — Bada, nik ere ez nian sinesten! Ene, hi bai gurditzarra!

        — Zergatik gurditzarra? —galdetu zuen Nikolaik, sasi-irribarre goibelez, jojolari begira.

        — Horren antza duk!

        Bat-batean, Vesovstxikov barre algaraka hasi zen, ahoa zabal-zabalik.

        — Zer duk? —galdetu zuen jojolak harriduraz, aurrean gelditurik.

        — Burura etorri zaidak ergela behar duela hi mintzen hauenak! —adierazi zuen Nikolaik, burua mugituz.

        — Baina nola mindu ahal naute ni? —bota zuen jojolak, sorbaldak goratuz.

        — Ez zekiat ba! —esan zuen Vesovstxikovek, ontasunez edo etorkor hortzak erakutsiz—. Nik bakarrik esan nahi nian hi mintzen hauenak guztiz lotsaturik geratu behar duela hori egindakoan.

        — Horra nora iritsi haizen! —esan zuen jojolak, barrezka.

        — Andriusha! —deitu zion amak sukaldetik.

        Joan zen Andrei.

        Bakarrik geratu zenean, Vesovstxikovek ingurua arakatu zuen, bota luze astunez jantzitako hanka luzatu eta, hari so, makurtu eta bi eskuez haztatu zuen zango mamitsua. Esku bat aurpegiraino goraturik, arretaz aztertu zuen azpia eta gero, jiratuta, gaina. Eskua lodia zen, hatz laburrekikoa eta bilo horiz estalia. Airean astindu eta hanka gainean jarri zen.

        Andreik samovarra ekarri zuenean, Vesovstxikov zutik zegoen ispiluaren aurrean eta hitz hauekin egin zion harrera:

        — Aspalditik ez diat neure muturra ikusi...

        Erdi irribarre egin eta, burua kulunkatuz, gaineratu zuen:

        — Bai mutur nazkagarria nirea!

        — Eta zer axola dik horrek? —galdetu zuen Andreik, jakin-minez begiratuz.

        — Sashenkak esan ohi dik aurpegia arimaren ispilua dela! —adierazi zuen Nikolaik astiro.

        — Oker zegok, gero! —egin zuen oihu jojolak—. Haren sudurrak gakoa ematen dik, masailalboek artaziak eta, hala ere, arima izarren parekoa duk.

        Vesovstxikovek begiratu eta sasi-irribarre egin zion.

        Tea hartzera eseri ziren.

        Patata handi bat hartu zuen Vesovstxikovek, ogi puska batean gatz piloa bota eta patxadaz, astiro, idi baten gisara, murtxikatzen hasi zen.

        — Eta zer moduz hemendik? —galdetu zuen, ahoa bete-beterik zuela.

        Eta Andreik, pozarren, fabrikako propagandaren hazkundearen berri eman zionean, hark, berriro ere kopetilun, ahots garratzez ohartarazi zion:

        — Luze joko ziguk horrek, luzeegi! Arinago behar...

        Amak so egin zion, eta gizon horrenganako etsaitasun sentimenduaren astindu isila nabaritu zuen bularrean.

        — Bizitza ez duk zaldia, ez ezak zartailuaz jo! —esan zuen Andreik.

        Vesovstxikovek setatsu astindu zuen burua.

        — Luzea duk! Eta nik ez diat horren pazientzia handirik! Zer egingo diot?

        Besoak zabaldu zituen ezintasuna adieraziz, jojolari aurpegira begiratu eta isilik geratu zen, erantzunaren zain.

        — Guk, ikasi eta besteei irakatsi beharra diagu, horra gure zeregina! —esan zuen Andreik, burua beheratuz.

        Vesovstxikovek galdetu zuen:

        — Eta noiz borrokatuko gara?

        — Hori baino lehen, behin baino gehiagotan joko gaitiztek, hori bazekiat! —erantzun zuen jojolak erdi irribarre eginez—. Noiz ekin beharko diogu borrokari? Hori ez zekiat! Begira, aurrena burua armatu behar duk, eta gero eskuak, hori uste diat nik...

        Nikolaik jateari ekin zion berriro. Amak, hura ohartu gabe zeharretik so eginez, Vesovstxikoven aurpegi zabala aztertzen zuen, haren irudi astun karratuarekin adiskidetuko lukeen zerbait aurkitzeko ahaleginak eginez.

        Eta, haren begi txikien begiratu zorrotzarekin topo egiten zuenean, ikaraz mugitzen zituen bekainak. Andreiren aztoramena nabaria zen: bat-batean, hala hizketan nola barre algaraka hasten zen, eta segituan, solasaldia tupustean etenik, txistu egiteari ekiten zion.

        Amari iruditzen zitzaion haren larritasuna ulertzen zuela. Nikolaik eserita jarraitzen zuen, txintik esan gabe, eta jojolak zerbait galdetzen zionean, laburki eta batere gogorik gabe erantzuten zion.

        Gela txikian, bertako bi bizilagunak estu eta itota sentitzen ziren eta, aldian batak, aldian besteak, begiratu arinak egozten zizkioten bisitariari.

        Azkenean, hala esan zien, zutitzeaz batera:

        — Ohera noa. Denboraldi luzea eman dut giltzapean sartuta, bat-batean askatu naute eta ibiltzen hasi naiz. Nekatuta nago.

        Sukaldera joan zen, eta puska batean hara-hona aritu ondoren, bat-batean hantxe hil bailitzan haren hotsak itzali zirenean, amak, belarria isiltasunera jarrita, marmarka esan zion Andreiri:

        — Beldurgarria da horren pentsaera...

        — Mutil garratza da! —baietsi zuen jojolak, buruari eraginez—. Baina aldatuko da! Niri ere, gauza bera gertatu zitzaidan. Bihotzeko sua motela denean, kedar asko metatzen da hor barrean. Eta orain, enetxoa, zoaz ohera; ni irakurtzen geratuko naiz puska batean oraindik...

        Perkalezko gortinez babesturik ohea zegoen txokora joan zen ama; Andrei, mahai alboan eserita, luzaro egon zen haren otoitz eta zinkurinen murmurio epela entzuten. Biziki narritaturik zegoen. Bekokia igurtzi, hatz luzeez bibotea bihurritu eta hankak mugitzen zituen liburuko orriak agudo iraultzen zituen bitartean. Erlojuaren zintzilikaria tiki-taka ari zen, eta leihoaz bestaldean intzirika haizea.

        Amaren ahots apala entzun zen:

        — Ene jainkoa! Hainbat jende bizi da munduan, eta kexu dira denak, nor bere erara. Eta non dira zoriontsuak, horrelakorik ba al da?

        — Dagoeneko horrelakoak ere badira, bai horixe! Laster, asko izango dira, bai, asko! —arrapostu zuen jojolak.

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia