XIX
Ordurako ama hirutan joana zen Paveli bisita egiteko baimena eskatzera, eta hiruretan, jendarme-jeneralak, masaila gorribeltz eta sudur handiko agure ileurdinak, adeitasunez ezezkoa eman zion:
— Astebete barru, amatxo, lehenago ez! Astebete barru ikusiko dugu, baina orain ezinezkoa da...
Potoloa zen, gizena, eta amari aran umo apur bat umeldu eta jadanik lizun bilotsuak estalia ekartzen zion gogora. Ziri zorrotz horia ibiltzen zuen beti hortz zuri txikien artean aztarrika, begitxo berdexkek samurki egiten zuten irribarre, adeitasunez eta lagunkiro mintzatzen zen.
— Gisakoa da! —esan zion amak, pentsakor, jojolari—. Beti irribarrez...
— Bai, bai! —erantzun zuen jojolak—. Ez dira hain gaiztoak, adeitsuak dira, irribarre egiten dute. Hala esango diete: «Tira, hemen duzue gizon buruargi eta zintzo hau, arriskutsua da guretzat, beraz, urka ezazue!» Irribarre egin eta urkatuko dute, eta gero, irribarre egingo dute berriz ere.
— Gure etxea miatzera etorri zenari berehala igartzen zitzaion —alderatu zuen amak—, kolpetik ikusten zen zakur hutsa zela...
— Ez dira gizajendea, herria sorgortzeko mailuak baizik. Tresnak. Haietaz baliatzen dira gure anai-arrebak lantzeko, moldaerrazagoak izan daitezen. Haiek, dagoeneko moldatu dituzte gobernatzen gaituen eskuaren neurrira, agintzen dieten guztia egiteko gauza dira, ezer galdetu gabe, zergatik egin behar duten pentsatu gabe.
Azkenik, semea bisitatzeko baimena eman zioten, eta igandean apaltasunez eserita zegoen kartzelako bulegoko bazter batean. Amaz gain, sabai baxuko gela estu eta zikinean beste zenbait lagun ere baziren, bisitaren zain. Inondik ere, ez zen hura bertan ziren aurreneko aldia eta elkar ezagutzen zuten; haien artean, amaraun baten antzera, nagiki eta geldiro ehotzen zen ahapekako solas itsaskorra.
— Entzun duzue? —zioen belaunetan esku-fardela zeukan aurpegi mamitsuko emakume mardul batek—. Gaur, goizeko lehen mezan, katedraleko abesbatza zuzentzen duen apaizak belarria zarrastatu dio mutil kantari bati.
Militar erretiratuen uniformez jantzitako gizon heldu batek ahotsa eztulka argitu, eta ohartarazi zuen:
— Kantari horiek porakilo hutsak dira!
Bulegotik zalapartatsu zebilen gizontxo burusoil txapar bat, hanka-laburra eta beso-luzea, baraila aurrealdera nabarmenduta zeukana. Gelditu gabe, ahots urduri eta zoliz mintzatzen zen:
— Bizitza gero eta garestiagoa da eta, horregatik, jendea gero eta gaiztoagoa. Bigarren mailako behikia liberako hamalau kopeketan dago, eta ogia bi eta erditan jarri da ostera...
Tarteka, presoak sartzen ziren, grisak, denak berdinak, larruzko oinetako astunekin. Begiak kliskatzen zituzten erditzalean zegoen gelara sartzean. Haietariko baten oinetan kirrinka egiten zuten girgiluek.
Hango baretasuna bitxia zen, eta arruntasuna ezatsegina. Bazirudien aspalditik nor bere egoerara eginda eta ohituta zegoela: batzuk patxadaz eserita zeuden, beste batzuek laxoki itxaroten zuten, eta gainerakoak orduko eta nekaturik agertzen ziren presoak bisitatzera. Ama eramanezinik zegoen, bihotza dardarizoak hartuta. Txunditurik begiratzen zion inguruan zuen guztiari, sinpletasun latz horrek harrituta.
Vlasovaren aldamenean emakume zahar txiki bat zegoen eserita. Aurpegi zimurtsua eta begi gazteak zituen. Lepo mehea jiratuz, arretatsu entzuten zuen elkarrizketa eta modu arraroan begiratzen zien guztiei, erronka eginez bezala.
— Zuk nor duzu hemen? —galdetu zion Vlasovak ahapeka.
— Semea. Ikaslea da —erantzun zuen zahartxoak boz goraz eta agudo—. Eta zuk?
— Nik ere semea. Langilea da.
— Zein da haren deitura?
— Vlasov.
— Ez dut inoiz entzun. Denbora luzea darama kartzelan?
— Zazpi aste...
— Nireak, aldiz, hamar hilabete! —esan zuen zahartxoak, eta amak zerbait bitxia, harrotasunaren antzeko zerbait sumatu zuen haren doinueran.
— Bai, bai! —zioen bizkor agure burusoil txaparrak—. Egonarria agortzen da... Jendea ernegatzen da, oihuka hasten da, goraka doaz gauza guztien prezioak. Eta, horren ondorioz, pertsonak ere merkatu egiten dira. Eta ez dago adiskidetzera deitzen duen ahotsik.
— Egia biribila! —esan zuen militarrak—. Nahaste-borraste itzela dago! Beharrezkoa dugu behingoz isiltzeko aginduko duen ahots gogor bat entzutea. Horixe behar dugu. Ahots gogorra...
Solasa orokortu eta biziagotu egin zen. Lehiatsu ematen zuen norberak bizitzari buruzko bere iritzia, baina ahotsa jaso gabe mintzatzen ziren, eta amak arrotz zeritzon zerbait hautematen zuen guztiengan. Etxean beste era batera hitz egin ohi zuten, ulergarriago, xumeago, eta ozenago.
Bizar ilegorri karratuko zaintzaile lodi batek amaren deitura oihukatu zuen, burutik oinetaraino aztertu eta, herrenka ibiliz, handik alde egin zuen, hala esandakoan:
— Hator nirekin...
Zaintzailearen atzetik zihoan eta bizkarrean bultza egiteko gogoa zuen, arinago ibil zedin. Pavel zutik zegoen gela txiki batean, irribarre egin eta eskua luzatu zion. Hartu zion amak, barrez hasi, begiak behin eta berriro kliskatu eta, hitzak aurkitu ezinik, ahapeka esan zion:
— Egun on... egun on...
— Ea ba, lasai hadi, ama! —esan zion Pavelek, eskua estutzeaz batera.
— Ez diat ezer.
— Ama! —esan zuen zaintzaileak, hasperen eginik—. Bereiz zaitezte elkarrengandik, bien artean tartegunea egon dadin...
Eta aharrausi zaratatsua egin zuen. Pavelek hainbat galdera egiten zion: bere osasunari buruz, etxeari buruz... Amak bestelako galderak espero zituen, haren begietan bilatzen zituen, baina ez zituen aurkitzen. Semea, beti bezala, lasai zegoen, baina zurbil zeukan aurpegia eta begiek ohi baino handiagoak ziruditen.
— Goraintziak Sasharen partetik! —esan zuen amak.
Pavelen betazalek dardara egin zuten, aurpegia bigundu zitzaion, eta irribarre egin zuen. Samindura bizi batek ziztatu zuen amaren bihotza.
— Laster askatuko haute —hasi zen ama, mindurik eta erresuminez Zertarako espetxeratu haute? Izan ere, berriro agertu dituk orrixka horiek...
Pavelen begiek alaitasunez distiratu zuten.
— Berriro? —galdetu zuen agudo.
— Debekatuta dago gauza horietaz hitz egitea! —adierazi zien, nagiki, zaintzaileak—. Familiako gorabeherak eta horrelako gauzei buruz soilik hitz egin daiteke.
— Eta hauek ez al dira familiako gorabeherak? —ihardetsi zuen amak.
— Bada, nik ez dakit. Nik debekatuta dagoela besterik ez dakit —ekin zion zaintzaileak ezaxolati.
— Hitz egin ezan familiako gorabeherei buruz, ama! —esan zuen Pavelek—. Zertan babil?
Amak bere baitan halako gazte-suhartasun bat sentituz erantzun zuen:
— Hori guztia eramaten diat fabrikara....
Gelditu eta, irribarrez, jarraitu zuen:
— Zopa, morokila, Mariak prestatzen dituen lapikoko guztiak; eta bestelako jakiak ere bai...
Ulertu zuen Pavelek. Dardarka hasi zitzaion aurpegia barnean eutsitako barreguraren eraginez. Ilea harrotu zuen, eta, amak sekula entzun gabea zion ahots doinua erabiliz, esan zuen:
— On egingo din lanean aritzeak, ez haiz aspertuko!
— Eta orri horiek agertu zirenean, ni ere miatu ninditean! —adierazi zion, eta ez hantuste gutxirekin.
— Ostera ere horretaz! —esan zuen zaintzaileak, minduta—. Berriro zionat: ezin dun! Pertsona bati askatasuna kendu zioten ezeren berririk izan ez dezan, eta, hara, hik ekin eta ekin hireari! Ulertu beharra zegon zer ezin den egin.
— Tira, utzion ama! —esan zuen Pavelek—. Matvei Ivanovitx gizon ona dun, ez dinagu haserretu behar. Gu adiskidetsu bizi gaitun berarekin. Gaur txiripaz egokitu zaion bisitaldia zaintzea, baina hori zuzendariordearen zeregina izan ohi dun.
— Amaitu da bisitaldia! —adierazi zuen zaintzaileak, erlojuari begira.
— Beno, eskerrik asko, ama! —esan zuen Pavelek—. Eskerrik asko, enetxoa! Ez kezkatu, laster askatuko naiten...
Indarrez besarkatu zuen, musu eman zion, eta ama, hunkiturik, zoriontsu, negarrez hasi zen.
— Bereiz zaitezte! —agindu zien zaintzaileak eta, amari lagun egiten ziolarik, purrustadaka esan zuen—: Ez egin negarrik, askatuko diten! Denak askatzen ditizten... Hau txikiegi geratu zaien.
Etxean, irribarre zabala aurpegian eta bekainak biziki mugituz, jojolari esan zion:
— Abileziaz esan diot, eta ulertu du!
Eta tristuraz hasperen egin zuen.
— Ulertu du! Bestela ez ninduen laztanduko, berak ez du inoiz horrelakorik egiten.
— Zu bai zu! —barrez hasi zen jojola—. Mundu guztiak zerbait bilatzen du, amek laztanak beti...
— Aizu, Andriusha, jende hori... nolakoa den! —bota zuen amak bat-batean, harriduraz—. Nola ohitu diren! Seme-alabak kendu dizkiete, kartzelan sartu dizkiete, eta haiek lasai-lasai, hara heldu, eseri, itxaron, solasean aritu, eta? Jende ikasia horretara ohitzen bada, zer esan orduan herri xeheaz?
— Ulergarria da hori! —esan zuen jojolak, betiko irribarre burlatiaz—. Guztiarekin ere, haientzat legea guretzat baino samurragoa da, eta gainera guk baino beharrezkoagoa dute. Horregatik, jotzen dituenean, bekokia zimurtzen dute, baina ez gehiegi. Norberaren makilaren kolpeak bigunagoak izaten dira...
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda