XVIII
Arratsean jojola kalera joan zen, ama kriseilua piztu eta mahaiaren alboan eseri zen galtzerdiak jostera. Baina berehala altxatu zen, gelatik hara eta hona aiko-maiko ibili, sukaldera irten, atea krisketaz itxi eta, bekainak biziki mugituz, gelara itzuli zen. Leihoko errezelak itxi eta, apaletik liburu bat harturik, atzera eseri zen mahai alboan; inguruetara begiratu, liburu gainera makurtu, eta ezpainak mugitzen hasi zen. Kaletik zarataren bat iristen zenean, amak, zirgit eginik, liburua esku ahurraz estali eta adi-adi jartzen zuen belarria... Eta ostera ere, begiak tarteka zabalduz, tarteka itxiz, marmar egiten zuen:
— Be eta i, bi, zeta eta i, zi...
Atea jo zuten, ama jauzi batez zutitu, liburua apalean ipini eta urduri galdetu zuen:
— Nor da?
— Ni...
Ribin sartu zen. Imintzio serioz bizarra laztandu, eta ohartarazi zion:
— Lehen baimenik eskatu gabe uzten hion sartzen jendeari. Bakarrik hago? Bai. Bada, nik uste ninan jojola etxean zela. Gaur ikusi dinat... Kartzelak ez din gizakia hondatzen.
Eseri eta amari esan zion:
— Hitz egin dezagun puska batean...
Era adierazgarrian begiratzen zion, enigmatikoki, amarengan kezka zehaztugabea sortuz.
— Gauza guztiek dirua balio diten! —hasi zen bere ahots lodiaz—. Ez jaio ez hil ez dun dohainik egiten. Ez horixe. Liburuxka eta orrixkek ere dirua balio diten. Hik badakin nondik ateratzen den liburuxketarako dirua?
— Ez zekiat —esan zuen amak ahapeka, arriskuren bat sumatuz.
— Hori dun kontua. Nik ere ez zekinat. Bigarrenik, nork paratzen ditu liburuxkak?
— Jakintsuek...
— Jaunek —jaulki zuen Ribinek, eta aurpegi bizartsua atezuan jarri eta gorritu egin zitzaion—. Beraz, jaunek paratzen ditizten liburuxkak, haiek zabaltzen ditizten. Eta liburuxka horietan jaunen aurka idazten diten. Orain, esadan: nolako onura ekartzen die dirua horretan, jendea beraien aurka altxaraztean alegia, xahutzeak?
Amak, begiak kliskaturik, ikaraz bota zuen:
— Hik zer uste duk?
— Ah! —esan zuen Ribinek, eta aulkian bihurrika hasi zen hartz baten antzera—. Horra hor. Ni ere hotzak geratu naun ondorio horretara iritsi naizenean...
— Ba al dakik ezer?
— Amarru hutsa dun! —erantzun zuen Ribinek—. Amarru usaina hartu zionat. Ez zekinat ezer, baina amarrua zegon. Bai horixe. Jaunek azpikeriaren bat asmatu diten. Eta nik egia behar dinat. Nik ulertua dinat egia. Eta jaunekin ez naun inora joango. Nire beharra dutenean, aurrera bultzatuko naiten, eta gero nire hezurren gainetik igaroko ditun, ni zubia banintz bezala...
Bazirudien hitz goibelez lotzen zuela amaren bihotza.
— Jainkoa! —egin zuen oihu amak, tristuraz—. Nolatan liteke Pasha horretaz ez jabetzea? Eta beste guztiak...
Haren aurrean agudo agertzen eta desagertzen hasi ziren Egorren, Nikolai Ivanovitxen eta Sashenkaren aurpegi serio eta tolesgabeak, eta zirgit egin zion bihotzak.
— Ez, ez! —hasi zen, buruaz ezezka—. Ezin diat sinetsi. Kontzientziak gidatzen ditik.
— Nortaz ari haiz? —galdetu zion Ribinek pentsakor.
— Guztiez... ezagutzen ditudan guzti-guztiez.
— Ez begiratu horra, ama, begiratu urrunago! —esan zuen Ribinek, burua beheraturik—. Segur aski, gure inguruan hurbil ditugun horiek ez zekiten ezer horretaz. Haiek etsita zeuden horrela behar duela! Baina, beharbada, haien atzean baditun beste batzuk hortik probetxu atera nahi dutenak. Gizakiak ez din besterik gabe bere buruaren aurka jotzen...
Eta, nekazariek berezko duten uste sendoarekin, erantsi zuen:
— Jaunengandik ez zaigun sekula ere ezer onik etorriko!
— Zer ondorio atera duk? —galdetu zuen amak, atzera ere duda-mudatan.
— Nik? —Ribinek begiratu eta, une batez isilik egon ondoren, berriro esan zuen—: Jaunengandik urrundu beharra zegon. Bai horixe!
Gero, berriro isildu zen, gogoilun.
— Gustatuko zitzaidanan mutilekin bat egitea, haien alboan egoteko. Balio dinat horretarako, bazekinat zer esan behar zaion jendeari. Bai horixe. Baina, gauzak horrela, alde egingo dinat. Ezin dinat sinetsi, beraz, alde egin behar dinat.
Burua beheratu eta pentsakor gelditu zen.
— Bakarrik ibiliko naun herri eta herrixketatik. Herria matxinatuko dinat. Herriak berak ekin behar zion borrokari. Gauzak zertan diren ulertzen badu, berak ebakiko din bere bidea. Saiatuko naun ulertarazten bera ez beste inor dela bere itxaropen bakarra, berea beste arrazoirik ez dagoela. Halaxe dun!
Ama gizon horrekin errukitzen hasia zen, eta beldurra sortzen zion haren patuak. Ez zuen inoiz gogoko izan, baina orain, bat batean, kuttunago egin zitzaion nolabait, eta ahapeka esan zion:
— Preso hartuko haute...
Ribinek begiratu eta lasai erantzun zion:
— Preso hartuko naiten, eta gero askatu egingo naiten. Eta ni, berriro ere...
— Mujikek beraiek harrapatuko haute. Eta kartzelara joango haiz...
— Puska batean egon, eta irten egingo naun. Eta berriro ekingo zionat. Mujikek behin, birritan harrapatuko naiten, baina azkenean ulertuko diten ez nautela harrapatu behar, entzun baizik. Zera esango zienat: «Ez didazue sinetsi behar, entzun besterik ez!» Eta entzunez gero, sinetsi egingo zidaten.
Astiro mintzatzen zen, esan baino lehen hitz bakoitza haztatuko balu bezala.
— Hemen, azken bolada honetan, asko hausnartu dinat. Zerbait ulertzera iritsi naun...
— Hireak egingo dik, Mikhailo Ivanovitx! —jaulki zuen amak, burua tristuraz mugituz.
Ribinek amarengan jarri zituen begi ilun sakonak, galdezka eta erantzunaren zain. Aurrera makurtu zuen gorputz sendoa, aulkiaren jartokian bermatu zituen eskuak, aurpegi beltzaranak zurbila ematen zuen bizar beltzaren barrutian.
— Entzuna dun zer esan zuen Kristok gari alearen gainean? Ez bazara hiltzen, ez zara galburu berrian biztuko. Urrun zeukanat heriotza. Azkarra naun!
Aulkian urduri mugitu eta presarik gabe jaiki zen.
— Tabernara noan, puska batean egongo naun hor, jende artean. Dirudienez, jojola ez dun etorriko. Jardunean hasi da jada?
— Bai! —esan zuen amak irribarrez.
— Horrela behar dun eta! Hitz egion nitaz...
Soinez soin sukaldera joan ziren astiro eta, elkarri begiratu gabe, hitz labur batzuk elkartrukatu zituzten:
— Tira, agur!
— Agur. Noiz eskatuko duk kontua?
— Eskatua dinat.
— Eta noiz alde egingo duk?
— Bihar. Goiz goizetik. Agur!
Ribin makurtu eta, gogoz bestera, baldarki irten zen atalondora. Pixka batean ama zutik geratu zen ate aurrean, oin hots astunari eta bere bularrean esnatu berriak ziren zalantzei belarri emanez. Gero, isilean jiratu, gelara sartu eta, errezelak jasorik, leihotik begiratu zuen. Kristalaz bestaldean, mugitzeke, iluntasun beltza zegoen.
«Gauean bizi naun!» —pentsatu zuen.
Erruki zuen mujik serio hori, hain zabala, hain indartsua.
Itzuli zen Andrei, pizturik eta pozik.
Amak Ribinena azaldu zionean, jaregin zuen:
— Beno, ibil dadila herriz herri, aldarrika dezala egia, esna dezala herria. Harentzat zaila da gurekin jardutea. Mujikaren pentsamoldea hazi zaio buruan, eta ez dauka gure ideiak sartzeko tokirik...
— Jaunei buruz hitz egin du, eta hor bada zerbait! —ohartarazi zion amak, tentuz—. Ez ahal gaituzte engainatuko!
— Min eman dizu? —egin zuen oihu jojolak, barrez—. Ai, enetxoa, dirua! Ai dirurik edukiko bagenu! Gu besteen kontura bizi gara oraindik... Begira, Nikolai Ivanovitxek hirurogeita hamabost errublo kobratzen du hilean, eta berrogeita hamar ematen digu. Eta gauza bera egiten dute gainerakoek ere. Aldian behin zertxobait bidaltzen digute ikasle gosetiek, kopekez kopek bildutakoa. Jaunei dagokienez, jakina, denetarik dago. Batzuek iruzur egiten digute, beste batzuek zabarkeriaz jokatzen dute, eta onenak gurekin etorriko dira...
Eskuez txalo egin eta adoretsu jarraitu zuen:
— Gure garaipena gailur urruna da oraindik, arranoa bera ere ez litzateke hegaz haraino iritsiko. Baina, hala ere, jai txiki bat antolatzen ari gara maiatzaren lehenerako! Ondo pasatuko dugu!
Jojolaren pizturak Ribinek eragindako ezinegona uxatu zuen. Gelatik zebilen, eskuaz burua igurzten eta, lurrera begira, hala zioen:
— Badakizu? Batzuetan zerbait bizi da bihotzean, zerbait txundigarria! Edonora zoazela ere, badirudi lagunkideak aurkitzen dituzula, denak su bakarrean elkarturik, denak alaiak, onak, atseginak. Hitzik gabe ulertzen dute elkar... Koru bakarra osatzen dute, baina bihotz bakoitzak bere abestia kantatzen du. Abesti guztiak abian doaz errekatxoen antzera, ibai bakarrera isurtzen dira, eta ibai hori zabal eta aske doa bizitza berriaren poztasun distiratsuen itsasora.
Amak ez mugitzeko ahaleginak egiten zituen, hari enbarazurik ez egitearren, haren solasa ez eteteko. Besteei baino arreta biziagoz entzuten zion beti, gainerako guztiak baino argiago mintzatzen zen, eta haren hitzek indar handiagoz ukitzen zioten bihotza. Pavelek ez zuen inoiz etorkizunari buruz hitz egiten. Ordea, jojolak bihotzaren zati bat beti han zuela iruditzen zitzaion, haren hitzaldiak etorkizunean lurrean denontzat izango zen jaiari buruzko ipuinak ziren. Eta ipuin horiek semearen eta haren lagunkide guztien bizitzaren eta lanaren zentzua argitzen zioten.
— Baina zure senera etortzen zarenean —zioen jojolak, burua astinduz—, inguruari begiratzen diozu eta dena ilun eta zikin dagoela ikusten duzu! Nekaturik daude denak, koleratsu...
Eta sakoneko tristuraz jarraitu zuen:
— Mingarria da, baina ez da gizakiarengan sinetsi behar, haren beldur izan beharra dago, baita gorrotatu ere! Gizabanakoa bitan zatiturik dago. Zuk maitatu besterik ez zenuke nahi, baina nola lortu hori? Nola barkatu gizakiari basapiztiaren amorruz zure kontra jotzen badu, zure arima biziduna ezagutzen ez badizu eta zure giza aurpegian ostikoak ematen badizkizu? Ez dago barkatzerik! Eta ez da nik, berez, ezin dudalako, ez, ni irain guztiak irensteko gauza naiz, baina zapaltzaileekin ez dut eramankorra izan nahi, ez dut nahi nire bizkarra beste batzuk jipoitzen ikasteko erabil dezaten.
Orain sugar hotz batek argitzen zizkion begiak, burua setaz makurturik zeukan eta gogortasun handiagoz mintzatzen zen.
— Nik ezin dut kaltegarri den ezer barkatu, nahiz eta niri kalterik egin ez. Ni ez nago bakarrik munduan! Gaur ni iraintzea onartuko dut eta, agian, barre besterik ez dut egingo irainak minik egiten ez dit eta. Baina bihar, indarrak nigan neurtutakoan, iraintzailea beste norbait larrutzera joango da. Eta, horregatik, beste era batera begiratu behar zaio jendeari, bihotza laztu eta jendea sailkatu egin behar da: hauek gutarrak dira, beste horiek arrotzak. Bidezkoa da, baina ez kontsolagarria!
Zerbaitengatik amari ofiziala eta Sashenka etorri zitzaizkion gogora. Hasperen egin eta esan zuen:
— Izan ere, irinik gabe ez dago ogia egiterik!
— Hori da zoritxarra! —egin zuen oihu jojolak.
— Ba-ai! —esan zuen amak. Oroimenean senarraren irudia ageri zitzaion orain, goibel, astun, goroldioz estalitako harri handi baten antzeko. Amaren irudimenean jojola Natasharen senarra zen eta semea Sashenkarekin ezkonduta zegoen.
— Eta zergatik? —galdetu zuen jojolak, beroturik—. Hain da begi-bistakoa, barregarri ere suertatzen baita. Pertsona guztiak ez daude maila berean jarrita, hori da kontua. Bada, jar ditzagun denak maila berean! Hainbana dezagun dena, bai buruak sortutako guztia, eta bai eskuek egindako guztia. Eta ez gara biziko izuaren eta bekaizkeriaren esklabo, kirtenkeriaren eta zikoizkeriaren gatibu.
Sarritan izaten zituzten tankera horretako solasaldiak.
Nakhodka fabrikan onartu zuten atzera, soldata osoa ematen zion amari, eta honek Pavelen eskuetatik jasoko lukeen lasaitasun berberaz hartzen zuen diru hori.
Batzuetan, Andreik, irribarrea aurpegian, amari proposatzen zion:
— Zer, enetxoa, irakurriko dugu apur batean?
Amak, umoretsu baina burugogor, ezetz esaten zion; haren irribarreak aztoratu egiten zuen, eta, pittin bat mindurik, pentsatzen zuen:
«Barre egiten baduk, zertarako saiatuko naiz?»
Eta, gero eta sarriagotan, liburuetan aurkitutako hitz ezezagun baten edo besteren esanahia galdetzen zion. Galdetzean, bazterrera begiratzen zuen, eta axola handirik ez ziolako tonua ematen zion ahotsari. Jojolak igarria zion bere kabuz ikasten zuela isil-ostuka, haren lotsa ulertu eta berarekin batera irakurtzeko eskatzeari utzi zion. Luze gabe amak adierazi zion:
— Begiak ahultzen ari zaizkit, Andriusha. Betaurrekoak beharko nituzke.
— Hara zer-nolako arazoa! —arrapostu zuen jojolak—. Igandean hirira joango gara biok, medikuarengana eramango zaitut eta betaurrekoak izango dituzu.
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda