XVII
Biharamunean, Nilovna bere zama aldean zeramala fabrikako sarrerara hurbildu zenean, zaintzaileek zakarki geldiarazi zuten eta, lapikoak lurrean uzteko agindu ondoren, zorrozki miatu zuten dena.
— Zuen erruz janaria hoztuko zait! —ohartarazi zien, haiek soinekoa zakarki haztatzen zioten bitartean.
— Isilik egon! —esan zuen zaintzaile batek gogoilun.
Besteak sorbaldan bultzadatxo bat eman eta segurantzaz esan zion:
— Nik diot hesiaren gainetik botatzen dituztela.
Aurrena Sizov zaharra hurbildu zen amarengana eta, inguruetara begira, ahopean galdetu zion:
— Entzun dun, ama?
— Zer?
— Orrixka horiena! Berriro agertu ditun! Leku guztietatik barreiatu ditizten, gatza ogiaren gainetik bezala. Porrot galanta atxiloketak eta miaketak! Mazin, nire loba, kartzelan sartu diten; tira, eta zer? Hire semea ere harrapatu diten, beraz, orain argi zegon haiek ez direna izan!
Bizarra eskuan bildu, amari so egin eta, alde eginez, esan zion:
— Zergatik ez haiz nire etxetik agertzen? Aspergarria dun tea bakarrik hartzea...
Eskerrak eman zizkion amak eta, janarien izenak oihukatuz, arretaz erreparatu zion fabrikaz jabetua zen giro sutsuari. Narritaturik zeuden denak; taldeka bildu, sakabanatu eta korrika ibiltzen ziren tailer batetik bestera. Aire kedarrez betean zerbait adoretsu eta ausartaren hatsa sumatzen zen. Onespenezko oihuak eta isekazko hotsak entzuten ziren han-hemenka. Langile helduek erdi irribarre egiten zuten zuhurki. Ugazabak kezkatuta paseatzen ziren, poliziak korrika zihoazen aldetik aldera eta, haietaz oharturik, langileak astiro sakabanatzen ziren edo, tokitik mugitu gabe, solasaldia eten eta isilik begiratzen zieten aurpegi sumindu eta amorratu haiei.
Langileek garbitu berriak ematen zuten. Gusev zaharraren irudia tarteka agertu eta desagertzen zen, anaia gazteak ahatetxoaren ibilera antzeratzen zuen barre algaraka.
Amaren aldamenetik Vavilov aroztegiko arduraduna eta Isai ikuskatzailea igaro ziren presarik gabe. Ikuskatzaile txiki, kakanarrua, burua gorantz jasorik, lepoa ezkerretara okertu eta, arduradunaren aurpegi zurrun puztuari begira, arrapataka mintzatzen zitzaion, kokospekoa dardarka zuela:
— Haiek, Ivan Ivanovitx, barre algarak egiten dituzte, atsegin dute hau, nahiz eta auzia, zuzendari jaunak esan duen bezala, estatua suntsitzearekin loturik dagoen. Hemen, Ivan Ivanovitx, ez dugu jorratu behar, goldatu baizik...
Vavilov eskuak bizkar atzean gorderik eta atzamarrak tinko estuturik zihoan...
— Hik, sasikume horrek, inprima ezak han nahi duana —esan zuen goraki—, baina ez ausartu nirekin sartzen.
Vasili Gusevek amarengana inguratu eta adierazi zion:
— Gaur ere zurean bazkalduko dut, janari gozoa duzu!
Eta, ahotsa apaldurik, begiak naretuta, xuxurlaka gaineratu zuen:
— Bete-betean asmatu duzu... Bai, amatxo, oso ondo!
Amak maitekiro agurtu zuen buruaz. Atsegin zuen mutil hori, auzoko bihurrietan bihurriena, berarekin horrela, isil-gordeka eta zuka mintzatzea, gogoko zuen fabrikan nagusi zen narritadura, eta bere artean pentsatzen zuen:
«Baina nik ez banu hori egin...»
Handik hurbil hiru peoi zeuden, eta haietariko batek, ahopetik, arranguraz esan zuen:
— Ez ditut inon aurkitu...
— Entzunezkoak izan beharko lukete! Ni ezikasia naiz, baina ikusten dut saihetsetan emandako ostikadak baino min handiagoa egiten dietela...! —ohartarazi zuen beste batek.
Hirugarrenak ingurumariak miatu eta proposatu zuen:
— Goazen galdategira...
— Eragina dute! —txutxu-mutxuka esan zion Gusevek amari, begi keinua eginez.
Nilovna pozik heldu zen etxera.
— Jendea kexuka dabil ezikasia delako —esan zion Andreiri—. Nik gazte denboran banekien irakurtzen, baina ahaztu zait...
— Ikas ezazu! —proposatu zion jojolak.
— Nire adinean? Jendeak adarra joko lidake...
Baina Andreik apaletik liburu bat hartu eta, aiztoaren puntaz azaleko letrak erakutsiz, galdetu zion:
— Zer letra da hau?
— Errea —erantzun zuen amak, barre eginez.
— Eta hau?
— A...
Deseroso eta lotsaturik zegoen. Iruditzen zitzaion Andreiren begiek, bestela baitakoan, beraren lepotik barre egiten zutela, eta ihes egiten zien haren begiratuei. Baina jojolaren ahots doinua leuna eta lasaia zen, serio zeukan aurpegia.
— Baina, nola? Benetan irakatsi nahi didazu, Andriusha? —galdetu zuen amak, nahigabe erdi irribarre eginez.
— Zergatik ez ba? —arrapostu zuen hark—. Lehenago ere irakurri duzunez, aise gogoratuko zaizu. Miraria badator bon-bon, eta ez badator egon!
— Baina hau ere esan ohi dute: sainduen irudiei begiratzeak ez du inor saindu bihurtzen.
— Tira! —esan zuen jojolak, buruaz baiezka—. Esaera zahar ugari dago. Ez dabil oker hala dioena: zenbat eta gutxiago jakin, orduan eta sakonago lo egin. Errefrauak urdailaren pentsabidea dira, arima hobeto menperatzeko bridak josten dituzte haiekin. Eta zer letra da hau?
— Elea —esan zuen amak.
— Oso ondo! Begira nola bereizten diren bi marratxoak. Eta hau?
Ikusmena behartuz, bekainak astunki mugituz, gogotik saiatzen zen letra jadanik ahaztuak gogoratzen eta, ahalegin horretara buru-belarri emanik, gainerako guztiaz ahaztu zen. Baina laster nekatu zitzaizkion begiak. Aurrena, nekeak eragindako malkoek busti zizkioten, eta gero tristurazko malkoak isuri zituen oparo.
— Irakurtzen ikasten ari naiz! —esan zuen hipaka—. Berrogei urte ditut eta oraintxe hasi naiz irakurtzen ikasten...
— Ez duzu negarrik egin behar! —esan zuen jojolak, maitekiro eta ahapeka—. Zu ezin zinen beste era basera bizi eta, hala ere, txarto bizi zinela ulertzen duzu orain! Milaka pertsonak zu baino hobeto bizitzeko aukera dute, baina animalien antzera bizi dira eta, gainera, ondo bizi direla aldarrikatzen dute. Eta zer dago onik hor?: gaur lan egin eta jan, bihar lan egin eta jan, eta horrela ematen ditu pertsona horrek bizialdiko urte guztiak, lan egiten eta jaten! Horretan dabilen bitartean, seme-alabak ekartzen ditu eta hasieran haiekin laketzen da, baina, haurrak ere asko jaten hasten direnez, haserretu eta errieta egiten die: jatun horiek, ea arin hazi eta lanean hasteko ordua iristen zaizuen! Eta seme-alabak etxeko abere bihurtu nahiko lituzke, baina haiek beren tripazorrorako lanean hasten dira; eta lehen bezala bizitzen jarraitzen du, lapurrak aitzurrari heltzen dion gogo berberaz! Gizakiaren adimena loturik duten kateak apurtzen dituztenak soilik dira benetako gizakiak. Eta orain zuk, zure indarraren neurrian, horri ekin diozu.
— Baina, zer naiz ni? —hasperen egin zuen amak—. Ba al dut lekurik hor?
— Eta zergatik ez? Eurizirinaren modukoa da: tanta bakoitzak kimu bati ematen dio edana. Eta irakurtzen hasiko zara...
Barrez hasi zen, zutitu eta gelatik ibiltzeari ekin zion.
— Bai, ikasiko duzu! Pavel etorriko da, eta zuk... bai?
— Ai, Andriusha! —esan zuen amak—. Gazteentzat erraza da dena. Baina zahartutakoan, ezbehar asko eta indar gutxi, eta buruan batere argitasunik ez...
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda