XVI
Arratsean, tea hartzen ari zearik, lupetza zapaltzean zaldi baten apatxek ateratzen zuten hotsa entzun zuen leihoaz bestaldean, baita ahots ezagun baten doinua ere. Jauzi batez hanka gainean jarri eta sukaldera jo zuen ziztu bizian, aterantz. Atalondoan pauso arinez zebilen norbait. Begiak lausoturik, erroan bermatu eta oinaz bultzatu zuen atea.
— Gabon, enetxoa! —esan zuen ahots ezagunak, eta iritsi berriak sorbaldan ipini zizkion esku luze iharrak.
Amaren bihotzean su hartu zuten desengainuaren tristurak eta Andrei ikusteagatiko pozak. Su hartu eta sentimendu zabalago eta kiskalgarriago batean nahasi ziren; honek uhin bero baten antzera bildu zuen, bildu, jaso, eta amak Andreiren bularrean ezkutatu zuen aurpegia. Gizonak gogor besarkatu zuen, eskuak dardarka. Ama isilik zegoen, hotsik atera gabe negarrez, hark ilea laztandu eta abesten balego bezala hitz egiten ziolarik:
— Ez negarrik egin, enetxoa, ez oinazetu bihotza! Hitz ematen dizut laster askatuko dutela, ez dute ezer haren kontra, mutilek ez dute tutik ere esan, arrain egosia baino isilago egon dira...
Sorbalda beso artean bilduta, gelara eraman zuen. Amak, haren kontra estuturik, urtxintxarena ematen zuen keinu azkar batez aurpegiko malkoak xukatu eta antsiaz, bular betean hurrupatu zituen jojolaren hitzak.
— Goraintziak Pavelen partetik. Ahal bezain osasuntsu eta alai dago. Leku gutxi dago hor! Ehunetik gora lagun giltzapetu dituzte, bai hemengoak, bai hirikoak, eta ziega bakoitzean hiru eta lau pertsona sartu dituzte. Kartzelako agintariak ez dira gaiztoak, onak dira eta nekaturik daude, jendarme deabru horiek lan handiegia eman diete! Halatan, agintarien jokabidea ez da oso latza, denbora guztian esaten dute: «Zuek, jaunak, egon zaitezte lasai, azpikeriatan ez hasi gero!» Eta ondo doa dena. Hitz-aspertuan aritzen dira, liburuak uzten dizkiote elkarri, jatekoa partekatzen dute. Kartzela ondo dago! Zaharra eta zikina da, baina lasaia eta eramangarria. Preso arruntak ere jende ona dira eta laguntza handia ematen digute. Nirekin batera Bukin eta beste lau askatu dituzte. Pavel laster askatuko dute, hori gauza jakina da! Vesovstxikovek emango du inork baino denboraldi luzeagoa hor barruan, oso haserre daude berarekin. Irainak botatzen dizkie etengabe, nekatu ezinik! Jendarmeek ikusi ere ezin dute egin. Segur aski, auzitegiaren esku utziko dute, edo astinaldi ederra emango diote halako batean. Pavelek behin baino gehiagotan erregu egiten dio: «Utzi, Nikolai! Haiek ez dira hobe bihurtuko zuk irainka jardutearren!» Baina berak orro egiten du: «Lur azaletik ezabatuko ditut oilaur ustel horiek». Pavelen jokaera zuzena da, orekatua eta irmoa. Eta berriro diotsut, laster askatuko dute...
— Laster! —esan zuen amak, lasaiturik eta maitekiro irribarre eginez—. Badakit, laster!
— Gauza ona da zuk hori jakitea! Tira, emadazu tea eta hitz egidazu zure bizitzari buruz.
Eta begira geratu zitzaion, irribarre zabala aurpegian, zeharo maitagarri eta onbera, eta haren begi biribiletan tristura ukitu batekin ñirñir egin zuen maitasunezko txinpart batek.
— Oso maite zaitut, Andriusha! —esan zuen amak, hasperen sakona eginik, eta arretaz aztertzen zuen jojolaren aurpegi argaldua, zeinetan, itxura barregarria emanez, ile xerlo ilunak hazten baitziren han-hemenka.
— Apur batekin nahikoa dut. Badakit maite nauzuna, zu denok maitatzeko gai zara, bihotz zabala duzu! —esan zuen jojolak, aulkian zabuka ari zela.
— Ez, zu bereziki maite zaitut! —eten zuen amak—. Zuk ama izango bazenu, inbidia hartuko lioke jende guztiak, semea hain...
Jojolak burua astindu eta indarrez igurtzi zuen bi eskuez.
— Hor nonbait nik ere badut ama... —esan zuen ahapeka.
— Tira, badakizu zer egin dudan gaur? —jaregin zuen amak eta, arrapataka, atseginez arnasestuka eta gertaerak apur bat apainduz, literatura fabrikara nola sartu zuen azaldu zion.
Hasieran jojolak, txunditurik, zabal-zabal jarri zituen begiak, gero barretan lehertu zen, hankei eraginez; hatzez burua jo eta pozarren oihukatu zuen:
— Arranopola! Hori ez da txantxetakoa! Lan bikaina benetan! Pavel ikaragarri poztuko da, e? Ona da hori, enetxoa! Bai Pavelentzat, bai guztiontzat!
Mirespenez hatz-koskoak kliskatu, txistu egin, eta gorputz osoa kulunkatzen zuen; pozez gainezka zegoen eta oihartzun sendo eta erabatekoa aurkitzen zuen amarengan.
— Andriusha, nire laztana! —hasi zen ama, bihotza zabaldu eta bertatik, erreka baten antzera, jostari, alaitasun isilez betetako hitzak isuraraziko balitu bezala—. Nire bizitzaz pentsatzen aritu naiz... Ene Jesus, jainko maitea! Baina zertarako bizi izan naiz orain arte? Jipoiak... lana... ez nuen ezer ikusten, senarra izan ezik, ez nuen ezer ezagutzen, beldurra izan ezik! Ez nuen ikusten nola hazten zen Pasha; eta maite al nuen, senarra bizirik zegoenean? Hori ere ez dakit! Nire ardura guztiek, nire pentsamendu guztiek jomuga bakarra zuten: piztiari jana ematea, haren gogara eta asetzeko beste, garaiz gogobetetzea haserre ez zedin, jipoiekin ikara ez nintzan eta, behin besterik ez bazen ere, nitaz urrikal zedin. Ez dut gogoratzen behin ere urrikaldu zenik. Jo egiten ninduen, emaztea jo beharrean gorrotatzen zituen guztiak joko balitu bezala. Horrela bizi izan naiz hogei urte eta ez dut gogoratzen zer gertatu zen ezkondu arteko denboran! Gogoratzeko ahaleginak egiten ditut baina ez dut ezer ikusten, itsu banengo bezala! Lehengo egunean Egor Ivanovitx izan zen hemen, herrixka berekoak gara eta berak honetaz eta hartaz hitz egin zuen, eta nik gogoratzen nituen etxeak, gogoratzen nituen pertsonak, baina nola bizi ziren pertsona horiek, zertaz mintzatzen ziren, bakoitzari zer gertatu zitzaion... erabat ahaztua dut! Suteak gogoratzen ditut, bi sute. Dirudienez, gogotik ezabatu didate dena, batere zirrikiturik utzi gabe itxi didate arima, itsua naiz, ez dut entzuten...
Arnasa hartu zuen eta, uretatik atera duten arrainaren antzera airea antsiaz barneratuz, aurrerantz makurtu eta hizketan jarraitu zuen, ahotsa beheraturik:
— Senarra hil ondoren, semeari lotu nintzaion, eta bera arazo hauetan sartzen hasi zen. Nik txarto hartu nuen hori, eta haren erruki nintzen... Galduz gero, nola biziko nintzen ni? Makina bat beldur eta larrialdi ezagutu ditut, erdibitu egiten zitzaidan bihotza haren patuaz pentsatzen nuenean...
Une batez isilik geratu eta, buruari leunki eraginez, era adierazgarrian jarraitu zuen:
— Emakumeon maitasuna ez da garbia! Beharrezko zaiguna maite dugu. Baina zuri begiratzen dizut: minez oroitzen duzu ama, eta zertarako behar duzu? Eta beste lagun horiek guztiek herriarengatik sufritzen dute, kartzelara eta Siberiara eramaten dituzte, hil egiten dira... Neska gazteak gauez ibiltzen dira, bakarrik, lupetzan, elurretan, euripean, zazpi versta egiten dituzte oinez hiritik gurera etortzeko. Nork eragiten die, nork bultzatzen ditu? Haiek bai maitatzen dutela! Horra hor maitasun garbia! Sinetsi egiten dute! Sinetsi egiten dute, Andriusha! Baina nik ezin dut horrelakoa izan! Nik neurea maite dut, hurbil dudana!
— Bai, zuk ahal duzu! —esan zuen jojolak eta, aurpegia harengandik jiraturik, ohi bezala indarrez igurtzi zituen eskuez burua, masailak eta begiak—. Denek maite dute hurbilekoa, baina bihotz zabal batentzat urrunekoa ere hurbil dago! Zu oso maitatzeko gauza zara. Zure ama-maitasuna neurrigabea da...
— Jainkoa, hala biz! —esan zuen amak ahapeka—. Konturatu egiten naiz ona dela horrela bizitzea. Nik zu maite zaitut, beharbada Pavel baino bizikiago maite zaitut. Bera hain da barnerakoia... Begira, dirudienez Sashenkarekin ezkontzeko asmoa du eta niri, amari, ez dit ezer esan horretaz...
— Oker zaude! —ihardetsi zuen jojolak—. Nik badakit horren berri. Oker zaude. Berak neska maite du, eta neskak bera, hori egia da. Baina ez dira ezkonduko, ez! Neska bai, gustura ezkonduko litzateke, baina Pavelek ez du nabi...
— Nolatan gero? —esan zuen amak, pentsakor eta ahapeka, eta tristuraz finkatu zituen begiak jojolaren aurpegian—. Bai. Nolatan gero? Jendeak uko egiten dio bere buruari...
— Pavel gizon berezia da! —xuxurlatu zuen jojolak—. Burdinazko gizona da...
— Eta orain, hara, kartzelan dago! —jarraitu zuen amak, gogoetatsu—. Latza da hori, beldurgarria, baina dagoeneko ez lehen bezainbeste! Bizitza ez da lehen bezalakoa, beldurra bestelakoa, eta oraingo larritasuna guztienganakoa da. Bihotza bera ere aldatu egin da, arimak begiak zabaldu ditu, begiratzen du: triste eta pozik dago. Badira gauza asko ulertzen ez ditudanak, zuek ez duzue jainkoagan sinesten eta horrek min egiten dit, garratza da niretzat. Baina hala da eta ez dago ezer egiterik! Baina ikusten dut jende ona zaretela, bai horixe! Zuen gain hartu duzue herriaren aldeko borrokaren zama astuna, egiaren bide zaila aukeratu duzue. Nik ere ulertua dut zuen egia: aberatsak desagertzen ez diren bitartean, herriak ez du ezer lortuko, ez justizia, ez alaitasuna, ezertxo ere ez! Orain zuen artean bizi naiz; batzuetan, gauez, iraganaz gogoratzen naiz: nire indarra, oin azpian zapaldua, nire bihotz gazte zakartua, erruki mingotsa diot neure buruari! Baina, hala eta guztiz ere, nire bizitzak hobera egin du. Gero eta argiago ikusten dut neure burua...
Jojola zutitu eta, oinak herrestan ez eramaten saiatuz, gelatik ibiltzen hasi zen, garai, argal, gogoetatsu.
— Ondo hitz egin duzu! —jaregin zuen ahapeka—. Ondo. Kertxen bazen hebraitar gaztetxo bat, olerkiak idazten zituen eta behinola honako hau idatzi zuen:
Eta hil dituzten errugabeak
egiaren indarrak biztuko ditu!
— Bera ere, poliziak hil zuen han, Kertxen bertan, baina horrek ez du garrantzirik! Berak bazekien egia eta oparo erein zuen herriarengan. Zu ere horrelakoa zara, hil duten errugabea.
— Orain hitz egiten dut —jarraitu zuen amak—, hitz egiten dut, neure buruari entzuten diot eta ezin diot sinetsi. Bizitza osoan zehar pentsamendu bakarra ibili dut buruan: egunari nola iskintxo egin, oharkabean nola igaro ezer gerta ez zekidan. Eta orain zuetaz pentsatzen dut eta, beharbada, ez ditut zuen zereginak ulertzen, baina hurbil zaituztet denok, erruki zaituztet denok, onena nahi dut denontzat. Eta bereziki zuretzat, Andriusha!
Jojolak harengana hurbildu eta esan zion:
— Eskerrik asko!
Haren eskua bereen artean hartu, gogor estutu, astindu, eta agudo jiratu zen alde batera. Amak, zirrara aldiak ahiturik, presarik gabe garbitzen zituen kikarak, isilik, eta bularrean su adore-emaile eta berogarri batek leunki epeltzen zion bihotza.
Jojola gelatik harat-honat zebilela mintzatzen zitzaion:
— Zuk, enetxoa, behin edo behin samur jokatu beharko zenuke Vesovstxikovekin. Aita kartzelan dauka, gaizto samarra da agure hori. Nikolaik leihotik ikusten du eta irainak botatzen dizkio. Ez deritzot ondo! Mutil ona da Nikolai, txakurrak maite ditu, baita sagutxoak eta izaki bizidun guztiak ere, jendea izan ezik! Hara noraino irits daitekeen gizakia bere galbidean!
— Haren ama arrastorik ere utzi gabe desagertu zen, aita lapurra eta mozkortia da —esan zuen emakumeak pentsakor.
Andrei lotara joan zenean, amak aitaren egin zion bera ohartu gabe, eta handik ordu erdira, ordurako ohean zela, ahopetik galdetu zion:
— Ez zaude lo, Andriusha?
— Ez, zer ba?
— Ondo lo egin!
— Eskerrik asko, enetxoa, eskerrik asko! —erantzun zion esker onez.
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda