XV

 

        Langileek berehala erreparatu zioten saltzaile berriari. Batzuek, harengana hurbildurik, onespenez esaten zioten:

        — Lanean hasi zara, Nilovna?

        Batzuek kontsolatu egiten zuten, Pavel laster askatuko zutela ziurtatuz, beste batzuek doluminezko hitzez larritzen zioten bihotz tristea, beste hainbatek amorruz iraintzen zituzten zuzendaria eta jendarmeak, amaren bularrean oihartzuna aurkituz. Alaitasun maltzurrez so egiten zionik ere bazen, eta laneko sarrera-irteerak kontrolatzen zituen Isai Gorbov ikuskatzaileak hortz artetik esan zion:

        — Ni gobernadorea izatekotan, urkatu egingo niken hire semea! Horrela ez liken herria okerreko bidetik eramango!

        Mehatxu makur horrek heriozko hotza sortu zion barnean. Ez zion ezer erantzun Isairi, haren aurpegi txiki oreztaz josiari begiratu besterik ez zuen egin eta, hasperenka, lurrera jarri zituen begiak.

        Fabrikan urduritasuna zen nagusi, langileak multzoka biltzen ziren, ahotsa goratu gabe hitz egiten zuten elkarrekin; arduradunak, kezkaturik, korrika ibiltzen ziren batetik bestera, leku guztietatik; aldika, irainek eta erneguzko barreek urratzen zuten airea.

        Polizia bi amaren aurre-aurretik igaro ziren Samoilov eramanez; honek esku bat poltsikoan sartuta zeukan eta ile gorrixka leuntzen zuen besteaz.

        Haren atzetik langile andana bat zetorren, ehun lagun inguru, poliziak irainez eta isekaz akuilatuz...

        — Zer, paseatzera hoa, Grisha? —oihukatu zion norbaitek.

        — Ohorea gure anaiarentzat! —lagundu zion beste batek—. Guardia eta guzti daramagu...

        Eta irain gordina bota zuen.

        — Dirudienez, dagoeneko ez da onuragarria lapurrak harrapatzea! —zioen langile garai begibakar batek maltzurki eta ahots ozenez—. Orain jende onestua eramaten hasi dira...

        — Gutxienez gauez eramango balute! —jaregin zuen beste norbaitek jendartetik—. Baina egun argiz egiten dute, lotsarik gabe, jendaila!

        Poliziak kopetilun eta arin zihoazen, ezer ez ikusteko ahaleginak eginez eta atzetik segika zetozkien oihuak entzungo ez balituzte bezala. Hiru langile bidera atera zitzaizkien burdinazko barra handi bat eskuetan, eta hau haiengana zuzenduz, garrasi egiten zuten:

        — Kontuz gero, arrantzaleok!

        Vlasovaren albotik pasatzean, Samoilovek, irribarrez, burua harengana jiratu eta esan zion:

        — Harrapatu naute!

        Amak, isilik, buru-makurtu nabarmena egin zion. Hunkiturik uzten zuten kartzelara irribarrea aurpegian joaten ziren gazte zintzo eta zentzudun haiek; haienganako ama-maitasun urrikalkorra ernatzen zitzaion barne-muinetan.

        Fabrikatik itzulitakoan, Mariaren etxean eman zuen egun osoa, lanean laguntzen eta haren berriketa entzuten, eta arratseko beranduan joan zen bere etxera. Hutsik eta hotz aurkitu zuen, abegikortasun guztia galduta. Bazterrik bazter aritu zen luzaroan, bere lekua aurkitu ezinik, zer egin jakin gabe. Oso kezkaturik zegoen: gaua gainean zegoen eta Egor Ivanovitxek ez zuen agindutako literatura ekartzen.

        Leihoaz bestaldean mara-mara erortzen ziren udazkeneko elur maluta gris astunak. Kristalei bigunki itsatsi, hotsik atera gabe beherantz irristatu, eta hantxe urtzen ziren, atzean arrasto hezea utzirik. Amak semea zuen gogoan...

        Tentuz jo zuten atea, amak bizkor bertaratu eta morroiloa askatu zuen: Sashenka sartu zen. Amak ez zuen aspalditik ikusi, eta haren begiek atzeman zuten lehenbiziko gauza neskaren gehiegizko loditasuna izan zen.

        — Gabon! —esan zuen, pozik norbait heldu zelako eta, beraz, ez zuelako gau osoa bakarrik emango—. Aspaldi da ez zaitudala ikusi. Kanpoan izan zara?

        — Ez, kartzelan egon naiz! —erantzun zuen neskak irribarre eginez—. Nikolai Ivanovitxekin batera, gogoratzen duzu?

        — Nolatan ez dut gogoratuko! —egin zuen oihu amak—. Atzo Egor Ivanovitxek askatu dutela esan zidan, baina zutaz ezertxo ere ez nekien... inork ez dit esan zu ere barruan zinela!

        — Eta zertarako hitz egin horretaz? Egor Ivanovitx etorri bitartean jantziak aldatu behar ditut —esan zuen neskak, ingurura begiratuz.

        — Blai eginda zaude...

        — Orriak eta liburuxkak ekarri ditut...

        — Eman, eman! —esan zuen amak arrapataka.

        Neskak agudo askatu zituen berokiaren botoiak, astindu bat eman eta bertatik, hostoak zuhaitzetik bezala, zurrumurru eginez, paper sortak erortzen hasi ziren zoru gainera. Amak, barrezka, zorutik jasotzen zituen, hala esanez:

        — Eta nik, horren beteta ikusi zaitudanean, ezkondu zarela eta haurdun zeundela pentsatu dut. Ene, ene, zenbat ekarri duzun! Eta seguru oinez etorri zarena!

        — Bai! —esan zuen Sashenkak. Orain, liraina eta fina zen ostera, lehen bezala. Ama konturatu zen haren masailak zimeldurik zeudela, begiak handiturik eta betazpiak ubelduta.

        — Oraintxe bertan irten zara kartzelatik, atseden hartu beharko zenuke, eta hori egin beharrean... —esan zuen amak, hasperenka eta buruari eraginez.

        — Beharrezkoa da! —erantzun zuen neskak, dardarka—. Esadazu, zer moduz dago Pavel Mikhailovitx? Ondo? Ez zen gehiegi estutu?

        Galdetzean, Sashenkak ez zion begiratzen aman; burua beheraturik, ilea atontzen zuen, eta atzamarrek dardara egiten zioten.

        — Ez! —erantzun zuen amak—. Ez du inoiz bere barrukoa agerian uzten.

        — Osasunez ondo dabil, ezta? —galdetu zuen neskak ahapeka.

        — Sekula ez da gaixorik egon! —erantzun zuen amak—. Burutik oinetaraino dardarka zaude. Tea ekarriko dizut, eta magurdi-gozokia.

        — Primeran letorke hori! Baina merezi al du horrenbeste ardura hartzea? Berandu da. Utzi, neronek...

        — Horren nekatuta egonik? —gaitzespenez arrapostu zuen amak, samovarraren ondoan zaratatsu jarduten zuen bitartean. Sasha ere sukaldera joan zen, bankuan eseri eta, eskuak buru atzean jarrita, hizketan hasi zen:

        — Nolanahi ere, kartzelak ahuldu egiten du. Alferraldi arraioa! Ez dago hori hain neketsuagorik! Lan ikaragarria dagoela jakinda ere, hor egon behar duzu, kaiola batean sartuta, piztia baten antzera...

        — Eta nork sarituko zaituzte horregatik guztiagatik? —galdetu zuen amak.

        Eta, hasperen egin ondoren, berak erantzun zion bere buruari:

        — Inork ere ez, jainkoak bakarrik! Segur aski, zuk ere ez duzu harengan sinesten.

        — Ez! —erantzun zuen neskak laburki, buruaz ezezka.

        — Bada, nik ez dizut sinesten! —adierazi zuen amak, bat-batean narritaturik. Eta, ikatzak belztutako eskuak mantalaz agudo garbitu ondoren, bere uste sendoa adierazten jarraitu zuen—: Zuek ez duzue zuen fedea ulertzen! Nola bizi ahal zarete bizi zareten moduan jainkoarenganako sinesmenik gabe?

        Atalondoan norbaiten oin hots ozena eta purrustadak entzun ziren, amak zirgit egin zuen, neskak jauzi batez zutitu eta arrapaladan xuxurlatu zion:

        — Ez ireki! Jendarmeak badira, zuk ez nauzu ezagutzen! Ni okerturik sartu naiz etxe honetara, ustekabean iritsi naiz zugana, konortea galdu dut. Zuk jantziak erantzi dizkidazu eta liburuxkak aurkitu dituzu, ulertu duzu?

        — Zergatik, nire maite laztana? —galdetu zuen amak samurki.

        — Itxaron! —esan zuen Sashenkak, belarriak erne jarrita—. Badirudi Egor dela...

        Bera zen, bustirik eta arnasestuka nekeagatik.

        — Hara! Samovartxoa? —egin zuen oihu—. Hori da bizitza honetan dagoen gauzarik onena, amatxo! Dagoeneko hemen zara, Sashenka?

        Sukalde txikia hots erlatsez betez, beroki astuna astiro erantzi eta, gelditu gabe, jarraitu zuen:

        — Hona hemen, amatxo, agintariek atsegin ez duten andereño bat! Behinola kartzelako zaintzaile batek iraindu egin zuen, eta honek jakinarazi zion barkamenik eskatu ezean gosez hilko zuela bere burua, eta zortzi egunez ez zuen ezer jan, eta horren ondorioz ozta-ozta ez zitzaion hanka hoztu. Ez dago txarto, e? Zer deritzozu nire tripatxoari?

        Berriketan eta esku laburrez eutsita zatarki dilinda egiten zuen sabelari, gelara sartu eta atea itxi zuen bere atzean, baina hizketan jarraitzen zuen hortik barrutik ere.

        — Ez da izango! Zortzi egunez ez zenuen ezer jan? —galdetu zuen amak harrituta.

        — Beharrezkoa zen barkamena eskatuko bazidan! —erantzun zuen neskak, sorbaldak hotzikaraz uzkurtuz. Haren lasaitasunak eta gotortasun latzak gaitzespen antzeko zerbait ernarazi zuten amaren gogoan.

        «Hau bai hau!» —pentsatu zuen, eta berriro galdetu—: Eta hil bazina zer?

        — Zer egin ba? —arrapostu zuen neskak ahapeka—. Edonola ere, barkamena eskatu zidan. Gizabanakoak ez du irainik onartu behar.

        — Ba-ai... —arrapostu zuen amak astiro—. Eta emakumea bizitza osoan iraintzen dute etengabe...

        — Hustu egin naiz! —iragarri zuen Egorrek, atea irekiz—. Prest dago samovartxoa? Utzi, nik eramango dut.

        Samovarra jaso eta gelara eraman zuen, hala zioela:

        — Nire aitak gutxienez hogei basokada te edaten zuen egunean, eta horri esker hirurogeita hamar une bizi izan zen mundu honetan sasoian eta bake ederrean. Bost pud pisatzen zuen eta sakristaua zen Voskresenskoe herrixkan.

        — Aita Ivanen semea zara? —atera zitzaion amari.

        — Hain zuzen ere! Baina, nolatan jakin duzu hori?

        — Ni Voskresenskoekoa naiz!

        — Nire herrikidea? Zein da zure familia?

        — Zure auzokideak! Seregina naiz.

        — Nil herrenaren alaba? Ezaguna dut haren aurpegia, behin baino gehiagotan belarriak berotu dizkit eta...

        Zutik zeuden elkarren aurrean eta, batak bestea galderaz josiz, barre egiten zuten. Sashenka irribarretsu begiratu eta tea prestatzen hasi zen. Ontzien zaratak errealitatera itzularazi zuen ama.

        — O, barkatu, astindu ederra eman diot mingainari! Oso atsegina da herrikide batekin topo egitea...

        — Zuk barkatu behar didazu niri zure etxean esku sartzen ibiltzeagatik! Baina hamaikak dira, eta urrunera joan behar dut.

        — Nora joan behar duzu? Hirira? —galdetu zuen amak harriturik.

        — Bai.

        — Zer diozu? Ilun eta bustita dago dena, nekatuta zaude, Egor Ivanovitxek sukaldean egingo du lo, eta guk biok hemen...

        — Ez, joan beharra dut! —adierazi zuen neskak besterik gabe.

        — Bai, herrikidea, andereñoak desagertu beharra du, ezinbestean. Ezaguna da hemen. Bihar kalean agertuko balitz, horrek ez liguke ezer onik ekarriko —adierazi zuen Egorrek.

        — Baina nola? Bakarrik joango da?

        — Bakarrik! —esan zuen Egorrek, erdi irribarre eginez.

        Neskak tez bete zuen bere ontzia, zekalezko ogi puska bat hartu, gatza bota, eta jaten hasi zen, amari pentsakor begiratuz.

        — Nolatan joan ahal zarete horrela? Bai zu eta bai Natasha! Ni ez nintzateke joango, beldur nintzateke —esan zuen Vlasovak.

        — Eta bera ere beldur da! —ohartarazi zion Egorrek—. Beldur zara, Sasha?

        — Bai noski! —erantzun zuen neskak.

        Amak neskari begiratu zion, gero Egorri, eta ahapeka jaregin zuen:

        — Zein... latzak zareten!

        Tea edandakoan, Sashenka, isilik, Egorri eskua estutu eta sukaldera joan zen. Ama haren atzetik irten zen, lagun eginez. Sukaldean Sashenkak esan zion:

        — Pavel Mikhailovitx ikusten baduzu, agurtu nire izenean! Mesedez!

        Eta, ateko eskutokiari helduta, atzera jiratu zen eta ahapeka galdetu zuen:

        — Musu bat eman ahal dizut?

        Amak isilean besarkatu eta musu eman zion sutsuki.

        — Eskerrik asko! —esan zuen neskak ahopetik, buruaz agurtu eta han alde egin zuen.

        Amak, gelara itzuli zenean, urduri begiratu zuen leiho aldera. Ilunpean astunki erortzen ziren elur maluta hezeak.

        — Eta Prozorovtarrak, gogoan dituzu? —galdetu zion Egorrek.

        Eserita zegoen, hankak alderik alde zabalduta, eta zaratatsu egiten zion putz edalontzi tez beteari. Haren aurpegia gorriturik zegoen, izerditan, asebete itxura zuen.

        — Gogoan ditut, gogoan ditut! —esan zuen amak pentsakor, saiheska mahaira hurreratuz. Eseri eta, Egorri begiratu goibela egotziz, astiro esan zuen—: Ai, ai, ai! Sashenka hau! Nola iritsiko da?

        — Nekatuko da —esan zuen Egorrek—. Kartzelak ikaragarri makaldu du, lehen sendoagoa zen... Gainera, heziketa biguna jaso zuen. Dagoeneko birikak kalteturik dituela uste dut.

        — Nor da? —itaundu zuen amak ahapeka.

        — Lurjabe baten alaba bakarra. Berak dioenez, aita gizatxar hutsa da. Badakizu, amatxo, ezkontzeko asmotan daudela?

        — Nor?

        — Bera eta Pavel... Baina ez dute lortzen, bata aske dagoenean, bestea kartzelan dago, eta alderantziz.

        — Ez nekien ezer horretaz! —esan zuen amak isilune baten ondoren—. Pavelek inoiz ez du bere buruaz hitz egiten...

        Horren ondoren, neskarenganako errukia areagotu zen amaren baitan, eta, nahigabeko gaitzespenez bisitariari begiratuz, esan zuen:

        — Lagun egin beharko zenioke!

        — Ezinezkoa da! —erantzun zuen Egorrek lasai—. Zeregin franko dut hemen, eta goizetik bertatik ibiltzen emango dut egun osoa, ibili, ibili eta ibili. Ez da lan samurra nire txurrunerako.

        — Ona da neska hori —esan zuen amak hala-hola, Egorrek arestian jakinarazia zionaz pentsatzen. Mingarri zitzaion horren berri arrotz baten bitartez jasotzea, eta ez semearen ahotik, eta ezpainak tinko estutu eta beheraino eraitsi zituen bekainak.

        — Ona da! —esan zuen Egorrek, buruaz baiezka—. Konturatu naiz haren erruki zarela. Alferrikakoa da hori! Gu guztiok, erreboltariok, gupidesten hasiz gero, ez duzu bihotzean behar bezain leku handia izango. Egia esateko, gure bizimodua ez da batere erraza. Adibidez, orain dela gutxi erbestetik itzuli da nire lagun bat. Bera Nijnin zehar zetorrelarik, emaztea eta semetxoa Smolensken zeuden haren zain, eta Smolensken agertu zenerako haiek Moskuko kartzelan zeuden jada. Orain emazteari egokitu zaio Siberiara joateko txanda. Nik ere banuen emaztea, emakume bikaina zen, bizimodu honetako bost urtek hilobira eraman zuten...

        Dangada batean edalontzia hustu eta hitz egiten jarraitu zuen. Banan-banan aipatu zituen kartzelan edo erbestean emandako urteak eta hilabeteak, hainbat ezbehar, kartzelako jipoien eta Siberiako gosearen berri eman zion. Amak begiratzen zion eta harrituta entzuten zuen zein xume eta lasai mintzatzen zen sufrikario, jazarpen eta irainez jositako bizitza horretaz.

        — Baina hitz egin dezagun gure egitekoari buruz!

        Ahotsa aldatu eta aurpegi serioagoa jarri zuen. Galdezka hasi zitzaion ea nola eramango zituen liburuxkak fabrikara, eta ama harrituta geratu zen xehetasun guztiak zehatz-mehatz ezagutzen zituela ikustean.

        Horrekin bukatu zutenean, berriro ekin zioten jaioterria gogoratzeari; Egor txantxetan aritzen zen, baina ama pentsakor murgiltzen zen bere iraganean, eta zingiraren antz harrigarria hartzen zion: alderdi guztietatik berdina, muinotsua, izei txikiz eta ikaraz dardara egiten zuten lertxun mehez josia, eta muinoen artean urki zuriak han-hemenka barreiaturik. Urkiak astiro hazten ziren eta, bost bat urtez lurzoru mugikor eta ustel horretan zutik iraun ondoren, behera erori eta bertan usteltzen ziren. Irudi horri begiratu eta zehazterik ez zuen zerbaitenganako gupida pairaezina sentitzen zuen. Aurrean aurpegi zurrun eta setatsuko neskaren isla agertzen zitzaion. Orain elur maluta hezeen erditik zihoan, bakarrik eta nekatuta. Eta semea kartzelan dago. Beharbada, oraindik ez dago lo, pentsatzen ari da... Baina ez du berataz pentsatzen, amaz alegia, beste pertsona bat du bera baino maiteago. Gogoeta ilunak hodei nabar nahasi baten antzera etortzen zitzaizkion burura, eta indarrez estutzen zioten bihotza...

        — Nekatuta zaude, amatxo! Ea, goazen lotara! —esan zuen Egorrek irribarrez.

        Agur esan eta saiheska, kontuz mugituz joan zen sukaldera, bihotzean zentzazio garratz eta mingotsa zeramala...

        Goizean, tea hartzen zuten bitartean, Egorrek galdetu zion:

        — Eta harrapatzen bazaituzte eta liburuxka heretiko horiek nondik atera dituzun galdetzen badizute, zer esango diezu?

        — «Zuei bost axola», horra zer esango diedan! —erantzun zuen amak.

        — Haiek ez dira mola ere horrekin bat etorriko! —ihardetsi zuen Egorrek—. Haiek hain zuzen ere kontu horrek guztiz axola dielako uste sendoa dute. Eta temaz eta luze arituko zaizkizu galdezka!

        — Ba nik ez dut ezer esango!

        — Ba kartzelara eramango zaituzte!

        — Tira, eta zer? Jainkoari eskerrak, gutxienez horretarako balio izango dut! —esan zuen amak, hasperen eginez—. Ba al du inork nire beharrik? Inork ere ez. Eta ez naute torturatuko, diotenez...

        — Mmm! —jaulki zuen Egorrek, aman begiratu arretatsua zuzendurik—. Ez zaituzte torturatuko. Baina jende onak bere burua zaindu beharra du...

        — Zuek ez duzue hori irakasten! —erantzun zuen amak, irri burlatiz.

        Egor, isilune baten ondoren, gelatik paseatzen hasi zen, gero amarengana hurbildu eta esan zion:

        — Gogorra da, herrikidea! Jabetzen naiz zuretzat gogorra dela!

        — Guztiontzat da gogorra! —erantzun zuen amak, eskuari eraginez—. Agian, dena argi dutenentzat soilik da apur bat samurragoa. Baina nik ere nolabait ulertua dut zer den pertsona onek nahi dutena...

        — Ba, ulertua baduzu, horrek esan nahi du beharrezkoa zarela pertsona horientzat guztientzat! —esan zuen Egorrek serio.

        Eguerdian amak patxadaz eta artatsu kokatu zituen liburuxkak bular inguruan. Hain trebeki eta aise egin zuen, non Egorrek mihiaz klask eginik adierazi baitzuen:

        — Sehr gut! Garagardo bete kupela edatean alemaniar jatorrak esan ohi duen legez. Zu, amatxo, literaturak ez zaitu eraldatu: horrela ere emakume ederra zara, heldua, sendoa eta garaia. Jainko zenbaezinek bedeinka dezatela zure eginkizuna!

        Handik ordu erdira, aldean zeraman zamaren pisuak makoturik, lasai eta ziurtasunez, fabrikako sarreran zegoen. Zaintzaile bik, langileen burlek sumindurik, zakarki haztatzen zituzten patiora sartzen ziren guztiak, haiekin irainak trukatuz. Bazterrean polizia bat zegoen, eta begi zorrotzekiko gizon hanka-mehe eta aurpegi gorri bat. Amak, lapiko-haga sorbalda batetik bestera lekualdatuz, zeharretik begiratu zion, zelataria zela susmaturik.

        Txanoa garondo aldera okerturik zeraman mutil ile-kizkur garai batek oihuka esan zien miatzen ari ziren zaintzaileei:

        — Deabru alaenak, buruan bilatu behar duzue, ez poltsikoetan!

        Zaintzaile batek hala erantzun zion:

        — Hik buruan zorriak besterik ez daukak...

        — Harrapa itzak ba, hori duk-eta hiretzat daukagun gauza bakarra...

        Zelatariak begiratu arina egotzi eta tu egin zuen.

        — Ni utziko nauzue pasatzen, ezta? —eskatu zien amak—. Begira nolako zama astuna daramadan bizkarrean, hauts eginda nago!

        — Aurrera, aurrera! —garrasi egin zuen zaintzaileak haserre—. Honek ere argudiotan hasi behar...

        Ama bere lekura iritsi zen, lapikoak lurrean utzi eta ingurura begiratu zuen aurpegiko izerdia xukatzen zuen bitartean.

        Berehalakoan hurbildu zitzaizkion Gusev anaiak, sarrailariak biak, eta Vasilik, bietan nagusiak, bekainak zimurtuz, ozenki galdetu zion:

        — Pastelik baduzu?

        — Bihar ekarriko ditut! —erantzun zuen amak.

        Hori zen hitzartutako ezaupidea. Argitu egin ziren bi anaien aurpegiak. Ivanek, eutsi ezinik, oihu egin zuen:

        — Ah, zein ama jatorra haizen...

        Vasili kukubilko jarri zen, lapikoari begiratu bat emanez, eta horrela zegoela orri sorta bat agertu zen haren golkoan.

        — Ivan —esan zuen ozenki—. Ez gaituk etxera joango, berton bazkalduko diagu! —eta, ziztu bizian, bota luzeetan sartu zituen orri eta liburuxkak—. Saltzaile berriari lagundu behar zioagu...

        — Bai, lagundu behar zioagu —bat etorri zen Ivan, eta barre algaraka hasi zen.

        Amak, zuhurtasunez inguruak arakatuz, tarteka oihukatzen zuen:

        — Zopa, tailarin beroak!

        Eta, guztien oharkabean, liburuak sortaz sorta atera eta anaien eskuetan ipintzen zituen. Esku artetik liburu sorta bat desagertzen zitzaion bakoitzean, jendarme-ofizialaren aurpegia agertzen zitzaion aurrean orban hori baten antzera, gela ilun batean piztutako pospoloaren sugarra bailitzan. Eta, alaitasun maltzurrez, bere golkorako esaten zuen:

        «Eutsi horn, motel...»

        Hurrengo sorta emateaz batera, pozarren eransten zuen:

        «Eutsi horri...»

        Langileak katilua eskuan inguratzen zitzaizkion; hurbil zeudenean, Ivan Gusev barre algaraka hasten zen, eta Vlasovak, patxadaz, liburuxkak emateari utzi eta zopa eta tailarinak zerbitzatzeari ekiten zion, Gusevtarrak haren lepotik txantxetan aritzen ziren bitartean:

        — Bai zerbitzari trebea Nilovna hau!

        — Pobreziak baita saguak harrapatzera ere behartzen du! —ohartarazi zuen, gogoilun, sugin batek—. Jaten ematen zion sostengua kendu diote. Jendaila! Tira ba, emadan hiru kopek tailarin. Lasai egon, ama! Nola edo hala, moldatu egingo haiz!

        — Eskerrik asko hitz on horiengatik! —irribarre egin zion amak.

        Suginak, handik aldenduz, ahopetik murduskatu zuen:

        — Hutsaren hurrena balio dute nire hitz on horiek...

        Vlasovak aldika oihukatzen zuen:

        — Zopa beroa, tailarinak, lapikokoa!

        Eta pentsatzen zuen nola kontatuko zion semeari lehenbiziko esperientzia hori, eta denbora guztian aurrean zekusan ofizialaren aurpegi horia, harritua eta makurra. Aztoraturik mugitzen zen haren bibote beltza, goiko ezpaina amorrazioz jasorik zeukan eta azpian dirdira egiten zuten tinko estututako hortz-hagin zuriek. Amaren bularrean txori baten antzera kantuka ari zen poza, bekainak maliziati dardaratzen zitzaizkion, eta bere lana trebeki betez, bere kabutarako errepikatzen zuen behin eta berriro:

        — Eutsi horri ere...!

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia