XIV

 

        Astiro igaro zen eguna, lorik gabeko gaua, eta are astiroago hurrengo eguna. Ama norbaiten zain zegoen, baina ez zen inor agertzen. Ilunabarra heldu zen. Eta gaua. Euri hotzak hormak jotzen zituen hasperen eginez, haizea uluka ari zen tximinian, zoru azpian zarataka zebilen zerbait. Ura tantaka erortzen zen teilatutik behera, eta haren isuriaren soinu goibela era bitxian elkartzen zen erlojuaren tiki-takarekin. Bazirudien etxe osoa leunki zabunkatzen zela, eta inguruko guztia soberan zegoela, tristuraz hilik...

        Apalki jo zuten leihoa, behin, birritan... Ama takateko horietara ohituta zegoen, ez zioten beldurrik sortzen, baina oraingoan bihotzean sentitu zuen alaitasunezko ziztadak zirgit eragin zion. Itxaropen zehaztugabeak hanka gainean jarrarazi zuen berehalakoan. Sorbalda txalean bildu eta atea zabaldu zuen...

        Samoilov sartu zen, eta haren atzetik beste gizon bat, aurpegia berokiaren idunekoaz ezkutaturik eta txanoa bekainetaraino sartuta zekarrena.

        — Esnatu zaitugu? —galdetu zuen Samoilovek agurrik egin gabe. Ohi ez bezala kezkaturik eta kopetilun zegoen.

        — Ez nengoen lo! —erantzun zuen amak, eta isilik geratu zen, begi itxaropentsuak haiengan josirik.

        Samoilovekin iritsitakoak, nekez eta hots erlatsez hasperen eginez, txanoa erantzi eta, hatz laburrekiko esku zabala amari luzaturik, lagunkiro esan zion, aspaldiko ezagunak bailiran:

        — Gabon, amatxo! Ez nauzu ezagutu?

        — Zu zara? —jaregin zuen Vlasovak, bat-batean zerbaitek alaituta—. Egor Ivanovitx?

        — Az esm! —erantzun zuen, salmolarien antzeko ile luzeekiko buru handia makurtuz. Haren aurpegi potoloak irribarre onbera erakusten zuen, begi gris txikiek aurpegira begiratzen zioten amari, maitekiro eta argitsu. Samovarra bezalakoa zen, hura bezain biribila, txapartxoa, lepo-lodia eta beso-laburra. Aurpegia distiratsua zen, zarataz arnasten zuen, eta bularrean bazuen etengabe doinu erlatsez bor-bor egiten zuen zerbait...

        — Sar zaitezte gelara, ni oraintxe jantziko naiz! —proposatu zien amak.

        — Zurekin arazo bat aztertzera etorri gara! —esan zuen Samoilovek arduraturik, amari zeiharka so eginez.

        Egor Ivanovitx gelara joan zen eta bertatik hitz egin zuen.

        — Gaur goizean, amatxo maitea, Nikolai Ivanovitx zure ezaguna kartzelatik irten da...

        — Bera ere barrean zegoen ala? —galdetu zuen amak.

        — Bi hilabete eta hamaika egunez egon da. Jojola ikusi du han, goraintziak bidaltzen dizkizu, eta Pavel, berak ere goraintziak bidaltzen dizkizu, ez kezkatzeko eskatzen dizu, eta hartu duen bidean kartzela beti atsedenlekua izaten dela dio; horrela erabaki dute gure agintari arduratsuek. Eta orain, amatxo, gure gaiari lotuko natzaio. Badakizu zenbat lagun atxilotu zuten atzo hemen?

        — Ez, Pavelez gain jende gehiago harrapatu dute ala? —egin zuen oihu amak.

        — Bera berrogeita bederatzigarrena izan da! —moztu zuen Egor Ivanovitxek patxadaz—. Eta agintariek beste hamar bat lagun ere atxilotuko dutelakoan gaude. Baita gizon hau ere...

        — Bai, ni ere bai! —esan zuen Samoilovek bekozko ilunez. Vlasova konturatu zen erosoago arnasten hasia zela.

        «Ez zegon bakarrik han!» —etorri zitzaion une batez burura.

        Jantzi ondoren, gelara sartu zen eta adoretsu egin zien irribarre bisitariei.

        — Hainbeste lagun harrapatu badute, seguru ezin izango dutena luzaroan barrean eduki...

        — Hori da eta! —esan zuen Egor Ivanovitxek—. Eta guk haien asmoak hankaz gora jartzeko modua asmatzen badugu, aho bete hortz utziko ditugu. Kontua zera da: orain gure liburuxkak fabrikan sartzeari uzten badiogu, jendarmeak gertakari triste horri atxikiko zaizkio eta Pavelen eta berarekin batera espetxean giltzapetuta dauden lagunkideen kontra erabiliko dute.

        — Nolatan ba? —oihukatu zuen amak urduri.

        — Oso erraza da! —esan zuen Egor Ivanovitxek gozoki—. Batzuetan jendarmeek zuzen arrazoitzen dute. Begira: Pavel hemen zenean, liburuxkak eta orrixkak ere baziren; Pavel gabe, ez liburuxkarik ez orrixkarik! Halatan, berak zabaltzen zituen liburuxkak, bai? Argi dago. Eta orduan denak torturatzen hasiko dira, jendarmeek atsegin dute jendea huskeria bihurtu arte txikitzea.

        — Ulertzen dut, ulertzen dut! —esan zuen amak gogoilun—. Ene, jainkoa! Zer egingo dugu orain?

        Sukaldetik Samoiloven ahotsa iritsi zen:

        — Ia denak harrapatu dituzte, deabruak eraman ditzala! Orain, gure ardura da borrokari lehen bezala eustea, kausagatik ez ezik, gure lagunkideak salbatzeagatik.

        — Baina ez dago inor lan egiteko! —gaineratu zuen Egorrek, erdi irribarre eginez—. Primerako literatura daukagu, benetan ona, neuk idatzia. Baina nola sartu fabrikara, hori ez dakigu...

        — Sarreran mundu guztia miatzeari ekin diote! —esan zuen Samoilovek.

        Amak sumatzen zuen zerbaiten zain zeudela, berak zerbait egitea nahi zutela, eta arrapaladan galdetu zuen:

        — Bada, eta orduan zer? Zer egingo dugu?

        Samoilovek ate ondoan gelditu eta esan zuen:

        — Pelageia Nilovna, zuk Korsunova saltzailea ezagutzen duzu...

        — Bai, ezagutzen dut, eta?

        — Hitz egin berarekin, ez lituzke berak sartuko?

        Ama eskuak ezezka mugitzen hasi zen.

        — O, ez! Emakume berritsua da, ez! Jende guztiak jakingo luke nik eman dizkiodala, etxe honetatik atera direla, ez, ez!

        Eta tupustean, ideia bat etorri zitzaion burura, eta ahapeka hitz egiten hasi zen:

        — Eman niri, eman niri! Nik antolatuko dut dena, neuk asmatuko dut irtenbidea. Laguntzaile hartzeko eskatuko diot Mariari. Bizibidea atera behar dut, beraz, lan egin behar dut! Nik eramango ditut hara jangaiak. Bai, nik antolatuko dut dena.

        Eskuak bularraren kontra estuturik, tarrapataka hitz ematen zien dena ondo eta oharkabean egingo zuela, eta azkenean, garaile sentituz, oihu egin zuen:

        — Ikusiko dute! Pavel ez dago, baina haren eskua presondegitik bertatik ere honaino iritsiko da; ikusiko dute!

        Biztu ziren hirurak. Egorrek, eskuak indartsu igurtziz, irribarre egiten zuen, eta esan:

        — Bapo, amatxo! Jakingo bazenu zein miragarria den hori! Benetan zoratzekoa!

        — Hau ondo ateratzen bazaigu, etxeko besaulkian bezain gustura egongo naiz kartzelan —adierazi zuen Samoilovek, eskuak igurtziz.

        — Emakume polita zara! —bota zuen Egorrek ahots erlatsez.

        Amak irribarre egin zuen. Oso argi zeukan: orain fabrikan orriak agertuz gero, agintariek ulertu beharko zuten ez zituela semeak banatzen. Eta, bere burua zeregin hori betetzeko gai ikusirik, goitik behera pozez dardarka zegoen.

        — Pavel ikustera zoazenean —esan zion Egorrek—, esaiozu oso ama ona duela...

        — Nik ikusiko dut lehenago! —hitz eman zuen Samoilovek, erdi irribarre eginez.

        — Bada, esaiozu egin beharreko guztia egingo dudala! Berak jakin dezala horren berri!

        — Eta ez badute preso hartzen? —galdetu zuen Egorrek, Samoilov seinalatuz.

        — Tira, zer egingo diogu ba?

        Barrez lehertu ziren biak. Ama ere, bere hanka sartzeaz jabeturik, barrezka hasi zen, ahapeka eta nahasirik, malezia apur batez.

        — Nor bere arazoez kezkatuta dabilenean, besteenak ahazten zaizkio! —esan zuen, begiak beheraturik.

        — Hori normala da! —jaregin zuen Egorrek—. Eta Paveli dagokionez, ez kezkatu, ez tristatu. Kartzelatik irtendakoan lehen baino hobeto egongo da. Han atseden hartu eta ikasi egiten da, eta kalean gure anaiak ez du horretarako astirik izaten. Ni hiru aldiz izan naiz barruan, eta guztietan, han gogoz bestera sartuta egon arren, zalantzarik gabe onuragarri suertatu zait bai buruarentzat bai bihotzarentzat.

        — Nekez hartzen duzu arnasa! —esan zuen amak, haren aurpegi xumeari amultsuki begiratuz.

        — Horrek baditu bere zio bereziak! —erantzun zuen, atzamarra gorantz jasorik—. Beraz, erabakia hartuta dago, ezta amatxo? Bihar emango dizkizugu materialak, eta jira-biraka hasiko da berriro mendeetako ilunpeak urratzen dituen zerra. Gora hitz askea, eta gora amaren bihotza! Eta bitartean, ikusi arte!

        — Ikusi arte! —esan zuen Samoilovek, amari eskua indarrez estutuz—. Nik amari ezin diot gauza horien gainean tutik ere esan, ez!

        — Denek ulertuko dute! —esan zuen Vlasovak, haien aurrean atsegina izan nahirik.

        Alde egin zutenean, ama atea itxi eta, gelaren erdian belauniko, euriaren hotsa lagun zuela, otoitz egiten hasi zen. Hitzik gabeko otoitza zen, Pavelek haren bizitzan sartuak zituen pertsonei buruzko gogoeta zabal eta bakarrez osatua. Iruditzen zitzaion bera eta ikonoen artean igarotzen zirela; tolesgabe, bakarti, elkarrenganako adiskidetasun bitxi batek elkarturik igarotzen ziren.

        Goizean goiz Maria Korsunovarengana jo zuen.

        Saltzaileak, beti bezala koipez zikinduta eta zaratatsu, begikotasunez hartu zuen.

        — Triste hago? —galdetu zuen, esku urintsuaz amari bizkarrean txapaka eginez—. Ez larritu! Harrapatu eta eraman egin diten, hori ezbeharra! Horretan ez zegon ezer gaiztorik! Lehen, lapurtzeagatik eramaten zitenan jendea kartzelara, eta orain egia esateagatik eramaten hasi ditun. Beharbada, Pavelek komeni ez zen zerbait esan din, baina guztien alde altxatu dun eta denek ulertzen diten, ez kezkatu! Denek ez diten aitortzen, baina denek zekiten nor den ona. Denbora guztian hire etxetik agertzeko asmotan izan naun, baina ez dinat astirik izan. Saltzeko janariak prestatzen beti, eta argi zegon behartsu hilko naizena. Maitaleak nagusitzen zaizkidan, deabru halakoak! Marraskatu eta marraskatu egiten diten, labezomorroak ogi alea bezala. Hamar bat errublo biltzen dudanean, heretikoren bat azaldu eta miazka irensten din dirua. Emakume izatea ez dun kontu makala! Patu zantarra gurea mundu honetan! Bakarrik bizitzea gogorra dun, baina bi elkarrekin gogaikarria!

        — Ba ni laguntzaile gisa hartzeko eskatzera etorri naun hiregana! —esan zuen Vlasovak, haren berriketa etenez.

        — Zer dela eta? —galdetu zuen Mariak eta, lagunaren azalpena entzundakoan, baiezka eragin zion buruari.

        — Baliteke! Gogoratzen dun nola hik nire senarrarengandik gorde ohi nindunan? Bada, nik orain pobreziatik gordeko haut hi. Denek lagundu behar dinate, hire semea guztion arazoa den gauza batengatik sufritzen ari dun eta. Bai, hire mutila pertsona ona dun, denek zioten hori, aho batez, eta haren erruki ditun. Nik zera zionat: agintariek ez diten atxiloketa horietatik ezer onik aterako. Ikusi dun zer gertatzen ari den fabrikan? Ez diten gauza onik esaten, laztana! Agintariek uste diten orpoan hozka egin diotelako gizona ez dela urrunera joango! Baina, hara zer, hamar lagun jo eta ehun haserretu ditun!

        Elkarrizketa amaitutakoan erabaki zuten biharamunean bazkalorduan Vlasova fabrikan izango zela Mariak prestatutako bi lapikorekin, eta Maria azokara joango zela saltzera.

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia