XIII
Pavel behera jaitsi eta amaren alboan geratu zen.
Burrunbaka ari ziren denak haren inguruan, elkarrekin eztabaidatzen, urduri, oihuka.
— Ez duk grebarik lortuko! —esan zuen Ribinek, Pavelengana hurbilduta—. Jendea gutiziatsua duk, bai, baina koldarra. Hirurehun bat jarriko dituk hire alde, gehiagorik ez. Sarde bakar batek ezin dik horrelako simaur metarik jaso...
Pavel isilik zegoen. Jendetzaren aurpegi beltz handiak aurrean higitu eta eskez begiratzen zion begietara. Haren bihotza urduri pilpiratzen zen. Vlasovi iruditzen zitzaion bere hitzak aztarnarik utzi gabe desagertuak zirela jendartean, lehorte luzeak ihartutako lurrean erortzen diren ur tanta bakanak bezala.
Goibel eta nekaturik, etxerako bidea hartu zuen. Ama eta Sizov haren atzetik abiatu ziren; Ribin, berriz, aldamenean zihoan eta belarrira mintzatzen zitzaion:
— Hik ondo hitz egiten duk, baina ez bihotzari, ez horixe! Txinparta bihotzera, sakonenera bota behar duk. Arrazoimenaz ez duk jendea hireganatuko, ez duk oinetako egokia, mehea eta estua duk!
Sizovek amarekin hitz egiten zuen:
— Guri, zaharroi, hilobirako ordua iritsi zaigun, Nilovna! Jende berria zetorren. Nola bizi izan gara gu? Belauniko arrastaka eta denbora guztian kilimusiak egiten, burua lurra ukitzeraino makurturik. Baina oraingo jendeak edo sena berreskuratu din, edo gu baino okerrago zebilen, baina gure antzik ez din. Horra hor gazteak zuzendariarekin hizketan, haren berdinak balira bezala... Ba-ai! Ikusi arte, Pavel Mikhailovitx, zuzen habil, anaia, herriaren alde hago! Jainkoak nahi badu bideak eta irtenbideak aurkituko dituk, hala biz!
Alde egin zuen.
— Behingoz hilko ahal zarete! —murduskatu zuen Ribinek—. Dagoeneko ez zarete gizajendea, orea baizik, arrailak betetzeko besterik ez duzue balio. Ikusi duk, Pavel, nork oihukatzen zuten hi ordezkari izateko? Hi sozialista eta bazter-nahaslea haizela zabaltzen duten horiek, horiek hain zuzen ere, bai horixe! Zera pentsatzen zitean: kaleratu egingo ditek, besterik ez dik merezi.
— Beren ikuspegitik arrazoi dute! —esan zuen Pavelek.
— Eta otsoek arrazoi ditek kide bat txikitzen dutenean...
Ribinen aurpegia beltzuri zegoen, ahotsa ohi ez bezala dardaratzen zitzaion.
— Jendeak ez ditik hitz soilak sinesten, sufritu beharra zegok, hitzak odoletan garbitu...
Pavelek gogoilun eman zuen egun osoa, nekaturik, ezohiko ezinegonez, haren begiak sutan zeuden eta zerbaiten bila ari zirela ematen zuten. Amak, horretaz jabeturik, tentuz galdetu zion:
— Zer duk, Pavel?
— Buruko minez nagon —esan zuen pentsakor.
— Ohera joan beharko huke, eta nik medikuari deituko zioat...
Hark begiratu eta agudo erantzun zion:
— Ez, ez dun beharrezkoa!
Eta bat-batean, ahapeka hitz egiten hasi zen:
— Gaztea naun, ahula, hori dun kontua! Ez zidaten sinetsi, ez ditun nire egiaren atzetik etorri; horrek esan nahi din ez dudala egia hori adierazten jakin. Ondoezik nagon, neure buruaz lotsatuta.
Amak, semearen aurpegi goibelari begira eta kontsolatu nahirik, xuxurlaka esan zion:
— Egon! Gaur ez haute ulertu, bihar ulertuko haute...
— Ulertu beharra ditek! —jaregin zuen.
— Begira, neronek ere hire egia ikusten diat...
Pavel harengana hurbildu zen.
— Hi, ama, pertsona ona haiz...
Eta harengandik aldendu zen. Amak zirgit egin zuen, semearen hitz gozo haiek erre balute bezala, eskuak bihotzera bildu eta han joan zen, semearen laztana aldean kontuz eramanik.
Gauean, ama lo eta semea, ohean etzanda, liburu bat irakurtzen zegoelarik, jendarmeak azaldu eta haserre bizian miatzen hasi ziren bazter guztiak, etxartea, ganbara. Ofizial aurpegi-horiak aurreko aldian bezalaxe jokatu zuen: iraingarri, isekaz, burla egitean atsegin hartuz, bihotzean min egiten saiatuz. Ama isilik zegoen bazter batean eserita, begiak semearen aurpegitik kendu gabe. Honek bere narritadura agerian ez uzteko ahaleginak egiten zituen, baina ofizialak barre egiten zuen bakoitzean, modu arraroan mugitzen zituen atzamarrak, eta amak antzematen zion senperrenak egiten zituela jendarmeei erantzunik ez emateko, nekez irensten zituela haien burlak. Oraingoan ama ez zegoen aurreneko miaketan bezain izuturik, oraingoan gorroto handiagoa zien oinetan ezproiak ibiltzen zituzten gaueko bisitari gris haiei, eta gorrotoak larridura itotzen zuen.
Pavelek denbora izan zuen aman xuxurlatzeko:
— Eramango naiten...
Amak, burua makurtuta, ahopetik erantzun zuen:
— Bazekiat...
Bazekien semea kartzelara eramango zutena goizean langileei esandakoagatik. Baina bat etorri ziren denak hark esandakoarekin, eta haren alde jo beharko zuten orain denek. Beraz, ez zuten luzaroan preso edukiko...
Semea besarkatzeko eta negar egiteko gogoa zuen, baina ofiziala hurbil zegoen eta begiak nareturik begiratzen zion. Dardarka zituen ezpainak eta bibotea mugitzen zitzaion, gizon hori beraren malko, erosta eta erreguen zain zegoela iruditu zitzaion Vlasovari. Indar guztiak bildurik, ahalik eta hitz gutxien egiten saiatuz, semearen eskua hartu eta, arnasari eutsiz, astiro, ahapeka esan zion:
— Agur, Pasha. Behar duan guztia hartu duk?
— Bai. Ez tristatu...
— Kristo hirekin...
Semea eraman zutenean, bankuan eseri eta, begiak itxita, hotsik atera gabe intzirika hasi zen. Senarrak egin ohi zuen modura bizkarra hormaren kontra bermaturik, tristurak eta bere ezintasunaren kontzientzia mingarriak estu lotzen zutela, burua atzerantz botata, intzirika aritu zen luzaz eta monotonoki, hots horietan bihotz zaurituko mina kanporatuz. Aurrean bibote mehatzeko aurpegi horia ageri zitzaion, geldirik, orban baten antzeko, eta gogobeterik begiratzen zion, begiak naretuta. Eta bularrean, mataza gris baten gisan, kiribilduz zihoazkion egia bilatzeagatik amari semea kendua zioten gizonenganako herra eta amorrua.
Hotz egiten zuen, euriak kristalak jotzen zituen, bazirudien ezen, gau ilunean, begirik gabeko aurpegi zabal gorridun eta esku luzeekiko irudi grisak zelatan ari zirela etxe inguruan. Hantxe zebiltzan, eta doi-doi entzuten zen haien ezproien tintin hotsa.
«Ai, zergatik ez naute ni ere eraman?!» —pentsatzen zuen.
Ulu egin zuen sirenak, langileei lanera joateko aginduz. Egun hartan ulu-aldia sorra, apala eta segurtasunik gabea izan zen. Atea ireki eta Ribin sartu zen. Amaren aurrean gelditu eta, bizarrean zituen euri tantak esku ahurraz xukatuz, hala galdetu zion:
— Eraman dute?
— Eraman ditek, madarikatuak! —erantzun zuen amak hasperen egin ondoren.
— Horrelakorik gero! —esan zuen Ribinek, erdi irribarre eginez—. Nire etxea ere miatu diten, eta haztatu egin naiten, ba-ai. Irainezko hitzak bota zizkidaten... Baina, guztiarekin ere, ez naiten mindu. Beraz, Pavel eraman diten Zuzendariak begi keinua egin, jendarmeak buruari baiezka eragin, eta desagertu dun gizona! Haiek adiskidetsu bizi ditun. Batzuek herriari esnea jezten dioten bitartean, besteek adarretatik heltzen zioten...
— Zuek Pavelen alde jo beharko zenukete! —egin zuen oihu amak zutitzeaz batera—. Izan ere, bera guztien onurarako ari zuan.
— Nork jo behar du haren alde? —galdetu zuen Ribinek.
— Denok!
— Hara bestea! Ez, ez dun horrelakorik gertatuko.
Erdi irribarre eginez, han alde egin zuen bere ibilera astunaz, etsipenezko hitz latz horiekin amaren zoritxarra areagoturik.
«Eta jotzen badute, eta torturatzen badute?»
Semearen gorputza irudikatzen zuen, jipoitua, urratua, odoleztatua, eta, harritzar baten antzera, izuak bularra estutu eta zapaltzen zion. Mindurik zituen begiak.
Ez zuen labea piztu, ez zuen bazkaririk prestatu, ez zuen terik edan, iluntzeko beranduan soilik ogi puska bat jan zuen. Eta lotarako oheratu zenean, burura etorri zitzaion bere bizialdi osoan sekula ez zela hain bakarrik eta babesgabe egon. Azken urteotan, zerbait garrantzizkoa eta ona iritsiko zelako itxaropen iraunkorrarekin bizitzen ohitua zen. Haren inguruan jira-biraka ari ziren gazteak, zalapartari eta adoretsu, eta aurrean beti izaten zuen semearen, bizimodu latz baina on horren sortzailearen aurpegi serioa. Baina orain ez zegoen bera, ezertxo ere ez zegoen.
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda